Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

182. zk., 2013ko irailaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO AUZITEGI NAGUSIA
4042

EBAZPENA, 2013ko uztailaren 15ekoa, Justizia Administrazioaren Idazkaritza Nagusiarena, ordezko idazkari judizialen lan-poltsetarako deialdia egiten duena.

BJLOko 451. artikuluarekin eta Idazkari Judizialen Kidegoko Erregelamendu Organikoa onartzen duen abenduaren 30eko 1608/2005 EDko 134tik 139ra bitarteko artikuluekin bat, Idazkaritza honek erabaki du ordezko idazkari judizialen probintzia izaeradun Lan-Poltsetarako deialdia egitea honako oinarri hauen arabera:

Lehenengoa.– Probintzia bakoitzean deitutako plaza-kopurua eta erreserba-kupoa Ebazpen honetako I. eranskinean agertzen direnak dira.

Lan-poltsak urtebete egongo dira indarrean eratu direla argitaratzen denetik aurrera kontatzen hasita, eta indarraldia urtebete luza daiteke.

Deitutako plazetatik % 5 legearen araberako ezgaitasun-izaera dutenek bete ditzaten gordeko dira. Ezgaitasun-maila % 33koa edo handiagoa behar du izan otsailaren 28ko 264/2011 Errege Dekretuaren 5. artikuluarekin bat (martxoaren 1eko Estatuko Aldizkari Ofiziala), betiere kreditatzen badute aipatutako ezgaitasun-maila dutela eta berori funtzionalki bateragarria dela Idazkari Judizialen Kidegoari dagozkion lan eta eginkizunak burutzearekin.

Bigarrena.– Lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute, eskaerak aurkezteko epea amaitzean, honako baldintza hauek betetzen dituztenak:

1.– Espainiarra eta adin nagusikoa izatea.

2.– Zuzenbidean lizentziadun edo graduatua izatea.

3.– Dolozko delituagatik kondenatua, prozesatua edo erruztatua ez egotea, errehabilitazioa lortu ezean, auzian largeste irmoko autoa eman ezean edo zigor-aurrekariak ezereztu ezean.

4.– Azken 5 urtean ezegokitzat jo ez izana.

5.– Norberaren eskubide zibilak osorik egikaritzeko moduan egotea.

6.– Funtzio publikoak egikaritzeko desgaikuntzarik ez izatea.

7.– Estatuko, Autonomi Erkidegoetako edo Toki Administrazioetako Kidego batetik diziplina prozedura bidez bereizita ez egotea, ezta diziplina bidean edo bide judizialean funtzio publikoak egikaritzea etenda izatea ere, behar bezala errehabilitatua izan ezean.

8.– Kargua ezin betetzea dakarren gaixotasun edo akats fisiko edo psikikorik ez izatea.

9.– Hirurogeita hamar urte beteta ez izatea edo urte horiek ez betetzea poltsa indarrean den bitartean.

Hirugarrena.– Interesatuek eskaera bakarra zuzenduko diote dagokion Auzitegi Nagusiko Gobernu idazkariari eta bertan hurrenkeran adieraziko dute zein probintziatan lehiatzea lehenesten duten beren nahiaren arabera. Hori zuzenean egin ahal izango dute edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko moduetako edozeinen bidez, hamar egun balioduneko epean, irailaren 2tik aurrera kontatuta. Epe hori zenbatzeko orduan ez du eraginik izango deialdiari eman dakiokeen publiko egiteko beste edozein moduk.

Laugarrena.– 1.– Parte hartzeko eskaerak nahitaez bat etorriko dira Ebazpen honetako II. eranskinean jasotako ereduarekin eta honako agiriak erantsiko zaizkie: Nortasun agiriaren fotokopia konpultsatua, zuzenbideko lizentziadun edo graduatu tituluaren edo hura egiteko tasak ordaindu izanaren frogagiriaren fotokopia konpultsatua, lizentziatura edo gradu horretako ikasketa-espedientearen egiaztapenaren fotokopia konpultsatua, kargua ezin betetzea dakarren akats fisiko edo gaixotasun psikiko edo fisikorik ez duela egiaztatzeko egiaztagiri mediko ofiziala, eta lehiakideak alegatutako merituak egiaztatzeko agirien fotokopia konpultsatua.

2.– Justizia Ministerioak zigor-aurrekarien ziurtagiria zuzenean emango du bere administrazio organoen bidez, baina bakarrik Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoan jardunean ez dauden hautatuena.

3.– Administrazioaren Kidego batekoak izan eta zerbitzu aktiboan daudenek diziplina-espedientearen indarrez etenda ez egotearen ziurtagiria ekarri behar dute, Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegokoak izan ezik; izan ere, kasu horretan Justizia Ministerioak egingo du egiaztapen hori.

4.– 100eko 33ko edo maila handiagoko ezgaituen legezko izaera duten izangaiek organo eskudunen ziurtagiria aurkeztu behar dute Idazkari Judizialen Kidegoko berezko lanak burutzeko gaitasun funtzionala dutela egiaztatuz.

5.– Eskabideak aurreko ataletan adierazitako baldintzak beteko ez balitu, interesdunari errekerimendua egingo zaio, hamar egun balioduneko epean, akatsa zuzendu edo ezinbesteko agiriak erants ditzan, eta ohartarazi, hori egin ezean, eskabidean atzera egindakotzat joko dela.

Bosgarrena.– Poltsa batean parte hartzen dutenek, poltsa berri baten deialdia egiten bada, parte hartu beharko dute, hala nahi badute. Horrela bada, alegatutako merituak deialdi berrian aurreikusitakoarekin bat baloratuko dira.

Seigarrena.– 1.– Eskaerak aurkezteko epea amaitutakoan, Gobernu idazkariek baloratuko dituzte eskatutako baldintzak betetzen dituzten izangaiek alegatutako merituak.

2.– 2013ko maiatzaren 29an Justizia Administrazioaren Idazkaritza Nagusiak emandako eta 2013ko ekainaren 15eko BOEn argitaratutako ebazpenak eta maiatzaren 29ko ebazpenaren akatsak zuzentzeko 2013ko uztailaren 1eko ebazpenak (uztailaren 13ko BOEn argitaratuak), ezarritako baremo eta puntuaketa-irizpideekin bat, honako merituak baloratuko dira:

a) Ikasketa-espedientea.

b) Zuzenbidean doktore izatea eta maila hori lortzean izandako kalifikazioa.

c) Abokatutzan benetan aritutako urte kopurua Epaitegi eta Auzitegietan, emandako irizpenak eta aholkuak. Lanbidean aritutako denbora zenbatzeko kontuan hartuko da edozein Elkargotan jardule gisa lehen altaren egunetik aurrera.

d) Baimendutako ofizial gisa jardun izana eta baimen horren iraupena.

e) Idazkari judizial, epaile edo fiskalen ordezkatze-lanetan aritu izana eta ordezkatze horien iraupen efektiboa.

f) Unibertsitate Publiko edo Pribatuetan diziplina juridikoetako irakasle gisa edo diziplina horietako Sailetan laguntzaile gisa emandako zerbitzu efektiboen urte kopurua.

g) Karrerako edo behin-behineko funtzionario gisa jardundako urte-kopurua Herri Administrazioetako beste edozein Kidegotan, haietan sartzeko Zuzenbideko lizentziadun edo graduatu titulua berariaz eskatzen bada. Lanbide horretan jardundako denbora zenbatuko da praktiketako funtzionario izendatu zutenetik edo lehenengo lanpostua jabetzan hartu zuenetik.

h) Argitalpen zientifiko-juridikoak.

i) Ponentziak eta komunikazioak interes juridikoko kongresu eta ikastaroetan.

j) Espezializazio juridikoko ikastaroak egin izana.

k) Txanda libretik idazkari judizialen Kidegora, Karrera Judizial edo Fiskaleko Kidegora edo Zuzenbidean lizentziatua izatea eskatzen den edozein oposiziotako Kidegora sartzeko frogetako ariketaren bat gainditu izana, azkeneko 5 urteetan.

l) Justizia Administrazioko Ofizialen Kidegoan eta Kudeaketa Prozesal eta Administratiboaren Kidegoan jardundako denbora, inoiz jardun badu.

m) Berezko Zuzenbidearen edo hizkuntzaren ezagutzak izatea, halakoak dituzten Autonomia Erkidegoetan.

Zazpigarrena.– 1.– Behin eskariak baloratuta, Gobernu Idazkariek hautatuen behin behineko zerrenda egingo dute lortutako puntuazio handienetik txikienera ordenaturik, baita erreserba kupoarena ere. Bertan azalduko dira hautagai bakoitzaren abizenak, nortasun agiriaren zenbakia, eta lortutako hurrenkera-zenbakia eta lortutako puntuaketa. Ordezko idazkarien lan-poltsarako hautatu direnen artean puntuaketa-berdintasuna gertatuko balitz, jarraian adieraziko diren irizpideen arabera ebatziko da:

1) Idazkari judizialen ordezte lanetan denbora luzeagoan ibili izana.

2) Idazkari judizialen kidegoan txanda libretik sartzeko frogetako ariketaren bat gainditu izana.

3) Doktoretza titulua.

Zerrenda horiek Auzitegi Nagusietako, Probintzi Auzitegietako, Hiriburuetako Dekanotzetako, Administrazio Unitateetako, Gobernuko Ordezkaritzetako eta Justizia Ministerioko Egoitza Nagusiko iragarki-oholetan argitaratuko dira.

2.– Interesdunek hamar egun balioduneko epea izango dute eskabidea aurkeztu zuten Auzitegi Nagusiko Gobernu idazkariari erreklamazioak egiteko, zerrendak Justizia Ministerioaren Egoitza Nagusian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Merituen behin-behineko balorazioen aurkako erreklamazioak, eskaera egiteko unean egiaztatu diren merituen balorazioari buruzkoa izango da bakarrik, eta horiei buruz ez da inola ere horien zuzenketa onartuko. Erreklamazioek ez dute jasoko eskaeran agertzen ez diren merituen aipamen edo egiaztapenik.

3.– Gobernu idazkariak hamabost egun balioduneko epean erreklamazioak ebatziko ditu eta behin-betiko onartutako izangaien zerrenda egingo du. Justizia Administrazioko idazkari nagusiak zerrenda hori berretsi eta Zazpigarren Oinarri honetako 1 puntuan adierazitako eran argitaratu ondoren, bai eta Justizia Ministerioko web-orrian ere, Estatuko Aldizkari Ofizialera eta Autonomi Erkidegoko Aldizkarira bidaliko da argitaratua izan dadin.

Zortzigarrena.– 1.– Deialdia Probintziako idazkari koordinatzaileak egingo du bere lurralde eremuan eta izangaiek poltsetan duten kokapen-hurrenkera zorrotzaren bidez burutuko da. Hala ere, zerbitzu aktiboan egon eta, poltsan dauden eta galdatutako baldintzak betetzen dituzten Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoaren funtzionarioek deituak izateko lehentasuna izango dute poltsetako beste izangaien aldean.

Izendatuko diren idazkari judizialek izendapena jakinarazi ondoko hogeita lau orduko epean hartu beharko dute kargua, Probintziako idazkari koordinatzailearen aurrean.

2.– Uko egiteagatik edo kargua uzteko legezko beste arrazoiengatik nahikoa hautagai ez badaude, deialdi honetan puntuazioa lortu dutenak izendatu ahal izango dira, merituen araberako hurrenkera zorrotz jarraituz.

3.– Aurreko atalean aipatutako kasuan, ordezko idazkarien zenbait poltsatan sartzeko eskatu duten izangaiak probintzia bateko poltsan izendatuak izan ondoren, bertara geratuko dira atxikita eta gainerako poltsetatik ezabatuak izango dira.

Bederatzigarrena.– Ordezko idazkari gisa zerbitzu efektiborik egin ez duten izangaiek edo azken bi urteetan sei hilabete egin ez dutenek, praktika-aldian dauden ordezko idazkaritzat joko dira. Praktika-aldiak bi hilabeteko iraupena izango du izendapena egiten denetik hasita, eta epealdi hori era jarraituan edo epealdi metagarrietan zenbatuko da. Aipatutako epealdia amaitutakoan Probintziako idazkari koordinatzaileak txostena egingo du. Txostena ezezkoa balitz, ordezko idazkari judizialak bere lanpostua utziko du eta poltsan dagokion tokira itzuliko da. Horren ondotik egindako izendapena praktika-aldi berriaren mende egongo da, eta berori gaindituko ez balu lanpostu berria utzi beharko du eta poltsatik baztertua izango da behin-betiko. Praktika-aldia gainditu izanak ez du eragozten espediente bat hasi ahal izatea nahikoa errendimendu ez izateagatik edo oinarrian ezarritako gaitasun-maila ez izateagatik.

Praktika-aldiaren zenbaketa eten egingo da lizentzia, baimen, oporraldi eta aldi baterako ezintasun egoeretan.

Hamargarrena.– Ordezko idazkariak Idazkari Judizialen Kidegoko kideen estatutuaren mende egongo dira aipatutako karguetan jardun bitartean eta lanpostuari dagozkion ordainsariak jasotzeko eskubidea izango dute eta alta hartuko dute Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean. Ordezko idazkari izendatutako Kudeaketa Prozesal eta Administratiboko Kidegoaren funtzionarioek Estatuaren Klase Pasiboen erregimenean eta Mutualitate Judizialean derrigorrez sartuta egoten jarraituko dute.

Hamaikagarrena.– Karguan aritu bitartean ordezko idazkariek Idazkari Judizialen Kidegoko Erregelamendu Organikoko 140. eta hurrengo artikuluetako bateraezintasun eta debekuak izango dituzte.

Hamabigarrena.– Poltsaren indarraldian zehar ezegokitzat jotzeko espediente bati hasiera emango balitzaio eta hori izapidetu bitartean interesdunari lepora dakiokeen arrazoiak direla-eta Justizia Ministerioaren eta idazkari judizialaren arteko lotura desagertuko balitz, poltsetatik baztertuta geratuko da.

Hamahirugarrena.– Ordezko idazkarien izendapenek ez dituzte ondoreak izango eta kargua utziko dute:

a) Titularrek kargua hartu edo beren lanpostuetara itzultzean edo izendatuak izan ziren plaza ezabatzean.

b) Poltsetan sartuak izateko eskatutako baldintza edo alegatutako inguruabarren bat faltsua izatea.

c) Administrazio bidean ezarritako eta ohartarazpena ez den diziplina-zehapena.

d) Epea amaitzea, edo idazkariak izendatzeko beharrizan edo premia arrazoiak desagertzea.

e) Botere Judizialeko Lege Organikoan eta Idazkari Judizialen Kidegoko funtzionarioen Erregelamenduan ezarritako derrigorrezko jubilazioaren adina betetzea.

f) Interesdunak behar bezala onartu eta arrazoitutako uko egitea aurkeztea.

g) Justizia Ministerioaren arrazoitutako ebazpen bidez, dagokion Gobernu idazkariak proposatutakoa, ezgaitasun, bateraezintasun eta debeku zioetako bat aldi berean emateagatik eta karguaren eginbeharrak arduraz ez betetzeagatik edo argiki karguan aritzeko aproposak ez izategatik.

Ebazpenak ordezko idazkariaren errendimendu edo gaitasun gabezia deklaratu ahal izango du bai eta lanpostua uztea eta dagokion poltsan behin bakarrik berriz sartzea xedatu ere edo lanpostua uztea eta poltsatik behin-betiko baztertua izatea xeda dezake haren indarraldian zehar.

Hamalaugarrena.– Kanarietako Autonomia Erkidegorako eta Balear Uharteetarako arautzea:

Uharteen lurraldearen zatiketak eragindako zailtasunak direla-eta, sistema berezia ezarriko da, honakoa, hain zuzen ere:

– Las Palmaseko probintzian, zerrenda nagusi edo ordezko idazkarien poltsaz gain, beste zerrenda bat egongo da, lehentasunezkoa deitu ahal duguna. Zerrenda horretan lehenengo zerrendan derrigorrez sartuta egoteaz gain, lehentasunez Lanzarote eta Fuerteventurako barruti judizialetako jurisdikzio-organoetan lan egiteko nahia adierazten duten izangaiak sartuko dira.

– Santa Cruz de Tenerifeko probintzian, zerrenda nagusi edo ordezko idazkarien poltsaz gain, beste zerrenda bat egongo da, lehentasunezkoa deitu ahal duguna. Zerrenda horretan lehenengo zerrendan derrigorrez sartuta egoteaz gain, lehentasunez La Palma, Gomera eta Hierro uharteetako jurisdikzio-organoetan lan egiteko nahia adierazten duten izangaiak sartuko dira.

Zerrenda guztiak izangai bakoitzak lortutako puntuaketaren arabera egingo dira.

Lantokien eskaintza, bai zerrenda nagusitik bai lehentasunezko zerrendatik, izangai berari egitea suertatuko balitz, berorrek hautatuko du.

Gran Kanaria eta Tenerifeko beharrizanak estaltzeko, dagokion Probintziako Poltsatik deialdiak egingo dira.

Gainerako uharteen beharrizanak estaltzeko, lehenengo eta behin uhartearen lehentasunezko zerrendara joko da hura agortu arte eta hurrengo Probintziako Poltsara.

Lehentasunezko zerrenda batean egoteak ez du salbuesten zerrenda nagusian parte hartzetik; hortaz, lortutako puntuaketaren arabera Gran Kanaria edo Tenerifeko uharteetako lanpostu bat betetzeko deitua izanez gero, ez onartzeak bi zerrendetatik baztertua izatea ekarriko luke berekin.

Bi zerrendetan aldi berean dagoen pertsona bat izendatu ondoren, jardunean egoerara pasatuko da bietan, baina lanpostua utzitakoan Idazkari Judizialen Erregelamendu Organikoan xedatutakoa aplikatuko da, eta bietan dagokion tokian sartuko da.

Eranskinean, hautatutako aukera edo aukerak markatu beharko dira.

– Balear Uharteetan ordezko idazkarien hiru poltsa eratuko dira, uharteko bana. Eskatzaileek Mallorca, Menorca eta Eivissako lehentasunezko zerrendan parte hartzea onartzen duten adierazi beharko dute. Izangai batek hiru zerrendetan egoteko nahia adieraziko balu eta puntuaketagatik horixe egokituko balitzaio, berariaz adierazi beharko du zein zerrendatan sartu nahi duen.

Eskabidean hautatutako aukera edo aukerak markatu behar dira.

Probintziako idazkari koordinatzaileek deialdia egiten dutenean, bai zerrenda nagusietan bai lehentasunezkoetan, kontuan hartuko da zortzigarren oinarrian ezarritako lehentasuna, hau da, poltsetan parte hartzen duten Kudeaketa Prozesal eta Administratiboaren Kidegoko funtzionarioei dagokiena.

Hamabosgarrena.– Interesdunek Auzitegi Nagusiko Gobernu Idazkariaren erabakien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute Justizia Ministerioan, administrazio-bidea amaitzeko, eta, kasua bada, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan.

Bilbao, 2013ko uztailaren 15a.

Justizia Administrazioaren idazkari nagusia,

JOAQUÍN SILGUERO ESTAGNAN.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala