
182. zk., 2013ko irailaren 24a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (174 KB - 3 orri.)
- EPUB (97 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4038
AGINDUA, 2013ko irailaren 20koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren ebaluazio-prozesua arautu, eta 2013an kanpo-ebaluazioaren zerbitzua jaso nahi duten erakundeei izena emateko dei egiteko Agindua aldatzen duena.
Martxoaren 3ko 53/2009 Dekretuak, Bikain-Hizkuntza Konpromisoaren Zigilua eta Euskararen Kalitate Ziurtagiria arautzen dituenak, xedatutakoari jarraiki, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak, 2013ko apirilaren 11n, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren ebaluazio-prozesua arautu, eta 2013an kanpo-ebaluazioaren zerbitzua jaso nahi duten erakundeei izena emateko deia egiten dien Agindua eman zuen.
Izena emateko epea amaitutakoan, eta erakunde eskatzaile guztiek deialdian parte hartu ahal izateko ezinbesteko baldintzak betetzen zituztela eta aurkeztu beharreko dokumentazioa zuzen zegoela egiaztatu ondoren, eta eskatzaileen kopuruak deia egiten zuen Aginduaren 2.5 artikuluak ezarritako 30 erakundetako gehienezko muga gainditzen zuenez, Agindu horren beraren 8 eta 9. artikuluek aurreikusiriko prozedurari ekin zitzaion, 2013an kanpo-ebaluazioaren zerbitzua jasoko zuten erakundeak aukeratzearren eta erakunde eskatzaileei jakinaraztearren aukeratuak izan ziren edo ez.
Kontuan izanik, batetik, 2013ko deialdi honetan kanpo-ebaluazio zerbitzua jasotzeko izena eman duten erakundeen kopuruak Bikain-Hizkuntza Kalitate Ziurtagiriaren ibilbide osoan lehen aldiz gainditu duela Aginduak ezarririko 30 erakundetako gehienezko kopurua, eta, bestetik, erakunde eskatzaileek euskararen erabilera beren esparruan normalizatzeko egin duten ahalegina neurtu eta, hala balegokio, aitortzea ahalik eta gehien zabaldu beharreko helburua dela, eta, era berean, kanpo-ebaluazioa eta, hala balegokio, Bikain-Hizkuntza Kalitate Ziurtagiria jasotzea erakunde ororentzat onuragarria dela jakinik, guztiz komenigarri eta garrantzi handikotzat jotzen da 2013an kanpo-ebaluazioa jaso nahi duten erakunde guztien eskaera ontzat ematea, betiere eskatu ahal izateko Aginduak ezartzen zituen ezinbesteko baldintzak betez gero eta Aginduak berak zehazten zituen agiri guztiak behar bezala eta epe barruan aurkeztuz gero.
Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren ebaluazio-prozesua arautu, eta 2013an kanpo-ebaluazioaren zerbitzua jaso nahi duten erakundeei izena emateko dei egin zuen 2013ko apirilaren 11ko Aginduaren 2. artikuluaren –«Nori zuzendua» izenburukoa– 5. lerroaldea ezabatzea.
2. artikulua.– Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren ebaluazio-prozesua arautu, eta 2013an kanpo-ebaluazioaren zerbitzua jaso nahi duten erakundeei izena emateko dei egin zuen 2013ko apirilaren 11ko Aginduaren 8. artikulua, «Ebaluatuak izango diren erakundeak aukeratzeko balorazio-irizpideak» izenburukoa, ezabatzea.
Ezabatze honen ondorioz, honela geratzen da 2013ko apirilaren 11ko Aginduaren artikuluen hurrenkera:
Lehen «9. artikulua» zena, «8. artikulua» izango da orain.
Lehen «10. artikulua» zena, «9. artikulua» izango da orain.
Lehen «11. artikulua» zena, «10. artikulua» izango da orain.
Lehen «12. artikulua» zena, «11. artikulua» izango da orain.
Lehen «13. artikulua» zena, «12. artikulua» izango da orain.
Lehen «14. artikulua» zena, «13. artikulua» izango da orain.
Lehen «15. artikulua» zena, «14. artikulua» izango da orain.
Lehen «16. artikulua» zena, «15. artikulua» izango da orain.
3. artikulua.– Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren ebaluazio-prozesua arautu, eta 2013an kanpo-ebaluazioaren zerbitzua jaso nahi duten erakundeei izena emateko dei egin zuen 2013ko apirilaren 11ko Aginduaren lehengo 9. artikulua, orain 8. artikulua dena –«Balorazio-batzordea eta ebazpena» izenburukoa–, osorik aldatzea, honako hau jarriz:
«8. artikulua.– Eskaeren ebazpena.
Agindu honen 4. artikuluak zehazten duen organo kudeatzaileak eskatzaileek deialdian parte hartu ahal izateko ezinbesteko baldintzak betetzen dituztela eta aurkeztu beharreko dokumentazioa zuzen dagoela egiaztatu ondoren, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak, ebazpen bidez, eskatzaileetako bakoitzari 2013ko kanpo-ebaluazioaren prozesuan parte hartzeko eskaera onartu den edo ez jakinaraziko dio. Izena emateko epea itxi eta handik 30 egun balioduneko epean ebazpenik jasoko ez balitz, administrazio-isiltasunak eskaeraren ukapena adierazten duela ulertuko da.»
4. artikulua.– Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren ebaluazio-prozesua arautu, eta 2013an kanpo-ebaluazioaren zerbitzua jaso nahi duten erakundeei izena emateko dei egin zuen 2013ko apirilaren 11ko Aginduaren lehengo 10. artikuluaren, orain 9. artikulua izango denaren –«Ebazpenaren aldaketa» izenburukoa– 2. lerroaldea ezabatzea.
XEDAPEN GEHIGARRIA
2013an kanpo-ebaluazioaren zerbitzua jaso nahi duten erakunde guztiek aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, Agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, hamabost eguneko epean.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren ebaluazio-prozesua arautu, eta 2013an kanpo-ebaluazioaren zerbitzua jaso nahi duten erakundeei izena emateko dei egin zuen 2013ko apirilaren 11ko Aginduaren epeetan eskaera egin zuten erakunde guztiek bere garaian aurkezturiko agiriak baliodundutzat joko dira, erakunde eskatzaileak berriz ere aurkeztu beharrik izan gabe.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Jakinarazi hau interesdunari, eta adierazi agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokeela Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakeela Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik izango du eragina agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2013ko irailaren 20a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
RSS