Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2013ko ekainaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

SEGURTASUN SAILA
2632

AGINDUA, 2013ko maiatzaren 15ekoa, Segurtasuneko sailburuarena, ostalaritza eta jendaurreko ikuskizunen lokalen ordutegien publizitateari eta identifikatzeko bereizgarriei buruzko 2012ko ekainaren 25eko Agindua aldatzen duena.

Herrizaingoko sailburuaren 2012ko ekainaren 25eko Aginduak, ostalaritza eta jendaurreko ikuskizunen lokalen ordutegien publizitateari eta identifikatzeko bereizgarriei buruzkoak (2012ko uztailaren 12ko EHAA, 136. zk.), ostalaritza eta jendaurreko ikuskizunen lokaletan ezarri behar diren bereizgarrien ezaugarriak zehazten ditu. Identifikatzeko bereizgarrian, indarrean dagoen ordutegiei buruzko araudiaren arabera, establezimendua zein taldetan dagoen agertuko da.

Agindu horretan, identifikatzeko bereizgarriak jartzeko sei hilabeteko epea ezartzen da. Segurtasuneko sailburuaren 2013ko otsailaren 1eko Aginduaren bidez, 2013ko uztailaren 13 arte luzatzen da epe hori.

Aginduaren 2.1.b) artikuluaren arabera, identifikatzeko bereizgarria euskarri zurrun batean jarriko da (PVC, metakrilatoa), lokalaren aurrealde nagusian.

Euskarri zurrun (PVC, metakrilatoa) batean jartzeko eskakizuna establezimendu gehienentzat oztopo izan da. Beraz, egoki da euskarri motaren eskakizuna malgutzea; eta horrela, lokalen eta jendaurreko establezimenduen jabeei erraztu egingo zaie identifikatzeko bereizgarriak jartzea, kostu txikiagoa izango baitu.

Horrenbestez, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Herrizaingoko sailburuaren 2012ko ekainaren 25eko Aginduaren 2. artikulua aldatu egiten da. Agindu horren bidez, ostalaritza eta jendaurreko ikuskizunetako lokaletan jarri behar diren informazio-kartelei eta identifikatzeko bereizgarrien ezaugarriak ezartzen dira. Eta honela geratzen da idatzita:

«2. artikulua.– Identifikatzeko bereizgarriak.

1.– Ostalaritzako eta jendaurreko ikuskizunetako lokaletan identifikatzeko bereizgarri bat jarri beharko da, eta bertan zehaztuta agertu behar da zein taldetakoak diren, abenduaren 16ko 296/1997 Dekretuaren 2. artikuluan egindako sailkapenaren arabera. Dekretu horren bidez, jendaurreko ikuskizun eta jolas-jardueren ordutegiak eta jarduera horiei buruzko beste alderdi batzuk ezarri ziren Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan.

Identifikatzeko bereizgarriak honako ezaugarri hauek izango ditu:

a) Biribila izango da, gutxienez 90 mm-ko diametroa izango du. Edozein motatako euskarrian jarriko da, 1,80 metroko altuerara gutxienez, eta gehienez 2,30 metrora, artikulu honen bigarren paragrafoan ezarritakoa alde batera utzi gabe.

Identifikatzeko bereizgarria establezimendu publikoetako jendearentzako sarrera guztietan jarriko da, kaletik erraz ikusi eta irakurtzeko moduan.

b) Euskarrian establezimenduaren taldea agertuko da eta dagokion sailkapenaren zenbakia (1., 2., 3. edo 4.a), eta agindu honen eranskinean ezarritako formatua, edukia eta zehaztapen teknikoak izango ditu.

2.– Lokala araudi berezi batek hirigintza babestuko eremuan sartzen duen kasuetan baimendu ahalko dira lehenengo atalean aurreikusita ez dauden bestelako formatuak, betiere, lokala zein taldetan dagoen identifikatzeko balio badu».

XEDAPEN IRAGANKORRA

Herrizaingoko sailburuak 2012ko ekainaren 25ean emandako Agindua, Ostalaritza eta jendaurreko ikuskizunen lokalen ordutegien publizitateari eta identifikatzeko bereizgarriei buruzkoa, aplikatu behar den eremuan dauden establezimenduek 2013ko uztailaren 31 arte izango dute epea, ostalaritzako eta jendaurreko ikuskizunetako lokaletan identifikazio bereizgarriak jartzeko.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 15a.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.

ERANSKINA

Identifikatzeko bereizgarrien formatua, edukia eta ezaugarri teknikoak.

Ezaugarriak:

Eskatutako gutxieneko neurriak: 90 mm-ko diametroa.

Korporazio koloreak:

1. taldea – PANTONE: 293 C

2. taldea – PANTONE: 347 C

3. taldea – PANTONE: Rubine Red C

4. taldea – PANTONE: 2592 C

Edozein euskarritan jarriko da,1,80 metroko altuerara gutxienez, eta gehienez 2,30 metrora.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala