Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

143. zk., 2013ko uztailaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
3436

390/2013 DEKRETUA, uztailaren 23koa, Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituena.

34/2007 Dekretuak, otsailaren 27koak, Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen ditu. Zehazki, aipatutako dekretuaren bidez araututako laguntza-modalitateek honako proiektu hauen finantziazioa dute helburu: garapen-lankidetzarako proiektuak (I. kapitulua), produkzio-garapeneko eta prestakuntza eta laguntza teknologikoko proiektuak (II. kapitulua) eta garapen-hezkuntzarako proiektuak (III. kapitulua).

Dekretua onetsi ostean igarotako aldiaren ondoren, eta egungo egoera ekonomikoa aintzat hartuta, Dekretuaren edukian zenbait egokitzapen egitea egoki da, arrazionaltasun-helburuak eta eraginkortasuna hobetzea lortze aldera, lankidetza-alorra diruz laguntzeko tresna horri dagokionez. Horrenbestez, tresna horren espirituari eutsiz, bertan arautzen diren hiru laguntza-modalitateen jarraipena bermatuko da.

Era berean, kontuan izan behar da Dekretuaren xedea dela aldatutako araua errealitatera egokitzea, eta, horretarako, identifikazio-erreferentzia bat ezartzen da, Dekretua indarrean jartzen denetik aurrera Garapen Lankidetzarako Fondo gisa zer ulertu behar den zehazteko, jada desagertu den finantza-egitura bat baita.

Horren ondorioz, Lehendakariaren proposamenez, Lankidetzaren Euskal Kontseiluak txostena eginda, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko uztailaren 23an eginiko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren 2. artikulua aldatzen da, eta artikulu hori honela idatzita geratuko da:

«Dekretu honetan araututako laguntzak urtetik urtera deituko dira, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia atxikita dagoen Saileko organo eskumendunaren xedapenaren bidez. Ebazpen horretan, honako hauek adieraziko dira: deialdiaren xedea, diru-hornidura orokorra, hiru laguntza-modalitateetarako aurreikusitako diru-hornidura, erakunde bakoitzak gehienez eska dezakeen zenbatekoa, hautaketa-irizpideak, eskaerak aurkezteko tokia eta epea, eta eskaera-eredua».

Bigarren artikulua.– Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren 6. artikuluko 1. paragrafoko d) idatz-zatian adierazitakoa aldatzen da, eta idatz-zati hori honela idatzita geratuko da:

«d) Proiektu bakoitzeko eskatutako diru-laguntzak ezingo du gainditu dagokion deialdia onesteko xedapenean ezartzen den zenbatekoa».

Hirugarren artikulua.– Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren 6. artikuluko 2. paragrafoko k) idatz-zatian adierazitakoa aldatzen da, eta idatz-zati hori honela idatzita geratuko da:

«k) Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legeak 5.1 artikuluan adierazitako jardun-eremuetan ez daudenak».

Laugarren artikulua.– Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren 6. artikuluko 2. paragrafoari m) idatz-zatia eransten zaio, honela idatzita:

«m) Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituztenak, dagokion deialdia onartzeko xedapenean ezarritako irizpide eta baremoak oinarri hartuta».

Bosgarren artikulua.– Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren 12. artikuluko 1. paragrafoa aldatzen da, eta honela idatzita geratuko da:

«1.– Diru-laguntza lortu ahal izateko, aurkeztutako proiektuek dekretu honen 6. artikuluko 1. paragrafoan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta ez dira onartuko 6. artikulu horretako 2. paragrafoan adierazitako kausaren bat tartean bada. Salbuespen gisa, Hegoaldeko herrialde txirotuetatik etorritako pertsonei prestakuntza eta laguntza teknologikoa emateko proiektuak Euskadin egiten badira oso-osorik, 6.1.e artikuluan adierazitako baldintza betetzea ez da ezinbestekoa izango».

Seigarren artikulua.– Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren 17.1 artikuluari h) idatz-zatia eransten zaio, honela idatzita:

«h) Eskatutako diru-laguntzak ezingo du gainditu dagokion deialdia onesteko xedapenean ezarritako zenbatekoa».

Zazpigarren artikulua.– Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren 17. artikuluari 3. paragrafoa eransten zaio, honela idatzita:

«3.– Proiektuak ez dira onartuko, dekretu honetako 6. artikuluko 2. paragrafoan adierazitako kausaren bat tartean bada».

Zortzigarren artikulua.– Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren 22. artikuluari 4. paragrafoa eransten zaio, honela idatzita:

«4 - Erakunde bakoitzak gehienez aurkez ditzakeen eskaeren kopurua eta/edo erakunde bakoitzak proiektu guztietarako gehienez eska dezakeen guztirako zenbatekoa zehaztuko da dagokion deialdia onesteko xedapenean».

Bederatzigarren artikulua.– Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren 23. artikuluko 1. paragrafoa aldatzen da, eta honela idatzita geratuko da:

«1.– Jasotzen diren eskariak ikusita, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, aurkeztutako proiektuen analisi teknikoa eta balioespena egin ondoren, Kontseilu Errektoreari helaraziko dizkio, eta organo horrek laguntzak emateko proposamen bat egingo du dekretu honen I., II. eta III. kapituluetan araututako modalitate bakoitzeko».

Hamargarren artikulua.– Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren 23. artikuluko 4. paragrafoa aldatzen da, eta honela idatzita geratuko da:

«4.– Erakunde eskatzaile bakoitzak gehienez eskura dezakeen diru-laguntzaren guztirako zenbatekoa zehaztuko da dagokion ekitaldian onartzen den lehenengo laguntza-deialdian. Gehienezko zenbateko hori kalkulatzerakoan, dekretu honetan araututako laguntzez gain, kontuan hartuko dira aurrekontu-ekitaldi horretan erakunde eskatzaileari emango zaizkion diru-laguntza guztiak, ekitaldian onartutako deialdi oro kontuan hartuta, nahiz eta diru-laguntza horiek hurrengo ekitaldietan ordaindu».

Hamaikagarren artikulua.– Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren 24. artikuluko 2. paragrafoa aldatzen da, eta honela idatzita geratuko da:

«Emandako diru-laguntza hiru zatitan ordainduko da. Ordainketa bakoitza izango da emandako diru-laguntzaren zenbatekoaren % 20tik % 40ra bitartekoa. Deialdia onartzen duen xedapenean zehaztuko da ordainketa bakoitzean emango den portzentajea.

a) Lehenengo ordainketa egingo da diru-laguntza emateko erabakia jakinarazi ondoren.

b) Bigarren eta hirugarren ordainketak egingo dira proiektuaren gauzatzearen berri ematen duen txostena egin ondoren; bertan, agiri bidez justifikatu behar da ordura arte ordaindutako diru-laguntzaren % 80 gutxienez».

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Otsailaren 27ko 4/2007 Dekretuan Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoari egiten zaion aipamen oro Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak guztira emandako zenbatekoari buruzkoa dela ulertu behar da, dagokion aurrekontu-ekitaldian onartutako deialdi guztiak barne hartuta, kontuan hartu gabe diru-laguntza horiek hurrengo ekitaldietan ordaintzekoak diren ala ez.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuan Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzari buruz egiten den aipamen oro Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziari egindako aipamentzat jo behar da.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko uztailaren 23an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala