Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2013ko azaroaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4740

AGINDUA, 2013ko urriaren 22koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, diru-laguntzetarako deia egiten da ikaste etorkinentzat kulturartekotasuna sustatzeko programak eta ikasle sartu berrien hizkuntza sendotzeko programak garatzeko.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, hezkuntza kultura anitzeko testuingurura egokitu behar dela ohartuta, kulturarteko hezkuntza-eredua garatu nahi du euskal hezkuntza-sisteman, berdintasuna eta aniztasunarekiko errespetua lortzeko. Ikastetxeetan kultura-aniztasuna onartzea funtsezkoa da benetako kulturarteko gizarteak lortzeko.

Hezkuntza-sisteman sartu berriak diren ikasle etorkinei laguntzeko, ezinbestekoa da hizkuntza ofizialetan komunikatzeko gaitasuna hobetzea, eta kulturartekotasuna sustatzeko programak ezarri behar dira ikastetxeetan.

Kulturarteko dinamizazioko programaren helburua da ikastetxeak hausnarketako eta hobekuntzako prozesu bat abiatzea kultura aniztasunaren inguruan, eta, testuingurua eraldatzeko prozesuak egiten ari diren ikastetxeen kasuan, baliabideak integratzea eta haien eragingarritasuna optimizatzea. Asmoa izango litzateke programa hau, hemendik eta denbora batera, ikastetxearen proiektuaren beraren barruan sartzea, ohiko baliabideak baliatuz. Deialdi honetan aurreko deialdian sartutako neurria mantentzen da, hau da, ikasle immigratzaileak % 17 baino gehiago diren ikastetxeetara joko dugu, baina baliabide hau hiru urtez –edo denbora gehiagoan– erabili duten ikastetxeak alde batera utzita.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretua kontuan hartuta, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onarturiko Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluak ezarritakoari –Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoaren esparruko diru-laguntzak arautzen ditu titulu horrek– eta oro har aplikatzekoak diren gainerako xedapenei jarraiki, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

1.– Ikastetxeei emango zaizkien diru-laguntzen erregimena arautzea da agindu honen xedea. Diru-laguntza horiek ikastetxeen kulturarteko ikuspegia koordinatzeko eta hasi berri diren ikasle etorkinentzat hizkuntza indartzeko programak egiteko dira, baldin eta komunikatzeko gabezia handiak badituzte Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak ez jakiteagatik, eta, beraz, 2013-2014 ikasturtean hizkuntza indartzeko plan bat behar badute.

Ikasle hasi berriak dira Euskal Hezkuntza Sisteman unibertsitatez kanpoko ikasketak egiteko 2012ko urtarrilaren 1az geroztik lehen aldiz matrikulatu direnak. Diru-laguntza jasotzeko eskubidea izateko, 6 urtetik gora izan behar dituzte 2013-2014 ikasturtean, eta 18 urte beteak ez izan ikasturtea amaitu baino lehen.

2.– Agindu honen bidez deitutako diru-laguntzak finantzatzeko milioi bat zazpiehun eta hamazortzi mila (1.718.000) euro jarri dira. Zenbateko hori handitu ahal izango da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren agortu ez den dirurik badago, eta betiere deialdia ebatzi aurretik. Hori gertatuz gero, horren berri emango da Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen bidez.

2. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Diru-laguntza eman edo ez ebatzi arteko tramiteak erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte, eta baita justifikazio-tramitea ere. Hala xedatu dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21/2012 Dekretuak eta E-Administraziorako –Platea– Plataforma Teknologikoa onartu zuen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak.

2.– Honako egoitza elektroniko honetan daude eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztapenak: https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/kulturarte-itunpekoa/eu/

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

3. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.

1.– Hilabete egongo da eskabideak aurkezteko, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Egoitza elektronikoan aurkeztu beharko da, bitarteko elektronikoak erabiliz: euskadi.net https://www.euskadi.net

2.– Eskabide-eredua egoitza elektroniko honetan dago eskuragarri: https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/kulturarte-itunpekoa/eu/

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Era berean, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan (10/1982 Legea, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea).

4. artikulua.– Onuradunak.

Deialdi honen onuradun izan daitezke Lehen edo/eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan itundutako unitateak dituzten ikastetxe pribatuak, eta Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programak garatzeko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren diru-laguntzak jasotzen dituzten ikastetxeak. Ikastetxe horiek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar dute, eta 7. artikuluan deskribatzen diren jarduerak, diruz lagun daitezkeenak, egin behar dituzte.

5. artikulua.– Eskaria egiten duten erakundeek bete beharreko baldintzak eta obligazioak.

1.– Ez dute eduki behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dien zigor administratibo edo penalik, eta ezta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetako seigarrena).

Eskatzaileak egunean izan behar ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, arauz zehaztu den bezala.

2.– Diru-laguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo horko erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

6. artikulua.– Erakunde eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta horretarako ez da zertan eskatzaileen baimenik behar izango, Euskal Herriko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.

2.– Eskariek aukera bat izango dute, diru-laguntzak eskatzen dituzten erakundeek beren-beregi adieraz dezaten baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu guztiak lortu edo egiaztatzeko.

3.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa betez, betebehar hauek egiaztatuko dira eskaeran, erantzukizunpeko adierazpen bidez:

– Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adieraztea, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak.

– Eskaria egiten duen pertsonak edo erakundeak ez du izan behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, eta ezta diru laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetako seigarrena).

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo/eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen barruko itzultze- edo zigor-prozedura batean sartuta ez egotea edo prozedura amaituta izatea.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileek egunean eduki beharko dituzte indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, arauz zehazten den bezala.

– Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

4.– Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan erregistraturik ez badago, edo han dituen banku-datuak aldatu egin nahi baditu, eskabidearekin batera, Ogasun Sailak eredu modura jarrita duen formularioa ere aurkeztu beharko du. Formulario hor URL honetatik deskarga daiteke: http://www.euskadi.net/r33-2288/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html

7. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Diruz lagunduko dira:

a) Lehen hezkuntzan eta/edo bigarren hezkuntzan hezkuntza-itunak dituzten ikastetxeetan kulturartekotasuna sustatzeko programak sortu, zuzendu eta kudeatzeko jarduerak. Ikastetxe horiek 6 eta 16 urte bitarteko ikasleentzat matrikula-ildo bat baino gehiago izan behar dute eta etorkinen portzentajea % 17koa baino handiagoa izan behar du eskabideak aurkezteko epea amaitzean. Baliabide hau hiru urtez edo gehiagoz erabili duten ikastetxeak kanpoan geratuko dira.

Jarduera guztiak inklusioaren ikuspegitik proposatuko dira, hau da, ikastetxeko ekintza-plan batean sartuko dira, eta ikasle guztiei zuzenduko dira. Beste eragile batzuekin (familiekin, gizarte taldeekin, eta abarrekin) lan egiteko aukera eman behar dute eta eskolako errendimendua eta arrakasta handitzeko helburu orokorrari lotu behar zaie.

b) Ikasle etorri berrien hizkuntza sendotzeko ekintzak.

2.– Diru-laguntza hartzeko eskubidea edukitzeko, aurreko paragrafoan zehazturik jarduerak gauzatu behar dituzten irakasleek indarreko araudian eskatzen den titulazioa izan beharko dute Lehen edo/eta Bigarren Hezkuntzan euskara irakasteko, eta, irakaskuntza hori emateko ardura izateaz gain, helburuak, edukiak, jarduera didaktikoak eta ebaluazio-irizpideak izango dituen programazio didaktikoa egiteko ardura ere izango dute.

a) Kulturartesuneko programetan, funtzio hauek beteko dira:

– Ikastetxean, ikasgeletan eta erabiltzen diren materialetan eta baliabideetan eskola-elkartea osatzen duten kultura guztiak kontuan har daitezen lan egitea, protagonisten ekarpenak bereziki baloratuz.

– Etorkinei eta gutxiengo etnikoetakoak diren ikasleei hezkuntza-arreta ohiko gelan emateko aukera eta integrazioa erraztuko duten estrategiei, prozedurei eta baliabideei buruzko irakaskuntza-esperientziak biltzea, eta irakasleekin lankidetzan aritzea horrelako proiektuak martxan jartzeko.

– Laguntza ematea harrera-plan bat diseinatzeko, martxan jartzeko, eta haren jarraipena eta ebaluazioa egiteko. Ikasle guztiak eta haien familiak hezkuntza-sistemako kide izatea izango da planaren helburua.

– Zuzendaritza-taldearekin eta irakasleekin lankidetzan aritzea ikastetxea familiengana hurbiltzeko, ikasle etorri berrien familiengana bereziki, eta familia horiek eskola-elkartean parte hartzera bultzatzeko.

– Zuzendaritza-taldearekin lankidetzan jardutea ikastetxerako etengabeko prestakuntza-plan bat sortzeko. Planak errealitate berria aintzat hartuko du, hau da, iritsi berri diren ikasleak daudela.

– Ikastetxeko proiektuetako gainerako arduradunekin koordinatzeko guneak eta denborak ezartzea. Horren helburua izango da baliabideak biltzea eta haiei ahalik eta etekin handiena ateratzea, lehentasunezko jarduerak finkatzea eta haien lankidetzazko jarraipen bat egitea.

b) Ikasle etorri berrien hizkuntza indartzeko programetan, berriz, egin beharreko ekintzek, orokorrean, esan nahi dute:

– Hizkuntza indartzeko gelako programazioa egitea, betiere ikasleen beharretara egokituta.

– Banakako esku-hartze plan bat egitea ikasle horientzat, tutorearen laguntzarekin.

– Irakaskuntza antolatzea, hizkuntza indartzeko:

  • Ikaslea ezagutzea.
  • Ikasgela antolatzea.
  • Material didaktikoak aztertzea, antolatzea eta prestatzea.
  • Dagokion hezkuntza-errefortzua ematea.

– Hizkuntza indartzeko irakasleek, ikasle etorri berrien tutoreekin batera, eginkizun hauek beteko dituzte:

  • Gainerako irakasleekin koordinatzeko prozesu bat ezartzea, lanerako plan pertsonala prestatzeko eta plan hori gauzatzearen jarraipena egiteko.
  • Iritsi berri diren ikasleen harrera eta integrazioa erraztea, haien gaitasunak gara ditzaten laguntzea, eta ikastetxeko jardueretan parte har dezaten sustatzea.
  • Ikasleen aurrerapenak eta ikasketak ebaluatzen parte hartzea.
  • Materialak eta edukiak egokitzea.

– Halaber, eskola-elkarteko kide diren heinean, hizkuntza indartzeko irakasleek gainerako irakasleekin batera beteko dituzte honako funtzio hauek:

  • Hizkuntzak irakasteko jardueren plangintza egitea.
  • Hezkuntza-prozesuan kulturarteko ikuspegia sartzeko jarduerak diseinatzea.

8. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabideekin batera, ondoko agiriak aurkeztu behar dira:

a) Hizkuntza indartzeko: Hizkuntza indartzeko programak deskribatu (formulario normalizatua: hizkuntza indartzeko programen deskribapena), ondokoak adierazita:

– Eskatutako aldian programan arituko diren irakasle espezializatuak, irakasleen arduraldien ehunekoak, irakasleek programarengatik jasoko dituzten ordainsari gordinen zenbatekoak, eta irakasle bakoitzak zenbat denbora emango dion programako irakaskuntzari. Diru-laguntzaren xede den programan parte hartzen duten irakasle espezializatuen titulazioen eta indarrean dauden lan-kontratuen kopia ere aurkeztu behar da.

– Programako programazio didaktikoa, eta, besteak beste, indargarria zein egunetan ezarri zen, ordutegiak, helburuak, edukiak, jarduera didaktikoak eta ebaluaketa-irizpideak.

b) Kulturartekotasuna sustatzeko programak:

– Ikastetxean kulturartekotasuna lantzeko garatu nahi den programaren deskribapena, eskema honen arabera:

  • Ikastetxearen hasierako egoera.
  • Garatu beharreko proiektuaren plangintza:
  • 2013-2014 ikasturterako helburuak.
  • Jarduerak eta tenporizazioa.
  • Ebaluazioa eta lorpen-adierazleak.

– Izendatzen den dinamizatzailearen konpromisoa, dinamizatzaileak berak sinatua. Bertan, bi gauzok agindu beharko ditu, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eskatzen dionean, ez duela bere esperientzia partekatzeko eragozpenik izango; eta, hasierako prestakuntzarik eta prestakuntza jarraiturik antolatzen bada, parte hartuko duela (formulario normalizatua: dinamizatzailearen konpromisoa).

– Iazko ikasturtean ikastetxeak kulturartekotasuna sustatzeko programa gauzatzeko diru laguntza jaso bazuen, ikasturte horri dagokion memoria soilik erantsi beharko du, eskema honi jarraituz:

  • Egindako proiektua deskribatu, eta honako hauek azaldu:
  • Gauzatutako jarduera nagusiak.
  • Proiektua aplikatzearen ondorioz, curriculumarekin edota ikastetxearen antolaketarekin zerikusia duten hitzarmen nagusiak, halakorik balego.
  • Proiektua garatzean gertatutako jazoerak, halakorik balego.
  • Garrantzizkotzat jotzen diren beste alderdi batzuk.
  • Helburuen lortze-maila. Proiektuan zehaztutako helburu bakoitzaren analisia, eta helburu hori lortu den balioestea. Helbururen bat lortu ez bada, horretan eragin duten arrazoiak aipatuko dira.
  • Parte hartu duten aholkulariek –horrelakorik izan bada– egindako ekarpenen balorazioa.
  • Parte hartu dutenek proiektuan izan duten parte-hartzearen eta inplikazioaren balorazioa. Garatutako edukien eta hartutako erabakien zer aplikazio praktiko egitea aurreikusten den.
  • Ondorioak eta jarraitzeko proposamenak.

2.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoari jarraiki, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatzeko eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, hizkuntza-indargarriak eta kulturartekotasuna izeneko fitxategian sartuko dira. Fitxategi horren helburua izango da ikasle etorkinentzat kulturartekotasuna sustatzeko eta ikasle etorri berrien hizkuntza sendotzeko programak garatzeko diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea eta deialdi horretara biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri ematea.

Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Sarbide-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honen parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari, beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren frogatzeko.

Agiriak eta inprimakiak aurkezteko jarraibideak honako egoitza elektroniko honetan egongo dira eskuragarri: euskadi.net. URL https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/kulturarte-itunpekoa/eu/

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideko akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako eskabidean akatsen bat edo zehaztasunik eza dagoela ohartuz gero, eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta 10 eguneko epea izango du akatsak zuzentzeko. Halaber, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, ebazpen bat emango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan jasotakoaren arabera.

10. artikulua.– Balioespena.

1.– Eskolatzeko Lurralde Batzordeek, eskumena duen Berritzegunea aholkulari izanik, eta kulturartekotasuna lantzeko programaren arduradunak egindako txosten loteslea ikusita, aurkeztutako programa kulturartekotasuna sustatzeko egokia den edo ez balioetsiko dute (7. artikuluaren arabera), eta koordinatzailearen identitatea eta titulazioa egiaztatuko dituzte. Baietz irizten badiote, ikastetxeari dagokion diru-laguntza ematea proposatuko dute Balorazio Batzordeari.

2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzean, lurraldeko eskolatze-batzordeek adieraziko dute zenbat diren ikasle etorri berriak. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko estatistika datuetan egun horretan azaltzen diren ikasle etorkinak izango dira ikastetxeak, guztira, dituen ikasle etorkinak.

6 eta 16 urte bitarteko ildo bat edo gehiago dituzten lehen edo derrigorrezko bigarren hezkuntzako hezkuntza-itunen ikastetxe titularrek egiten dituzten eskabideei koefiziente biderkatzaile bat aplikatuko zaie. Koefiziente hori zehazteko, A zutabean azaltzen den etorkin-portzentajea hartuko da kontuan, eta ikasle etorkinen portzentajearen arabera (D zutabetik G zutabera), zutabe bat aukeratu eta zutabe horretan azaltzen den kopurua izango da koefiziente biderkatzailea.

(Ikus .PDF)

Etorkinen ehuneko garbia kalkulatzeko, formula hau erabiliko da:

(Ikus .PDF)

Osagaiak ondokoak izanik:

N = ikastetxeko ikasleen guztirako kopurua.

E = ikastetxeko etorkinen guztirako kopurua.

LS = hasi berriak diren ikasle etorkinen kopuruari dagokion tartearen (taularen A zutabea) goiko muga.

Adibidez: ikastetxe batean 615 ikasle daude matrikulatuta; haietatik 65 etorkinak dira eta 21 hasi berriak. Hortaz, etorkinen ehuneko garbia % 6,83koa da, eta, ondorioz, 7ko koefiziente biderkatzailea.

Ikastetxeek egindako eskabideak aurreko atalean sartzen ez badira, B zutabean jasotako koefiziente biderkatzailea aplikatuko zaie: zenbat ikasle etorri berri duen ikastetxeak, A zutabean ikasle horiei dagokiena.

11. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Ikastetxe bakoitzak 17.460 euro jaso ahal izango dituzte kulturartekotasuna sustatzeko programak betetzearren.

2.– Hizkuntza sendotzeko programak betetzarren ikastetxeak jaso dezakeen diru-laguntza zehazteko, esleitutako koefizientea bider 4.365 euro egingo da, beti ere aurreko artikuluko irizpideak beteta.

Aurreko adibidean: 7 x 4.365 = 30.555 euro.

Nolanahi ere, eskura dauden funtsak ahalik eta gehien egokitzeko ikastetxeek egindako ahaleginetara, ikasle heldu berriko ematen den diru-laguntza inoiz ez da izango 900 eurokoa baino txikiagoa eta 1.200 eurokoa baino handiagoa.

Ez dute diru-laguntzarik jasoko zero (0) koefiziente biderkatzailea duten ikastetxeek ezta etorkinen ehuneko garbia negatiboa dutenek ere.

3.– Irizpide horiek aplikatu ondoren ateratako guztizko kopurua onartutako programa guztiei esleitu beharko litzaiekeena 1. artikuluan adierazitako aurrekontu-kreditua baino handiagoa bada, ikastetxe bakoitzerako kalkulatu diren zenbatekoak proportzionalki murriztuko dira, laguntzen guztizkoa aipatu mugara egokitu arte.

4.– Diruz laguntzeko moduko guztizkoa ez da inolaz ere ikastetxeak aurkeztutako aurrekontua edo benetan egindako gastuak baino handiagoa izango. Aurrekontua txikiagoa bada, aurrekontu horren balioak jarriko du diru-laguntzaren muga. Azkenean justifikaturiko gastuak txikiagoak badira, ebazpena aldatu egingo da, eta ebazpenaren zenbatekoa justifikatutako zenbatekoari egokituko zaio.

12. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak bateraezinak dira beste edozein erakunde publikok edo pribatuk proiektuan diharduten irakasleen langile-kostua finantzatzeko eman dezakeen beste edozein diru-laguntzarekin.

13. artikulua.– Balorazio Batzordea.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatuta,ebaluazio-batzorde bat eratuko da, eskabideak ebaluatzeko. Kide hauek osatuko dute batzorde hori:

– Hezkuntza Berriztatzeko arduraduna edo hura ordezkatzen duena; batzordeburu jardungo du.

– Berritzegune Nagusiko Kulturartekotasun Programako arduraduna.

– Teknikari bat, lurraldeko eskolatze-batzordeko.

– Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzuko teknikari bat; idazkari jardungo du.

Balorazio-batzorde horrek ebazpen-proposamena egingo dio Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari, adieraziz zenbateko diru-laguntza eman behar den, eman behar bada.

14. artikulua.– Prozeduren kudeaketa eta ebazpena.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio agindu honetan xedatzen den prozedura kudeatzeko lanak egitea.

2.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak, Balorazio Batzordeek egindako proposamenak ikusi ondoren, ebazpena emango du eta, bertan, eskatutako diru-laguntzak eman ala ez erabakiko du. Emanez gero, diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko du.

3.– Agindu hau argitara eman eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hurrengo sei hilabeteko epean, hartzen den erabakia ikastetxe eskatzaileei banan-banan jakinaraziko zaie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, publizitatea ematearren.

4.– Aipatutako epea pasa ondoren, aurreko paragrafoan ezarritako eran ebazpenik jakinarazi ezean, interesdunek beren eskaera atzera bota dela interpretatu ahal izango dute, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, lege horrek Administrazioari berariaz ebazteko ezartzen dion betebeharraren kaltetan izan gabe.

5.– Deitzen diren diru-laguntzak esleitzeko prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

15. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzaren onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Hortaz, hamabost eguneko epean –ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita– erakunde onuradunek berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko dira.

b) Diru-laguntza zertarako eman, horretarako erabiltzea, ez beste ezertarako.

c) Hezkuntzako Ikuskatzailetzari ikastetxean garatzen diren programei buruz eskatu beste informazio ematea.

d) Deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzak direla-eta Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betetzeko eskatutako informazio guztia bidaltzea.

e) Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraztea edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutik xede bererako lortutako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak, bai eta diru-laguntza eman zenean zeuden baldintzak zerbaitetan aldatu badira ere.

16. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Zatika, bi ordainketa-aginduren bidez, ordainduko zaizkie ikastetxe onuradunei diru laguntzak:

a) Lehenengoa, ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion diru-laguntzaren % 80, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

b) Ondorengo paragrafoan aipatzen den dokumentazioa dagokion epean jaso ondoren, diru laguntzaren likidazioa egingo da. Ateratzen den guztizko emaitzari –inoiz ez da ebazpenean onartutakoa edota egindako guztizko gastua baino handiagoa izango– kendu egingo zaio lehen ordainketaren zenbatekoa, eta, behar izanez gero, aldea ordaindu edo erreklamatu egingo da.

2.– 2014ko irailaren 15a baino lehenago, diru-laguntza jasotzen duten ikastetxeek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte http://www.euskadi.net/misgestiones helbidean:

a) Programa bakoitza deskribatzeko memoria bana (programak formulario normalizatuen arabera garatu behar dira): Arrazoiak emateko memoria eta parte hartzen duten ikasleen zerrenda, besteak beste zehaztapen hauekin: ikasleak zein diren, irakasleak zein diren, irakasle bakoitzak zenbat eskola-ordu eman dituen, guztira zenbat ordu erabili diren eta lortu diren emaitzak.

Memoria horrekin batera, agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

– Ordaindu beharko diren langile-gastuen ziurtagiria, formulario normalizatua erabiliz: Irakasleen kostuaren ziurtagiria, eta bertan, banan-banan, irakasle bakoitzaren kopuru gordinak eta Gizarte Segurantzako kostuak.

– Eskola Kontseilua ados dagoen egiaztatzeko agiria.

– Langile horien Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egiaztatzeko agiriak –TCak edo pareko beste agiriren bat–, zein egoera laboraletan dauden egiaztatzearren.

Artikulu honetako agiriak aurkezteko eredu normalizatuak egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri: euskadi.net. URL https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/kulturarte-itunpekoa/eu/

3.– Diru-laguntzak abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-araubidearen arabera bermatuko dira. Dekretu horren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta haiek itzultzeari buruzko araubide orokorra ezarri da, eta haien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, arauak eta betebeharrak xedatu dira.

17. artikulua.– Ez betetzearen araubidea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak betetzen ez badira, jasotako dirua eta horrek sortutako interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkio. Hori guztia, Euskadiko Ogasun Orokorraren Printzipio Antolatzaileei buruzko Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diotenari jarraituz.

18. artikulua.– Diru-laguntzen baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen denean diru laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da, baldin eta diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada. Hori dela eta, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak bidezko likidazio-ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak berregokituko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

2007ko apirilaren 26ko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren Aginduak aurreikusitako ondorioetarako –Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzea da agindu horren xedea– agindu honetan xedatutako laguntzak emango dira 2014rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretako ordainketa-kreditua egokia eta nahikoa bada.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, hil biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko urriaren 22a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala