Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

161. zk., 2013ko abuztuaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3747

AGINDUA, 2013ko uztailaren 24koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, IRALE programaren baitan 2013. urtean irakastordu barneko ikastaroren batean jarduteko irakasleak liberatu nahi dituzten ikastetxe pribatu edo gizarte-ekimenezkoentzako laguntzetarako dei egiten duena.

Irakasleak alfabetatu edota euskalduntzeko programa (IRALE) arautzen duen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1994ko urtarrilaren 28ko Aginduak (EHAA, 1994-2-11) bere hirugarren artikuluan dioenez, IRALE programak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz besteko ikastetxeetan, publiko zein pribatutan eta edozein irakasmailatan, lanean diharduten irakasleak hartuko ditu kontuan.

Hezkuntza Sailburuordetzak 2012-2013 eta 2013-2014 ikasturteetarako Aurkezpen Txostenak argitaratuak ditu formatu elektronikoan (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net/euskara), eta bertan ikastetxe pribatuetako irakasleei irakastordu barneko ikastaroetan parte hartzeko aukera ematen zaie.

Kontuan hartu ditu, bide batez, ondoko lege eta dekretu hauek: batetik azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateratuaren VI. tituluko xedapenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan diru-laguntzak emateko moduari buruzkoak; bestetik, abenduaren 23ko 6/2011 Legea, zeinaren bitartez Eusko Legebiltzarrak, besteak beste, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren gastuen egoera onartu baitzuen, Euskal Autonomia Erkidegoko 2012. urteko Aurrekontu Orokorren abenduaren 23ko 6/2011 Legean jasotakoa, 2013an luzatutakoa. Hori guztia kontuan izanik, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– 2013. urtean IRALE programaren irakastordu barneko ikastaroren batean ikasketari gisa ari den irakaslerik duten ikastetxe pribatu edo gizarte-ekimenezkoei dei egiten zaie, aipatu irakasleen ordezkatzek sortutako gastuei aurre egiten laguntzeko asmoz. Honetarako, 2013. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuetatik 2.500.000 euroko diru-partida erabiliko da. Diru-partida hori bi ebazpenetan banatuko da: lehenengoa, urtarriletik ekainera artekoa, partida osoaren % 60 izango da gehienez. Bigarren ebazpena, berriz, irailetik abendura artekoa. Lehen ebazpenean sobratzen dena, bigarrenera pasako da.

2. artikulua.– Deialdi honetan honako hauek parte hartu ahal izango dute:

a) 2013. urtean irakastordu barneko ikastaroetarako Hezkuntza Administrazioak liberazioak ematerakoan irakasle bat edo gehiago onartu(ko) zaizkien ikastetxe pribatuek edo gizarte-ekimenezkoek.

b) Dagokion ikastetxeko zuzendariak aipaturiko irakasleak liberatuak izateko adostasuna emandako ikastetxe pribatuek edo gizarte-ekimenezkoek.

3. artikulua.– Ikastetxe pribatuetako irakasle batek edo gehiagok, adierazitako epean irakastordu barneko ikastaroren batean parte hartzea eskatua izan beharko du ikastetxe horiek diru-laguntza jaso ahal izateko.

Gainera, deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxe pribatuak ondoko zereginetara behartuta daude:

a) Diru-laguntza onartzea. Jasoko den diru-laguntzaren berri eman eta 15 eguneko epean diru-laguntza horri idatziz uko egiten ez bazaio, laguntza hori onartutzat hartuko da.

b) Diru-laguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea.

c) Deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzen inguruan Ekonomia Jarraipenerako Bulegoak edota Euskal Herriko Kontu Epaitegiak bere egitekoak betez eska dezan edozein informazio eskaintzera behartuta dago laguntza-jasotzailea.

d) Diru-laguntzak eta laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, ezinbestekoa izango da izapidetzen ari den itzultze- edo zigortze-jardunbidea bukatuta egotea, baldin eta laguntza eta dirulaguntzok Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen eremuan badaude.

e) Zigor-edo administrazio-arloko zigorra jaso duten, eta horren ondorioz, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu duten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean dauden pertsonek edo erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera, sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dute agindu honetan araututako diru-laguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak ezarritako aldian.

f) Diru-laguntza eskatzen duten entitateek zergarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izan behar dute

Deialdiaren kudeaketa-organoa arduratuko da eskatzailea zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharretan egunean dagoela ziurtatzeaz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei Buruzko Legearen Testu Bategina Onartzen duenak, arautzen duen bezala. Kudeaketa-organoak ez du eskatzailearen baimenik beharko datu horiek ziurtatzeko eta behar beste alditan egingo du.

g) Eskatzaileak berariazko baimena ematen dio laguntza kudeatzen duen organoari, gainontzeko datuak edota dokumentazioa lortu edo egiaztatu ditzan, eskabidea izapidetzeko erabilitako bidea edozein delarik ere, eta herri-administrazioei dagozkien egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-eskumenak eragotzi gabe.

h) Ikastetxeak ekimen honetarako beste erakunderen baten diru-laguntza jaso edo jasotzekoa badu, horren azalpen zehatza egin beharko du eskabide-orriari erantsitako orri batean, edozein modutan ere diru-laguntzen baturak ezingo duelarik gainditu gastuaren %100. Horretarako, behar den neurrian murriztuko da legokiokeen diru-laguntza.

4. artikulua.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak deialdi honen bidez eskaintzen den diru-laguntza irakastordu barneko ikastaroetarako da. Irakasle baten ordezkoari dagokion diru-laguntza irakasle horren irakasmailak eta ordezkotza-kontratuaren noiztik noiz artekoak erabakitzen dute. Horri dagokionez, honako laguntza-kopuruak ezarri dira, kostu gordin osoaren % 80ari dagozkionak:

(Ikus .PDF)

Lehen ebazpena egindakoan sortutako soberakina, hala balegokio, bigarrenera pasatakoan, irailetik abendura arteko ebazpenari dagozkion diru-laguntzak emateko orduan soberakinik gertatuko balitz zera egingo da: atal honen lehenengo pasartean ezarritako diru-banaketak egin ondoren, soberakin hori txanda horretako bertako diru-laguntzen onuradunen artean banatu, hainbanaketa eginez (hots, guztien arteko diru-zatiketa eginez). Soberakin horren banaketa osagarriaz, hori bai, inola ere ezingo da ordezkoaren gastu osoaren % 100 baino handiagoko diru-laguntzarik eman.

5. artikulua.– Diru-laguntza hori lanaldiaren proportzioan emango da, ordezko irakaslea egun osoz hartu ordez denbora gutxiagorako kontratatzen den kasuetan.

Liberatuta dagoen ikasketariak baja-aldirik badu, IRALEk ez dio ikastetxeari baja-aldiari dagokion neurrian pertsona horren ordezkotza-gasturik ordainduko.

Gizarte Segurantzak ordaintzen duen zatia ez du deialdi honek estaliko.

6. artikulua.– Irakasle ordezkoari ikastetxeak ordainduko dio honen lan-hitzarmenak dioenari jarraiki, eta ordaindu beharreko kopurua kontratuan ezarritako maila profesionalari dagokiona izango da.

7. artikulua.– Plazaren jabearen titulazioa eta irakasle ordezkoarena berdina izango da edo bateragarria.

8. artikulua.– Ordezkotzaren epea IRALEra doan titularraren liberaziozko epearen parekoa izango da gehienez. Aipaturiko ordezkapena irakasle baten bidez edo batzuen artean egin ahal izango da.

9. artikulua.– IRALEko ordezkoaren lan-hitzarmenak bitarteko izaera izango du, irakasle erlijiosoen kasuan izan ezik. Mugagabeko lan-hitzarmena duten irakasleak ondoko kasu hauetan onartuko dira:

a) Aurreko ikasturtetik ikastetxean gelen kopurua murriztu egin denean irakasleen kopurua mantenduz.

b) Ikastetxeak, lan-orduak gehitzeko helburuz, irakasleak egun osoz izan beharrean egun zatiz dituenean.

10. artikulua.– Eskabide-orria bete ondoren, modu elektronikoan, euskadi.net Egoitza Elektronikoan (https://euskadi.net/) aurkeztuko da. Izapidetze elektronikoa honako arauek erregulatzen dute: otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duenak; eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariarenak, PLATEA plataforma, E-administraziorako plataforma teknologikoa onartzen duenak.

1.– Eskabide-orria Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan (https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/iralepribatuak/eu/) egongo da eskuragai.

2.– Tramiteak egiteko azalpenak, eskabide-orriak eta gainontzeko agiriak Eusko Jaurlaritzaren euskadi.net Egoitza Elektronikoan egongo dira eskuragai (https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/iralepribatuak/eu/).

3.– Eskaeraren ondorengo tramiteak (kontsultak, agiriak aurkeztea etab.) helbide honetatik egin beharko dira: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak.

Horrezaz gainera, 2012-2013 ikasturteko 2. txandan (hau da, 2013ko urtarriletik gehienez ekainera) liberaturik dauden irakasleen kasuan, ikastetxeak ordezko irakaslearen kontratuaren kopia erantsi beharko dio eskabideari. 2013-2014 ikasturteko 1. txandan (hau da, 2013ko irailetik gutxienez abendura arte) irakasleren bat liberatzen duten ikastetxeek, berriz, ikastaroa hasi eta hilabeteko epea izango dute ordezko irakaslearen kontratuaren kopia aurkezteko. Dokumentazioa behar den epean aurkeztu ezean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ez dio ikastetxe horri diru-laguntzarik emango.

11. artikulua.– Diru-laguntzetarako eskabideak ikastetxeek aurkezteko epea agindu hau indarrean jartzen den egunetik hasi eta hilabetekoa izango da. Administrazioan jasotako eskabidean hutsune edo akatsen bat sumatzen bada, horren berri emango zaio eskatzaileari eta 10 eguneko epea emango zaio eskabidea osa dezan. Epe horretan ez bada eskabidea osatzen, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, horretarako ebazpena eman ondoren Herri-Administrazioetako lege-erregimena eta Administrazio prozedura arrunta arautzen dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluak dioenari jarraiki.

Eskabidean jasotako datu pertsonalak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren fitxategi informatizatuetan sartuko dira. Legeak jasotzen dituen sarbide-, zuzenketa-, deuseztapen- eta aurkakotasun-eskubideak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzan erabil daitezke (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

12. artikulua.– Diru-laguntzak emateko orduan IRALEren irakastordu barneko hautatze-irizpideak, urtero-urtero Aurkezpen Txostenean definitzen direnak, kontuan hartu beharko ditu Agindu honek. Hori dela-eta, kontuan izango ditu Sailak esparru horretako ikasketarien lehentasun-irizpideak, ikastetxe pribatuetako edo gizarte-ekimenezko ikastetxeetako ordezkari adituekin batera adostasun-puntuak eskuratzen saiatuz. Horretarako, sare pribatuko euskalduntze alorreko Jarraipen-batzordea eratua dago, bere partaideak ondoko hauek izanik:

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, edo bere ordezkoa, buru;

Euskara Zerbitzuaren burua;

Euskara Zerbitzuko IRALE programaren arduraduna, idazkari;

Patronalaren ordezkariak;

Unibertsitateaz kanpoko eskola-sare pribatuko sindikatuen ordezkariak.

13. artikulua.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1994ko urtarrilaren 28ko Aginduaren (1994ko otsailaren 11ko EHAA) 4. atalaren 3. puntuak xedatzen duenez, Aurkezpen Txostenez jakinaraziak ditu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak aldian aldiko ekitaldiaren baldintza konkretuak. Horien arabera, 2013. urtean egin beharreko liberazio-txanda bakoitzaren iraupena 2012-2013 ikasturterako eta 2013-2014 ikasturterako Aurkezpen Txostenetan ezarritakoa izango da edota, bestela, bertan adierazten den moduan, hori eguneratzen duen edozein arautan adierazten den hainbatekoa.

14. artikulua.– IRALE programaren bidez irakastordu barnean liberatuta dagoen irakasleak ez du aldi horretan irakasletzan jardungo eta bere ikastetxeak ezin izango dio diru-kopururik bere soldatatik kendu.

15. artikulua.– Ikasketarigaien kopurua 2013ko diru-bideek onar dezaketena baino handiagoa denean, IRALEren Aurkezpen Txostenean emandako lehentasun-irizpideen arabera jokatuko da. Beraz,

1.– Kupoa izango da, batetik, HE1erako eta HE2rako prestatze-ikastaroetarako. Kupo horretan honako hauek izango dira oinarrizko ezaugarriak eta lehentasunak.

a) Lehendabizi jarraipenekoak liberatuko dira: U3koak eta, U2koak.

b) Horien ondoren, U3ko berriak liberatuko dira.

2.– Dagoen diru-partida kontuan izanik eta gaia JARRAIBAn landu ondoren, azpikupo bat adostuko da R ikastaroetarako. Kupo hori betetzeko, honako hautapen-irizpideak izango dira gidari:

a) Ikastetxe bakoitzetik aldi berean irakasle gehiegi R ikastaroetara joan ez dadin, arrazoizko neurri-mugak jarriko dira. Zehatz azaltzeko, honako hauek:

● 12 gela arteko ikastetxeetan, irakasle bakarra.

● 13 gelatik 24ra arteko ikastetxeetan, bi irakasle.

● 25 gelako (edo hortik gorako) ikastetxeetan, hiru irakasle.

b) HE2, EGA edo baliokidea lehenago lortutako irakasleak lehenetsiko dira.

c) Aurreko puntuan berdinketarik balego, adinez gazteenak lehenetsiko dira.

16. artikulua.– Berariaz sortutako ebazpen-batzorde batek banan-banan aztertuko ditu ikastetxe pribatu edo gizarte-ekimenezkoen laguntza-eskabideak, baldintzak bete dituzten ala ez aztertuz. Horren arabera 2013. urtean irakastordu barneko ikastaroren batean parte hartzeko aukeratuen zerrendetako irakasleen ordezkapenen kontzeptupean zein ikastetxeri diru-laguntza eman proposatuko dio batzorde horrek Hezkuntzako sailburuordeari, azken honek dagokion Ebazpena argitara dezan. Bertan, ikastetxe bakoitzean liberazio partziala edo osoa izan duten irakasleen zerrenda azalduko da. Aipaturiko ebazpen-batzordearen partaideak hauek izango dira:

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, edo bere ordezkoa, buru.

Euskara Zerbitzuaren burua eta bertako IRALE programaren arduraduna, azkeneko hau idazkari.

Hezkuntza Ordezkaritza bakoitzeko lurraldeburua edota euskara atalburua.

Irakaskuntza pribatuko euskalduntze arloko jarraipen-batzordeko kide bat, patronalaren izenean.

Jarraipen-Batzordeko beste kide bat, sindikatuen izenean.

17. artikulua.– Hezkuntza Sailburuordetzak bi laguntza-ebazpen jakinaraziko ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Laguntza-ebazpen horietan ikastetxeei emango zaien diru-laguntza adieraziko da, irakasleon eta beren ikastetxeen nortasun-ezaugarriak eskainiz eta laguntzaren zenbatekoa finkatuz. Lehenengo laguntza-ebazpenean 2012-2013 ikasturteko 2. txandan (hau da, 2013ko urtarriletik gehienez ekainera) liberatuta egonik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak diruz lagunduko dituen irakasleen zerrenda argitaratuko da, 2013ko urriaren 15a baino lehen. Bigarren laguntza-ebazpena, aldiz, 2013-2014 ikasturteko 1. txandan (hau da, 2013ko irailetik abendura) liberatutako ikasketarien ordezkoen kontratua aurkezteko azken egunaren biharamunetik gehienik sei hilabetera argitaratuko da, txanda horri dagokion diru-laguntzaren kopuruen zerrenda adieraziz.

Ezarritako epeetan ebazpenak argitaratzen ez badira, eskabideak ezetsitzat jo daitezke.

Laguntza-eskatzaileetariko bat edo gehiago hartutako Erabakiarekin ados ez balego eta gora jo nahi balu, Erabakia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hilabeteko epean gorako errekurtsoa egiteko aukera izango du Hezkuntza, Hezkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren aurrean.

18. artikulua.– Diru-laguntza hauek denak batera ordainduko dira, salbu eta agindu honen 10. artikuluan finkatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ikastetxe pribatu edo gizarte-ekimenezko bakoitzari dagokion diru-laguntza ordainduko dio liberazio txanda amaitutakoan, beti ere txanda horretan gertatutako gorabeherak kontuan harturik.

19. artikulua.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak beharrezko tresnak ezarriko ditu diru-laguntzok aurreikusitako helbururako erabiltzen direla ziurtatzeko. Hau bete ezean, ikastetxeak itzuli egin beharko ditu. Ikastetxeren batek laguntza jaso eta ekimena aurrera eman ez edota baldintzaren bat bete gabe utziko balu, jaso duen diru-kopurua eta horri dagozkion legezko interesak itzuli egin beharko dizkio Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusiari, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAA) zehaztutako prozeduraren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, bi hilabeteko epea egongo da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 24a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala