Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

147. zk., 2013ko abuztuaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
3497

EBAZPENA, 2013ko uztailaren 24koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) mendean dagoen Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatutako Hirigintzako XXXVII. ikastaroa (Bilbon egitekoa) eta Hirigintzako XXXVIII. ikastaroa (Donostian egitekoa) egiteko deialdia zabaltzen duena. Aldi berean, ikastaro horietan parte hartzeko 8 matrikula-beka eskatzeko deialdia egiten da.

«Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskola-Escuela Vasca de Estudios Territoriales y Urbanos» sortzeko, abian jartzeko eta antolatzeko den martxoaren 11ko 80/1986 Dekretuaren bidez, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen menpe geratu zen Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskola (LHIEE). Lantzen dituen gaiak direla-eta, Lurralde Antolamenduaren eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailaren bultzada zuzena jasotzen du, eta hirigintzako ikastaroak antolatzen ditu 1992. urtea geroztik, arlo horietan jarduten duten langile teknikoak prestatzeko eta birziklatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoan, hirigintza-araubidea nabarmen aldatu da, autonomia-erkidegoak berak eta estatuko administrazioak eman dituzten arauen ondorioz.

Bi ikastaroetan zehar aztertzen dira arau horiek guztiak, baina agerikoa da araudien aldaketek behartu egiten gaituztela egitarauak eta haien edukiak etengabe berritzera.

Dena dela, hirigintza eta lurralde-antolamendua ez dira arau-multzo soil bat, biztanleriak habitat eta lurralde jakin batean dituen garapena eta bilakaera jakiteko ezagupenen eta horri buruzko tekniken multzoa baizik. Arrazoi horrek bultzatuta, hirigintzako, lurralde-antolamenduko eta ingurumeneko paradigma edo eredu berriak aztertuko ditugu.

Horrenbestez, garrantzi handikoa da, krisi-garaiotan hain justu, herri honen hirigintza eratzen duten proiektuak eta arauak behar bezala aztertzeko jakintzak izatea, eta, horren bidez, egun dauden arazoak eta hirigintzaren etorkizuneko aurreikuspenak aztertzea.

Nabarmendu behar da Bilboko XXXVII. eta Donostiako XXXVIII. ikastaro horiek hirigintzaren, lurralde-antolamenduaren eta ingurumenaren arloan lan egiten duten funtzionario, profesional eta akademikoz osatutako aditu-talde batek emango dituela. Ikastaroa hirigintza-jarduera horiek egin edo horien berri izan behar duten administrazioko eta sektore pribatuko eragile tekniko eta juridikoentzat, eta hirigintzaren alorrean lan egin nahi duten profesionalentzat eta graduatuentzat prestatu da, hirigintzaren teoria eta haren alderdi praktikoak ezagut ditzaten.

Bestalde, aukerak eta ekonomiaren alorreko gorabeherak direla-eta, Donostian egingo den Hirigintzako XXXVIII. Ikastaroko moduluak aurrera eramateko gutxieneko ikasle-kopurua ezarri behar da.

Hori dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdia.

Honen bidez, deialdia egiten da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAPen) mende dagoen Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEEk) Bilbon antolatutako Hirigintzako XXXVII. Ikastarorako eta Donostian antolatutako Hirigintzako XXXVIII. Ikastarorako. Aldi berean, ikastaro horietan parte hartzeko, 8 matrikula-beka eskatzeko deialdia egiten da.

2. artikulua.– Oinarriak.

Ikastaroak eta 8 matrikula-bekak arautuko dituzten oinarri bereziak finkatuko dira; hain zuzen, I. eranskinean jasota dauden horiek.

3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Bilbon egingo den ikasturte osoko deialdirako eskabideak aurkezteko, 32 egun naturaleko epea egongo da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; Donostian egingo den ikasturte osoko deialdirako eskabideak aurkezteko, berriz, epea 38 egun naturalekoa izango da.

Moduluren batera bakarrik joateko, modulua hasi baino, gutxienez, 20 egun natural lehenago aurkeztu beharko da eskabidea, lehenengo modulura joateko izan ezik; izan ere, lehen modulurako, aski izango da eskabidea modulua hasi baino 10 egun natural lehenago aurkeztea.

4. artikulua.– Moduluak antolatzeko gutxieneko eskaera-kopurua.

Donostian egingo den Hirigintzako XXXVIII. Ikastaroaren kasuan, modulu teoriko bakoitzean gutxienez 10 ikaslek parte hartu beharko dute, modulua egin dadin.

Moduluren baterako eskaera-kopurua nahikoa ez bada modulu hori Donostian egiteko, Hirigintzako XXXVIII. Ikastaro osoko ikasleek Bilbon egin dezakete modulu hori, egoki baderitzote.

Ikasle batek Donostian egingo den Hirigintzako XXXVIII. Ikastaro osoan izena eman ondoren, ezinezkoa bada modulu zehatzen bat Donostian egitea eskaera-kopurua nahikoa ez delako, eta ikasleak modulu hori Bilbon egin nahi ez badu, Evetu-IVAPi jakinarazi behar dio. Horretarako, hiru egun baliodunetako epea izango du, modulua Donostian egingo ez zela jakinarazi ziotenetik kontatzen hasita. Kasu horretan, ikastaro osorako matrikularen ordainketa itzuliko zaio, eta ordurako egina dituen eta egiteko dituen modulu solteak, berriz, fakturatuko zaizkio.

Donostian egingo diren modulu solteen kasuan, modulurako behin-behineko onarpenaren berri emango du Evetu-IVAPek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denean. Norbaitek baja ematen badu, interesdunak edo hezkuntza-koordinatzaileek baja hori jakinarazi eta egiaztatu behar diote Eveturi, eta, horretarako, hiru egun balioduneko epea dute, jakinarazpena jaso zenetik kontatzen hasita. Bestela, matrikula fakturatu egingo da. Moduluan onartutako pertsonen benetako kopurua zehaztu ostean, eskatzaile guztiei berretsiko zaie modulua egingo dela. Matrikularen ordainketa baliogabetu egingo da, baldin eta moduluetako bat antolatu ezin bada eta, horren ondorioz, ikasleek Bilbora joan nahi ez badute (azken hori Evetu-IVAPi jakinarazi behar diote 3 egun balioduneko epean).

5. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

Ikastaro osoa nahiz haren modulu independenteak eskatu nahi dituzten pertsonek IV. eranskinean jasota dagoen eskabide normalizatua bete beharko dute, eta deialdian aipatzen diren agiriekin batera bidali beharko diote Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariari, erakunde horren mendekoa den Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolaren egoitzara: Errekalde zumarkalea 18, 1.a, 48009, Bilbao; tel.: 94 403 16 00/04; faxa: 94 403 16 01; webgunea: www.ivap.euskadi.net; posta elektronikoa: evetu@ivap.es

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) mendean dagoen Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatu dituen ikastaroen deialdiaren testua eta eskabide-agiriak lortzeko interneteko helbidea:

http://www.ivap.euskadi.net

Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aipatutako edozein modutan aurkez daitezke eskabideak.

Eusko Jaurlaritzako langileek, sare korporatiboko kide badira, Jakina/IVAP/Prestakuntza ikastaroak automatrikulazioaren bidez egingo dute izen-ematea.

Toki- eta foru-administrazioetako langileek, berriz, Prestakuntzako koordinatzailearen bidez egin dezakete izen-ematea. Hark emango die onespena eskabideei eta hark igorriko du eskabide-zerrenda IVAPera, ohiko prozeduraren bidez. Prestakuntzako koordinatzailerik ez duten instituzio eta/edo erakunde publikoen kasuan, interesdunak berak helaraz dezake kasuan kasuko eskabidea, IV. eranskinaren arabera, eskabide-orria LHIEE-IVAPera bidaliz.

Era berean, profesionalek eta graduatu-ondokoek eskabidea egin dezakete, LHIEE-IVAPera igorriz.

Bajaren bat gertatzen bada, interesdunek edo prestakuntzako koordinatzaileek LHIEEri jakinarazi eta egiaztatu egin beharko diote; bestela, matrikulak fakturatu egingo dira.

6. artikulua.– Modulu guztiak osorik egiteko epeak, «Hirigintza Diploma» eskuratzeko modulu teoriko-praktikoren bat, ikerketa-lanen bat edo hirigintzari buruzko goi-mailako ikastaroren bat egitea falta duten ikasleentzat.

1992az geroztik, ikastaroa «Hirigintza-zuzenbideari buruzko ikastaroa» deitzen zenetik, 2005-2006ko deialdira bitartean (Hirigintzako XXI. eta XXII. Ikastaroa), biak barne, egindako edozein ediziotan matrikulatutako lehengo ikasleek 2011-2012ko edizioa (Hirigintzako XXXIII. eta XXXIV. Ikastaroa) baino ez dute izan geratzen zitzaizkien modulu teoriko praktikoak gainditzeko, bakarkako ikerketa-lana aurkezteko edo Hirigintzako Goi Mailako Ikastaroa eginez Hirigintzako Diploma lortzeko.

2011-2012ko deialdia amaitzean eskakizun guztiak bete ez badira, deialdi honetan ikasle sartu berritzat hartuko dira, eta modulu guztiak berriz egin beharko dituzte, deialdiko eskakizunak betetzeaz gain.

7. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Deialdi honetako parte-hartzaileen datu pertsonalak «Euskal Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak» izeneko fitxategian sartuko dira, behar den moduan tratatzeko eta, hartara, kudeatu ahal izateko. Fitxategi horrek datu pertsonalak babesteari buruzko legeriak xedatzen duena bete beharko du. Datuen kontra agertzeko, eta datuak eskuratzeko, zuzentzeko edo ezabatzeko eskubidea baliatu nahi duten pertsonek IVAPen Koordinazio eta Kudeaketako Idazkaritzara jo dezakete.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Errekurtsoa ebazpen hau eman duen organoari jar dakioke edota, bestela, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari. Errekurtsoari buruz, berariaz, ebazpenik ematen ez bada, ukatutzat joko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 24a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala