Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

201. zk., 2013ko urriaren 21a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4465

AGINDUA, 2013ko ekainaren 10ekoa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Fundación Instituto Gerontológico Matia Ingema fundazioaren estatutuen aldaketa onartzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Aztertuta geratu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzen duen espedientea. Hona hemen

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2012ko ekainaren 6an, bide telematikoz bidalitako eskritura publiko bat sartu zen Justizia eta Herri Administrazio Sailean. 2012ko maiatzaren 31n eman zen eskritura hori, Euskal Autonomia Erkidegoko Notarioen Elkargoko notario Miguel Gutiérrez y García de los Ríos jaunaren eskutik (protokolo-zenbakia: 409), eta Fundación Instituto Gerontológico Matia Ingema fundazioaren estatutuak aldatzeari buruzkoa zen.

Eskritura publiko horretan sartu zen José Antonio Aguirre Franco jaunak -fundazioaren patronatuko idazkari gisa, eta lehendakariaren oniritziarekin- 2012ko maiatzaren 2an –Donostian– emandako ziurtagiria, 2012ko martxoaren 28an Patronatuak egindako bilerarena, zeinean, besteak beste, aho batez onartu baitzen fundazioaren estatutuetako 2. eta 8. artikuluak aldatzea.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena eman dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuen aldaketa inskribatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Legearen 40. artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3. artikuluan; eta, Lehendakariak abenduaren 15ean Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko eman zuen 20/2012 Dekretuaren 6.1.r) artikuluan.

Bigarrena.– Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta, bereziki, hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 31. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikuluan eskatutakoak. Aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat dator aldaketa.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuko 4.2 artikuluan aurreikusi babeslaritza-funzioetan jardunez, 2013ko ekainaren 7an, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen zuzendariak emandako Ebazpenaren bidez, Fundazioaren estatutuen aldaketa onartu egin da, betiere dekretu horretako 33.1 artikuluarekin bat etorriaz eta, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legeko 31.1 artikuluan xedatutakoarekin.

Ikusirik aipatutako arauak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako «Fundación Instituto Gerontológico Matia Ingema» fundazioaren estatutuetako 2. artikuluaren aldaketa onartzea.

Bigarrena.– Fundazioaren estatutu-aldaketa hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatu dadila agintzea. Inskripzioa agindu honen datarekin egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoko Notarioen Elkargoko notario Miguel Gutierrez y García de los Ríos jaunaren aurrean 2012ko maiatzaren 31n egiletsitako eskritura publikoan ezarrita bezala (protokolo-zenbakia: 409).

Estatutuen 2. artikulua aldatzearen ondorioz, hauek dira helburuak, eguneratuta:

«Fundazioak helburu hauek ditu: zahartzearen edo edozein ezgaitasunaren ondoriozko bizi-baldintzak hobetzera bideratutako ikerketa, garapen, berrikuntza teknologiko eta zabalkunde zientifikoa.

Esandako guzti hori ondoko jarduerak burutuaz lortu nahi da:

a) Oinarrizko ikerkuntza burutzea, eta bai aplikatua eta teknologia garatzekoa ere.

b) Informazioa, aztertu eta zabaltzea, artearen egoera eta bere lan-arloko araudiak, bai eta inkestak, datu-bilketak eta arlo horretako beste zerbitzu batzuk egitea ere.

c) Fundazioaren antzeko helburuak badituzte, erakunde nazional edo nazioartekoekin (publiko zein pribatuekin) lankidetzan aritzea.

d) Laguntza arloan informatikako aplikazioak garatzeko eta mantentzeko zerbitzuak.

e) Hala eskatzen duten enpresa zein erakunde publikoei laguntza teknologikoa zabala ematea.

f) Desgaituen edo edadekoen bizi-kalitatea hobetzen badute, teknologia, kalitatea eta lehiakortasuna aurreratzeko den edozein jarduera.

Fundazioak helburu hauek ere izango ditu: pobreei, zaharrei eta gaixoei kasu egitea, zahartze eta desgaitasun arloetan garapena, berrikuntza eta prestakuntza bultzatzea, deialdietan eta lehiaketetan, eragile laguntzaileekin, eta zientzia, teknologia, enpresa, instituzio eta gizarte arloetan hitzarmenak sustatzea, beren emaitzak gizarteratzeko.

Aurreko paragrafoetan aipatutako interes orokorreko helburuak betetzeko, fundazioa José Matía Calvo fundazioarekin arituko da lankidetzan, fundazioaren entitate fundatzailea denez gero, bai eta beste entitate batzuekin ere, antzeko helburuak dituzten entitateekin alegia, berarekin lotura estua badute, bai fundazioak edo bere fundatzaileak eratu dituelako, bai horrelako lotura duen beste fundazio batzuekin eratu direlako eta José Matía Calvo fundazioaren hastapeneko printzipioak eta fundazio horren fundatzaileak ezarritako baldintzak errespetatzen badituzte.

Zehatz esanda, fundazioa José Matía Calvo fundazioarekin ez ezik, Grupo Matia fundazioarekin ere arituko da lankidetzan.

Fundazioak honako onuradun hauek izango ditu: pertsonen talde orokorrak eta zehazgabeak, bai juridikoak, bai fisikoak, hala eskatzen badute, arlo soziosanitarioan eta gizarte zerbitzuetan ikerkuntza teknologikoa garatzea badute helburutzat eta gehienbat Espainian badihardute. Onuradun izango dira, orobat, aurretiaz hala eskatzen dutenak eta arlo soziosanitarioan prestakuntza arloa garatzeko duten inplikazioa egiaztatzen dutenak.

Onura horiek jasotzeko orduan lehentasuna izango dute, hain zuzen ere, ongintzazko edo irabazi-asmorik gabeko erakundeek, baldin eta hitzematen badute lortutako onurak egoerarik ahulenean dauden kolektiboen alde erabiliko dituztela.

Pertsona fisikoei dagokienez, laguntza soziosanitarioak ez ezik laguntza horiek aplikatzeko baliabideak ere behar dituztenak izango dira onuradun».

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta fundazioari bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; edo bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 10a

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala