Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2013ko uztailaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
3046

EBAZPENA, 2013ko ekainaren 26koa, Merkataritza eta Turismoko sailburuordearena, turismo-enpresak modernizatzen laguntzeko laguntzak emateko 2013ko ekitaldirako deialdia jakitera ematen duena.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko uztailaren 27ko Aginduak enpresa turistikoak modernizatzeko laguntza-programa arautu du (2011ko abuztuaren 16ko EHAA, 154. zk.).

Aipatutako laguntzak emateko kredituak, maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintza Dekretuko IX. tituluko luzapen-araubidera egokitu behar dira, Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duena eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko Fundazio eta Patzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen duena.

Enpresa turistikoak modernizatzeko laguntza-programa arautzen duen Aginduaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, hor iragarritako 2013rako diru-laguntzak emateko deialdia egin behar da, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak eman.

Adierazitako guztiagatik, honako hau

EBATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen bidez, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko uztailaren 27ko Aginduan aurreikusitako laguntzak emateko 2013ko ekitaldirako deialdia egin nahi da. Agindu hark turismo-enpresak modernizatzeko laguntza-programa arautu zuen.

Helburu horretara 300.000 euro zuzenduko dira, abenduaren 23ko 6/2011 Legeak horretarako ezartzen duen aurrekontu-kredituaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko 2012. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legea, 2013ko ekitaldirako luzatua).

Eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du kreditu horien zenbatekoa edo hori eguneratzetik ateratzen dena gainditzerik izango, indarreko legedian aurreikusitako aurrekontuen aldaketak onartzen diren kasuan, eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan izanik, eta kasuak kasu, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren beste laguntza-programetarako erabilitako diru-kopurutik dirua soberan geratzen bada, betiere diru-laguntzei buruzko ebazpena eman aurretik. Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen ebazpenaren bitartez emango da horren berri.

2. artikulua.– Betekizunak.

1.– Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko uztailaren 27ko Aginduak turismo-enpresak modernizatzeko laguntzak arautzen ditu, eta laguntza horiek eskuratzeko, erreferentziako aginduaren 3. artikuluan ezarritakoarekin bat onuradun izateko beharrezkoak diren baldintzak eta eskakizunak bete beharko dituzte entitate eskatzaileek.

2.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta agindu honetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bitartez egiteko aukera izango da, aginduaren 9.1 artikuluan zehaztutakoari jarraituz, Administrazio Elektronikoa buruzko otsailaren 21ko 21/2012 Dekretuarekin (2012ko martxoaren 9ko EHAA, 50. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sarrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin (2008ko maiatzaren 30eko EHAA, 102. zk.) eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– ezartzen duen dokumentua onartzen duen Informatika eta Telekomunikazio Zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin bat etorriz.

Eskabidea Internet bidez soilik eskuratu eta bete ahal izango da, http://www.industria.ejgv.euskadi.net/appcont/osaga-emp/cte.html helbidean eta web-helbide horretan jasotako funtzionalitateen bidez. Eskabideko eredua aipatutako helbidean eskuratu daitezke.

Espedienterako sarbidea eta gainerako izapideak http://www.euskadi.net/misgestiones helbidearen bidez ere gauzatu ahal izango dira.

Pertsona edo erakunde eskatzailearen baimendutako sinaduraz gain, eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio guztia eta Administrazioak eska dezakeen dokumentazioa aurkeztuko da, administrazio-prozeduretan bitarteko elektronikoen, informatikoen eta telematikoen erabilera arautzen duen abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuan xedaturikoaren arabera.

Aurreko aukera gorabehera, sinadura digitala erabili nahi ez bada, eskabideak adierazitako webgunean informatikoki gordeak izan ondoren, inprimatu egin beharko dira eta erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko ahalmena duen pertsonak sinatuta bidali Turismo Zuzendaritzara, eta, aurkeztu, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde ordezkaritzetan aurkeztu behar dituzte (Zuzenean) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztutako lekuetako edozeinetan.

3.– Eskabideak aurkezteko epea, hasi, deialdi-ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2013ko irailaren 30ean amaituko da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 26a.

Merkataritza eta Turismoko sailburuordea,

ITZIAR EPALZA URQUIAGA.


Azterketa dokumentala