
201. zk., 2013ko urriaren 21a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (300 KB - 21 orri.)
- EPUB (418 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
DATUAK BABESTEKO EUSKAL BULEGOA
4464
EBAZPENA, 2013ko urriaren 2koa, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariarena, Datuak Babesteko Euskal Bulegoan karrerako funtzionarioentzako gordetako hainbat lanpostu betetzeko lehiaketa deitzen duena.
Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak xedatzen du DBEB zuzenbide publikoko entitatea dela, nortasun juridiko propioa eta gaitasun publiko eta pribatu erabatekoak dituela eta herri-administrazioekiko inongo loturarik gabe beteko dituela bere eginkizunak.
Urriaren 20ko 309/2005 Dekretuaren bitartez, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Estatutuetako 10. artikulua onartu zen, eta, bertan ezarritakoa betetzearren, 2005eko azaroaren 28ko Ebazpenarekin zuzendariak Bulegoaren egitura organikoa garatu zuen, bulegoaren unitateak eta horiei esleitutako funtzioak zehaztuaz.
Era berean, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren egungo lanpostu zerrenda 2013ko ekainaren 17ko Ebazpenaren bidez onartu zen.
Datuak Babesteko Euskal Bulegoan funtzionarioentzat gordetako hainbat lanpostu hutsik daude, eta horiek betetzeko bidea lehiaketa da. Beraz, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 46. artikuluak eta hurrengoek eta Euskal Herri Administrazioetako Funtzionarioen Lanpostuak betetzeko araudia onartzeko urriaren 13ko Dekretuak xedatutako kontuan hartuta, eta, otsailaren 25eko 2/2004 Legearen 11.2 artikuluarekin lotuta, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Estatutuaren 15.3 artikuluan jasotako eskumenez baliatuz, honakoa
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ebazpen honetako oinarrien I. eranskinean zerrendatuta dauden lanpostuak betetzeko, deialdi bateratu bidez, berariazko lehiaketa deitzea.
Bigarrena.– Onartzea lehiaketa arautuko duten oinarriak.
DATUAK BABESTEKO EUSKAL BULEGOAN KARRERAKO FUNTZIONARIOENTZAT GORDETAKO HAINBAT LANPOSTU BETETZEKO LEHIAKETA ARAUTUKO DUTEN OINARRIAK
1.– Parte hartzeko bete beharreko baldintzak.
1.1.– Lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute, oinarri hauetan eta deitutako lanpostuen eranskinean jasota dauden betekizunak betez gero, otsailaren 25eko 2/2004 Legearen 2.1 artikuluak aipatzen dituen ondoko herri-administrazioetako eta erakundeetako karrerako funtzionario guztiek:
a) Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorra, lurralde historikoetako foru-organoak, Euskal Autonomia Erkidego barruko toki-administrazioak eta, zuzenbide publikoko ahalak gauzatzeko sortu bazituzten, herri-administrazioen menpeko edo haietara loturiko edonolako erakunde publikoak.
b) Eusko Legebiltzarra.
c) Herri Kontuen Euskal Epaitegia.
d) Arartekoa.
e) Lan Harremanen Kontseilua.
f) Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea.
g) Kooperatiben Goren Kontseilua.
h) Datuak Babesteko Euskal Bulegoa.
i) Ebazpen Batzordea.
j) Interes ekonomiko eta profesionalak ordezkatzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide publikoko korporazioak.
k) Eusko Legebiltzarrak lege bidez sorturiko beste edozein organismo edo erakundek –berdin dio nortasun juridikoa duen edo ez–, lege horrek bestelakorik xedatzen ez badu.
1.2.– Deialdia arautzen duten oinarri arautzaileotan eta deitutako lanpostuei buruzko I. eranskinean eskatzen diren betekizun guztiak beteta izan beharko dira oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren datan. Eta esleituriko lanpostuak jabetzan hartu arte bete behar dira.
1.3.– Oinarrietako 1.1 atalean aipatzen diren funtzionarioak bakar-bakarrik aurkeztu ahal izango dira deialdi honetara, baldin eta bi urte igaro badira lehiaketa bidez azken lanpostua jabetzan hartu zutenetik. Dena delako langileak lehiaketa bidez lortutako lanposturako atxikipena galduta baldin badu, ez du aurreko denbora-muga hori bete beharrik izango.
1.4.– Ezin izango dute lehiaketan parte hartu honako hauek:
a) Eginkizun-gabetze irmoan dauden funtzionarioak egoera honek dirauen artean.
b) Borondatezko lan-utzialdian edo familiaren bateratzeagatiko egoeran daudelarik, jarduneko zerbitzura itzultzeko gutxienez eskatutako denbora eman ez duten langileak.
1.5.– Diziplina-espediente baten ondorioz Vitoria-Gasteiztik lekuz aldatu behar izan dituzten langileek, oraindik zigorra betetzen ari badira, ezingo dute lanpostua herri berean eskatu.
1.6.– Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta beste organismo ofizialek emandako hizkuntza-eskakizunaren egiaztagiria edo baliokidea aurkeztu beharko da eskabidearekin batera.
1.7.– Lehenengo atal honetan parte hartu ahal izateko eskatzen diren gainontzeko baldintzak egiaztatzeko, parte hartzailearen jatorrizko administrazioaren edo bueltatzeko administrazioaren egiaztagiri bat aurkeztu beharko da eskabidearekin batera.
2.– Eskabideak aurkeztea eta onartzea.
2.1.– Lehiaketa honetan parte hartzeko eskabideak Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariari zuzendu beharko zaizkio, eta 20 egun balioduneko epea egongo da horiek aurkezteko, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, eta III. eranskinean agertzen den eredua erabili beharko da. Eskabideekin batera lanpostuan aritu ahal izateko betekizuna betetzen direla eta alegatzen diren merezimenduak egiaztatzen dituzten egiaztagiriak aurkeztu beharko dira (1. eta 3. oinarriak).
2.2.– Hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskabideak Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren erregistroan aurkeztu beharko dira, Bulegoaren egoitzan bertan (Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, 71, 3. solairua, 01008, Vitoria-Gasteiz).
Horretaz gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako eran ere aurkeztu ahal izango dira. Posta bulegoetan aurkezten diren eskabideak kartazal irekian aurkeztuko dira, posta bulegoko funtzionarioak data eta zigilua jarri ahal izateko, eta eskabideak aurkezteko epearen barruan ziurtatu ahal izateko. Eta hori izango da eskabideak posta bulegoan aurkeztu ziren egunean aurkeztu zirela egiaztatzeko modu bakarra.
2.3.– Eskabideak aurkezteko epea bukatu ostean, ez da onartuko aldaketarik egitea eskabideetan. Edozelan ere, lehiakideek lekualdatze lehiaketan parte hartzeari dagokionez atzera egiteko aukera izango dute, behin-behineko esleipenen gaineko erreklamazioak egiteko epearen barruan.
2.4.– Parte-hartzaileetako batek desgaitasunen bat alegatu nahi badu, memorian edo proiektua egiteko eta/edo defendatzeko modua egokitu ahal izateko, eskabidean adierazi beharko du.
3.– Lehiaketaren faseak.
3.1.– Lehiaketa honetan merezimenduen balorazioa bi fasetan egingo da:
a) I. fasea. Honako merezimendu hauek baloratuko dira:
– Egindako lana.
– Titulazioak.
– Prestakuntza-eta sakontze-ikastaroak egin izana.
– Antzinakotasuna.
– Finkatutako gradu pertsonala.
– Egindako argitalpenak.
– Irakaskuntza eta ikerkuntza jarduerak.
– Hizkuntzak: ingelesa, frantsesa eta/edo alemana.
b) II. fasea.
– Bigarren fasean parte hartzaile bakoitzaren ezagutza eta trebetasunak baloratuko dira, lanpostuko eginkizunekin lotutako proiektu idatzi baten bidez, oinarrietako II. eranskinean zehazten diren irizpideen arabera; eta proiektua Balorazio Batzordearen aurrean defentsaren eginez.
– Fasea gainditzeko, 6 puntu eskuratu beharko dira gutxienez.
4.– Gehienez lor daitekeen puntuazioa.
I. fasean, gehienez ere 19 puntu lortu ahal izango dira.
II. fasean, gehienez ere 12 puntu lortu ahal izango dira.
Gehienez ere, 31 puntu eskuratu ahal izango dira.
5.– I. faseko merezimenduen balorazioa.
5.1.– Eskuratu nahi den lanpostuko eginkizunekin zer ikusia duen eginkizunak dituen lanpostu batean egindako lana.
Eskuratu nahi den lanpostuko eginkizunekin zerikusia duen lana egin izanagatik 5,40 puntu esleituko dira gehienez, eta lanpostuok pertsonal funtzionario edo lan-itunpeko legez bete badira betiere, izan lanpostuetako titular gisa zein euretan behin-behineko atxikipenez edo zerbitzu eginkizunetan jardunda azken 10 urteetan. Puntuak hileko:
– Eskuratu nahi den lanpostuko eginkizunekin zerikusi handia duen lana egin izanagatik 0,045 puntu. Atal honetan, izandako lanpostuetako eginkizunen edukia eta lortu nahi den lanposturako I. eranskinean agertzen diren eginkizunen edukia, monografiaren arabera, hein handian bat etortzea hartuko da kontuan.
– Eskuratu nahi den lanpostuko eginkizunekin zerikusi ertaina duen lana egin izanagatik 0,030 puntu. Atal honetan, izandako lanpostuetako eginkizunen edukia eta lortu nahi den lanposturako I. eranskinean agertzen diren eginkizunen edukia, monografiaren arabera, hein ertainean bat etortzea hartuko da kontuan.
– Eskuratu nahi den lanpostuko eginkizunekin zerikusi txikia duen lana egin izanagatik 0,015 puntu. Atal honetan, izandako lanpostuetako eginkizunen edukiak eta lortu nahi den lanposturako I. eranskinean agertzen diren eginkizunen edukiak, monografiaren arabera, azaleko lotura baino ez izatea hartuko da kontuan, edo, aurreko kategorietakoa izan gabe, eginkizunak talde bereko lanpostuetan betetzea.
Zerbitzu berezietan edo senitartekoren bat zaintzeko lan-eszedentzian egon direnei egoera horretan egon diren denbora guztia baloratuko zaie, deialdi hau argitaratzen denean titularrak diren eta gordeta duten lanpostuko eginkizunak diela eta. Ez badute lanposturik gordeta, titularrak ez direlako, lan egindako azken lanpostuko eginkizunen arabera egingo da balorazioa.
Prestakuntza-edo sakontze-ikastaroetan, euskara ikasten, norbere zereginetarako baimen egoeran, aldi baterako ezgaitasun egoeran edo antzeko beste egoera batzuetan emandako denbora jarduneko zerbitzu modura kontatuko da.
Aldi berean betetako zerbitzuak ez dira birritan kontatuko.
5.2.– Titulazio akademikoak.
Hala, titulazio akademiko ofizialak, unibertsitateek edo erakundeek emandako masterrak, diplomak eta tituluak direla-eta, 2 puntu eskuratu ahal izango dira gehienez, betiere bete nahi den lanposturako duten baliagarritasunaren arabera, eta lehiaketan parte hartzeko behar den kidego edo eskalan sartzeko eskatutakoez bestelakoak izanagatik, maila akademiko bera edo handiagoa badute. Titulazio-talde ezberdinetakoak izanik ere, denei irekita dagoen lanpostu baterako lehiatzen diren kidego eta eskaletako lehiatzaileak salbuetsita daude. Azken kasu honetan, lehiatzen diren kidego edo eskalan sartzeko beste batzuei eskatzen zaizkien titulazio ofizialak ez zaizkio merezimendu modura baloratuko.
Merezimendu hori ondoko baremoaren arabera baloratuko da:
– Doktore titulua: gehienez 2 puntu.
– Lizentziatu, Arkitekto o Ingeniari titulua: gehienez 1,5 puntu titulu bakoitzeko.
– Diplomatu, Arkitekto tekniko edo Ingeniari tekniko titulua: gehienez puntu 1 titulu bakoitzeko.
– Unibertsitateen master, diploma eta titulu propioak: gehienez puntu 1 titulu bakoitzeko.
Merezimendu gisa alegatutako goragoko beste titulu bat lortzeko beharrezko tituluak ez dira baloratuko.
5.3.– Prestakuntza-eta sakontze-ikastaroak gainditzea.
Deialdiko lanpostuei dagokien eginkizunekin edo lanpostuak betetzeko eskatzen diren trebetasunekin zerikusia duten arloetan burututako sakontze-ikastaroak –IVAPek eta/edo beste administrazio publikoren batek antolatu edo homologatuak, edo prestigio aitortua duten erakundeek emanak– gainditzeagatik 2 puntu emango dira, gehienez. Azken 10 urteetan egindako ikastaroak baino ez dira hartuko kontuan, ondoko baremoaren arabera:
– 20 ordutik 39ra bitarteko iraupena duten ikastaroak: 0,20 puntu, ikastaro bakoitzeko.
– 40 ordutik 79ra bitarteko iraupena duten ikastaroak: 0,50 puntu, ikastaro bakoitzeko.
– 80 ordu edo gehiagoko iraupena duten ikastaroak: 0,75 puntu, ikastaro bakoitzeko.
Ikastaroak noiz egin diren edo zenbat ordukoak izan diren zehazten ez duten ziurtagiriak ez dira kontuan hartuko.
5.4.– Antzinakotasuna.
Administrazio publikoetan egindako hilabeteko lanagatik 0,012 puntu, gehienez 2,8 puntu.
Ondorio horietarako, karrerako funtzionario egoerara heldu baino lehenago eman diren aitortutako zerbitzuak ere baloratuko dira. Aldi berean betetako zerbitzuak ez dira birritan kontatuko.
5.5.– Finkatutako gradu pertsonala.
Parte hartzeko aukeratutako kidego edo eskalan gradu pertsonala finkatuta izateagatik 2,8 puntu emango dira gehienez, honako era honetan banatuta:
a) Eskatutako lanpostuaren destino-osagarriaren pareko edo goragoko gradu pertsonala izanez gero: 2,8 puntu.
b) Eskatutako lanpostuaren destino-osagarria baino maila bat baxuagokoa izanez gero gradu pertsonala: 1,8 puntu.
c) Eskatu duzuen lanpostuaren destino-osagarria baino bi maila baxuagoa edo are eta baxuagoa izanez gero gradu pertsonala: 0,8 puntu.
5.6.– Euskara.
Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 43.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, derrigorrez 4. hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuak direnean, hautagaien artean ez badago 4. hizkuntza eskakizuna egiaztatu duen inor, 3. hizkuntza eskakizuna egiaztatzen duten hautagaiekin bete ahal izango dira.
5.7.– Argitalpenak.
Eskatutako lanpostuek berezko dituzten eginkizunekin zerikusia duten argitalpenak puntu 1 baloratuko dira gehienez:
– Prestigio profesional aitortua duten aldizkarietan: puntu 1 gehienez.
– Gainerako argitalpenak: 0,75 puntu gehienez.
5.8.– Irakaskuntza eta ikerkuntza.
Deialdiko lanpostuei dagozkien eginkizunekin edo lanpostuok betetzeko eskatzen diren trebetasunekin zerikusia duten arloetan burututako irakaskuntza-eta ikerkuntza-jarduerengatik –IVAPek eta/edo beste administrazio publikoren batek antolatu edo homologatuak, edo prestigio aitortua duten erakundeek emanak–, 2 puntu emango dira, gehienez. Azken 15 urteetan egindako ikastaroak baino ez dira baloratuko, ondoko baremoaren arabera:
– Ikastaro ordu bakoitzeko 0,025 puntu, gehienez 1,5 puntu, betiere eskatutako lanpostuek berezko dituzten eginkizunekin zerikusia badu ikastaroak.
– Kongresu, mintegi eta/edo jardunaldietan aurkeztutako komunikazioengatik edo bertan modu nabarmenean parte hartzeagatik, 0,25 puntu gehienez.
– Kongresu, mintegi eta/edo jardunaldietan aurkeztutako komunikazioengatik, 0,75 puntu gehienez.
– Ikerketa proiektuetan parte hartzeagatik, puntu 1 gehienez.
5.9.– Hizkuntzak.
Ingelesa, frantsesa eta/edo alemana jakiteagatik 1 puntu eskuratuko da gehienez:
– Europako Erreferentzia Markoaren B1 maila edo asimilatua: 0,75 puntu.
– Europako Erreferentzia Markoaren B2 maila edo asimilatua: 1 puntu.
6.– II. faseko merezimenduen balorazioa.
6.1.– Lanpostuaren eginkizunekin lotutako proiektuaren balorazioa –3.1.b) oinarria– eta proiektuaren defentsa: gehienez 12 puntu.
7.– Merezimenduak egiaztatzea.
7.1.– Eskuratu nahi den lanpostuko eginkizunekin zer ikusia duen eginkizunak dituen lanpostu batean egindako lana.
Egindako lanak egiaztatzeko, lan egindako administrazioetako funtzio publikoko, pertsonaleko, giza baliabideetako edo antzeko zuzendaritzek, administrazio publikoan egindako lanei eta lan horietako bakoitzaren eginkizun nagusiei buruz, egindako egiaztagiria erabiliko da. Horretarako, IV. eranskineko eredua edo bertan aipatzen diren alderdiak jasotzen dituen bestelako edozein agiri erabili ahal izango da.
7.2.– Eskuratu nahi den lanpostuko eginkizunekin zer ikusia duten titulazioak.
Tituluaren kopia konpultsatu bidez egiaztatuko dira.
7.3.– Prestakuntza edo sakontze ikastaroak gainditzea.
Ikastaroak antolatu dituen organo edo erakundearen kopia konpultsatu edo ziurtagiri bidez egiaztatuko dira.
7.4.– Antzinakotasuna.
Antzinakotasuna egiaztatzeko, administrazio publikoetan egindako zerbitzuei buruzko egiaztagiria aurkeztu beharko da eskabidearekin batera. Egiaztagiria jatorrizko herri-administrazioetako eta erakundeetako funtzio publikoko, pertsonaleko, giza baliabideetako edo antzeko zuzendaritzek egin beharko dute. Horretarako, IV. eranskina erabili ahal izango dute.
7.5.– Gradu pertsonala.
Gradua egiaztatzeko, administrazio publikoetan finkatutako gradu pertsonalari buruzko egiaztagiria aurkeztu beharko da eskabidearekin batera. Egiaztagiria jatorrizko herri-administrazioetako eta erakundeetako funtzio publikoko, pertsonaleko, giza baliabideetako edo antzeko zuzendaritzek egin beharko dute. Horretarako, IV. eranskina erabili ahal izango dute.
7.6.– Euskara.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak eta beste organismo ofizial batek emandako hizkuntza eskakizunaren egiaztagiria edo baliokidea aurkeztu beharko da.
7.7.– Argitalpenak.
Jatorrizkoa edo kopia kautotua aurkeztu beharko da.
7.8.– Irakaskuntza eta ikerkuntza.
7.8.1.– Ikastaroak ematea eta ikerketako proiektuetan parte hartzea, organo edo erakunde antolatzaileek edo deitzaileek emandako ziurtagirien bidez egiaztatuko dira.
7.8.2.– Komunikazioak eta txostenak, berauen kopiaren edo organo edo erakunde antolatzaileek edo deitzaileek emandako ziurtagirien bidez egiaztatuko dira. Balorazio Batzordearen iritziz nahikoa den beste egiaztatze-sistema bat erabili ahal izango da azken egiaztatze honen ordez.
7.8.3.– Ikerketa-proiektuetan parte hartu izana ikerketa proiektu horien ardura duten organo edo erakundearen ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da.
7.9.– Hizkuntzak.
Frantsesa, ingelesa eta/edo alemanaren ezagutza Hizkuntza Eskola Ofizialaren ziurtagiria edo baliokidekoa aurkeztuz egiaztatuko da.
7.10.– Dokumentazio osagarria.
Balorazio Batzordeak bidezkotzat jotzen diren argibideak edo agiri gehigarriak eska diezazkieke interesdunei, jatorrizko administrazioei edo zerbitzuak bete dituzten administrazioei, alegatutako merezimenduen benetakotasuna egiaztatzeko.
7.11.– Erreferentzia data.
Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren eguna erreferentziatzat hartuta baloratuko dira merezimenduak. Hala ere, proiektua eta beronen defentsari dagokionez, erreferentzia-eguna berau entregatu eta/edo proba burutu arte geroratuko da.
8.– Balorazio Batzordea.
8.1.– Osaketa.
Balorazio Batzordeak honako eginkizun hauek izango ditu: merezimenduak baloratu; probak egin; hala behar denean, bi faseak gehituta punturik gehien lortu duen lehiakideari esleipena egiteko proposamena egin organo deitzaileari; eta, oro har, oinarri hauetan ezarritakoa betetzen dela bermatu. Batzordeak bost kide izango ditu:
– Batzordeburu 1, Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Kontseilu Aholku-emailearen lehendakaria.
– Idazkaria, hitzarekin eta botoarekin jardungo duena.
– 3 batzordekide, eta horietako bat langileen ordezkaria izango da.
Balorazio Batzordeak adituak izendatzeko eska diezaioke agintaritza deitzaileari, aholkulari modura, hitzarekin baina botorik gabe, jardun dezaten.
Deialdi honetan proiektu bat eta beronen defentsa eta proba egin beharko dira, eta hauen balorazioa Balorazio Batzordeak egingo du. Hala ere, Batzordeak laguntza teknikoa izan ahal izango du jardun horretarako, aurreko atalean ezarritakoarekin bat.
8.2.– Kualifikazioa.
Deialdia bakarra denez epaimahaiko kide oro karrerako funtzionario izan beharko du eta eskatutako titulazio taldeko kidego edo eskala berean edo goragokoetan atxikita egon beharko dute.
Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak, kideen kualifikaziorik handiena bermatzeko, deitutako lanpostuen eginkizunen edukiaren gaineko argibiderik zehatzenak bidaliko dizkie eta, horietaz gain, deialdian erabil daitezen merezimenduak aukeratu eta frogatzeko tekniken gaineko argibideak ere bai.
Prozesua azkartzeko Balorazio Batzordeko kideak –titularrak zein ordezkoak– deialdia argitaratu ondoren eta euren jardunarekin hasi baino lehen izendatuko dira.
8.3.– Jarduna.
Balorazio Batzordeak askatasun osoz, zuhurtzia teknikoz eta objektibotasunez jardungo du, eta bere proposamenak lotesleak izango dira Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariarentzat.
Batzordeak zuhurtzia teknikoz jardun behar badu ere, bere ebazpenek arrazoiak jaso beharko dituzte, halaxe xedatzen baita arauetan eta oinarri hauetan.
Batzordearen jardunerako jarraibideak: Euskal Administrazio Publikoetako pertsonal funtzionarioaren lanpostuak betetzeko Araudia –urriaren 13ko 190/2004 Dekretuaren bidez onartua–, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta aplikatzekoak den gainerako araudia.
Balorazio Batzordeak zalantzak ebazteko eta lehiaketa ahalik ondoen burutu dadin erabakiak hartzeko ahalmena du, betiere oinarri hauetan aurreikusi gabekoak badira.
Balorazio Batzordeko kideak diruz konpentsatu behar badira, Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuarekin bat etorriaz jardun beharko da beti.
9.– Lehiaketa nola burutuko den.
9.1.– Datuak eta eskakizunak bete diren egiaztatzea, eta onartutako eta bazter utzitako lehiakideen behin-behineko zerrenda egin eta argitaratzea.
Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gero, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko administrazio-zerbitzuek Balorazio Batzordeko buruaren esku utziko dituzte aurkeztutako eskabideak eta horiei buruzko agiriak. Datuak Babesteko Euskal Bulegoak Batzordearen eginkizunak erraztuko ditu, aurkeztutako eskakizunak eta agiriak bete direla egiaztatuz.
Balorazio Batzordeak eskakizunak bete direla egiaztatuko du hala behar izanez gero, onartutako eta bazter utzitako lehiakideen behin-behineko zerrenda taxutu eta horiek DBEBko iragarki-oholean eta bere web orrian argitaratzea xedatuko du. Interesdunek 10 egun baliodun izango dituzte erreklamazioak aurkezteko.
9.2.– Erreklamazioak aztertu eta onartutako eta bazter utzitako izangaien behin betiko zerrenda taxutu eta argitaratzea.
Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta gero, Balorazio Batzordeak horiek ebatzi, onartutako eta bazter utzitako izangaien behin-behineko zerrenda taxutu eta horiek DBEBko iragarki-oholean eta bere web-orrian argitaratzea xedatuko du.
9.3.– I. faseari dagozkion merezimenduak baloratzea eta fase hori gainditu duten parte-hartzaileen behin-behineko emaitzak argitaratzea.
Onartutako eta bazter utzitako izangaien behin betiko zerrenda taxutu eta gero, Balorazio Batzordeak I. Faseko merezimenduen balorazioa egin, gainditu dutenen zerrenda taxutu eta zerrenda hori DBEBko iragarki-oholean eta web-orrian (www.avpd.es) argitaratzea xedatuko du. Interesdunek 10 egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak aurkezteko.
Datuak Babesteko Euskal Bulegoko administrazio zerbitzuek behar duten laguntza administratiboa emango diete.
9.4.– I. Faseko erreklamazioak aztertzea eta behin betiko emaitzak taxutu eta argitaratzea.
Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta gero, Balorazio Batzordeak erreklamazio horiek ebatzi, I. faseko merezimenduen balorazioaren behin betiko zerrenda eta onartutako eta bazter utzitako izangaien behin-behineko zerrenda taxutu eta horiek DBEBko iragarki-oholean eta bere web-orrian argitaratzea xedatuko du.
Jardun horretan, I. fasea gainditu duten parte-hartzaileek proiektua aurkezteko epea ezarriko da, bai eta berauen defentsa egiteko epeak ere.
9.5.– Aurkeztutako proiektuen ikerketa, defentsa eta probak burutzea, eta behin-behineko proposamena argitaratzea.
Aurkeztutako proiektuak aztertuko dira eta, ezarritako epeetan, defentsa eta probak burutuko dira. Balorazio Batzordeak proba horiek baloratu, bi faseotako puntuak batu, izangaiak postuka antolatu, prozesua nortzuk gainditu duten zehaztu eta esleipenen behin-behineko proposamena DBEBko iragarki-oholean eta bere web-orrian argitaratzea xedatuko du. Interesdunek 10 egun balioduneko epea dute erreklamazioak aurkezteko. Epe horretan, lehiaketa guztian parte hartzeari uko egiteko aukera emango zaie parte-hartzaileei.
Esleipen-proposamenak balorazioaren emaitza hartuko du kontuan. Lehiaketan, oro har, puntu-berdinketarik balego, ondoko irizpideen arabera ebatziko litzateke:
– II. fasean lortutako puntuak, gehienetik gutxienera.
– I. fasean lortutako puntuak, deialdiaren baremoan ezarritako gehienezko puntuazioaren arabera, puntuazio handienetik txikienera. Merezimenduek puntuazio bera badute, deialdiaren oinarrietan adierazitako hurrenkeraren arabera.
– Lehiatzeko aukeratu den kidego edo eskalan karrerako funtzionario modura antzinatasun handiena izatea.
– Karrerako funtzionario modura antzinatasun handiena izatea.
– Azkeneko behin betiko lanpostuan eta Administrazioan antzinatasun handia izatea.
– Berdinketa apurtzeko beste irizpiderik beharko balitz, Balorazio Batzordeak ezarriko luke, indarreko araudiarekin bat.
9.6.– Eskainitako lanpostuak esleitzeko proposamena Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariari igortzea. Ukoak aztertzea. Lehentasunen hurrenkera.
Erreklamazioak eta uko egiteak aurkezteko epea igaro ostean, Balorazio Batzordeak ebatzi egingo ditu eta esleipenen behin betiko proposamena helaraziko dio Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariari.
9.7.– Lehiaketaren behin betiko ebazpena argitaratzea.
Lehiaketaren behin betiko ebazpena jaso eta gero, Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak onartu eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, berau argitaratu eta hilabeteko epean.
10.– Destinoak esleitzea, lanpostua uztea eta berriaz jabetzea.
10.1.– Esleipendunak lehiaketan lortutako lanpostuaz jabetu beharko dira eta, ondorioz, horren aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko dute, non eta, lanpostuaz jabetzeko epea amaitu baino lehen, deialdi publikoaren bidez beste destino bat lortu ez duten, izan gertatzezko baliaezintasunagatik, izan jarduneko zerbitzuaz besteko egoerara igarotzeagatik, edo behar beste justifikatutako eta organo deitzaileak antzemandako bestelako arrazoiengatik.
10.2.– Antolaketa-arrazoiak direla-eta, pertsonal esleipendunen kargua uzteko eta berriaz jabetzeko data zehatza esleipenaren ebazpenean zehaztuko da. Jarduneko zerbitzu aktiboan berriz sartzeko kasuan izan ezik, karguaz jabetzeko eguna kargua uzteko egunaren biharamuna izango da.
10.3.– Lehiaketa honetan, lanpostua gordetzea dakarten egoeretatik parte hartu eta destinoa lortu duen langileak, administrazio egoera horretan jarraituko duela ulertuko da, non eta, aurreko paragrafoan adierazi bost egun balioduneko epean, berriro laneratzea eskatzen ez duen.
10.4.– Baimenak, lizentziak, oporrak amaitu edo bestelako egoera batean dagoen funtzionarioa berriro lanera itzuli arte atzeratuko da lanpostuaz jabetzea, izan ere, jarduneko zerbitzuan egon arren, ezingo baititu bere zerbitzuak modu eraginkorrean bete. Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla-eta, egoera horiek bertan behera uztea erabaki dezake.
10.5.– Esleitutako destinoa borondatezkotzat joko da, eta ez du kalte-ordainak kobratzeko ezelango eskubiderik sortuko.
10.6.– Lehiaketa honen bidez lanpostua eskuratzen duen funtzionarioak ezin izango du hurrengo bi urteetan antolatzen diren lehiaketetan parte hartu. Epemugara iritsi aurretik, funtzionarioak lortutako lanpostuarekiko adskripzioa galduko balu lanpostua mugiarazi edo ezabatzeagatik, epe hori ez da aplikatuko.
11.– Datu pertsonalak babestea lehiaketaren kudeaketan.
11.1.– Lehiaketaren kudeaketan, Giza Baliabideak eta Nomina izeneko fitxategian –Bulegoko datu pertsonalen fitxategiak sortzeko Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariaren 2005eko irailaren 12ko Ebazpenaren bidez (2005eko urriaren 17ko EHAA) sortua– tratatuko dira datu pertsonalak. Datuak Babesteko Euskal Bulegoa bera izango da fitxategiaren administrazio-organo arduraduna eta sartu, zuzendu, deuseztatu eta aurka egiteko eskubidea Bulegoko Idazkaritza Orokorrean gauzatu ahal izango da.
11.2.– Parte hartzeko eskabide-ereduetan gai horri buruzko argibideak jasoko dituen klausula bat izango da.
11.3.– Datuak Babesteko Euskal Bulegoko administrazio-langileek, Balorazio Batzordeko kideek eta, hala balitz, Bulegorako lanean diharduen langile espezializatuak, lehiaketaren kudeaketan ezagutzen dituzten datu pertsonalen gaineko sekretua zaindu beharra dute.
11.4.– Prozesuko faseen publizitateak publizitate-printzipioari eusteko gutxieneko datu pertsonalak jasoko ditu, eta betetze-prozesua amaitu eta erreklamazioak edo errekurtsoak aurkezteko behar den denbora igaro arte eutsiko zaio.
Informazio horrek datuok izaera pertsonala dutela ohartarazten duen klausula bat izango dute; datu pertsonalok datuak babesteko arloan egungo legedia betetzen dute eta euren helburu bakarra lehiaketa honen faseari publikotasuna eman eta, hala behar denean, parte-hartzaileei jakinaraztea da. Horretaz gain, informazio-paragrafo bat izango du; bertan, adieraziko da informazioa ez dela jendearen eskurako iturri eta ezingo direla ez osorik ez partez kopiatu, ez eta informazioa errekuperatzeko inongo sistemaren bidez transmititu eta erregistratu ere, ukituek eurek baimena eman ezean.
11.5.– Deitutako lanpostuen behin betiko esleipena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko onartuz Datuak Babesteko Euskal Bulegoko zuzendariak emandako ebazpenean nahitaez jaso beharko dira publikotasun printzipioari eusteko behar diren gutxieneko datu pertsonalak
12.– Errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendariaren aurrean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean, ala administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu ahal izango da ni hilabeteko epean Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegian, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hileko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2013ko urriaren 2a.
Zuzendaria,
IÑAKI PARIENTE DE PRADA.
RSS