Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

143. zk., 2013ko uztailaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
3444

AGINDUA, 2013ko uztailaren 3koa, Osasuneko sailburuarena, zeinen bidez deialdia egiten baita laguntzak emateko gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko jarduerak EAEn egiten dituzten eta irabazi-asmorik ez duten ekimen sozialeko entitateei.

Gaixoek eratutako elkarteak pertsona fisikoen taldeak dira, eta, horietan, patologia bera pairatzen duten pertsonak elkartzen dira. Gisa horretako elkarteek honako helburu hauek dituzte: dena delako gaixotasuna eta berau sendatzeko tratamenduak hobeto ezagutzeko lan egitea, gaixoek elkarri laguntzea, herritarrei gaixotasuna prebenitzeko argibideak ematea, eta herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzea.

Osasun Sailak bereziki nabarmentzen du entitate horiek pertsona gaixoen eta haien senideen osasun fisikoaren, psikologikoaren eta sozialaren alde egiten duten ekarpena, hainbat alorretan islatzen dena, hala nola: gaixotasunen errealitate sozial eta afektiboarekiko zuzeneko kontaktua, eta zerbitzu eta autolaguntza programen bidezko zuzeneko asistentzia eta laguntza enpatikoa.

Azaldutako guztiagatik eta Euskadin kronikotasunaren erronkari aurre egiteko estrategiaren ildotik, eta gaixotasunen bat duten pertsonen osasuna eta ongizatea hobetzeko, Osasun Sailak positibotzat eta ezinbestekotzat jotzen du gaixoek eta haien senideek osatutako irabazi-asmorik gabeko entitateen laguntza. Izan ere, entitateok, beren ezaugarriak eta esperientzia direla-eta, elkartzeko, komunikatzeko eta laguntza emateko guneak dira gaixoentzat eurentzat nahiz haien familientzat.

Bestalde, sailak elkarte interesdunen eskabideen izapidetze eta jarraipen elektronikoa sustatzen jarraitu nahi du, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren arabera eta gainerako arauen arabera; dekretu horretan, ildo horri jarraikiz, esaten da Administrazioak, erregelamendu bidez, bide hau erabiltzera behartu ahal izango dituela pertsona juridikoak edo pertsona fisikoen kolektiboak, baldin eta gaitasun teknikoa eta ekonomikoa badute. Hala ere, aintzat hartuz, egun, elkarte guztiek ez dituztela ezarritako baldintza horiek betetzen, aurrez aurreko bidea ala bide elektronikoa hautatu hala izango da.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren eremua eta xedea.

1.– Agindu honen helburua da laguntzetarako deialdia egitea, gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko jarduerak EAEn egiten dituzten eta irabazi-asmorik ez duten ekimen sozialeko elkarteentzat.

2.– 2013ko ekitaldian egin diren jarduerak finantzatzeko dira laguntza horiek, hain zuzen, honako helburu hauek betetzeko:

a) Gaixotasunen bat duten pertsonen kolektiboei eta haien senideei trebetasunak eta baliabideak garatzen laguntzea, euren burua zaintzeko ahalmena maximizatzeko eta autonomia areagotzeko.

b) Gizarte- eta osasun-premien arloan, gaixoei laguntza eta jarraibideak ematea.

c) Gaixoek eta haien familiek dena delako gaixotasunari buruz, haren arrisku-faktoreei buruz eta bizi-ohitura egokienei buruz duten ezagutza eta informazioa sakontzea.

d) Gaixoek osasun aldetik besteekiko dituzten desberdintasunak gutxitzea.

2. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

Agindu honen helburua betetzeko, hirurehun mila (300.000) euro bideratuko dira.

3. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzen esleipena bateragarria da administrazio berak edo beste batzuek edo erakunde publiko edo pribatuek jarduera bererako emandako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikoekin. Beste laguntza batzuk jaso badira, horiek ere kontatuta, diru-laguntzen zenbateko osoa ezin izango da izan entitate onuradunak egingo duen jardueraren kostua baino handiagoa.

2.– Lortutako laguntza guztien batuketa jardueraren aurrekontu osoa baino handiagoa baldin bada, diru-laguntza txikiagoa emango da, gehiegizko zenbatekoa kenduta.

4. artikulua.– Elkarteen baldintza orokorrak.

1.– Deialdi honetako laguntzak eskatu ahal izango dituzte, eskabideak aurkezteko epea amaitzean, baldintza hauek betetzen dituzten elkarteek:

a) Pertsona gaixoen kolektiboek eta haien familiek osatzea, legez eratuak izatea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistroan behar bezala inskribatuak izatea, diru-laguntzen deialdia egin baino urtebete lehenagotik gutxienez.

b) Irabazi-asmorik ez izatea.

c) Gaixoen eta/edo haien familien bizi-kalitatea hobetzeko asmoz jardun behar dute, eta elkartzeko, hitz egiteko eta laguntzeko guneak eratu.

d) Euskal Autonomia Erkidegoan egin behar dute lan, eta, beraz, han izan behar dute egoitza edo ordezkaritzaren bat.

2.– Zehapen administratibo edo penala izateagatik diru-laguntzak eta laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten elkarteek ezin izango dute lehiaketan parte hartu jasotako zigorrak ezarritako aldian. Era berean, ez dute parte hartzerik izango horretarako ezgaitzen dituen debeku legalen bat duten entitateek, sexu-bazterkeriagatik ezarritako debekuak barne.

3.– Baldin eta elkarteek jaso badituzte ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntza batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren entitate autonomiadunen eskutik, eta laguntza horien inguruko itzulera- edo zigor-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu horrek amaituta egon behar du, elkarte horiei diru-laguntza hau esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko.

5. artikulua.– Deialditik kanpo uzteko irizpide orokorrak.

Deialdi honen bidez finantzatzeko moduko ekintzetatik kanpo gelditzen dira:

a) Osakidetzak edo Osasun Sailarekin hitzarmena duten zentroek egiten dituztenen pareko jarduerak.

b) Hiesa, adikzioak, jarduera fisikoa sustatzea eta ohitura osasuntsuen eremuko jarduerak, baita ikerketa-lanak ere, izan ere, horretarako berariazko laguntza-deialdiak badaude.

c) Baldin eta elkarte ezberdinek antzeko jarduerak lurralde berean burutzen badituzte, populazio-estaldura handiena dutenak eta hainbat elkartek koordinatuta edo elkarlanean burututako jarduerak lehenetsiko dira.

6. artikulua.– Gastu diruz lagungarriak eta ez-lagungarriak.

1.– Ezin izango da proiektuaren aurrekontu osoaren % 80 baino gehiago eskatu. Laguntza hori 10.000 eurokoa izango da, gehienez.

2.– Laguntzak jarduerak ordaintzeko dira, eta ez dira erabiliko langile-egitura egonkorra mantentzeko edo elkarteen azpiegitura fisikoetan inbertitzeko.

Jarduerarako diru-laguntza erabil daiteke elkarteko soldatapeko langileen kostuak ordaintzeko, langileek jarduera horretan egindako lanari dagokion proportzioan, eta zenbateko osoaren % 10 erabili ahal izango da zeharkako kostuak ordaintzeko. Zeharkako kostuak dira entitatearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoenak barne, baita dieta-, desplazamendu- eta kudeaketa-gastuak ere, beharrezkoak direnak diru-laguntza jaso duen jarduera bat egiteko, zuzenean jarduera jakin horri ez dagozkion arren.

3.– Diru-laguntza ezin izango da erabili hauek ordaintzeko: finantza-gastuak, lizentziak, inbertsio-gastuak, berandutze-gainordainak, eta zergak edo Gizarte Segurantza ez ordaintzeagatiko zehapenak.

7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Elkarte interesdunek bitarteko elektronikoz egin ahal izango dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Elkarteak sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira, hau da, entitatea edo pertsona juridikoa egiaztatzen duen txartelaren bidez; entitatea ordezkatzen duten pertsona fisikoen kasuan, berriz, e-NANaren bidez (Nortasun Agiri Nazional elektronikoa). Hala dago ezarrita Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 11. artikuluan.

3.– Izapidetze elektronikoa honako arau hauen bidez erregulatuta dago: ekainaren 22ko 11/2007 Legea, herritarrek zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izateari buruzkoa; lege hori partez garatzen duen azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretua; Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua; apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiaren eta haren Erakunde Autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa; Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– ezartzen duen dokumentua onartzen duena.

4.– Laguntzak aurrez aurre zein elektronikoki izapidetzeko jarraibideak, izapide elektronikoetarako sarbidea eta agindu honi dagozkion eranskinak eskuragarri daude euskadi.net webguneko egoitza elektroniko honetan:

http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-ckproc03/es/contenidos/ayuda_subvencion/ayudas_as_calidad_2013/es_ayuda/ficha_procedimiento.html

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egin ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzaren http://www.euskadi.net/misgestiones web-orriaren bidez, hain zuzen ere.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskabideak aurkezteko epea bi hilekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

http://www.lehendakaritza.ejgv.euskadi.net/r48-bopv2/es/bopv2/datos/Ultimo.shtml

2.– Aurrez aurre edo bitarte elektronikoak erabiliz aurkez daitezke eskaerak. Eskaera-orriaren eredua eskuragarri dago agindu honen I. eranskinean nahiz euskadi.net-en egoitza elektronikoan, aurreko artikuluan adierazitako gunean.

3.– Eskabideak aurrez aurre aurkez daitezke Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan (Zuzenean), Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko lurralde-zuzendaritzetan, edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, atal guztiak behar bezala beteta.

Halaber, eskaerak bitarteko elektronikoen bidez izapidetzeko aukera dago, aipatutako euskadi.net webguneko egoitza elektroniko horretan.

4.– Elkarte eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Halaber, erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa betez.

9. artikulua.– Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Diru-laguntzaren eskaerari agiri hauek gehituko zaizkio:

a) Diru-laguntza zer jardueratarako eskatu den, hari buruzko memoria, II. eranskineko eredua erabiliz; egoitza elektronikoan eskura daiteke, 7. artikuluan adierazitako gunean.

b) Entitate eskatzailearen datu orokorrak, III. eranskinean eta aipatutako egoitza elektronikoan dagoen instantzia normalizatua erabiliz, salbu eta aurretik aurkeztu badira Osasun Sailean.

c) Eskaera sinatzen duen pertsona edo entitatea ez bada entitatearen eraketa-dokumentuan ageri den zuzendaritza-batzordekoa, haren ordezkaritza legala egiaztatzen duen agiria. Legezko ordezkaritzari buruzko inprimakia web-orri honetan dago eskuragarri:

http://www.euskadi.net/r33-2287/es/contenidos/formulario/representacion_legal/es_form/otorgamiento_representacion.html

d) Hirugarren interesdunaren datuei alta emateko Eusko Jaurlaritzaren inprimakia, edo, hala dagokionean, hirugarrenaren datuak aldatzeko eskaera, salbu eta aurretik Eusko Jaurlaritzan aurkeztu badira. Inprimaki hori eskuragarri dago euskadi.net egoitzan: http://www.euskadi.net/r33-2288/es/contenidos/formulario/representacion_legal/es_form/otorgamiento_representacion.html

Paperezko euskarrian edo euskarri elektronikoan (PDF formatuan) aurkeztu ahal izango da dokumentazioa.

10. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzetarako eskabide-inprimakiak ez badira guztiz betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabidea ukatutzat joko dela adieraziko zaio. Administrazioak eskabide horiei buruzko berariazko ebazpen bat eman eta jakinarazi beharko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

11. artikulua.– Betebeharrak/betekizunak egiaztatzea.

1.– Erakunde kudeatzaileak, behar beste aldiz eta eskatzaileen baimenaren beharrik gabe, automatikoki egiaztatuko ditu diru-laguntzen eskatzaileak beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituztela, hala xedatzen baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikuluko 2. paragrafoan. Dekretu horren bidez onartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/2997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua aplikatuz, betebehar hauek egiaztatuko dira eskaeraren instantzia arautuan, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

a) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturi laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskatu ote zaizkion, helburu berarekin edo antzekoarekin, bai eta halakorik jaso den ere.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzeko dagoen edozein itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean ez egotea edo amaitu izana.

c) Eskatzaileak ez duela laguntzak edo diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion administrazio- edo zigor-zehapenik, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko inolako debekurik ere.

d) Benetakoak izan behar dute eskaeran eta harekin batera doazen agirietan jarritako datuek, eta eskatzaileak bete egin behar ditu laguntzen onuradun izateko betekizunak, indarreko legediak ezartzen dituen horiek, hain zuzen.

3.– Erantzukizunpeko adierazpen bati eransten zaion datu, azalpen edo dokumenturen bat zuzena ez bada, edo faltsua bada, edo haietako bat falta bada, prozedura eten egingo da horren berri jakin bezain laster, eta baliteke erantzukizunak ezartzea ere (penala, zibila edo administratiboa).

4.– Halaber, egoera horren berri ematen duen herri-administrazioaren ebazpenak ezar dezake eze interesdunak itzuli egin behar duela diru-laguntza –hala balegokio– eta denbora-tarte jakin batez ezin izango duela helburu bereko beste prozedura bat abian jarri; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoaren arabera.

12. artikulua.– Datuak babestea.

Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskatzean ematen diren datuak «Laguntzak jasoko dituzten entitateak» fitxategian sartuko dira, 2011ko abenduaren 22ko Aginduan ezartzen den moduan; agindu horren bitartez arautzen dira Osasun Sailaren eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren izaera pertsonaleko datuen fitxategiak, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesten dituen 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraikiz. Fitxategi horretako datuak ezin zaizkie hirugarrenei edo beste erakundeei utzi, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erakunde eskatzaileen laguntzak kudeatzeko baino ez ditu erabiliko. Nahi izanez gero, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak erabil ditzake nahi duenak, legean xedatutakoarekin bat etorriz; horretarako, idazki bat igorri beharko dio Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari.

13. artikulua.– Eskaerak balioestea.

1.– Aurkeztutako eskabideak balioesteko, dagokion balioespen-batzordea eratuko da, eta honako hauek osatuko dute: Osasuneko sailburuordeak –batzordeko presidente izango da–, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak, Hiesaren prebentzioko planaren arduradunak, eta Osasun Saileko lurralde-ordezkaritzetan Osasun Publikoko zuzendariorde diren pertsonek. Presidenteak izendatuko du kide anitzeko organoko idazkaria, batzordea osatzen duten kideen artean.

2.– Ebaluazio-batzordeak eskatzaileen dokumentuak aztertuko ditu. Dokumentuen edukia kontuan hartuko du, bai eta epeak bete diren ere.

3.– Balioespen-batzordeak zehaztu egingo du proiektu edo jarduera bakoitzerako zein den diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa eta zenbat puntu ematen zaion, betiere agindu honetan finkaturiko balioespen-irizpideei jarraikiz.

4.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik, eta/edo balioespen-batzordeak behar beste informazio eta dokumentazio osagarri eskatu ahal izango diete entitate eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko helburuarekin, betiere.

5.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak lehiaketa bidez emango dira. Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionaleko sistema bat aplikatuko da: 14. artikuluan zehaztutako irizpideak aplikatuz, balioespen-fasean lortzen den puntuazioaren arabera banatuko da 2. artikuluan zehaztutako dotazio ekonomiko osoa; laguntza bakoitzaren zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da, 6. artikuluan zehazten den bezala.

14. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.

Jarraian, balioespen-irizpideak zehaztuko ditugu, eta irizpide bakoitzari zenbat puntu dagokion esango dugu. Irizpide hauek erabiliko dira, hain zuzen, eskabideen lehentasun-ordena ezartzeko. Gehienez 100 puntu eskuratu ahal izango dira, eta, gutxienez, 50 puntu. 50 puntu baino gutxiago lortzen duten eskabideek ez dute diru-laguntzarik jasoko. Halaber, a), b) eta c) ataletan adierazitako puntuazioaren erdia gutxienez lortzen duten eskaerek bakarrik jaso ahal izango dituzte diru-laguntzak.

a) Diseinuaren kalitate teknikoa; erlazio koherentea eduki behar dute kontuan hartuko diren faktoreek, lortu nahi diren helburu espezifikoek, helburuak erdiesteko aurreikusitako jarduerek eta helburu horien lorpen-maila ebaluatzeko irizpideek: 20 puntu, gehienez.

b) Zuzenean edo zeharka onuradun izango diren pertsona hartzaileen edo onuradunen kopurua. Jarduerak populazioaren zer zati estaltzen duen: 10 puntu, gehienez.

c) Jardueraren xede diren egoeraren eta helburuen egokitasuna eta garrantzia, deialdi-aginduaren 1. artikuluan zehaztutako jarduera-ildoei dagokienez: 15 puntu, gehienez.

d) Jarduera ekimen sozialeko beste erakunde batzuekin, beste federazio eta/edo beste erakunde batzuekin koordinatuta eta lankidetzan gauzatzea, hots, sare-lana sustatzea: 5 puntu, gehienez.

e) Proposatutako jarduera berritzailea izatea, edo proiektu batean aurreko urtearekiko hobekuntza berritzaileak sartzea: 5 puntu, gehienez.

f) Jardueraren diseinuan eta bilakaeran arreta berezia jartzea landu nahi den egoera horren eraginpean dauden pertsonen desberdintasun sozioekonomikoetan eta genero-desberdintasunetan: 10 puntu, gehienez.

g) Jardueraren diseinuan eta bilakaeran ekintza boluntarioko berezko balio erantsiak gehitzea, elkar laguntzea sustatzea, eta esku-hartzearen hartzaile diren pertsonek horren diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan parte hartzea: 10 puntu, gehienez.

h) Koordinazio bat ezarrita egotea, eta sinergia bat aurreikusita, proposatutako jardueraren eta osasun-esparruko eta/edo osasun- eta gizarte-esparruko prestazio, zerbitzu, jarduera eta politika publikoen artean: 5 puntu, gehienez.

i) Erakundearen ibilbidea eta esperientzia, eta proposatutako jardueraren edo proiektuaren jarraitutasuna: 20 puntu, gehienez.

15. artikulua.– Lehiaketaren ebazpena.

1.– Osasuneko sailburuordeak emango du ebazpena, balioespen-batzordearen proposamenari jarraikiz, azaroaren 30a baino lehen. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da ebazpen hori, erakunde interesdunek horren berri izan dezaten, eta horren aurka egiteko eta deialdian xedatutako moduan ordainketa egiteko epea hasiko da. Halere, banaka ere eman daiteke ebazpenaren berri.

2.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Osasun sailburuaren aurrean, hilabete bateko epean ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasita, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako 30/1992 Legearen 114. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

16. artikulua.– Isiltasunez ezestea.

Agindu honetan araututako laguntzak ebazteko aurreko artikuluan ezarritako epe hori igaro bada, eta ez bada ebazpenik eman espresuki, eskabideak ezetsi egin direla ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, administrazioak espresuki ebazteko betebeharra badu ere.

17. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuei kalterik egin gabe, eta batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuak ezarritakoei, Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen entitate onuradunek betebehar hauek dituzte:

a) Esleitutako diru-laguntza onartu beharko da. Ildo horretatik, laguntza onartutzat joko da, badin eta, diru-laguntza eman izanaren Ebazpena EHAAn argitaratu eta hamabost egunera, enpresa onuradunek berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten ez badiote.

b) Aldaketaren bat izan bada diru-laguntzak ematerakoan eskatu eta kontuan hartu den betekizunen batean, horren berri idatziz ematea organo kudeatzaileari, ahalik eta lasterren.

c) Helburu bererako beste laguntza, sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri idatziz ematea organo kudeatzaileari, ahalik eta lasterren.

d) Laguntza ematen duen entitatearen aurrean frogatzea betekizunak eta baldintzak betetzen direla eta diru-laguntzaren helburu den jarduera gauzatu dela.

e) Osasun Sailari laguntzea jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, segimendua egin, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan, eta kontrol-saio hauek pasatzea: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkionak –Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuetatik emandako laguntzak diren heinean–, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak.

f) Jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatuak eta kontrolatuak izan daitezkeen bitartean.

g) Egiten diren dokumentuetan eta iragarkietan Osasun Sailaren babesa jaso dela aipatzea; aipamen hori, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan xedatzen den eran egingo da (http://www.euskadi.net/id_corporativa/indice_c.htm), sailak gainbegiratu ondoren:

http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-ekcorp01/es/contenidos/informacion/manual_corporativo_osk/es_manual/manual_corporativo_c.html

h) Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko, entitate eskatzaileek beteta izan behar dituzte beren zerga-betebeharrak –Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan xedatutakoak– eta Gizarte Segurantzakoak.

18. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Esleitutako diru-laguntzak honela ordainduko dira:

% 80, laguntza onartzen den momentuan, ebazpena onartu eta argitaratu ostean, eta uko egiteko epea, edo presuntzioz onartzekoa, igarota.

Gainerako % 20a, diruz lagundutako proiektua bukatu ondoren, eta honako justifikazio-agiri hauek aurkeztu ondoren:

Diru-laguntzaren xede den jardueraren deskribapen- eta ebaluazio-memoria, eredu arautuaren araberakoa (agindu honen IV. eranskinean dago, eta 7. artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan ere eskura daiteke). Memoria horretan, Osasun Sailak emandako diruarekin egindako gastuen ziurtagiri guztiek egon behar dute, eta, halaber, honako hauek adieraziko dira: ziurtagiri-mota, kontzeptua, igorlea, data, zenbatekoa eta jarduerari dagokion ehunekoa. Gastuen frogagiri horiek bat etorri behar dute aurkeztutako aurrekontuko kontzeptu guztiekin eta kontzeptu bakoitzak aurrekontu osoarekiko duen proportzioarekin.

Diru-laguntza jaso duen proiektua egin dela ziurtatzen duten faktura originalak edo haien fotokopia konpultsatuak.

Igortzean hala eskatzen bada, originalak itzuli egingo dira.

Jarduerarekin zerikusia duten agiri publikoak, hala nola egunkari-zatiak edo proiektuko fondoekin ordainduta egindako, kopiatutako eta zabaldutako ikasmateriala; agiri horiek berak aurkez daitezke edo horietarako esteka elektronikoak eman.

Egiten diren agiri eta publizitate guztietan, Osasun Sailaren babesa dutela aipatu beharko dute. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezarritakoaren arabera txertatuko da:

http://www.osakidetza.euskadi.net/r85-ekcorp01/es/contenidos/informacion/manual_corporativo_osk/es_manual/manual_corporativo_c.html

Proiekturako funtsekin ordaindutako tailer eta ikastarorik antolatu bada, haietan parte hartu dutenen bertaratze-zerrendak (izen-abizenak eta NAN-zenbakia).

Paperezko euskarrian edo euskarri elektronikoan (PDF formatuan) aurkeztu ahal izango da dokumentazioa.

Dokumentazioa aurkezteko azken eguna 2013ko abenduaren 10a da.

2.– Emandako laguntzarekin ordaindutako gastuek diru-laguntza jaso duen jarduera gauzatzean sortutakoak izan behar dute. Behar bezala justifikatutako gastuak hauek dira:

a) Entitate onuradunaren izenean igorritako fakturaren bidez justifikatutakoak. Fakturek, baliozkoak izateko, 2013an eginikoak izan behar dute.

b) Banku-zordunketako ordainketa-agirien bidez justifikatutakoak (finantza-entitateek egiten dituzte, eta faktura bati dagozkion datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik).

c) Lan-kontratudun langileei dagozkien gastuetan, soldaten ordainagirien bidez justifikatutakoak (ordainagiriek eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberakoak izan behar dute).

d) Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanetan, enpresariak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean, gastua justifikatzeko, entitate onuradunak idatzi bat egingo du, eta haren ordezkariak sinatuko du. Idatzi horrek, gutxienez, datu hauek izan behar ditu: egilearen eta entitate hartzailearen izen-abizenak, identifikazio fiskaleko zenbakiak eta helbideak; eragiketaren deskribapena eta guztizko zenbatekoa; idatziaren jaulkipen-data; «hartu dut» eta pertsona hartzailearen sinadura; pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena.

e) Langile boluntarioak izanez gero, boluntarioen asegurua diruz laguntzeko moduko gastutzat har daiteke, agindu honetan aurreikusitako diru-laguntza jaso duten eta boluntarioen laguntza izan duten jardueretan. Finantzatu beharreko boluntarioaren aseguruak bi poliza izan behar ditu nahitaez: bata, istripuena, eta bestea, erantzukizun zibilarena. Azken poliza horretan, ezbehar bakoitzeko kapital aseguratua 300.506,05 euro izango da gutxienez, eta aseguruaren urte osoko kuota ordainduko zaie polizako boluntario guztiei. Boluntarioen aseguruari diru-laguntza eman ahal izateko, aseguratzaileak edo aseguruaren hartzaileak eginiko egiaztagiri bat adierazi behar da justifikazioan. Egiaztagiri horretan, datu hauek agertu behar dute, gutxienez: erakundeak bere boluntarioentzat kontratatutako aseguru-polizen estaldurak, aseguruan sartzen den pertsona-kopurua eta polizaren guztizko zenbatekoa.

3.– Aldez aurretik eginiko gastuak ordaindu daitezke jasotako diru-laguntzarekin, baldin eta gastu horiek diru-laguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2013. urtean sortutakoak badira.

19. artikulua.– Justifikazio-akatsak zuzentzea.

Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, laguntza justifikatzeko aurkezten den dokumentazioan hutsegiteren bat edo ez-egiteren bat egonez gero, erakundeari, hutsegitea konpon dezan edo agindutako dokumentazioa aurkez dezan, hamar eguneko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta biharamunean hasita. Hutsegitea epe horretan eta adierazitako moduan konpondu ezean, delako hutsegitea ez da behar bezala justifikatutzat hartuko, eta agindu honetako 21. artikulua aplikatuko da.

20. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da baldin eta diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada– eta, hala badagokio, diru-laguntza horrekin batera Eusko Jaurlaritzak edo beste herri-administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako diru-laguntzaren bat edo laguntzaren bat jaso bada. Horretarako, organo kudeatzaileak aldaketa-ebazpena egingo du. Han, esleitutako diru-laguntzen zenbatekoak doitu egingo dira, esleipenerako ezarritako irizpide eta mugen arabera, eta entitate onuradunek itzuli egin beharko dute soberan jasotakoa.

21. artikulua.– Betebeharrak ez betetzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen berme eta ordainketen erregimena arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, erakunde onuradunak ezarritako baldintzak eta epeak betetzen ez baditu, laguntza beste helburu baterako erabiltzen badu, edota Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53.1 eta 53.2 artikuluetan ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu (lege horren Testu Bategina Osasun sailburuordearen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen), laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio, bidezkoak diren prozedura-izapideak egin ondoren. Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi bidezkotzat jotzen diren beste ekintza batzuk egingo ez direnik. Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat joko dira, ondorio guztietarako.

22. artikulua.– Diruz lagundutako jardueraren jarraipena.

Osasun Sailak komenigarri iritzitako alderdi guztiak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu lege honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Era berean, edonoiz eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jardueren edukiari eta emaitzei.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezar dakioke Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honetan aurrez zehaztu ez diren gaiak direla-eta, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa beteko da.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 3a.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala