Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

200. zk., 2013ko urriaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4445

EBAZPENA, 2013ko urriaren 17koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako laguntza-deialdia argitaratzekoa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2013ko urriaren 8an egindako bilkuran hartu zuen erabakiaren bidez enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako diru-laguntzen deialdia onartu zuen, eta maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onartu zituen Lanbideko Estatutuen 10.2 artikuluko p) letrak arautzen duena aintzat hartuta, erakunde autonomiadun honen zuzendari nagusiari dagokio hura argitaratzea.

Horregatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako diru-laguntzen deialdia argitaratzea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2013ko urriaren 8an egindako bilkuran onartu zuena eta Ebazpen honen eranskinean jasotzen dena.

Bigarrena.– Adieraztea laguntzen deialdia onartu duen Erabaki horrek, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak onartutakoak, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondorengo egunetik izango dituela ondorioak.

Hirugarrena.– Jakinarazten da Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak hartutako erabakiaren aurka berrezartze errekurtsoa jar dakiokeela organo horri berari ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondorengo egunetik kontatzen hasita, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtso bat jar daitekeela bi hileko epean Administrazioarekiko Auzien Vitoria-Gasteizko epaitegian, hura argitaratu ondorengo egunetik aurrera kontatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko urriaren 17a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

ERANSKINA
ENPLEGUA SUSTATZEKO TOKI-EKINTZETARAKO LAGUNTZA-DEIALDIA

Toki-eremua da esparrurik egokiena produkzio-aukera berriak hautemateko; beraz, premiazkoa da toki-dimentsioa aintzat hartzea enplegu-politikak diseinatzeko garaian eta haien kudeatze eredua erabakitzeko garaian, politika horiek lurraldearen premietara egokitzeko. Horrela jokatuta, toki-eremuaren potentzial hori garatzen lagunduko dute enplegu-politikek eta esparru horretan enplegua sortzeko ekimenak eta enpresa-jarduerak sustatuko eta lagunduko ditu, enplegu-alorreko oinarrizko arauak, abenduaren 16ko 56/2003 Legeak, arautzen duen moduan.

Erakundeen arteko lankidetza indartzeko premia da Eusko Jaurlaritzak 2013-2016 eperako egin duen Enplegua Sustatzeko Programak bere baitan jasotzen dituen printzipio estrategikoetako bat. Hau esaten du Enplegu Programak: «guztion konpromisoa da enplegua eta Herri Erronka bat. Euskal erakundeen, eta, bereziki, Jaurlaritzaren eta foru-aldundien arteko osagarritasun eta lankidetzako printzipioak izan behar du enpleguaren aldeko estrategiaren eta programa eragileen zuzendaria».

Ekonomia eta Enplegua Sustatzeko Erakunde arteko Akordioa iristeko elkarrizketen esparruan, Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta EUDEL erakundeak beren gain hartu zuten inbertsio publikoa bizkortu eta enplegua sustatzeko plan bereziak abian jartzeko konpromisoa, eta elkarrizketa esparru horren xedeetako bat da lankidetza-printzipio hori gauzatzea. Printzipioa gauzatzeko bidea Enplegua Sustatzeko 2013-2016 Programak jasotzen dituen talka-izaerako pizgarriak eta neurriak indartzea da. Indartze-jardun eta neurri horien erakusgarri dira ETEei eta langile autonomoei finantzazioa eskuratzeko bideak irekitzea, jarduera ekonomikoa aurrera eramateko pizgarriak ematea etxebizitzak birgaitzearen sektorean eta beste enplegu-sektore intentsiboetan, ekintzailetza sustatu eta laguntzeko tresna berriak lantzea, eta enplegu-politika aktiboak indartzea, bereziki gazteen enpleguan eta merkatuan txertatzeko zailtasun bereziak dituzten beste kolektibo batzuengan eraginez. Neurri horietako batzuk hartuko badira, behar-beharrezkoa da udalen eta mankomunitatean laguntza estrategikoa izatea, ekonomia eta enplegua sustatzeko tokiko, eskualdeko eta landa eremuetako agentzien bidez.

Erakundeen arteko akordio honek jasotzen dituen neurrietako bat da hogei milioi (20.000.000) euro erabiltzea enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako, 2013 eta 2014 urteetako aurrekontuen kontura.

Urriaren 16ko 3/2011 Legeak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari eman dizkion eginkizunen artean daude, besteak beste, enpleguaren, enplegurako prestakuntzaren eta lan-txertatzearen arloko politika publikoen antolamendu eta plangintza orokorra, sektoriala eta lurraldekoa proposatzea, programak kudeatzea eta, enplegu-politiken toki-dimentsioarekin zuzenean eta modu zehatzean lotuta dagoen plano batean, enplegua sortzeko tokiko ekimenak babesteko programak diseinatzea, toki erakundeekin lankidetzan, enpleguaren aldeko tokian tokiko itunak garatzea sustatuz.

Hauek ezartzea da deialdi honen xedea:

● Eskualdeetan eta toki-eremuetan finantzatuko diren ekintzen tipologia.

● Aurrekontua nola banatuko den eskualde eta udalerrien artean, horiek duten langabezia-tasaren arabera.

Deialdi honen beste helburua bat da, halaber, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak 2012ko maiatzaren 9an eman zuen Aginduak –Euskal Autonomia Erkidegoko lurrean Eskualdeko Enplegu Planak dinamizatzeko laguntzetarako deialdia egin zuen agindu horrek– ekindako bideari jarraitzea. Eskualdeko Enplegu Planen definizio hau eman zuen adierazi berri dugun Aginduak: «toki-eremuko erakundeen, entitateen, gizarte-agenteen, enpresen eta eskualde bateko edo eskualde hori osatzen duten udalerriren bateko edo udalerri batzuetako garapen ekonomikoarekin eta sozialarekin elkarlanean aritzen diren bestelako erakundeen arteko adostasun-maila handienarekin egindako, partekatutako eta landutako proiektuak. Adostasun horren ondorioz, enplegua sustatzea eta enpleguaren tokiko garapena lortu nahi duten ekintza jakin batzuk eta programa bereziak sortuko dira, lan-merkatuan izandako aldaketek eragindako desorekak gaindituz».

Hausnarketa estrategikoak eta hitzarmenak egiteko eredu bat ezartzen du Agindu horrek, eta eredu hori tresna baliozkoa da Deialdi honek aurreikusten dituen enplegurako toki-ekintzak gauzatzeko eta haien efikazia eta efizientzia bermatzeko.

Bi tresna horien bidez, hau da, estrategiaren eta ekintzaren bidez, enplegu-politikaren toki-dimentsioa indartu nahi da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta, horretarako, interbentzio-eredu malgu bat zehazten da, tokiko egoera sozial eta ekonomikora doitua. Parte hartzen duten eragileen eta produkzio-ingurunearen jakintza sakona sustatuko da, eta, alde horretatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren egitekoa izango da toki-eremuan enplegua sustatzeko plan espezifikoak diseinatzea eta betetzea haiek lehentasunezkoak diren lekuetan. Horiek egitean kontuan izango da langabeziak Euskadin duen banaketa geografiko sakabanatua.

Era berean, lurralde-kohesioa sustatu nahi du deialdi honek, enplegu-politikaren toki-dimentsioa indartzearen bidez. Hitzarmen edo akordioen bidez egingo da indartze-lan hori, helburuak konpartitzeko eta konpromisoak eta jardun-irizpideak zehazteko toki-eragileekin. Ildo horretatik, gogoratu behar da enpleguak bereziki gogor jotzen duela Euskadiko zenbait zonaldetan.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak egindako proposamena aintzat hartuta, erakunde autonomiadun honen Administrazio Kontseiluak, 2013ko urriaren 8an egindako bilkuran, Enplegua Sustatzeko Toki Ekintzetarako laguntza-deialdia onartzen du, xedapen hauekin.

1. artikulua.– Laguntza-deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da laguntzak ematea Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeei, enplegua sortzeko proiektuak egin eta martxan jar ditzaten. Eragin-esparru duten lurralde-eremuetako garapen sozioekonomikoa eta modernizazioa ahalbidetu behar dute proiektu horiek, eta koherenteak izan behar dute Enplegua Sustatzeko 2013-2016 Programak enplegurako toki-ekintzaren alorrean ezarri zuen helburuarekin.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda dauden pertsona langabeen enplegagarritasuna hobetzea da deialdi honen azken xede edo helburua.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen proiektuak.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak jaso ditzakete deialdi honetako 5. artikuluan aurreikusten diren entitate onuradunek egiten dituzten enplegurako toki-proiektuek, baldin eta haien helburua bada enpleguaren toki-garapena egitea haiei dagokien eremu geografikoan, eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak 2012ko maiatzaren 9an eman zuen Aginduak –Eskualdeko Enplegu Planak dinamizatzeko laguntzetarako deialdia egin zuen agindu horrek– bere baitan hartzen dituen proiektuak izatea edo Enplegu Plan horretan zehazten den estrategiarekin bat datozen proiektu berriak izatea.

Proiektu berriak badira, Partaidetza Foroak balioetsi behar ditu (sailburuaren deialdiak sortu zuen Foro hori, Eskualdeko Enplegu Planak egiteko).

b) Hurrengo paragrafoan azaltzen diren ekintzen tipologiakoak izan behar dute.

c) Ez dute gainditu behar deialdi honetako I. eranskinak udalerri eta/edo eskualde bakoitzarentzat ezartzen duen gehienezko aurrekontua.

d) Deialdi hau EHAAn argitaratu eta 2014ko irailaren 30a bitartean gauzatu behar dira proiektuak; hala ere, lehenago hasteko aukera izango dute Toki Ekintzailetzarako Laguntzek, hau da, deialdi honek diruz lagun ditzakeen 2. motako ekintzek. Artikulu honetako 2. puntuak arautzen ditu mota horretako ekintzak, eta haien xedea da enpresa-proiektuak finkatzeko aholkularitza ematea.

e) Horrez gainera, krisi ekonomikoak bereziki erasandako zonetako eta langabezia-tasa handiko eremuetako proiektuak bultzatuko dira. Langabeziak bereziki erasandako zonak izango dira, EAEko hiru probintzietako hiriburuez gain, 2013ko abuztuan % 15,60koa baino langabezia-tasa handiagoa izan duten udalerriak. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda dauden lan-eskatzaile langabeen estatistika-fitxategian kontsultatuko da azken datu hori, deialdi honetako II. eranskinean adierazten den moduan.

Eskualdeko Enplegu Planetatik eratorritako proiektuak ez dira deialdi honek diruz lagun ditzakeen proiektuak izango, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen dituen enplegu-politika aktiboak gauzatzen dituzten programen baitan sar badaitezke edo erakunde horrek emandako zerbitzuek har baditzakete.

2.– Deialdi honek diruz lagun ditzakeen proiektuak izango dira ekintza hauetakoren bat egitea aurreikusten duten ekimenak:

1. mota.– Enplegua sustatzea.

Enplegua sustatzeko jarduerak izango dira merkatu ez arruntean egindako kontratazioak, baldin eta haien xedea bada laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasuna handitzea aldi baterako lan-esperientzien bidez, eta esperientzia horrek haien kualifikazioa eta/edo gaitasun pertsonalak eta motibazioa handituko baditu.

Toki-eremutik sustatuko dira kontratazio horiek, eta aukera izango da toki-erakundeek haiek zuzenean egiteko edo laneratze-enpresen nahiz irabazi asmorik gabeko enpresen bidez egiteko, baldin eta azken horiek zailtasun bereziak dituzten pertsonen gizarte- eta lan-integrazioaren alorrean lan egiten badute. Azken enpresa horiekin proiektuak egitea hitzar daiteke edo proiektuak eslei dakieke, baina, hala egitekotan, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Onura publiko edo interes sozialeko jarduerak izan behar dute toki-eremuan.

b) Ez dute toki-erakundeen egiturazko lanez arduratzen diren langileen ordezko lanik egin behar.

c) Kontratuek hiru hileko iraupena izan behar dute gutxienez, eta edozein kontratazio-modalitatekoak izan daitezke. Hala ere, ez dira onartuko prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak.

d) Kontratuak lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke, baina, azken kasu horretan, lanaldiaren % 50ekoak izan behar dute gutxienez.

e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile moduan izena emanda dauden pertsona langabeak kontratatu behar dira.

f) Eskualde edo udalerri batean egiten dituen kontratazioen % 30 gutxienez diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DBE) jasotzaileei egindakoak izatea.

Gainerako kontratuak kolektibo hauetakoren bateko pertsonei egindakoak izan behar dute: 35 urte edo gutxiago dituzten pertsonak, 45 urte baino gehiago izan eta lan-eskatzaile moduan gutxienez 6 hilabete daramatzatenak, denbora luzean lanik gabe dauden pertsonak, gizarte-bazterketaren arriskuan daudenak, ezintasunak dituzten pertsonak, familia-ardurak dituzten emakumeak eta genero-indarkeriaren biktima izan diren emakumeak.

Deialdi honetan, denbora luzean lanik gabe dauden pertsonak izango dira Lanbiden gutxienez 12 hilabetez izena emanda izan direnak kontratazioa egin aurreko 18 hiletan.

Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonez eta haien bizikidetza-unitateko pertsonez gain, honako hauek izango dira gizarte-bazterketaren arriskuan dauden pertsonak:

– 18 eta 30 urte bitarteko gazteak, adingabekoak babesteko instituzioetan izan direnak.

– Drogamendekotasuneko arazoak eta beste mendekotasun-asaldurak dituzten pertsonak, errehabilitazioko edo gizarteratzeko prozesuan daudenak.

– Espetxeratuak dauden pertsonak –baldin eta haien espetxeratze-egoerak enpleguren bat izateko aukera ematen badie eta haien lan-harremana ez bada uztailaren 6ko 782/2001 Errege Dekretuko 1. artikuluak arautzen duen lan-harreman bereziaren baitakoa–, baldintzapean aske daudenak eta preso ohiak.

– Urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoak, adingabekoen zigor-erantzukizuna arautzekoak, duen aplikazio-eremuan sartzen diren adingabeko barneratuak, baldin eta enplegu bat eskuratzeko moduan badaude eta haien lan-harremana ez bada adierazitako legearen erregelamenduko –uztailaren 30eko 1774/2004 Errege Dekretuak onartutako erregelamenduko– 53.4 artikuluak adierazten duen lan-harreman bereziaren barruan sartzen, zaintzapeko askatasun-egoeran daudenak eta barneratze-egoeran izandakoak.

– Euskal Autonomia Erkidegoko agintari eskudunek baimendutako alojamendu alternatiboko zentroetan izandako pertsonak.

Familia-ardurak dituzten emakumeak izango dira haien kargura ezkontidea eta/edo 26 urtetik beherako seme-alabak, adin horretatik gorako pertsona ezinduak edo harreran hartutako adingabeak dituztenak.

2. mota.– Tokiko ekintzaileei laguntzea.

Laguntza hauen helburua da enpresa-ekimenak sor daitezen sustatzea eta ekimen horiek laguntzea. Autoenpleguko ekimenak izan daitezke edo bestelako forma juridikoren batean abiaraziak, baldin eta enplegu-segmentu berrietakoak eta lurralde-eremu bakoitzean interes estrategikokoak sektoreetakoak badira.

Zerbitzu hauek eman daitezke:

a) Bideragarritasun-analisia egiteko aholkularitza, Enpresa Plana egitekoa eta hura eratu eta martxan jartzekoa, baldin eta enpresak 2014ko irailaren 30a baino lehen hartzen badu alta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan.

b) Jarduerari ekin ondorengo aholkularitza, data horren ondorengo lehen sei hiletan, tokiko enpresa-proiektuei finkatzen laguntzeko.

Deialdi hau EHAAn argitaratu baino hiru hil lehenago hasitakoa izan daiteke, gehienez ere, b) idatzi-zati honetan aipatu eta diruz lagun daitekeen enpresa-jarduera.

Kanpoko bitartekoak kontratatzen badira aurreko paragrafoetan aipatzen diren aholkularitza zerbitzuak eskaintzeko, entitate onuradunak honako hauek aurkeztu beharko ditu Lanbiden, kontratua egin aurretik: burutu beharreko kontratuari buruzko ziurtagiriak eta entitate esleitzailaren identifikazioa.

3. mota.– Kontratatzeko laguntzak.

1.– Laguntza hauen helburua da tokiko enpresei laguntza ekonomikoa ematea, lanik gabe izan eta Lanbiden izena emanda dauden pertsonak kontrata ditzaten merkatu arruntean.

Ezaugarri hauek izan behar dituzte adierazitako kontratazioek:

a) Kontratuek 3 hileko iraupena izan behar dute gutxienez, eta edozein kontratazio-modalitatekoak izan daitezke. Hala ere, ez dira onartuko prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak.

b) Kontratuak lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke, baina, azken kasu horretan, lanaldiaren % 50ekoak izan behar dute gutxienez.

2.– Diruz lagun daitezkeen kontratuak izateko, kontratu horiek enplegu-sorrera garbia eragin behar dute, diruz lagunduak izan diren kontratuen bidez kontratatutako pertsonak enpresan sartu aurreko 3 hiletan enpresak batez beste zuen plantilla osoarekiko. Toki-erakundeak egiaztatu behar du hori horrela dela.

3.– Ez da kontratatzeko diru-laguntzarik emango enpresaburuaren, enpresa-zuzendarien eta sozietateen izaera juridikoa duten enpresen administrazio-organoetako kide diren pertsonen ezkontideak, ondorengoak eta gainerako senideak kontratatzeko, baldin eta haiekin bigarren mailara arteko odolkidetasunezko edo afinitatezko harremana badute, ezta hasieran adierazitako pertsona horiek kontratatzeko ere.

4.– Deialdi honetako laguntzak emateko, publizitatearen, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak bermatu behar dituzte toki-erakundeek erabakitzen dituzten oinarri arautzaileek, eta aurreko paragrafoetan arautu diren eskakizunak eta baldintzak bete behar dituzte oinarri horiek.

Era berean, diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa eskatuko zaio enpresa kontratatzaileari, eta, zehazki, kontratatutako pertsona diruz lagundutako epean kontratupean enplegatuta dagoela egiaztatzen duena, soldata-kostuei dagokiena eta Gizarte Segurantzako agiriak.

5.– Oinarri arautzaileei publizitatea eman baino lehen, Lanbideko Lan Aktibazioko Zuzendaritzari igorri behar zaizkio eta hasierarako baimena eskuratu behar da.

4. mota.– Enplegu-sorreran eragina duten toki-garapeneko beste ekintza batzuk.

Ekintza-ildo hau zuzenduta dago langabeziak bereziki erasaten dituen eskualde eta udalerrietara, II. eranskinean adierazten direnetara.

Proiektuak honelakoak izan daitezke:

a) Aurrez adierazitako 1., 2. eta 3. motatako jarduerak, hasiera batean eskualde eta udalerriei esleitu zaien aurrekontuarekin estali ezin izan direnak.

b) Aurreko 1., 2. eta 3. motetan jasotzen ez diren toki-garapenerako beste ekintza batzuk, baldin eta haien xede nagusia enplegua sortzea bada.

Edonola ere, b) letra honetan adierazten diren proiektuek lurralde-eremuari buruzko azterlan estrategiko bat egin behar dute eta egin daitezkeen toki-garapeneko proiektuei zuzendutako jarduera bat izan behar dute. Besteak beste, 1., 2. eta 3. motako jarduera mistoak izan daitezke, prestakuntzako eta/edo enplegu-prestaketako proiektuetan. Aparteko edo salbuespenezko kasuetan, deialdi honetan jasota dauden jarduerei osagarriak zaizkien bestelako jarduerak onartuko dira, kontziliazioari laguntzeko neurriak barne, hala badagokio.

Proiektuak onartu edo baztertzeko baloratuko diren alderdiak dira haien berrikuntza-izaera, haien jasangarritasuna eta autonomia, lanik gabe dauden pertsonen laneratzeko eta gizarterako aukerak hobetzen ote dituzten, haien eraginpeko inguruan suspertze sozioekonomikoa eragiten duten, proiektuen bideragarritasuna eta enplegu-sorreran izango duten inpaktu edo eragina.

Kampoko bitartekoak kontratatzen badira aurreko paragrafoetan aipatzen diren proiektuak burutzeko, entitate onuradunak honako hauek aurkeztu beharko ditu Lanbiden, kontratua egin aurretik: burutu beharreko kontratuari buruzko ziurtagiriak eta entitate esleitzailaren identifikazioa.

3. artikulua.– Aurrekontu-hornidura eta laguntzen gehienezko zenbatekoen banaketa.

1.– Deialdi honek arautzen dituen laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 20.000.000 eurokoa da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrekontuaren baitan. Horietatik, 2013. urteko aurrekontu arruntean sartuko dira 16.000.000 euro, eta 2014rako konpromiso-aurrekontuan sartuko dira 4.000.000 euro.

Emango diren laguntzen bolumen osoak ez du adierazitako diru-zenbateko hori gaindituko edo hari egindako gehikuntzek zehazten duten diru-zenbatekoa, baldin eta aurrekontuari aldaketaren bat egiten bazaio indarreko legediak araututako moduan. Azken kasu hori ematen bada, publizitatea eman beharko zaio gehikuntza horri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak emandako ebazpen bidez.

2.– Diru-zenbateko hori honela banatuko da diruz lagun daitezkeen proiektuen artean:

a) 15.000.000 euro erabiliko dira aurreko artikuluan aurreikusi diren 1., 2. eta 3. motako jarduerak finantzatzeko. Eskualde eta udalerrietan banatuko da zenbateko hori, 2013ko abuztuan lanik gabe zituzten biztanleen arabera, eta gutxienez 50.000 euroko diru-zenbatekoa emanez erakunde bakoitzari.

b) 5.000.000 euro erabiliko dira 4. motako ekintzak finantzatzeko langabeziak bereziki erasaten dituen eskualde eta udalerrietan.

3.– Diruz lagun daitekeen gehienezko aurrekontuaren banaketa deialdi honetako I. eranskinak adierazten duen moduan egingo da lurralde-eremu bakoitzean.

4.– Aurreko puntuak adierazten duena betetzekoa izango bada ere, lurralde-eremu bateko proiektuei emango zaizkien diru-laguntzen zenbatekoak ez badu iristen lurralde-eremu horri esleitu zaion gehienezko diru-zenbatekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aukera izango du funts soberakin hori beste lurralde-eremu batzuetan finantzatu ezin izan diren proiektuetan erabiltzeko, harik eta onartutako gehienezko aurrekontuaren % 100era iritsi arte. Deialdi honetako 7. artikuluko 2. puntuan adierazitako moduan banatuko dira funts-soberakin horiek.

4. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa eta diruz lagun daitezkeen gastuak.

Hauek izango dira, proiektu-mota bakoitzean, gehienez eman daitezkeen laguntzak eta diruz lagun daitezkeen gastuak:

a) Enplegua sustatzeko ekintzak.

12.500 euroko laguntza eman daiteke gehienez kontratu bakoitzeko.

Diru-laguntza horien bidez kontratatutako pertsonen soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzako gastuak estaliko dira, 6 hileko kontratazioaren gehienezko mugarekin. Horrenbestez, laguntzaren azken zenbatekoak ezingo du kostu horien % 100ekoa baino handiagoa izan.

b) Tokiko ekintzaileei laguntzeko ekintzak.

– Gehienez 2.750 euro emango dira 2. artikuluan arautzen den epean sortzen den enpresa bakoitzeko (Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta hartu den eguna izango da irizpidea), bideragarritasun-azterketa eta Enpresa Plana egiteko aholkularitzarengatik eta enpresa eratu eta martxan jartzeagatik.

– Gehienez 750 euro emango dira artikulu honetako 2. puntuan araututako epean finkatzen laguntzen zaion enpresa bakoitzeko, jarduerari ekin ondoren eta hurrengo sei hiletan ematen zaion laguntzagatik, enpresa-proiektuak sendotzen laguntzeagatik.

Laguntzaren zenbatekoak ezingo du izan proiektuei zuzenean, bitarteko propioekin nahiz kanpoko bitartekoekin, emandako aholkularitzaren kostu zuzenaren % 100ekoa baino handiagoa. Bitarteko propioen bidez emandako aholkularitzaren kasuan, lan-kostu zuzenak soilik izango dira diruz lagun daitekeenak, hau da, proiektu horien tutore diren teknikarien soldatak eta gizarte-segurantza, proiektu horiei laguntzen aritu diren denboran.

Enpresak finkatzen laguntzeko ekintzengatiko diru-laguntzen zenbatekoak ezingo du izan toki-ekintzaileei laguntzeko ekintzetarako jasotzen diren laguntzeko % 25ekoak baino handiagoak.

c) Kontratazioak egiteko laguntzak.

1) Gehienez 3.000 euro emango dira hiru hileko iraupena duen lanaldi osoko lan-kontratu bakoitzeko eta 6.000 euro gehienez sei hileko edo gehiagoko iraupena duen lanaldi osoko lan-kontratu bakoitzeko. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan eta hiru eta sei hilabete bitarteko iraupena duten kontratuen kasuan, lan egindako lanaldiari eta/edo denborari proportzionala izango da diru-laguntza.

Diru-laguntzaren azken zenbatekoak ezingo du izan kontratatutako pertsonen soldata-kostuen eta gizarte-segurantzako kostuen % 75ekoa baino handiagoa.

2) Diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 9.000 eurokoa izango da sei hileko edo gehiagoko iraupena duen lanaldi osoko kontratu bakoitzeko, baldin eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonak kontratatzen badira, lehen enplegua eskuratzen duten 35 urtetik beherako pertsonak badira eta kontratatu aurreko 18 hiletatik gutxienez 12 hiletan Lanbiden izena emanda izan diren pertsonak kontratatzen badira. Lanaldi partzialeko kontratuen kasuan eta hiru eta sei hilabete bitarteko iraupena duten kontratuen kasuan, lan egindako lanaldiari eta/edo denborari proportzionala izango da diru-laguntza.

Kasu honetan, diru-laguntzaren azken zenbatekoak ezingo du izan kontratatutako pertsonen soldata-kostuen eta gizarte-segurantzako kostuen % 100ekoa baino handiagoa.

d) Enplegu-sorreran eragina duten toki-garapeneko beste ekintza batzuetarako laguntzak

1) Artikulu honetako a), b) eta c) letretan adierazten diren gehienezko zenbatekoak aplikatu dira 1., 2. eta 3. motako ekintzetarako laguntzak emateko.

2) Toki-garapeneko beste ekintza batzuk, aurrekoak izan ez eta 2.2 artikuluan 4. mota b) letran jasotzen direnak finantzatzeko gehienez emango den diru-laguntza 4.000 eurokoa izango da parte hartzen duen pertsona bakoitzeko, eta horren muga proiektua behar bezala burutzeko egin behar diren kanpo-gastu zuzenen % 100a izango da. Horrez gainera, proiektuek 1., 2. eta 3. motako jarduerak egiten badituzte, aurreko ataletan adierazi diren zenbatekoen artetik dagokienarekin lagunduko dira.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Diru-laguntzak berariaz eskatu ondoren, honako erakunde hauek izan daitezke deialdi honek aurreikusten dituen laguntzen onuradun:

a) Deialdiko 1., 2. eta 3. motako jarduerak egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko mankomunitateak, koadrilak, udal-elkarteak eta udalerriak, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak 2012ko maiatzaren 9an (maiatzaren 23ko EHAA) eman zuen Aginduak araututako Eskualdeko Enplegu Planen deialdian onuradun izandakoak eta/edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak onartu eta Lanbide-Euskal Enplegu Publikoko zuzendari nagusiak 2012ko uztailaren 26ko (abuztuaren 29ko EHAA) Ebazpen bidez argitaratu zen deialdiaren onuradun izandakoak (garapen ekonomikorako eta tokiko esparruan enplegua sortzeko proiektuak, eskualdeetako enplegu planetan sortutakoak, sustatzeko laguntzen deialdia egin zuen azken ebazpen horrek).

b) Jarduerak 4. motakoak baldin badira, onuradun izan daitezke, aurreko letran adierazitako erakundeez gain, proiektua modu indibidualean aurkezten duten udalerriak.

2.– Baldintza hauek bete behar dituzte erakunde onuradunek:

a) Egunean beteta izan behar dituzte Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

Modu automatikoan eta beharrezkoa den aldi guztietan egiaztatuko da Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen direla. Organo kudeatzaileak egingo du egiaztapen hori, erakunde horiei baimenik eskatu beharrik gabe. Hori egitean, bete egingo da 1/1997 Legegintza Dekretuak, azaroaren 11koak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak, 50.3 artikuluan araututakoa.

b) Diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko ezintasuna dakarren zehapen penal nahiz administratiborik ez izatea eta horiek eskuratzeko legezko debekurik ez izatea. Azken horien artean sartuko dira sexu-diskriminazioagatik sorrarazitako debekuak, otsailaren 18ko 4/2005 Legea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerakoa, urratzeagatik sortutakoak.

3.– Diru-laguntzak erakunde onuradunei esleitzeko, eta, hala dagokionean, ordaintzeko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomiadunek izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan erakunde horiekiko abiarazi dituen itzultze- edo zehazpen-prozedurak bukatzea, baldin eta une horretan oraindik izapidetze-fasean baldin badaude.

6. artikulua.– Eskaerak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.

1.– Deialdi honek arautzen dituen laguntzak eskuratzeko eskaerak III. eranskinean dagoen eredu ofizialaren bidez aurkeztu behar dira. Eredu hori eskuragarri izango da http://www.lanbide.net helbidean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zerbitzu zentraletan, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Enpleguko Lurralde Bulegoetan.

Era berean, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak, 38.4 artikuluan arautzen den moduren batean ere aurkez daitezke eskaerak.

2.– Eskaera aurkeztu behar du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak 2012ko maiatzaren 9an eman zuen Aginduak araututako Eskualdeko Enplegu Planen deialdian onuradun izandako erakunde berak eta/edo Lanbide-Euskal Enplegu Publikoko zuzendari nagusiak 2012ko uztailaren 26ko Ebazpen bidez eman zuen deialdian onuradun izandako erakunde berak (garapen ekonomikorako eta tokiko esparruan enplegua sortzeko proiektuak, eskualdeetako enplegu-planetan sortutakoak, sustatzeko laguntzen deialdia izan zen azken hori).

Eskaera 4. motako proiektuetarako, toki-garapeneko proiektu estrategikoetarako, laguntzak eskatzeko bada, aurreko paragrafoan adierazi diren erakundeek aurkez dezakete edo zuzenean jardueren sustatzaile diren udalerriek. Ezingo da inoiz ere aurkeztu eskaera bat baino gehiago jarduera bakar baterako.

3.– Eskaera-inprimakiarekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Garapen ekonomikorako eta enplegua sortzeko proiektua azalduko duen memoria teknikoa. Deialdiaren eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko behar den informazio guztia jaso behar du memoriak.

b) Proiektua betetzeko gastu-aurreikuspenak eta proiektuaren bideragarritasuna azalduko dituen memoria ekonomikoa.

4.– Eskaerak ez badira xehetasun guztiekin betetzen edo aurreko paragrafoan adierazitako agiriak erantsi gabe aurkezten bada, deitu egingo zaio erakunde horri akats horiek zuzendu edo falta diren agiriak erants ditzan hamar eguneko epean, eta adieraziko zaio ez badu horrela egiten, ezetsitzat joko dela bere eskaera. Hala ere, eskaera horri buruzko berariazko ebazpen bat emateko eta jakinarazteko obligazioa izango du Administrazioak.

5.– Hilabeteko epea izango da eskaerak aurkezteko deialdi hau «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian» argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

7. artikulua.– Ebazpenak emateko organo eskuduna, diru-laguntzak emateko prozedura, ebazpena, epeak, berrezartzeko errekurtsoa eta publizitatea.

1.– Lan Aktibazioko Zuzendaritza izango da prozedura izapidetzeko organo eskuduna eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia izango da hura ebazteko organo eskuduna.

2.– Eskaerak aurkezteko epea amaituta eta aurkeztutako proiektuek deialdian arautzen diren baldintzak eta eskakizunak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, lurralde-eremu bakoitzerako esleitu den aurrekontua banatuko da eta proiektu bakoitzari dagozkion laguntzak emango dira. Hori egiteko, eskaeretan proiektuentzat adierazi den lehentasun-ordenari erreparatuko zaio, harik eta esleitutako gehienezko aurrekontua agortzen den arte.

Soberako funtsak geratzen badira lurralde-eremuren batean, beste lurralde-eremu batzuetako proiektuak estaltzeko erabil ditzake funts horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak. Hori egitean, deialdi honetako 3. artikuluko 4. paragrafoak arautzen duena beteko du. Egoera hori gertatzen bada, proiektuen sustatzaile diren udalerriek 2013ko abuztuan zuten langabezia-indize altuenetik baxuenerako ordenaren arabera banatuko dira soberako funts horiek, eta proiektu bat finantzatuko zaio gehienez erakunde eskatzaile bakoitzari.

3.– Ebatzi eta jakinarazteko gehienezko epea sei hilekoa izango da, eskaera aurkezten denetik aurrera. Epe hori igarotzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, diru-laguntzaren eskaera onetsia izan dela ulertuko da.

4.– Zuzendari nagusiaren ebazpenak agortu egingo du administrazio-bidea, eta haren aurka aukerazko berrezartze-errekurtsoa jar dakioke zuzendari nagusiari hilabeteko epean jakinarazpena egin ondorengo egunetik aurrera, edo zuzenean jar daiteke administrazioarekiko auzi-errekurtso bat administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpenaren ondorengo egunetik aurrera kontatzen hasita.

5.– Publizitate-printzipioa betetzeko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak emandako ebazpen bidez, deialdi honen baitan onartzen diren diru-laguntzen onuradun izango diren erakundeen zerrenda. Erakundeek jasoko dituzten diru-zenbatekoak adieraziko dira zerrenda horretan, eta, era berean, adieraziko da zer erakunderi aldatu zaien onartutako diru-laguntza. Hala ere, Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gain, banaka eta berariaz jakinaraziko dira diru-laguntzen onespen-ebazpenak.

8. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko modua.

Deialdi honetan adierazten diren ekintzak egiteko ematen diren laguntzak/diru-laguntzak bi zatitan ordainduko dira, modu honetan:

a) Onartu den diru-laguntzaren % 80 emango da lehen ordainketan, ebazpena igorri ondoren.

b) Bigarren ordainketan, gainerako % 20a edo justifikazioaren ondorioz dagokion diru-zenbatekoa, behin proiektua amaitu ondoren eta gastuak hurrengo artikuluan adierazten den moduan justifikatu ondoren.

9. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa eta epea.

1.– Proiektuak amaitu ondoren, diru-laguntzen onuradun diren erakundeek agiri hauek aurkeztu behar dituzte hiru hileko epean gehienez:

a) Jardueraren amaierako memoria, alderdi hauek adieraziko dituena gutxienez:

– Egindako jardueren deskribapena.

– Kontratatutako pertsonak identifikatuko dira, eta adieraziko da zer lanaldi egin duten, zer kolektibotakoak diren eta haien kontratuak zer iraupen efektibo izan duen.

– Enpresa-proiektuak abian jartzeko eta finkatzeko garaian aholkulari-lanak egin dituzten teknikari tutoreen zerrenda jasoko da. Aholkularitza-lan hori bitarteko propioekin egin bada, haien dedikazio-denbora adierazi beharko da.

– Hartu diren pertsona ekintzaileak.

– Lagundu diren finkatze-proiektuak.

– 4. motako proiektuak egin ondoren izan diren kanpo-gastuak.

– Lortutako emaitzak, hau da, sortutako enpleguak eta jarduera ekonomikoa.

– Hobekuntza-ekintzak.

– Erabilitako baliabideak.

– Kostu ekonomikoa.

b) Egindako proiektuak 1. motakoak badira, enplegua sustatzekoak, eta haiek laneratze enpresek edo irabazi asmorik gabeko erakundeek egin badituzte, proiektuaren egikaritza erakunde horiei esleitzeko egin den negozio juridikoa egiaztatzen duen hitzarmenaren, kontratuaren edo bestelako dokumentuaren kopia aurkeztu behar da.

c) 2 motako eta 4 motako proiektuetan, baldin eta kanpoko zerbitzuak kontratatu badira, egindako kontratuaren kopia aurkeztu beharko da.

d) Toki-erakunde onuraduneko idazkari/kontu-hartzaileak egindako ziurtagiria, jarduerak eragin dituen gastuak justifikatzen dituena.

2.– Gastu izango dira diruz lagundutako jardueraren berezko gastuak, 4. artikuluan adierazten den moduan zehaztuak jarduera-mota bakoitzerako, eta, betiere, aurreko paragrafoan araututako justifikazio-epea amaitu baino lehen ordaindu direnak.

3.– Agiriak ez badira araututako epean aurkezten edo, agiriak aztertu ondoren, ikusten bada ordaindu den diru-laguntzaren zenbatekoak gainditu egiten duela diruz lagundu diren jarduerek eragin dituzten gastu lagungarrien kostua, haiek itzultzeko prozedura abiaraziko da, 15. artikuluak arautzen duen prozedura betez.

4.– Lanik gabe dauden pertsonak kontratatzeko proiektuei eman baldin bazaie diru-laguntza, emandako diru-laguntza hori itzuli beharko da, baldin eta diruz lagundu den denbora baino lehen amaitzen badira lan-kontratuak. Hori gertatzen bada, deialdi honetako 14. eta 15. artikuluek arautzen duten prozedura abiaraziko da, salbu eta kontratu-amaiera hori ez bada izan erakunde kontratatzailearen borondatez gertatutakoa. Azken kasu horretan, lan-kontratuak egiaz izan duen iraupenaren proportzioan murriztuko da diru-laguntzaren zenbatekoa.

10. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Diru-laguntzen onuradun diren erakundeen betebeharrak izango dira, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak, 50.2 artikuluan araututakoak, eta, berariaz, honako hauek:

a) Eskakizunak eta baldintzak betetzen direla justifikatzea, eta laguntza onartzea eta erabiltzea eragin duen jarduera egitea.

b) Erakundeen kontrol-jarduerak bete behar dituzte, hala nola, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarenak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailarenak, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoarenak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiarenak.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea Administrazio edo entitate publiko zein pribatuek xede edo helburu bera betetzeko eman dizkieten laguntzak edo diru-laguntzak, diru sarrerak edo baliabideak.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea laguntza ematean kontuan hartu diren egoera objektibo zein subjektiboetan gertatzen diren aldaketa guztiak.

e) Batera finantzatutako jardueren xedeari edo izaerari eragiten dioten gertakari guztiak jakinarazi behar dituzte eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari lagundu behar diote jarduera horiek egiaztatu, jarraitu eta kontrolatzeko prozeduretan.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek, zuzenbide pribatupeko entitate publikoek eta sozietate publikoek eman dizkieten laguntzak edo diru-laguntzak itzultzeko edo zehapenak ezartzeko abiarazi dizkieten prozeduren berri ematea, baldin eta izapidetze-aldian badaude.

11. artikulua.– Beste laguntza edo diru-laguntza batzuekin batera gertatzea.

Deialdi honek arautzen dituen diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste Administrazio edo entitate publiko eta pribatuek kontzeptu eta xede berarekin emandako bestelako laguntza edo diru-laguntzekin, baina finantzazio-iturri anitz horietatik eskuratutako laguntza edo bitartekoen guztizko zenbatekoek ezingo dute izan diruz laguntzen diren jardueren egiazko kostuari dagozkionak baino handiagoak. Kostu horiek gainditzen badituzte, murriztu egingo dira diru-laguntzen zenbatekoak.

12. artikulua.– Diru-laguntzak aldatzea.

Aldatu egingo da emandako diru-laguntza, baldin eta diru-laguntzak emateko aintzat hartu diren baldintzak aldatzen badira, eta, beti, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako diru-laguntzaren xede berarekin bestelako laguntzak edo diru-laguntzak jaso direla jakiten bada, eta, horren ondorioz, gainditu egiten bada onartutako kostu osoa. Horren harian, beti beteko dira deialdi honek diru-laguntzen onuradun izateko arautzen dituen gutxieneko baldintzak, eta haiek emateko irizpideak eta mugak aplikatuko dira. Baldintzen aldaketa horren ondorioz, emandako diru-laguntza osoa edo haren zati bat bueltatu behar bada, haiek itzultzeko prozedura abiaraziko da.

13. artikulua.– Babesletza.

Erakunde onuradunek berariaz adierazi behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren babesa jaso dutela deialdi honen bidez finantzatzen diren jardueretan, jarduera horien zabalpena, hedapena, edo, kasuan kasu, argitalpena egitean.

14. artikulua.– Urraketak.

Deialdi honetan aurreikusten diren diru-zenbatekoen onuradun diren erakundeek Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53.1 artikuluak arautzen dituen egoeraren batean suertatzen badira edo erakunde onuradun horiek urratu egiten badute deialdi honetan ezarritako baldintzaren bat, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendariak, ebazpen bidez, ordaintzeko falta diren diru-zenbatekoak jasotzeko eskubidea galduko dutela adieraziko du, eta, kasuaren ezaugarrien arabera, onuradunek jaso dituzten diru-zenbatekoak eta diru-laguntza ordaindu den uneaz geroztik eskatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari bueltatzeko betebeharra ezar dezake. Horrez gainera, eta kasu zehatzean eskatzekoak badira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duenak, arautzen dituen gainerako akzioak abiaraz ditzake. Diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikoak izango dira lege-ondorioetarako, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 64. artikuluak arautzen duen erantzukizunen erregimena izango da betetzekoa.

15. artikulua.– Laguntza bueltatzeko prozedura.

1.– Aurreko artikuluak arautzen dituen urraketak gertatzen badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak erakunde interesatuari jakinaraziko dio bueltatzeko prozedurari ekingo zaiola eta prozedura horri ekiteko arrazoiak. Horrekin batera, 15 eguneko epe bat emango dio egoki irizten dituen alegazioak egin ditzan erakunde horrek. Prozedurari ekiteak eten egingo ditu oraindik egin gabe dauden ordainketak.

2.– Alegazioak jasotzean edo epea alegaziorik jarri gabe igarotzen denean, amaiera emango zaio prozedurari, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez. Bueltatzeko prozedura ebazteko, 12 hileko epea izango da gehienez.

3.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak erabakitzen badu urraketa bat gertatu dela, diru-laguntza eskuratzeko eskubidea galdetzen dela deklaratuko du, eta, kasuak horrela eskatzen badu, dagozkion diru-zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari bueltatzeko obligazioa ezarriko du. Bi hilabeteko epea izango da, gehienez, diru hori bueltatzeko, ebazpenak jakinarazten denetik aurrera kontatuta. Borondatezko epea izango da epe hori.

4.– Erakundeak ez badu dirua bueltatzen borondatezko epean, haiek premiamendu bidez berreskuratzeko tramiteei ekingo zaie.

16. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Izaera Pertsonaleko Datuak Babestekoa den abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak arautzen duena betetzeko, «Enplegu eta formaziorako diru-laguntzak» izeneko fitxategian jasoko ditu deialdi honetan arautzen diren laguntza-eskaeren bidez eskuratzen dituen datu pertsonalak. Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak 2012ko urriaren 12an emandako Aginduak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituenak, arautzen du adierazitako fitxategi hori.

Lege horrek datuak eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta haien aurka egiteko eskubideak arautzen ditu, eta pertsona interesdunek eskubide horiek erabil ditzakete hori egiteko asmoa dutela adierazten duen idatzi bat bidaliz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea, 1 zk., 01009, Vitoria-Gasteiz).

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala