
218. zk., 2013ko azaroaren 15a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (257 KB - 14 orri.)
- EPUB (285 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
4966
EBAZPENA, 2013ko azaroaren 12koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, Nazio Batuen erakundearen sistemako nazioarteko erakundeentzat eta erakunde horiei loturiko pertsona juridikoentzat laguntzak ematen dituena, 2013ko ekitaldian erakunde horiek herrialde txirotuetan burutzen dituzten garapen-proiektuetan parte hartzen duten lankide boluntarioei bekak emateko.
Euskal gizarteak nazioarteko elkartasunaren arloko hamaika ekimen sortzen ditu, giza garapen jasangarria sustatzea helburutzat hartuta. Ekimen horiek sarritan hemengo gazteen eskutik etortzen dira, ikuspegi desberdinak izan arren guztiak bat baitatoz uste dutelako munduaren gaur egungo antolamendua ez dela egon zitekeen bakarra, eta zenbait ekintza-molde sustatzen dituzte, instituzioetan beti oihartzunik izaten ez duten ekintzak. Horiek horrela, programa honen helburua hauxe da: mundu bidezkoago bat ezartzeko oinarriak jartzea. Horretarako, babesa eman behar zaio Nazio Batuen erakundearen sistemako nazioarteko erakundeek eta agentziek egiten duten lan garrantzitsuari, baldin eta giza garapen jasangarriaren arloan egiten duten lanaren printzipioak, helburuak eta lan-moldeak, giza eskubideen babesa eta zigorgabetasunaren borroka, eta gobernagarritasun demokratikoaren sustapena bat badatoz euskal gizartearen sentsibilitatearekin.
Lanbide gaitasun egokia duten EAEko gazte asko programa horretan txertatuz bideratu da laguntza hori azken urte hauetan, hain zuzen ere, Nazio Batuen sistemari atxikitako nazioarteko erakundeen baitan. Erakunde horiek parte hartzeak eta lankidetzarako nazioarte mailako sistema deszentralizatzeko prozesuak aukera ematen dute helburu bera duten agenteak koordinatzeko. Alde horretatik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak uste du lankidetzarako agenteen arteko koordinazioa beharrezkoa dela indarrak metatzeko.
Nazio Batuen sistemako nazioarteko erakundeei eta horiei atxikitako pertsona juridikoei esleitzen zaizkien laguntzak arautzen dituen otsailaren 13ko 22/2007 Dekretuaren 2. artikuluak xedatzen duenez, laguntzen deialdia urtero egingo da, garapen-lankidetzaren arloan eskumena duen sailburuaren aginduz, eta beti adierazi beharko da deialdi horretarako izendatutako zenbateko guztizkoa, hautagaitza bakoitzari dagokion oinarrizko dotazioaren gehienezko zenbatekoa eta luzapenetarako izendatutako zenbatekoa. Hautagaitzak aukeratzeko irizpide bakoitzak baloratuko dituen alderdiak zehaztu beharko ditu aginduak, horien ponderazioa, eskabideak aurkezteko lekua eta epea eta eskabide-eredua.
Deialdia egiteko eskumenari dagokionez, eta kontuan izanik zer dioen, batetik, EAEko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, eta bestetik, Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 187/2013 Dekretuak, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak egin behar du diru-laguntzen deialdi hau.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak du laguntza horiek eta emango diren ebazpenak kudeatzeko eskumena, hala xedatuta baitago, batetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 11.2 artikuluan, eta, bestetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa, funtzionamenduko erregelamendua onartzen duen martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuaren 11.1 artikuluan.
Deialdi honek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektorearen oniritzia jaso zuen, 2013ko urriaren 10eko bilkuran.
Bestalde, deialdi hau Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailarekin lankidetzan egin da, Plangintzako eta Enplegu Berrikuntzako Zuzendaritzaren bitartez.
Esandako guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Nazio Batuen sistemako nazioarteko erakundeentzako eta erakunde horiei atxikitako pertsona juridikoentzako laguntzetarako 2013ko ekitaldiko deialdia egitea da ebazpen honen helburua, hala xedatuta baitago Nazio Batuen sistemako nazioarteko erakundeei eta erakunde horiei atxikitako pertsona juridikoei ematen zaizkien laguntzak arautzen dituen otsailaren 13ko 22/2007 Dekretuan. Laguntza horiek lankide boluntarioei bekak emateko dira nazioarteko erakunde horiek herrialde txirotuetan burutzen dituzten garapen-proiektuetan parte har dezaten.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi honetako laguntzak finantzatzeko ezarritako dotazio ekonomikoa 240.000 eurokoa izango da.
2.– Luzapenetara zuzendutako zenbatekoa 192.000 eurokoa izango da. Nolanahi ere, luzapen horiek emateko beharrezkoa izango da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren 2014ko aurrekontuan kreditu egokia eta nahikoa izatea.
Luzapenetarako eskabideen kopurua dela-eta aipatu zenbatekoa agortzen bada, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak horren berri eman beharko du, luzapen gehiagorik onar ez dadin.
3.– Diru-kopuru horiek –deialdiarena eta luzapenena– aldatu ahal izango dira, eskatutako laguntzen kopuru osoa kontuan izanda, baldin eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak beste laguntza-programa batzuk burutu ondoren aurrekontuko diru-kopururik ahitu gabe geratzen bada, eta betiere diru-laguntzei buruz ebazpena eman aurretik. Hori gertatuz gero, EHAAn argitaratutako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariaren ebazpen bidez jakinaraziko da.
Edonola ere, luzapenei zuzendutako zenbatekoak ezingo du laguntza berriei zuzendutako zenbateko osoaren % 80 gainditu.
3. artikulua.– Diru-laguntza.
1.– Hautagaitza bakoitzaren oinarrizko diru-hornidura 15.000 eurokoa izango da.
2.– Herrialde hartzaileetako bizi-mailagatiko osagarria Garapenerako Nazio Batuen Programaren (GNBP) XXXko bidaisari-eskala kontuan harturik kalkulatuko da. Informazio hori www.elankidetza.euskadi.net Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren web orrian egongo da eta, horrez gain, Agentzia horretan eskatzen dutenei ere eskuratuko zaie informazioa. Dena dela, otsailaren 13ko 22/2007 Dekretuaren 3. artikuluaren arabera, osagarri horren zenbatekoak ezingo du gainditu hautagaitza bakoitzaren oinarrizko zenbatekoaren % 5, hau da, 750 euro.
3.– Lankide boluntarioak agentzia multilateralen eremuan jasotako prestakuntza espezifikoak –erakunde eskatzaileak antolatua edo emana denak– eragindako gastuek ezingo dute gainditu hautagaitza bakoitzari emandako laguntzaren oinarrizko zenbatekoaren % 2, hau da, 300 euro.
4.– Era berean, erakunde eskatzaileek hautagaitzen aurretiazko hautaketa eta beken jarraipena egiteko administrazio-lanek eragindako gastuek ezingo dute gainditu hautagaitza bakoitzari emandako laguntzaren oinarrizko zenbatekoaren % 1, hau da, 150 euro.
5.– Aurretik esandakoa gorabehera, otsailaren 13ko 22/2007 Dekretuaren 6.2 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, Agentziako Kontseilu Errektoreak proposatu ahal izango du, txosten arrazoitua jaso ondoren, 6. artikuluko 1. idatzi-zatian berariaz jasota ez dagoen beste edozein kontzeptu onartzea, erakunde eskatzailearen eskabidearen izaerak hala egitea aholkatzen badu.
4. artikulua.– Eskariak aurkeztea.
Eranskinean jasota dagoen eredu normalizatuari jarraikiz aurkeztuko dira eskabideak, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hilabeteko epean. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein bide erabiliz ere aurkeztu ahal izango dira, honako leku honetara zuzenduta:
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia
Nafarroa kalea 2
01007 Vitoria-Gasteiz
Eskabideak aurkezteko, otsailaren 13ko 22/2007 Dekretuan ezarritako baldintza guztiak osorik eta berariaz onartu beharko dira.
5. artikulua.– Hautagaitzak aukeratzeko irizpideak eta horien ponderazioak.
Hautagaitzak aukeratzeko irizpideak eta horien ponderazioak honako hauek izango dira:
1.– Nazioarteko Erakundeak adierazitako lanari egokitzen zaion lanbide-profila eta dagokion titulazio akademikoa: 20 puntu, gehienez.
a) 10 puntu: adierazitako lana betetzeko titulazio egokia duela egiaztatzen badu.
b) 10 puntu: lanak eskatzen duen profilerako gutxienez urtebeteko esperientzia duela egiaztatzen badu.
2.– Garapenerako lankidetzaren edo generoaren arloko prestakuntza espezifikoa: 20 puntu gehienez.
a) 15 puntu: master-ikastaroren bat edo antzekoren bat egin duela egiaztatzen badu.
b) 10 puntu: adituentzako ikastaroren bat edo antzekoren bat egin duela egiaztatzen badu.
c) 5 puntu gehienez: garapenerako lankidetzaren edo generoaren arloarekin loturiko ikastaro espezifikoak egin dituela egiaztatzen badu.
– 20 eta 40 ordu bitarteko ikastaroak: puntu 1, ikastaro bakoitzeko.
– 41 eta 60 ordu bitarteko ikastaroak: puntu 2, ikastaro bakoitzeko.
– 61 ordu edo gehiagoko ikastaroak: 4 puntu.
3.– Lankidearen lana txertatzen deneko programen edo proiektuen eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziatik bultzatzen den lankidetzaren arteko lotura sinergikoa: 20 puntu gehienez.
a) 20 puntu: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak lankidetza-hitzarmena sinatu dueneko nazioarteko erakunderen bateko bulegoetan garatzen bada zeregina.
b) 10 puntu: honako jarduera-sektore hauetan kokatzen diren programa edo proiektuetan txertatzen bada zeregina: lehentasunezko gizarte-premiak, herri-ekonomia, tokiko agintea, giza eskubideak eta kultura-nortasuna.
4.– Lankideak ekintza garatuko dueneko bulegoak eskatzen duen/dituen hizkuntza/k jakitea: 10 puntu gehienez.
a) 5 puntu: Hizkuntza Eskola Ofizialeko B1 mailaren baliokidea.
b) 8 puntu: Hizkuntza Eskola Ofizialeko B2 mailaren baliokidea.
c) 10 puntu: Hizkuntza Eskola Ofizialeko C1 mailaren baliokidea.
5.– Euskal Autonomia Erkidegoko izaera sozial eta humanitarioko erakunde edo programei aktiboki lotuta egotea: 20 puntu gehienez.
a) 20 puntu: boluntariotzan edo lankidetzan 5 urte edo gehiagoko esperientzia egiaztatzen badu.
b) 10 puntu: boluntariotzan edo lankidetzan hiru urtetik bostera bitarteko esperientzia egiaztatzen badu.
c) 5 puntu gehienez: boluntariotzan edo lankidetzan hiru urte baino gutxiagoko eta gutxienez hiru hilabeteko esperientzia duela egiaztatzen badu.
6.– Lankideak bere zeregina betetzen dueneko eremu geografikoa: 10 puntu proiektua honako herri hauetako batean gauzatzen bada: El Salvador, Guatemala, Honduras, Nikaragua, Mexiko, Brasil, Kuba, Bolivia, Kolonbia, Ekuador, Peru eta Venezuela; Boli Kosta, Ruanda, Mozambike, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Angola, Palestina eta India.
6. artikulua.– Eskabideak ebaztea.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak emango dio bukaera deialdiari, Zuzendaritza Kontseiluak proposaturik.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Laguntza-programa honi buruz ebazpen honetan jasota ez dauden gainerako gaiei dagokienez, otsailaren 13ko 22/2007 Dekretuan ezarritakoa bete beharko da. Dekretu horren bidez, Nazio Batuen sistemako nazioarteko erakundeei eta horiei atxikitako pertsona juridikoei esleitzen zaizkien laguntzak arautzen dira, hain zuzen ere nazioarteko erakunde horiek herrialde txirotuetan garatzen dituzten garapen-proiektuetan parte hartzen duten borondatezko lankideei bekak emateko.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek bukaera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Ebazpen honek EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2013ko azaroaren 12a.
Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,
MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.
RSS