
143. zk., 2013ko uztailaren 29a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (151 KB - 1 orri.)
- EPUB (96 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
3446
AGINDUA, 2013ko uztailaren 12koa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, «Urkiolako Parke Naturaleko Natura Baliabideen Antolamendurako Planaren Aldaketa» izeneko dokumentuari hasierako onespena eman eta jendaurrean jartzeko dena.
Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2010eko otsailaren 25eko Aginduaren bidez, hasiera eman zitzaion Urkiolako Parke Naturaleko Natura Baliabideen Antolamendurako Planaren lehengo aldaketa idazteko eta onesteko prozedurari.
Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Planaren aurretiazko dokumentua idatzi du, eta dokumentu hori Arabako eta Bizkaiko foru-aldundiari aurkeztu zaio, aldez aurretik txostena egin dezan. Halaber, partaidetza-prozesua ireki zaie interesdunei, gune horretako interes sozialen titularrei, elkarteei eta antolatu beharreko eremuko udalei. Naturzaintza-Natura Zaintzeko Aholku Batzordeak txostena egin ondoren, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak hasierako onespena eman behar dio PORNen aldaketari, eta, halaber, jendaurrean jarri behar da Plana, Euskal Herriko Natura Babesteko 16/1994 Legearen 7. artikuluan ezarritako prozedura betez.
Hori dela eta, hau
XEDATZEn DUT:
1. artikulua.– Hasierako onarpena ematea Urkiolako Parke Naturaleko Natura Baliabideen Antolamendurako Planaren lehengo aldaketari.
2. artikulua.– 1.– Urkiolako Parke Naturalaren Natura Baliabideen Antolamendurako Planaren aldaketa jendaurrean jartzea, 60 egunez, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Interesdunek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (https://euskadi.net) kontsultatu ahal izango dute dokumentu hori.
3.– Halaber, erakunde hauetan ere aztertu ahal izango da dokumentua:
– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saila. Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.
– Abadiño, Amorebieta-Etxano, Aramaio, Atxondo, Dima, Durango, Izurtza eta Mañariko udalak.
4.– Alegazioak, iradokizunak eta oharrak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailera bidaliko dira (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 12a.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.
RSS