Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

171. zk., 2013ko irailaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
3862

AGINDUA, 2013ko abuztuaren 1ekoa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Karrera Judizialera, Fiskalera eta Idazkaritza Judizialeko Kidegora iristeko prestaketa-laguntzetarako deialdia egiteko eta laguntza horiek arautzeko dena.

Giza-baliabideen garrantzia abiaburu hartuta, eta jakinda zenbateraino beharrezkoa den Karrera Judizialera, Fiskalera eta Idazkaritza Judizialeko Kidegora sartzeko bidea ematea eta erraztea, egonkortasuna bultzatzeko eta Justiziaren zerbitzu publikoaren kalitatea ona izateko, eta, hartara, herritarrak gustura egoteko eta konfiantza handiagoa izateko Justizia Administrazioarekin, duela hamar urte baino gehiago abiarazitako gurpilaren biran jarraitzea erabaki dugu, eta agindu honen bidez hainbat laguntza ematea, Zuzenbideko lizentziadunak motiba daitezen beren urratsak Karrera Judizialera eta Fiskalera eta Idazkaritza Judizialeko Kidegora bideratzera. Hartara, Justizia Administrazioak langile egonkorrak izango ditu, eta lana zorrotzago eta kalitate hobeaz egiteko moduan egongo da.

Horregatik, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak xedatutakoa oinarri hartuta, honako hau

XEDATZEN DUT:

1 artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Karrera Judizial eta Fiskalerako eta Idazkari Judizialen Kidegorako oposizioak prestatzeko 20 beka jasotzeko lehiaketarako deia egitea eta lehiaketa hori arautzea.

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

1.– Beka bakoitzak 6.600 euroko laguntza emango du, urtero. Hil bakoitzaren hasieran zati bat emango da, alegia, 550 euro.

2.– Agindu honetan arautzen diren laguntzetarako, hamaika mila (11.000) euro jarriko dira 2013an, eta 2014. urterako, ehun eta hogeita bat mila (121.000) euro, konpromiso-kredituaren bidez; dena Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako jarritako partidatik.

3. artikulua.– Iraupena.

Bekak urtebeterako dira. Nolanahi ere, Estatuko Aldizkari Ofizialean –bekadunen hautaketa prozesua gainditu ostean– izendapena argitaratzen den egunean amaituko dira, edo, halakorik ez badago, Eskola Judizialean sartzeko egunean. Laguntzaren onuraduna behartuta dago gerora jasotako zenbatekoak itzultzera.

4. artikulua.– Betekizunak.

1.– Honako baldintza hauek bete behar dira beka eskuratzeko moduan izateko:

a) Eskatzailea aurkezten den oposizioen azken deialdian eskatzen ziren baldintzak betetzea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea, eta azken zazpi urteetatik gutxienez bostetan bertan bizi izatea.

c) Zuzenbideko lizentziaduna izatea.

d) Lizentziatura gehienez ere orain dela zazpi urte lortutakoa izatea.

e) Karrera Judizial edo Fiskaleko nahiz Idazkari Judizialen Kidegoko prestatzaile baten zuzendaritza izatea.

Prestatzailea beste kidego batekoa izan daiteke, baldin eta prestakuntza-prozesua gidatzeko merezimenduak dauzkala irizten bazaio. Horretarako, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak behar bezala arrazoitutako baimena eman beharko du.

f) Hiru urteko gehienezko epean –jarraian edo aldizka– deialdi honetan aipatzen diren oposizioak prestatzeko edozein bekaren, antzeko izaeradun graduondokoren edo laguntzaren onuradun ez izana.

g) Diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko zehapen administratibo edo penalik ez izatea, edo horretarako gaitasungabetzen duen legezko debekurik ez izatea. Debeku horien barnean sartzen dira sexu-diskriminazioaren ondorioz jasotako debekuak, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoari jarraikiz.

5. artikulua.– Eskabideak eta formularioak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Eskabideak bai aurrez aurre, bai bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango dira.

2.– Eskabideak aurrez aurre aurkez daitezke Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan (Zuzenean Zerbitzua), Eusko Jaurlaritzaren Justiziako Lurralde Kudeaketako Unitateetan, edota azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, atal guztiak behar bezala beteta. Eskabide-eredua euskadi.net egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri.

Era berean, eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango dira, euskadi.net-eko egoitza elektroniko honetan:

https://euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2013/becas-carrera-judicial/es

https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/karrera-judiziala-bekak/eu

3.– Eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6. artikulua.– Zer dokumentu aurkeztu behar diren eskabidearekin batera.

Eskabidearekin batera dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Udal ziurtagiria, eskatzailearen administrazio-auzotasuna eta bizilekua egiaztatzen duena (4.1.b artikuluan ezarritako epean), bizileku horretan bizi direnak sartuta.

b) Eskatzailea mantentzen dutenen egoera ekonomikoari buruzko egiaztagiriak. Horretarako, 2012. urteko Errentaren Gaineko Zerga-aitorpenaren behin-behineko edo behin betiko likidazioaren fotokopia aurkeztu beharko da, edo, bestela, 2012an izandako diru-sarrerak egiaztatzen dituzten agiriak.

Halaber, eskatzaileak edo hura mantentzen dutenek langabezia-prestaziorik, aurre-erretirorik, larrialdi sozialeko diru-sarrerarik, gizarteratzeko laguntzarik edo halako sarrera osagarririk jaso izan badu 2012. urtean, horiek egiaztatzeko agiriak (INEMekoak, Gizarte Segurantzakoak edo dagokien erakunde edo organoenak); berdin dio jasotzailea errenta-aitorpenean sartuta dagoen ala ez.

c) Ikasketa-espediente osoa, jatorrizkoa edo kopia konpultsatua. Salbuespen izango dira deialdi honetarako prestatu den bide elektronikoa darabilten eskatzaileak, zeintzuk eskaneatuta aurkeztu beharko baitute ikasketa-espediente osoa.

Aurreko deialdietan ikasketa-espedientea aurkeztu duten eskatzaileek ez dute berriro aurkeztu beharrik izango.

d) Hala badagokio, euskararen ezagutza-maila egiaztatzeko dokumentazioa. Aurreko deialdietan dokumentazio hori aurkeztu duten edo Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan dauden eskatzaileek ez dute aurkeztu beharrik izango.

7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesdunek bitarteko elektronikoz egin ahal izango dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Izapidetze elektronikoa Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez eta Informatika eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa- PLATEA- onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren bidez arautzen da.

3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerakoak –aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz– izapidetzeko zehaztapenak egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: https://euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2013/becas-carrera-judicial/es;https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/karrera-judiziala-bekak/eu

4.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du esan nahi aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabili behar denik, eta nahi den bidea erabil daiteke batzuetan zein besteetan.

5.– Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz egitekoak, helbide honen bidez egingo dira: http://www. euskadi.net/misgestiones; https://euskadi.net/nirekudeaketak

8. artikulua- Eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.

1.– Eskabideek aukera emango dute eskatzaileak espresuki baimena eman dezan jarraian adierazten diren datuak edo dokumentuak organo kudeatzaileak eskuratzeko edo egiaztatzeko:

  • - Euskara-maila egiaztatzea.

2.– Gainera, eskabidean sartuko den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, inguruabar hauek egiaztatuko dira:

○ Beste edozein administraziok edo erakundek –publikoa zein pribatua izan– helburu bererako ematen dituen diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri eman behar da.

○ Itzulketa- edo zehapen-prozeduraren batean sartuta ez egotea edo, egon izanez gero, prozedura hori bukatuta egotea.

○ Pertsona edo erakunde eskatzaileak egiaztatu behar du ez dagoela laguntza edo diru laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio- edo zigor-arloko zehapen baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.

○ Halaber, eskatzaileak adierazi behar du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

Gainera, erantzukizunpeko adierazpen batek ordezka ditzake betekizun hauek:

○ Eskatzaileak betetzen dituela prestatu nahi duen oposizioaren azken deialdian eskatutako betekizunak, ez duela jasotzen beste beka-motarik, antzeko izaeradun graduondoko ikasketarik, eta ez duela ordaindutako lanik egiten. Nolanahi ere, salbuespen izango da deialdi-aginduaren 14.1 artikuluan aurreikusitakoa.

○ Eskatzaileak Karrera Judizial edo Fiskaleko edo Idazkari Judizialen Kidegoko prestatzaile baten zuzendaritza duela.

Laguntzaren onuradunek, diru-laguntza ematea ebatzi aurretik, aurreko betekizunak egiaztatuko dituzte, eta, horretarako, dagokion ziurtagiria aurkeztuko dute edo baimena emango dute organo kudeatzaileak zuzenean egiaztatu dezan.

9. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Justizia Administrazioko Zuzendaritzak eskatzaileek aurkeztutako agirietan zerbait falta dela ikusten badu, 10 eguneko epea emango du akatsak zuzentzeko. Epea amaitzerakoan zuzenketa egin gabe badago, uko egin zaiola ulertuko da, horretarako ebazpena eman ondoren.

10. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.

Justizia Administrazioko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen kudeatze-lanak egitea.

11. artikulua.– Merezimenduak balioestea.

1.– Onuradun izateko, honako merezimendu hauek hartuko ditu kontuan Hautaketa Batzordeak:

a) Egoera ekonomikoa, 0-45 puntu bitarteko eskalan baloratuta.

b) Ikasketa-espedientea, 0–35 puntu bitarteko eskalan baloratuta.

c) Euskara jakitea, 0-15 puntu bitarteko eskalan baloratuta.

d) Aurreko urteetan bekaduna izatea, 0-5 puntu bitarteko eskalan baloratuta.

2.– Baldin eskatzaileren batek ez baditu lortzen gutxienez 3,5 puntu ikasketen espedientean, besterik gabe lehiaketatik kanpo geratuko da, beste inongo merezimendurik baloratzen hasi gabe.

12. artikulua.– Laguntzen onuradunak aukeratzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, hautagaien proposamena batzorde batek egingo du. Batzorde hori jarraian adierazten diren hauek –edo horiek ordezko gisa jarritakoek– osatuko dute:

Batzordeburua:

– Justizia Administrazioko zuzendaria.

Bokalak:

– Karrera Judizialeko kide bat, EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak izendatuta.

– Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusia.

– Herri Administrazio eta Justizia Saileko Justiziako zuzendaria.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Gobernu Salako idazkaria.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Zuzenbide Fakultateetako dekanoak.

Justizia Administrazioko Zuzendaritzako teknikari bat izango da idazkaria; zuzendariak izendatuko du.

2.– Aurrez ezarritako baremoen arabera aukeratuko dira hautagaiak, Hautaketa Batzordeak onartutako garapenaren arabera; horrela baloratuko dira eskatzaileek egiaztatutako merezimenduak. Akordioak hartzeko, Batzordeko kideen gehiengo absolutuak ados egon behar du. Berdinketarik sortzen bada, batzordeburuak izango du boto erabakigarria.

3.– Batzordeak 20 hautagai aukeratu behar ditu lortu dituzten puntuen arabera, eta zein kidegotarako lehiatzen diren kontuan hartu gabe. Horiez gain, beste 10 eskatzaile ere aukeratu behar ditu, hurrengo 10 puntuazio onenak lortu dituztenak, aurreneko hogei horietako inork beken onuradun izateari utziko balio ere, beka bukatu delako, uko egin diolako, ez duelako ondo bete betebeharrekoa, ezintasunen bat sortu zaiolako edo onuradun izateko aukera galarazten duen beste edozein gorabehera izan duelako. Nolanahi ere, gorabehera hori laguntza eskuratu eta hurrengo bi hilen barruan gertatu bada egingo da ordezkapena, ez bestela.

4.– Ordezko izango diren 10 hautagai horien zerrenda merezimendu lehenetsien arabera lortu duten puntuazioaren hurrenkeran osatuko da.

5.– Deialdi honen bidez emango diren beketan bakanterik sortuko balitz, lehenengo ordezkoak eskuratuko du hutsik geratutako beka, 3. artikuluan ezarritako epea osatzeko falta den aldian.

Edonola ere, ekitaldiko aurrekontutik erabilgarri dagoenaren arabera izango du laguntza ordezkoak.

13. artikulua.– Bekak esleitzea.

1.– Hautaketa Batzordearen proposamena aztertu ondoren, Justizia Sailburuordetzak ebatziko du deialdiko bekak nori eman: nor hautatu duten, zein ordezko izango diren, eta, bakanterik balego, zein bakante diren. Sei hilabeteko epea izango du, gehienez, erabakia hartu eta jakinarazteko, agindu hau indarrean sartzen denetik kontatzen hasita.

Batzordeak epe horretan ez badu erabakirik adierazten, ezetsitzat joko dira eskabide guztiak. Ebazpen horren aurka, zeinak ez baitu administrazio bidea agortzen, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epearen barruan, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107. artikuluarekin eta hurrengoekin bat etorriz.

2.– Prozedurari buruzko ebazpena propio hautatu bakoitzari jakinarazteaz gain, aukeratutako hautagaien zerrenda, ordezkoen zerrenda, eta, baldin badago, bakanteen zerrenda, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko du Justizia Sailburuordetzak, bai eta emandako beka bakoitzaren zenbatekoa ere.

14. artikulua.– Beken baldintzak.

1.– Ezin da beka hau baliatu aldi berean beste bekaren bat edukiz gero, ez eta ordaindutako edozein zerbitzutan jardunez gero, non eta ez den Organo Judizialetan eta Fiskaltzan ordezko zerbitzuren bat; hala bada, zerbitzua ematen duen bitartean bekaren dirua jasotzeko eskubidea etenda geratzeko eskatu beharko du onuradunak. Nolanahi ere, ezingo du sei hilabete baino gehiago egin zerbitzua ematen, bekak dirauen aldiaren barruan.

2.– Beka etenda geratuko da, berdin-berdin, istripuagatik edo gaixotasun larriren batengatik onuraduna ezinduta geratzen bada; behar bezala egiaztatu beharko du ezintasun hori. Kasu honetan ere, goiko kasuan bezalaxe, sei hilabetez etengo da, gehienez, bekaren diru-iturria.

3.– Epe hori pasatutakoan, oraindik ere beka etetea eragin zuten gorabeherek hor jarraitzen badute, amaitutzat emango da beka.

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Beka onartzeaz bat, deialdi honetan jarritako arau guztien menpe geratzen da onuraduna; hori dela-eta, zehazki, 13. artikuluan azaldutako edozein gorabehera gertatuz gero, horren berri eman beharko du.

Diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da, emakida-ebazpenaren jakinarazpenaren hurrengo egunetik aurrera 15 egun pasa ondoren, onuradunak besterik adierazi ez badu.

2.– Karrera Judizialeko edo Fiskaleko kideek edo Idazkari Judizialen Kidegokoek emandako prestaketa-ikastaroetara zintzo eta ikasteko gogoz joatea, non eta ez daukan Justizia Administrazioko Zuzendaritzaren baimena, ez joateko.

3.– Honako deialdi honen ondoren egingo den lehen hautaketa-prozesuan parte hartzea, betiere, bien artean gutxienez urtebeteko tartea baldin badago; eta destinoa aukeratzerakoan, beti lehentasuna ematea Autonomia Erkidegoko destinoei.

4.– Hiru hilean behin, oposizioa prestatzen egindako gastuen memoria aurkeztea; prestatzaileak epe horretan sortutako fakturen kopia erantsi behar zaio memoriari.

5.– Diru-laguntza jasotzen duen bitartean gertatutako edozein gorabeheren berri ematea administrazioari.

6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedea fiskalizatzeko eskatutako informazio guztia ematea.

7.– Hautaketa-prozesua gainditu ondoren destinoa Euskal Autonomia Erkidegoan lortuz gero, gutxienez bi urtez jardutea lanean autonomia-erkidegoan bertan, halabeharrak eraginda beste nonbait jardun beharra egokitzen ez bazaio behintzat.

8.– Onuradunak deialdi honetako baldintzaren bat bete gabe uzten badu, emandako beka baliogabetu ahal izango da, eta, ondorioz, dirua itzuli beharko du lege-arau hauekin bat etorriz: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikulua eta bateragarriak (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen), abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zuen eta horien kudeaketan parte hartzen duten izaki laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri zituen. 1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.), eta hori ordezten duten arauak.

16. artikulua.– Onuradunen hiruhileko justifikazioko memoria aurkezteko lekua eta modua.

1.– Agindu honen 15. 4 artikuluan aurreikusitako justifikazioko memoria aurrez aurre aurkez daiteke Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan, Justiziako Lurralde Kudeaketako Unitateetan, edota azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, atal guztiak behar bezala beteta. Eredua euskadi.net egoitza elektronikoan argitaratuko da.

2.– Halaber, justifikazioak bitarteko elektronikoen bitartez aurkeztu ahal izango dira helbide honetan: https://euskadi.net/misgestiones ;https://euskadi.net/nirekudeaketak

17. artikulua.– Onuradunei egingo zaien segimendua.

1.– Justizia Administrazioko Zuzendaritzak segimendua egingo die eskatzaileei; horretarako, prestatzaileei txosten bana eskatuko die hiru hilean behin. Txosten horien arabera, gerta liteke beka jasotzeko eskubidea galdu dutela erabakitzea, eta, hala bada, galtzea eragin duen gorabehera gertatu den unetik bertatik joko da galdutzat beka, eta une horretatik aurrera jasota zituen diru guztiak itzuli beharko ditu onuradunak.

2.– Prestatzaileek, aldizka eskatzen zaien txostena egiteaz gain, eskatzaileen aprobetxamenduan gertatzen den edozein gorabeheraren berri eman beharko diote Justizia Administrazioko Zuzendaritzari.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean agindu hau.

Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko abuztuaren 1a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala