
201. zk., 2013ko urriaren 21a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (231 KB - 11 orri.)
- EPUB (105 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4470
AGINDUA, 2013ko urriaren 2koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2013-2014 ikasturtean Eskolatze Osagarriko Programak garatzeko diru-laguntzetarako deia egiten duena.
Euskal Eskola Publikoaren otsailaren 19ko 1/1993 Legeak neurri positiboak hartzea aurreikusten du, diskriminazio-egoerak desagertzen laguntzeko eta hezkuntzarako eskubidea benetan erabil dadila bermatzeko.
Urriaren 16ko 175/2007 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortu eta ezarri zen, eta dekretu horren 24. artikuluak ezartzen ditu aniztasuna tratatzeko neurriak; 1. puntuan, berriz, dio neurri hauek xede hauek dituztela: ikasleen berariazko hezkuntza-premiei erantzutea eta ikasleek curriculumean jasotako oinarrizko gaitasunen gutxieneko mailak eskuratzea. Nolanahi ere, neurri horiek, bide bat ireki behar dute adierazitako helburuak eta xedeko titulazioak lor ditzaten ikasleek. 24.4 artikuluan xedatzen denez, Eskolatze Programa Osagarriek neurri horiek jasoko dituzte.
Era berean, 175/2007 Dekretuak 31. artikuluan garatzen ditu puntu horiek, eta ezartzen du heziketa-prozesuan berariazko laguntza behar duten ikasleentzat egin direla Eskolatze Osagarriko Programak. Izan ere, ikasle horien laguntza-premiak ezaugarri pertsonal larrietan edo eskola-historialean oinarritzen dira. Dena den, ikasleok programan sartu aurretik, agortuta egon behar dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzak aniztasunari arreta emateko aurreikusita dituen neurri guztiak.
Azkenik, 31.3 artikuluak ezartzen duenez, Eskolatze Osagarriko Programak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza irakasten duten ikastetxe publikoetan egingo dira edo, bestela, gizarteko edo hezkuntzako esku-hartzea egiten duten erakunde eta entitateetan. Azken erakunde eta entitate horiek programa osagarri horiei buruzko hitzarmen edo itun bat izenpetuko dute Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, gaur egun), berariaz egingo diren deialdien bidez.
Ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuak, hezkuntza premia bereziko ikasleei eskola orohartzaile eta integratzailearen esparruan eman beharreko erantzuna arautzekoak, 23.3 artikuluan ahalmena ematen dio hezkuntza-administrazioari Eskolatzeko Programa Osagarriak ezartzeko salbuespeneko egoerei erantzuteko. Programa horiek zuzenean hezkuntza-administrazioak ezar ditzake edo hezkuntzan esku hartzen duten beste erakunde eta entitateekin lankidetzan, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak har ditzakete aldi baterako, Hezkuntzari laguntzeko zerbitzuei jarraituz, baldin eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren esparru orokorrean hartutako neurriak nahikoak izan ez badira.
Eginbehar horiek zehaztu eta garatzeko argitaratu da 2002ko maiatzaren 7ko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua, gaur egun), 1998ko uztailaren 30eko Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua, gaur egun) , aldatzen duena. Agindu horrek hezkuntzaren arloko hainbat ekintza arautzen ditu gizarte eta kulturaren aldetik egoera txarrean dauden ikasleentzat, eta baita zenbait neurri ere eskolara egokitzako zailtasun larriak dituzten ikasleentzat. 1998ko uztailaren 30eko Aginduaren V. Kapitulutan arautzen dira programa horiek.
Hori guztia kontuan hartuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen helburua udalei, mankomunitateei edo horiek sortutako erakundeei, irabazi-asmorik gabeko erakundeei eta itunpeko ikastetxeei deia egitea da, Eskolatze Osagarriko Programak garatzeko diru-laguntzetarako deia, 2002ko maiatzaren 7ko Aginduak, 1998ko uztailaren 30eko Agindua aldatzen duenak, 14.2 artikuluan zehaztutako baldintzetan. Agindu horrek hezkuntzaren arloko hainbat ekintza arautzen ditu gizarte edo kulturaren aldetik egoera txarrean dauden ikasleentzat eta eskolara egokitzeko zailtasun larriak dituzten ikasleentzat.
2.– Programak, eskatzen dituzten ikasleak bizi diren tokietan kokatuko dira. 2013-2014 ikasturterako, programa horien beharra aurreikusita dago hiri hauetako batzuetan:
Donostia
Errenteria
Arrasate
Irun.
Zumarraga
Barakaldo
Bilbo.
Urtuella
Portugalete
Sopuerta
Vitoria-Gasteiz
3.– Hezkuntza-administrazioak bere esku du egokien iritzitako Eskolatze Osagarriko Programaren taldera atxikitzea ikasleak.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
2013-2014 ikasturtean programa horiek garatzeko erabiliko den diru-kopurua 1.202.450 eurokoa da. Gehieneko diru kopurua, programako, 57.259 eurokoa izango da. Gehienez ere 21 programa onartuko dira.
3. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.
2.– Administrazio elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu zuen Telekomunikazio zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.
3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainontzeko ereduak bide elektronikotik izapidetzeko argibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskura daitezke: https://euskadi.net
4.– Eskabideak aurkeztu ondoko izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan egingo dira, https://www.euskadi.net helbidera jota.
5.– Bitarteko elektronikoen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan izapideak egiteko ordezkari bat izendatzen denean, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Ordezkarien Erregistro Elektronikoan: https://euskadi.net
4. artikulua.– Eskabideen aurkezpena eta epeak.
1.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira; aurkezteko epea 15 egunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.
2.– Dokumentazioa nola aurkeztu jakiteko eta inprimaki normalizatuak eskuratzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo behar da: https://euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2013/pec/es/
3.– Erakundeek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentuak. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, hala xedatuta baitago Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan.
4.– Eskabidearekin batera, erakunde onuradunek programako proiektua aurkeztu beharko dute. Proiektuak honako puntu hauek jasoko ditu:
● Irizpide pedagogikoak: helburu orokorrak, metodologia eta ebaluatzeko prozedurak.
● Prestakuntza-planaren eskema. Egutegia, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak DBHrentzat proposatutakoari egokitua. Ikasleei kasu egiteko asteko ordutegia, gutxienez astean 24 ordukoa. Ikaslearen erreferentziako ikastetxearekiko koordinazioa, astean gehienez ere 30 ordukoa den aldeak bere horretan jarrai dezan erreferentziako ikastetxean.
● Ikaslearen jarraipen- eta koordinazio-plana, jatorriko ikastetxearen eta harrera-ikastetxearen artean ezarritakoa, ikastetxe bakoitzeko erreferentziazko pertsonak zehaztuta dituena.
● Orientazio-plana.
● Azpiegitura, eta giza baliabide eta baliabide material erabilgarriak.
● Gastu-aurrekontua.
5.– Irabazi-asmorik gabeko erakundeen eta itunpeko ikastetxeen kasuan, erakunde edo ikastetxeko idazkariaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, diru-laguntza eskatu behar duen organoak hartutako erabakiarena alegia, eta agiri horretan, diru-laguntza horrek zer helburu eta zer zenbateko dituen adierazi behar da.
5. artikulua.– Erakunde eskatzaileek bete beharreko baldintzak.
1.– Diru-laguntzak jasotzeko, erakunde horiek izaera juridikoaren arabera legez eratuta egon behar dute eta gainera, egiaztatu behar dute nor den haren ordezkaria, eta ordezkari horrek erakundea ordezkatzeko behar besteko boterea duela.
a) EAEko udalek, mankomunitateek edo horiek sortutako erakundeek.
b) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten irabazi-asmorik gabeko erakundeek.
c) Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten itunpeko ikastetxeek.
2.– Eskatzaileak ez du izan behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, eta ezta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetako seigarrena).
3.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izan behar ditu.
4.– Ez du izan behar hitzarmenik beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin, programa honi dagokion diru-laguntza jasotzeko, edo ez du jaso behar aurrekontuaren % 50 baino handiagoa den diru-laguntzarik, beste edozein bidetatik.
5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.
6. artikulua.– Erakunde eskatzailearen betekizun batzuk egiaztatzea.
1.– Erakunde eskatzaileek egiaztatu egin beharko dute erakundea –bere izaera juridikoaren arabera– legez eratuta dagoela, nor den haren ordezkaria, eta ordezkari horrek erakundea ordezkatzeko behar besteko boterea duela.
2.– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta horretarako ez da zertan eskatzaileen baimenik behar izango, Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
3.– Eskariek aukera bat izango dute, diru-laguntzak eskatzen dituzten erakundeek beren-beregi adieraz dezaten baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu guztiak lortu edo egiaztatzeko.
4.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (eskabide-orrian bertan azaltzen da), betebehar hauek egiaztatuko dira:
a) Helburu berdinarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskatu eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.
b) Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne direla, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.
c) Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.
5.– Gainera, erantzukizunpeko adierazpen batek ordezka ditzake honako betekizun hauek:
a) Udal, mankomunitate edo erakunde publikoen kasuan:
● Erakunde eskatzaileak ez du izan behar hitzarmenik beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin, programa honi dagokion diru-laguntza jasotzeko, edo, hala gertatuko balitz, diru-laguntza hori ez da izan behar programaren gastuen % 50 baino handiagoa, eta zehaztu egin behar da zenbatekoa.
b) Irabazi-asmorik gabeko erakundeen eta itunpeko ikastetxeen kasuan:
● Erakunde eskatzaileak ez du izan behar hitzarmenik beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin, programa honi dagokion diru-laguntza jasotzeko, edo, hala gertatuko balitz, diru-laguntza hori ez da izan behar programaren gastuen % 50 baino handiagoa, eta zehaztu egin behar da zenbatekoa.
● Itunpeko erakunde edo zentroko organo eskudunak diru-laguntza eskatzeko erabakia hartu duela, diru-laguntza horrek zer helburu eta zer zenbateko dituen jakinik.
● Erakundea Euskal Autonomia Erkidegoan dagokion erregistroan eratua eta erregistratua egon behar da, legeak agindu bezala.
6.– Adierazi diren betekizun horiek guztiak egiaztatu egin behar dira diru-laguntza ematen dela ebatzi aurretik, bai dagokion egiaztagiriak aurkeztuta, bai administrazioak –eskatzaileak aurrez baimenduta– egingo duen egiaztapenaren bidez.
7. artikulua.– Eskolatze Osagarriko Programetako partaideak.
1.– 14 urtez gorako eta 16 urtez beherako ikasleak, Eskolatze Osagarriko Programetan parte hartzeko gai direnak, 1998ko uztailaren 30eko Agindua aldatzen duen 2002ko maiatzaren 7ko Aginduaren 14.1 artikuluan zehaztutako baldintzetan. Agindu horrek hezkuntzaren arloko hainbat ekintza arautzen ditu gizarte edo kulturaren aldetik egoera txarrean dauden ikasleentzat eta eskolara egokitzeko zailtasun larriak dituzten ikasleentzat.
2.– Programa hasten den egunerako 14 urte beteta izan beharko dituzte. 16 urteak kontatzeko, dagokion urteko abenduaren 31 hartuko da kontuan.
3.– Eskolatze Osagarriko Programetako ikasleak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak proposatuko ditu, lurralde bakoitzeko Pedagogi Berrikuntzako Lurralde Burutzen bitartez, 1998ko uztailaren 30eko Agindua aldatzen duen 2002ko maiatzaren 7ko Aginduaren 16. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Agindu horrek hezkuntzaren arloko hainbat ekintza arautzen ditu gizarte edo kulturaren aldetik egoera txarrean dauden ikasleentzat eta eskolara egokitzeko zailtasun larriak dituzten ikasleentzat.
8. artikulua.– Irakasleak.
1.– Prestakuntza-arloak emango dituzten irakasleek osatuko dute elkarrekin lan egingo duen prestatzaile taldea. Hona hemen talde horren osaera:
● Oinarrizko lanbide-teknikak irakatsiko dituen Lanbide Heziketako irakasle teknikoa, kasuan kasuko lanbidean aditua izan beharko duena.
● Oinarrizko prestakuntza irakatsiko duen irakasle bat, unibertsitateko diplomatu edo lizentziatua. Komunikazio-arloa eta zientzia- eta teknologia-arloa.
2.– Halaber, programan jarraitutasunez esku hartzen duten beste profesional batzuek ere (psikologoak, gizarte-hezitzaileak, gizarte-laguntzaileak, gorputz-hezkuntzako irakaslea) prestatzaile taldean parte hartu ahal izango dute. Irakasleen kontratuak ikasleen ikasturteak baino lau aste gehiago iraungo du gutxienez.
Ikaslerik gabeko aldia (eskolarik gabeko garaia, beraz) honako lan hauek egiteko egokia den moduan antolatuko da:
a) Ikasturte-hasiera:
– Ikasleei egiteko elkarrizketak.
– Hasierako ebaluazioa.
– Ikasgelako curriculum-materialak eta programazioa egitea.
b) Ikasturte-amaiera:
– Ikasleen azken ebaluazioa.
– Ebaluazioa eta ikasturteko emaitzak.
– Azken txostena eta txosten ekonomikoa egitea.
9. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak –deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko arduradun den aldetik– ikusten badu aurkeztutako dokumentuetan akatsak daudela, hamar eguneko epean zuzentzeko edo behar diren arauzko agiriak ekartzeko eskatuko dio interesdunari, eta ohartaraziko dio ezen, horrela jokatu ezean, eskaerari uko egin diola interpretatuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak 42. artikuluan xedatutakoaren arabera.
10. artikulua.– Eskabideak bidaltzea.
Eskabideak aurkezteko epea amaituta, Lurralde Ordezkaritza bakoitzeko Osabidezko eta Helduen Hezkuntzako Unitateek, proiektu bakoitzerako, txosten bat egingo dute. Txosten horretan adieraziko da zenbateraino komeni den eskatutako diru-laguntza ematea, baita zein lotura dagoen eskabidean ageri diren jardueren eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak kolektibo horiei laguntzeko emandako gomendioen artean ere.
11. artikulua.– Hautapen-batzordea.
1.– Batzorde batek aztertu eta hautatuko ditu eskabide guztiak. Ondoko hauek izango dira batzorde horretako kide:
● Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria edo hark ordezkari izendatzen duena.
● Lurralde Ordezkaritza bakoitzeko Osabidezko eta Helduen Hezkuntza Zerbitzutik horretarako hautatutako pertsona bat.
● Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatutako pertsona bat, zeinak idazkari-lanak egingo baititu.
2.– Hautaketa Batzorde horrek, 12. artikuluan zehaztutako aukeraketa-irizpideak oinarri hartuta, lehentasunen arabera zerrendatuko ditu eskabideak eta ebazpen-proposamena igorriko dio Hezkuntzako sailburuordeari. Eskabideren bat deialdiarekin bat ez badator, beste zerrenda batean ezarriko da, dagokion agiri eta guzti.
12. artikulua.– Hautaketa-irizpideak.
1.– Diru-laguntzak emateko (lehiaketa-prozedura bidez egingo da), ondoko irizpide hauek kontuan izanik, eskabideen lehenespen bat ezarriko da:
a) Gazte-talde horiei laguntzeko Eskolatze Osagarriko Programen inguruan Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ezarritako irizpideekin bat etortzea, 3 puntu gehienez.
b) Jarduera-proiektuaren kalitatea, eta irizpide pedagogikoek eta Eskolatze Osagarriko Programen helburu eta planteamendu orokorrek elkarren artean duten lotura, 3 puntu gehienez.
c) Programan erabiltzeko giza baliabide eta baliabide materialak, 2 puntu gehienez.
d) Aurkeztutako aurrekontuaren koherentzia, langileen soldatak eta funtzionamendu-gastuak kontuan izanik.
2.– Talde bakoitzari emandako diru-laguntzaren kuantifikazioa egiteko, agindu honen 2. artikuluan zehaztutako modulu osoa hartuko da kontuan, eskatutakoaren mugarekin.
3.– Nolanahi ere, diru-laguntza lortzeko, balorazioan 5 puntu lortu beharko da gutxienez.
4.– Diru-laguntzak emateko, erakunde bakoitzak balorazio-fasean lortu duen puntuazioari jarraituko zaio, handienetik txikienera.
13. artikulua.– Diru-laguntzak ematea eta ukatzea.
1.– Hezkuntzako sailburuordeari dagokio, Hautaketa Batzordeak proposatuta, agindu honetan araututako deialdia ebaztea. Ebazpen horretan jasoko dira diru-laguntzarako eskubidea duten entitateak eta diru-laguntzaren zenbatekoa; halaber, diru-laguntzarako eskubiderik ez duten entitateak zeintzuk diren eta diru-laguntza zergatik ez zaien ematen ere jasoko da.
2.– Ebazpen hori bide elektronikoa erabiliz jakinaraziko da, gehienez ere hiru hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eta EHAAn argitaratuko da jendeak horren berri izan dezan.
3.– Epe hori pasa ondoren aipatutako ebazpena jakinarazi ezean, interesdunek beren eskaerak atzera bota direla interpretatu ahal izango dute, Administrazioak, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak xedatutakoaren arabera, espresuki ebazteko duen eginbeharraren kalterik gabe.
4.– Deialdi honetako diru-laguntzez gain beste edozein erakunde publikok edo pribatuk xede berarekin eman ditzakeenak ere jaso ahal izango dira, baina baldin eta xede berarekin lortutako diru-laguntzen kopuruak kostu orokorra gainditzen ez badu eta Agindu honen 5,4. artikuluan ezarritakoa betetzen bada. Aipatutako xederako lortutako diru-laguntzen kopuruak kostu orokorra gainditzen badu, kostu orokorretik gorako diru-zenbatekoa kendu egingo zaio deialdi honen ondorioz emandako diru-laguntzaren kopuruari.
5.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
14. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
1.– Diru-laguntza bi alditan ordainduko da.
● Lehenengo ordainketa, diru-laguntzaren % 60, diru-laguntza onartu bezain laster egingo da.
● Bigarren ordainketa, diru-laguntzaren gainerako % 40a, bitarteko txosten bat aurkeztu ondoren egingo da. Txosten horretan jasoko da proiektuaren ordura arteko garapena zein izan den, eta ikasle bakoitzaren banan-banako aurrerabidea ere bai. Txosten hori 2014ko apirilaren 1etik 30era bitartean aurkeztu beharko da. Memoria bide elektronikoak erabiliz aurkeztu behar da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/pec/eu/
2.– Administrazioak laguntzak eta diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean egon behar du. Hirugarren interesdunari alta emateko edo bere datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, bide elektronikoa erabiliz. Erregistro hori Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailean dago, helbide honetan: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net/r51-341/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html
15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko agiria jasotzen denetik aurrera, 15 eguneko epea izango dute erakunde onuradunek diru-laguntzari uko egiten diotela berariaz eta idatziz adierazteko; osterantzean, diru-laguntza onartu egiten dutela ulertuko da.
b) Diru-laguntza zertarako eman den, helburu horretarako erabiltzea, eta ez beste ezertarako.
c) Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzan justifikatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla, bai eta jarduera gauzatu dela ere.
d) Diru-laguntza eman dion administrazioari xede bererako lortu duen beste edozein laguntzaren berri ematea, hala agintzen baitu Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Testu Bategina, 1998ko urtarrilaren 19ko EHAA).
e) Diru-laguntza jasotzen duen erakundeak programa garatzeko erosten duen tresneria, bestalde, bakarrik erabiliko da programa horretako jardueretarako. Materiala erosi ahala, tresneriaren berariazko inbentarioan jaso beharko da. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eta dagokion erakundearen baimen adierazia beharko da tresneria inori erabiltzen uzteko edo, hala badagokio, emateko.
f) Diru-laguntza eman duen administrazioak egin beharreko egiaztapen-ekintzei eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko kontrol-ekintzei laguntza ematea, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan bertan adierazten denez.
g) Erakunde eskatzaileak honako gastu hauek hartuko ditu bere gain: programa egiteko lokalenak, lokal horiek konpontzeko eta kontserbatzeko lanenak, eta ikasleentzat aseguru bat kontratatzearenak (eskola-aseguruak jasotzen dituen prestazio guztiak eskaini beharko ditu).
h) Erakunde onuradunaren ardura izango da ikastaroak antolatu eta burutzea eta, horretarako, beharrezko giza baliabideak nahiz baliabide materialak ziurtatzea. Langileek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak antolatuko dituen prestakuntza-ikastaroetan parte hartzeko aukera izango dute.
16. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.
2014ko ekainaren 27tik aurrera, erakunde onuradunek 2 hilabeteko epean honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/pec/eu/).
a) Programaren garapenaren memoria laburtua, honako puntu hauek jasoko dituena:
● Laburpena, eta diru-laguntza eskatzeko egindako programaren proiektuari egin zaizkion aldaketak.
● Taldeka edo banaka lortutako helburuak, programaren proiektuan aurreikusitako helburuak oinarri harturik.
● Emaitzen analisia, proiektuaren egokitasuna eta egin beharreko aldaketak zehaztu ahal izateko.
b) «Gastuen justifikazioa» inprimaki normalizatua:
● Nominen zerrenda, pertsonaka eta hilabeteka, bakoitzaren zenbatekoa eta enpresak Gizarte Segurantzari egiten dion ekarpena adierazita.
● Dokumentuen zerrenda, honako hauek jasotzen dituena: data, kontzeptua, guztizko zenbatekoa, kopuru egozgarria -hala egokituz gero- eta ordainketa-data.
● Erantzukizunpeko adierazpena, honako hau adierazten duena: erakunde eskatzaileak inbentarioan sartu duela diru-laguntzaren kargura inbentarioan sartzeko moduko materiala.
● Erantzukizunpeko adierazpena, honako hau adierazten duena: emandako diru-laguntzaren xedea eta helburua bete direla, eta hartara bideratutako zenbatekoak egiaztatu direla.
c) Dokumentazio justifikatzailea - «Gastuen justifikazioa» inprimaki normalizatuan jasotako nominak.
d) Dokumentazio justifikatzailea - «Gastuen justifikazioa» inprimaki normalizatuan jasotako ordainagiriak eta fakturak.
17. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko erakundea.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
18. artikulua.– Diru-laguntzak emateko baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetan aldaketarik gertatu bada, betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, eta, hala dagokion kasuan, beste erakunde publiko edo pribaturen batetik bestelako diru-laguntza edo laguntzak ere jaso badira, aldatu egin ahal izango da diru-laguntzak ematen dituen ebazpena. Horretarako, likidazio-ebazpena emango du Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak, eta, hartan, emandako diru-laguntzen kopuruak doituko dira.
19. artikulua.– Betebeharrak ez betetzea eta itzulketako prozedura.
1.– Diru-laguntza emateko baldintzak nola edo hala betetzen ez direla frogatzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio jasotako dirua, batetik, eta bestetik, sortutako legezko interesak, hala agintzen baitute azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak. Itzultzeko modua ere aipatutako dekretuetan jasotzen da. Eta batik bat kasu hauetan:
a) Justifikatzeko betebeharra bete ez bada.
b) Diru-laguntza ez bada erabili eman zen helbururako.
c) Baldintzak bete gabe jaso bada laguntza.
d) Agindu honetan ezarritako betebehar bat edo batzuk bete ez badira.
e) Jardueraren kostua kontuan izanda, gehiegizko finantzaketa gertatu bada.
2.– Baldintzak betetzen ez direnean, itzultzeko erabili beharreko prozedura lehen aipatutako azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992-02-07ko EHAA) xedatzen denaren araberakoa izango da. Diru-laguntza edo laguntzaren kontzeptua dela-eta behar ez bezala jaso diren diru-kopuruak itzultzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen abuztuaren 31ko 212/1998ko Dekretuan ezarritako modalitateei jarraituko zaie, eta itzulketa Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiaren izenean egingo da, betiere kontuan hartuta maiatzaren 2ko 69/2007 Dekretuaren bidez sartutako aldaketak.
20. artikulua.– Proiektuaren jarraipena.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak egingo du, ikastetxe onuradunak lagunduta, proiektua gauzatzeari eta aplikatzeari dagokion ebaluazioa eta jarraipena. Ikastetxeak ikasleen bilakaerari eta ikaskuntza-mailari buruzko beharrezko informazioa emango du, ikasleen banakako jarraipena egin eta programaren funtzionamendu orokorra ebaluatu ahal izateko.
21. artikulua.– Onuradunek diruz laguntzen diren jarduerak azpikontratatzea.
1.– Onuradunak aukera izango du jarduera hori azpikontratatzeko, eta azpikontratazioa gertatu dela ulertuko da baldin eta onuradunak hirugarrenekin hitzartzen badu jarduera osorik edo zati batean gauzatzea. Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatzen duen jarduera hori, gainera, diruz lagundutako jardueraren % 100era iritsi ahal izango da.
2.– Onuradunaren aurrean baino ez daude behartuta kontratistak, eta onuradunak osorik bereganatuko du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen ardura Administrazioaren aurrean.
3.– Onuradunaren eta kontratistaren arteko kontratua idatzizkoa izango da, eta Administrazioak aldez aurretik onartu beharko du.
4.– Inolaz ere ezingo da jarduerarik azpikontratatu, baldin eta diruz lagundutako jardueraren kostua gehitzen badu eta jardueraren edukiari inongo balio erantsirik ematen ez badio.
22. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.
Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoari jarraituz, deialdi hau bideratzean bildutako datu pertsonalak «19, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren prestakuntza eta berrikuntza proiektuak» fitxategian sartuko dira (parte-hartzaileek baimena eman dute datu horiek tratatu eta argitara emateko). Fitxategi horren xedea da diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea eta deialdian parte hartzen duten pertsonei deialdiaren garapenaren berri ematea. Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Sarbide-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, deialdi honen parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari, beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren frogatzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honetan aurreikusi gabeko orotarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak dioena aplikatuko da.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari baimena ematen zaio agindu hau aplikatzeko behar diren jarraibideak eman ditzan.
AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2013ko urriaren 2a
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
RSS