Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

227. zk., 2013ko azaroaren 28a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
OSASUN SAILA
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
5172

446/2013 DEKRETUA, azaroaren 19koa, «Innobasque» Berrikuntzaren Euskal Agentzia elkartea herri-onurakoa dela aitortzeko dena.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen bultzatzen badituzte.

Lege horren babesean, «Innobasque» Berrikuntzaren Euskal Agentziak aitorpen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez herri-onurako erakundea dela aitortzea merezi duelako, gizarte-bazterketaren aurka egiten duen lanagatik.

Elkarte eskatzailea 1998ko apirilaren 3an eratu zen, eta inskribatu Justizia, Ekonomia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Azterlan eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzaren 1998ko urriaren 20ko Ebazpenaren bidez.

Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago (erregistro-zenbakia: AS/B/07621/1998).

Bere funtzioak, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan burutzen ditu.

Eratu zenetik, «Innobasque» Berrikuntzaren Euskal Agentziak bere helburu nagusia lortzeko beharrezko jarduerak gauzatzen ditu; helburu hori honako hauxe da: Euskal Autonomia Erkidegoa alor guztietan gizarte berritzailea izateko eraldatze-prozesua zuzentzea, Europan erreferentzia izatera iritsi dadin. Horretarako, hiru estrategia-lerro hauetan hartzen du parte: alor publikoa eta pribatuaren arteko elkartasuna sustatzekoa, ingurunearekin bat egitekoa eta Euskadi eraginkor bat lortzeko konpromisoa hartzekoa; betiere berrikuntzaren gizarteratzea zehar-ardatz gisa hartuta.

Gizarteak benetan interes orokorrekotzat jotzen ditu jarduera horiek guztiak.

Aipatu 7/2007 Legearen 45.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Jaurlaritzaren Kontseiluak dekretu bidez aitortuko du elkartea herri-onurakoa dela. Dekretu-proposamena gaiaren arabera kasuan kasuko sailek, eta, betiere, justiziaren arloan eskuduna den sailak egingo dute, eta azken sail horrek izapidetuko du prozedura eta ebatziko bertan sor daitezkeen auziak. Agindu hori betez, espedientea instruitu da, eta, ondoren, dagokien sailei eta erakundeei eskatutako txostenak erantsi zaizkio. Txosten horietan, «Innobasque» Berrikuntzaren Euskal Agentzia elkartea herri-onurakoa dela aitortzearen alde agertzen dira sail eta erakunde horiek.

Ondorioz, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak, Osasuneko sailburuak eta Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak egindako proposamenez, interesaturik dauden erakunde eta entitateek emandako txostenak ikusi ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko azaroaren 19an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– «Innobasque» Berrikuntzaren Euskal Agentzia Elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/B/07621/1998 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, herri-onurakoa dela aitortzea, bere jardueraren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita.

Horrekin batera, deklarazio horri dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legeko 43. artikuluan jasota daudenak.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko azaroaren 19an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.


Azterketa dokumentala