Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

229. zk., 2013ko abenduaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5224

AGINDUA, 2013ko azaroaren 28koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko unibertsitatekoak ez diren irakasleen kidegoetako langile funtzionarioen arteko autonomia-erkidego mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten duena.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendeko zentroetan postu hutsak daude. Hortaz, xedapen hauetan ezarritakoaren arabera: Hezkuntzaren maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren seigarren xedapen gehigarriaren 4. atala eta Euskal Herriko Autonomi Elkarteko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen 23. artikulua,

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko unibertsitatekoak ez diren irakasleen kidegoetako langile funtzionarioen autonomia-erkidego mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egitea.

2.– Deialdi hori arautuko duten oinarriak onartzea.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Ondorioak.

Agindu honek eraginak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Administrazioarekiko Auzien Epaian, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko azaroaren 28a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

OINARRIAK

Lehenengoa.– Deialdia.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko unibertsitatekoak ez diren irakasleen kidegoetako langile funtzionarioen autonomia-erkidego mailako lekualdatze-lehiaketarako deialdia egiten da.

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Maisu-maistren Kidegoa.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoa.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoa.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakasleen Kidegoa.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Musika eta Arte Eszenikoetako Irakasleen Kidegoa.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Arte Plastiko eta Diseinuko Irakasleen Kidegoa.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako Katedradunen Kidegoa.

h) Euskal Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialetako Katedradunen Kidegoa.

i) Euskal Autonomia Erkidegoko Musika eta Arte Eszenikoetako Katedradunen Kidegoa.

j) Euskal Autonomia Erkidegoko Arte Plastiko eta Diseinuko Katedradunen Kidegoa.

2.– Era berean, lehiaketa honetan parte hartzera dei egiten zaie ere goian zerrendatutako irakasleen kidegoetan praktikak egiten ari diren langile funtzionarioei.

Bigarrena.– Eskaintzen diren postuak.

1.– Lekualdatze-lehiaketa honetan eskaintzen diren postuen behin-behineko eta behin betiko zehaztapena Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenaren bidez egingo da. Behin-behinekoa postuen behin-behineko esleipena baino lehen egingo da, eta behin betikoa postuen behin betiko esleipena baino lehen. Ebazpen horiek argitaratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orrian: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net

2.– Eskaintzen diren postuen artean, 2013ko abenduaren 31n dauden postu hutsak eta kidego bakoitzean lehiaketaren ebazpena ematean geratzen direnak sartuko dira. Horiez gain, derrigorrezko erretiroak direla-eta, 2013-2014 ikasturtea amaitu artean hutsik geratzen diren postuak ere gehitu ahal izango dira. Bai batzuk eta bai besteak eskainiko dira, beti ere, baldin eta hezkuntzarako plangintzan postu horiek mantentzea aurreikusita badago eta zentro bereko irakasleen egonkortasunari buruz finkatzen diren irizpideen arabera.

3.– Hutsik geratzen diren postuen definizioan akatsen bat gertatzen bada edo eskolako plangintzan aurreikusi gabeko funtzionamenduan duen posturen bat bada, dagokion akatsen zuzenketa argitaratuko da.

4.– Lanpostuen zerrendaren arabera, langileak postua lortzen duen zentroak berari atxikitako beste herri batzuetako zentroetan eskolak emateko aukera eskaintzen badu, eskatutako postuari atxikitako edozein herritan eman beharko du zerbitzua. Lanpostuen Zerrendan adierazi egiten da («ibiltari» izenarekin) zeintzuk diren egoera horretan dauden postuak.

Hirugarrena.– Maisu-maistren Kidegoko funtzionarioentzako postuak eta parte-hartze baldintzak.

1.– Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako etapetako postuak ondorengo espezialitateetan: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Atzerriko Hizkuntza: Ingelesa, Atzerriko Hizkuntza:Frantsesa, Euskara, Gorputz Hezkuntza, Musika, Pedagogia Terapeutikoa eta Entzumena eta Hizkuntza.

Dagokien espezialitateko titulartasuna egiaztatuz gero, postu horietarako eskaera egin ahalko dute maisu-maistrek. Titulartasuna egiaztatu ahal izango dute kidegoan sartzeko hautaketa-prozesua gainditu dutenek edo azaroaren 4ko 1594/2011 Errege Dekretuko 4.2 artikuluan aurreikusitako bideak erabiliz, baita urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren arabera horretarako gaituak izan direnak ere, aipatutako Errege Dekretu hori indarrean jarri aurreko araudiari jarraituta.

2.– Lehen Hezkuntzako aholkulari postuak.

Postu horiek eskatu ahal izango dituzte jarraian adierazten diren baldintzen artekoren bat betetzen duten maisu-maistrek:

a) 1364/2010 Errege Dekretua indarrean jarri aurretik zegoen araudiaren arabera Aholkulari postua betetzeko gaituta egotea.

b) Hezkuntza Bereziko Arloan, Pedagogia Terapeutikoan, gaikuntza dakarten titulazioetako baten jabe izatea edo, era berean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1993ko urriaren 14ko Aginduaren (EHAA, 1993-11-23) arabera, aipatutako Arloan gaikuntza dakarten egoeretako batean egotea.

c) Ondorengo lizentziaturak, graduak edo titulu baliokideren bat edukitzea: Psikologia; Pedagogia; Psikopedagogia; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, psikologiaren alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, pedagogiaren alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Hezkuntza Zientziak, hezkuntza-zientzien alorreko edozein espezialitatetan; Filosofia eta Letrak, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien alorrean, psikologiako espezialitatean; Filosofia eta Letrak, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien alorrean, hezkuntza-zientzien espezialitatean; Filosofia eta Letrak, psikologiaren alorrean; Filosofia eta Letrak, pedagogiaren alorrean; Filosofia eta Letrak, hezkuntza-zientzien alorrean.

d) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 1993ko urriaren 14ko Aginduaren (EHAA, 1993-11-23) IV. eranskinean zerrendatutako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak antolatu edo homologatutako aholkulari ikastaroren bat gainditu izana.

3.– Helduen Hezkuntzako postuak (HHE).

Honako postu hauek eskatu ditzakete: Helduen Hezkuntza-hasierako ikasketak, Helduen Hezkuntza-ingelesa eta Helduen Hezkuntza-frantsesa. Horretarako, maisu-maistrek Lehen Hezkuntza, Ingelesa edo Frantsesa espezialitateko titulartasuna egiaztatu beharko dute, hurrenez hurren, bai eta 1364/2010 Errege Dekretuko laugarren xedapen gehigarriaren arabera, aipatutako Errege Dekretua indarrean jarri aurreko araudiaren arabera postu horietan aritzeko gaituak izan zirenak ere.

4.– Pedagogia Terapeutikoko postuak HHEn eta irakaskuntza ertainetako zereginen ikaskuntzarako geletan.

Postu hauek eska ditzakete Pedagogia terapeutikoa espezialitatearen titulartasuna egiaztatzen duten maisu-maistrek, bai eta 1364/2010 Errege Dekretuko laugarren xedapen gehigarriaren arabera, aipatutako Errege Dekretua indarrean jarri aurretik zegoen araudiaren arabera aipatutako espezialitateko egokitzapena dutenek ere.

5.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi mailetarako postuak.

Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoko lehen Xedapen Iragankorrean xedatuta dagoenaren arabera, aipatutako Legea indarrean jarri aurretik derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehen bi mailetako postuetara behin betikoz atxikitako maisu-maistren Kidegoko funtzionarioek, aipatutako postuetan eperik gabe jarraitu ahal izango dute eta Hezkuntza Administrazioak horretarako xedatutako lehen bi maila horietako postu hutsekin lotutako mugikortasunaz gozatu ahal izango dute.

Hori bai, aipatutako funtzionarioek Haur Hezkuntzan edo Lehen Hezkuntzan gaituta daudenerako postua eskatu eta lortzen badute, galdu egingo dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan izan daitezkeen postu hutsetara aurkezteko aukera oro.

Behin betikoz atxikitako postua ezabatuko balitz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan, aipatutako postuetan destino berri bat lortzeko lekualdatze-lehiaketetan parte hartzeko aukera izaten jarraituko lukete.

Aipatutako atxikipenaz gain, hurrengoa ere eskatzen da:

a) Erantsitako zerrendan dauden postuen eskabidea egiteko, egokitzapena egiaztatu beharko dute ondoko baliokidetasunak kontuan izanda:

(Ikus .PDF)

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi mailetako Teknologia arloetako postuak eskatu ahal izango dituzte maisu-maistrek, baldin eta, ondoren aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte:

– Ondoko titulazio hauetakoren bat edukitzea: Goi-mailako Ingeniaritza, Arkitektura, Fisika, Kimika edo Zientzietako Lizentziatura, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa, Itsasgintza Zibileko Diplomatura edo Lizentziatura, edo dagozkien graduak, edo bigarren graduko Lanbide Heziketa edozein arlotan, administraziokoa, osasunekoa edo etxekoa izan ezik, edo

– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak antolatutako edo homologatutako Oinarrizko Teknologia Ikastaroetan parte hartu izana (250 ordukoak edo gehiagokoak).

c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi mailetako Plastika eta Ikus Hezkuntza arloetako postuak eskatu ahal izango dituzte maisu-maistrek, baldin eta, ondoren aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte:

– Ondoko titulazio hauetakoren bat edukitzea: Goi-mailako Ingeniaritza, Arkitektura, Arte Ederrak, Ingeniaritza Teknikoa, Arkitektura Teknikoa, edo dagozkien graduak, edo Bigarren graduko Lanbide Heziketa, Delineazio arloa.

6.– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi mailetako Pedagogia Terapeutikoko postuak.

Postu hauek eskatu ahal izango dituzte Pedagogia Terapeutikoko espezialitateko titulartasuna egiaztatzen dutenek eta 1364/2010 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriaren arabera, horietarako gaituak izan direnak aipatutako Errege Dekretua indarrean jarri aurreko araudiaren arabera, bosgarren ataleko lehen paragrafoan adierazitako mugapenik gabe, hau da, DBHko lehen bi mailetako postuetara behin betiko atxikita egon beharrik gabe.

Laugarrena.– Bigarren Hezkuntzako katedradun eta irakasleen Kidegoko funtzionarioentzako postuak eta parte-hartze baldintzak:

1.– II.2 eranskineko zentroetan eskaintzen diren irakaskuntzako espezialitateetako postuak. IV.4 eranskinean adierazten dira espezialitateak.

Dagozkion espezialitateetan titularrak direnek eskatu ahal izango dituzte postu horiek.

2.– Hizkuntza eta Gizartearen arloko Curriculum Desberdinak Eratzeko irakasle-postuak.

Postu horiek aukeratu ahal izango dituzte honako espezialitate hauetako batean titularrak diren irakasleek: Gaztelania eta Literatura, Geografia eta Historia, Frantsesa, Grekoa, Ingelesa, Latina, Euskara eta Euskal Literatura eta Filosofia.

3.– Zientzia eta Teknologiaren arloko Curriculum Desberdinak Eratzeko postuak.

Postu horiek aukeratu ahal izango dituzte honako espezialitate hauetako batean titularrak diren irakasleek: Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika, Matematika, Teknologia, Fabrikazio Mekanikoaren Antolakuntza eta Proiektuak, Sistema Elektroteknikoak eta Automatikoak, Sistema Elektronikoak, Ibilgailuen mantenimenduko Antolakuntza eta Prozesuak, Eraikuntza Zibilak eta Etxegintza, Sistema Energetikoen Antolaketa eta Proiektuak, Analisia eta Kimika industriala, Ehungintzako Prozesuak eta Produktuak, Jantzigintza eta Larrugintza, Zurgintzako eta Altzarigintzako Prozesuak eta Produktuak, Nekazaritzako Ekoizpen Prozesuak, Komunikazio Prozesuak eta Komunikabideak eta Arte Grafikoetako Prozesuak eta Produktuak.

4.– Helduen Hezkuntzako postuak:

a) Komunikazio-esparrua. Ingelesa. Postu horiek eskuratu ahal izango dituzte Ingelesa espezialitateko titularrak diren irakasleek.

b) Komunikazio-esparrua. Frantsesa. Postu horiek eskuratu ahal izango dituzte Frantsesa espezialitateko titularrak diren irakasleek.

c) Komunikazio arloa. Gaztelania eta Literatura. Postu horiek eskuratu ahal izango dituzte Gaztelania eta Literatura espezialitateko titularrak diren irakasleek.

d) Komunikazio-esparrua. Euskara. Postu horiek eskuratu ahal izango dituzte Euskara eta Literatura espezialitateko titularrak diren irakasleek.

e) Gizarte Ezagutzaren arloa. Postu horiek eskuratu ahal izango dituzte Geografia eta Historia espezialitateko titularrak diren irakasleek.

f) Zientzia eta teknologiaren arloa. Postu horiek aukeratu ahal izango dituzte honako espezialitateetako batean titularrak diren irakasleek: Biologia eta Geologia, Fisika eta Kimika, Matematika, Teknologia, Fabrikazio Mekanikoaren Antolakuntza eta Proiektuak, Sistema Elektroteknikoak eta Automatikoak, Sistema Elektronikoak, Ibilgailuak Mantentzeko Antolaketa eta Prozesuak, Eraikuntza Zibilak eta Etxegintza, Sistema Energetikoen Antolaketa eta Proiektuak, Analisia eta Kimika industriala, Ehungintzako Prozesuak eta Produktuak, Jantzigintza eta Larrugintza, Zurgintzako eta Altzarigintzako Prozesuak eta Produktuak, Nekazaritzako Ekoizpen Prozesuak, Komunikazio Prozesuak eta Komunikabideak eta Arte Grafikoetako Prozesuak eta Produktuak.

5.– Kultura Klasikoko postuak.

Postu hauen titularrek Latina eta Grekoaren espezialitateak irakatsi ahal izango dituzte, urriaren 6ko 1635/1995 Errege Dekretuak hamargarren xedapen gehigarrian zehaztutakoaren arabera.

Postu horiek behar bezala bereizita agertuko dira ikastetxeko lanpostuen zerrendan eta, era berean aipatutako bi espezialitateetako batean titularrak diren Bigarren Hezkuntzako katedradunek eta irakasleek eskatu ahal izango dituzte. Postuak eskuratzen dituztenek, Latinaren zein Grekoaren espezialitateari atxikitako irakasgaiak eman beharko dituzte derrigorrean.

6.– Hizkuntza-errefortzuko postuak:

Postu horiek aukeratu ahal izango dituzte honako espezialitate hauetako batean titularrak diren irakasleek: Gaztelania eta Literatura, Geografia eta Historia, Frantsesa, Grekoa, Ingelesa, Latina, Euskara eta Euskal Literatura, Filosofia eta Alemana.

7.– Ingelesezko irakaskuntzako postuak.

Ingelesez irakasteko postuak aukeratzeko IV eranskinean jasotako espezialitateren bateko irakasle titularra izan behar da eta Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitatekoa ez den hezkuntzan atzerriko hizkuntzan arloak edo gaiak emateko beharreko gaitasun linguistikoak zehazten dituen maiatzaren 15eko 73/2012 Dekretuko 2. artikuluak jasotzen duen ondoko titulu, gaitze edo ziurtagiriren bat eduki behar da:

– Filologiako, Filosofia eta Letretako (Filologia atala) edo Itzulpengintza eta Interpretazioko lizentziatura, eskatutako hizkuntzan; edo antzeko gradua.

– Itzulpengintza eta Interpretazioko diplomatura, eskatutako hizkuntzan.

– Eskatutako hizkuntzan atzerriko hizkuntzako gaikuntza edo espezialitatea duen maisu-maistra.

– Eskatutako atzerriko hizkuntzan Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko B2 maila edo hori baino maila handiagoa duela egiaztatzea, Dekretu honen eranskinean jasotako titulu edo ziurtagiriren baten bidez.

Ingelesezko irakaskuntzan postuak eskatzeko interesa dutenek eskaeran ELEBITASUNA atalean, 2. INGELESA aukera hautatu beharko dute, hamabigarren oinarrian adierazten den bezala.

Bosgarrena.– Lanbide Heziketako irakasle teknikoen Kidegoko funtzionarioentzako postuak eta parte-hartze baldintzak.

1.– II.3 eranskineko zentroetan eskaintzen diren irakaskuntzako espezialitateetako postuak. IV.6 eranskinean adierazten dira espezialitateak.

Dagozkion espezialitateetan titularrak direnek eskatu ahal izango dituzte postu horiek.

2.– Zereginen ikaskuntzarako gelako postuak. Kodea: 250.

Edozein espezialitate izanda eskatu ahal izango dira postu horiek.

3.– Lanbide Heziketako espezialitateetako zereginen ikaskuntzarako geletako postuak.

Lanbide Heziketako dagozkien espezialitateetan titularrak direnek eskatu ahal izango dituzte postu horiek.

Seigarrena.– Hizkuntza-Eskola Ofizialetako, Musika eta Arte Eszenikoko eta Arte Plastiko eta Diseinuko katedradun eta irakasleen Kidegoetako funtzionarioentzako postuak eta parte-hartze baldintzak.

1.– Hizkuntza Eskola Ofizialetako katedradunen eta irakasleen kidegoko funtzionarioak.

II.4 eranskineko zentroetan eskaintzen diren IV.8 eranskineko irakaskuntzako espezialitateetako postuak eskatu ahal izango dituzte, betiere dagokion espezialitateko titularrak badira.

2.– Musika eta Arte Eszenikoko katedradunen eta irakasleen kidegoko funtzionarioak.

II.5 eranskineko zentroetan eskaintzen diren IV.9 eranskineko irakaskuntzako espezialitateetako postuak eskatu ahal izango dituzte, betiere dagokion espezialitateko titularrak badira.

3.– Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunen eta irakasleen kidegoko funtzionarioak.

II.6 eranskineko zentroetan eskaintzen diren IV.10 eranskineko irakaskuntzako espezialitateetako postuak eskatu ahal izango dituzte, betiere dagokion espezialitateko titularrak badira.

Zazpigarrena.– Borondatezko parte hartzea.

1.– Deialdi honetan eskaintzen diren postuetan borondatez parte hartu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpe dauden eta jarraian adierazten diren egoeretako batean dauden langile funtzionarioek:

a) Jarduneko egoera, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikitako ikastetxeetan behin betiko destinoarekin, baldin eta behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaiera arte gutxienez urte bi pasatu badira.

Ondorio horietarako, katedradunen kidegoetako karrerako funtzionarioen kasuan, kontuan hartuko zaie dagokion irakasle-kidegoko karrerako funtzionario gisa postu berean aurretik egin duten denbora.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikitako ikastetxeetan aitortutako zerbitzu berezietako egoera, baldin eta behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaiera arte gutxienez urte bi pasatu badira.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikita dauden ikastetxeetan aitortutako borondatezko eszedentzia egoera, dauden motetan.

Norbere interesagatik edo familia batzeagatik borondatezko eszedentzian dauden funtzionarioek, parte hartu ahal izateko, ezinbesteko izango dute eszedentziara igaro zirenetik aurtengo ikasturtea amaitu arte bi urte igaro izana.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikitako ikastetxeetan aitortutako etendura egoera, betiere aurtengo ikasturtea amaitzen denean etendurako diziplina zigorraren iraunaldia bukatu bada eta behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik gutxienez urte bi pasatu badira.

e) Beste Herri Administrazio batzuetan zerbitzua eskaintzeko egoera, baldin eta behin betiko azken destinoaz jabetu zirenetik aurtengo ikasturtearen amaiera arte gutxienez urte bi pasatu badira.

Zortzigarrena.– Derrigorrezko parte-hartzea.

1.– Lehiaketa honetan parte hartzera derrigortuta daude jarraian adierazten diren egoeretako batean dauden langileak:

a) Behin-behineko destinoa izan eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpe dauden ikastetxeetan 2013-2014 ikasturtean zehar zerbitzuak betetzen dihardutenak.

Langile horiek honako baldintza hauen arabera eskatu behar dituzte postuak: hala dagokionean, titular diren espezialitateen eta egiaztatzen duten hizkuntza-eskakizunaren arabera, edota, maisu-maistren Kidegoko langile funtzionarioen kasuan, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean sartu aurretik zegoen araudiaren arabera gaituak izan direnerako.

Aitzitik, oraindik bere behin betiko lehen destinoa lortu ez duten langile funtzionarioek eta otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren babespean deitutako sarrerarako hautapen-prozedurak gainditu dituztenek, hautatu zuten espezialitatearen postua dagoen tokian izango dute beraien behin betiko lehen postua. Horretarako, espezialitate horri dagozkion postuak eskatu beharko dituzte, Latineko eta Grekoko espezialitatekoak diren langile funtzionarioen kasuan izan ezik. Horiek Latineko eta Grekoko espezialitatekoak ez ezik, Kultura Klasikoko postuak ere eskatu eta lortu ahalko dituzte.

b) Eszedentzia-egoeratik edo eginkizun-gabetzetik datorrenak eta behin betiko postua galdu duenak, zerbitzu aktibora itzuli bada eta behin-behineko postu bat lortu badu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendeko zentro batean, deialdi hau argitaratu zen eguna baino lehen.

c) Nahitaezko eszedentzian, edo funtzioen etenaldi irmoan eta destinoko postua galduta dutenek, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendeko ikastetxeren batean aitortu bazaie.

d) Atzerriko postuetara atxikita egon ondoren, 2014-2015 ikasturtean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren kudeaketa eremura itzuli behar dutenek edo, aurreko ikasturteetan itzulitakoak izanik, oraindik behin betiko destinorik lortu ez dutenek.

e) Epai edo errekurtso bati emandako ebazpena betetzeagatik edo behin betiko izaeraz betetzen zuten postua espresuki ezabatu zaielako, behin betiko destinoa galdu dutenek.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko irakasle kidegoetan sartzeko hautaketa prozesuetan aukeratua izanik, ikasturte honetan praktikak egiten ari dena.

Praktikan dauden funtzionario langileek beren behin betiko lehen destinoa Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpe dauden postuetan eta aukeratuak izan diren espezialitatean soilik lor dezakete.

Destinoak esleituko dira aukeratuak izan diren deialdiaren urtea aintzat hartuta (zaharrenak lehenetsiz berrienen aurrean) eta, deialdi bakoitzaren barnean, hurrengo txandak lehentasuna izango dute zerrendatuta agertzen diren moduan:

1) Talde bereko Kidegoetara sartzea.

2) Goi-mailako taldeko Kidegoetara sartzea.

3) Txanda librea eta ezinduei erreserbaturikoa.

Txanda bakoitzaren barnean, praktiketako funtzionarioen izendapenean agertzen diren zerrendako hurrenkera zenbakia izango da kontuan.

Dagokien destinoa, praktika-aldia gainditu eta karrerako funtzionario izendatu izanak baldintzatuko du.

2.– Lehiaketa honetan parte ez hartzeak edo parte hartzera behartuta dauden pertsonek behar adina postu eskatu gabe parte hartzeak ondorio hauek izango ditu:

a) Aurreko 1. zatiko a), b) eta d) letretan aipatzen diren derrigorrezko parte-hartze kasuetan, behartutako pertsonari behin betiko destinoa eman ahalko zaie ofizioz titular diren espezialitateen eta egiaztatzen duten hizkuntza-eskakizunaren arabera bete ditzaketen postuetan edo, maisu-maistren Kidegoko langile funtzionarioen kasuan, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean sartu aurretik zegoen araudiko gaikuntzaren arabera, oraindik beraien behin betiko lehen destinoa lortu ez duten langile funtzionarioen kasuan izan ezik eta otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren babespean deitutako sarrerarako hautapen-prozedurak gainditu dituztenen kasuan izan ezik, horientzat hautatu zuten espezialitatearen araberako postua soilik eman ahal izango baita ofizioz.

b) Aurreko 1. zatiko c) letran aipatzen diren derrigorrezko parte hartzeko kasuetan, behartutako pertsona, lehiaketa honetan behin betiko postua lortzen ez badu, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 89. artikuluko 1.a) letran adierazitako borondatezko eszedentziako egoeran geratuko da.

c) Aurreko 1. zatiko f) letran aipatzen den derrigorrezko parte-hartzearen kasuetan, behartutako pertsonari ofizioz eman ahal izango zaio behin betiko postua, hautatua izan den espezialitateko postuen artetik.

3.– Parte hartzera behartuta dauden pertsonek lehiaketa honetan parte hartzen ez badute, aurreko 1. zatiko e) letran aipatzen den derrigorrezko parte-hartzearen kasuan, behartutako pertsonari ofizioz eman ahal izango zaio behin betiko postua, titularra den espezialitateen eta ziurtatuta duen hizkuntza-eskakizunaren arabera bete ditzakeen postuen artetik; edo, maisu-maistren kidegoko funtzionarioen kasuan, urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua indarrean sartu aurreko araudiaren arabera gaituta dagoen postuen artetik.

4.– Oinarri honen 1. atalaren a), b) eta d) kasuetan dauden parte-hartzaileek, eskatutako postuetako bakarra ere lortzen ez duten kasuetan eta, beraz, behin betiko destinoa ofizioz esleituko zaien kasuetan, eskabidearen «Derrigorrean parte hartzen bada soilik bete beharrekoa» izeneko idazpuruan, gogokoenen hurrenkeran, postu-moten (espezialitateak) eta hizkuntzen (hizkuntza-eskakizunak) kodeak adieraziko dituzte, deialdi honetan ezarritakoaren arabera, ikastetxean eta postu-mota (espezialitatea)- hizkuntza (hizkuntza-eskakizuna) kontutan hartzeko ofizioz postua esleitzen zaienean.

Era berean, oinarri honen 1. atalaren a), b) d) eta f) kasuetan dauden parte-hartzaileek, «Derrigorrean parte hartzen bada soilik bete beharrekoa» izeneko idazpuruan hautatu ahal izango dituzte ofiziozko esleipenean kontuan izan beharreko lurralde historikoa edo, lurralde bat baino gehiago adieraztekotan, haien lehentasuneko hurrenkera.

Lurralde historikoen inguruko atala bete ezean, 2013-2014 ikasturtean behin-behinean edo praktiketan zerbitzua eskaintzen duten lurralde historikoko postuak bakarrik esleitu ahal izango zaizkie ofizioz. Behin-behineko posturik izan ezean, azken postua eduki zen lurralde historikoan egingo da esleipena.

Aipatutako idazpuruan 2013-2014 ikasturtean behin-behinean zerbitzua ematen ari den edo praktikaldian dagoen lurraldez bestelako lurralde historiko bakarra aukeratzen den kasuan, adierazitako lurralde historiko horretako plazak soilik esleitu ahal izango zaizkie ofizioz.

Ofiziozko esleipena II. eranskinean argitaratutako zentroen hurrenkera jarraituz egingo da.

Aurreko hiru paragrafoetan xedatutakoa salbuespena da, Musika eta Arte Eszenikoko katedradunen eta irakasleen Kidegoko funtzionarioei dagokienez, izan ere, ofizioz eta behin betiko esleitu ahal izango zaizkie honako postuak: dituzten espezialitate eta hizkuntza-eskakizunen arabera euren aukerakoen artekoak direnak; betiere II-5 eranskinean argitaratutako ikastetxe guztien ordenari jarraituaz.

5.– Maisu-maistren Kidegoko langile funtzionarioentzat inolaz ere ez zaie ofizioz esleituko honako postuak:

Helduen Hezkuntza.

Zereginen Ikaskuntzako ikasgelak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen bi mailetako postuak.

Postu ibiltariak.

6.– Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen Kidegorako eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen Kidegoetako langile funtzionarioentzat inolaz ere ez zaie ofizioz esleituko honako postuak:

Helduen Hezkuntza.

Zereginen Ikaskuntzako ikasgelak.

Curriculum aniztasuna.

Hizkuntza indartzea.

Ingelesezko irakaskuntza (elebiduna).

Bederatzigarrena.– Hizkuntza-eskakizuna.

Hurrengo paragrafoan adierazten den salbuespena kontutan izanda, derrigortasun-eguna beteta daukaten hizkuntza-eskakizuneko postuak eskatzeko, ezinbestekoa izango da dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izatea, edo bestela, martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak (apirilaren 2ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria), martxoaren 10eko 42/1998 eta urriaren 6ko 263/1998 Dekretuek aldatua, eta azaroaren 9ko 297/2010 Dekretua, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dena, aipatutako hizkuntza-egiaztapenen jabe izatea, bertan finkatutako baldintza eta betebeharrekin.

Halaber, ez da eskatuko egiaztatzea eskakizuna, titulua edo baliokidea den ziurtagiria, baldin eta apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuko, euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena, 2. eta 3. artikuluetan aurreikusitako salbuespenak egiaztatzen bada,

Hamargarrena.– Lehentasun-eskubidea.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten lehiatzaileak lehentasunezko eskubideaz baliatu ahalko dira, eta eskabideetan halaxe agertuko dute hori.

1.– Ikastetxe baterako lehentasun-eskubidea.

Behin betiko destinoa duten edo izan duten ikastetxe berean postu berri bat lortzeko lehentasun-eskubidea izango dute, adierazitako kasuren batean dauden eta ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten parte-hartzaileek, zerrendatzen diren lehentasun-ordenan:

a) Ikastetxe batean behin betikoz betetzen zuten plaza edo postua ezabatzen denean, egoera horrek dirauen bitartean, ikastetxe berean edozein espezialitatetan behin betiko beste destino bat lortzeko dagoen beste edozein hautagairekiko lehentasun-eskubidea izango dute, beti ere postua betetzeko ezinbesteko diren baldintzak betetzen badituzte.

b) Ikastetxe batean behin betikoz betetzen zuten plaza edo postua aldatzen denean, egoera horrek dirauen bitartean, ikastetxe berean edozein espezialitatetan behin betiko beste destino bat lortzeko dagoen beste edozein hautagairekiko lehentasun-eskubidea izango dute, beti ere postua betetzeko ezinbesteko diren baldintzak betetzen badituzte.

c) Behar adina irakastordu ez izateagatik beren ikastetxetik lekualdatu dituztenen kasuan, egoera horrek dirauen bitartean, behin betiko destinoa duten ikastetxean egon daitezkeen postu hutsetarako beste edozein hautagairekiko lehentasun-eskubidea izango dute, beti ere postua betetzeko ezinbesteko diren baldintzak betetzen badituzte.

d) Espezialitate berria eskuratzen duenean, behin betiko destinoa duten ikastetxean, eskuratutako espezialitate berrian, postu bat lortzeko beste edozein hautagairekiko lehentasun-eskubidea izango dute. Eskubide hori Bigarren Hezkuntzako katedradunen eta irakasleen kidegoetako eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleek izan dezakete.

Postu berria lortu ostean, eskubide hori beste espezialitate berri bat eskuratzerakoan soilik erabili ahal izango da.

Aurreko atal bakoitzean adierazitako egoeran karrerako bi funtzionario edo gehiago daudenean, postua merezimenduen baremoa aplikatzean puntuazio altuena lortzen duenari esleituko zaio. Puntuazioetan berdinketak gertatuko balira, berdinketa horiek hausteko lehen irizpide gisa ikastetxean karrerako funtzionario gisa jarduneko egoerako benetako zerbitzuetan denbora gehien daramana lehenetsiko da eta, beharrezkoa balitz, merezimenduen baremoan (I. eranskina) aurreikusitako gainerako irizpideak erabiliko dira bertan agertzen diren ordenan.

Ikastetxe baterako lehentasun-eskubide hori erabili nahi duen irakasleak parte hartzeko eskabidean («Ikastetxe baterako lehentasun-eskubidea baliatuz gero bete beharrekoa» idazpuruan), eskubide hori erabiltzeko hautatu den ikastetxearen kodea, lehenik, eta lehentasun-eskubideaz baliatzeko arrazoia, gero, adierazi beharko ditu. Eskubide hori baliatzeko postu-mota (espezialitatea) eta hizkuntza (hizkuntza-eskakizuna) adierazten duen lehentasun-ordena adierazi beharko ditu. Gainera, maisu-maistren Kidegoko langile funtzionarioek ibiltaritza-atala aukeratuko dute ibiltari izaera duten postuak nahi badituzte.

Halaber, jarraian, «Eskatzen diren postuak» atalean, beste ikastetxe batzuetako postuei dagozkien beste eskaera batzuk gehitu ahal izango ditu, titular diren espezialitateen eta hizkuntzaren/hizkuntza-eskakizunaren arabera eska ditzakeenak edo, maisu-maistren Kidegoko langile funtzionarioen kasuan, 1364/2010 Errege Dekretua indarrean jarri aurreko araudiaren arabera gaituta izan zena, horietan lehentasun-eskubiderik gabe lehiatu nahi badu.

2.– Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea.

Herri edo barruti bateko ikastetxeetan behin betiko destinoa lortzeko lehentasun-eskubidea izango dute, jarraian adierazten diren egoeraren batean dauden eta ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten parte-hartzaileek, zerrendatzen diren lehentasun ordenan:

a) Ikastetxe batean behin betikoz betetzen zuten plaza edo postua ezabatu edo aldatzen denean, beste behin betiko destino bat lortu arte, lehentasun-eskubidea izango dute beste postu bat lortzeko ezabatutako plaza edo postua zegoen ikastetxea zegoen herri berdineko beste ikastetxean edo, hala badagokio, postua ezabatutako ikastetxeari dagokion barrutian.

b) Behar adina irakastordu ez izateagatik beren ikastetxetik lekualdatu dituztenen kasuan, ezabatutako postuetako titularren baldintza beretan, behin betiko destinoa duten herrian edo, hala badagokio, behin betiko destinoa duten barrutian dauden postu hutsekiko lehentasun-eskubideaz baliatu ahal izango dute.

c) Behin betikoz betetzen zuten irakasle-postua galduta Herri Administrazioan beste postu bat betetzera pasa direnak, beti ere azken postua eten badute.

d) Behin betikoz betetzen zuten plaza edo postua galdu dutenak, apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 89.4 artikuluan aurreikusitako familiarteko edo seme-alabak zaintzeko borondatezko eszedentziaren egoera aitortu ostean aplikatu beharreko araudiak zehaztutako postu-erreserbaren denbora-tartea amaitu delako eta zerbitzu aktibora itzuli nahi badute edo behin-behinean itzuli badira.

e) Atzerriko postuetara atxikita egon ondoren, 2014-2015 ikasturtean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren kudeaketa eremura itzuli behar duten funtzionarioek edo, aurreko ikasturteetan itzulitakoak izanik, oraindik behin betiko destinorik lortu ez dutenek.

f) Azken behin betiko destinoa galtzeagatik, epaiaren betearazpenean edo administrazio-errekurtsoaren ebazpenean.

g) Ezintasun iraunkorraren ondorioz erretiro-egoera aitortu ostean, zerbitzu aktiborako errehabilitatuak izan direnak.

Postu berera karrerako bi funtzionario edo gehiago aurkezten badira eta lehentasunezko kasu berean badaude, merituen baremoa aplikatzean puntuazio handiena lortzen duenari esleituko zaio postua. Puntuazioaren guztizkoan berdinketarik gertatuz gero, honela ebatziko da, hurrenez hurren: baremoaren atal bakoitzeko puntuazio altuenari begiratuz eta atalak baremoan duten hurrenkera kontuan hartuz. Hala ere berdinketak bere horretan jarraitzen badu, azpi-ataletan lortutako puntuak aintzat hartuko dira, baremoan agertzen diren hurrenkerari jarraituz. Bi kasuotan, atal bakoitzean kontuan izango den puntuazioa ezin izango da baremoan atal bakoitzerako finkatutako puntuaziorik altuena baino handiagoa izan, ezta, azpiatalen kasuan, azpiatalak sartuta dauden atalak daukan puntuaziorik altuena baino handiagoa ere. Irizpide horiek aplikatzean azpiatal bat edo gehiago sartuta dagoen atalaren puntuaziorik altuenera iristen bada, ez dira kontuan izango gainerako azpiataletan izandako puntuazioak. Beharrezkoa balitz, berdinketa apurtzeko irizpide gisa erabiliko dira kidegoan sartzeko erabili zen hautazko prozeduraren urtea eta aukeratua izateko lortu zen puntuazioa.

Azkenik, eta behar izanez gero, emakumeak % 40 baino gutxiago diren kidegoetan, desenpaterako erizpide bezala emakumeen lehentasuna erabiliko da. Salbuespena izango da lanposturako beste hautagaiak neurri hori ez aplikatzea justifikatzen duten ezaugarriak dituenean –nolanahi ere, ezaugarriok ez dute eragin behar sexuaren ziozko bereizkeriarik–; kasurako, laneratzeko eta lanbide-sustapenerako arazo bereziak dituzten beste kolektibo batzuetako kide izatea.

3.– Aurreko 2. atalean adierazitako kasuren batean egonda, herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea erabili nahi dutenek, herrian ala barrutian erabiltzearen artean aukeratu beharko dute.

Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea baliatu nahi bada, parte hartu beharko da, eskubidea erabiliz, dei egiten diren lekualdatze-lehiaketa guztietan, destino hori lortu arte. Parte hartu ezean, lehentasun-eskubidea indargabetu egingo zaio.

4.– Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea baliatzen diren irakasleek, parte hartzeko eskabidean honakoa adierazi beharko dute:

– «Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea baliatuz gero bete beharrekoa» idazpuruan, eskubidea erabili nahi den herri edo barrutiaren kodea adierazi behar da, bai eta lehentasun-eskubidearekin parte hartzeko arrazoia zein den ere.

– Jarraian, eskubide horretaz baliatzeko espezialitateen kodeak (postu-mota) eta hizkuntza-eskakizuna (hizkuntza) adierazten duen lehentasun-ordena adierazi beharko du. Gainera, maisu-maistren Kidegoko langile funtzionarioek ibiltaritza-atala aukeratuko dute ibiltari izaera duten postuak nahi badituzte. Lehentasun hori kontuan hartuko da herria edo barruti, espezialitatea eta hizkuntza-eskakizuna/derrigortasun-data erreserbatzeko.

Lehentasun-eskubideaz baliatuta herri edo barruti, espezialitate eta hizkuntza-eskakizunaren erreserba lortu ostean, ikastetxe jakin bateko destinoa, lekualdatze-lehiaketan parte hartzen duten gainerakoekin batera merezimenduen baremoan lortutako puntuazioaren arabera lortuko dute.

Beraz, eskubide hau erabiliz hautatzen den herrian eskaera egiten duten lehiakide guztientzako nahiko plaza huts ez baleude, bakoitzaren puntuazioa alde batera utzita, lehentasun-eskubidea duen parte-hartzaileari plaza huts horietako bat bermatuko zaio: hortaz, partaide horrek lehentasunezko destino bat lortu ahal izango du puntu gehiago dituen beste partaide baten aurretik. Plaza huts nahiko baleude, herria eta plaza ziurtatuta (espezialitatea/postua eta hizkuntza-eskakizuna/hizkuntza), zentro zehatz bat esleitzeko eskubide hori duen parte-hartzailea kidego, espezialitate eta hizkuntza-eskakizun berberak betetzen dituzten gainerako partaideekin batera lehiatuko da, merezimenduen baremoan lortutako puntuak kontuan hartuta.

– Ikastetxe jakin bat lortzeko, lehentasun-ordenaren arabera, «Eskatzen diren postuak» idazpuruan, eskubidea egikaritzea dagokion herriko ikastetxe guztiak adierazi behar dira eta, barrutiko lehentasun-eskubidea izanez gero, aukeraz eskatutako herrietako ikastetxe guztiak; herri edo herri batzuen kodea adieraziz gero, barruti baterako lehentasun-eskubide kasuan, postuak hutsik dituzten aukeratutako herriko/herrietako edozein ikastetxera bidaliko zaio; ikastetxe jakin batzuk adieraziz gero, horiek herrien araberako bloke homogeneotan multzokatu behar dira. Eskubidea izanda herriko ikastetxe guztiak eskatzen ez badira, edo, barruti baterako lehentasun-eskubidea izanda, aukeraz eskatu diren herrietako ikastetxe guztiak eskatzen ez badira, horietako batean posturen bat hutsik badago, Administrazioak, libreki, aipatutako herriko gainerako edozein ikastetxeko postu batean eman ahal izango dio destinoa, dagozkion eranskinetan kidego bakoitzari lotuta agertzen diren ordenan.

Lehen adierazitako egoera guztietan, lehentasun-eskubide hori baliatzen duten parte-hartzaileek «HLE» –lehentasun-eskubidea– siglak adierazi beharko dituzte eskatutako ikastetxeko «postu-mota» izeneko kodeari dagozkion laukitxoetan. Hala eginez gero, «Herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea baliatuz gero bete beharrekoa» idazpuruan adierazitako parte hartzeko eskatu diren espezialitate guztiak hartuko dira kontuan.

Gainera, lehentasun-eskubidetik kanpo lehiatu nahi badute, beren espezialitate eta hizkuntza-eskakizunen arabera eta deialdi honetako hirugarren, laugarren eta bosgarren oinarri-arauetan xedatutako baldintzak beteta, lehentasun-eskubiderik gabe, lortu nahi dituzten beste postu batzuetako eskaerak gehitu ditzakete jarraian.

5.– Ikastetxerako lehentasun-eskubideak destinoa lortzeko lehentasuna dakar herri edo barruti baterako lehentasun-eskubidea erabiltzen dutenen aurrean.

Hamaikagarrena.– Konkurrentzia-eskubidea.

1.– Konkurrentzia-eskubide gisa hartzen da, behin betiko destinoa duten irakaskuntza-kidego bereko karrerako hainbat funtzionariok lehiaketa batean borondatez parte hartzeko baldintza gisa Lurralde Historiko jakin bateko ikastetxe batean edo batzuetan destinoa lortzea jartzen dutenean.

2.– Eskubide horrek ondoko berezitasunak izango ditu:

a) Parte-hartzaileek, beren eskabideetan, Lurralde Historiko bakarreko ikastetxeak adieraziko dituzte, berdina multzo-kide talde bakoitzerako.

b) Talde bakoitzean, gehienez ere, lau pertsonek hartuko dute parte, eta derrigorrezkoa izango da eskatzaile bakoitzak eskabidea bereizita aurkeztea.

c) Destinoaren esleipena betetzeko diren postu hutsen artean egingo da eta Agindu honetan I. eranskin gisa jasotzen den merezimenduen baremoaren aplikazioak zehaztuta egongo da.

d) Parte hartzeko modu horren helburua zera da: talde bereko parte-hartzaileek Lurralde Historiko bereko ikastetxe batean edo batzuetan destinoa aldi berean lortzea. Horietako baten batek ezin izango balu plaza edo postu bat lortu, bide horren bidez taldeak eginiko eskabideak ez dira onartuko.

e) Ezingo dute eskubide hori erabili behin-behineko destinoa dutenek, lehiaketan parte hartzea derrigorrezkoa baita.

Hamabigarrena.– Eskabideak.

1.– Hamabigarren oinarri honek aipatutako eskabidea aurkeztu beharko da honako kasu hauetan:

a) Zortzigarren oinarrian aipatutako derrigorrezko parte-hartzea.

b) Zazpigarren oinarrian aipatutako borondatezko parte-hartzea.

2.– Lekualdatze-lehiaketan parte hartzeko, irakaslegunea ingurunean dagoen eskabide elektronikoa bete behar da. Eskabide hori http://www.irakasle.net web-orrian egin behar da.

Parte-hartzaile bakoitzak kidego bakoitzeko eskabide bakarra egingo du.

3.– Irakaslegunean sartzeko, parte-hartzaileek irakasleen posta elektronikoko (irakasle.net) erabiltzailearen izena eta pasahitza sartu behar dituzte. Posta elektroniko hori ez dutenek NAN zenbakia eta irakaslegunean sartzeko pasahitza sartu beharko dituzte. Sartzeko pasahitza ahaztuz gero, aipatutako helbidean hori berreskuratzeko bidea aurki daiteke, «Pasahitza eskuratu (edo berreskuratu)» atalean.

Pasahitza sartu ostean, Lekualdatze-lehiaketak - Onarpen-eskabidea ataletan sartu behar da.

4.– Eskabidea osorik bete ostean, «Ontzat Emanez» itxi beharko da, behar bezala baliozkotua eta erregistratua gera dadin. Ondoren, eskabidearen egiaztagiria eta inprimakia inprimatu beharko dira, aplikazio informatikotik lortuta; azken honetan aurkeztuko den dokumentazio guztia zerrendatuko da, «Lekualdatze-lehiaketa 2013-2014 – Aurkeztutako dokumentazio zerrenda» deitzen dena.

Eskabidea «Ontzat Emanez» ixten ez bada, eskabide hori egin gabe geratuko dela ulertuko da, pertsona hori parte hartzera behartuta egon eta behar bezala itxitako beste eskabiderik aurkeztu ez duen kasuan izan ezik. Kasu horretan, egindako baina itxi gabeko eskabidea eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan itxiko da automatikoki, eta ordura arte gordetakoa hartuko da kontuan esleipena egiteko.

5.– Postuen eskaerak «Eskatzen diren postuak» idazpuruan adieraziko dira; ikastetxe edota herri jakin baterako egin daitezke, eta bi modalitateak bateragarriak dira. Azken kasu horretan, postu bat hutsik duen herriko lehen ikastetxea esleituko da, oinarri-arau honen II. eranskinean adierazitako orden berean azaltzen diren moduan.

Lehiakideak lehentasunen arabera eskatuko ditu postuak, aukeratu nahi dituen zentroen edo herrien kodeak, postu-motetako (espezialitatea) eta hizkuntzetako (hizkuntza-eskakizuna) kodeak adieraziz, agindu honen eranskinetan agertzen diren bezala.

6.– Postu elebidunak eskatuz gero, eskabidearen ELEBITASUNA atalean, 2. INGELESA aukera adierazi beharko da. Gainera, maisu-maistren Kidegoko langile funtzionarioek ibiltaritza-atala aukeratuko dute ibiltari izaera duten postuak nahi badituzte.

7.– Postu bakoitzaren eskaera zentroaren edota herriaren, espezialitatearen, hizkuntzaren (hizkuntza-eskakizuna), elebitasunaren eta ibiltaritzaren (Maisu-maistren kidegorako) gehiketa/konbinazioa dela kontuan izanik, postuen eskaerak ondoren adierazitakoa kontuan izanik egin beharko dira:

Zentro edo herri berean postua espezialitate bat baino gehiagorengatik eskatzen bada, beharrezkoa da zentroa edo herria errepikatzea eskatzen den espezialitate bakoitzeko, espezialitate bakoitzeko postuaren kodifikazioa ezberdina baita.

Zentro edo herri eta espezialitate bereko postua eskatzen bada hizkuntza-eskakizunean aukera ezberdinak erabiliz, zentroa edo herria eta espezialitatea behar adina aldiz errepikatu beharko dira, jarraian hizkuntza-eskakizunari dagokion aukera ezberdin bakoitza adieraziz (V. eranskina).

Zentro edo herri berean postu jakin bat eskatzen bada elebidun modalitatean nahiz modalitate ez elebidunean, zentroa edo herria, espezialitatea eta hizkuntza-eskakizuna errepikatu beharko dira eta ELEBITASUNA atalean adierazi, lehen kasuan «2. INGELESA» aukera eta bigarren kasuan «0. ELEBITASUNIK EZ» aukera. Maisu-maistren Kidegoari dagokionez ere modu berean jokatu behar da baldin eta zentro batean ibiltaritza eskatzen duen edo ibiltaritza eskatzen ez duen postu bat eskatzen bada, lehen kasuan «BAI» adieraziz eta bigarrenean «EZ».

8.– Bigarren Hezkuntzako, Hizkuntza Eskola Ofizialetako, Musika eta Arte Eszenikoko eta Arte Plastiko eta Diseinuko katedradunen kidegoetako funtzionarioek dagozkien mailetako irakasleen kidegoetako funtzionarioekin batera hartuko dute parte, postu huts berak lortzeko, aipatutako katedradunen kidegokoak izateagatik aplikatu beharreko berariazko merezimenduen kaltetan izan gabe.

9.– Edonola ere, zehazki parte-hartzaileek adierazitako kodeei dagozkien postuak eskatu direla hartuko da kontutan. Eskabideetako kodeak ez badira existitzen, osatu gabeak badira edo parte-hartzaileak eska ditzakeen postuekin bat ez badatoz, baliogabetu egingo dira. Aurreko arrazoiengatik eskaera guztiak baliogabetuko balira, lehiakidea destinoen esleipenetik baztertuko da, deialdi honetan aurreikusten diren ofiziozko destinoen esleipen-egoeren kaltetan izan gabe.

Hamahirugarrena.– Lehiaketan parte hartzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Lehiatzaileek alegatutako merezimenduak ziurtatzeko agiriak aurkeztu beharko dituzte, oinarri hauei erantsitako I. eranskineko baremoan zehazten diren aurreikuspenei jarraituz, praktiketako funtzionarioen kasuan izan ezik, ez baitute merezimenduak ziurtatzeko agiririk aurkeztu behar.

Ingelesez irakasteko postuak eskatuz gero, parte-hartzaileek laugarren oinarriko 7. atalean adierazitako tituluren, habilitazioren edo ziurtagiriren baten jabe diren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, baldin eta administrazio honetan jasota ez badago.

Dokumentazioa aplikazio informatikotik (eskabidea bete eta ontzat eman eta gero) lortuko den inprimakiarekin batera aurkeztuko da, eta bertan emandako dokumentazio guztiaren zerrenda egingo da. Aipatutako inprimakia Interneteko www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net eta www.irakasle.net helbideetan lor daiteke.

Fotokopia bidez aurkezten den dokumentazioa behar bezala konpultsatua egon beharko da.

2.– Gaztelaniaz edota euskaraz ez den dokumentazio guztia Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batera egindako itzulpen ofizial eta guzti aurkeztu beharko da, zinpeko interpreteak egina edo, bestela, dagokion kontsulatu edo bulego diplomatikoak baliozkotua.

3.– Edonola ere, Administrazioak behar diren azalpen eta agiriak eskatu ahal izango dizkie lehiatzaileei, merezimenduei dagokienez sortutako zalantzak eta erreklamazioak ebazteko.

Aurkeztutako dokumentazioaren egiatasunaren erantzuleak eskatzaileak izango dira. Agiriren bat faltsua bada edo manipulatuta badago, parte-hartzaileak deialdi honetan parte hartzeko eskubidea galduko du, bestelako erantzukizunak alde batera utzi gabe.

4.– Eskabidea betetzeko (eskaera elektronikoa) eta oinarri honen lehen atalean adierazten diren agiriak aurkezteko epean, lehentasun-eskubideaz epai edo administrazio-ebazpen irmoa dela eta baliatzen direnen kasuan, herri edo barruti jakin baterako lehentasun-eskubideaz baliatzeko eskubidea dutela egiaztatzen duen agiriaren kopia gehituko da.

5.– I. eranskineko 2, 3.1, 3.2, 3.3, 4.3, 5 eta 6 ataletako merezimenduei dagokienez, eta administrazio-izapideak gutxitzeko eta sinplifikatzeko helburuarekin, 2010eko azaroaren 16ko Aginduz deitutako 2010-2011ko lekualdatze-lehiaketan (2010eko azaroaren 22ko EHAA), edo 2011ko abenduaren 16ko Aginduz deitutako 2011-2012ko lekualdatze-lehiaketan (2012ko urtarrilaren 10eko EHAA) edo 2012ko urriaren 26ko Aginduz deitutako 2012-2013 lekualdatze-lehiaketan (2012ko urriaren 31ko EHAA) parte hartu zutenek, eskabidean honako hauen artean aukeratuko dute:

– Parte hartu zuten azkeneko lehiaketako puntuak mantentzea.

– Merezimendu berriak gehitzea.

– Baremazio berria.

Aukera hauek I. eranskineko 2, 3.1, 3.2, 3.3, 4.3, 5 eta 6 ataletan ofizioz konputatzen ez diren merezimenduei dagokie, bakar-bakarrik. Ofizioz konputatzen ez diren merezimenduak adierazitako atalek ziurtatzeko agiriak aurkeztea eskatzen dutenean dira; eta ofizioz konputatzen diren merezimenduak, aldiz, adierazitako atalek ziurtatzeko agiriak aurkeztea eskatzen ez dutenean. Ofizioz konputatzen diren merezimenduak automatikoki eguneratuko dira, erabiltzen den aukera edozein izanda ere.

Aipatutako I. eranskinean ofizioz konputatzen diren merezimenduak (ez da dokumentaziorik aurkeztu behar) eta ofizioz konputatzen ez direnak (dokumentazioa aurkeztu behar da) adierazten dira.

Aipatutako aukerek ondorengo ondorioak dituzte:

a) Ados egon eta parte hartu zuten azkeneko lekualdatze-lehiaketan (2010-2011, 2011-2012 edo 2012-2013) 2, 3.1, 3.2, 3.3, 4.3, 5 eta 6 ataletan lortutako puntuak mantentzea erabakitzen dutenek eskabidean «Parte hartu zuen azkeneko lehiaketako puntuaketa mantentzea» aukera adierazi beharko dute. Kasu horretan, ez dute inolako dokumentaziorik aurkeztu behar izango adierazitako ataletako merezimenduei dagokienez.

Aitzitik, I. eranskineko beste atal edo azpiatal batzuei dagozkien merezimenduak eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, baloratuak izatea nahi badute.

b) Parte hartu zuten azkeneko lekualdatze-lehiaketan (2010-2011, 2011-2012 edo 2012-2013) 2, 3.1, 3.2, 3.3, 4.3, 5 eta 6 ataletan lortutako puntuekin ados daudenek eta parte hartu zuten azkeneko lekualdatze-lehiaketan barematutakoei geroztik izandako meritu berriak gehitu nahi dutenek eskabidean «Merezimendu Berriak Gehitu» aukeratu beharko dute. Kasu horretan, parte hartu zuten lekualdatze-lehiaketako eskabideak aurkezteko epe-amaieraren ondotik amaitutako eta lortutako merezimenduak aurkeztu beharko dituzte (kasuaren arabera, 2010eko abenduaren 15etik, 2012ko urtarrilaren 28tik edo 2012ko azaroaren 23tik aurrera) lehiaketa honetako eskabideak aurkezteko epea amaitu arte. Aipatutako atalen edo azpiatalen batean puntuazio gehiena atera badute, ez da beharrezkoa dagokion atalean edo azpiatalean meritu berriak gehitzea.

Atal horietako merezimendu berriak adierazitako daten aurrekoak badira, ez dira barematuko. Aitzitik, beste atal edo azpiatal batzuei dagozkien merezimenduak aurkeztu ahal izango dituzte.

c) Parte hartu zuten azkeneko lekualdatze-lehiaketa data baino lehenagoko 2, 3.1, 3.2, 3.3, 4.3, 5 eta 6 ataletako merezimenduak barematzea nahi dutenek edo atal horietan egindako baremazioarekin ados ez daudenek eskabidean «Baremazio berria» aukeratu beharko dute. Kasu horretan, atal guztietako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, baloratua izateko.

2010-2011 lehiaketaren deialdirako, 2010eko abenduaren 15a baino lehenagoko merituak dira; 2011-2012 lehiaketaren deialdirako, 2012ko urtarrilaren 28a baino lehenagokoak; eta 2012-2013 lehiaketaren deialdirako, 2012ko azaroaren 23a baino lehenagokoak.

6.– 13.5.c) oinarrian adierazitako kasuez gain, eskaeran «Baremazio berria» aukera adierazi beharko da ondorengo kasuetan:

– 13.5 oinarrian adierazitako inongo deialditan parte hartu ez dutenean.

– 2013ko irailaren 1ean karrerako funtzionario izendatuta egon eta oraindik destinorik lortu ez dutenak.

– Erkidego honetan destinoa lehen aldiz 2011-2012 ikasturtean lortu zuten beste autonomia erkidego batzuetako funtzionarioak.

Kasu horietan, atal guztiei dagokien ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, baloratuak izan daitezen.

Hamalaugarrena.– Eskatutako baldintzak eta adierazitako merezimenduak ziurtatzeko agiriak aurkezteko tokia.

1.– Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan.

2.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazitako edozein lekutan. Posta-zerbitzuko bulegoren batean aurkeztu nahi bada eskabidea, kartazal irekian egingo da, zerbitzu horretako funtzionarioak eguna eta zigilua jar ditzan eskabidean, kartazala egiaztatu aurretik.

Hamabosgarrena.– Eskabideak egiteko eta agiriak aurkezteko epea.

Eskaerak egin eta agiriak aurkezteko epea 2013ko abenduaren 3tik 20ra bitartekoa izango da, biak barne.

Eskabidea Interneten bidez bete behar denez, denbora nahikorekin betetzen hastea gomendatzen da, parte-hartzaileari sor dakizkiokeen zailtasunengatik.

Adierazitako epe hori amaitu eta gero ez da egindako eskaeretan aldaketarik onartuko, ezta merezimenduei buruzko dokumentaziorik ere.

Parte hartzeko baldintza guztiak, Agindu honen zazpigarren oinarrian ezarritakoaren kalterik gabe, eta alegatutako merezimenduak, eskabideak aurkezteko epea amaitzean eta esleitutako postua hartzeko egunera arte bete beharko dira.

Hamaseigarrena.– Merezimenduen ebaluaketa.

1.– Adierazitako eta, hala badagokio, lehiatzaileek behar bezala egiaztatutako merezimenduak ebaluatzeko, I. eranskineko puntuazio-baremoko 5.1, 5.2, 6.1, 6.2 eta 6.3 atalei dagokienez, hala jokatuko da:

a) Maisu-maistren Kidegoko langile funtzionarioen kasuan, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritza bakoitzean Batzorde Barematzaile bat edo batzuk osatuko dira. Batzorde hori dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkariak izendatuko ditu, eta bakoitzak esleitutako honako kide hauek osatuko dute:

Hezkuntzako Ikuskaritza Saileko funtzionario bat, batzordeburu lana egingo duena.

Lurralde-ordezkaritzetako karrerako lau funtzionario irakasle, batzordekide-lana egingo dutenak.

Idazkari gisa mahaikide gazteena izendatuko da, Batzordeak beste irizpiderik jartzen ez badu.

b) Deitutako gainerako irakasle-kidegoetako langile funtzionarioen kasuan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko ditu beharrezko Batzorde Barematzaileak, espezialitateen arabera edo antzeko espezialitate-multzoen arabera.

Batzorde Barematzaileak honako kide hauek osatuko dituzte:

Batzordeburua: Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoko funtzionario bat edo Batzordea izendatzen den irakasleen Kidegoko funtzionario bat.

Batzordekideak: Batzordea izendatzen deneko kidegoko lau karrerako irakasle funtzionario.

Idazkari gisa mahaikide gazteena izendatuko da, Batzordeak beste irizpiderik jartzen ez badu.

b) ataleko Batzorde Barematzaile bakoitzeko burua Langileak Kudeatzeko zuzendariak izendatuko du, eta kideak, aldiz, zozketaz aterako dira.

c) Kidego guztietan, ordezkaritza gehien duten erakunde sindikalek ordezkari bat izendatu ahal izango dute Batzorde bakoitzean, begirale-lana egiteko.

d) Batzordeetako kideek, deitutako postuetarako beharrezko diren titulazio-multzo berekoak edo altuagokoak izan behar dute. Batzorde Barematzailea izendatzeko irizpide berberei jarraituz, ordezko batzordeburua, kideak eta idazkaria ere izenda daitezke.

Batzordeetako kideak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan ezarritako arrazoibideen menpe egongo dira, beraiek uko egin nahiz besteen ezespena jasotzeko.

e) Horren kontrako arrazoi sendorik adierazi ezean, gizonek zein emakumeek gutxienez % 40ko ordezkapena izango dute batzordeetan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen bidez aldatutako Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen 31. artikuluan xedatutakoaren arabera.

f) 2012ko urriaren 26ko Aginduz (2012ko urriaren 31ko EHAA) deitutako lekualdatze-lehiaketen Batzorde Barematzailetan parte hartu zuten langile funtzionarioak, oinarri honetan aurreikusitako batzordeetako kideak zozketaz esleitzeko prozesutik at geratuko da, lehiaketaren xede den espezialitateren batean dagokion Balorazio Batzordea osatzeko nahikoa irakasle ez dagoenean salbu.

g) Lehiaketaren xede diren espezialitateetakoren batean Batzordea osatzeko nahiko irakasle ez badago, batzordekideak antzeko irakasgaietako irakasleen artean edota gai horretako adituen artean izendatuak izango dira. Era berean, parte-hartzaileen kopurua txikia denean, antzerako espezialitate batzuk biltzen dituen batzorde bat izendatu ahal izango da.

h) Beharrezkotzat jotzen den Batzordeetan, Batzorde Barematzaileak eskatuta, Langileak Kudeatzeko zuzendariak gaian espezialistak diren bi aholkulari sartu ahalko ditu beharrezkoa dela irizten den Batzordeetan.

i) Otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuaren (26ko EHAA) 6. eta 16. artikuluetan xedatzen diren ondorioetarako, bidaia-gastuei dagozkien kalte-ordainak, zerbitzuarengatiko ordainketengatik eman behar diren kalte-ordainen zenbatekoak gaurkotzen dituen ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuaren hirugarren aldaketak (28ko EHAA) xedatzen duenaren arabera ordainduko dira.

j) Batzorde Barematzaileen osaera Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean argitaratuko da: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net

2.– Dagokien langileen administrazio-atalek jarriko dute parte-hartzaileei baremoaren gainerako idatz-zatietan dagokien puntuazioa.

Hamazazpigarrena.– Onartuen, baztertuen eta puntuazioaren behin-behineko ebazpena.

1.– Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzan Batzorde Barematzaileen aktak jaso ondoren, Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpena emango du, onartutako eta baztertutako parte-hartzaileen zerrendak behin-behinekoz onartzen (baztertuen kasuan, baztertzeko arrazoia adieraziko da) eta baremoaren atal bakoitzean onartutako parte-hartzaile bakoitzak lortu duen puntuazioa.

Ebazpena eta behin-behineko zerrendak argitaratuko dira, interesdunei notifikazio ondorioetarako, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren interneteko helbideetan (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net eta www.irakasle.net). Era berean, eta informazio ondorioetarako, aipatutako Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpena (onartutako eta baztertutako parte-hartzaileen behin-behineko zerrenda argitaratzen duena, eta azken kasu honetan, baztertzeko arrazoia adieraziz) argitara emango da Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan.

2.– Lehiatzaileek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte behin-behineko ebazpen horren kontra, jendaurrean jartzen denetik 10 egun balioduneko epean.

Hemezortzigarrena.– Onartuen, baztertuen eta puntuazioaren behin betiko ebazpena.

1.– Aurreko oinarrian aipatutako erreklamazioak ebatzita, Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpena emango du, onartutako eta baztertutako parte-hartzaileen zerrendak behin betikoz onartzen (baztertuen kasuan, baztertzeko arrazoia adieraziko da) eta baremoaren atal bakoitzean onartutako parte-hartzaile bakoitzak lortu duen puntuazioa.

Ebazpena eta behin betiko zerrendak argitaratuko dira, interesdunei notifikazio ondorioetarako, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren interneteko helbideetan (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net eta www.irakasle.net). Era berean, eta informazio ondorioetarako, aipatutako Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpena (onartutako eta baztertutako parte-hartzaileen behin betiko zerrenda argitaratzen duena, eta azken kasu honetan, baztertzeko arrazoia adieraziz) argitara emango da Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan.

2.– Aipatutako behin betiko zerrenda horren kontra, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, jendaurrean jartzen den egunaren biharamunetik hilabeteko epean.

Hemeretzigarrena.– Plaza hutsen behin-behineko esleipena.

1.– Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpenaren bitartez destinoen behin-behineko esleipena onartuko da lortutako puntuazioari eta parte-hartzaileen eskaeren lehentasunei jarraituta; aipatutako Ebazpen hori, esleipenen behin-behineko zerrendekin batera, argitaratuko dira, interesdunei notifikazio ondorioetarako, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren interneteko helbideetan (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net eta www.irakasle.net). Era berean, eta informazio ondorioetarako, aipatutako Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpena argitara emango da Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan.

2.– Puntuazioaren guztizkoan berdinketarik gertatuz gero, honela ebatziko da, hurrenez hurren: baremoaren atal bakoitzeko puntuazio altuenari begiratuz eta atalak baremoan duten hurrenkera kontuan hartuz.

Hala ere berdinketak jarraitzen badu, azpiataletan lortutako puntuak aintzat hartuko dira, baina, lehen bezala, baremoan agertzen diren hurrenkerari jarraituz.

Bi kasuotan, atal bakoitzean kontuan izango den puntuazioa ezin izango da baremoan atal bakoitzerako finkatutako puntuaziorik altuena baino handiagoa izan, ezta, azpiatalen kasuan, azpiatalak sartuta dauden atalak daukan puntuaziorik altuena baino handiagoa ere. Irizpide horiek aplikatzean azpiatal bat edo gehiago sartuta dagoen atalaren puntuaziorik altuenera iristen bada, ez dira kontuan izango gainerako azpiataletako puntuazioak.

Beharrezkoa balitz, berdinketa apurtzeko irizpide gisa erabiliko dira kidegoan sartzeko erabili zen hautazko prozeduraren urtea eta aukeratua izateko lortu zen puntuazioa.

3.– Erreklamazioak eta uko egiteak.

Lehiatzaileek behin-behineko esleipenaren ebazpenaren aurkako erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net eta www.irakasle.net webguneetan argitaratzen denetik bost egun balioduneko epean.

Hogeigarrena.– Behin-behinean esleitutako postuari uko egitea.

Borondatezko lehiatzaileek, aurreko oinarrian erreklamazioak aurkezteko ezarritako 5 egun balioduneko epean, lekualdatze-lehiaketan parte hartzeari uko egin ahal izango diote, eta uko egite horrek eskabidean agertzen diren eskaera guztietan eragina duela ulertuko da. Uko egiteko idatziari atxikituta Nortasun-agiri nazionalaren fotokopia aurkeztu beharko da.

Horren ondorioetarako, kontuan izan behar da behin-behineko ebazpenean destinorik ez lortzeak ez duela adierazi nahi behin betiko ebazpenean lortuko ez denik.

Hogeita batgarrena.– Plaza hutsen behin betiko esleipena.

1.– Erreklamazioak aztertuta eta, hala badagokio, aurreko oinarrian aurreikusitako uko egiteak onartu eta gero, destinoen behin betiko esleipena onartzen duen Agindua emango da. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratuko da eta bertan lehiaketako destinoen behin betiko zerrendak noiz eta non argitaratuko diren jakinaraziko da.

2.– Deialdia egiten duten espezialitate ezberdinen postuetara lehiatuta ere, destino bakarra esleitu ahal izango da.

Hogeita bigarrena.– Jarduneko zerbitzura itzultzea.

1.– Eszedentzia aldian egon eta gero lehiaketaren ondorioz jarduneko zerbitzura itzultzen diren irakasleek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte dagokien Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan:

a) Eszedentziarako aginduaren kopia.

b) Medikuaren egiaztagiri ofiziala, irakaskuntzan aritzeko gaixotasunik edo bateraezina den muga fisikorik edo psikologikorik ez duela adierazten duena.

c) Zinpeko aitorpena edo agindua, diziplina espediente bidez Estatuko, Herriko edo Autonomia Erkidegoko Administrazioaren inongo Kidego edo eskala batetik banatua izan ez dela egiaztatzeko eta, era berean, funtzio publikoak betetzeko gaitasunik kendu ez diotela egiaztatzeko.

2.– Hala ere, lehiaketa honetan destinoa lortu duten ez beste irakasle Kidego batean jardunean daudenek ez dituzte aurkeztu beharko aipatutako agiriak.

Hogeita hirugarrena.– Jabetzan hartzea.

Destino berriak 2014ko irailaren 1ean hartuko dira jabetzan.

Hogeita laugarrena.– Destinoei uko egiteko ezintasuna.

Lehiaketaren behin betiko ebazpenean esleitutako destinoei ezin izango zaie uko egin.

Aitzitik, irakasle kidego batean baino gehiagotan parte hartu eta destino bat baino gehiago lortu badira, 2014-2015 ikasturtean jardun nahi den destinoa hautatu beharko da, EHAAn behin betiko destinoen esleipenaren Agindua argitaratu osteko hamar egun naturaletan. Hala egin ezean, jardun aktiboan egonda parte hartu den kidegoari dagokion postua hartu beharko da jabetzan. Eskaerarik izan ez duten postuak plaza huts joko dira, eta hezkuntza-administrazioak erabakitako araudiari jarraituz beteko dira.

Hogeita bosgarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.

Pertsona parte-hartzaileek aurkeztutako datuak dagokien prozeduran edo jarduketan aurreikusitako xedeetarako baino ez dira erabiliko.

Datu horiek inola ere ez dituzte erabiliko beste batzuek, eta laga ere ez zaizkie lagako, ez bada interesdunaren baimen argi eta garbirik, edo ez bada datu pertsonalak babesteko legean jasotako kasuren batean (15/1999 Legea, abenduaren 13koa, 6.2 eta 11.2 artikuluak; BOE, 298. zk., 1999ko abenduaren 14koa).

Aipatutako 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, datuak lagatzen dituen pertsonak, edozein unetan, eskuratu, zuzendu, baliogabetu eta aurka egiteko eskubideak bete ahal izango ditu, erregelamenduan zehaztuko den moduan.

Fitxategi honen erabilera eta funtzionamendua Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen aurreikuspenera egokitu beharko da.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala