
201. zk., 2013ko urriaren 21a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (437 KB - 26 orri.)
- EPUB (620 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4471
AGINDUA, 2013ko urriaren 8koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta -laguntzetarako 2013-2014 ikasturteko deialdia egiten duena.
Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartutako Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 16. artikuluak ezartzen duenez, «Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian xedatzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztietan, Euskal Autonomia Erkidegoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori garatuko duten Lege Organikoei, horren 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi-ikuskapenari kalterik egiteke».
Halaber, hiritar guztiek dute hezkuntzarako eskubidea eta irakaskuntzako askatasuna, eta herri agintarien zeregina da dauden muga edo desorekak berdintzera bideratutako neurriak hartzea hezkuntzara berdintasun egoeran iritsi ahal izateko.
Horregatik, eta, kontuan hartuz diru-laguntzei buruz indarrean dagoen legeria, hain zuzen ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, bai eta abenduaren 23ko 6/2011 Legea ere, Euskal Autonomia Erkidegoko 2012. ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta -laguntzetarako deialdia egitea, deialdi honen I. eranskineko 1. artikuluan jasotako ikasketetatik edozein egiteko 2013-2014 ikasturtean, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein ikastetxetan.
2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.
Helburu horretarako, 53.000.000 euro bideratuko dira. Horietarik 2.500.000 euro, 2013ko ekitaldian hartzen diren laguntza-ebazpenak finantzatzeko erabiliko dira, eta Euskal Autonomia Erkideagoaren 2013ko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidaren kontura finantzatuko dira. Gainontzekoa (50.500.000 euro), berriz, 2014ko ekitaldian ematen diren ebazpenak finantzatzeko erabiliko dira; horiek 2014. urterako kreditu egokia eta nahikoa egotearen menpe egongo dira, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan aurreikusitakoarekin bat etorriz (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea arautu zuen agindu horrek).
Beharrezko izanez gero, diru-zenbateko horiek handitu egin daitezke, ebazteko dauden laguntza-ebazpenek eskatzen duten diru-zenbatekoak kontuan hartuta. Hori diru-laguntzei buruzko ebazpena eman aurretik egin beharko da. Horren berri, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emango du ebazpen baten bitartez.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, agindua aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2013ko urriaren 8a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
I. KAPITULUA
ZEIN IKASKETEK JASO DEZAKETEN LAGUNTZA
1. artikulua.– Zein ikasketentzat eska daitekeen laguntza.
Agindu honetan deitzen diren ikasketa-beka eta -laguntzak ikasketa hauetakoren bat egiten duten ikasleei bideratuta daude:
a) Haur Hezkuntza.
b) Lehen Hezkuntza.
c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.
d) Hasierako lanbide-prestakuntzako programak.
e) Batxilergoa.
f) Erdi-mailako eta goi-mailako Lanbide Heziketa.
g) Musikako eta dantzako oinarrizko irakaskuntzak eta irakaskuntza profesionalak.
h) Arte plastiko eta diseinuko erdi- eta goi-mailako lanbide-ikasketak.
i) Kirol-ikasketak.
2. artikulua.– Baztertzeak.
Egoera hauetan, beka edo laguntza ukatuko da:
a) Homologatu gabeko ikastetxe pribatuetako ikasleek ez dute ikasketa-laguntzarik jasotzerik izango, ikastetxean zein ikasketa egiten den gorabehera. Hala ere, ikasketa horietako irakasgai guztietako azterketak ikastetxe ofizialetan egiten badituzte, onartu egingo dira.
b) Onartu gabeko ikastetxeetako edo Haur Hezkuntzako lehen zikloa irakasteko ikastetxeen erroldan inskribatu gabeko haur-eskoletako ikasleak.
c) Diru-laguntzen onuradun izateko ezgaitzen duen legezko edozein arrazoi izatea edo deialdi honetan eskatzen diren baldintzak ez betetzea.
3. artikulua.– Baldintza orokorrak.
1.– Deialdi honetan jasotzen diren ikasketek onarpen ofiziala izan behar dute, eta hezkuntza-administrazioak onartutako ikasketa-planekin bat etorri.
2.– Ikasleek agindu honen 1. artikuluan ezarritako ikasketetakoren bat egin beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe baimenduetan.
3.– Ikasleak profesional gisa aritzeko gaitzen duen titulu akademikoren bat baldin badu, soilik emango zaio laguntza, baldin eta egin nahi dituen ikasketak duen tituluaren jarraipena badira.
4.– Hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten ikasleek ezin izango dute 21 urte beteta izan 2014ko urtarrilaren 1ean.
5.– Ikasleek ezin izango dute 23 urte beteta izan 2014ko urtarrilaren 1ean.
II. KAPITULUA
BEKA ETA LAGUNTZA MOTAK
4. artikulua.– Beka edo laguntzaren osagaiak.
Deialdi honetan araututako ikasketa-beka edo laguntzek osagai hauetakoren bat edo gehiago izan ahal izango dute:
a) Kuota-osagaia, 0 urteko eta urte 1eko ikasleak.
b) Irakaskuntza-osagaia.
c) Joan-etorrien osagaia.
d) Egoitza-osagaia.
e) Ikasmaterialaren osagaia.
f) Jantoki-osagaia.
5. artikulua.– Kuota-osagaia, 0 urteko eta urte 1eko ikasleak.
Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko 0 urte edo urte 1 duten ikasleek ordaindu behar duten kuota murrizteko.
6. artikulua.– Irakaskuntza-osagaia.
1.– Osagai honek ezin izango du inoiz gainditu ikasleak ikasten duen ikastetxean 2013-2014 ikasturtean gehienez ere ordaindu beharreko kuota.
2.– Kasu hauetan ez da laguntzarik emango:
a) Ikastetxe publikoak.
b) Hitzarmen osoko ikastetxe edo mailak.
c) Kontzeptu honengatik kuotarik ordaintzen ez duten ikastetxeak.
d) Hasierako lanbide-prestakuntzako programak.
e) 0 urteko eta urte 1eko ikasleak.
f) Toki-korporazioetako ikastetxeetako 2 urteko ikasleak.
7. artikulua.– Joan-etorrien osagaia.
1.– Osagai hau emateko, kontuan izango da ikaslea bizi den herrian edo bertatik hurbil maila, eredu eta lansaio bereko ikasketarik ematen duen ikastetxerik dagoen ala ez, eta plaza librerik dagoen ala ez, baita ikaslea bizi den herrian bertan edo hortik hurbil tokirik dagoen ere.
2.– Osagai hau emateko, herriaren erdialdetik ikastetxera dagoen distantzia hartuko da kontuan kalkulua egiteko, eta eskala honen arabera banatuko da:
5 km-tik 10era.
10 km baino gehiagotik 30era.
30 km baino gehiagotik 50era.
50 km baino gehiago.
3.– Haur-hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako mailek eta urrutitik ikasten diren mailek ez dute osagai hau jasotzeko eskubiderik izango.
4.– Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, osagai hau diruz lagundu gabeko garraioa erabiltzen denean joan-etorrietarako emango da, eta joan-etorriok 5 km edo gehiagokoak badira.
5.– Musikako eta dantzako oinarrizko ikasketen eta ikasketa profesionalen mailetan, ikasleek astean behar dituzten egunen araberako laguntza jasoko dute.
8. artikulua.– Egoitza-osagaia.
Osagai hau emateko orduan, kontuan izango da ikaslea bizi den herrian edo bertatik hurbil maila, eredu eta lansaio bereko ikasketarik ematen duen ikastetxerik dagoen ala ez, eta plaza librerik dagoen ala ez. Era berean, ikasleak egiaztatu beharko du etxetik kanpo bizi beharra duela, dela familiaren etxetik ikastetxera dagoen distantziagatik, dela dauden garraiobideengatik.
Arte-ikasketa profesionaletako ikasleen kasuan –dantzako erdi-mailako ikasleen kasuan izan ezik–, egiaztatu egingo da ikasleak etxetik kanpora bizi behar duen. Horretarako, kontuan hartuko da zenbat ikasgaitan matrikulatu den, eta, gainera, astean 20 irakastordu edo gehiago izan beharko dituzte.
Arte-ikasketa profesionalak, kirol-ikasketak eta lanbide-heziketa egiten dituzten ikasleei emango zaie osagai hau.
Joan-etorrien osagaia eta egoitza-osagaia ez dira inoiz bateragarriak izango.
9. artikulua.– Ikasmaterialaren osagaia.
Ikastetxe publikoetan Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailan ari diren ikasleek uko egiten badiote testu-liburuak eta ikasmaterialak solidarioki eta ekitatiboki erabiltzeko programari, ezingo dute osagai hau eskuratu.
Osagai hau maila guztiei emango zaie, Haur Hezkuntzako (1. zikloko) mailari izan ezik.
10. artikulua.– Jantoki-osagaia.
1.– Osagai emango zaie Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko 2 urteko haurrei, Haur Hezkuntzakoei (2. ziklokoei), Lehen Hezkuntzakoei, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoei eta gainerako mailetan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei, baldin eta jantokiaz baliatzen badira.
2.– Osagai hau kalkulatzeko, jantokira 178 eskola-egun joan behar da gutxienez, baina egun gutxiagotan joanez gero, jantokira joan den egun-kopuruaren araberakoa izango da osagaia.
3.– Osagai honetaz baliatzeko eskubidea izateko, urtean jantokira 20 egun baino gehiagotan joan izana justifikatu beharko du ikasleak. Kasu guztietan, baldintza hauek egiaztatu beharko dira:
a) Ikaslea jantoki-zerbitzuaz baliatzen dela eguerdietan.
b) Administrazioari ez zaiola kostua bikoizten.
III. KAPITULUA
BEKEN ETA LAGUNTZEN ZENBATEKOA
11. artikulua.– Osagaien zenbatekoak.
Hauek izango dira osagaien gehienezko zenbatekoak:
1.– Kuota, 0 urteko eta urte 1eko ikasleak.
Haur Hezkuntzako 0 urteko eta urte 1eko ikasleak, hilean 90 euro.
2.– Irakaskuntza:
a) Haur Hezkuntzako 2 urteko gela, 200 euro.
b) Lanbide Heziketa, 590 euro.
c) Gainerako mailak, musikako udal-ikastetxeetan emandakoak barne, 295 euro.
3.– Joan-etorriak:
a) 5 eta 10 km arteko distantzia, 192 euro.
b) 10 eta 30 km arteko distantzia, 385 euro.
c) 30 eta 50 km arteko distantzia, 762 euro.
d) 50 km-tik gora, 993 euro.
4.– Egoitza:
a) Erdi-mailako eta goi-mailako lanbide-heziketa, praktikak egiteko beste ikastaro bat duena, 2.969 euro.
b) Gainerako mailak, 2.531 euro.
5.– Ikasmateriala:
a) Haur Hezkuntza (2. zikloa), 78 euro.
b) Lehen Hezkuntza, 117 euro.
c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, 159 euro.
d) Goi-mailako Lanbide Heziketa, 226 euro.
e) Gainerako mailak, 202 euro.
Egoera hauetan ez dira zenbateko horiek emango:
a) Lehen Hezkuntzako ikasleak, baldin eta ikastetxe publikoetan ikasten badute; halakoetan, 38 euro emango dira lehenengo ziklorako eta 50 euro bigarren eta hirugarrenerako.
b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailako ikasleak, baldin eta ikastetxe publikoetan ikasten badute. Halakoetan, 60 euro emango dira.
6.– Jantokia:
Gehienez ere 712 euro izango dira; zenbateko hori eragiketa honen emaitza da: jantokiko egun kopurua bider 178 egun gehienez ere, eta eguneko prezioa, gehienez ere, 4 eurokoa izanik.
12. artikulua.– Beka edo laguntzaren zenbateko osoa.
1.– Ikasleak zenbat osagai jasotzeko eskubidea duen, bada, osagai horien baturak emango du beka edo laguntzaren zenbatekoa, betiere agindu honetan ezartzen diren arauen arabera. Zenbatekoa, gehienez, zerbitzu bakoitzaren benetako kostuaren parekoa izango da, inoiz ere ez hortik gorakoa.
2.– Inork ezin dezake jaso agindu honetan arautzen diren beka edo laguntzetariko bat baino gehiago, nahiz eta aldi berean agindu honetako 1. artikuluan aipatzen diren beste ikasketa batzuk egin.
13. artikulua.– Prezio publikoen salbuespena.
Musikako eta dantzako oinarrizko eta erdi-mailako ikasketak eta kirol-ikasketak egiteko ematen badira bekak, ez da ordaindu beharko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eskainitako zerbitzuen prezio publikoak finkatzeko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak emandako aginduan ezarritako prezio publikoa, alegia, beka zein ikasketatarako eman den, ikasketa horren prezio publikoa.
IV. KAPITULUA
BALDINTZA EKONOMIKOAK
14. artikulua.– Errenta-mailak.
Hezkuntza-maila bakoitzean ikasteko beka eta laguntzen osagaiak emateko aplikatzekoak diren errenta-mugak honako hauek dira:
– Haur Hezkuntzako mailan (1. zikloan) familiaren errentak ezin izango du 1. muga gainditu.
– Haur Hezkuntzako mailan (2. zikloan) familiaren errentak ezin izango du 2. muga gainditu.
– Gainerako mailetan:
* Eskola-materialen osagairako, familiaren errentak ezin izango du 3. muga gainditu.
* Irakaskuntzako, jantokiko, joan-etorrietako eta egoitzako osagaietarako, familiaren errentak ezin izango du 2. muga gainditu.
(Ikus .PDF)
– 8tik gorako kide konputagarri bakoitzeko, errenta-mugetan (+1) gisa ezarri diren kopuruak gehituko dira.
15. artikulua.– Bizikidetza-unitatearen kide konputagarriak.
1.– Familiaren errenta kalkulatzeko, honako hauek dira bizikidetza-unitatearen kide konputagarriak: aita, ama, tutorea edo adin txikikoa jagon eta babesten duena, eskatzailea, 2012. urtean etxean bizi izan diren ikaslearen 26 urtetik beherako anai-arreba ezkongabeak edo adin horretatik gorakoak, baldin eta gorputzeko, adimeneko edo zentzumenetako urritasunen bat badute; baita etxe berean bizi diren gurasoen aurretikoak ere; udalaren ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko dute hori.
Kide konputagarritzat joko dira, halaber, hogeita sei urtetik beherako pertsonak harrera-familiak legez hartu baditu edo familiaren kontura bizi badira, bertan bizi direla behar bezala zuritu eta egiaztatu ahal bada.
Eskatzaileek bizikidetza-unitate independenteak eratzen badituzte, kide konputagarritzat joko dira ezkontidea edo, behar izanez gero, antzeko harremanarekin eskatzaileari lotuta dagoen laguna eta seme-alabak, halakorik balego.
2.– Gurasoak dibortziatuta edo bananduta badaude, eskatzailearekin bizi ez dena ez da kide konputagarritzat joko, unitatearen diru-sarreretan horren ekonomia-laguntza sartu arren. Eskatzailearekin bizi ez diren anai-arrebak ere ez dira konputagarritzat joko.
Beste ezkontza bat tarteko edo izatezko bikote moduan familiaren etxebizitzan bizi den pertsona kide konputagarritzat joko da; beraz, horren errenta eta ondarea ere konputatuko dira.
3.– Eskatzaileak familiarekiko mendetasunik edo ekonomia-mendetasunik ez duela adierazten badu, egoera zibila gorabehera, egiaztatu egin beharko du independentzia hori izateko baliabide ekonomiko nahikoa dituela berak; era berean, etxebizitzaren titulartasuna edo alokairua ere egiaztatu beharko du. Osterantzean, independentzia ez-frogatutzat joko da. Beraz, bekaren ondorioetarako, familia-errenta eta -ondarea kalkulatzeko, bizikidetza-unitateko kide konputagarrien diru-sarrerak konputatuko dira, hain zuzen ere aurreko ataletan aipatzen direnak.
4.– Ikasle independente izaki, familiaren egoitzatzat joko da ikaslea ikasturtean bizi dena; beraz, ez da egoitza-osagaia emango.
16. artikulua.– Errenta kalkulatzea.
1.– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena aurkeztu duten kide konputagarrien errenta zehazteko, zerga-oinarri orokorra eta aurrezkiaren zerga-oinarria batuko dira. Zerga-oinarri orokor osoak edo zati batek jarduera ekonomikoen etekinak baditu, eta etekin horiek zeinu negatiboa badute, emaitza 0 izango da. Emaitza horri kuota likidoa kenduko zaio.
PFEZren pean ez dauden diru-sarrerak eta PFEZtik salbuetsita daudenak gehitu egingo zaizkio aurreko formularekin ateratako emaitzari.
2.– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena egiteko betebeharrik ez duten kide konputagarrien errenta zehazteko, edozein kontzeptu dela-eta lortutako diru-sarrera guztiak batuko dira, Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergari dagokionez konputagarri den etekina barne, eta ohiko etxebizitza ez diren hiri-ondasunen kasuan, 2012ko ekitaldian aplikagarri den zerga-araudiari jarraikiz. Emaitza honi kenduko zaizkio konturako atxikipenen zenbatekoak, eta Zerga Oinarri Orokorra kalkulatzeko aplikatzen diren gastu kengarri eta hobari guztiak.
3.– Estimazio objektiboaren edo zuzeneko estimazioaren zerga-erregimenari atxikitako enpresa- eta lanbide-jardueren kasuan, errentagarritasun errealeko irizpideak aplikatuz egingo da etekinen estimazioa. Era berean, aurreko atalean xedatutakoa enpresa txiki eta ertainei aplikatuko zaie, baldin eta merkataritza-sozietateak badira eta enpresa horietan bazkide, partaide, eta abar bada edozein kide konputagarri eta kide hori, aldi berean, enpresa horretako langilea bada.
4.– Herri Administrazioek ikasketarako emandako beken eta laguntzen zenbatekoak dira diru sarreratzat joko ez diren diru-sarrera bakarrak.
5.– Harrera-familietan diren ikasleei dagokienez, honako hau joko da errenta garbitzat: ikasleak jasotzen dituen diru-sarrerak, hots, Foru Aldunditik jasotzen dituen laguntzak. Kasu horietan harrerari buruzko foru-agindua eta aldundiak erabakitako harrerako baldintzak aurkeztu beharko dira.
17. artikulua.– Kenkariak.
Aurreko artikuluan finkatutakoaren arabera zehaztu ondoren zein den beka eta/edo laguntzaren ondorioetarako bizikidetza-unitatearen errenta, kontzeptu hauen zenbatekoak kendu ahal izango dira:
1.– Bizikidetza-unitatearen errentaren % 20, kasu hauetan:
a) Eskatzailea guraso bakarreko bizikidetza-unitate bateko kidea denean, baldin eta diru-iturri bakarra bada inoren konturako lana, pentsioa edo ordaintzen diren elikagaiak.
Gurasobakartasuna familia-liburuarekin justifikatuko da guraso aitortu bakar baten kasuan, edo ebazpen judizialaren bidez bi guraso aitorturen kasuan.
b) Eskatzailea umezurtza denean eta diru-iturri bakarra umezurtz-pentsioa bada edo beste bizikidetza-unitate baten mende badago.
2.– Familiako kide konputagarri guztiek ekarritako diru-sarreren % 50. Familiaren eusle nagusiaren eta haren ezkontidearen diru-sarrerak ez dira horretan sartzen.
3.– 500 euro familia-egoitzan bizi den anai-arreba bakoitzarengatik, eskatzailea barne dela; kopuru hori 765 eurokoa izango da kategoria bereziko familia ugarietan. Eskatzailea bera bada familia ugariaren titularra, familia osatzen duten seme-alaben arabera konputatuko dira zenbatekoak.
4.– 1.811 euro legez onartutako % 33ko edo gehiagoko minusbaliotasunen bat duen bizikidetza-unitateko kide bakoitzarengatik, eskatzailea barne. Kentzekoa 2.881 eurokoa izango da minusbaliotasuna % 65ekoa edo goragokoa denean. Ikasleak berak badu % 33 eta % 65 arteko minusbaliotasuna eta mugikortasun mugatuta badu, edo % 65eko edo goragoko minusbaliotasuna badu, kentzekoa 4.000 eurokoa izango da.
5.– 1.176 euro unibertsitateko ikasketak egiten ari den eta ikasketak direla-eta familiaren bizitokitik kanpo bizi den 25 urte baino gutxiago dituen anaiako edo arrebako.
18. artikulua.– Ondare-mugak.
Bizikidetza-kideen errenta gorabehera, ikasteko eskatutako beka eta/edo laguntza ukatu egingo da 2012ko abenduaren 31n kide konputagarri guztien ondare-adierazleek, denek batera, muga hauetarikoren bat gainditzen badute:
1.– Hiri-finkak.
a) Kide konputagarrien hiri-finken katastro-balioen batura, gehienez ere, 42.500 eurokoa izango da.
b) Konputu hori egiterakoan ez da kontuan hartuko ohiko etxebizitza den hiri-finkaren katastro-balioa.
c) Laguntza ukatu egingo da kide konputagarriek, ohiko etxebizitzaz aparte, beste bi etxebizitza edo gehiago guztiz bereak dituztenean.
d) Arabako eta Gipuzkoako lurralde historikoetan, katastro-balioak berraztertu edo aldatu dituzten udalerrien kasuan, higiezinen katastro-balioaren % 60 eta % 30 konputatuko da, hurrenez hurren, kalkulu hori egiteko, Gasteizko eta Donostiako udaletan izan ezik; izan ere, horietan katastro-balioen % 25 aplikatuko baita.
e) Euskal Autonomia Erkidegoan ez dauden hiri-finketarako, Hezkuntza eta Lanbide Heziketarako Estatu Idazkaritzaren ebazpenak ezarritakoaren arabera jokatuko da, hots, derrigorrezkoen ondoko ikasketak eta goi-mailakoak ikasteko unibertsitateaz kanpoko ikasleei beka eta laguntza orokorretarako deialdia egiteko emandako ebazpenaren arabera.
2.– Landa-finkak.
Kide konputagarriak diren lagunen landa-ondasunen katastro-balioen batura, gehienez, 13.000 eurokoa izango da kide konputagarriko.
3.– Balore higigarriak.
Eskatutako laguntza ukatu egingo da, bizikidetza-unitatearen aurrezkien zerga-oinarria 1.958 eurotik goragokoa denean, edo kantitate horretakoa bada higigarrien kapitalaren etekin garbia gehi ondareen irabazi eta galera garbien arteko aldearen batuketa. Hortik kanpo geratzen dira ohiko etxebizitza erosi edo konpontzeko jasotzen diren diru-laguntzak.
4.– Merkataritza, industria edo lanbide jarduerak.
Kide konputagarriren bat jarduera ekonomikoren bateko titularra bada eta 2012n 169.470 euro baino gehiagoko fakturazio-bolumena izan badu, ukatu egingo da eskatutako laguntza. Halaber, aurreko fakturazio-mugan xedatutakoaren arabera eskatutako laguntza ukatu egingo da enpresa txiki eta ertainen kasuan, baldin eta horien titularrak merkataritza-sozietateak badira eta familia unitateko kide konputagarrietakoren bat sozietate horietako bazkide, partaide... bada eta aldi berean sozietate horietan langilea bada.
5.– Familiaren eusle nagusi ez diren familiako kide konputagarriei dagozkien ondare-elementuak.
Familiaren eusle nagusi eta horren ezkontide edo bikotekide ez diren familiako kide konputagarriei dagozkien ondare-elementuen balioaren % 50eko murrizketa aplikatuko da.
19. artikulua.– Datu ekonomikoak egiaztatzea.
1.– Eskatutako beka edo laguntza emateko behar diren datuak lortuko dira: eskatzailearen bitartez, berak emandako dokumentazioaren bitartez, edo foru aldundien bitartez.
2.– Kasu guztiak aztertu ondoren, gerta liteke beka edo laguntza jasotzeko bete behar diren eskakizunak faltsutu egin direla edo laguntza ukatzeko arrazoi diren gorabeherak ezkutatu egin direla ikustea. Horrelakorik gertatuz gero, beka edo laguntza ukatu egingo da, laguntza emateko ebazpena aldatuko da eta dirua itzularaziko da.
3.– Errenta-iturriak ezkutatuz gero, eskatutako laguntza ukatu egingo da. Berdin dio iturri horiek norberaren konturako lana, besteren konturako lana, pentsioak, lanbide liberaleko jardunak, nekazaritza, abeltzaintza, industria edo merkataritza ustiapenak, kapital higigarriak, finkak, ibilgailuak, aparatuak edo bestelako ondare-elementuak diren. Horrek ez du esan nahi bidezko diren gainerako egintzetatik libre geratzen denik.
4.– Administrazioak, aurreko atalean aipatutako ezkutatze hori gertatzen dela egiaztatzeko, edozein froga-mota erabili ahal izango du eta, bereziki, Foru Aldundietako Ogasun Sailetan eta Ekonomia eta Ogasun Ministerioan dauden datuak. Aipatutako erakundeetan azaltzen diren kide konputagarrien datu guztiak erabili ahal izango ditu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, laguntzei dagokienez beharrezko diren egiaztapenak egiteko.
5.– Egiaztatu beharreko datu ekonomikoak atzerrikoak badira eta/edo Euskal Autonomia Erkidegoko foru-ogasunen esku ez badaude, eskatzaileak eman egin beharko du ondorio horietarako beharrezkotzat jotzen den dokumentazioa, eta beka edo laguntza ukatu egingo da datuok behar bezala egiaztatzen ez badira.
6.– Ikasleak laguntza halako ikasketak burutzeko eskatu bazuen eta ikasketa horiek uzten baditu, beka edo laguntza ukatu egingo zaio, laguntza emateko ebazpena aldatu egingo da edo dirua, guztia edo zati bat, itzularazi egingo zaio.
7.– Beka edo laguntza ukatu ahal izango da, baldin eta bizikidetza-unitateek justifikatzen badituzte objetiboki gastu-maila horretatik beherago dauden diru-sarrerak baina ez badute egiaztatzen zer baliabide duten bizitzeko.
8.– Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzek beharrezko ikusten dituzten agiri osagarriak eskatu ahal izango dituzte kasu bakoitzaren gorabehera bereziak behar bezala jakiteko. Halaber, enpresa, lanbide edo arte mailako jardunetan aritzen direnei indarrean dauden legeen arabera bere jardunen benetako errendimendua agertzen duen ustiaketaren diru-sarrera eta gastuen kontu bat eskatu ahal izango zaie.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa enpresa txiki eta ertainen kasuan ere aplikatuko da, baldin eta horien titularrak merkataritza-sozietateak badira eta kide konputagarrietakoren bat sozietate horietako bazkide, partaide... bada eta aldi berean sozietate horietan langilea bada.
V. KAPITULUA
BALDINTZA AKADEMIKOAK
20. artikulua.– Baldintza orokorrak eta matrikulari dagozkionak.
1.– Kapitulu honen ondorioetarako, 2012-2013 ikasturteko baldintza akademikoak eskatuko dira.
2.– Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako mailetan, soilik egiaztatu beharko da ikaslea 2013-2014 ikasturterako matrikulatuta dagoela.
3.– Gainerako ikasketetan, kurtsoa errepikatzen duten ikasleei ez zaie laguntzarik emango.
4.– Ikasturteren bat ikasketarik egin gabe igaroz gero, egin den azken ikasturtearekiko eskatuko dira adierazi diren baldintzak.
5.– Ikasketa guztiak edo zatiren bat beka baten bitartez egin badira eta ikasketak aldatzen badira, ezin izango da laguntzarik jaso aldaketa horrek hezkuntza-prozesuaren barruan urte bat edo gehiago galtzea badakar. Ez da laguntza galduko baldin eta indarrean dagoen legedian aurreikusten bada irakaskuntzako beste maila edo gradu batera pasatzea aurretik egindako ikasketen jarraipena izan daitekeela.
6.– Utzitako ikasketa guztiak bekarik gabe egin badira, ikasketa berrietan eskola-errendimendutzat joko da utzitako ikasketetan lortu beharko zen baldintza akademikoa.
7.– Ikaslearen betebeharra izango da, bereziki ikasketak aldatu baditu, aurreko urteetan bekadun izan dela adieraztea.
8.– Lanbide Heziketako goi-mailako ikasketetarako, Arte Plastiko eta Diseinuko ikasketetarako eta Kirol-ikasketetarako, eskatzaileak kurtso osoko matrikula egin beharko du 2012-2013 ikasturtean. Ikasketa hauen bigarren kurtsorako, bekaren eskatzaileak 2012-2013 ikasturteko irakasgaien ehuneko laurogei gainditua beharko du gutxienez.
9.– Batxilergoko ikasketetarako, Hasierako lanbide-prestakuntzako programetarako, Musika eta Dantzako ikasketa profesionaletarako, Lanbide Heziketako maila ertainerako, Arte Plastiko eta Diseinuko ikasketetarako eta Kirol-ikasketetarako, eskatzaileak kurtso osoko matrikula egin beharko du 2013-2014 ikasturtean.
10.– Lanbide Heziketako erdi-mailako edo goi-mailako ikasketetan, heziketa-zikloak 2.000 ordu baino gutxiagokoak direnean, praktikako ikastarotzat joko dira, eta laguntzak behin baino ez dira emango, eta, eman ere, lehenengo mailan bakar-bakarrik.
2 kurtsoko ziklotzat joko dira 2.000 orduko iraupena dutenean.
11.– Kurtso osoak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak onartuak egiteko bakarrik emango dira laguntzak, salbu Urrutiko Batxilergoko ikasleen kasuan, baldin eta ikasleak lehendik matrikulatuta badaude, eta, ondorioz, ikasgai solteen matrikula egin ahal badute. Ikasketa horietarako, ikasketa-planean ezarritakoa baino ikasturte bat gehiagorako lortu ahal izango da beka.
12.– Musikako ikasketetan, hezkuntza-prozesuan bekadun gisa hartzen jarraitzeko, ikasturtea goragokoa izanda ikasleak landutako musika-tresna edo emandako jakintzagaia hartuko da kontuan.
13.– Genero-indarkeria jasan duten bizikidetza-unitatekoak badira ikasleak, eta urruntzeko agindu judizialaren, kondenatzeko epai judizialaren edo oinarrizko gizarte-zerbitzuen txostenaren bitartez justifikatzen bada aipatu egoera, betekizun akademikoak bete barik ere eman egingo dira laguntzak.
VI. KAPITULUA
PROZEDURAREN ARAUAK
21. artikulua.– Eskabideak.
1.– Eskariak www.hezkuntza.ej-gv.euskadi.net webgunean eskuragarri dauden inprimaki ofizialetan beteko dira.
2.– Ikasleak eskabide-eredua sinatuta aurkezteak, edo hura adinez txikia izanez gero haren ordez eskatzailearen legezko ordezkariak sinatzeak, esan nahi du sinadura horrekin erantzukizun solidariopean hau aitortzen duela:
a) Laguntza zertarako eskatu, deialdi horren oinarriak onartzen dituela.
b) Eskabidean sartutako datu guztiak egiazkoak direla.
c) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari baimena ematen diola Zerga Administrazioen bitartez errentaren eta ondasunen gainean beharrezkoak diren datuak lortzeko, bekaren ondorioetarako.
d) Jakitun dagoela aitortutako inguruabarren zehaztugabetasunak beka edo laguntza ukatzea edo itzuli behar izatea ekarriko duela.
e) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutik beste beka edo laguntzarik eskuratuz gero, Hezkuntzako lurralde ordezkaritzako beka atalari jakinarazi beharko diola.
f) Beka zertarako eman den, horretarako erabili beharko duela, ez beste ezertarako, alegia, matrikula egiteko, eskolara joateko, azterketetara joateko eta beka edo laguntza zertarako eman, horren gastuak ordaintzeko.
g) Beka jaso eta baliatu ahal izateko ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen dituela egiaztatu beharko dute, eta diru-laguntzen onuradun izateko gaitasunik gabe uzten dituen inolako lege-auzitan sartuta ez daudela adierazi.
h) Beka ematea bideratu zuten baldintzak bete direla egiaztatzeko beharrezko frogaketa-jarduerei men egingo diela, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, diru-laguntzen nondik norakoak fiskalizatzean, eskatutako informazio guztia emango duela.
3.– Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, Unibertsitateaz kanpoko bekak eta laguntzak izeneko. fitxategi batean sartuko dira, deialdi hau kudeatzeko eta deialdi honetan parte hartzen dutenei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak 2010eko urriaren 4an emandako Aginduaren bidez sortu zen (EHAAko 213. zenbakian argitaratu zen), eta beraren helburua da diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea eta parte-hartzaileei deialdiaren garapenaren berri ematea. Fitxategi horren arduraduna Kudeaketa Ekonomikoko Zuzendaritza da. Sarbide-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko Ikastetxeen Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Halaber, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Unibertsitate Zuzendaritzari, beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko ezen aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
22. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.
1.– Eskabideei eguna jarri, eta ondo bete eta sinatu eta gero, honako toki hauetakoren batean aurkeztu beharko dira, eskatutako dokumentuekin batera:
a) Beka zein ikasketa egiteko eskatu, ikasketa horiek egiten diren ikastetxeetan.
b) Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak eta apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak aipatzen dituzten bulegoetan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena; 72/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa).
2.– Eskabideak eta behar diren agiriak aurkezteko epea deialdia EHAAn argitaratu eta biharamunetik hilabetera amaituko da. Eskabidea ikastetxearen bitartez aurkezten bada, eskabidea bertan aurkezteko epea urriaren 15ean amaituko da.
3.– Beka- edo laguntza-eskabideak epe horretatik kanpo aurkeztu ahal izango dira kasu hauetan:
a) 2012ko urriaren 31tik aurrera egiten diren matrikulak badira, betiere matrikula-eskabidearen kopiarekin batera eskatzen bada.
b) Aipatutako epea igaro ostean familiaren eusle nagusia hiltzen bada, edo arauzko adina betetzeagatik ez den bestelako arrazoirengatik nahitaezko erretiroa hartzen badu.
c) Justifikatutako arrazoi larriren bat dela-eta, familiaren ekonomia-egoera larriki kaltetzen zaien ikasleak.
Nolanahi ere, 2014ko apirilaren 30a arte baino ez dira eskabideak onartuko.
23. artikulua.– Eskabide inprimakiak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– 2012-2013 ikasturtean beka edo laguntza lortu eta 2013-2014 ikasturtean ikastetxe berean jarraitzen duten ikasleek datu-orri ofiziala (2. eredua) aurkeztuko dute.
NAN eguneratuen kopiak erantsi beharko dira, baldin eta aurreko deialdietan aurkeztutako identifikazio-agirietan kide konputagarriren bat edo batzuk identifikatzeko aldaketarik izan bada.
2.– 2012-2013 ikasturtean ikasteko beka edo laguntzarik lortu ez badute, ikasleek eskabidearen datu-orri ofiziala (1. eredua) aurkeztu beharko dute, eta horri, behar izanez gero, 2012. urteko dokumentu hauetako batzuk erantsiko dizkiote:
a) Kide konputagarri guztien NANaren fotokopia bana. Atzerriko herritarren kasuan, egoitza-txartelaren, egoitza izateko baimenaren edo nortasuna egiaztatzeko beste edozein agiriren kopiak.
b) Hiri eta landa ondasun higiezinen gaineko zergaren ordainagirien fotokopia.
c) Familia- eta ekonomia-independentziaren egiaztagiriak.
d) Harrerari buruzko foru-agindua eta aldundiak erabakitako harrerako baldintzak.
e) Bizikidetza-unitateak 2012. urtean eskuratutako diru-sarrerei buruzko datuak eskatzen dituen eskabide-orri ofizialeko paragrafoa bete beharko dute eskatzaileek, baldin eta 2012. urtean Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenik egin beharrik ez zuten bizikidetza-unitateek edo aitorpen horretan unitatearen diru-sarrera guztiak jasotzen ez badira. Horrekin batera, diru sarrera horiek egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko dituzte.
f) Deialdi honetako 17. artikuluan unitate-errentan kenketak egiteko eskubidea izateko zehazten diren egoerak egiaztatzeko dokumentazioa.
3.– Aurreko 1. eta 2. ataletan aipatutako kasuetan, Errentaren Aitorpena ikasleak ikasten duen ikastetxea dagoen autonomia-erkidego edo lurralde historikoa ez den beste batean aurkeztu duten bizikidetza-unitateek, aurreko atalean aipatutako dokumentazioaz gain, ondorengo agiriak aurkeztu beharko dituzte:
a) 2012ko ekitaldiko eusle nagusiaren Errentaren Aitorpenaren fotokopia guztiak eta, behar izanez gero, zerga horrekiko aitorpena egin beharra duten gainerako kide konputagarriena. Langile autonomoak izanez gero, jardueraren etekinak kalkulatzeko deklarazio-orri bat ere aurkeztu beharko da.
b) Kide konputagarri guztiek lortutako diru-sarrerak egiaztatzen dituzten agiriak: diru-sarrera salbuetsiak, zenbatekoak direla-eta aitortu gabeko diru-sarrerak, balore higigarrien errendimenduak, banku-gordailuak, kontu-korronteen interesak...
c) Profesional eta enpresaburuek aurkeztutako ordainketa zatikatuen aitorpenen fotokopiak.
24. artikulua.– Eskabideak kudeatzea.
1.– Beka edo laguntza zein ikastetxetarako –hezkuntza-zerbitzua ematen duena– eman, ikastetxe horrek funtzio hauek bete beharko ditu:
a) Ikasteko beka edo laguntzei buruzko jarraibideak edo horri buruzko informazio-materiala jasotzea, eta berari, berriz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko lurralde-ordezkaritzako beka-unitateak emango dio.
b) Ikastetxeko ikasleei eta familiakoei horien berri ematea; ikasketa laguntzaren bat lortu nahi badute zer egin behar duten jakinaraztea.
c) Prozesuaren jarraipena egitea, eskatzaileei behar beste informazio emanez.
d) Ikastetxeko zuzendariak edo, behar izanez gero, idazkariak egiaztatuko du egiazkoak diren ala ez eskabidearen datu-orrian datu akademikoei, joan-etorriei, ikasketei, kuotari eta jantokiari buruz eskatzen diren datuak.
e) Ikastetxeek eskabideak eta horiei erantsitako dokumentazioa bideratu, eta prestatuko dituzte. Zerrenda bikoiztuetan prestatuko dituzte, eta hurrenkera alfabetikoaren arabera antolatu. Gero, lurralde-ordezkaritzari dagokion Zuzenean Zerbitzuan aurkeztuko dituzte, edo mezulariz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailera bidali.
2.– Aurkeztutako eskabide eta dokumentazio guztia jasoko du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, eta prozedura izapidetuko du, ebatzi arte.
3.– Kudeaketa Ekonomikoko Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan araututako beka eta laguntzak.
25. artikulua.– Prozedura ebaztea.
1.– Eskabideak lurralde-ordezkaritzetan jaso ostean, beka edo laguntzaren behin-behineko ebazpena proposatuko du Hezkuntzako lurralde-ordezkariak, eta Kudeaketa Ekonomikoko Zuzendaritzara bidaliko du, laburpen ekonomikoarekin batera.
Behin-behineko ebazpena proposatzeko, kontuan izango da deialdi honen 27,2 artikuluan azaltzen den lehentasun-ordena eta, edonola ere, kreditua agortzen denean, ebazpena ukatzeko izango da.
2.– Lurralde historikoetan lurraldeko balorazio-batzordeak sortuko dira, ebazpen-proposamena eman aurretik gerta daitezkeen gorabeherak ebazteko.
Batzorde horiek lurralde-ordezkaritzako arduradunak, Aurrekontuetarako eta Hezkuntza-administraziorako zerbitzuburuak eta beken teknikariak osatuko dituzte. Azken horrek idazkari jardungo du, eta hitza eta botoa izango ditu.
3.– Kudeaketa Ekonomikoko zuzendariak behin-behineko ebazpena eman, eta interesdunei banan-banan jakinarazteko eskatuko du; ematen diren osagaiak eta zenbatekoak adieraziko dira jakinarazpenean; bestela, ukatuz gero, ukatzeko arrazoia azalduko da.
Jakinarazpenak bide emango du jaso, eta 15 egun naturaleko epean, interesdunak alegazioak jarri edo bere interesak defendatzeko egoki irizten dituen dokumentuak aurkezteko, eta ondoren azaltzen diren 4. eta 5. ataletan aurreikusten diren izapideen berri eman beharko du.
4.– Behin-behineko ebazpenaren kontra alegazioak jartzeko epea igaro eta gero, alegaziorik jarri ez duten eskabideen gaineko behin betiko ebazpena emango da. Kudeaketa Ekonomikoko Zuzendaritzak emango du behin betiko ebazpena, eta horren berri emateko, ebazpena Euskadi.net webguneko iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da.
Behin-behineko errekurtsoari alegazioak jartzen zaizkionean, horiek egiaztatu eta egin beharrekoak egin ostean, Kudeaketa Ekonomikoko Zuzendaritzak behin betiko ebazpena emango da, aurreko atalean azaltzen diren datuak kontuan hartuta. Ebazpen hori jakinarazteko, berriz, Euskadi.net webguneko iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da.
5.– Behin betiko ebazpenaren aurka, gorako errekurtsoa jarri ahal izango zaio Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari hilabeteko epean, betiere behin-behineko ebazpena behin betiko ebazpen bilakatu edo behin betiko ebazpena lurralde-ordezkaritzako iragarki-taulan argitaratzen denetik aurrera.
6.– Sei hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko dira laguntzak, deialdia argitaratzen denetik aurrera. Epe hori bukatuta ebazpen adierazirik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44. artikuluan.
26. artikulua.– Egoera berriak haztatzea.
1.– Aintzat hartuko da eskatzaileak alegatzen duenean 2012az geroztiko urteetan apur bat aldatu dela kide konputagarrien egoera ekonomikoa. Egoera ekonomiko berria aintzat hartzeko, berau eragin duten gertakariak eta inguruabarrak azaltzen eta egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko dira.
2.– Halaber, beka edo laguntza ematerakoan edo ukatzerakoan, familiaren ondarea osatzen duten ondasunen izaera haztatuko da, bai eta errenta osatzen duten diru-sarrerena ere, batez ere kaleratzeengatiko kalte-ordainen edo kide konputagarrien ekonomia-egoeran kalte larriak eragiten dituzten bestelako gorabeheren kasuan.
3.– Bizikidetza-unitatearen pertsona euslea hiltzen bada edo ezinbestean erretiratzen bada, edota ikaslearen familiaren egoera ekonomikoa oso kalteturik gertatzen bada –betiere justifikatutako arrazoiren bat dela eta–, aintzat hartu ahal izango dira bai inguruabar horiek baita unitatearen ekonomian duten eragina ere, sortutako egoera berria kontuan hartuta.
27. artikulua.– Esleipena ebaztea.
1.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak deialdi honetan xede horretarako esleituta dauden diru-atalen arabera emango ditu bekak eta diru-laguntzak.
2.– Ikasteko beka edo laguntza lortzeko lehentasun-hurrenkera hau izango da:
a) 2012-2013 ikasturtean unibertsitateaz kanpoko mailetako beka- eta laguntza-deialdiko bekadun izandako eskatzaileak:
Derrigorrezko Hezkuntza.
Derrigorrezkoa ez den hezkuntza.
b) Gainerako eskatzaileek:
Derrigorrezko Hezkuntza.
Derrigorrezkoa ez den hezkuntza.
Irakaskuntza bakoitzaren barnean, aurkeztutako eskabideen artetik lehentasuna izango dute per capita errentarik txikienak dituztenek.
28. artikulua.– Beste erakundeekiko lankidetza.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Foru Aldundietako Ogasun Sailen laguntza kudeatuko du helburu hauek lortzeko:
1.– Baliabide tekniko fiskalak erabiltzea, eskatzaileen familien errenten eta ondarearen benetako balioak neurtu ahal izateko.
2.– Kasu jakin batzuetan egiaztatze eta kontrol lanetarako laguntza teknikoa jasotzea. Eragiketa horietan eraginkortasun handiagoa lortzeko, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Foru Aldundietako Ogasun Sailetako Datuak Prozesatzeko Zentroei eskatuko die banaka edo bereziki ikertu behar diren kasuen zerrenda.
29. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.
1.– Laguntza dena batera ordainduko da hilabeteko epean, Kudeaketa Ekonomikoko zuzendariak behin betiko ebazpena ematen duenetik aurrera.
2.– Eskatzaileak eskabidean jartzen duen kontuan sartuko da laguntzaren zenbatekoa. Ez dira hala ordainduko, ordea, kudeaketa zuzeneko jantoki-zerbitzua duten ikastetxe publikoetan ikasten duten ikasleen laguntzak eta Haurreskolak Partzuergoko ikasleei dagozkien laguntzak. Kudeaketa zuzeneko jantoki-zerbitzua duten ikastetxeen kasuan, jangelarako laguntza ikastetxearen kontuan sartuko da eta Haurreskolak Partzuergoko ikasleei dagozkien laguntzak, berriz, Partzuergo horren kontuan.
3.– Helegiteei aurkeztutako alegazioen ondorioz emandako laguntzen zenbatekoa gorantz aldatu beharko balitz, ordainketa osagarri bat egin beharko da hilabeteko epean, aurkeztutako helegitea osorik edo zati batean onesten duen ebazpena ematen den egunetik kontatzen hasita.
30.– artikulua. Aldatu, indargabetu eta itzultzea.
1.– Aldaketa gauzatzea adostu daiteke baldin eta beka edo laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, bestelako diru-laguntzak pilatuta eskuratzen badira eta helburu bera duten bestelako diru-sarrera edo baliabideak jasotzen badira. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 49.12 artikuluari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua), bekak emateko ebazpena aldatzen bada, beka edo laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak babestu behar dira.
Beka emateko ebazpena aldatzen duen erabakia emateko, aurretik entzunaldiaren eta espedientearen ikustaldiaren izapideak egingo dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 84. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Laguntza jada ordainduta egonez gero, dagokion zenbatekoaren itzulera adostuta egon behar da.
2.– Ezeztatu, eta hala badagokio, itzuli egingo da beka edo laguntza emandako helburu espezifikorako erabiltzen ez denean, laguntza eskuratzeko eskatutako baldintzak betetzen ez direla egiaztatzean, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan jasotako gainerako kasuetan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua). Ezeztatzea erabaki ondoren, emandako zenbatekoa oraindik ordaindu ez bada, ezingo da hori ordaintzea eskatu, eta ordainduta egonez gero, jasotako zenbatekoak eta horien legezko interesak itzuli beharko dira.
Itzultzeko prozedura, berriz, aipatutako Legearen 53.4 artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan xedatzen da.
Itzultzea agintzen duen ebazpenean informazio zehatza eskainiko da obligaziodunak dirua itzultzeko betebeharra bete dezan, bai eskudiruz, bai txekez edo Ogasun eta Finantzetako sailburuak baimendutako beste edozein bide erabiliz. Horretarako, hil biko epea emango zaio, dirua itzuli behar duela dioen ebazpena jakinarazten zaionetik aurrera.
Itzuli beharreko diruaren zenbatekoaren eta ikaslearen bizikidetza-unitatearen ahalmen ekonomikoaren arabera, Ogasun eta Finantza Sailak ordainketa gehienez hiru zatitan eta urtebeteko epean egitea onar dezake, interesdunak horrela eskatuz gero, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan diru-bilketaren inguruan indarrean dagoen araudiak xedatutakoari jarraituz.
Eskuratutako zenbatekoak borondatez itzultzen ez badira, premiamendu-bideari ekingo zaio.
3.– Ikasketa-laguntzak aldatzeko, indargabetzeko edo itzultzeko ebazpenen berri eman ahal izango zaie agintari fiskal, akademiko edo, hala badagokio, judizialei, sor daitezkeen gainerako erantzukizunak eskatzeko.
31. artikulua.– Bateragarritasuna.
1.– Eibarko Hezkuntza Esparruko ikasleek eskatzen dituzten laguntzak bateragarri izango dira bertako ikasle izateagatik jaso ditzaketen onurekin, baldin eta onura horiek hartzen ez dituzten gastuei aurre egiteko badira. Hortaz, bateraezina izango da gastu kontzeptu bererako bi laguntza jasotzea.
2.– Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko laguntzak bateragarriak izango dira erakunde publiko edo pribatuetatik helburu bererako jaso daitekeen beste edozein onurarekin, betiere horiek guztiak batuta ez bada gainditzen laguntzaren xede den gastuaren % 100. Kasu horretan, dagokion zenbatekoa murriztu egingo da.
3.– Deialdi honen I. eranskinean araututako gainerako ikasketa-laguntzak bateraezinak izango dira helburu bererako beste erakunde publiko edo pribatuetatik jaso daitezkeenekin.
32. artikulua.– Ikuskatzea.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ahalmena izango du datuak benetakoak direla egiaztatzeko eta egiaztarazteko egin beharreko egintzak burutzeko eta agindu honen I. eranskinean araututakoa betearazteko.
RSS