Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

171. zk., 2013ko irailaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
3869

AGINDUA, 2013ko uztailaren 30ekoa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien errepideko garraioaren arloko elkarte profesional eta enpresarialei laguntzak emateko deia egiten duena.

Euskadiko garraio-politikaren helburuetako bat garraio arloko elkartegintza sustatzea izanik, behar-beharrezkoa da elkarte profesional eta enpresarialen jarduerak eta ekimenak bultzatzea, batez ere, elkarteak osatzen dituzten bazkideen interes profesional eta ekonomikoak erkidegoan, erkidegoz gaindi eta Europa mailan ordezkatu, babestu eta koordinatzeko direnak, eta garraiolarien lana garatu eta baldintza hobeagoetan egin ahal izateko bideratzen direnak.

Euskal Autonomia Erkidegoko garraio-sistemaren euskarrietako bat, hain zuzen ere, elkarte profesional eta enpresarialak ditugu, garraioen arloan eskumenak dituzten administrazio publikoen eta garraio arloko ekonomiako eta gizarteko agenteen arteko harreman eraginkorrerako funtsezko direla erakutsi baitute. Elkarte horiek betetzen duten paperaren garrantzia oso nabarmena da, batez ere garraio arloak Euskadin duen egituraketa eskasa kontuan izaten badugu; gogoan izan behar baita gurean enpresa txiki larregi dagoela.

Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzak, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren bidez, errepideko garraioaren arloan elkartegintza bultzatzeko neurriak hartzen jarraitu nahi du, eta horretarako, ezinbestean, ezarritako helburuekin bat etorriko diren laguntzak emateko sistema arautu beharra dago.

Agindu honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan errepideko garraioaren arloan elkarte profesional eta enpresarialentzat laguntza ekonomikoak emateko era bat ezartzea da, elkarte horiek, garraio arloak dituen zenbait gabezia neurri batean konpontzeko beharrezko diren ekimenak abiarazi ditzaketela uste baita.

Herritarrei Administrazioarekin dituzten harremanak errazteko, eta laguntzen barne-kudeaketa eraginkorrago egiteko, prozedurako izapideak telematikoki egiteko aukera garatu da, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz (EHAA, 50. zenbakia, 2012ko martxoaren 9koa). Eta agindu honetan izapidetze horren xehetasun guztiak jaso dira.

Ondorioz, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 4.1 artikuluak ematen didan aginpidea erabiliz, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartutakoaren– VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. kapituluak, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ordaindu beharreko laguntza eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak kontuan harturik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta onuradunak.

1.– Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko errepideko garraioaren eta jarduera osagarrien arloko elkarte profesional eta enpresarialei, horien federazio eta konfederazioei, eta kooperatiben federazio eta konfederazioei 2013an laguntzak emateko deia egitea.

2.– Agindu honetan jasotako ondorioetarako, garraioko enpresa edo-eta profesionalek osatzen dituzten eta helburu gisa garraio arloaren interesak ordezkatu eta defendatzea duten elkarteak hartuko dira errepideko garraio arloko elkarte profesional eta enpresarialtzat.

3.– Agindu honetan ezarritako laguntzak emateko, hirurogei mila (60.000) euroko diru-zenbatekoa baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetik hartuta.

Adierazitako zenbateko globala gehitu ahal izango da, betiere diru-laguntzak esleitzeko prozedura ebatzi baino lehen, aurrekontua loturaren arabera kontuan izanik eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa; eta horretarako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko beste programa batzuk exekutatzetik ondorioztatzen aurrekontu-baliabideak edo aurrekontu aldaketak onartzearen ondoriozko baliabideak erabili ahal izango dira. Zirkunstantzia hori jazoz gero, Garraio Plangintzaren zuzendariaren ebazpen bidez hura publiko egingo da.

2. artikulua.– Eskakizunak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak eskatzeko, aurreko artikuluan adierazitako elkarteek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean:

a) 2013ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik legez eratuta egotea.

b) Elkartearen egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

c) Errepideko garraioaren arloko interes sozio-ekonomikoen defentsa eta ordezkaritzarekin lotuta egotea elkartearen helburua.

d) Irabazteko xederik ez izatea.

e) Jardun-eremua Euskal Autonomia Erkidego osora zabaltzea.

f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

g) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik ez izatea, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Seigarren Azken Xedapenenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).

2.– Aurreko paragrafoan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten eta Euskal Autonomia Erkidegoaz gaindiko edo Europako eremuko batasun, federazio edo bestelako erakundeetan sarturik dauden elkarteek ere eska ditzakete laguntza hauek, Euskal Autonomia Erkidegoaz gaindiko edo Europako eremuko ordezkaritzak eragindako gastuak ordaintzeko.

3. artikulua.– Laguntzekoak diren gastuak eta gehieneko kopuruak.

1.– 2013. urtean, eta gehienez ere % 50eko mugaraino, honako gastu hauek lagunduko dira:

a) Garraio-lanean jarduteko baldintzak, eta garraio arloko baldintza sozio-ekonomikoak sustatu eta hobetzeko diren azterlan edo prestakuntza-jarduerak egiteko direnak.

b) Bazkideak nazioartera ateratzea bultzatzeko direnak eta garraioei buruzko azoka eta erakustaldietan, erkidego, estatu nahiz atzerrikoetan parte hartzeko eta antolatzeko direnak.

c) Elkartearen jarduerak eta garraioarekin zerikusia duten albisteak sustatu eta hedatzeko elementuetarako direnak.

d) Honako gastu orokor hauek:

– Langile-gastuak, kaleratze eta erretiro aurreratuengatiko kalte-ordainak izan ezik.

– Garraio publikoan egindako bidaia-gastuak.

– Errentamenduak eta kanonak.

– Entitate eskatzailearen organoetako kide ez diren profesional independenteen zerbitzuak.

– Aseguruak.

– Komunikazioak.

– Bulegoko materiala, fotokopiak eta inprenta.

– Hornidurak.

– Beste entitate batzuetako kide izateagatiko kuotak.

2.– Pertsona bakar batek ezin izango du sekula 30.000 euro baino gehiagoko laguntza jaso.

3.– Edonola ere, eta laguntza kalkulatzeari dagokionez, ez dira kontuan hartuko Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren ustez elkartearen funtzionamendu edo ordezkaritzarako beharrezko ez diren gastuak.

4. artikulua.– Eskaeren ebaluazioa

Agindu honetan araututako laguntzak banaketa proportzionalaren sistemari jarraituz banatuko dira; hau da, 6. artikuluan adierazten diren irizpideen arabera egindako balorazioaren proportzioan banatuko da dirua, betiere gehienez ere zenbat eman daitekeen edo, eskatutakoa gutxiago bada, zenbat eskatu den kontuan hartuta.

5. artikulua.– Balorazio-batzordea.

Eskabideak aztertzeko balorazio-batzorde bat sortuko da. Batzorde hori Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko hiru teknikarik osatuko dute, eta Garraio Plangintzaren zuzendariak izendatu beharko ditu. Batzordearen lana izango da, batetik, aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, Agindu honen 6. artikuluan ezarritako irizpideak kontuan hartuta, eta Garraio Plangintzaren zuzendariari aurkezteko ebazpen-proposamena prestatzea. Proposamen horretan, laguntzarik eman behar bada, onuradun bakoitzari zenbat dagokion adierazi beharko da, eta emandako diru-laguntzak behar bezala erabiltzen direla bermatzeko agindu honetan aurreikusitako beste edozein baldintza ere jaso ahal izango da. Balorazio-batzordea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera osatuko da.

6. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko irizpideak.

Laguntzaren zenbatekoa zehazteko –betiere hirugarren artikuluan ezarritako mugaren barruan– irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Elkarte eskatzaileak defendatzen dituen interes ekonomiko eta sozialen garrantzia (gehienez ere puntuazio osoaren % 25).

b) Elkartea Euskal Autonomia Erkidegoan eta arlo jakin horretan zenbateraino errotu den; horretarako kontuan hartuko dira, besteak beste, zenbat bazkide daukaten –batez ere emakumeak zenbat diren– eta guztien artean zenbat ibilgailu duten, elkartutako enpresak zenbat diren, zenbat lokal duten, edo lanean zenbat jende duten, etab. (puntuazio osoaren % 25, gehienez).

c) Elkarteak sustatu edota garatzen dituen jardueren garrantzia; horretarako kontuan izango dira, besteak beste, zenbat ikastaro, azterlan eta jardunaldi sustatu eta/edo garatu duen, zenbat azoka eta lehiaketetan parte hartu duen, zenbat argitalpen eta ekintza sustatu duen eta abar. Kontuan izango dira, era berean, garraio-sektorerako berdintasun-plan edo –programak, emakumeen eta gizonen arteko aukera– eta tratu-berdintasuna sustatu eta bermatzeko neurriak, eta, ibilgailuei dagokienez, ekonomikoki eta ingurumen aldetik kudeaketa jasangarria lortze aldera, jasangarritasun-auditoriak ezartzeko egindako zerbitzu-eskaintza (gehienez ere, puntuazio osoaren % 25).

d) Elkartekideei eskaintzen zaizkien zerbitzuak (puntuazio osoaren % 15, gehienez).

e) Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Euskadin garraio arloa modernizatu eta hobetzeko bultzatu dituen jarduera eta ekimenetan elkarte eskatzaileak zenbateraino jardun duen sailarekin elkarlanean; horretarako kontuan izango dira, besteak beste, bileretara, jardunaldietara, foroetara joan izana eta parte hartu izana, azterlanak, etab. (puntuazio osoaren % 10, gehienez).

7. artikulua.– Laguntzen izapidetze elektronikoa.

1.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak arautzen du izapidetze elektronikoa.

2.– Nahi dutenek baliabide elektronikoen bidez egin ahal izango dituzte eskaera, kontsultak eta prozedurako izapide guztiak.

Laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko zehaztasunak euskadi.net-eko atal honetan jarriko dira: http://www.euskadi.net/r33-2288/es/contenidos/ayuda_subvencion/asociacionismo_2013/es_ay_trans/abandono_2010.html

Eskabideak egiteko eta agiriak aurkezteko baliabide elektronikoak eta telematikoak erabiltzeak ez dakar hurrek prozedurako hurrengo izapideetan haiek erabili beharraz, eta aldaketa hori edozein unetan egin daiteke.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua, eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabideak, eskabide-orri normalizatua behar bezala beteta, paperean aurkeztu nahi izanez gero, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuan (Zuzenean zerbitzuan) entregatu ahal izango dira edo bestela Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzari helaraziko zaizkio. Eskabidearen eredua agindu honen I. eranskinean dator, eta garraioen arloan eskumena duen organoak euskadi.net-en barruan duen egoitza elektronikoak ere eskuratu ahal izango da.

Era berean, baliabide elektronikoak ere erabili ahal izango dira eskabideak eta gainerako agiriak aurkezteko. Informazioa, prozedura eta eskakizunak egiaztatzeko era garraioen arloan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan jarriko dira eskura, 7. artikuluan izapidetze elektronikorako aurreikusitako zehaztapenetan garatutako prozedura eta jarduketei jarraituz. Eskabidearen ondorengo izapideak, baliabide elektronikoa erabiltzekotan, www.euskadi.net/nirekudeaketak webgunearen bidez egingo dira.

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

3.– Eskabidea erakundearen legezko ordezkariak sinatu beharko du, eta honako agiri hauek batera aurkeztu beharko da:

a) Erakundeak ekonomia-ekitaldian burutu dituen edo burutu nahi dituen jarduera eta ekimenei buruzko memoria zehatza, hirugarren puntuan aurreikusitakoari jarraituz lagundu daitezkeen gastuak azalduko dituena. Memoria horretan, ondoko zertzelada hauek guztiak jasoko dira: jarduerak burutzeko datak, giza baliabideak (langileak) eta baliabide materialak (lokalak, bulegoak, etab.), elkartekideen edo bazkideen kopuru eta zerrenda, ekitaldirako sarrera eta gastuen aurrekontua, helburu bererako lortutako diru-laguntzak, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren jarduerekin izandako lankidetza, eta laguntzaren premia eta zenbatekoa ebaluatzeko baliagarriak izan daitezkeen gainerako kontu guztiak, II. eta III. eranskinetan datozen ereduen arabera.

b) Eraketa-aktaren kopia eta administrazio-organo eskudunak ikus-onetsitako estatutuen kopia.

c) Erakundea batasun, federazio edo bestelako erakunderen batean sarturik dagoela egiaztatzen duen agiria, hala badago.

d) Zerga-identifikazioko txartelaren fotokopia.

e) Agindu honetan aurreikusitako laguntzez baliatzeko erakundeak edo elkarteak hartutako erabakiaren ziurtagiria.

f) Hirugarrengoen alta edo horren aldaketaren fitxa, Ogasun eta Finantza Sailak ezarritako ereduaren araberakoa; betiere, lehengoaz aurkezten diren edo banku-datuak aldaturik dituzten eskatzaileei dagokienez.

4.– Eskatzaileak aurkezturiko agiriek Agindu honetan eskatutako baldintzak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko zaio eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, okerrak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, bere eskaria besterik gabe atzera botako duela, ebazpen bidez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritako eran.

5.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza eskabidea eta beharrezko dokumentazioa. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Eskabideak aurkeztearekin batera, eskatzaileak berariaz onartu ahal izango du laguntzak kudeatzen dituen organoak dokumentazioaren zati bat eskuratzeko edo egiaztatzeko aukera, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen eskumenen kalterik gabe.

7.– Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz.

8.– Ondoren zehaztuko diren betebeharrak egiaztatzeko aski izango da erantzukizunpeko adierazpen eskabidearekin bat aurkeztea; eredua eskabidearekin batera dator:

a) Helburu bererako beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo beste baliabideren bat eskatu dela eta, jaso bada, administrazio edo ente publikoek nahiz pribatuek eman, horren berri ematea.

b) Ez egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den itzultzeko edo zigortzeko ezein prozeduratan sartuta.

c) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik jaso ez duela eta horretarako legezko inolako debekurik ez duela agertzen dituena (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetan Seigarrenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).

Erantzukizunpeko adierazpen batekin edo barnean hartuta doan edozein daturen, adierazpenen edo dokumenturen zehaztasunik ezak, faltsukeriak edo ez-egiteak, funtsezkoa bada, prozedurarekin ezin jarraitzea ekarriko du gertakari horiek jakiten diren unetik, ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.

9.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak, aurkeztutako eskabidea behar bezala balioesteko beharrezko jotzen duen beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du.

9. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzaren ardura izango da Agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

10. artikulua.– Ematea.

1.– Diru-laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren zuzendariaren ebazpenaren bidez emango dira. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta, beraz, hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio bereko Garraioko sailburuordeari.

Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluan ezarritako modua erabiliz, eta sei hilabeteko epean, agindu honek ondorioak izaten dituen egunetik hasita. Ebazpen horrek zehaztuko du diru-laguntza ematen den ala ukatu egin den; aldekoa bada, onuraduna zein den eta zenbat eman zaion azalduko da, eta kontrakoa bada, ukatzeko arrazoiak.

2.– Aurreko paragrafoan ezarritako epearen barruan ez bada jakinarazten laguntzak esleitzeko ebazpena, eskabideak ezetsiak izan direla ulertu ahal izango dute interesdunek, 30/1902 Legeko 44.1 artikuluan aurreikusitako ondorioei dagokienez.

3.– Diru-laguntza guztiak nori eman erabakitakoan, zeini eta zenbat eman behar zaien argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

4.– Agindu honetan berariaz aurreikusi gabekoari dagokionez, honako hauen bitartez eraenduko da dirulaguntzak emateko prozedura: 30/1992 Lega; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua.

11. artikulua.– Ordainketa.

Dirua dena batera ordainduko da, diru-laguntza jaso behar duen jarduketa burutu eta diru laguntza jasotzeko eskubidea ematen duen gastuak egin eta agiri bidez justifikatutakoan, fakturak nahiz diruz laguntzekoak diren gastuen egiaztagiriak aurkeztuz, eta edonola ere, 2013ko abenduaren 31 baino lehen.

12. artikulua.– Bateragarritasuna.

1.– Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste edozein erakunde publiko zein pribatuk ematen duen beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin, agindu honen bidez lagun daitezkeen gastuak estaltzeko bada.

2.– Hala ere, laguntza horiek jasotzen badira, Sailak diru-laguntzarako kontuan hartutako gastuen eta beste erakunde batzuek emandako laguntzen arteko aldeari aplikatuko zaio agindu honen 3. artikuluan adierazitako gehieneko ehunekoa.

13. artikulua.– Jarduerak burutzea.

Laguntza-programan aurreikusitako jarduerak 2013an gauzatu beharko dira.

14. artikulua.– Diru-laguntza jasotzen dutenen betebeharrak.

1.– Agindu honetan azaltzen diren diru-laguntzak eskuratzen dituzten elkarteek honako betebeharrok izango dituzte:

a) Diru-laguntza eskuratzeko beharrezko diren eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatu beharko diote diru-laguntza eman behar duen Administrazioari.

b) Emandako diru-laguntza onartu beharko dute. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean onuradunek idatziz uko egiten ez badiote, onartu egiten dutela ulertuko da.

c) Diru-laguntza, eman zaion horretarako erabili beharko du.

d) Helburu bererako beste laguntza edo diru-laguntzaren bat lortu badu, lortu duela eta nork eta zenbat eman dion jakinarazi beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzari.

e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.

f) Elkartearen jarduerak sustatu eta horien berri ematekoan, eta garraioaren inguruko albisteetan, sexismorik gabeko hizkuntza eta irudiak erabiliko direla bermatzea.

2.– 2014ko martxoaren 31 baino lehen ondoko agiri hauek bidali beharko dituzte Garraio Plangintzaren Zuzendaritzara erakunde onuradunek:

a) Egindako lanak eta aurrekontutik zenbat gastatu den azaltzen duen txostena, xehetasun guztiekin.

3.– Artikulu honen 1.e puntuan adierazitako organoen ahalmena gora-behera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak diru-laguntza jaso duen jarduerari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

15. artikulua.– Diru-laguntzak emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, onuradunak beste administrazio batzuek edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako laguntza edo diru-laguntzak jasotzen baditu batera edo-eta helburu bererako bestelako diru-sarrera edo baliabiderik eskuratzen badu, diru-laguntza emateko agindua ere aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen jarraitzen badu.

16. artikulua.– Diru-laguntzak itzultzea.

Onuradunak Agindu honetan, diru-laguntza emateko aginduan edo aplikatu beharreko gainontzeko arauetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, organo aginpidedunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du, eta, halakorik izanez gero, dagokion diru kopurua Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta diru-laguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainontzeko arauek ezarritakoa betetzeko. Kopuru hori diru-sarrera publikotzat joko da legezko ondorioetarako. Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, eta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala ere eskatzea.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Sailean, bi hilabeteko epean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 30a.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala