Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

141. zk., 2013ko uztailaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3404

AGINDUA, 2013ko uztailaren 11koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Artzentalesen (Bizkaia) den Horcasitas Dorrea, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16. eta Estatutuaren 10.19. artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2013ko martxoaren 26ko Ebazpenaren bidez Artzentalesen den Horcasitas Dorreak aurkezten zuen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian Sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hau 2013ko maiatzaren 10eko 89. zenbakia duen EHAAn argitaratua izan zen.

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3 artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Legeak agintzen duen izapideak bete ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.

Hori guztia dela eta, aipaturiko legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Artzentalesen (Bizkaia) den Horcasitas Dorrea Kultura Ondasun gisa, Monumentu izandapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.

Bigarrena.– Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako aipatutako Ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskineko mugaketarekin, II. eranskineko deskripzioarekin eta III. eranskineko baimendutako esku-hartzeen erregimenarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako Jabego Erregistroari Agindu honen berri ematea.

Laugarrena.– Artzentalesko Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.

Bosgarrena.– Espedienteko interesdunei, Artzentalesko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritza eta Kultura Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari Agindu hau jakinaraztea.

Seigarrena.– Ondasuna Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzen duen Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Inskribatzeko den agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, Agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 11.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

a) Deskripzioa.

Dorrearen bolumen osoa eta haren eraikuntza guztia sartzen da mugaketan, eta bai planoko mugaketaren barruan kokatutako arboladi autoktonoa ere, baldin eta 100 cm-ko eta hortik gorako enborra badute arbolek.

Hortaz, mugaketaren eremua honako muga hauek zedarritzen dute: hegoekialdean: dorreren gorputzaren hego-ekialdeko fatxadarekiko lerro paraleloa, fatxadatik 45 m-ra trazatua; hegomendebaldean: sarbide-errepidearen eta partzelaren arteko muga; iparrekialdean: aldameneko jabetzarekiko muga, zeina eraikuntza-multzoaren ipar-ekialdeko fatxadatik 20 m-ra kokatua baita; eta iaparraldean: eraikuntzaren iparraldeko fatxadarekiko lerro paraleloa, fatxadatik 30era trazatua.

b) Justifikazioa.

Proposatutako mugaketa honako honek justifikatzen du: Horcasitas Dorrearen eraikuntzako eta haren inguruko kultura- eta -ingurumen-balioak gordetzeko beharrizanak.

Mugaketak berekin dakar lorategiaren eremua definitzen duen partzela-zatia babestu beharra, zertarako-eta halako bizitegi-eraikuntza isolatuaren berezko eitea baliarazteko. Beraz, ezarritako mugaketak eraikuntza bera ez eze, aldameneko eremua ere hartzen du, zeinetan kokatzen baitira eraikuntza-multzoa eta haren barneko arboladiak.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIPZIOA

Eraikin hau Artzentales udalerrian dago, landa-ingurunean, BI-630 errepidera doan adar baten alboan. Eraikuntza-multzoa trinkoa da, eta muino txiki baten dago kokatua. Inguruan espazio librea du erdi tamainako arboladi txiki batekin.

Errepidetiko sarbidea zidor batetik egiten da; zidor horrek aldapa leun eta labur bat du, eta gorantz doala eraikuntza nagusiaren aurrealdera ailegatzen da. Artzentaleseko Horcasitas Dorreak bolumen original bat osatzen du: gutxi gorabehera 15,10 x 15,10 metroko orubea du, zeinetan 7,90 x 7,90 metroko oina duen dorre bat sartzen den. Emaitza hauxe da: bi gorputzeko bolumen trinkoa, muino txiki baten kokatua, zeinetan dorrearen gorputza nabarmen gailentzen den.

Dorreak hiru solairu eta ganbara bat ditu; lehen eta bigarren solairuetan inpostarekin, eta harri-golaz ebatzitako amaierako erlaitzarekin, zeinaren gainean bermatzen baita lau isuriko estalkia. Harrizko erlaitzaren azpian, bi metrorik behin, gargolatzat harrizko kanoi batzuk daude, izkina bakoitzean bat eta aurpegi bakoitzean bi. Dorrearen bigarren solairuan –bi leihoren artean kokatuta– bada Horcasitas-tarren armarri eder bat, lanketa kultukoa eta barroko joerako akaberaduna.

Bolumenaren gainontzekoa honela dago osatua: altura bat gutxiagorekin; guzti ere, tamaina oneko harlanduez eta kalitate eta lanketa oneko harlangaitzez egina da; horiekin osatzen dira leihoetako eskimalak zein markoak eta bai lehen solairuko inposta-lineak –hegoaldeko fatxadak zeharkatzen dituztenak– eta erlaitz-linea ere, zeina gola-forman egina baita dorrerako erabilitako antzeko aterabidearekin, baina harrizko kainoi barik. Beheragoko gorputz honen estalkia hiru isurikoa da.

Funtzionalki, ekialdeko fatxadan, sarbide bakarraz ordenatzen da eraikuntza; sarbide hori arku apalduaz egina dago, zeinetatik beheko solairura sartzen baita. Solairu horretan hasten den eskailera bakarretik lehen eta bigarren solairuetara eta teilatu azpikora sar daiteke. Solairu guztiek dute dorrearen gorputz barrurako sarbidea.

Artzentaleseko Horcasitas Dorreren eraikuntza-multzoak balio handiak ditu: morfologikoak –konposiziozkoak eta formalak–, tipologikoak eta eraikuntzazkoak.

Horretaz gain, baditu balio historikoak; izan ere, 1662. urtean baitu etorkia, eta oraingo egitura baliteke eraikuntza-estratifikazio baten emaitza izatea. Bestalde, egungo bolumenak baditu aparteko balioak, izan ere, landa-lurretako egoitza bat eta zainketa-dorre bat nahastearen ondorioa baita egungo eraikuntza-taxua.

Horri gehitu behar zaio bere kokapena dela-eta erraz atzeman daitekeela ingurumarian, eta aipatutako guztiak kontua izanik erakuntza honek baditu hainbat kultura balio, Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeko 16. artikuluan aipatutakoekin konpara daitezkeenak.

Bestalde, haren hasierako egoerak –izandako abandonuaren ondoriozkoak– ez du ekarri eraikuntzaren aipatu balioak desagertzea; eta eraikuntza horren balioak kontserbatu egin daitezke eta, kasua bada, berreskuratu, zehazki, III. eranskinean zehaztu esku-hartzeen sistematikaz.

III. ERANSKINA
BAIMENDUTAKO ESKU-HARTZEEN ERREGIMEN OROKORRA

1.– Eraikuntza-multzorako baimendutako esku-hartze mota, oro har, B motako zaharberritze kontserbatzailea izango da, honako honen barrukoa: Eusko Jaurlaritzaren ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko 317/2002 Dekretuan definitutako esku hartzeen lehenengo azpimultzokoa, alegia.

2.– Eraikuntzarako baimendutako esku-hartzeen helburua izango da, alde batetik, eraikina kontserbatzea, eta bestetik, erakinaren funtzionaltasuna ziurtatzea, hainbat obraren bitartez, betiere obra horiek eraikinaren elementu tipologikoak, formalak, egiturazkoak eta eraikuntzakoak errespetatuta.

Multzoaren balioekin bateragarria izango den berrerabilpenak honako hauek bete beharko ditu:

– Eraikuntza sendotu beharko du: bolumena, estalkiaren tipologia, itxiturak, leihozuloak eta beren moldurak, eta barne-egitura, jatorrizko material eta topologiarekin.

– Jatorrizko tipologiarekin eta aprobetxamenduarekin bat etorriaz eraikuntza berriztatzea, betiere jatorrizko bolumenaren barruan eta haren antolaketa errespetatuaz; barne direlarik segurtasun- eta osasungarritasun-neurri beharrezkoak, eta horiek, edozelan ere, bateragarriak izan beharko dute kultura balioarekin. Berriztapen horretan sartuko dira hauek ere: luzetarako eta zeharkako harresiak sendotzea; erlaitz-lerrokadurak berreskuratzea; harlanduak eta fatxadako armarriak sendotzea, eta karel eta balkoietako arotz- eta errementari-lanak birjartzea.

– Babestutako partzelarako hirigintzako esku-hartzeak gutxienez 1,00 m-ko enbor-perimetroa duten zuhaitz guztiak errespetatuko ditu.

– Orobat, 317/2002 Dekretuak zehaztu edergailuak sendotu eta kontserbatzeko esku-hartzeak baimendu daitezke.


Azterketa dokumentala