Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

223. zk., 2013ko azaroaren 22a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
5083

AGINDUA, 2013ko azaroaren 13koa, Ekonomiaren Garapenaren eta Lehiakortasuneko sailburuarena, nekazari gazteak instalatzeko laguntza nazional osagarriaren guztizko zenbatekoa argitara emateko dena.

Nekazaritzarako egiturazko eta ingurumeneko laguntzei buruzko uztailaren 8ko 133/2008 Dekretuaren xedea da nekazaritzako sektorean lehiakortasuna areagotzeko eta nekazaritza eta ingurumeneko neurriak hartzeko laguntzen esparru-arautegia ezartzea, irailaren 20ko 1698/2005 (EE) Arautegian xedatutakoaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapeneko Programaren arabera.

2. artikuluan zehaztutako laguntza horien barruan dira nekazari gazteak instalatzeko laguntza espezifikoak. Nekazari gazteak instalatzeko laguntza mota bi daude, 133/2008 Dekretuko 9. artikuluan jasotakoa eta 10. artikuluan jasotako laguntza estatal osagarria. 9. artikuluan aurreikusitako betekizun, irizpide eta prozedurarekin bat eman daiteke 10. artikuluko laguntza. EAEko Aurrekontu Orokorretan ezarritako aurrekontu-kredituetatik datoz laguntza estatal osagarri horrentzako baliabide ekonomikoak. Hala ere, Laguntzak emateko prozedura berdina izango da laguntza mota bientzako, eta Nekazari Gazteentzako Bulegoaren eta Nekazari Gazteak Koordinatzeko Zerbitzuaren bitartez kudeatu dira halako laguntzak.

Halaber, 27. artikuluan xedatzen denez, Nekazari Gazteentzako Bulegoaren ardura duen foru organoan aurkeztu beharko dira laguntza mota bi horiek; betiere, foru aldundiek zehaztutako epean, lekuan eta eran; eta nekazaritza arloan eskumenak dituen sailburuaren agindu bidez, aipatu dekretuko 10. arabera aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren barruan emango diren laguntzen guztizko zenbatekoa argitara emango da; laguntza horiek, EAEko Aurrekontu Orokorren kargura izango dira.

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Agindu honen xedea hauxe da: uztailaren 8ko 133/2008 Dekretuko 10. artikuluan aurreikusitako laguntzaren, hau da, nekazari gazteak instalatzeko laguntza nazional osagarriaren guztizko zenbatekoa argitara ematea.

Bigarrena.– Nekazari gazteak instalatzeko laguntza nazional osagarrirako erabiliko diren diru baliabideek 330.000 euroko zenbatekoa egiten dute; eta horietarik 220.000 euro 2013ko ekitaldiko kredituen kargura izango dira, eta 110.000 euro 2014ko ekitaldiko konpromiso-kredituaren kargura.

Horretarako, eskatutako laguntzen guztizkoa kontuan izanik, aldatu ahal izango da ebazte-zati honetan kontsignatutako guztizko zenbatekoa; betiere, batetik, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailean agortu gabeko aurrekontu-baliabideen arabera, eta, bestetik, laguntzak ebatzi baino lehen. Halakorik gertatuz gero, horren berri emango du Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak.

Hirugarrena.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta biharamunean hasiko da epea.

Laugarrena.– Sinatzen den egunean sortuko ditu eraginak agindu honek, baina horrek ez du eragotziko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko azaroaren 13a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala