Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

143. zk., 2013ko uztailaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
3445

AGINDUA, 2013ko uztailaren 3koa, Osasuneko sailburuarena, zeinen bidez deialdia egiten baita laguntzak emateko GIB/hiesa prebenitzeko eta kontrolatzeko bideratutako jarduerak EAEn egiten dituzten irabazi-asmorik ez duten ekimen sozialeko entitateei.

GIB/hiesaren alorrean irabazi-asmorik gabeko erakundeek EAEn gauzatutako jarduerak, herri-administrazioen jarduerekin batera, funtsezko tresna izan dira infekzio hori kutsatzea saihesteko eta birusa duten pertsonen egoera hobetzeko lanean.

Testuinguru horretan, Osasun Sailak aurrekontu-sail bat prestatzen du irabazi-asmorik gabeko erakundeei diru-laguntzak emateko, GIBak sorrarazitako infekzioa kontrolatzea eta prebenitzea xede duten proiektuak gauza ditzaten.

Deialdi honetan, programa honekin lotutako izapide guztiak modu telematikoan gauzatzeko aukera eman nahi diegu erakunde horiei, eta horretarako prozedura bat gaituko dugu honakoei jarraikiz: otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, administrazio elektronikoari buruzkoa; abenduaren 19ko 59/2003 Legea, sinadura elektronikoari buruzkoa (abenduaren 28ko 56/2007 Legeak aldatu zuen hori, informazioaren gizarteari bultzada emateko neurriei buruzkoak); ekainaren 22ko 11/2007 Legea, herritarrak zerbitzu publikoetara bitarteko elektronikoz sartzeari buruzkoa, eta hori garatzen duen azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretua; apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa; 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, Informatika eta Telekomunikazio zuzendariarena, Platea e-administraziorako plataforma teknologikoa ezartzen duen dokumentua onartzen duena.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Eremua eta xedea.

1.– GIB/hiesa prebenitzeko eta kontrolatzeko bideratutako jarduerak EAEn egiten dituzten irabazi-asmorik ez duten ekimen sozialeko entitateentzako 2013ko diru-laguntzak deitzen dira.

2.– Lehentasuna izango dute gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboari bideratzen diren esku hartzeko proiektuek, ikusirik, kolektibo horretako GIBaren garrantzia epidemiologikoa egun.

Halaber, aintzat hartuko dira GIBari dagokionez kalteberak diren bestelako kolektiboei bideratutako proiektuak, etorkinak, drogak bide parenteralez hartzen dituztenak eta prostituzioan jarduten dutenak, kasu; baita GIB bidezko infekzioaren diagnostiko goiztiarrera bideratutako proiektuak ere.

2. artikulua.– Zenbatekoa.

Agindu honen bidez deitutako diru-laguntzak finantzatzeko, hirurehun mila (300.000) euro izango da, gehienez.

3. artikulua.– Entitate onuradunak.

Onuraduntzat hartuko dira GIB/hiesa prebenitzeko eta kontrolatzeko bideratutako jarduerak EAEn egiten dituzten irabazi-asmorik ez duten ekimen sozialeko entitateak, zehatzago, 2013an, biztanleengan oro har eta kolektiborik kalteberengan GIB bidezko infekzioa prebenitzeko eta kontrolatzeko jarduerak egiteko asmoa dutenak eta egin egiten dituztenak.

Erakunde onuradunek egoitza edo ordezkaritza bat eduki beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoan.

4. artikulua.– Gastu diruz lagungarriak.

1.– Ezin izango da proiektuaren aurrekontuaren % 80 baino gehiago eskatu.

2.– Diru-laguntza jaso ahal izango dute: diru-laguntza jaso duen programarekin erlazio zuzena eta objektiboa duten jarduerei dagozkien gastuek, entitateak aurkeztutako proiektuan behar den moduan zehaztuta daudenek eta faktura orijinalarekin behar den moduan justifikatuta daudenek. Aipatutako gastuak diru-laguntza jaso baino lehen gertatu ahal izango dira, baina, betiere, 2013an.

3.– Emandako diru-laguntzaren % 50 erabili ahal izango da gehienez ere gastu orokorretarako, dietek, garraioak, ostatu-hartzeak eta aurreikusitako jarduerak gauzatzeko ekipamenduak eragin ditzaketenak barne.

5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin ahal izango dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Honako hauek arautzen dituzte izapide elektronikoak: otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua, administrazio elektronikoari buruzkoa; apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa; eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, Informatika eta Telekomunikazio zuzendariarena, Platea e-administraziorako plataforma teknologikoa ezartzen duen dokumentua onartzen duena.

3.– Izapideak egiteko argibideak, bertatik bertara edo modu elektronikoan, euskadi.net egoitza elektronikoan aurki ditzakezue, bai eta eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako eredu guztiak ere, honako helbide honetan zehazki:

http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-ckproc03/es/contenidos/ayuda_subvencion/ayudas_sida_2013/es_ayuda/ficha_procedimiento.html

6. artikulua.– Epeak eta eskaerak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariari zuzendu behar zaio eskabidea (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

2.– Eskabideak aurrez aurre aurkez daitezke Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren bulegoetan (Nafarroa etorbidea 14-8. Groseko anbulatorioa, Donostia) eta Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan (Zuzenean), Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko lurralde-zuzendaritzetan, edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, atal guztiak behar bezala beteta. Eskaeraren eredua arau honen I. eranskin gisa agertzen da, eta 5. artikuluan adierazitako euskadi.net-eko egoitza elektronikoan egongo da eskura.

Halaber, bitarteko elektronikoz ere aurkez daitezke eskabideak, aipatutako euskadi.net egoitza horren bidez.

3.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz.

7. artikulua.– Betebeharrak/betekizunak egiaztatzea.

1.– Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.3 artikuluaren 2. paragrafoak xedatzen duenari jarraiki.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 51.1 bis artikuluan xedatutakoa betetzeko, honako betebehar hauek egiaztatu beharko dira erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

a) Beste edozein administraziok edo erakundek –publikoa zein pribatua izan– helburu berarako ematen dituen diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri eman behar da.

b) Egiaztatu behar da erakundeak ez daukala abian itzultze- edo zehapen-prozedurarik, edo horiek amaituta dituela; hortaz, diru-laguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta egon beharko dute itzultze- edo zehapen-prozedurek.

c) Erakunde eskatzaileak egiztatu behar du ez dagoela laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.

d) Erakundeak legez eratuta egon behar du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion Erregistro Orokorrean behar bezala izena emanda.

Erakunde eskatzaileak edo horren ordezkari gisa jarduten duen pertsonak haren erantzukizunpean adierazi behar du egiazkoak direla eskabidean jasotako datuak, indarrean dagoen legediak eskubidea jasotzeko ezarritako eskakizunak betetzen dituela eta hori egiaztatzen duten dokumentuak dauzkala, eta, diru-laguntza emanez gero, horri dagokion denboraldian zehar horiek betetzen jarraituko duela.

Zinpeko adierazpen baten barruan edo harekin batera aurkezten diren datu, adierazpen eta dokumentuetan funtsezko zehaztasun-gabeziaren bat, faltsukeriaren bat edo ez-egiteren bat badago, prozedura bertan behera geldituko da, gertakari horiek jakiten diren unetik, horrek ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.

Halaber, gorabehera horien berri jasotzen duen herri-administrazioak, hala badagokio, dirua itzultzera behar dezake interesduna ebazpen baten bidez, eta denbora jakin batean zehar xede bera duen beste prozedura bat eskatzeko debekua ezar diezaioke; hori guztia, aplikatzekoak diren arauetan ezarrita dagoen moduan.

3.– Lehen aipatutako euskadi.net egoitza elektronikoan zehaztuko da nola egiaztatu behar diren gainerako eskakizunak.

8. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Erantzukizunpeko adierazpena barruan duen eskaera agindu honen I. eranskinean dagoen inprimaki normalizatuan beteko da. 5. artikuluan adierazitako euskadi.net-eko egoitza elektronikoan ere egongo da eskura inprimakia.

2.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Aurkezten den proiektuak GIB/hiesaren esparruan zer garrantzi duen azaltzen duen memoria, eta honako hauek jasoko dira bertan: xedeak, nori zuzenduta dagoen, hautespen-irizpideak, materiala eta metodoak, aurreikusitako emaitzak eta horiek balioesteko parametroak, nor diren proiektuaren arduradunak eta eskatzaileen ustez interesgarri den bestelako edozein informazio.

b) Diruz laguntzeko eskatu eta 2013n egingo diren egitasmo eta egintzetako aurrekontu xehatua. Horretarako, II. eranskina beteko da.

c) Programa horiek finantzatzeko plana. Zehazki adieraziko da zein izango diren finantziazio-iturriak (izena emateko kuotak, eman diren edo ebazpenaren zain dauden beste laguntza publiko edo pribatu batzuk eta abar). Beste finantziazio-iturriren bat lortuz gero, horren berri emateko konpromisoa ere adierazi behar da.

d) Hirugarren interesdunaren datuen alta egiteko Eusko Jaurlaritzaren inprimakia, edo, hala badagokio, hirugarrenaren datuak aldatzeko eskabidearena, aurrez aurkeztu ez bada behintzat. Inprimaki hori eskuragarri dago euskadi.net egoitzan: http://www.euskadi.net/r33-2288/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html

3.– Eskabidea bitarteko elektronikoz aurkezten duten erakundeek PDF formatuan eskaneatuta aurkeztu ahal izango dituzte dokumentuak.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluari jarraikiz, ikusten bada aurkeztutako eskabideak ez dituela betetzen aurreko artikuluetan xedatutako eskakizunak, hamar egun balioduneko epea emango zaio erakunde eskatzaileari akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Jakinarazten zaio, halaber, hori egin ezean, eskabidea bertan behera uzten duela ulertuko dela; Osasuneko sailburuordeak ebazpen bat eman beharko du aurrez aipatutako lege horren 42. artikuluan aurreikusitako moduan.

10. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztutako agiriak balioestea.

1.– Laguntzak esleitzean, agindu honetako 13.1 artikuluak sortzea helburu duen batzordeak balioetsiko ditu egitasmoak.

2.– Balioespena, 12. artikuluan zehazten diren irizpideen arabera egingo da. Horretarako, beharrezkotzat hartzen diren txostenak eta azalpenak eskatu ahal izango dira.

3.– Honako hauek adierazi beharko ditu batzordeak, balioespenari jarraikiz, egingo duen proposamenean:

a) Diruz lagunduko diren elkarte eta egitasmoen zerrenda.

b) Proposatutako diru-laguntzen zenbateko osoa, zenbateko horren zer zati emango zaion diru-laguntza jasoko duen proiektu bakoitzari eta hori nola banatzen den programa osatzen duten sailen artean.

4.– Proiektu bat diru-laguntza jasotzeko modukoa dela irizten bada, aurkeztutako aurrekontua hartuko da kontuan laguntzaren zenbatekoa zehazteko, bai eta beste finantziazio-iturririk badagoen edo ez ere. Aurrekontu horretan aurreikusitako defizitaren % 80ra heldu daiteke laguntza. Erakundeak proiektu hori gauzatzeko beste laguntzarik badu, beste erakunde batzuengandik helburu bererako eskuratuko dituen laguntzen guztirako zenbatekoak ez du gaindituko proiektuaren kostu osoa.

11. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Agindu honetan ezarritako araubidearen babesean emandako laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako emandako beste laguntza batzuekin.

Proiektu bera gauzatzeko zenbait finantzaketa-iturrik emandako laguntzen zenbatekoak proiektuaren beraren kostua gainditzen badu, gehiegizko zenbateko hori kenduko zaio agindu honen babesean emandako diru-laguntzaren zenbatekoari, guztirako zenbatekoa proiektuaren kostuarekin berdindu arte.

12. artikulua.– Proiektuak balioesteko irizpideak.

Jarraian, balioespen-irizpideak zehaztuko ditugu, eta irizpide bakoitzari zenbat puntu dagozkion esango dugu. Irizpide hauek erabiliko dira, hain zuzen, eskabideen lehentasun-ordena ezartzeko. Gehienez 100 puntu eskuratu ahal izango dira, eta, gutxienez, 50 puntu. Puntu horiek (50) baino gutxiago lortzen dituzten eskabideek ez dute diru-laguntzarik jasoko.

a) 1.2 artikuluan ezarritako lehentasunezko kolektiboei eta edukiei egokitzea: 25 puntu, gehienez.

b) Diseinuaren kalitate teknikoa; erlazio koherentea eduki behar dute kontuan hartuko diren faktoreek, lortu nahi diren helburu espezifikoek, helburuak erdiesteko aurreikusitako jarduerek eta helburu horien lorpen-maila ebaluatzeko irizpideek: 20 puntu, gehienez.

c) Erakundearen ibilbidea eta esperientzia, eta proposatutako jardueraren edo proiektuaren jarraitutasuna: 20 puntu, gehienez.

d) Jardueraren diseinuan eta bilakaeran ekintza boluntarioko berezko balio erantsiak gehitzea, elkar laguntzea sustatzea, eta esku-hartzearen hartzaile diren pertsonek horren diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan parte hartzea: 10 puntu, gehienez.

e) Jardueraren biztanle-estaldura (pertsona jasotzaile- edo onuradun-kopurua, zuzenean edo zeharka) eta desberdintasun sozioekonomikoei erantzutea: 10 puntu, gehienez.

f) Jarduera ekimen sozialeko beste erakunde batzuekin, beste federazio eta/edo beste erakunde batzuekin koordinatuta eta lankidetzan gauzatzea, hots, sare-lana sustatzea: 5 puntu, gehienez.

g) Proposatutako jarduera berritzailea izatea, edo proiektu batean aurreko urtearekiko hobekuntza berritzaileak sartzea: 5 puntu, gehienez.

h) Koordinazio bat ezarrita egotea, eta sinergia bat aurreikusita, jardueraren eta osasun-esparruko eta/edo osasun- eta gizarte-esparruko prestazio, zerbitzu, jarduera eta politika publikoen artean: 5 puntu, gehienez.

Diru-laguntza jaso ahal izateko, eskabideak gutxienez 32,5 puntura heldu beharko dira a), b) eta c) ataletako puntuazioa batuta. Atal horietako bakoitzak, bere aldetik, beste bi ataletako bakoitzaren puntuen erdiak izan beharko ditu, gutxienez.

13. artikulua.– Eskabideen prozedura eta balioespena.

1.– Aurkeztutako eskabideak balioesteko, dagokion balioespen-batzordea eratuko da, eta honako hauek izango dira kide: Osasuneko sailburuordea –batzordeko presidente izango da–, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria, Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Prebentzioko Planaren arduraduna, eta Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetan Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariorde diren pertsonak. Presidenteak izendatuko du kide anitzeko organoko idazkaria batzordea osatzen duten kideen artean.

2.– Balioespen-batzorde horretako osaera parekidea izatea zainduko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan ezarritakoari jarraituz. Artikulu horrek dioenez, euskal aginte publikoek neurri egokiak hartu behar dituzte emakumeen eta gizonen presentzia orekatua lor dadin erabakiak hartzeko eremu guztietan.

3.– Ebaluazio-batzordeak eskatzaileen dokumentuak aztertuko ditu. Dokumentuen edukia kontuan hartuko du, bai eta epeak bete diren ere.

4.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak, laguntzak kudeatzen dituen organo den heinean, eta balioespen-batzordeak, beharrezko irizten badute, informazio eta dokumentazio osagarria eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeki ulertu ahal izateko.

5.– Baliospen-batzordeak erabakiko ditu, jarduerei dagokienez, bakoitzari eman dakiokeen gehieneko diru-laguntza eta jaso duen puntuaketa, agindu honen baitan adierazitako balorazio-irizpideen arabera. Laguntzetarako aurreikusitako aurrekontu-kreditua ez bada nahikoa gutxieneko puntuazioa gainditu duten jarduera guztiei diru-laguntza emateko, puntuazio handiena lortu duten jarduerek jasoko dute laguntza aurrekontu-kreditua agortu arte.

6.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak lehiaketa bidez emango dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauen Legearen Testu Bateginaren 51.4. artikuluari jarraikiz, lehiaketatzat joko da aurkeztutako eskabideak erkatuz diru-laguntzak emateko prozedura. Diru-laguntzak arautzen dituzten arauetan aurrez ezarritako balioespen-irizpideen arabera, eskabideen lehentasun-ordena ezarriko da, eta aipatutako irizpideen arabera balioespen handiena jaso dutenei esleituko zaizkie laguntzak.

14. artikulua.– Lehiaketa ebaztea.

1.– Osasuneko sailburuordeak emango du ebazpena, balioespen-batzordearen proposamenari jarraikiz, azaroaren 30 baino lehen. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da ebazpen hori, erakunde interesdunek horren berri izan dezaten, eta horren aurka egiteko eta deialdian xedatutako moduan ordainketa egiteko epea hasiko da. Halere, banaka ere eman daiteke ebazpenaren berri.

2.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako 30/1992 Legearen 114. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

15. artikulua.– Isiltasunez ezestea.

Agindu honetan araututako laguntzak ebazteko aurreko artikuluan ezarritako epe hori igaro bada, eta ez bada ebazpenik eman espresuki, eskabideak ezetsi egin direla ulertuko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, administrazioak espresuki ebazteko betebeharra badu ere.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.

1.– Honako betebehar hauek izango dituzte agindu honetan araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeek:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Hain zuzen, diru-laguntzak esleitzeko ebazpena EHAAn argitaratu eta hamar egun balioduneko epean erakundeek ez badiote horri espresuki uko egiten, laguntza onartzen dutela ulertuko da.

b) Laguntza eman den helbururako erabili beharko dute.

c) Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko, erakunde eskatzaileek haien zerga-betebeharrak bete beharko dituzte, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan xedatutakoari jarraikiz, eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak ere bete beharko dituzte.

d) Diru-laguntza hau izendatuko bada edo, behintzat, diru-laguntza hau ordainduko bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk emanak dituela-eta horien inguruko itzulera- edo zigor-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitua izatea.

e) Eskatzen duten informazio guztia eman beharko diete Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, horiek hobeki gauza ditzaten deialdi honetan araututako diru-laguntzen gaineko eginkizun guztiak.

f) Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartu den edozein egoera, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, hala jakinarazi beharko diote Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari.

2.– Hautatutako erakundeek agindu honen bidez finantzatutako programak edo jarduerak argitaratzen badituzte, honako testu hau jaso beharko dute espresuki: «Osasun Sailak diruz lagundua, Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Prebentzio Plana».

3.– Egitasmoak informazio materiala (idatzia zein ikus-entzunezkoa) argitaratzea ere aurreikusten badu, argitaratu aurretik Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren oniritzia eta baimena lortu beharko ditu.

17. artikulua.– Datuen babesa.

Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskatzean ematen diren datuak «Laguntzak jasoko dituzten entitateak» fitxategian sartuko dira, 2011ko abenduaren 22ko Aginduan ezartzen den moduan; agindu horren bitartez arautzen dira Osasun Sailaren eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren izaera pertsonaleko datuen fitxategiak, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesten dituen 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraikiz. Fitxategi horretako datuak ezin zaizkie hirugarrenei edo beste erakundeei utzi, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erakunde eskatzaileen laguntzak kudeatzeko baino ez ditu erabiliko. Nahi izanez gero, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak erabil ditzake nahi duenak, legean xedatutakoarekin bat etorriz; horretarako, idazki bat igorri beharko dio Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzari.

18. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.

Onuradunek jasotako diru-laguntza guztia emandakorako erabili dela egiaztatzeko, 2013ko abenduaren 10a baino lehen Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzan agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Txosten teknikoa, aurreikusitako helburuak zer neurritan bete diren eta helburu horietako bakoitzaren betetze-mailaren gaineko ebaluazioa azalduko duena.

b) 2013. urteko gastuen memoria edo justifikazio-kontua. Zer dokumentu aurkezten diren eta horiek zer zenbateko duten adierazi behar da. Diru-laguntza emateko ebazpenean zehaztutako gastu-kontzeptuen arabera taldekatu behar dira horiek aginduaren III. eranskinean jasotako ereduaren arabera. 5. artikuluan aipatutako egoitza elektronikoan ere eskuragarri dago eredu hori.

c) Gastuak diru-laguntzaren xedea betetzeko erabili direla egiaztatzeko, fakturak aurkeztu beharko dira, edo egiaztapen-balioa duten gainerako dokumentu baliokideak, zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan balioa dutenak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak.

d) Jarduera edo zerbitzua gauzatu dutela edo diru-laguntzaren xedea bete dutela egiaztatzen duen beste edozein agiri.

Eskabidea bitarteko elektronikoz aurkezten duten erakundeek PDF formatuan aurkeztu ahal izango dituzte dokumentuak.

19. artikulua.– Justifikatzeko aurkeztutako dokumentuetako akatsak zuzentzea.

Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, egiaztapenerako aurkeztutako dokumentuetan akatsen bat badago, edo dokumenturen bat falta bada, hamar egun balioduneko epea emango zaio erakundeari, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, akatsa konpon dezan edo eskatzen dioten dokumentua aurkez dezan. Ez badu eskakizun hori epe eta modu egokian betetzen, dagokion eskakizuna egiaztatu gabe dagoela ulertuko da, eta agindu honen 22. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko.

20. artikulua.– Ordaintzeko era.

Honela ordainduko da agindu honen babesean emandako diru-laguntzari dagokion zenbatekoa:

a) Diru-laguntzaren % 80 ordainduko da hasierako ordainketan, behin ebazpena onartu eta argitaratu ostean, eta erakunde onuradunak emandako diru-laguntzari uko egiteko epean horrelakorik egin ez badu.

b) Gainerakoa kobratzeko (emandako zenbatekoaren % 20a), diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko du erakunde onuradunak, 18. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Diru-laguntza eman zeneko ekitalditik kanpo gauzatzen bada bigarren ordainketa hori, organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du erakundeak bere betebeharrak bete dituela erakundeari dagozkion foru-ogasunaren eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren aurrean.

21. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, baina haren xedea mantentzen dela ulertzen bada, eta, hala badagokio, beste diru-laguntza edo laguntza batzuk eskuratzen badira beste erakunde publiko edo pribatu batengandik, diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Ondorio horietarako, Osasuneko sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena egingo du, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokitzeko.

22. artikulua.– Ez-betetzeak.

Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta obligazioak ezartzen dituenean, xedatutakoari jarraikiz, erakunde onuradunak ez baditu betetzen agindu honetan jasotako eskakizunak eta xedeak, edo jarraian jasotzen den ez-betetzeetako bat gauzatzen badu, laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela aitortuko da, dagozkion prozedura-izapideak egin ostean, eta, hala badagokio, ordurako jaso dituen zenbatekoak eta horien interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Orokorrari, hargatik eragotzi gabe egin beharreko gainerako ekintzak.

Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat joko dira, ondorio guztietarako.

Osasun Saileko Osasuneko sailburuordeak izango du eskumena ez-betetzeagatiko espedientea hasi eta ebazteko.

Ez-betetzeei dagozkien egoera espezifikoak dira, beste batzuen artean, honako hauek:

a) Laguntza lortzea, horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.

b) Diru-laguntzaren xede gisa proposatutako jarduerak ez gauzatzea.

c) Ez betetzea diru-laguntzaren xede zen helburua.

d) Diru-laguntzaren emate-erabakian ezarritako baldintzak ez betetzea.

e) Gastuak ez egiaztatzea agindu honetan xedatutako moduan eta epean.

f) Ezarritako kontrol-jarduerei uko egitea edo haiek oztopatzea.

g) Jarduerak behar baino finantziazio handiagoa lortzea eragingo luketen beste laguntza batzuk lortuz gero, Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzari ez jakinaraztea.

23. artikulua.– Diruz lagundutako proiektuaren jarraipena.

Osasun Sailak komenigarri irizten dituen alderdi guztiak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu, lege honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Halaber, publikoki erabili ahal izango ditu, uneoro, emandako diru-laguntzen bidez gauzatutako programen eta jardueren edukiak eta emaitzak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezar dakioke Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honetan azaltzen ez den guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak xedatutakoa aplikatuko da, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean emandako idazketaren arabera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 3a.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala