Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

227. zk., 2013ko azaroaren 28a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
5181

451/2013 DEKRETUA, azaroaren 19koa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Gipuzkoako Foru Aldundiak honako eskubide eta ondasunak okupatzea (nahitaezko desjabetzea): «Karabel-portu bizikleta eta oinezkoentzako bidea (3. ibilbidea: Donostia-Beasain, 03 005F zatia) egiteko proiektua (4-BI-42/2012)» burutzeko beharrezko ondasun eta eskubideak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, «Karabel-portu bizikleta eta oinezkoentzako bidea (3. ibilbidea: Donostia-Beasain, 03 005F zatia) egiteko proiektua (4-BI-42/2012)» espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.

2013ko martxoaren 18an, Gipuzkoako Foru Aldundiak nahitaezko desjabetze espedientea hastea zein ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zuen, hilabeteko epez prentsan eta 2013ko apirilaren 11ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (68 zk.), Hernaniko Udaletxeko iragarki-oholean eta prentsan. Geroago, 2013ko urriaren 14an, Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektuak eragiten dituen eskubide eta ondasunak okupatzeko premiazkotasunaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak banakatuta eta zehazturik agertzen dira dosierrean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta bi alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luza ezinezkotzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

Gipuzkoarren eguneroko behartutako mugikortasun arazoa bizikleta erabiltzearen bidez ebaztea eta Gipuzkoako bizikleta bideen Lurralde plan Sektoriala epea betetzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio: nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztea.

Hori dela bide, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposaturik, Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2013ko azaroaren 19an egindako bilkuran, aztertu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, «Karabel-portu bizikleta eta oinezkoentzako bidea (3. ibilbidea: Donostia-Beasain, 03 005F zatia) egiteko proiektua (4-BI-42/2012)» burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Gipuzkoako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Administrazio-bidea amaitzen duen dekretu honen aurka, lehenik, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzaren Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan bi hilabeteko epean. Epeok, dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hara zenbatuko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko azaroaren 19an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.


Azterketa dokumentala