Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

227. zk., 2013ko azaroaren 28a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
5177

AGINDUA, 2013ko azaroaren 26koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinen bidez ikertzaileak prestatzeko doktoretza-aurreko programako bekak aplikatzeko zentroez bestelakoetan egonaldiak egiteko laguntzetarako deialdia egiten baita.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2013ko uztailaren 2ko Aginduaren bitartez (uztailaren 5eko EHAA), 2013-2014 ikasturtean doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoretza-aurreko programako ikertzaileak prestatzeko eta laguntza berrietarako deia egin eta laguntza horiek arautu ziren. Agindu horrek egonaldiak egiteko aukera ematen du aplikaziokoak ez diren zentroetan; horrela, erantzuna ematen die ikertzaileak hobeto prestatzeko egonaldiok duten interesari bai eta nazioarteko doktoregoa lortzeko.

Kontuan hartu da Lehendakariaren martxoaren 1eko 8/2013 Dekretua (2013ko martxoaren 7ko EHAA), dekretu horrek aldatzen baitzuen Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen Dekretua.

Kontuan hartu dira, halaber, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua. Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu zuen Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak; era berean, horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezarri zituen (1992ko otsailaren 7ko EHAA); azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen.

Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusien kargutan egiteko den gastu- espedienteen aurretiazko tramitazioa arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta,

Horren ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Beka aplikatzen den zentroetan ez, beste batzuetan doktoretza-aurreko egonaldiak egiteko dei egitea prestatzen ari diren ikertzaileei. Egonaldi horien helburua izango da ikertzaileak zientzia- eta teknika-ikerketan hobeto prestatzea, eta horretarako laborategi edo ikerketa-zentroetan ikerketa-lanak egitea, ikerketa-proiektuari aplikatzeko teknika berriak ikastea, bibliografia- eta ikerketa-fondoetan kontsultatzea eta beste edozein ikerketa jarduera egitea esku artean duen tesi-proiektuaren testuinguruan, ikertzailearen zientzia- eta teknika-prestakuntza hobetzeko eta tesiaren garapena bultzatzeko.

2.– Egonaldiak egin ahal izango dira unibertsitateetan, ikerketa-zentroetan edo garapen teknologikoko zentroetan eta I+G+eko jarduera duten enpresetan, atzerrikoetan zein estataletan, betiere egonaldiak aplikatzeko zentroan bertan barik beste hiri batean egiten badira eta aldi baterako egoitza aldatzeak justifikatu egiten badu agindu honetan zehazten diren osagarri ekonomikoak ematea.

3.– Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren arabera aurreko paragrafoan ezarritakoarekin bat ez badatoz, bazter uzten dira biltzarretara, batzar zientifikoetara edo beste era batzuetakora joateak eta ohiko aplikazio-zentroa atzerrian izan eta prestatzen ari diren ikertzaileek Espainian dauden zentroetan egiten dituzten egonaldiak.

2. artikulua.– Laguntzen finantzaketa.

Agindu honen bidez araututako laguntzak finantzatzeko 200.000 euro erabiliko dira.

Kopuru hori agortu aurretik, areagotu ahal izango da, legerian aurreikusitako kreditu-lotura edo aurrekontu-aldaketen araubidearen arabera. Hala gertatzen bada, hori jendaurrean jakinarazi beharko da, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

3. artikulua.– Laguntzen onuradunak.

1.– Diru-laguntza horiek eskatu ahal izango dituzte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak 2013-2014 ikasturtean doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoretza-aurreko programaren onuradunek (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2013ko uztailaren 2ko Agindua, uztailaren 5eko EHAA).

2.– Laguntza hauetaz baliatu ahal izateko, ezinbestekoa da ikertzaileek jardunean egotea, eta lehenengo, bigarren eta hirugarren programa beka-berritzean.

3.– Ezin izango dute onuradun izan zigor administratibo edo penala jasotzeagatik laguntza edo diru-laguntza publikorik eskuratzeko aukera galdu duenek edo laguntza publikoak eskuratzeko lege-debekurik dutenek, ezta sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik debeku horrekin zigortutakoak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean jasotakoaren arabera.

4. artikulua.– Laguntzen baldintzak.

1.– Laguntza hauen gai diren egonaldiak 2014. urtean hasi beharko dira.

2.– Egonaldi bakoitzaren gutxieneko iraunaldia bi hilabetekoa izango da eta gehien jota hiru hilabetekoa, eta, justifika daitezkeen salbuespenak izan ezik, egonaldi horiek joan nahi den zentroetako aldi akademikoekin edota ohiko jardunarekin bat etorriko dira.

3.– Bekaz baliatzeko aldi osoan zehar egin daitezen egonaldi guztien iraupena ez da hiru hilabetetik gorakoa izango.

4.– Salbuespen modura, hiru hilabetetik beherako egonaldiak eskatu ahal izango dira baldin eta eskatzaileak egonaldi bat egin badu, eta gehienezko iraupena, hiru hilabetekoa, bete ez badu.

5. artikulua.– Eskaerak nola eta noiz aurkeztu.

1.– Eskaerak galdetegi bat betez aurkeztuko dira, eta galdetegi hori bide telematikoa erabiliz eskuratu ahal izango da, Sailaren egoitza elektronikoan: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net (unibertsitate eta ikerketa). Eskaerarekin batera aurkezten den dokumentazioa aplikazio elektronikoaren bidez erantsi beharko zaio eskaerari. Horretarako, hautagaiak alta hartu beharko du erabiltzaile moduan, eta aplikazioan zehaztutako jarraibideak bete.

2.– Eskaera telematikoa guztiz betetakoan, eta 7. artikuluko dokumentuan aplikazioaren bidez bidaliz gero, eskatzaileak, Egoitza Elektronikoak onartutako sinadura elektronikoaren edozein sistema erabiliz, eskaera erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu ahal izango du.

3.– Izapidetza paper bidez egin nahi izanez gero, aplikazioak sortzen duen eskabidea inprimatu beharko da eta eskatzaileak sinatu beharko du. Paperezko eskaera artikulu honetako 5. eta 6. ataletan aipatutako epe eta lekuetan aurkeztu beharko da.

4.– Nolanahi ere, eskarian adierazpen arduratsua ere sartu behar da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluaren 6. idatzi-zatian agertzen dena (legegintza-dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen da, Euskadiren 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu dena). Bertan, honako datu hauek jasoko dira:

– Ea eskatzaileak eskatu eta, hala badagokio, lortu ote duen edozein administrazio publikok edo pribatuk emandako helburu bereko diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako baliabiderik.

– Ea eskatzailea ba ote dagoen beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren batean.

– Ea eskatzaileak zigor eta administrazioaren arloan laguntza publikoak ez jasotzeko zigorra izan duen edo laguntzak jasotzeko ezgaitzen duten legezko debekuetan sartuta dagoen.

5.– Eskaerak aurkezteko epeak.

Hilabetekoa izango da eskaerak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

6.– Eskabide-orriak eta bestelako agiriak ondorengo posta helbidera bidaliko dira:

Eusko Jaurlaritza

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila.

Zientzia Politikarako Zuzendaritza

Erreferentzia: Doktoretza-aurreko Egonaldiak.

Donostia kalea, 1

01010 Vitoria-Gasteiz.

Eskaera toki hauetan ere aurkeztu ahal izango da, baita informazioa eskatu ere: Zuzenean herritarrei arreta emateko bulegoetan: Bizkaia (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao), Gipuzkoa (Andia 13, 20003 Donostia), eta Araba (Ramiro Maeztu 10, behea, 01008 Vitoria-Gasteiz). Telefono bidezko arreta 012 zenbakira deituz eskuratu ahal da.

Ikertzaile nagusia Euskal Herriko Unibertsitatekoa izanez gero, erregistro-bulego hauetan formalizatu ahal izango da eskaera:

– Arabako 01 erregistro-bulegoa (Arabako Campuseko Errektoreordetza, Izardui komandantea 2, 01005 Vitoria-Gasteiz)

– Gipuzkoako 02 erregistro-bulegoa (Ignacio Mª Barriola gelategia, Elhuyar plaza 1, 20018 Donostia)

– Bizkaiko 03 erregistro-bulegoa (Errektoretza, Sarriena z.g., 48940 Leioa)

– Bizkaiko 84 erregistro-bulegoa (Larrako Etxea, Agirre Lehendakariaren etorbidea 83, 48015 Bilbao).

Nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazioaren Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritakoa aplikatuko da. Eskabideak apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duenak– aipatzen dituen lekuetan ere aurkeztu ahal izango dira deialdian eskabideak aurkezteko adierazten den epean.

Eskariak posta-bulegoetan aurkezten badira, gutun-azal itxian eramango dira. Horrela, eskariaren goiko aldean adierazi ahal izango da zer egunetan eta ordutan onartu diren postetxean.

7.– Eskatutako dokumentazioa.

Eskabideari honako agiri hauek erantsi behar zaizkio, aplikazioaren bidez aurkeztuta:

a) Egonaldiaren helburua deskribatzeko txostena (bi orrikoa goitik jota).

b) Zentro hartzailearen jatorrizko gutuna, non egiaztatzen baita bisitaldia onartzen dela eskatutako egunetan.

c) Egiteko den egonaldiarekiko adostasuna adierazten duen agiria, tesiaren zuzendariak edo eskatzailea atxikita dagoen saileko zuzendariak izenpetua. Aplikazioak agiri horren txantiloi bat du.

8. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Dirulaguntza-eskabidea guztiz betetzen ez bada edo arauzko agiriak aurkezten ez badira, 10 eguneko epean hutsak bete ditzala edo arauzko agiriak aurkez ditzala eskatuko dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzak unibertsitate eskatzailearen legezko ordezkariari; orobat ohartaraziko dio, hala egin ezean, bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).

Zuzenketak egiteko errekerimenduak 12. artikuluko bigarren atalean ezarritako prozedura betez jakinaraziko dira.

9. artikulua.– Laguntza kudeatzeko organoa.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagozkio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak.

10. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa eta asegurua.

1.– Mantenu-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa eguneko 25 eurokoa izango da.

2.– Bidaia norbere ibilgailuan egin ahal izango da. Bidaia-gastuetarako laguntzaren zenbatekoa finkatzeko, honako taula honi begiratuko zaio:

(Ikus .PDF)

Bidaia egiteko bisatua izapidetu behar izanez gero, 200 euroko diru-osagarri bat emango da.

Bidaia-gastuetarako laguntzak ez du toki-garraiorik hartuko barruan.

3.– Zientzia Politikarako Zuzendaritzak esleitu eta gero, justifikatuta dauden kasuetan, aldaketak onartu ahal ditu egonaldien ezaugarrietan; dena den, horrek ez du eragingo onartutako gastua handitzea.

4.– Zientzia Politikarako Zuzendaritzak baimenduta, atzerrian egiten diren egonaldietarako istripu eta osasun-laguntza asegurua kontratatuko da. Interesatuaren ezkontidea eta 25 urte baino gutxiagoko seme-alabak atzerrira badoaz onuradunarekin eta onuradunak eskatuta, aseguru hori eurentzat ere luzatu ahal izango da. Aseguru hori antolamendu juridikoak edozein frogagirien bitartez onartutako izatezko bikoteentzat ere baliagarria izango da.

11. artikulua.– Laguntzen bateraezintasuna.

Diru-laguntza hauek bateraezinak dira helburu bera duten beste diru-laguntza batzuekin, salbu doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoretza-aurreko programako laguntza bera.

12. artikulua.– Ebaluazioa eta hautaketa.

1.– Eskaerak hautaketa-batzorde batek ebaluatuko ditu. Batzorde horrek honako kide hauek izango ditu: Zientzia Politikarako zuzendaria, batzordeburu izango dena; Unibertsitateetako zuzendaria; eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari-lanak egingo dituena. Batzordeak Unibertsitateetako sailburuordeari igorriko dio eskatutako laguntza baiesteko edo ezesteko proposamena.

2.– Eskariak honako irizpide eta puntuazio hauen arabera ebaluatuko dira:

a) Lehenengo berritzeko eskatzaileek puntu bat; bigarrenekoek hiru puntu; eta hirugarrenekoek bost puntu.

b) Lehenago laguntzarik jaso ez duten eskatzaileek bi puntu; gainerakoek puntu bat.

13. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

Agindu honetan jasotako laguntzak lehiaketa bidez ebatziko dira. Horretarako, aurkeztu eta onartu diren eskariak alderatuko dira, haien artean halako hurrenkera bat ezartzeko, 10. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideei jarraikiz. Agindu honetako 2. artikuluan aipatutako aurrekontu-kreditua agortu arte baloraziorik handiena lortu dutenak baino ez dira esleituko.

Berdinketak eskaerak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbakiaren arabera hautsiko dira, Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabidean agertuko da.

14. artikulua.– Ebazpena.

1.– Zientzia Politikarako zuzendariaren ebazpenaren bidez esleituko dira agindu honetan araututako laguntzak; eskabideak aurkeztean hasitako espedienteak betetakoan emango da ebazpena, deialdia EHAAn argitaratu eta sei hileko epean.

2.– Ebazpena, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net (unibertsitate eta ikerketa) webgunean argitara emango da.

Eusko Jaurlaritzaren atari elektronikoan ediktu bat txertatuz ere emango da jakitera, baina epeak zenbatzeko orduan, http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net webgunean egiten den jakinarazpenak baizik ez du baliorik izango.

3.– Agindu honetako 2. Idatzi-zatiari kalterik eragin gabe, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak interesdunei bidali ahal izango dizkie kaleratutako argitalpenen abisuak, SMS edo mezu elektronikoen bidez. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango.

4.– Lehenengo idatzi-zatian ezarritako epean berariazko ebazpenik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskariak ezetsiak izan direla.

5.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazten den egunetik aurrera.

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako diru-laguntzen barruan diru-laguntzak itzultzeko edo zehatzeko edozein prozedura tramitatzen ari bada, prozedura hori bukatu egin beharko da diru-laguntza eman eta ordaintzeko.

7.– Aurrekontu-ekitaldiaren amaieran, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira onuradunen zerrenda eta emandako laguntzak.

15. artikulua.– Onuradunen betekizunak.

Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako diru-laguntzak jasotzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Hain zuzen ere, diru-laguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak ez badio berariaz eta idatziz uko egiten, onartu egin duela pentsatuko da.

b) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Kontrol Ekonomiko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan dihardutela deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen duten informazioa eman behar diete.

d) Helburu bererako lortu den beste edozein laguntza deklaratzea.

e) Egonaldia amaitu ondorengo hamabost eguneko epean, ondorengo artikuluan zehazten diren agiriak bidali beharko dituzte Zientzia Politikarako Zuzendaritzara.

16. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Laguntza hauen ordainketa behin batez egingo da, ebazpena eman eta gero betiere, eta onuradunak onartzeko epea betetakoan. Gainera, eta ahal izanez gero betiere, egonaldia hasi baino lehenago ordainduko da.

2.– Egonaldia amaitu ondorengo hamabost eguneko epean, onuradunek honako agiri hauek bidali beharko dituzte Zientzia Politikarako Zuzendaritzara:

a) Burutu den egonaldiari buruzko ziurtagiria, lankide izandako ikertzaile arduradunak eta zentroko legezko arduradunak izenpetutakoa. Egonaldiaren hasiera- eta amaiera-egunak aipatu beharko dira bertan.

b) Egindako lanaren memoria zientifiko-teknikoa, diru-laguntzaren baldintzak bete direla justifikatzen duena, eta egindako jarduerak eta jasotako emaitzak zehazten dituena.

c) Bidaiaren kostua eta bisatua izapidetzeak dakarren kostuen memoria ekonomikoa, honako dokumentuekin batera:

– Garraio publikoan egindako bidaien jatorrizko txartelak eta fakturak.

– Bisatua tramitatzean egindako tasa-gastuen eta garraio publikoan egindako joan-etorrien jatorrizko txartelak eta fakturak.

Bidaian norberaren garraiobideak erabiliz gero, justifikatutako kilometroak kilometroko 0,29 eurotan ordainduko dira.

3.– Egonaldia esleitutakoa baino txikiagoa bada, mantenurako emandakoaren zati proportzionala –egin gabeko aldiari dagokiona– itzuli beharko du onuradunak, betiere indarrean den legediarekin bat etorriz.

4.– Bidaia-gastuetarako emandako laguntza bidaiaren benetako kostua baino handiagoa gertatzen bada, onuradunak itzuli egin beharko du benetako kostuaz gainekoa.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

Egonaldia ezin bada egin edo justifikatu, emandako laguntza osoa itzuli beharko du onuradunak eta baita aplikagarriak izan daitezkeen legezko interesak ere. Izan ere, hori xedatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorraren pentzutan ordaindu beharreko diru-laguntzen berme eta itzulerei buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 7ko EHAA).

18. artikulua.– Emandako diru-laguntza aldatzeko, eta, beharrezkoa bada, beka jasotzeko eskubidea galtzeari buruzko adierazpena egitea eta beka itzultzeko prozedura.

Prozedura honi jarraituko zaio agindu honetan xedatutakoak betetzen ez direnean eta 14. artikuluaren 3. eta 4. ataletan adierazten diren kasuetan:

a) Prozedura hasi eta ebazteko ardura Zientzia Politikarako zuzendariarena izango da.

b) Unibertsitate eta Ikerketako zuzendariak prozedura hasi dela eta zergatik hasi den adieraziko dio interesdunari, eta egutegiko 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotako alegazioak aurkez ditzan. Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.

c) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro bada alegaziorik jaso gabe, amaiera emango zaio prozedurari, Zientzia Politikarako zuzendariaren ebazpen bidez.

Prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea, gehienez ere, hamabi hilabetekoa izango da, prozedura hasteko erabakia hartzen den egunetik aurrera.

Ebazpenak baiesten badu arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela deklaratuko du, eta, behar izanez gero, bekadunari adieraziko dio EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola jasotako kopuruak eta laguntza ordaindu zenetik sortutako legezko interesak, eta itzultzeko epea bi hilabetekoa izango dela, ebazpena jakinarazten zaionetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

d) Borondatezko epean laguntza itzultzen ez bada, horren berri emango zaio Ekonomia eta Ogasun Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoa kontuan hartuta jarduteko.

19. artikulua.– Datu pertsonalak.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren 3. zenbakidun fitxategian, «Bekadunentzako diru-laguntzak» izenekoan, jasoko dira , eta deialdian parte hartzen duten pertsonek berariaz ematen dute datu horiek tratatzeko eta argitaratzeko baimena. Fitxategi hori arau honen xedapen-esparruan sartzeko da: 2010eko urriaren 4ko agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituena (azaroaren 5eko EHAA, 213. zenbakia).

Zientzia Politikarako Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datuak aurkaratu, kontsultatu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Zientzia Politikarako Zuzendaritzan erabili ahal izango dira. Horretarako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzara jo beharra dago (Donostia kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta nahikoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014. urteko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko azaroaren 26a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala