Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

198. zk., 2013ko urriaren 16a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4396

29/2013 EBAZPENA, irailaren 26koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko tranbia-programaren 2013ko hainbat jarduera Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari gomendiotan emateko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako Erabakia argitaratzeko dena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko irailaren 24an egindako bileran Euskal Autonomia Erkidegoko tranbia-programaren barruan 2013an egin beharreko hainbat lan Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari gomendiotan ematea erabaki zuenez, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko tranbia-programaren 2013ko hainbat jarduera Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari gomendiotan emateko Erabakiaren testua, ebazpen honen eranskin gisa doana, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko irailaren 26a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 26KO 29/2013 EBAZPENARENA
ERABAKIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO TRANBIA-PROGRAMAREN 2013KO HAINBAT JARDUERA RED FERROVIARIA VASCA-EUSKAL TRENBIDE SAREARI GOMENDIOTAN EMATEKO DENA

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 13. artikuluak Ingurumena eta Lurralde Politika Sailaren esku uzten ditu trenbideen gaineko egitekoak.

Ingurumena eta Lurralde Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.1.b artikuluaren arabera, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari dagokio lurreko garraioaren azpiegituretako obrak zuzendu, ikuskatu eta kontrolatzea.

Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 5.4 artikuluaren arabera, entearen helburuetan sartzen da, Jaurlaritzak haren gain uzten duen eta, zuzenean edo zeharka, trenbide-garraioko azpiegiturak eraiki, zaindu eta administratzearekin zerikusia duen beste edozein eginkizun, eta bereziki, azterlan eta proiektuak idaztearekin zerikusia duten eginkizunak.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 15. artikuluaren arabera, «Administrazioko organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen eskumeneko jarduera materialak, teknikoak eta zerbitzuzkoak administrazio bereko edo beste bateko organoen edo erakundeen eskuetan jar daitezke, eraginkortasunari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago».

Arau horren arabera, kudeatzeko gomendioa administrazio bereko organoen edo zuzenbide publikoko erakundeen artean egiten bada, administrazio horren arauetan ezarritakoari begira formalizatuko da; halako araurik ez badago, berriz, esku hartzen duten organo edo erakundeek berariaz hartuko duten erabaki baten bidez.

Euskal Autonomia Erkidegoko tranbia-programako proiektuak egiteko, eta proiektuen eta obren jarraipena egin eta kontrolatzeko burutu beharreko jarduera material, tekniko eta zerbitzuzkoei dagokienean, arrazoi tekniko eta materialengatik, jarduera horiek Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari gomendiotan ematea da zentzuzkoena, baldin eta interes publikoak lortzeko eraginkorrago izan nahi bada.

Ondorioz, Ingurumena eta Lurralde Politikako sailburuaren proposamenez, eta hura aztertu ondoren, Jaurlaritzaren Kontseiluak honako hau erabaki du:

ERABAKIA

«Lehenengoa.– 2013an Euskal Autonomia Erkidegoko tranbia-programa burutu, jarraipena egin eta kontrolatzeko Ingurumena eta Lurralde Politika Sailaren eskumenekoak diren jarduera material, tekniko, juridiko eta zerbitzuzkoak Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari gomendiotan ematea. Kudeatzeko gomendio horrek ez du esan nahi, ez eskumenaren titulartasuna, ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak, lagatzen direnik.

Bigarrena.– Kudeaketa-gomendio hori burutzeko baldintza zehatzak erabaki honen eranskinean datoz jasota.

Hirugarrena.– Kudeaketa-gomendio hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea».

ERANSKINA, Euskal Autonomia Erkidegoko Tranbia-Programako 2013ko hainbat jarduera Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari gomendiotan emateko erabakiarena.

1.– GOMENDIOAREN XEDEA.

Kudeatzeko gomendio honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko tranbia-programa burutu, eta haren jarraipena egin eta kontrolatzeko 2013ko lanak egiteko arauak zehaztea da Ingurumena eta Lurralde Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.2 artikuluaren arabera.

2.– ADMINISTRAZIOAREN ETA EUSKAL TRENBIDE SAREAREN ARTEKO HARREMANAK. DEFINIZIOAK.

Administrazioaren eta Euskal Trenbide Sarearen arteko harremanak finkatu aurretik, zenbait figura juridiko definitzea komeni da:

ADMINISTRAZIOA:

Eusko Jaurlaritza. Ingurumena eta Lurralde Politika Saila. Garraio Azpiegituren Zuzendaritza.

ENKARGUAREN ZUZENDARIA:

Administrazioak enkarguaren zuzendari bat izendatuko du; zuzendari horren lana Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzak ikuskatuko du. Lanen zailtasunaren arabera, enkarguaren zuzendariak talde tekniko bat bildu ahal izango du aholkuak eman diezazkion, eta, behar izanez gero, zuzendariaren izenean ere jardun ahal izango du talde horrek.

EUSKAL TRENBIDE SAREA (aurrerantzean, ETS):

Ingurumena eta Lurralde Politika Sailaren mende dagoen zuzenbide pribatuko ente publikoa, agiri honetan adieraziko diren lanak egingo dituena.

ETS-REN ORDEZKARIA:

Goi-mailako teknikaria izango da; ETSk berak izendatuko du lanen koordinazio teknikoa burutzeko eta Administrazioaren aurrean ETSren izenean jarduteko. ETSko talde guztiak ordezkari horren esanetara lan egingo du. Ordezkariak, enkarguaren zuzendariak eskatzen dion guztietan zuzenean emango dizkio azalpenak.

3.– LANA EGITEKO ERA.

Hilean behin, gutxienez, ETSk idatziz emango dio enkarguaren zuzendariari ordura arte egindako lan guztien berri, eta aurrera egiteko behar diren aginduak eskatuko dizkio.

ETSk agindu edo erabakiren bat eskatzen duen guztietan, eskariarekin batera, bere ustez egokiena iruditzen zaiona proposatu beharko du.

Enkarguaren zuzendariaren talde teknikoak noiznahi ikuskatu ahal izango du lanak nola doazen, ETSren bulegoetan.

Ikuskapenaren ondorio diren ohar edo aginduak enkarguaren zuzendariak jakinaraziko dizkio esleipendunari.

4.– AURREKARIAK, ERREFERENTZIAZKO AGIRIAK ETA PLANTEAMENDU OROKORRA.

Kudeaketa-gomendio honek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren tranbia-programa burutu, eta haren jarraipena egin eta kontrolatzeko behar diren lan guztiak hartuko ditu bere baitan, eta bereziki honako proiektu hauen ingurukoak:

– Gasteizko tranbia – Hego-ekialdeko luzapenak (Salburua, Zabalgana,...).

– Bilboko tranbia – II. fasea.

5.– ETS-K EGIN BEHARREKO LANAK.

ETSk egin beharreko lanak honela sailka daitezke:

A) Tranbia-programaren plangintza eta kontrol orokorra.

Euskal Autonomia Erkidegoko tranbia-programako proiektu eta obren jarraipena eta koordinazioa sartzen da hemen; bai proiektuak egiteko aholkularitza-kontratuena, bai eta eraikuntzakoena, kontratu horien ondorio diren plan partzialena barne.

Kontua da aldizka, kontratuen arduradunekin batera, enkargu bakoitzaren programen jarraipena egitea eta eguneratzea, eskura dagoen informazioa bateratzea, eta, aurretik finkatutako helburuak kontuan izanik, aurkezpen xume eta koherente bat atontzea, ulertzeko eta kontrolatzeko erraza gerta dadin; hartara, erabaki zuzentzaileak unerik egokienean hartzeko modua eskaini ahal izango baita.

Lan hori guztia egoera-txosten orokor batean jasoko da.

B) Azterlanak eta txostenak.

ETSk Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak agintzen dizkion txosten eta azterlan guztiak idatziko ditu; eskatutako agiriak gomendiotan emandako gaiarekin zuzenean nahiz zeharka erlazionaturikoak izan daitezke.

Hainbat faseren barruan, proiektuak idaztekoan, jendaurrera ateratzekoan eta obrak eraikitzekoan, Ingurumena eta Lurralde Politika Sailak herritar eta kolektiboek aurkezten dituzten galdera eta alegazioei erantzuteko txostenak idatzi beharra izaten du.

ETSk erreklamazio horiek aztertzen lagunduko dio sailari, eta horrek eskatzen dizkion txostenak idatzi, eta bere profesionaltasunak eta Administrazioaren interesak agintzen dizkion ekintzak proposatuko ditu.

Era berean, Ingurumena eta Lurralde Politika Sailak txosten teknikoak ere eskatu ahal izango dizkio, baldin eta gaiarengatik berarengatik ingeniaritzako arlo jakin bateko adituen parte-hartzea beharrezko bada.

Alde horretatik, ETSren egitekoa izango da arazoa ahalik eta gehien zehaztea, behar diren adituen baldintzak identifikatzea, eta arazoaren analisia kalitatezkoa izango dela bermatzeko moduko gaitasuna zein enpresa edo profesionalek duen ikertzea, betiere kontsultore-lan horiek koordinatuz eta gainbegiratuz, proiektuaren koherentzia orokorrari eusteko.

C) Proiektuak eta informazio-azterlanak egitea eta zuzentzea.

Euskal Trenbide Sareak Ingurumena eta Lurralde Politika Sailak Euskal Autonomia Erkidegorako eskatzen dizkion tranbia-proiektuak idatziko ditu, eta Sailak hirugarrenei esleitutakoak zuzenduko ditu.

D) Eraikuntza-kudeaketa.

Zerrenda itxi bat osatzeko inolako asmorik gabe, lan hauek egingo dira besteak beste:

D.1.– Obra zibilen eta ekipamenduen zuzendaritza.

Behin obrak eraikitzeko kontratua esleitutakoan, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak obra zuzendari bat izendatuko du; obra-zuzendari horrek ETSren ordezkariaren esanetara jardungo du eta kontratu hori bete dadin zainduko du, bai alderdi teknikoei, bai alderdi ekonomikoei dagokienean, eta udal-agintariekiko eguneroko harremanak ere horren ardura izango dira.

Obra-zuzendaria ETSren langilea izango da, eta, behar izanez gero, zuzendari-alboko baten eta aholkularitzarako talde tekniko baten laguntza izango du.

Egitekoen artean, eraikuntza bera akuilatzeaz gain, kontratistarengandik jasotako agiri guztiak batu beharko ditu, egokiak diren ikusi, eskainitako epeekin bat datozen egiaztatu, argibide osagarriak eskatu eta egin beharreko obraren aurreikuspenei eutsi. Lan hori guztia obren aurrerabidearen hileko ziurtagirietan eta hileko txostenetan islatuko da.

Obra-zuzendariak Ingurumena eta Lurralde Politika Sailaren izenean jardungo du izaera formala duten zenbait jarduketetan; besteak beste, zuinketa-agiria sinatzekoan eta esleipendunak prezioak edo bestelako alderdi garrantzitsu batzuk aldarazteko aurkezten dituen iradokizunei buruzko lehenengo eztabaidetan.

Halaber, obra-zuzendaria izango da jabearen ordezko teknikoa obrek ukitzen dituzten zerbitzu- eta hornidura-konpainiekin koordinatzeko izan beharreko elkarrizketa eta bileretan.

Obrak zuzentzen laguntzeko talde tekniko bat izango du obra-zuzendariak, eta talde horren ardura izango da egunero-egunero obrak kontrolatu, kalitatea bermatu, geometriak eta zuinketa egin, saiakuntzak burutu eta obrak proiektuarekin bat datozela egiaztatzeko jarraipena egin, lan-oharrak idatzi, eta ziurtagiriak idatzi aurreko oharrak prestatzeko lana.

D.2.– Aholkularitzak.

Atal honetan eraikuntza-lanetan edo, are proiektuak idaztekoan, ingeniaritzaren arlo jakin batzuetako adituek parte hartzea eskatzen duten lan bereziak sartzen dira.

ETSren lana izango da, arazoa zer-nolakoa den ahalik eta gehien zehaztea, behar diren adituen ezaugarriak finkatzea, eta eskatutako analisia behar bezalako kalitatearekin egingo dela bermatzeko moduko gaitasuna zein enpresa edo profesionalek daukaten ikertzea.

Ildo horretatik, ETS arduratuko da arazoa zehaztu eta behar diren adituak hautatzeaz, eta aholkularitza-lanak koordinatu eta ikuskatuko ditu, proiektuaren koherentziari eutsi ahal izateko eta hasierako helburu nagusiarekiko kongruentea dela bermatzeko.

D.3.– Obrek erasandoen kudeaketa.

Herri barruan obrak egiteak berekin dakar trafikoa, zerbitzuak eta bestelakoak ukitzea.

ETSk, erasandako horiek kudeatzeko ardura bere gain hartuko du, herritarrei ahalik eta enbarazu txikiena egiteko.

Egiteko horien artean sartuko dira:

Trafikoaren kudeaketa:

ETS plangintzarik onena egiten saiatuko da, obren eragina ahalik eta txikiena izan dadin, eta, zenbaitetan nahitaez sortuko diren ibilgailu-ilarak arintze aldera, trafikoarentzat alternatiba egokienak proposatzeko.

Trafikoaren kudeaketarako eskema horren barruan, arlo horretan ardura duten udal-agintariekin harremanak izan beharko dira, arazo gehien non sor daitezkeen jakiteko, trafikoari dagokionean arazoak leku jakin batean pilatzea eragingo luketen aldi bereko obrarik ez egiteko, eta, zuzenean trafikorako alternatibak ez izan arren, trafiko hori oro har hobetzen lagun dezaketen alternatibak proposatzeko.

– Zerbitzuen kudeaketa:

Obra zibileko proiektu bakoitzean behar bezala zehaztuta daude obrek erasandako zerbitzuak desbideratu eta lehengoratzeari buruzko xehetasunak. Horretarako kontuan izan dira kasuan kasuko zerbitzuak hornitu edo kudeatzen dituzten konpainiek emandako datuak, eta zerbitzu horiek non dauden ikusteko egin diren katak.

ETSk zorrotz jarraituko ditu erasandako zerbitzuen zuinketa, desbiderapena eta lehengoratzeko lanak, eta kasuan kasuko enpresarekin batera koordinatuko du zein diren desbideratu eta lehengoratzeko konponbiderik egokienak, teknika eta ekonomiaren aldetik, betiere obra-kontratua bere osotasunean hartuta.

Era berean, obra-kontratuetako lanen ondorioz, aurrez ezagutzen ez zen beste zerbitzuren bat agertuz gero, ETSk, beharrezkoa bada, zerbitzu hori desbideratzeko eta lehengoratzeko konponbidea adostuko du hornidura-konpainiarekin eta kontratistarekin.

D.4.– Laneko segurtasunaren eta osasunaren kudeaketa.

Atal honetan, obretako istripuak ahalik eta gehien murrizteko modua eskaintzen duten laneko segurtasun eta osasun mailei eutsi ahal izateko beharrezko diren prebentzio-lan guztien jarraipena egin eta suspertzeko lanak sartzen dira.

Proiektu bakoitzaren baldintzen orrian lanak hasi aurretik zer prozedura idatzi behar den adierazten denez, ETSk prozedura horiek idazten direla zaintzeaz aparte, hobekuntzak proposatuko ditu, formari nahiz edukiari dagokienean, eraginkorragoak izan daitezen eta segurtasun maila altuagoak erdiesten lagun dezaten.

ETSren lan hori segurtasun- eta osasun-planen kudeaketari buruzko ikuskapen-txostenetan jasoko da.

Gainera, ETSk prestakuntza egokia izango duen teknikari bat edo gehiago izan beharko ditu, obrak egiten diren bitartean edota obra-proiektua idazten den bitartean, segurtasuna eta osasuna koordinatzeko. Teknikari horiek, ETSren ordezkariak proposatu, eta Garraio Azpiegituren zuzendariak izendatuko ditu.

D.5.– Kalitatea bermatzeko kudeaketa eta ingurumenaren kudeaketa.

Atal honetan egitura, osagai eta instalazio guztiak, kontratu, kode, arau eta diseinurako zehaztapenei jarraituz eraikitzen direla egiaztatzeko behar diren ekintzen jarraipena egin eta suspertzeko lanak sartzen dira.

ETSk kontratistek eta hornitzaileek kontratuaren hasieran aurkeztutako kalitatea bermatzeko planen auditore gisa jardungo du, eta kontratuen zuzendaritzari ebaluazio, iruzkin eta onarpenerako aholkuak emango dizkio.

Lan hori, obrek dirauten artean edo obren fase bakoitzerako kontratistek aurkeztu beharreko kalitate-planetan ere burutu beharko da.

Aldi berean, kalitate-plan bakoitzean jasotako ekintzak nola burutzen diren kontrolatuko du, eta lanen garapenaren arabera, jarduketa horiek egokitzeko proposatu ahal izango du, plan horiek eraginkorrak eta praktikoak izan daitezen, eta obrak kalitate hobekoak izaten lagun dezaten.

Bestetik, ETSk arreta berezia jarriko du kontratuaren ondorioz egin beharreko lanak ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko irizpideei jarraituz egin daitezen, eta arlo honetan indarrean dagoen legeria betetzen dela zainduko du.

Honako alderdi hauek zainduko ditu bereziki:

– Aginpidea duen organoak kasuan kasuko obrarako ezarritako ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpenean jasotako kontrol- eta zainketa-neurri guztiak eta jarduteko erak betetzen direla.

– Obra bakoitzerako kontratistak proposatu duen Kalitatea Bermatzeko Planean jasotako ingurumena kudeatzeko neurriak betetzen direla, eta indarrean dagoen legeriarekin eta araudiarekin bat datozela.

Kontratu honetan aurreikusitako gainerako jarduera guztietan, ETSk arreta berezia jarriko du baliabide natural gutxiago erabiltzeko, zabor gutxiago sortzeko, zabor horiek hobeto kudeatzeko eta halakoak ahal den neurrian birziklatzeko.

E) Kontratazioaren arloko laguntza.

ETSk lehiaketa eta lizitazioetarako baldintza-agiriak prestatu eta egokitzen lagunduko dio Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari; laguntza administrazioaren arlokoa, nahiz teknikoa izango da, eta laguntza tekniko horrek alderdi orokorrak nahiz zehatzak hartuko ditu bere baitan.

Atal honetan honako egiteko hauek sartzen dira: enkargu bakoitzerako klausula bereziak idatzi, antzekoak diren enkarguetan ohikoak izan arren kasu bakoitzean argibideak eskatzen dituzten alderdiak zuzendu, eta proiektu batzuetako eta besteetako baldintzen pleguak homogenizatu, hortik aurrera aplikatzeko irizpideak bateratzeko.

Behin pleguen zirriborroa prestatutakoan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumena eta Lurralde Politika Sailari dagokio ofizial egitea, edo beharrezkoak badira, zuzenketak egitea, eta, lizitaziorako agirien artean sartu ahal izateko, onartzea.

ETSren lana ordea, ez da kontratazioaren une horretan amaitzen, baldintzen orria prestatzen aritu den talde teknikoa lehiaketan parte hartu nahi duten kontratisten zerbitzura jarraituko baitu, eta haien iruzkinak jasoko ditu, aurrerantzean idatzi beharrekoetan argibide edo zuzenketa gisa baliagarriak gerta baitaitezke.

Kontratistek eskaintzak prestatzeko duten epean, ETSk talde tekniko bat izango du lehiatzaileek aurkezten dizkioten kontsultei erantzuteko prest, betiere eskatzaile guztien aukera berdintasuna bermatuko duen Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailarekiko lankidetza-eskemaren barruan.

Lehiaketan parte hartu dutenen gutun-azalak irekitakoan, ETSko teknikariek lehiaketan parte hartzeko aurkeztu diren eskaintzak eta proposamenak aztertu, analizatu eta homogeneizatzeari ekingo diote.

Egitekoen sorta honetan honako hauek sartzen dira: konparazio-taulak prestatzea; baldintza agirietan finkatutako lehentasunei jarraituz baremoak aplikatzea; eta, beharrezkoa den neurrian, Ingurumena eta Lurralde Politka Sailari enpresa lizitatzaileekin izan nahi dituen elkarrizketetarako eta kontsulta eta argibideetarako laguntza teknikoa eskaintzea. Lantegi hori kontratua esleitzeko proposamen-txostenarekin amaituko da. Txosten horretan Ingurumena eta Lurralde Politika Sailak erabakiak hartu ahal izateko behar dituen irizpen-osagai adierazgarrienak jasoko dira.

F) Beste erakundeetako gestioak eta haiekiko koordinazioa.

Tranbiako obrak egiteko espazio publikoak okupatu beharra dago, batzuetan aldi baterako, beste batzuetan behin betiko. Espazio publiko horiek, berriz, udalarenak, edo-eta beste erakunde eta administrazio batzuenak izan daitezke, eta, hortaz, proiektuak eta beste interes orokor batzuk uztartzeko koordinazio-neurriak hartu eta gestioak egin beharko dira.

G) Desjabetzeen kudeaketaren arloko laguntza.

Obrek erasandako ondasun eta zerbitzuak aldi baterako okupatu edo desjabetzeko behar diren espedienteen inguruko lanak sartzen dira hemen. Lan horiek Ingurumena eta Lurralde Politika Saileko lege-aholkularitzako zerbitzuekin elkarlanean burutuko dira.

Lehenengo eta behin, proiektuetan bildutako datuak egiaztatu, eta, behar izanez gero, osatu egingo dira, desjabetzeko jardunbidean aurrerago egin beharreko izapideak erraztu eta arintze aldera; eta horrek identifikaziorako ikerketa lan sakona egitea eskatzen du.

Ahalik eta datu gehien egiaztatutakoan, ETSk zerrenda ofizialak osatuko ditu, legeak eskatutako datu guztiekin, sailak argitara dezan.

Atal honen barruan, ETSk bilerak izango ditu azalpenak eskatzen dituzten edo-eta desjabetzearekin ados ez dauden interesdunekin, aurkeztutako alegazioak jaso eta aztertu egingo ditu, alegazio horiei erantzuteko aldeko eta kontrako argudioak emango ditu, eta jardunbidean aurreikusitako jarduketetarako laguntza juridikoa eta teknikoa eskainiko du.

Eskatutakoari jarraituz, ondasun eta eskubideen balioespenak egiten parte hartuko du ETSk; eta interesdunek azaltzen dituzten argudioak entzungo ditu, eta ondoren Ingurumena eta Lurralde Politika Sailari horren aurrean zer-nolako jarrerak har ditzakeen adieraziko dio. Ondasun eta eskubideak desjabetzeko jardunbidearen arabera okupatu aurretik egin beharreko aktetan, Ingurumena eta Lurralde Politika Sailaren izenean jardungo du.

Lan horren emaitza bukaeran idazten diren adostasun-aktetan islatuko da.

H) Jendearentzako etengabeko arreta- eta informazio-zerbitzua.

Euskal Trenbide Sareak tranbia-programaren barruan Eusko Jaurlaritzak abiarazten dituen proiektuen eta obren berri ematen lagunduko dio Ingurumena eta Lurralde Politika Sailari.

Beharrezkoa gertatzen denean, ETSk herritarrentzako arreta-bulegoa jarriko du, tranbia egiteko obren gainean eta, oro har, proiektuaren gainean herritarrek aurkeztu nahi dituzten kexak, kontsultak, iradokizunak, eta antzekoak zentralizatzeko behar diren baliabide guztiekin. Bulegoetan proiektua ondo ezagutzen duen jendea arituko da lanean, eta egiteko hori burutzeko behar diren agiriak izango dituzte.

Pentsatzekoa da kontratu honek irauten duen bitartean, obren hasierekin edota proiektu berrien aurkezpenarekin batera, informazioa eta komunikazioa etengabe eskaintzeko era hori osatu beharra izatea, jarduketa jakin indartsuagoekin, hau da, argitalpenekin, erakusketekin, jarduketa zehatzen berri emateko kanpaina bereziekin.

6.– EGINDAKO LANEN BALIOESPENA ETA ORDAINKETA.

Gomendiotan emandako lanek, BEZa barne, zazpiehun eta laurogeita bi mila laurehun eta hirurogeita hiru (782.463) euro egingo dutela jotzen da; hona hemen kontzeptuei buruzko xehetasunak:

(Ikus .PDF)

Enkargu honen ondorioz egiten diren lanak hilero ordainduko dira, egindako lanak egiaztatutakoan. Horretarako, kasuan kasuko faktura aurkeztu beharko zaio Administrazioari 13.0.1.09.31.0100.3.623.81.51310.001.R aurrekontu-aplikarioaren kontura.

7.– INDARRALDIA.

Kudeaketaren gomendio honek 2013ko abenduaren 31 arteko indarraldia dauka.


Azterketa dokumentala