Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2013ko azaroaren 15a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4968

AGINDUA, 2013ko urriaren 22koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeentzako eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoentzako ekipamenduak erosteko diru-laguntzetarako 2013ko ekitaldiko deialdia egiten duena.

Lanbide Heziketa ahalegin handia egiten ari da Europan, Estatuan eta Euskal Autonomia Erkidegoan bere araudia, curriculuma, giza baliabideak eta baliabide materialak produkzio-sistemak ezartzen dizkion prestakuntza-eskaeretara egokitzeko.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko 5/2002 Lege Organikoak lanbide-heziketako eskaintzen sistema integratu bat aurreikusten du: hezkuntza-sistemako hasierako lanbide heziketa eta lan-sistemako enplegurako lanbide-heziketa. Legeak lanbide-kualifikazioen katalogo bat ezartzen du sistema integratuaren ardatz instituzional gisa, baita prestakuntzako baliabideak optimizatzera, ikaskuntzako emaitzak hobetzera eta, azken batean, biztanleria aktiboaren kualifikazio-maila gorena lortzera bideratutako eskumen profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura bat ere.

Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoa (HLO) eta Ekonomia Jasangarriari buruzko 2/2011 Legea garatzeko, 1147/2011 Errege Dekretuak hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren ordenazio orokor berria ezartzen du. Agindu honen ondorioetarako, erdi mailako eta goi-mailako prestakuntza zikloez gain, hasierako lanbide-kualifikazio programetako berariazko lanbide-moduluak hartzen ditu ordenazio berri horrek.

Agindu honek diru-laguntzetarako deialdia arautzen du, hain zuzen ere LOGSE heziketa zikloak –1990eko urriaren 3ko Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko 1/1990 Lege Organikoaren menpean garatutakoak– eta LOE heziketa-zikloak emateko beharrezkoa den ekipamendua erosteko. Deialdiaren hartzaileak 2012-2013 ikasturtean Lanbide Heziketako ikasketak eskaintzen dituzten itunpeko ikastetxeak eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoak dira, betiere egungo Lanbide Heziketako Euskal Planean eta Lanbide Heziketako Euskadi 2015 Agenda Estrategikoan ezarritakoarekin bat etorriz.

Horiek horrela, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintza Dekretuak VI. tituluan (Eusko Jaurlaritzak ematen dituen laguntzak eta diru-laguntzak arautzen ditu) xedatutakoarekin bat etorriz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Agindu honen xedea da lanbide heziketako LOGSE eta LOE heziketa-zikloak emateko beharrezkoa den ekipamendua erosteko diru-laguntzetarako deialdia egitea.

2. artikulua.– Ikastetxe onuradunak.

Diru-laguntzetarako agindu honen onuradun izango dira 2012-2013 ikasturtean industria-sektoreko lanbide heziketako heziketa-zikloak itunduta edo hitzartuta dituzten itunpeko ikastetxeak eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoak.

Alde horretatik, industria-sektoreko zikloak izango dira agindu honen I. eranskinean halakotzat jotzen direnak.

3. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko ekintzak.

1.– Diruz lagunduko da lanbide heziketako heziketa-zikloak emateko beharrezkoa den ekipamenduaren erosketa.

2.– Agindu honen bidez diruz lagundutako ekipamendu-erosketa hori 2013ko ekitaldian gauzatu beharko da.

4. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Agindu honetako laguntzen zenbatekoa, guztira, seiehun eta laurogeita hamar mila (690.000) euro izango da.

Artikulu honetan adierazitako zenbatekoa areagotu ahal izango da, eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan harturik, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean beste laguntza-programa batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratu badira, betiere dirulaguntzak ebatzi aurretik. Horrelakoetan, Lanbide Heziketako sailburuordearen ebazpen bidez emango da horren berri.

5. artikulua.– Eskakizunak.

Diru-laguntzak jaso ahal izateko, eskakizun hauek bete beharko dituzte ikastetxe onuradunek:

1.– Diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

2.– Gizarte Segurantzako betebeharrak eta zergak ordainduta eduki beharko dituzte.

3.– Diru-laguntzak eta laguntzak onuradunei esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek eman dituzten eta izaera berekoak diren laguntza edo diru-laguntzengatik hasi eta oraindik ere izapidetzen ari den prozedura oro.

6. artikulua.– Balioespen-batzordea.

1.– Heziketako eta Ikaskuntza Zuzendaritza izango da diru-laguntzak emateko prozedura honetako organo instrukziogilea.

2.– Balioespen-batzorde batek aplikatuko ditu agindu honen 7., 8., 9. eta 10. artikuluetan jasotzen diren balioespen-irizpideak. Honako hauek izango dira batzorde horretako kideak:

a) Heziketako eta Ikaskuntzako zuzendaria; lehendakaria izango da.

b) Lanbide Heziketako Zerbitzuaren arduraduna.

c) Lurralde-ordezkaritza bakoitzeko Lanbide Heziketako Zerbitzuko teknikari bat.

d) Heziketako eta Ikaskuntza Zuzendaritzako teknikari bat; idazkari izango da; iritzia ematerik izango du, baina botorik ez.

7. artikulua.– Laguntzak ematea eta eskabideak balioestea.

1.– Diru-laguntza emango zaie laguntza eskatu eta eskakizunak betetzen dituzten erakundeei.

2.– Laguntzaren zenbatekoa hautaketa- eta balioespen-irizpideen eta 8., 9. eta 10. artikuluetan zehazten diren zenbatekoen araberakoa izango da.

8. artikulua.– Balioespen-irizpideak.

Hona hemen diru-laguntza hauek emateko balioespen-irizpideak:

1.– 2012-2013 ikasturtean eman diren heziketa-zikloen kopurua –Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin itunduak edo hitzartuak–, eta ikasturte berean eman den hasierako lanbide prestakuntza-programen kopurua –itunduak edo hitzartuak–: % 35eko balio haztatua.

2.– Aurreko paragrafoan aipatutako heziketa-zikloetan eta hasierako lanbide prestakuntza-programetan 2012-2013 ikasturtean matrikulatutako ikasleen kopurua: % 12ko balio haztatua.

3.– Hobekuntza-sistemen ziurtagiriak: % 14ko balio haztatua.

4.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzak sustatutako berrikuntza-jardueretan 2009-2010, 2010-2011, 2011-2012 eta 2012-2013 ikasturteetan parte hartu izana: % 19ko balio haztatua.

5.– Lanerako Lanbide Heziketan parte hartu izana: % 20ko balio haztatua.

9. artikulua.– Laguntzak zehaztea.

1.– Agindu honetako 8.1 paragrafoa honela balioetsiko da:

a) Heziketa-ziklo bakoitzari koefiziente bat emango zaio, aintzat hartuta zein taldetan dagoen sartuta «II. eranskina – Heziketa-zikloen ekipamendu-taldeak» dokumentuan. Aplikatu beharreko koefizienteak, talde bakoitzari dagozkionak, taula honetan daude ezarrita:

(Ikus .PDF)

2012-2013 ikasturtean LOE tituluei lotutako heziketa-zikloek ordeztu dituzten LOGSE tituluei lotutako heziketa-zikloak, paragrafo honetako heziketa-zikloen kopurua kalkulatzeari dagokionez, ziklo bera direla joko da.

Hasierako lanbide-prestakuntzako programei atal honetan deskribatutako taula bera aplikatuko zaie, betiere «III. eranskina – Hasierako lanbide-prestakuntzako programen ekipamendu-taldeak» eranskinean ezarritakoari jarraituz, baina koefizientea erdira murriztuko da. Hau da, ikastetxeek eskaintzen dituzten hasierako lanbide-prestakuntzako programei emango zaien balioespena lanbide-heziketako heziketa-zikloei ematen zaienaren erdia izango da.

Heziketa-zikloen koefizienteak eta hasierako lanbide prestakuntza-programen koefizienteen erdiak batuta kopuru handiena lortzen duen ikastetxeak eskuratuko du adierazitako balioespenik handiena, eta gainerakoak proportzio sinple baten bidez haztatuko dira.

2.– Agindu honetako 8.2 paragrafoa honela balioetsiko da:

Aurreko paragrafoan aipatutako lanbide heziketako heziketa-zikloetan 2012-2013 ikasturtean matrikulatutako ikasleak zenbatuko dira. Kopuru horri gehituko zaizkio lanbide heziketako ikastetxeek emandako hasierako lanbide-prestakuntzako programetan matrikulatutako ikasleen erdiak.

Aurreko paragrafoko batuketatik kopuru handiena lortzen duen ikastetxeari emango zaio adierazitako balioespenik handiena, eta gainerakoak proportzio sinple baten bidez balioetsiko dira.

3.– Hobekuntza-sistemen ziurtagirien balioespena –agindu honen 8.3 paragrafoan adierazitakoa– honela egingo da:

a) ISO 9001 ziurtagiria, kalitatearen kudeaketari buruzkoa: % 3ko balio haztatua.

b) EFQM ziurtagiriari % 5eko balio haztatua emango zaio, puntuazioa 500ekoa edo goragokoa bada, eta % 4koa, puntuazioa 400etik 500era artekoa bada.

c) ISO 14001 ziurtagiria, ingurumenaren kudeaketari buruzkoa: % 3ko balio haztatua. ISO 14001 ziurtagiria izan ezean, Ekoscan ziurtagiriak % 1eko balio haztatua izango du.

d) OHSAS 18001 ziurtagiria, laneko osasun eta segurtasunari buruzkoa: % 3ko balio haztatua.

4.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzak sustatutako berrikuntza-jardueretan, 8.4 paragrafoan aipatutakoetan, parte hartu izana honela balioetsiko da:

a) Urratsbat ekintzailetzako proiektuetan edo Ikasenpresa programa ezartzen parte hartu izana: % 3ko balio haztatua. Proiektu horietan parte hartu izana agiri bidez ziurtatuko da; Lanbide Heziketako Zuzendaritzaren menpeko organismoren baten bidez egindakoak, ordea, ofizioz ziurtatuko dira.

b) Lanbide Heziketako Sailburuordetzak sustatutako proiektuetan –ikaskuntzako metodologia aktiboei buruzkoetan– parte hartzea: % 8ko balio haztatua. Metodologia hauek erabili beharko dira:

– Metodologia aktiboak, arazoen bidezko ikaskuntzan oinarrituak –PBL motakoak edo antzekoak.

– Metodologia operatiboak, proiektuetan oinarrituak.

– Lankidetzazko ikaskuntzan oinarritutako metodologiak.

Lanbide Heziketako Sailburuordetzak ziurtatuko du, ofizioz, proiektu horietan parte hartu izana. Sailburuordetzak ezin badu ziurtapen hori eman, baina ikastetxeak metodologia hori gauzatu baldin badu, horren berri eman beharko du IV. eranskinean (Ekipamenduari buruzko memoria), eta hala agertu beharko da deskribatuta aurreko urteko deialdian (2012ko abuztuaren 28ko deialdia, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena –abuztuaren 31ko EHAA–, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten ikastetxe pribatuei eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoei diru-laguntzetarako deia egiten diena, 2012-2013 ikasturtean atzerriko hizkuntza indartzeko ikastaroak eta jarduera osagarriak egin ditzaten); izan ere, pertsona berak dira 2012ko agindu horren eta 2013ko agindu honen onuradun. Bestela, aurreko urteetako jarduera-deialdietan deskribatuta azaldu beharko da, hau da, 2009ko irailaren 23ko EHAAn, 2010eko irailaren 17ko EHAAn eta 2011ko irailaren 21eko EHAAn argitaratutakoetan. Azken hiru horien kasuan, Hezkuntza Jardueren Dokumentuan azaldu behar du.

c) Lanbide Heziketako Sailburuordetzak sustatutako berrikuntza-proiektuetan parte hartu izana: % 8ko balio haztatua. Proiektu horietan parte hartu izana Sailburuordetzak ziurtatuko du, ofizioz.

Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren menpeko organismoren batek ziurtatu ahal izango du sailburuordetza horrek sustatutako proiekturen batean parte hartu izana, beti ere organismo horrek prestatu eta kontrolatu baditu proiektuok.

5.– Lanerako lanbide heziketako eskaintzan izandako parte-hartzea –agindu honetako 8.5 paragrafoan adierazitakoa– balioesteko, ikastetxeak 2012. urtean emandako eta bukatutako ikastaroak baino ez dira aintzat hartuko, honako irizpide hauen arabera:

a) Batu egingo dira Lanbidek ziurtatutako orduak eta Hobetuzek Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren 2011ko eta 2012ko deialdien bitartez emandakoak. Bi deialdiok EAEko langileei prestakuntzarako diru-laguntzak emateko dira, eta, hurrenez hurren, 2011ko abuztuaren 4ko EHAAn eta 2012ko maiatzaren 8ko EHAAn argitaratu ziren.

b) 2012. urtean emandako eta amaitutako ikastaroen ordu-kopuru handiena lortu duen ikastetxeari emango zaio lehenago adierazitako balioespenik handiena, eta gainerakoak proportzio sinple baten bidez balioetsiko dira.

10. artikulua.– Laguntzen banaketa.

Onuradun bakoitzari zenbateko diru-laguntza emango zaion kalkulatzeko, hau izango da irizpidea: agindu honetako 4. artikuluan ezarri den aurrekontu-hornidura ikastetxe bakoitzak lortu duen puntuazioaren arabera banatuko da, zuzeneko proportzioaren arabera. Zenbateko hori ez da inoiz izango ikastetxeak eskatutakoa baino handiagoa.

11. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskabideak Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan aurkeztuko dira (ikastetxea zein lurralde historikotan kokatuta dagoen, hango ordezkaritzan), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen den organoren batean. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eta eskabide normalizatu bidez aurkeztuko dira, atal guztiak behar bezala beteta.

Bide elektronikoa erabiliz ere aurkeztu ahalko dira eskabideak, euskadi.net egoitza elektronikoan sartuta.

Ekipamenduari dagokionez erantsi behar diren eskabidea eta agiri-ereduak euskadi.net helbidean daude.

2.– Ikastetxe interesdunek bitarteko elektronikoak erabili ahalko dituzte prozedura honen izapideak eskatu, kontsultatu eta burutzeko.

3.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, eta Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute Izapidetze elektronikoa.

4.– Eskaerak eta erantzukizunpeko adierazpenak izapidetzeko azalpenak eta gainerako ereduak artikulu honen 1. puntuan aipatu helbide elektronikoetan daude eskuragarri.

5.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

6.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:

a) «IV. eranskina – Ekipamenduari buruzko memoria» 3. artikuluan aipatzen dena.

b) Eskatzailearen –pertsonaren edo erakundearen– erantzukizunpeko adierazpena, betebehar hauek egiaztatzekoa:

– Halako administrazio edo erakunde publiko zein pribaturi eskatu izana eta, kasua balitz, haiengandik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabideak.

– Diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

– Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

7.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua aplikatuz, izapidetze elektronikoaren bitartez laguntzak eskatu dituen pertsonak edo erakundeak zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egon behar duela dioen baldintza betetzen duela organo kudeatzaileak egiaztatuko du automatikoki. Horretarako, ez da beharko erakunde eskatzailearen oniritzirik.

Izapideak aurrez aurre egin nahi dituztenek Gizarte Segurantzako betebeharrak eta zergak ordainduta dituztela egiaztatu beharko dute, hezkuntza-itunen erregelamendua onartzeko 293/1987 Dekretuaren hirugarren xedapen iragankorrean eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailak horretarako bereziki ezarritako araudian ezarritakoaren arabera.

2013-2014 ikasturtean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin itundutako edo hitzartutako ikastetxeek ez dute egiaztatu beharrik izango Gizarte Segurantzako betebeharrak eta zergak ordainduta dituztela; izan ere, izapide hori sail horren Hezkuntza Itunen eta Ordainketa Eskuordetuaren zerbitzuaren bidez egin behar dute.

8.– Aurkeztu den eskabidean akatsen bat edo okerren bat dagoela ikusten bada, 10 eguneko epea emango zaio ikastetxe interesdunari akatsa zuzen dezan edo behar diren agiriak ekar ditzan. Hala egin ezean, eta 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritakoaren araberako ebazpena eman ondoren, bere eskaeran atzera egin duela joko da (azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

12. artikulua.– Ebazpen-proposamena.

Balioespen-batzordeak ebazpen-proposamena egingo dio Lanbide Heziketako sailburuordeari, eta, hartan, 13.1 artikuluan adierazten diren datuak jasoko dira.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Lanbide Heziketako sailburuordeak ebatziko du deialdia, eta EHAAn argitaratutako iragarki baten bidez jakinaraziko zaie ikastetxe interesdunei, erakunde onuradunak eta emandako zenbatekoa zehaztuta. Horrekin batera, onartu ez diren eskabideak eta diru-laguntza ukatu zaienak zehaztuko dira ebazpenean, hartarako arrazoiak emanda.

2.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskaerei buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko, gehienez ere sei hilabete izango dira, agindua argitaratu ondorengo egunetik aurrera. Epe horretan berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan araututakoaren arabera.

14. artikulua.– Justifikazioa.

Ekipamenduari buruzko diru-laguntza hauek justifikatzeko, «V. eranskina – Diruz lagundutako ekipamenduaren justifikazioa» dokumentua bete beharko da, 13. artikuluan adierazitako jakinarazpena jaso ondorengo 2 hilabeteetan. Dokumentu horrekin batera, agindu honetako 3. artikuluan adierazitako epeari dagozkion fakturak aurkeztu behar dira.

Justifikazio horiek aurrez aurre edo elektronikoki aurkeztu ahal izango dira https://www.euskadi.net/nirekudeaketak web-gunean.

15. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.

Ematen diren diru-laguntzen ordainketa aldi bakarrean egingo da, agindu honen 3 artikuluan adierazitako inbertsioei dagozkien diru-laguntzak justifikatu ostean. Justifikazioa, hain zuzen ere, agindu honen 3.2 artikuluan adierazitako aldiari dagozkion fakturen kopia konpultsatuen bidez egingo da.

16 artikulua.– Baldintzak ez betetzea eta itzulketa-prozedura.

1.– Laguntzak ezeztatu egingo dira baldin eta ikastetxe onuradunek bete gabe uzten badituzte agindu honetan ezarritako baldintzak eta betekizunak, eta laguntzak ez badituzte erabiltzen aurkeztutako proiektuan zehaztutako helburuetarako. Hori dela-eta, diru-laguntzak benetan zertara bideratu diren egiaztatzeko eskumena izango du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak.

2.– Diru-laguntza ematerakoan kontuan izan ziren baldintzak betetzen ez badira, jasotako dirua eta horrek sortutako legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuliko zaizkio. Hala ezartzen dute Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoan diru-laguntzen bermeak eta itzulketak arautzen dituen 698/1991 Dekretuak.

3.– Lehen esandakoari kalterik egin gabe, diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzetan aldaketaren bat gertatzen bada, aldatu egin ahal izango da diru-laguntza emateko ebazpena ere, betiere agindu honetan onuradun izateko ezarritako baldintzak errespetatzen badira.

17. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

18. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Onartu egin beharko dute emandako diru-laguntza. Ildo horretarik, diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta 15 eguneko epean erakunde onuradunek berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko dute.

3.– Heziketako eta Ikaskuntza Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman beharko diete, beren jardunean ari direla deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.

4.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Heziketako eta Ikaskuntza Zuzendaritzari.

5.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Heziketako eta Ikaskuntza Zuzendaritzari.

19. artikulua.– Datuak babestea.

1.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapideak egiterakoan jasotako datu pertsonalak –parte-hartzaileek tratatzea eta argitaratzea baimendu dituztenak– «Diru-laguntzak eta laguntzak» izeneko fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Fitxategi honen arduraduna Heziketako eta Ikaskuntza Zuzendaritza da. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko edo datuen aurka egiteko eskubideak Heziketako eta Ikaskuntza Zuzendaritzan baliatu ahal izango dira. Hau da helbidea: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

2.– Deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Heziketako eta Ikaskuntza Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, hil biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honetan prozedurari buruz arautu gabe geratu diren alderdiei Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa aplikatuko zaie.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko urriaren 22a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala