
205. zk., 2013ko urriaren 28a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (235 KB - 12 orri.)
- EPUB (134 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4605
30/2013 EBAZPENA, irailaren 26koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabaki bat argitaratzeko dena. Erabaki horren bidez, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen gomendio uzten dira Bilboko Hiri Trenbidearen proiektu eta obrei dagozkien hainbat jarduera (2013ko ekitaldia).
Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2013ko irailaren 24an egindako bileran, honako erabaki hau onartu zuen: Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen gomendio uztea Bilboko Hiri Trenbidearen proiektu eta obrei dagozkien hainbat jarduera (2013ko ekitaldia). Bada, erabaki horri zabalkundea eman behar zaio. Horregatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea ebazpen honen eranskinean datorren erabakia, zeinen bidez Euskal Trenbide Sarearen gomendio uzten baitira Bilboko Hiri Trenbidearen proiektu eta obrei dagozkien hainbat jarduera (2013ko ekitaldia).
Vitoria-Gasteiz, 2013ko irailaren 26a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 26KO 309/2013 EBAZPENARENA
ERABAKIA, RED FERROVIARIA VASCA-EUSKAL TRENBIDE SAREAREN GOMENDIO UZTEN DITUENA BILBOKO HIRI TRENBIDEAREN PROIEKTU ETA OBREI DAGOZKIEN HAINBAT JARDUERA (2013KO EKITALDIA)
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak sortu, kendu eta aldatzen dituen eta sail horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 13. artikuluak Ingurumena eta Lurralde Politika Sailari esleitzen dizkio trenbideei dagozkien funtzioak.
Ingurumena eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.1.d) artikuluak Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari esleitzen dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumenekoak diren eta Bilboko Hiri Trenbidearekin zerikusia duten proiektu, obra eta gainerako jarduerak.
Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 5.4 artikuluak erakundearen xedetzat jotzen ditu, besteak beste, honako hauek: Jaurlaritzak haren gain uzten duen eta, zuzenean edo zeharka, trenbide-garraioko azpiegiturak eraiki, zaindu eta administratzearekin zerikusia duen edozein eginkizun, eta, bereziki, azterlan eta proiektuak idaztearekin zerikusia duten eginkizunak.
Bestalde, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Admnistrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluan ezarritakoaren arabera, «Administrazioko organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen eskumeneko jarduera materialak, teknikoak eta zerbitzuzkoak administrazio bereko edo beste bateko organoen edo erakundeen eskuetan jar daitezke, eraginkortasunari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago».
Xedapen horretan ezarritakoaren arabera, kudeatzeko gomendioa administrazio bereko organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen artean egiten bada, administrazio horren arauetan ezarritakoari begira formalizatuko da; halako araurik ez badago, berriz, esku hartzen duten organo edo erakundeek berariaz hartutako akordioari begiratuko zaio.
Bilboko Hiri Trenbidearen proiektuak egitera eta proiektu horien eta obren segimendua eta kontrola egitera bideratuta dauden jarduera material, tekniko edo zerbitzuzkoei dagokienez, badira arrazoi teknikoak eta materialak jarduera horiek Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen gomendio uzteko, hartara, modu eraginkorrago batean egingo baita interes publikoen alde.
Horrenbestez, Ingurumena eta Lurralde Politikako sailburuak proposatuta, eta gaia eztabaidatu ondoren, Jaurlaritzaren Kontseiluak honako hau erabaki du:
ERABAKIA
«Lehenengoa.– Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen gomendio uztea Ingurumena eta Lurralde Politika Sailaren eskumenekoak diren jarduerak –materialak, teknikoak eta zerbitzuzkoak–, baldin eta jarduera horiek beharrezkoak badira Bilboko Hiri Trenbidearen proiektuak egiteko eta proiektu horien eta obren segimendua eta kontrola egiteko, 2013ko ekitaldian. Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi, ez eskumenaren titulartasuna, ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzen direnik.
Bigarrena.– Gomendio hori gauzatzeko baldintza zehatzak Erabakiaren eranskinean daude jasota.
Hirugarrena.– Kudeaketa-gomendio hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea».
ERANSKINA, BILBOKO HIRI TRENBIDEAREN PROIEKTU ETA OBREI DAGOZKIEN HAINBAT JARDUERA (2013KO EKITALDIA) RED FERROVIARIA VASCA-EUSKAL TRENBIDE SAREAREN GOMENDIO UZTEN DITUEN ERABAKIARENA
1.– Gomendioaren Xedea.
Gomendio honen xedea da Bilboko Hiri Trenbidearen proiektuak eta obrak egiteko eta horien segimendua eta kontrola egiteko baldintza teknikoak ezartzea (2013ko ekitaldia), betiere, Ingurumena eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.2 artikulua betez.
2.– Administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak. Definizioak.
Administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harreman horiek zehazte aldera, zenbait figura juridiko definitu behar dira:
Administrazioa:
Eusko Jaurlaritza. Ingurumena eta Lurralde Politika Saila. Garraio Azpiegituren Zuzendaritza.
Enkarguaren zuzendaria:
Administrazioak izendatuko du enkarguaren zuzendaria, eta Garraio Azpiegituren Zuzendaritzaren esanetara lan egingo du. Lanen zailtasunaren arabera, enkarguaren zuzendariak talde tekniko bat bildu ahal izango du aholkuak eman diezazkion, eta, behar izanez gero, zuzendariaren izenean ere jardun ahal izango du talde horrek.
Euskal Trenbide Sarea (aurrerantzean, ETS):
Ingurumena eta Lurralde Politika Sailaren mende dagoen zuzenbide pribatuko ente publikoa, agiri honetan adieraziko diren lanak egingo dituena.
ETS-ren ordezkaria:
Goi mailako teknikaria izango da, eta ETSk berak izendatuko du lanen koordinazio teknikoa burutzeko, eta Administrazioaren aurrean bere izenean jarduteko. ETSko talde guztiak ordezkari horren esanetara lan egingo du. Ordezkariak azalpenak emango dizkio, zuzenean, enkarguaren zuzendariari, halakorik eskatzen dion guztietan.
3.– Lana egiteko era.
ETSk, hilean behin, gutxienez, ordura arte egindako lan guztien berri emango dio, idatziz, enkarguaren zuzendariari, eta aurrera egiteko behar diren aginduak eskatuko dizkio.
ETSk, agindu edo erabakiren bat eskatzen duen guztietan, eskariarekin batera, bere ustez egokiena iruditzen zaiona proposatu beharko du.
Enkarguaren zuzendariaren talde teknikoak noiznahi ikuskatu ahal izango du lanak nola doazen, ETSren bulegoetan.
Ikuskapenaren ondorio diren ohar edo aginduak enkarguaren zuzendariak jakinaraziko dizkio esleipendunari.
4.– Aurrekariak, erreferentziazko agiriak eta planteamendu orokorra.
Kudeaketa-gomendio honen xede diren lanek honako hauek barne hartuko dituzte: Bilboko Hiri Trenbidearen (1. eta 2. lineak) proiektuak eta lanak egiteko eta horien segimendua eta kontrola egiteko beharrezkoak diren jarduera guztiak, betiere, horren gainean dauden azterketa eta proiektu hauetatik abiatuta:
– Bilboko Hiri Trenbidea (aurrerantzean, BHT) eraikitzeko Plana.
– BHTren proiektu funtzionala.
– Diseinu arkitektonikoari buruzko irizpideak.
– Ingenieritza eta diseinuko proiektu eraikitzaileak.
– Geltokietako arkitekturari buruzko proiektuak.
– Ekipamendu elektromekanikoei buruzko proiektuak.
5.– ETS-k egin beharreko lanak.
ETSk egin beharreko lanak honela sailka daitezke:
A) Metro-programaren plangintza eta kontrol orokorra.
Jarduera horren barruan sartzen da Eusko Jaurlaritzako Ingurumena eta Lurralde Politika Sailak –Bilboko Hiri Trenbidearen inguruan– izenpetutako kontratu guztien jarraipena eta koordinazioa, bai proiektuak idazteko laguntza teknikoei dagokienez, bai eraikuntza-lanei dagokienez. Eta kontratu horien ondorio diren aurrera egiteko plan partzialak ere sartzen dira bertan.
Kontua da, aldizka-aldizka, kontratu bakoitzaren arduradunekin batera, kontratuen jarraipena egitea eta eguneratzea, eskura dagoen informazioa bateratzea, eta, aurretik finkatutako helburuak kontuan izanik, aurkezpen xume eta koherente bat atontzea, ulertzeko eta kontrolatzeko erraza gerta dadin, hartara, erabaki zuzentzaileak unerik egokienean hartzeko modua eskaini ahal izango baita.
Lan hori guztia egoera-txosten orokor batean jasoko da. Hasiera batean aurreikusi da txosten hori hilean behin egitea, baina hori aldatu ahal izango da, Sailaren beharren arabera, eta epean eta/edo prezioan eragin dezaketen gertaera garrantzitsuen arabera.
B) Aurretiazko azterketak, azterketa informatiboak eta proiektuak, Eusko Jaurlaritzak kontratatutakoak, berrikustea eta ikuskatzea.
ETSk bere gain hartuko ditu ingeniaritza desberdinek –Ingurumena eta Lurralde Politika Sailak formalizatutako laguntza-teknikoko kontratuak gauzatzeko– hitzeman dituzten jardueren segimendua egiteko beharrezkoak diren lanak.
Hona hemen jarduerarik garrantzitsuenak, laburbilduta (zerrenda zehatza izan gabe):
– Abiapuntuko datuak eta hipotesiak aztertzea eta ingeniaritza-enpresarekin eztabaidatzea, bai proiektua oro har hartuta, bai berori osatzen duten elementu edo alderdiak hartuta.
– Proiektu bakoitzaren aldizkako segimendua eta koordinazioa egitea, lan-bileren bidez. Bilera horiek, gutxienez, hilean behin egingo dira.
– Ingeniaritza-enpresak aurkeztutako aurrerabide-agiriak gainbegiratzea, alderdirik nabarmenenak eztabaidatzea, eta, behar denean, argitzeko ohar teknikoak idaztea.
– Proiektuan jasotako jardueretan aurrera zenbateraino egin den ikuskatzea, eta hileko ziurtagiriak prestatzea (ingeniaritza-enpresarekin baloratutako lanak eztabaidatu ondoren), eta aurrera egindakoak ehunetik zenbat hartzen duen zehaztea.
– Alternatiba-azterlanak eta diseinuaren zati batzuk aldatzea eskatzen dituzten alderdi partzialak berrikusteko txostenak eta ohar teknikoak prestatzea.
– Txostenak egitea, konponbide partzialak eta –azkenean, ingeniaritza-enpresak aurkezten duenean– proiektu osoa onartzeko. Puntu honetan, enkarguaren zuzendariak alderdirik garrantzitsuenei buruzko informazioa izan behar du.
– Kontratuen likidazio-agiriak aztertzea eta ingeniaritza-enpresarekin eztabaidatzea, likidatu eta ixteko proposamen-txostena barne.
– Proiektuaren alderdi guztiak metro proiektuaren eskema orokorrarekin koordinatzea, batez ere ingeniaritza-enpresa baten baino gehiagoren artean egin beharreko tarte eta sektoretako ingeniaritza- eta arkitektura-taldeak.
– Lanen aurrerabideari buruzko programak, aurreikuspen-diagramak gainbegiratzea eta suspertzea, eta epeak aldatzeko proposamena egitea, horretarako arrazoirik bada.
Hori ere tarteka egin beharreko egoera-txostenetan jasoko da.
C) Azterlan eta proiektu osagarriak.
ETSk Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak agintzen dizkion txosten eta azterlan guztiak idatziko ditu, baldin eta agiri horiek, zuzenean edo zeharka, metro proiektuarekin zuzenean nahiz zeharka erlazionatuta badaude.
Bestalde, obrak egin ahala beharrezko gertatzen diren urbanizazio-proiektuak, akaberakoak edo bestelakoak ere idatziko ditu.
Bestetik, ETSk proiektuak gauzatu aurretik egin beharreko zuinketarako baliabide teknikoak eta giza baliabideak erraztuko ditu, proiektuetan jasotako obren lizitazioa egin baino lehen.
Gainera, kontratatutako obren aldaketak eta obra osagarriak ere idatziko ditu ETSk.
D) Eraikuntzaren kudeaketa.
D.1.– Obra zibilen zuzendaritza.
Behin proiektu baten obrak eraikitzeko kontratua esleitutakoan, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak, ETSren proposamenez, obra-zuzendari bat izendatuko du; obra-zuzendari horrek ETSren ordezkariaren esanetara jardungo du eta kontratu hori bete dadila zainduko du, bai alderdi teknikoei, bai alderdi ekonomikoei dagokienez, eta udal-agintariekiko eguneroko harremanak ere horren ardura izango dira.
Obra-zuzendaria ETSren langilea izango da, eta, behar izanez gero, zuzendari-alboko baten eta aholkularitzarako talde tekniko baten laguntza izango du.
Egitekoen artean, eraikuntza bera suspertzeaz gain, kontratistarengandik jasotako agiri guztiak batu beharko ditu, egokiak diren ikusi, eskainitako epeekin bat datozen egiaztatu, argibide osagarriak eskatu eta egin beharreko obraren aurreikuspenei eutsi. Lan hori guztia obren aurrerabidearen hileko ziurtagirietan eta hileko txostenetan islatuko da.
Obra-zuzendariak Sailaren izenean jardungo du izaera formala duten zenbait jarduketatan; besteak beste, zuinketa-agiria sinatzerakoan eta esleipendunak prezio kontraesankorrak edo bestelako alderdi garrantzitsu batzuk aldatzeko aurkezten dituen iradokizunei buruzko lehenengo eztabaidetan.
Halaber, obra-zuzendariak ordezkatuko du teknikoki jabea obrek ukitzen dituzten zerbitzu- eta hornidura-konpainiekin koordinatzeko izan beharreko elkarrizketa eta bileretan.
Obrak zuzentzen laguntzeko talde tekniko bat izango du obra-zuzendariak, eta talde horren ardura izango da egunero-egunero obrak kontrolatu, kalitatea bermatu, geometriak eta zuinketa egin, saiakuntzak burutu eta obrak proiektuarekin bat datozela egiaztatzeko jarraipena egin, lan-oharrak idatzi eta ziurtagiriak idatzi aurreko oharrak prestatzeko lana.
D.2.– Ekipamendu elektromekanikoetarako kontratuen zuzendaritza.
Ekipamendu elektromekanikoak eskuratu eta muntatzeko kontratu bakoitza esleitutakoan, ETSk bere gain hartuko du kontratu horien alderdi teknikoak eta ekonomikoak betetzen direla egiaztatzeko segimendua egitea.
Lan horretan, fabrikazioaren, kalitatearen kontrolaren, muntaketaren eta frogen jarraipena sartzen da, kasu guzti-guztietan.
Obra zibiletan bezalaxe, hornidura, fabrikazio eta muntaketarako kontratu guztiak hornidura-zuzendari batek gainbegiratu eta zuzenduko ditu. Zuzendari hori ere ETSko langilea izango da, eta, behar izanez gero, talde tekniko bat izango du laguntzeko.
D.3.– Aholkularitzak.
Atal honetako jarduerak dira eraikuntza-lanetan –baita proiektuen idazkuntzan ere– sortzen diren lan bereziak, zehazki, diren motakoak direlako, ingeniaritzaren arlo jakin batzuetako adituek parte hartzea eskatzen dutenak.
ETSren lana izango da, arazoa zer-nolakoa den ahalik eta gehien zehaztea, behar diren adituen ezaugarriak finkatzea, eta eskatutako analisia behar bezalako kalitatearekin egingo dela bermatzeko moduko gaitasuna zein enpresa edo profesionalek daukaten ikertzea.
Ildo horretatik, ETS arduratuko da arazoa zehaztu eta behar diren adituak hautatzeaz, eta aholkularitza-lanak koordinatu eta ikuskatuko ditu, proiektuaren koherentziari eutsi ahal izateko eta hasierako helburu nagusiarekin bat datorrela bermatzeko.
Hona hemen –gehiegi zehaztu gabe– kontsulten eta adituen beharra eskatuko duten proiektuetako arlo nagusiak:
Geoteknia eta instrumentazioa.
Obra zibilak egiterakoan, lurpean egin beharreko obrak izango direnez eta lurraren kalitatearen ezaugarriak aldakorrak direnez, egiturazko konponbideak egokitu beharra gertatu ohi da:
● Lurpeko indusketetan, proiektuen diseinuak egokitu behar dira lurraren benetako baldintza geoteknikoetara, eta, batez ere, eraikuntza-lanean, tunelak eraikitzeko NATM metodo austriarra ahalik eta hobekien erabili behar da.
● Lurpeko indusketak bideratzeko lanak egin, batez ere sekzio berezietan eta geltokietarako leizeetan, eta diagnostikatu eta iragarri egin beharko dira horiek inguruko eraikinen zimenduetan izan ditzaketen eraginak.
Obra zibila egiten den bitarterako arkitektura.
Lurraren ezaugarriak –arestian aipatu bezala– aldakorrak direnez, lurpeko lanak egiteak exijitzen du akabera arkitektonikoaren xehetasunak egokitzea, eta horrek arkitekto-aholkulariak gertutik laguntzea eskatzen du, unean-unean sortutako arazoentzat konponbiderik aproposenak aurkitzeko.
D.4.– Obrek ukitutakoen kudeaketa.
Hiri barruan obrak egiteak –baita lurpean egin behar badira ere– berekin dakar trafikoa, zerbitzuak eta bestelakoak ukitzea.
ETSk bere gain hartuko du ukitutako horiek kudeatzeko ardura, hiritarrei ahalik eta enbarazu txikiena egiteko.
Atal honetan honako egiteko hauek bereiz daitezke, arloka:
Trafikoaren kudeaketa.
Metroa egiteko obrak neurri handi batean lurpean egin beharrekoak dira, eta zeharkatu behar dituen herrietako sare urbanoa hain itxia izanik, normalean tunelak zulatzea erabaki da, obrek irauten duten bitartean lur-azalean ahalik eta eremu txikienak okupatzeko, eta okupatuko diren eremu horiek aukeratzerakoan ere trafikoari ahalik eta gutxien eragingo duten inguruetara jo da.
Alabaina, geltoki inguruek, funtzionaltasunari begira, hiru motako konexioak eskatzen dituzte, kaiak eta kalea lotzeko: bata, bidaiariak sartu eta irteteko, bestea, aireztapenerako, eta hirugarrena, mugitzeko arazoak dituzten pertsonentzat.
Konexio horiek kalean ahalik eta eraginik txikiena izateko modua aztertu bada ere, beti ez dira nahi bezain malguak izaten, eta, aldi baterako bada ere, zirkulazioko erreiak okupatu beharra izaten da.
Ildo horretatik, ETS plangintzarik onena egiten saiatuko da, obren eragina ahalik eta txikiena izan dadin, eta, zenbaitetan nahitaez sortuko diren ibilgailu-ilarak arintze aldera, trafikoarentzat alternatiba egokienak proposatzeko.
Trafikoaren kudeaketarako eskema horren barruan, arlo horretan ardura duten udal-agintariekin harremanak izan beharko dira, arazo gehien non sor daitezkeen jakiteko, trafikoari dagokionean arazoak leku jakin batean pilatzea eragingo luketen aldi bereko obrarik ez egiteko, eta, zuzenean trafikorako alternatibak ez izan arren, trafiko hori oro har hobetzen lagun dezaketen alternatibak proposatzeko.
Zerbitzuen kudeaketa:
Obra zibila egiteko proiektu bakoitzean behar bezala zehaztuta daude obrek ukitutako zerbitzuak desbideratzeko eta lehengoratzeko xehetasunak. Horretarako, kontuan izan dira kasuan kasuko zerbitzuen hornidura eta kudeaketa egiten duten konpainiek emandako datuak, eta zerbitzu horiek non dauden ikusteko inoiz egin diren katak.
ETSk, ukitutako zerbitzuen zuinketaren, desbideratzearen eta lehengoratzeko lanen jarraipen zorrotza egingo du, eta kasuan kasuko enpresarekin batera koordinatuko du zein diren desbideratu eta lehengoratzeko konponbiderik egokienak, teknika eta ekonomiaren aldetik, betiere obra-kontratua bere osotasunean hartuta.
Era berean, obra-kontratuetako lanen ondorioz, aurrez ezagutzen ez zen beste zerbitzuren bat agertuz gero, ETSk, beharrezkoa bada, zerbitzu hori desbideratzeko eta lehengoratzeko konponbidea adostuko du hornidura-konpainiarekin eta kontratistarekin. Kasuaren arabera, ETSk obra-zuzendariarekin aztertuko du ea aurreikusi gabeko lan horiek kontratuaren aurrekontuan eta obra-planean eraginik izango duten.
Beste gorabehera batzuk.
ETSk lan-eskema egokiak bilatu beharko ditu, obra koordinatzeko eta obrek zenbait gunetan trenbidearen ustiapenean izango dituzten eraginak minimizatzeko (izan Renfe Operadorea, EuskoTren edo Bilboko Metroa bera).
D.5.– Laneko segurtasun eta osasunaren kudeaketa.
Atal honetan, obretako istripuak ahalik eta gehien murrizteko modua eskaintzen duten laneko segurtasun eta osasun mailei eutsi ahal izateko beharrezko diren prebentzio-lan guztien jarraipena egin eta suspertzeko lanak sartzen dira.
ETSk, lehenengo eta behin, kontratistaren memoria kritiko gisa jardungo du, eta segurtasun-teknikari baten bidez, aholkularitza eskainiko dio obra-zuzendariari, lan bakoitza edo obra-unitate bakoitzari ekin aurretik hartu beharreko prebentzio-neurrien inguruan.
Proiektu bakoitzaren pleguan lanak hasi aurretik zer prozedura idatzi behar den adierazten denez, ETSk prozedura horiek idazten direla zaintzeaz aparte, hobekuntzak proposatuko ditu, formari nahiz edukiari dagokionean, eraginkorragoak izan daitezen, eta segurtasun maila altuagoak erdiesten lagun dezaten.
ETSren lan hori segurtasun eta osasun planen kudeaketari buruzko ikuskaritza-txostenetan jasoko da.
Gainera, ETSk prestakuntza egokia izango duen teknikari bat edo gehiago izan beharko ditu, obrak egiten diren bitartean edo-eta obra-proiektua idazten den bitartean, segurtasun eta osasun arloak koordinatzeko. Teknikari horiek, ETSren ordezkariak proposatu eta Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak izendatuko ditu.
D.6.– Kalitatea bermatzeko kudeaketa eta ingurumenaren kudeaketa.
Atal honetan sartzen dira egitura, osagai eta instalazio guztiak, kontratu, kode, arau eta diseinurako zehaztapenei jarraituz eraikitzen direla egiaztatzeko behar diren ekintzen jarraipena egin eta suspertzeko lanak.
ETSk kontratistek eta hornitzaileek kontratuaren hasieran aurkeztutako Kalitatea Bermatzeko Planen auditore gisa jardungo du, eta kontratuen zuzendariei ebaluazio, iruzkin eta onarpenerako aholkuak emango dizkie.
Lan hori, obrek dirauten artean edo obren fase bakoitzerako kontratistek aurkeztu beharreko kalitate-planetan ere burutu beharko da.
Aldi berean, ETSk kalitate-plan bakoitzean jasotako ekintzak nola burutzen diren kontrolatuko du, eta lanen garapenaren arabera, jarduketa horiek egokitzeko proposatu ahal izango du, plan horiek eraginkorrak eta praktikoak izan daitezen, eta obrak kalitate hobekoak izaten lagun dezaten.
Bestetik, ETSk arreta berezia jarriko du kontratuaren ondorioz egin beharreko lanak egin daitezen ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko irizpideei jarraiki, eta arlo horretan indarrean dagoen legeria betetzen dela zainduko du.
Honako alderdi hauek zainduko ditu, bereziki:
● Aginpidea duen organoak kasuan kasuko obrarako onartutako ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpenean jasotako kontrol eta zainketarako neurri guztiak eta jarduteko erak betetzen direla.
● Obra bakoitzerako kontratistak proposatu duen Kalitatea Bermatzeko Planean jasotako ingurumena kudeatzeko neurriak betetzen direla, eta indarrean dagoen legeriarekin eta araudiarekin bat datozela.
Kontratu honetan aurreikusitako gainontzeko jarduera guztietan, ETSk ingurumen-kudeaketako neurriak eta jardunbideak hartuko ditu, baliabide naturalen erabilera eta zabor sorketa gutxitzeko, zabor horiek hobeto kudeatzeko eta horrelakoak ahal den neurrian birziklatzeko.
E) Kontratazioaren arloko laguntza.
ETSk lehiaketa eta lizitazioetarako baldintzen pleguak prestatu eta egokitzen lagunduko dio Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari; laguntza administrazio arlokoa nahiz teknikoa izango da, eta laguntza tekniko horrek alderdi orokorrak nahiz zehatzak hartuko ditu bere baitan.
Atal honetan honako egiteko hauek sartzen dira: kontratu bakoitzerako klausula bereziak idatzi, kasu bakoitzean argibideak eskatzen dituzten alderdiak zuzendu –antzeko kontratuetan ohikoak izanik ere–, eta proiektu batzuetako eta besteetako baldintzen pleguak homogeneizatu, hortik aurrera obretan aplikatzeko irizpideak bateratzeko.
Behin pleguen zirriborroa prestatutakoan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumena eta Lurralde Politika Sailari dagokio ofizial egitea, edo beharrezkoak badira, zuzenketak egitea, eta, lizitaziorako agirien artean sartu ahal izateko, onartzea.
ETSren lana ordea, ez da kontratazioaren une horretan amaitzen, plegu horiek prestatzen aritu den talde teknikoak lehiaketan parte hartu nahi duten kontratisten zerbitzura jarraituko baitu, eta haien iruzkinak jasoko ditu, aurrerantzean idatzi beharrekoetan argibide edo zuzenketa gisa baliagarriak gerta baitaitezke.
Kontratistek eskaintzak prestatzeko duten epean, ETSk talde tekniko bat izango du lehiatzaileek aurkezten dizkioten kontsultei erantzuteko prest, betiere eskatzaile guztien aukera berdintasuna bermatuko duen Sailarekiko lankidetza-eskemaren barruan.
Behin lehiaketako C gutun-azala irekita, ETSko teknikariek, obra-zuzendari izateko izendatu den pertsonak zuzenduta eta gainbegiratuta, jarduera-multzo honi ekingo diote, lehiaketara aurkeztu diren eskaintza eta proposamenak aztertzeko, analizatzeko eta homogenizatzeko.
Jarduera horretan honako hauek sartzen dira: konparazio-taulak prestatzea, eta baremoak aplikatzea, lehiaketaren pleguetan finkatutako lehentasunei jarraituz. Obra-kontratuak zuzentzeko lanaren hasierako fase hori amaitzeko, balorazio-proposamen edo txosten bat idatziko da, eta bertan jasoko dira eskaintza bakoitzerako erabili diren irizpen-elementuak.
F) Beste erakundeekiko gestioak eta koordinazioa.
Metroko obrak egiteko espazio publikoak okupatu beharra dago, batzuetan aldi baterako, beste batzuetan behin betiko. Espazio publiko horiek, berriz, udalarenak, edota beste erakunde eta administrazio batzuenak izan daitezke, eta, hortaz, metro proiektua eta beste interes orokor batzuk uztartzeko koordinazio-neurriak hartu eta gestioak egin beharko dira.
Gainera, lehen esan bezala, obrak azalean, hau da, kalean ere badute eraginik, sarri udalaren zerbitzuekin edo hornidura-konpainienekin egiten dute topo, eta, alderdi horretatik ere, gestioak eta konponbiderik aproposenak aurkitzeko koordinazio-bilerak egin beharra izaten da. ETSk bere gain hartuko ditu ardura horiek.
G) Desjabetzeen kudeaketaren arloko laguntza.
Ingurumena eta Lurralde Politika Saileko lege-aholkularitzako zerbitzuekin elkarlan estuan, metroko obrek ukitutako ondasun eta zerbitzuak aldi baterako okupatu edo desjabetzeko behar diren espedienteen inguruko lanak sartzen dira hemen.
Lehenengo eta behin, proiektuetan bildutako datuak egiaztatu, eta, behar izanez gero, osatu egingo dira, desjabetzeko jardunbidean aurrerago egin beharreko izapideak erraztu eta arintze aldera, eta horrek identifikaziorako ikerketa lan sakona egitea eskatzen du.
Ahalik eta datu gehien egiaztatutakoan, ETSk zerrenda ofizialak osatuko ditu, legeak eskatutako datu guztiekin, Sailak argitara ditzan.
Atal honen barruan, ETSk bilerak izango ditu azalpenak eskatzen dituzten edota desjabetzearekin ados ez dauden ukituekin, aurkeztutako alegazioak jaso eta aztertu egingo ditu, alegazio horiei erantzuteko aldeko eta kontrako argudioak emango ditu, eta jardunbidean aurreikusitako jarduketetarako laguntza juridikoa eta teknikoa eskainiko du.
Eskatutakoari jarraituz, ETSk, ondasun eta eskubideen balioespenak egiten parte hartuko du, eta ukituek azaltzen dituzten argudioak entzungo ditu, eta ondoren Sailari horren aurrean zer-nolako jarrerak har ditzakeen adieraziko dio. Ondasun eta eskubideak desjabetzeko jardunbidearen arabera okupatu aurretik egin beharreko aktetan, Sailaren izenean jardungo du.
Lan horren emaitza bukaeran idazten diren adostasun-aktetan islatuko da.
H) Jendearentzako etengabeko arreta eta informazio zerbitzua.
Atal honetan jasotako lana gauzatzeko, hiritarren informaziorako bulego finko bat edo gehiago jarriko dira, obren egoeraren inguruan, eta, oro har, Bilboko metroa proiektuaren inguruan sor daitezkeen kexak, kontsultak, iradokizunak eta antzekoak zentralizatzeko behar dituzten baliabide guztiekin. Bulegoetan Bilboko metroaren proiektua ondo ezagutzen duen jendea arituko da lanean, eta egiteko hori burutzeko behar dituzten agiriak izango dituzte.
Pentsatzekoa da ezen, kontratu honek irauten duen epean zehar, obren hasierak edo eta inaugurazioak direla-eta, etengabe informazioa eskaintzeko eta propaganda egiteko era hori sendotu beharra izango dela jarduketa puntual indartsuagoekin, hau da, argitalpenekin, erakusketekin, jarduketa zehatzen berri emateko kanpaina bereziekin.
I) Ukituen erreklamazioei buruzko txostenak idaztea.
Bilboko metroa eraikitzeko proiektuak idatzi eta obrak egiten diren bitartean, herritarrek eta herritar-taldeek makina bat erreklamazio aurkeztu ohi dituzte Ingurumena eta Lurralde Politika Sailean, arrazoi desberdinek bultzatuta eta xehetasun maila desberdinarekin. ETSk erreklamazio horiek aztertzen lagunduko dio Sailari, eta horrek eskatzen dizkion txostenak idatzi, eta bere profesionaltasunak eta Administrazioaren interesak agintzen dizkion ekintzak proposatuko ditu.
2013an, honako obra hauek egiten jarraitzen da: Bilboko hiri-trenbidearen 2. lineako Santurtzi-Kabiezes tarteko obrak eta Maidaganen trenbidea lurperatzeko obrak. Jendaurrera beste proiekturik ateratzea erabakiz gero, ETSk aurkeztutako alegazio guzti-guztiak aztertuko ditu, eta Sailari emango dio horien berri, hark dagokion ebazpena idatz dezan.
Horrela bada, ETS arduratuko da lan horietaz, eta horretarako behar dituen langileak aukeratuko ditu, mekanografia, delineazio, topografia eta gainetiko lan osagarrietarako behar dituenak barne.
Lan horiek egiteko taldea honela osatuko da:
● Abokatu aditua.
● Goi-mailako teknikaria.
● Erdi-mailako teknikaria.
● Administraria.
6.– Egindako Lanen Balioespena Eta Ordainketa.
Agindutako lanak, BEZa barne, milioi bat zazpiehun eta laurogeita hiru mila hirurehun eta berrogeita hiru (1.783.343) euro kostako direla aurreikusi da; hona hemen kontzeptuei buruzko xehetasunak:
(Ikus .PDF)
Enkargu honen ondorioz egiten diren lanak hilero ordainduko dira, egindako lanak egiaztatutakoan. Horretarako, kasuan kasuko faktura aurkeztu beharko zaio Administrazioari 13.0.1.09.31.0100.3.641.01.51330.001.R. aurrekontu-aplikazioaren kontura.
7.– Indarraldia.
Kudeaketaren gomendio honek 2013ko abenduaren 31 arteko indarraldia dauka.
RSS