Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

182. zk., 2013ko irailaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
4036

4/2013 FORU-ARAUA, 2013ko uztailaren 17koa, Foru Sektore Publikoko obra kontratuetan klausula sozialak txertatzeko dena.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «2013ko uztailaren 17ko 4/2013 Foru-araua, Foru Sektore Publikoko obra kontratuetan klausula sozialak txertatzekoa»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2013ko uztailaren 17a.

Diputatu nagusia,

MARTIN GARITANO LARRANAGA.

HITZAURREA

Kontratazio publikoa garrantzi handiko jarduera ekonomikoa da eta aukera ona ematen die botere publikoei zeharkako politika publikoak gauzatzeko eta interes orokorreko beste helburu publiko batzuk lortzeko zereginean eragiteko, kontratu bakoitzak duen helburu zehatzaz harago, beti ere kontratazio publikoko printzipioek ezartzen dituzten mugak errespetatuz.

Horri dagokionez, 2005eko uztailaren 12ko 6/2005 Foru-arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 8.2 artikuluan Foru Aldundiaren jarduera kontrolatzeko eta sustatzeko ahalmena ematen die Gipuzkoako Batzar Nagusiei, eta ahalmen hori erabiliz, Batzar Nagusiek Foru Aldundiari eskatu zioten, batetik, obra publikoen kontrataziorako baldintza agirietan txerta zezala enpresa esleipendunek, kontrata eta azpikontratek, Gipuzkoako Eraikuntza eta Obra Publikoen hitzarmena aplikatzeko duten obligazioa, eta, bestetik, aurkez zezala hitzarmena betetzen dela bermatzeko protokolo bat.

Bestalde, egun indarrean dagoen Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginak aukera ematen du: kontratuen exekuzioarekin lotuta izaera sozialeko baldintza bereziak txertatzeko; lan-baldintzen betetzearekin zerikusia duten parametro objektiboak txertatzeko eskaintzetan balore anormalak edo desproportzionatuak antzemateko; eta eskaintza berdinak edo baliokideak daudenean desgaitasuna duten langile portzentaje jakin bat duten enpresen alde egiteko esleipen irizpideak aurreikusteko.

Eta gainera, eraikuntzaren sektorean, nahiz Foru Sektore Publikoaren obra kontratuetan, azpikontratazioa kateek geroz eta presentzia handiagoa dute, eta horrek komenigarria egiten du egiaztatzea enpresek badutela lan arloko, nahiz laneko segurtasun eta osasun arloko betebeharrei aurre egiteko gutxieneko antolakuntza egitura, ahalik eta gehien minimizatzeko langileen segurtasunerako eta osasunerako arriskuak.

Hori guztiagatik, kontratu publikoen inguruan indarrean dagoen legediak ematen duen aukera baliatuz, foru-arau honen helburua da, hain zuzen ere, Foru Sektore Publikoko obra kontratazioan hainbat alderdi sozial txertatzea, erabat errespetatuz lizitatzaileenganako tratu berdintasunaren printzipioa eta gardentasun printzipioa, Europar Batasuneko zuzenbidean jasotakoak. Gainera, foru-arauak bilatzen du Foru Sektore Publikoa osatzen duten entitateen arteko irizpideak bateratzea, kontratazioetarako baldintza agirietan zein klausula sozial txertatu erabakitzeko garaian.

Ondorioz, hainbat klausula idatzi dira obra kontratuetako esleipendunek bete ditzaten lan arloko, gizarte segurantzaren arloko eta laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko betebeharrak, subkontratazio esparruko betebeharrak nahiz berdintasunaren arloko betebeharrak, betebehar horiek direnean gizarte eta lan arloko legeditik eratorritako eskubide kolektiboen eta indibidualen ondoriozkoak, edo aplikatzekoak diren hitzarmen kolektiboen ondoriozkoak –betiere bateragarriak badira kontratazio publikoan aintzat hartu behar diren printzipioekin: konkurrentzia, tratu berdintasuna eta diskriminazio eza–.

Foru-araua lau kapitulutan egituratzen da eta, guztira, hamabost artikulu, xedapen iragankor bat eta amaierako bi xedapen ditu.

I. kapituluan «Xedapen orokorrak» izenburupean, arauaren xedea, eta aplikazio esparru objektibo eta subjektiboa zehazten dira.

II. kapituluan, «Klausula sozialak txertatzea» izenburuarekin, zehazten da zein diren kontrataziorako baldintza agirietan txertatu behar diren klausulak. Lehenengo, kontratuzko klausula gisa ezartzen da kontratistek errespetatu egin behar dituztela, kontratua exekutatu bitartean, aplikatzekoa den lan arloko legeditik edota indarrean dauden hitzarmen kolektiboetatik ondorioztatzen diren betebeharrak: osasunaren arlokoak, laneko segurtasunaren arlokoak eta lan baldintzen ingurukoak. Bigarren, kontratistak azpikontratazio kasuan dituen betebeharrak ezarri dira izaera sozialeko kontratuzko klausula gisa. Hirugarren, aukera ematen da lan arloko arauak ez betetzearen ondorioz ezohiko beherapenak egiten dituzten eskaintzak baztertzeko. Laugarren, behartzen da kontratazio agirietan sartzera lan bizitza eta familia bizitza bateratzea ahalbidetzeko neurri zehatzak, eta gizonen eta emakumeen aukera berdintasuna sustatzera bideratutakoak. Eta azkenik, irizpide bat sartzen da lehentasuna emateko desgaitasuna duten langileen ehuneko jakin bat duten enpresen eskaintzei.

III. kapituluan, «Klausula sozialak bete diren egiaztatzea eta ebaluatzea» izenburuarekin, jasotzen da Egiaztapenerako eta Ebaluaziorako Batzorde Tekniko bat eratuko dela, kontratazio organoei laguntza eta aholkularitza emateko. Batzorde honek, obrak bisitatu ondoren, obra kontratuetako baldintza agirietan txertatutako kontratuzko klausulak betetzen diren egiaztatu eta ebaluatuko du. Egiaztapenerako eta Ebaluaziorako Batzorde Teknikoa Gipuzkoako Lurralde Historikoak bere erakunde eta organoen antolaketa, araubide eta funtzionamenduan dituen eskumenak baliatuz sortzen da, beti ere Autonomia Estatutuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eta Lurralde Historikoetako foru organoen arteko harremanak arautzen dituen azaroaren 25eko 27/1983 Legeak ezarritakoarekin bat.

Azkenik, IV. kapituluan, «Klausula sozialak ez betetzearen ondorio juridikoak» izenburuarekin, isun araubidea ezartzen da, kontratuzko klausula horiek betetzen ez diren kasuetarako isunekin. Gainera, funtsezko betebehar kontraktualak betetzen ez direnerako, kontratuzko lotura desegiteko aukera ere aurreikusten da.

Xedapen iragankorrak ezartzen du foru-arau honetan aurreikusten den araubidea ez zaiela aplikatuko jadanik esleituta dauden kontratuei edo esleipen prozedura hasita dutenei. Amaierako lehen xedapenak Foru Aldundiko Diputatuen Kontseilua gaitzen du, akordio bidez, foru-arau hau interpretatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren jarraibideak onartzeko, eta amaierako bigarren xedapenak foru-araua zein unetan sartuko den indarrean ezartzen du.

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Foru-arau honen xedea da zehaztea Gipuzkoako Lurralde Historikoko Foru Sektore Publikoa osatzen duten entitateetako kontratazio organoek izapidetzen dituzten obra publikoko kontratazio prozeduretan sartu beharreko izaera sozialeko klausulen edukia.

2.– Izaera sozialeko klausulatzat joko dira, foru-arau honen ondorioetarako, kontratistei kontratuetan ezartzen zaizkien gizarte arloko baldintzak, hala nola lan harremanei eta baldintzei buruzkoak, gizarte segurantzari buruzkoak, laneko segurtasunari eta osasunari buruzkoak, azpikontratazioari buruzkoak, lan bizitza eta familia bizitza bateratzeari buruzkoak, edota gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruzkoak, eta baita ere kontratuen esleipenean kontuan hartu beharreko bestelako irizpide sozialak.

2. artikulua.– Aplikazio esparru objektiboa.

1.– Foru-arau honen xedapenak obra kontratuei aplikatuko zaizkie, eta obra kontratu izaera izango dute Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginak, 2011ko azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onartutakoak, 6. artikuluan xedatutakoa betetzen dutenak.

2.– Foru-arau hau aplikatuko zaie baldintza hau betetzen duten obra kontratuei: Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu bateginaren arabera, balio zenbatetsia publizitaterik gabeko prozedura negoziatuaren bidez esleitzeko ezarritako zenbatekoaren berdina edo handiagoa dutenei.

3. artikulua.– Aplikazio esparru subjektiboa.

1.– Foru-arau hau aplikatuko zaie Gipuzkoako Lurralde Historikoko Foru Sektore Publikoa osatzen duten entitateetako kontratazio organo guztiei.

2.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Foru Sektore Publikoa honakoek osatzen dute foru-arau honen ondorioetarako: Foru Aldundiak, foru erakunde autonomoek, foru enpresa entitate publikoek eta kapital osoa publikoa eta Foru Aldundiarena duten merkataritzako foru sozietateek.

II. KAPITULUA
KLAUSULA SOZIALAK TXERTATZEA

4. artikulua.– Obra kontratuetan klausula sozialak txertatzea.

1.– Obrak kontratatzeko prozeduretako baldintza administratibo berezien agirietan foru-arau honen 5., 6., 7., 8. eta 9. artikuluetan jaso diren izaera sozialeko klausulak txertatuko dira.

2.– Horrela bada, obra kontratuetako lizitazio iragarkietan eta baldintza administratibo berezien agirietan azpiatal bat jasoko da. Azpiatal horretan adieraziko da kontratazioan izaera sozialeko baldintza bereziak bete behar direla. Azpiatal horren edukia hau izango da:

«Kontratu honetan bete beharko dira lan arloko, gizarte segurantza arloko eta lan segurtasun eta osasun arloko lege, arau eta hitzarmenak eta, bereziki, une bakoitzean egon dadin Eraikuntzako eta Obra Publikoko Gipuzkoako Hitzarmen Kolektiboaren azken testua, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratuta egon dadin.

Era berean, kontratu honetan bete beharko dira azpikontratazio arloko izaera sozialeko betebeharrak, ezgaitasunen bat duten pertsonen enplegua sustatzekoak, nahiz emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzekoak, beti ere baldintza agirian zehaztu moduan.»

5. artikulua.– Lanaren, gizarte segurantzaren eta laneko segurtasun eta osasunaren arloetako klausula txertatzea.

Obra kontratuetako baldintza administratibo berezien agiri guztietan txertatu egin beharko da lanaren, gizarte segurantzaren eta laneko segurtasun eta osasunaren arloetako betebeharrak betetzeko honako klausula hau:

«1.– Kontratistak lan arloan, gizarte segurantza arloan eta laneko segurtasun eta osasun arloan indarrean dauden lege, arau eta hitzarmen guztiak bete behar ditu. Bereziki, Eraikuntzako eta Obra Publikoko Gipuzkoako Hitzarmen Kolektiboan edo, hala gertatuz gero, berrikusitako hitzarmen kolektiboetan jasotzen diren lan baldintzak, eta berak izango du gerta litezkeen lan istripuei dagokien erantzukizun guztia. Hain zuzen ere, zuzen, zorrotz eta bere kontura bete behar du Segurtasun eta Osasun Plana, eraikuntza obretan segurtasun eta osasuneko gutxieneko baldintzak ezartzen dituen 1997ko urriaren 24ko 1627/1997 Errege Dekretuan eta agiri honetan xedatutakoaren arabera idatzia eta onartua izan behar duena. Administrazioak ez du inolako erantzukizunik izango kontratistak ez baditu betebehar horiek betetzen.

2.– Kontratistak, orobat, zuritu beharko du, dagozkion datuak azpikontratatutako enpresa orori eskatu eta gero, ezen enpresa azpikontratatuak ere, obrak gauzatzean, lan eta gizarte segurantza arloan indarrean dauden xedapen horiek aplikatzen dituela eta, zehazkiago, Eraikuntzako eta Obra Publikoko Gipuzkoako Hitzarmen Kolektiboak jasotzen dituen lan baldintzak eta laneko segurtasun eta osasuneko betebehar guztiak aplikatzen dituela.

3.– Enpresa kontratistak Gipuzkoako eraikuntza sektoreko sindikatu handienetako ordezkariei obretara sartzen utzi beharko die, hartara lan arriskuen prebentzioari buruzko araudia eta lan baldintzei buruzko araudia betetzen dela ikuska dezaten.

4.– Klausula honetan jasotako betebeharrak betetzeak sortutako gastuak enpresa esleipendunaren konturakoak izango dira, eta kontratua gauzatzeko eskainitako prezioan sartuta egongo dira.

5.– Aurreko paragrafoetan ezarritako betebeharrak exekuzio baldintza berezi moduan ezartzen dira, eta egiaztatu egin beharko dira kontratua gauzatzean. Betebehar horiek bete ezean isun ekonomikoak ezarriko dira, ez betetzearen larritasunaren araberakoak, eta isun horiek ezingo dute gainditu kontratuaren prezioaren 100eko 10. Nolanahi ere, betebehar baten ez betetzea oso larritzat jotzen den kasuetan, betebehar hori kontratuaren funtsezko betebehartzat joko da eta haren ez betetzeak kontratua suntsitzea ekarri ahal izango du.»

6. artikulua.– Neurriz kanpoko edo ezohiko eskaintzak egiten direnerako klausula txertatzea.

Obra kontratuetako baldintza administratibo berezien agiri guztietan honako aipamen hau txertatu beharko da esleipen irizpideei buruzko klausulan lizitazio prozeduran neurriz kanpoko edo ezohiko eskaintzak aurkezten diren kasuetarako:

«Eskaintza bat neurriz kanpoko edo ezohikotzat joko da, baldin eta bere beherapen portzentajeak % 10 baino gehiagogatik gainditzen badu onartutako proposamen guztien beherapen portzentajeen batez besteko aritmetikoa.

Neurrizko kanpokoa edo ezohikoa dela jo daitekeen proposamen bat identifikatzen denean, entzunaldia eman beharko zaio hura aurkeztu duen lizitatzaileari, eskaintzaren balorazioa azaldu eta haren baldintzak zehaztu ditzan, bereziki, ondorengo gaiei dagokienez: kontratuaren exekuzio prozesuak ahalbidetzen duen aurreztea, onartutako irtenbide teknikoak eta prestazioa betetzeko dituen aldeko aparteko baldintzak, proposatutako prestazioen originaltasuna, prestazioa gauzatuko den lekuan enpleguaren eta lan baldintzen babesari buruz indarrean dauden xedapenak errespetatzea, edo Estatuaren aldetik laguntzaren bat jasotzeko aukera.

Eskaintzak neurriz kanpoko beherapena duela adierazteko adinako zantzuak badaude, lizitatzaileak beherapena zuritzeko argudiatu ahal izango du lizitazioaren oinarrizko aurrekontuan adierazitakoa baino etekin industrial txikiagoa eskuratzea aukeratu duela.

Neurriz kanpoko edo ezohiko balioak ematen dituzten eskaintzek kontratuko baldintzak ez dituztela beteko irizteko parametro objektibo bat izango da eskaintzetan agertzen diren prezioak baxuagoak izatea indarrean dagoen hitzarmen kolektiboan langile mota bakoitzerako ezarrita dauden soldata minimoak baino.

Lizitatzaileak emandako azalpenak eta dagozkion txosten teknikoak ikusirik, kontratazio organoak uste badu ezohiko edo neurriz kanpoko balioak direla-eta eskaintza hori beteezina dela, orduan, eskaintza hori sailkapenetik kanpo utziko du, eta entitate kontratatzailearen iritziz ongi gauzatuko diren eta ezohikoak edo neurriz kanpokoak ez diren proposamenen artean, sailkapen ordenari jarraituz, ekonomikoki onena den hurrengo proposamenari egingo dio esleipena.»

7. artikulua.– Azpikontratazioari buruzko klausula txertatzea.

Obra kontratuetako baldintza administratibo berezien agirietan, enpresa esleipendunak kontratuaren zati bat hirugarrenekin kontratatu dezakeela aurreikusi denean, honako klausula hau txertatu beharko da, aukera hori arautzeko eta enpresa esleipendunak izango dituen betebeharrak zehazteko:

«1.– Kontratistak beste norbaitekin hitzartu dezake lanaren zati bat hark egitea. Enpresa esleipendunak hirugarrenekin azpikontratatutako zatiak edo zatiek ezingo dute gainditu kontratuaren ezaugarrien taulan zehaztutako portzentajea.

Azpikontratuak egiteko, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategineko 227. artikuluko 2. atalak xedatutakoa bete beharko da.

2.– Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategineko 227.2 artikuluak ezarritako betebeharrak ez badira betetzen, artikulu bereko 3. eta 4. atalek ezarritakoa aplikatuko da.

3.– Enpresa kontratistak enpresa azpikontratistei egin beharreko ordainketak Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategineko 228. artikuluan xedatutakoaren arabera egin beharko dira.

4.– Enpresak kontratistak, gainera, honako betebehar hauek izango ditu:

a) Enpresa kontratistak azpikontratazio prozesuan bete egin beharko ditu 2006ko urriaren 18ko 32/2006 Legeak, eraikuntzaren arloan azpikontratazioa arautzekoak, ezarritako arauak, baita laneko segurtasun eta osasun arloan indarrean dauden arauak ere, eta azpikontratista orori ere araudi hori betearaziko dio. Hain zuzen ere, egiaztatu egin beharko du azpikontratatzen duen enpresa orok kontratua gauzatzean honako betebehar hauek betetzen dituela:

– jarduera aurrera eramateko eta lanen zuzendaritza zuzenean gauzatzeko bitarteko egokiak eta gutxieneko azpiegitura bat duela, eta ez dela legez kontrako langileen lagapenik eman.

– langileek laneko arriskuen prebentzioaren arloan beharrezkoa den prestakuntza dutela.

– prebentzio antolakuntza egokia duela.

– dagozkion betebehar guztiak betetzen dituela laneko segurtasun eta osasun arloan eta, zehazki, prebentzio jarduerak koordinatzeari buruzkoak eta beharrezkoak diren prebentzio baliabideak baliatzeari buruzkoak.

– langileen % 30ak, gutxienez, kontratu mugagabea duela, laneko egonkortasuna bermatzeko helburuarekin.

– Egiaztatutako Enpresen Erregistroan izena emanda dagoela.

– legeak azpikontratazio erregimenerako ezarritako mugak betetzen dituela.

b) Enpresa kontratistak Azpikontratazio Liburua eduki beharko du, eta liburu hori eskura egongo da obran esku hartzen duten eragile guztientzat. Gainera, Azpikontratazio Liburuan egindako anotazio guztiak segurtasun eta osasun arloko koordinatzaileari jakinarazi beharko dio.

c) Enpresa kontratistak obran parte hartzen ari diren enpresa guztietako langileen ordezkariei berri eman beharko die bai obran egindako kontratazio edo azpikontratazioei buruz, bai jarduerak koordinatzeko aurreikusi diren neurriei buruz.

d) Enpresa kontratistak egiaztatu behar du, azpikontratatutako jarduerari ekin aurretik, azpikontratatutako enpresetako langileen Gizarte Segurantzako alta eta afiliazioa, eta kontratazio organoari jakinarazi behar dio.

e) Kontratistak inola ere ezingo du hitzartu kontratuaren zati bat egitea lege ordenamenduaren arabera kontratatzeko ezgaituta dauden pertsonekin edo Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategineko 60. artikuluan jasotako kasuetan daudenekin.

f) Enpresa kontratistak egiaztatu egin beharko du enpresa azpikontratistak, langile berriak kontratatu behar baditu kontratua exekutatzeko, lehenetsi dituela gizartetik baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonak, lanik ez dutenak edo lan-merkatuan sartzeko zailtasun handiak dituztenak.

5.– Kontratistak azpikontratazioaren berri emango die langileen ordezkariei, lan arloko legeriak agintzen duen bezala.

6.– Aurreko paragrafoetan ezarritako betebeharrak exekuzio baldintza berezi moduan ezartzen dira, baldin eta ez badaude jasoak indarrean dagoen kontratazio araudian, eta egiaztatu egin beharko dira kontratua gauzatzean. Betebehar horiek bete ezean isun ekonomikoak ezarriko dira, ez betetzearen larritasunaren araberakoak, eta isun horiek ezingo dute gainditu kontratuaren prezioaren 100eko 10. Nolanahi ere, betebehar baten ez betetzea oso larritzat jotzen den kasuetan, betebehar hori kontratuaren funtsezko betebehartzat joko da eta haren ez betetzeak kontratua suntsitzea ekarri ahal izango du.»

8. artikulua.– Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko klausula txertatzea.

Obra kontratuetako baldintza administratibo berezien agiri guztietan txertatu beharko da emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna sustatzeko betebeharrei buruzko honako klausula hau:

«1.– Enpresa esleipendunak, prestazioa egiterakoan, emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna sustatzeko neurriak aplikatu behar ditu, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak, bere 20 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Neurri horien artean dago, nahitaez, berdintasun plan bat egitea eta aplikatzea, betiere enpresak aurretik halakorik ez badu, 250 langile baino gutxiago dituelako eta, beraz, horretara behartuta ez dagoelako, 3/2007 Lege Organikoko 45. artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Berdintasun planak emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna sustatzeko jarduketak aurreikusi ditzake, besteak beste, ondorengo arloetan: okupazioan, sustapen eta prestakuntzarako aukeretan; sailkapen profesionalean; ordainsarietan; bizitza pertsonala, familiakoa eta lana bateragarri egiteko lanaldiaren antolaketan; eta jazarpen sexualari eta sexu arrazoiarengatikoari aurrea hartzeko zereginean.

Kontratuaren exekuzio esparruan egin behar da plana, aipatu lege organikoan ezarritako edukiarekin.

2.– Enpresa kontratistak neurriak ezarriko ditu kontratuaren exekuzioari atxikitako langileen lana eta bizitza pertsonala edo familiakoa bateragarri egiten laguntzeko eta, azpikontratistarik balego, hark ere ezarri dituela egiaztatuko du.

Langileen lana eta bizitza pertsonala edo familiarra bateratzen laguntzeko, esleipendunari eskatuko zaio neurriak hartzeko familia zamak dituzten langileentzako ordutegi malgutasuna bermatzeko, edo familia ardurak dituzten langileentzako lanaldi partzialaren eta lanaldi osoaren arteko mugikortasuna ziurtatzeko.

3.– Kontratua exekutatzeko langile berriak kontratatu behar badira, eta kontratuari atxikita dagoen plantillan emakumeen eta gizonen arteko desoreka egon eta ondorioz emakume gutxiago badago, gutxienez emakume bat kontratatu beharko da edo, bestela, aldi baterako kontratua duen emakume bati kontratu mugagabea egin beharko zaio. Ulertuko da gizonen eta emakumeen arteko desoreka dagoela emakumeak direnean langile guztien 100eko 40 baino gutxiago.

4.– Aurreko paragrafoetan ezarritako betebeharrak exekuzio baldintza berezi moduan ezartzen dira, eta egiaztatu egin beharko dira kontratua gauzatzean. Betebehar horiek bete ezean isun ekonomikoak ezarriko dira, ez betetzearen larritasunaren araberakoak, eta isun horiek ezingo dute gainditu kontratuaren prezioaren 100eko 10. Nolanahi ere, betebehar baten ez betetzea oso larritzat jotzen den kasuetan, betebehar hori kontratuaren funtsezko betebehartzat joko da eta haren ez betetzeak kontratua suntsitzea ekarri ahal izango du.

5.– Kontratuak esleitzeko garaian, lehentasuna emango zaie, kaudimen teknikoa edo lanbide kaudimena egiaztatzeko unean, lan merkatuan emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarria sustatzeko neurriak ezarrita dituzten enpresek, baldin eta proposamen horiek, esleipena egiteko oinarri hartzen diren irizpide objektiboen ikuspuntutik, proposamen onuragarrienen parekoak badira.»

9. artikulua.– Kontratuaren esleipenean lehentasun irizpideak ezartzeko klausula txertatzea.

Obra kontratuetako baldintza administratibo berezien agiri guztietan, esleipen irizpideei buruzko klausulan, esleipen fasean lehentasuna emateko irizpide hau jasoko da, beti ere esleipenerako oinarritzat hartu diren irizpideak kontuan hartuta hainbat proposamen pareko diren kasuetarako:

«Esleitzeko oinarri izan diren irizpideen arabera onenak izan diren eskaintzen artean parekotasuna badago, parekoen artean, lehentasuna emango zaie kaudimen teknikoa egiaztatzeko garaian langileen % 2 baino gehiago desgaitasuna duten pertsonak direla egiaztatzen duten enpresek aurkeztutako proposamenei. Eskaintzarik onena egitean parean gelditu direnetatik lizitatzaile batek baino gehiagok egiaztatzen badu langileen % 2 baino gehiago desgaitasuna duten pertsonak direla, orduan enpresako langile finkoen artean desgaituen portzentaje handiena duenari emango zaio lehentasuna kontratuaren esleipenean. Hala ere parean badaude, prezio baxuena eskaini duen proposamena aukeratuko da; prezioa ere berdina bada, esleipena zozketaz erabakiko da.

Kontratuen esleipenean lehentasuna izango dute gutxienez lanpostuen % 30ean gizartetik baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonak kontratatzeko konpromisoa hartzen duten sustapen eta laneratze enpresen eskaintzek, behin gizarte zerbitzu eskudunek bazterkeria arriskua egiaztatuta.»

III. KAPITULUA
KLAUSULA SOZIALAK BETE DIREN EGIAZTATZEA ETA EBALUATZEA

10. artikulua.– Klausula sozialak bete diren egiaztatzeko eta ebaluatzeko batzorde teknikoa.

Egiaztapenerako eta Ebaluaziorako Batzorde Teknikoa eratuko da dagokion obra kontratuetako baldintza agirietan txertatutako kontratuzko klausulak, foru-arau honen 5., 7. eta 8. artikuluetan jasotakoak, bete diren egiaztatzeko eta ebaluatzeko.

11. artikulua.– Egiaztapenerako eta Ebaluaziorako Batzorde Teknikoaren osaera eta funtzionamendua.

1.– Egiaztapenerako eta Ebaluaziorako Batzorde Teknikoa honakoek osatuko dute: Gipuzkoako Foru Aldundiko bi ordezkarik, Kontratazio Mahaiko funtzionarioen artetik aukeratuak, edo obra sustatzen duen zuzenbide publikoko organismoko edo foru sozietate publikoko bi ordezkarik, eta dagokion sektorean ordezkaritza handiena duten sindikatuetako ordezkari banak.

2.– Egoki irizten zaionean, batzorde teknikoan parte hartu dezake baita ere, hitza bai baina botorik gabe, dagokion obrarako izendatutako segurtasun eta osasuneko koordinatzaileak, edota gizarte segurantzaren, laneko segurtasun eta osasunaren eta berdintasunaren arloetako edozein aditu edo espezialistek.

3.– Batzorde teknikoaren buru Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkarietako bat izango da, eta baliozkotasunez eratuta egoteko ezinbestekoa izango da batzordeko kide guztiak bertan egotea. Gainera, erabakiak aho batez hartuko dituzte.

4.– Kideetako edozeinek egindako deialdiaren ondoren bilduko da batzorde teknikoa. Gutxienez hogeita lau ordu lehenago egingo da deialdia, eta bertan zehaztuko da zein izango diren bileran jorratu beharreko gaiak. Deialdia egiteaz, bileren akta jasotzeaz eta batzordearen dokumentazioa gordetzeaz arduratuko da obra sustatzen duen Foru Aldundiko departamentua edo enpresa entitate publikoa edo foru sozietatea.

5.– Batzorde teknikoaren araubide juridikoak bete egin beharko ditu 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 22. artikuluan eta hurrengoetan kide anitzeko organoen inguruan jasotako arauak.

12. artikulua.– Egiaztapenerako eta Ebaluaziorako Batzorde Teknikoaren funtzioak.

1.– Batzorde teknikoaren eginkizunak izango dira:

a) Egiaztatzea kontratistek betetzen dituzten foru-arau honen 5., 7. eta 8. artikuluetan aurreikusitako klausulak, Foru Sektore Publikoko entitateek esleitutako obra kontratuen baldintza agirietan txertatutakoak.

b) Esleitutako obretara bisitak egitea, egiaztatzeko betetzen diren foru-arau honen 5., 7. eta 8. artikuluetan aurreikusitako klausulak.

c) Foru-arau honetako 5., 7. eta 8. artikuluetan aurreikusitako klausulak ez direla betetzen antzematen denean, ez betetze horiek ebaluatzea, berauen larritasuna kalifikatzeko helburuarekin.

d) Obra ikuskatu eta ez betetzeak egiaztatu eta ebaluatu ostean, Foru Sektore Publikoko kontratazio organoei proposamena igortzea, isunak jar ditzaten.

2.– Batzorde teknikoak igorritako isun proposamenak txosten izaera edukiko du, administrazio kontratuen exekuzioan sortutako gorabeherak ebazteko prozedurari begira.

13. artikulua.– Klausula sozialak bete diren egiaztatzeko eta ebaluatzeko prozedura.

1.– Batzorde teknikoak bisitatu egingo ditu Foru Sektore Publikoko entitateek esleitutako obrak, exekutatzen ari direnak, egiaztatzeko betetzen diren foru-arau honen 5., 7. eta 8. artikuluetan aurreikusitako klausulak.

2.– Egindako bisiten ondorioz batzorde teknikoak ikusten badu ez direla bete foru-arau honen 5., 7. eta 8. artikuluetan aurreikusitako klausuletatik eratorritako betebeharrak, ez betetze horiek ebaluatuko ditu eta, ondoren, isun proposamena egingo du. Horretarako, kontsulta egin ahal izango dio lan agintaritzari.

3.– Epe hori igaro ostean eta emandako iritzia ikusirik, isun proposamena kasuan kasuko obraren kontratazio organoari helaraziko zaio, honek, kontratistari entzun ondoren, isun egokia aplika dezan, foru-arau honen IV. kapituluan aurreikusitakoaren arabera. Hori guztia administrazio kontratazioen araudian kontratuen exekuzioan sortutako gorabeherak ebazteko aurreikusten den prozedurari jarraituz.

4.– Era berean, gertatutakoaren berri emango zaie Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzari eta «Osalan» Laneko Segurtasun eta Osasuneko Euskal Institutuari, ez betetze hori lan arloko edo laneko segurtasun eta osasun arloko arau-haustea izan badaiteke, dagokion ondorioetarako.

IV. KAPITULUA
KLAUSULA SOZIALAK EZ BETETZEAREN ONDORIO JURIDIKOAK

14. artikulua.– Klausulak ez betetzearen ondorio juridikoak.

1.– Enpresa esleipendunak ez baditu betetzen foru-arau honen 5., 7. eta 8. artikuluetan jasotako klausulen arabera ezarritako betebeharrak isun ekonomikoak jarriko zaizkio, hirugarren atalean ezarritakoaren arabera kontratua suntsitzea dagokionean izan ezik.

2.– Exekuzio baldintza berezi moduan ezarritako betebeharren ez betetzeak, 7 artikuluan ezarritako klausularen 1 zenbakian jasotako kasuan izan ezik, arinak, larriak edo oso larriak izango dira.

3.– Edozein kasutan, betebeharren ez betetzea oso larritzat jotzen denean, betebehar horiek kontratuaren funtsezko betebehar izaera izango dute, eta kontratua suntsitu ahal izango da.

15. artikulua.– Izaera sozialeko klausulak ez betetzearen ondorio juridikoei buruzko klausula txertatzea.

Obra kontratuak arautzen dituzten baldintza administratibo berezien agirietan honako klausula hau txertatuko da foru-arau honetako 5., 7. eta 8. artikuluetan ezarritako klausulen ez betetzeak dakartzan ondorio juridikoei buruz:

«1.– Baldintza administratibo berezien agiri honetan exekuzio baldintza berezi moduan ezarritako betebeharren ez betetzeak arin, larri edo oso larritzat joko dira, isunak jartzeari begira.

1.1.– Lan arloko, gizarte segurantza arloko eta laneko segurtasun eta osasun arloko betebeharren ez betetzeak honela kalifikatuko dira:

1.1.1.– Ez betetze arinak izango dira:

a) Langileari idatziz ez jakinaraztea kontratuaren oinarrizko osagaiak eta lan-prestazioa betetzeko baldintza nagusiak, dagokion araudiak ezarritako modu eta epeetan.

b) Enpresan dauden lanpostu hutsen berri ez ematea lanaldi partzialeko langileei eta iraunaldi zehatzeko kontratuak edo aldi baterakoak dituztenei.

c) Lan istripuen eta deklaratutako laneko gaixotasunen berri ez ematea lan agintaritza eskudunari garaiz eta dagokion moduan, istripu edo gaixotasun horiek arintzat jotzen direnean.

d) Enpresako zerbitzua uzten duten langileen bajak edo haiengan eragina duten bestelako aldaketak garaiz eta forma egokian ez jakinaraztea.

e) Aldi baterako ezintasunen baja, baja-berrespen edo altari buruzko mediku agirien kopiak ez bidaltzea dagokion entitateari.

f) Betebehar formalak edo agirizkoei eragiten dien gainerako ez betetzeak.

1.1.2.– Ez betetze larriak izango dira:

a) Lan kontratua idatziz ez formalizatzea, betekizun hori legez bete beharrekoa denean edo langileak eskatu duenean.

b) Kontratu motei, iraunaldi zehatzeko kontratuei eta aldi baterako kontratuei buruzko araudia urratzea, kontratu mota ezberdinak lege-iruzurrez erabiliz.

c) Lanaldi, gaueko lan, aparteko ordu, ordu osagarri, atsedenaldi, opor eta baimenei buruzko arauak eta legezko nahiz hitzarturiko mugak urratzea.

d) Enpresaburuak bere kasa funtsezko lan baldintzen aldaketa inposatzea, legez ezarritako prozedurak jarraitu gabe.

e) Legez edo hitzarmen kolektiboz ezarritako lan baldintzak baino txarragoak ezartzea, eta, orobat, Langileen Estatutuaren Legearen 4, artikuluan langileei aitortutako eskubideen kontrako egintzak nahiz ez-egiteak burutzea, oso larritzat jo ez badira.

f) Laneko segurtasun eta osasun plana ez egitea lan arriskuen prebentzioari buruzko araudiak ezarritako edukiarekin, bereziki ez denean jaso obrako langileen segurtasun eta osasunari eragiten dieten berariazko arriskuei moldatutako eduki erreal eta egokia, edo ez denean plana egokitu langileari eragiten dioten jarduera, prozedura edo ingurunearen ezaugarri berezietara.

g) Laneko segurtasun eta osasun planaren jarraipena egiteko betebeharra ez betetzea, laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudiak ezarritako modu eta edukiarekin.

h) Indarrean dagoen araudiaren araberako mediku azterketak eta langileen osasun egoera aztertzeko aldizkako zainketa probak ez egitea, edo haien emaitzen berri dagokien langileei ez ematea.

i) Langileak euren ezaugarri pertsonal ezagunekin bateraezinak diren lanpostuetara atxikitzea, ez betetzea oso larritzat jotzen denean izan ezik.

j) Lan istripuen eta deklaratutako lanbide gaixotasunen berri garaiz eta forma egokian ez ematea lan agintaritzari, indarrean dauden xedapenen arabera, horiek larri, oso larri edo hilgarri kalifikazioa dutenean, edo ikerketarik ez burutzea langileen osasunari kalterik eragin zaionean edo prebentzio neurriak nahikoak ez direla susmatzeko zantzuak daudenean.

k) Lan arriskuen prebentzioari buruzko araudia ez betetzea, ez betetzea arin edo oso larritzat jo denean izan ezik.

l) Lantokiaren edo langunearen garbitasun eza, ohikoa denean edo langileen osotasun fisikorako eta osasunerako arriskurik dakarrenean.

m) Gipuzkoako eraikuntza sektoreko erakunde sindikal handienetako ordezkariak edo langileen ordezkariak araudiaren arabera ez informatzea edo obrara sartzen ez uztea, lan arloko, gizarte segurantza arloko eta laneko segurtasun eta osasun arloko araudia betetzen den egiaztatzeko euren zeregina oztopatuz.

n) Langile berrien hasierako afiliazioa edo alta ez eskatzea, edo epez kanpo eskatzea, ikuskapen jarduketa baten ondorioz. Kasu horretan dagoen langile bakoitzeko ez betetze bat eman dela ulertuko da.

ń) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak kontzeptu guztiengatik biltzen dituen kuotak dagokion modu eta epeetan ez ordaintzea, edo dagokion diru-sarrera behar den zenbatekoan ez egitea, kotizazio agiriak aurkeztuta, beti ere diru sarrera ez egitearen arrazoia enpresaren konkurtso deklarazioa ez bada, edo ezinbesteko kasua, edo ez bada eskatu kuotak ordaintzeko epearen atzerapena inspekzio jarduna hasi aurretik eta, ezezko ebazpenik ez bada eman.

1.1.3.– Ez betetze oso larriak izango dira:

a) Langileari zor zaion soldata ez ordaintzea edo ordainketa atzeratzea behin eta berriro.

b) Enpresak bere kasa hartzen dituen eta diskriminazio zuzena nahiz zeharkakoa eragiten duten erabakiak: adina edo desgaitasuna dela-eta aldeko eta aurkako diskriminazioa eragiten dutenak; ordainsari, lanaldi, prestakuntza eta gainerako lan baldintzak direla-eta aldeko eta aurkako diskriminazioa eragiten dutenak; eta jatorria, arraza edo etnia barne, egoera zibila, gizarte maila, erlijio edo sinesteak, ideia politikoak, sexu joera, sindikatuei eta sindikatuen erabakiei atxikitzea edo ez atxikitzea, enpresako beste langile batzuekin ahaidetasun lotura izatea edo hizkuntza dela-eta diskriminazioa eragiten dutenak.

c) Enpresak bere kasa hartzen dituen erabakiak, langileei kalte eginez, baldin eta erabaki horiek tratu berdintasunaren eta diskriminazio ezaren printzipioa bete dadila galdatzeko enpresan egindako erreklamazio baten aurrean edo administrazio akzio zein akzio judizial baten aurrean erreakzioz hartuak badira.

d) Enpresak langileekin pentsioak direla-eta hartutako konpromisoak ez betetzea pentsio planak eta pentsio funtsak arautzen dituen araudian ezarritako moduan.

e) Lan arriskuen prebentziorako araudia bete gabe egiten diren lanak berehala ez geldiaraztea edo geldieran ez uztea, Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak errekerimendua egin duenean, eta lan horiek, Ikuskatzailetzaren iritziz, langileen segurtasun eta osasunerako hurbil-hurbileko arrisku larria dakartenean berekin, edo lanei berriz ekitea geldiarazteko arrazoiak aurrez zuzendu gabe.

f) Langileak euren ezaugarri pertsonal ezagunekin bateraezinak diren lanpostuetara atxikitzea, bai eta langile horiek laneko segurtasun eta osasunaren alorrean dituzten lanbide gaitasunak kontuan izan gabe lanean jardutea, egoera horiek langileen segurtasun eta osasunerako hurbil-hurbileko arrisku larria eragiten dutenean.

g) Prebentzio baliabideen presentzia eza, legez nahitaezkoa denean, edo haien presentziak dakartzan betebeharrak ez betetzea, dagokion araudian arriskutsutzat edo arrisku berezikotzat jotako jarduerak direnean.

h) Honako alderdi hauek ez egiaztatzea, dagokion araudiak ezarritako moduan: enpresa azpikontratatuek zuzendaritza nahiz produkzioan lan arriskuen prebentzioko prestakuntza duten langileak badituztela, prebentzio antolamendu egokia badutela, eta dagokion erregistroan inskribatua daudela.

i) Laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia betetzean lan baldintzei aplika dakiekeen beste edozein neurri hartu ez izana, baldin eta horien ondorioz langileen segurtasun eta osasunerako arrisku hurbil-hurbileko eta larria eragiten bada.

j) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak kontzeptu guztiengatik biltzen dituen kuotak ez ordaintzea, dagokion epe eta moduan, kotizazio agiriak ez direnean aurkeztu.

k) Kotizazio-agirietan edo bestelako agirietan datu faltsuak edo okerrak deklaratzea edo agerraraztea iruzur eginez, beti ere kuotetan eragina badute.

l) Lana ematea kontratuak esekita edo lanaldia murriztua duten langileei, kontratuak esekita dauden bitartean, edo lan agintaritzari edo langabezia prestazioak kudeatzen dituen entitateari jakinarazitako lanaldi murriztutik kanpo.

m) Langileei deskontatutako Gizarte Segurantzako kuota zatia epean ez ordaintzea eta harekin geratzea, edo legez dagokiona baino deskontu handiagoa egitea.

n) Egiaztapenerako eta Ebaluaziorako Batzorde Teknikoko kideei obran sartzen ez uztea edo egiaztatze lanak eragoztea.

1.2.– Azpikontratazio arloko betebeharren ez betetzeak honela kalifikatuko dira:

1.2.1.– Ez betetze arinak izango dira:

a) Azpikontratazioaren Liburua eskura ez izatea obran, eraikuntza sektorean azpikontratazioa arautzen duen araudiak ezarri moduan.

b) Enpresak kontratistak ez egiaztatzea enpresa azpikontratatua erabiltzen ari den makinen edukitza egiaztatzen duen agiri edo tituluak, edota indarrean dauden legeek eskatzen duten gainerako informazioa.

c) Segurtasun eta osasun arloko koordinatzaileari ez jakinaraztea Azpikontratazio Liburuan jasotako edozein azpikontratazio.

1.2.2.– Ez betetze larriak izango dira:

a) Eraikuntza sektorean azpikontratazioa arautzen duen Legeak eskatzen duen Azpikontratazio Liburua ez izatea, edo modu ordenatuan eta egunean ez eramatea, dagokion araudian ezarri moduan.

b) Ez egiaztatzea enpresa azpikontratatuek badituztela, bai zuzendaritzan, bai produkzioan, laneko arriskuen prebentzio arloan prestatuta dauden langileak, edota badutela prebentzio antolaketa egokia.

c) Oro har, kontratua gauzatzen den bitartean ez egiaztatzea enpresa azpikontratatuek betetzen dutela azpikontratazioari buruzko klausula, baldin eta ez betetzeak ez badira ez betetze arin edo oso larritzat jo.

d) Kontratua gauzatzean, legez ezarritako mugak gainditzen dituen azpikontratista edo langile autonomo kopurua jardutea obran, beti ere obra zuzendaritzaren berariazko baimena izan gabe, baldin eta ez betetzea oso larritzat jo ez bada.

e) Langileen ordezkariei egindako azpikontratazioak ez jakinaraztea.

1.2.3.– Ez betetze oso larriak izango dira:

a) Kontratua gauzatzean, legez ezarritako mugak gainditzen dituen azpikontratista edo langile autonomo kopurua jardutea obran, beti ere obra zuzendaritzaren berariazko baimena izan gabe, baldin eta arriskuei buruzko araudiak lan horiek arrisku bereziak dituzten lantzat jotzen badituzte.

b) Langileen lagapena indarrean dagoen legedia urratuz.

c) Kontratuaren zati bat kontratatzea ordenamendu juridikoaren arabera kontratatzeko ezgaitua dagoen pertsona batekin edo Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategineko 60 artikuluko egoeratako batean dagoen pertsona batekin.

d) Ez egiaztatzea enpresa azpikontratistak kontratu mugagabearekin izan behar duen gutxieneko langile portzentajea baduela, beti ere eraikuntza sektorean azpikontratazioa arautzen duen araudiarekin bat.

1.3.– Emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko ezarritako betebeharren ez betetzeak honela kalifikatuko dira:

1.3.1.– Ez betetze arina izango da kontratazio organoaren aurrean ez aurkeztea kontratuaren exekuziori egokitutako berdintasun plana, plana aurkeztea badagokio.

1.3.2.– Ez betetze larriak izango dira:

a) Kontratuaren exekuzioari egokitutako berdintasun plana ez egitea, plaza egitea badagokio.

b) Kontratuaren exekuziori begira egindako berdintasun planeko neurriak ez betetzea modu sistematiko batean.

c) Neurririk ez ezartzea kontratuari atxikita dauden langileen lana eta familia bizitza bateragarri egiteko.

d) Obrek iraun artean emakume bat ere gutxienez kontratatu ez izana edo emakume baten aldi baterako kontratazioa mugagabe bihurtu ez izana, baldin eta kontratua burutzeko beharrezkoa balitz langileren bat kontratatzea eta enpresa kontratistak kontratuari atxikita duen plantillan emakume eta gizonezko kopurua ez balitz orekatua.

1.3.3.– Ez betetze oso larria izango da sexuan oinarritutako jazarpena egitea enpresa zuzentzeko ahalmenak baliatuz, edozein dela ere jazarpenaren egilea.

2.– Exekuzio baldintza berezi moduan ezarritako betebeharrak ez badira betetzen, azpikontratazioari buruzko klausulako 1 zenbakiko kasuan izan ezik, honako isun hauek jarriko dira, beti ere kontratua suntsitzea ez badagokio:

2.1.– Ez betetze arinengatik kontratuaren prezioaren % 4 gaindituko ez duen isuna jarriko da.

2.2.– Ez betetze larriengatik kontratuaren prezioaren % 4 baino isun handiagoa jarriko da, baina prezio horren % 7 gainditu gabe.

2.3.– Ez betetze larriengatik kontratuaren prezioaren % 7 baino isun handiagoa jarriko da, baina prezio horren % 10 gainditu gabe.

3.– Isun horiek ordainketa oso edo partzial gisa ordaindu beharrekotik dagokion zenbatekoa kenduz gauzatuko dira edo, hala balegokio, eratutako bermetik, aipatutako ziurtapenetatik kendu ezin direnean.

4.– Betebeharrek kontratuko funtsezko betebehar izaera izango dute horien ez betetzea oso larritzat jotzen den kasuetan eta ez betetze horiek kontratua suntsitzea ekarri ahal izango dute.»

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Gipuzkoako Foru Aldundiak, foru-arau hau onartzen denetik gehienez urtebeteko epean, foru-arauaren proiektu bat onartuko du klausula sozialak txertatzeko foru sektore publikoko gainerako kontratu publikoetan (herri lanen kontzesioko kontratuak, zerbitzu publikoak kudeatzeko kontratuak eta zerbitzu kontratuak), alegia, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginak, 2011ko azaroaren 14ko 3/2011 Errege Dekretu Legegileak onartutakoak, 6., 7., 8. eta 10. artikuluetan araututako kontratuetan

Bigarrena.– Foru-arau hau indarrean sartzen denetik hiru hilabeteko epean Kontratazio Mahaiaren funtzionamendurako araudi bat onartuko du Diputatuen Kontseiluak; Kontratazio Mahaia erakundearen kontratazio guztietarako laguntza organoa izango da, eta kide iraunkorrak izendatuko dira.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Foru-arau hau ez zaie aplikatuko foru-araua indarrean sartzerako esleituta dauden obra kontratuei, eta ezta ere izapidetzen hasita daudenei.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehenengoa.– Diputatuen Kontseiluari ahalmena ematen zaio erabaki bidez onar ditzan foru-arau hau interpretatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren jarraibideak.

Bigarrena.– Foru-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.


Azterketa dokumentala