Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

104. zk., 2013ko maiatzaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2538

AGINDUA, 2013ko maiatzaren 28koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, atzerrian EAErako interesgarriak diren gaietako espezializazio-ikasketak egiteko beken 2013-2014rako deialdiari buruzkoa.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, unibertsitate-komunitateari eta komunitate sozioindustrialari beren eginkizunak garatzeko langile egokiak prestatzen laguntzeko programen sustatzaile gisa dagokion partaidetza aktiboaz jabetuta, doktoretza-titulurik ez duten eta goi-mailako titulazioa duten gazteei zuzendutako bi bideri ekin die. Lehenengoaren helburua da etorkizuneko doktoreak prestatzen laguntzea, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE hemendik aurrera) irakaskuntza- eta ikerketa-zentroetara edo I+G enpresa unitateetara atxiki ahal izango direnak, promozio berrien prestatzaile izango direnak aurrerago, eta EAEn ikerketa eta industria-jarduera aurreratua garatzeko oinarrizko sarea osatuko dutenak.

Bigarren bidea, hori ere programa honen xedea, atzerrian EAErako interesgarri diren arloetan master-titulua edo baliokideak lortzeko ikasketak egiteko diru-laguntzak ematea da. Programa honi eusteko premia balioetsi da EAErako lehentasunezko arloetako espezialista-kopurua handitzen lagun dezakeen heinean, eta bere ekarpena ezinbestekoa izango da epe ertain eta luzera ere, hau guztia bigarren ziklo honetan doktoretza-ikasketekin jarraituko den ala ez kontuan hartu gabe.

Deialdi hau publizitate-, lehia- eta objektibitate-printzipioen arabera ebatziko da. Administrazio Publikoek diruz lagun ditzaketen jarduerak zuzentzen dituzte, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak ezarritako eran, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu duen. Erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, Agindu honetan ezarritako irizpideei jarraiki.

Era berean, abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, Lehendakariarenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, Sail honi eskumenak eman dizkio zientzia-alorreko politikan, eta ikerketa teorikoaren eta aplikatuaren sustapenaren eta koordinazioaren arloan.

Horren ondorioz, eta kontuan izanik zer dioen Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren IX. Titulua aplikatuz luzatu den abenduaren 23ko 6/2011 Legeak, 2013 urterako, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea unibertsitateko goi-mailako tituludunentzat atzerrian EAErako interesgarriak diren gaietako master ofiziala lortzeko espezializazio-ikasketak egiteko, ofiziala lortzeko, 2013-2014 ikasturterako beken oinarri arautzaileak ezarri eta horietan izena emateko deialdia egitea da. Deialdiaren barruan badago beka berriak ematea zein 2012-2013 ikasturterako beken berritzea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honetan jasotzen den programaren guztizko zenbatekoa, 2013. urteko aurrekontu-ekitaldia (277.143 euro) eta 2014rako konpromiso-kredituak (207.889 euro) kontuan hartuta, 485.032 eurokoa da, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidaren kontura.

2.– Eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, artikulu honetan adierazitako kopurua handitu ahal izango da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beste laguntza-programa batzuk bete ondoren agortu gabe geratu diren aurrekontu-baliabideen arabera, beti ere bekak ebatzi baino lehen. Horren berri Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak emango du ebazpen baten bitartez.

3. artikulua.– Programa honen helburua.

Programa honen helburua unibertsitateko goi-mailako tituludunak espezializa daitezen bidea erraztea da. Goi-mailako tituludun horiek atzerrian trebatuko dira gradu-ondoko programa ofizial baten barruan eskaintzen diren espezializatzeko ikasketak eginez, ondoren aipatzen diren arloetan, batez ere.

4. artikulua.– Lehentasunezko arloak.

Arlo hauek izango dute lehentasuna deialdi honetan:

1 arloa: Lehiakortasuna.

1.1.– Materialak eta beren Prozesuak.

1.2.– Garraioa, Logistika eta Mugikortasuna.

1.3.– Energia Garbiak. Iraunkortasuna. Ingurumena.

1.4.– Eraikuntza.

1.5.– Gizarte- eta Kooperatibismo-Ekonomia.

2. arloa: Informazioaren eta Komunikazioaren Gizartea.

2.1.– Informazioaren teknologiak.

2.2.– Komunikazioen teknologiak.

2.3.– Enpresa digitala eta Administrazio Digitala.

2.4.– Matematika aplikatuak.

2.5.– Hizkuntzaren industriak.

3. arloa: Bizi-kalitatea.

3.1.– Osasuna.

3.2.– Kohesioa eta Gizarte-Ekintza.

3.3.– Turismoa, Kontsumoa, Aisialdia eta Kirola.

3.4.– Artea. Kultura-Ondarea.

4. arloa: Baliabide biziak.

4.1.– Biozientziak.

4.2.– Bioteknologia.

4.3.– Nekazaritza- eta Arrantza-arloko teknologiak.

4.4.– Natura zaintzea. Biodibertsitatea.

5. artikulua.– Beken ezaugarriak.

1.– Agindu honetan egindako beka-deialdien bidez gastu hauek ordainduko dira:

a) Egonaldi-gastuak.– Hilean 1.350 euro eta 1.816 euro artekoa izango da kopurua, ikastegiko herrialdearen arabera. Kopuru hori Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen esleipen-ebazpenaren bidez finkatuko da, Ebaluazio Batzordeak xede-herrialdearen erosteko ahalmenaren parekotasuna erabiliz egindako proposamenaren arabera. Horretarako, Ebaluazio Batzordeak kontuan hartuko ditu ebaluatzeko datan erabilgarri dauden eta Nazioarteko Diru Funtsak argitaratzen duen barne-produktu gordinaren azken datuak.

b) Bidaia-gastuak.– Xede-ikastegira joan-etorriaren finanziazio osoa edo partziala egiteko zenbatekoa Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen esleipen-ebazpenean finkatuko da, taula honen arabera:

(Ikus .PDF)

Lege honen ondorioetarako, eskatzailea erroldatuta dagoen EAEko lurralde historikoko hiriburua hartuko da jatorrizko hiritzat.

c) Matrikula-gastuak.– Ikastaroen tasak finantzatzeko zenbatekoa 6.000 eurokoa izango da gehienez urtean, eta laguntzaren eskaera-orrian adierazi eta agiri bidez egiaztatuko den kostu-aurreikuspenaren araberakoa izango da.

2.– Aurreko atalean adierazitako gastuak ordaintzeko bekaren behin betiko zenbatekoa deialdi honen ebazpenean adieraziko da.

3.– Ordainketak hiru hilero egingo dira, hiruhilekoaren aurreko hilaren amaieratik dagokion hiruhilekoaren lehen hilabetearen amaierara bitartean. Honakoak izango dira hiruhilekoak: 1) urria-abendua, 2) urtarrila-martxoa, 3) apirila-ekaina, 4) uztaila-iraila.

Dirua jasotzeko eta beka berritzeko, aurrean zehaztutako betebeharrak bete beharko dira.

4.– Bekadunak erantzukizun zibileko, istripuetarako eta bidaiako laguntzarako aseguru bat izango du.

5.– Lagundutako programak 6 hilabete iraungo du gutxienez, eta 12 hilabete gehienez. Ikasketa-programaren erdia gutxienez 2013ko urriaren 1etik 2014ko irailaren 30era bitartean burutu beharko da.

Ikasketa-programaren iraupen osoa 2013-2014 ikasturtea baino luzeagoa bada, beka berritu ahal izango da, gehienez ere 12 hilabete gehiago, eta betiere, Ebaluazio Batzordeak aldeko ebaluazioa egiten badu eta ekitaldi bakoitzean horretarako adina aurrekontu badago. Beka ondoz ondoko ikasturte akademikoetarako emango da..

6. artikulua.– Laguntza berrien eskatzaileak. Betebeharrak.

1.– Laguntzak eskuratu ahal izateko, baldintza hauek bete behar ditu eskatzaileak:

a) Gaur egun EAEko udalerriren batean erroldatuta egotea, eta 2012ko urtarrilaren 1etik gutxienez.

Hala ere, onartu egingo dira, aurretik EAEn erroldatuta egonda ere, goi-mailako ikasketak egitera Erkidegotik kanpora joan behar izan dutelako antzinatasun-baldintza hori betetzen ez duten eskatzaileak ere.

b) Europar Batasunetik kanpoko atzerritar etorkinen kasuan, dagokien egoitza-baimena eduki behar dute.

c) Lizentziatuaren, ingeniariaren edo arkitekturaren Espainiako ikasketa ofizialen titulua izatea edo titulua eskuratzeko ikasketak amaituta izatea.

Diplomatuaren, ingeniaria teknikoaren edo arkitekto teknikoaren Espainiako titulu ofiziala izatea edo titulua eskuratzeko ikasketak amaituta izatea eta unibertsitateko ikasketa ofizialetan zehar 240 ECT (Europan Credit Transfer System) gaindituta izatea, horietako 60 ECT, gutxienez, master ofizial batean izan behar dira.

Europako Goi Mailako Hezkuntza Eremuko graduko ikasketen titulua izan edo amaituta izatea eta 240 ECTS kreditu gutxienez gainditu izana, gradu-eta master-ikasketenak barne.

Goi mailako arte irakaskuntzen titulua izatea edo titulua eskuratzeko ikasketak amaituta izatea.

Europako Goi Mailako Hezkuntza Eremutik kanpo eskuratutako tituludunek eskumena duen ministerioaren homologazio-ziurtagiria aurkeztu beharko da hori egiaztatzeko.

d) Lizentziaturaren, ingeniaritzaren, arkitekturaren, graduaren, diplomaturaren, ingeniaria teknikoaren, arkitekto teknikoaren edo Goi mailako arte irakaskuntzen ikasketak 2009ko ekainean edo beranduago amaitu izana.

Eskatzaileak eskatzen zaion titulazioa 2013ko uztailerako lortzea espero badu, onartu egingo zaio eskabidea, eta behin-behinean ebaluatuko da. Laguntza emateko, eskatzaileak agiri bidez egiaztatu beharko du 2013ko uztailerako ikasketak amaitu dituela. Horretarako, Zientzia Politikarako Zuzendaritzara bidali behar ditu jatorrizko ziurtagiri akademikoak edo konpultsatuak eta baita ere titulua edo titulua emateko eskubideen ordainketa egiaztatzen duen agiria, 2013ko abuztuaren 14an beranduenez.

e) Espediente akademikoaren batez besteko nota 6,50 puntukoa edo altuagoa izatea. Nolanahi ere, ingeniaritzarako eta arkitekturarako 6,00ko batez bestekoa eskatuko da.

Titulu bat baino gehiago edukiz gero, aurkeztutako ikasketa-programarekin zerikusi handiena duen espediente akademikoa hartuko da aintzat batez bestekoa kalkulatzeko.

Espediente akademikoaren batez besteko nota hori kalkulatzeko, Unibertsitateak emandako ikasketen espedientean - 1 eta 10 bitarteko eskalan- jasotzen den batez besteko notari 0,01 puntu gehitu beharko zaio Ohorezko Matrikulako aipamenaz kalifikatzen den kredituko. Ikasketetako azken urtean daudenek eskaera aurkeztu arte gainditutako irakasgaiak aintzat hartuta egingo dute kalkulua; batez besteko hori hartuko da kontuan eskaera ebaluatzeko, eta ez karrera-bukaerakoa.

Ikasketen espedienteak ez badu jasotzen batez besteko nota 1 eta 10 bitarteko eskalan, honela kalkulatuko da: asignatura bakoitzean lortutako kalifikazio numerikoa bider asignatura horretako kreditu-kopurua zati kalifikazioarekin guztira lortutako kreditu guztien batura. Berriztatzen ez diren planen kasuan, batez besteko nota izango da berdin lortutako kalifikazioen batuketa zati gainditutako ikasgai guztien kopurua.

Espedientearen batez bestekoa kalkulatu ahal izateko, baliozkotutako edo egokitutako irakasgaien edo kredituen kasuan, egokitu edo baliozkotu dituen unibertsitateak kalifikatu ez baditu, jatorrizko ikastetxean edo ikasketetan lortutako kalifikazioa zenbatuko da, betiere, agiri bidez egiaztatuta baldin badaude. Agiri bidez egiaztatu ez badira, gainditutzat soilik joko dira.

Era berean, espedientearen batez bestekoa kalkulatzeko, ez dira kontuan hartuko, kalifikatu gabeko borondatezko irakasgaietan eta beste espezialitate batzuetako 2. zikloko irakasgaietan lortutako notak, ezta master ikasketetako notak ere.

Ikasketak atzerrian egin dituzten eskatzaileek aurreko prozeduretako bat erabiliz, kasuaren arabera, kalkulatu beharko dute haien espedientearen batez besteko nota. Horretarako, lehenago beren ziurtagiri akademikoetako kalifikazioak gure sistema hamartarreko kalifikazio baliokideetara moldatu beharko dituzte jarraian ezartzen diren baliokidetasunen arabera.

Gurea bezalakoa ez den kalifikazio-sistemaren bidez ebaluatutako nota gure sistemara bihurtzeko –kontuan hartuta gure sistemako gehienezko nota 10 dela eta 5 lortu behar dela irakasgaia gainditzeko–, algoritmo hau aplikatu behar zaio irakasgai bakoitzari:

Nota=. =[5/(M-m)]*(N-m)+5

M: gehienezko nota, espediente akademikoari aplikatutako kalifikazio-sisteman.

m: irakasgaia gainditzeko behar den nota, espediente akademikoari aplikatutako kalifikazio-sisteman.

N: espedientean ageri den irakasgaian lortutako nota, ikasketak egin diren herrialdeko sistemaren arabera.

f) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duten zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz.

2.– Eskatzaileek baldintza horiek betetzen dituztela egiaztatu beharko dute, adierazitako salbuespenak salbuespen, eskabidea aurkezterakoan.

3.– Deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak edo baldintzak betetzen dituztela behar den epean eta behar bezala egiaztatzen ez dutenak aukeraketa-prozesutik kanpo geldituko dira.

7. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epea.

1.– Eskaria egiteko, eskabide-orria bete beharko da. Orri hori bide telematiko bidez eskuratu ahal izango da, sailaren egoitza elektronikora jota: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net (unibertsitateak eta ikerketa). Horretarako, hautagaiak alta eman beharko du erabiltzaile gisa, eta aplikazio horretan zehaztutako jarraibideei kasu egin beharko die.

2.– Eskari telematikoa osorik bete ondoren, eskatzaileak bere burua identifikatu ahal badu Egoitza Elektronikoak onartutako sinadura elektronikoaren edozein sistema erabiliz, eskaria erregistratzeko prozesu elektronikoa bete ahal izango da, formatu elektronikoz derrigorrezko dokumentazioa aurkeztuta. Dokumentazio hori agindu honetako 9. artikuluan aipatuta dago, beka berriei dagokienez; eta 12. artikuluan, ordea, berritzeei dagokienez.

Eskabideari erantsi beharreko dokumentu elektronikoak interoperabilitatearen eskema nazionala onartzen duen 4/2010 Errege Dekretuan eta bere garapen-arautegian araututako formatuekin bat etorriko dira.

3.– Eskatzailea sinadura elektroniko bidez ezin bada identifikatu, behin eskari telematikoa betez gero eskariaren paperezko inprimaki ofizial bat lortuko da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren erregistroan sinatuta aurkezteko (Donostia kalea 1, 3. solairua, 01010, Vitoria-Gasteiz).

Eskabideak honako leku hauetan aurkeztu ahal izango dira: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatutako bulegoak; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan aipatutako bulegoak; eta «Zuzenean» Herritarrentzako Arreta bulegoak: Bizkaian (Kale Nagusia 85; 48011 Bilbao), Gipuzkoan (Andia 13; 20003 Donostia) eta Araban (Ramiro de Maeztu 10, behea; 01008 Gasteiz). Kasu horietan, eskabidea, sinatu ondoren, hona bidaliko da:

Eusko Jaurlaritza

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila

Zientzia Politikako Zuzendaritza

Erreferentzia: «Atzerrian espezializazio-ikasketak egiteko bekak»

Donostia kalea 1

01010 Vitoria-Gasteiz

Inprimaki ofizialak eskabide-zenbakia izango du. Inprimaki ofizialari eskuz edo bide elektronikoz aldaketarik egiten bazaio, eskabidea besterik gabe baztertuta geratuko da.

Beka berrietarako eta berritzeko eskaera inprimakiak Agindu honen I. eta II. eranskinean daude.

4.– Eskabideak aurkezteko epea, berriak zein berritu beharrekoak izan, hilabete batekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

5.– Eskatzaile bakoitzak deialdi honetako eskabide bakarra aurkeztu dezake.

6.– Telefono-arreta, 012 zenbakien bidez eska daiteke Euskaditik bertatik deituz gero, 945 01 80 00 Estatuko gainontzeko lekuetatik, eta 0034 945 01 80 00 atzerritik deituz gero.

8. artikulua.– Eskabidean egin diren hutsak zuzentzea.

Diru-laguntzen eskabideak aurkezteko epean aurkeztutako dokumentazioa oso-osorik beteta etorri ezean, edo zuzendu daitezkeen akatsak izanez gero, interesdunari eskatuko zaio, modu telematikoan akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko hamar laneguneko epean. Jakinaraziko zaio hori egin ezean, ulertuko dela eskatzaileak atzera egiten duela eskaeran; hala ere, Administrazioak atzera egite hori adierazten duen berariazko ebazpena eman eta jakinaraziko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

11. artikuluaren laugarren atalean ezarritako prozedura erabiliko da zuzentzeko errekerimentua jakinarazteko.

9. artikulua.– Beka berriak eskatzea: nahitaezko dokumentazioa.

Segidan aipatzen den dokumentazioa eskabideari erantsi beharko zaio, eta aplikazioaren bidez aurkeztu beharko da:

1.– Eskatzailea EAEko udalerriren batean gaur egun eta 2012ko urtarrilaren 1etik erroldatuta dagoela egiaztatzen duen jatorrizko ziurtagiria.

Eskatzaileak deialdi honen helburuarekin zerikusia duten unibertsitate-ikasketak direla-eta betebehar hori beteko ez balu, agiri hauek aurkeztu behar ditu: ikasketa horien matrikula edo hori egiaztatzen duen beste agiri ofizialen bat eta honekin batera, EAEn lehenagotik ohiko erroldatua izatearen agiria eta beste Autonomi Erkidegoren bateko errolda-agiria edo, atzerrian bizi izanez gero, enbaxadaren erregistro-agiria, hau guztia egiaztatu beharreko absentzialdi osoari dagokiona.

2.– Europar Batasuneko kide ez diren estatuetako eskatzaileek, aurrekoaz gain, egoitza-baimenaren fotokopia konpultsatua aurkeztu behar dute.

3.– Tituluaren fotokopia konpultsatua, edo berau eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren agiriak, homologazio-ziurtagiriarekin, hala behar bada.

4.– Jatorrizko ziurtagiri akademiko osoa edo bere fotokopia konpultsatua. Aipatutako ziurtagirian honako hau agertu behar da: ikasketen izena, dagokion titulazioaren programa osoaren barruko gaiak, gainditutako ikasgaiak, lortutako kalifikazioak eta horiek noiz lortu diren adierazita.

Ikasketak atzerrian egin dituzten eskatzaileek, ziurtagiri akademikoarekin batera, ziurtagiriaren zinpeko itzulpena aurkeztu behar dute, baldin eta EAEn ofizialak diren bi hizkuntzetako batean edo ingelesez idatzita ez badago. Nolanahi ere, ziurtagirian edo atxikitako bestelako agiri batean jaso beharko da zein diren ebaluazio-sistemako gehienezko eta gutxieneko kalifikazioak, eta zein, irakasgai bakoitza gainditzeko behar den gutxieneko kalifikazioa.

5.– Normalizatutako curriculum vitaea, jatorrizko sinadurarekin, eta, bertan alegatutako merezimendu guztiak ziurtatzeko agirien kopia. Eskatzaileak argitalpenak egin baditu, horien lehenengo orrialdearen fotokopia erantsi behar da, eta bekarik eskuratu badu, emate-ebazpenen fotokopia.

6.– Memoria (gehienez 2 orri). Egin nahi den ikasketa-programa azaldu behar da bertan, ikastaroen eta ikasgaien edukiak zehaztuta, bai eta noiz hasi eta bukatzen diren ere. Horrekin batera hori bermatzen duen dokumentazio ofiziala.

7.– Eskatutako ikasketa-programan baldintzarik gabe onartua izan dela ziurtatzen duten agiriak, arduradunaren jatorrizko sinadurarekin.

8.– Eskatzaileak egindako matrikula-gastuen kalkulua eta kalkulu hori bermatzen duten agiri ofizialak. Kalkulu honetan tasa akademikoak bakarrik hartuko dira kontuan. Tasa akademikoak bat baino gehiago badira, bereizita eta labur deskribatuta aurkeztuko dira.

9.– Erantzunkizunpeko adierazpenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen 50.6 artikulua betetzen dela egiaztatuko dutenak, eskaeran agertzen den inprimaki normalizatuaren arabera.

10. artikulua.– Beka berriak esleitzeko prozedura. Hautaketa-irizpideak eta baremoa.

1.– Agindu honetan araututako beka berriak emateko prozedura lehia-araubidean egingo da. Horretarako, artikulu honen hirugarren atalean adierazitako aukeraketa-irizpideak aplikatuz, Ebaluazio Batzordeak eskaerak balioetsiko ditu. 4 eta 12. artikuluetan ezarritako lehentasun sistema kontuan hartuko da.

2.– Zientzia Politikarako zuzendariak, Unibertsitateen zuzendariak eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzako teknikari batek osatuko dute Ebaluazio Batzordea. Zientzia Politikarako zuzendaria izango da lehendakaria, eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzako teknikaria zuzendari horrek berak izendatuko du, eta Batzordearen idazkari-lanak egingo ditu.

3.– Ebaluazio Batzordeak honako alderdi hauek balioetsiko ditu aukeraketa egiteko:

a) Eskatzailearen ikasketa-espedientea (gehienez 40 puntu). Puntuazioa lortzeko, 6.e artikuluak zehaztutakoaren araberako espedientearen batez besteko haztatua bider 4 biderkatuko da.

b) Eskatzailearen curriculum vitaen jasotako beste merezimendu akademiko batzuk (gehienez 10 puntu). Baloratuko dira: argitalpenak (gehienez 2 puntu argitalpeneko), jardunaldietan parte-hartzea (gehienez puntu 1 jardunaldiko, gehienez 2 puntu) eta ikastaroak (puntu 1 100 orduko, gehienez 2 puntu), hizkuntzak jakitea (gehienez 2 puntu hizkuntzako), bestelako tituluak (gehienez 2 puntu tituluko), bekak, laguntzak eta sariak (gehienez puntu 1/ekarpeneko) eta bestelako merezimenduak (2 puntu arte).

Eskatzaileren batek goreneko puntuazioa baino gehiago lortzen badu irizpide honen atalen batean edo puntuazio osoan, eskatzaile guztion puntuazioa gorenaren arabera normalduko da.

c) Eskatzailearen profil akademikoa ikasketa-programa horretara nola egokitzen den (gehienez 10 puntu), 10, 7 eta 5 puntu emango dira, hurrenez hurren, egokitasuna handia, ertaina edo txikia izan.

d) Hautatutako ikastetxearen prestigioa (gehienez 20 puntu). Ikastetxeak Academic Ranking of World Universities 2012 (Shanghai ranking) sailkapenean duen lekuaren arabera balioetsiko da: 20 puntu 1-100 postuetarako, 15 puntu 101-300 postuetarako, 10 puntu 301-500 postuetarako eta 5 puntu 501etik aurrera dauden unibertsitate eta unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetarako.

e) Ikasketa-programak deialdi honetako 4. artikuluan lehentasunezkotzat jo diren alor interesgarriekiko duen egokiera (gehienez 20 puntu); 20, 15 eta 10 puntu emango dira, hurrenez hurren, egokitasuna handia, ertaina edo txikia izan.

Ebaluazio Batzordeak, beharrezko baderitzo, kontsultak egin ahal izango dizkie kanpoko espezialistei, merezimendu-lehiaketa baloratzeko.

4.– Artikulu honen hirugarren idatzi-zatian adierazitako irizpideen arabera gutxienez 50 puntu edo gehiago lortu dituzten eta onartu diren eskabideak balioetsi ondoren, Ebaluazio Batzordeak ebazpen-proposamena egingo du eskatzaileek lortutako puntuazio-ordenari jarraituz, eta ondotik, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari helaraziko dio. Proposamenean jasoko dira, batetik, onuradunen zerrenda, dagoen kreditua ahitu arte, eta, bestetik, 50 puntu edo gehiago lortu arren, aurrekonturik ez egoteagatik proposamenean sartu ez diren ordezkoen zerrenda; atzera botatako eta bazter utzitako eskabideen zerrenda ere sartuko da, eta bi kasuetan arrazoiak emango dira.

11. artikulua.– Beka berrien ebazpena, ebazteko epea, jakinarazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.

1.– Agindu honetan xedatutako beka berriak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen berariazko ebazpen bakarraren bidez eman edo ukatuko dira, Ebaluazio Batzordeak eginiko ebazpen-proposamenean oinarrituta.

2.– Ebazpen hori arrazoitua izango da eta bertan jasoko dira, batetik, onuradunen zerrenda eta zer diru-kopuru dagokien, eta bestetik, 50 puntu edo gehiago lortu arren, aurrekonturik ez egoteagatik proposamenean sartu ez diren ordezkoen zerrenda; atzera botatako eta bazter utzitako eskabideen zerrenda ere sartuko da, eta bi kasuetan arrazoiak emango dira.

3.– Ebazpen hori deialdi-agindu hau argitaratu eta biharamunetik sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da. Adierazitako epean jakinarazten ez bada, eskabideak ez direla onartu ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

4.– Jakinarazpena, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orrian, www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net (unibertsitateak eta ikerketa) argitaratuko den Ebazpen horren bitartez izango da.

Bide horretatik egiteaz aparte era honetan ere egingo da: www.euskadi.net egoitza elektronikoko iragarki-oholean ediktu bat argitaratuaz, nahiz eta, epea zenbatzeari dagokionez, baliozko jakinarazpena sailaren web-orriaren bidez egindakoa izango den.

5.– Aurreko 4. paragrafoan ezarritakoaren aurka jo gabe, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak SMS mezuen bidez edo posta elektronikoz egindako argitalpenen abisuak bidali diezazkieke interesatuei. Abisu hauek ez dute, inolaz ere, egindako jakinarazpen izaerarik.

6.– Ebazpen horren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orrian argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

7.– Denek horren berri izan dezaten, dirulaguntzen Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, ebazpen horren jakinarazpenak administrazio-bidean irmotasuna eskuratu eta hurrengo hilabetean.

8.– Beranduenez 2013ko azaroaren 15era arte, egun hori barne, plazari uko egiteagatik hutsik gelditutako plazak ordezkoen zerrendan laguntza jaso duen azken eskatzailearen ondoren daudenei emango dizkie Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak, ebazpen bidez. Baita ere 7. artikuluan ezartzen denaren arabera osteko epe batean aurkeztu behar den dokumentazioa aurkeztu ez den kasuetan. Nolanahi ere, 5. artikuluan bekarentzat ezarritako azken eguna ez da aldatuko, eta ekonomia-ondorioak bekadun berriak benetan egindako denborari dagozkionak izango dira. Dena dela, 5. artikuluan aipatzen diren bidaia-gastuak eta matrikula bere baitan hartuko ditu bekaren diru-zenbatekoak.

9.– Agindu honetan xedatutako beken onuradunei ez zaie laguntzarik emango, ez emandakoa ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan bukatu gabeko itzultze-edo zehatze-prozeduraren bat badute, izapidetze-bidean.

12. artikulua.– 2012-2013 deialdian emandako bekak berritzea.

1.– 2012-2013 ikasturtea baino iraupen luzeagoko ikasketak egiteko beka eskatu zuten onuradunek soilik eskatu ahal izango dute 2012-2013 deialdian emandako beka berritzeko.

2.– Eskaera aurkeztu behar da Agindu honen 7. artikuluan adierazten den forman, epean eta lekuan.

3.– Segidan aipatzen den dokumentazioa berritzeko eskabideari erantsi beharko zaio, eta aplikazioaren bidez aurkeztu beharko da:

a) 2012-2013 ikasturtean egindako jarduera akademikoen txostena (gehienez 2 orrialde), Masterraren arduradunaren edo tutorearen sinadurarekin berretsita.

b) Bekaren onuradun izandako aldian zehar lortutako kalifikazio akademikoak jasotzen dituen espediente akademikoaren jatorrizko agiria edo kopia konpultsatua.

c) 2013-2014 ikasturtean egin beharreko ikasketa-programaren memoria (2 orrialde gehienez). Beka berritu behar izanez gero, ikasketak eta arloak adierazi behar dira, bai eta haietako bakoitza noiz hasi eta noiz amaitzen den ere, hori bermatzen duen dokumentazio ofizialarekin batera.

d) Eskatzaileak egindako matrikula-gastuen kalkulua eta kalkulu hori bermatzen duten agiri ofizialak. Kalkulu honetan tasa akademikoak bakarrik hartuko dira kontuan. Tasa akademikoak bat baino gehiago badira, bereizita eta labur deskribatuta aurkeztuko dira.

4.– Artikulu honetako bigarren atalean eskatzen dena betetzen ez duten eskabide eta agiriak aurkeztuz gero, agindu honen 8. artikuluan zehaztu bezala jardungo da.

5.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenaren bidez berrituko dira 2012-2013 deialdian emandako bekak, agindu honen 10. artikuluko bigarren atalean zehaztutako Ebaluazio Batzordeak proposatutakoa kontuan hartuta. Prozedura hau amaitzeko, emandako laguntzak, ordezkoak, ukatuak eta baztertuak zehazten dituen ebazpena eman, jakinarazi eta argitaratuko da, agindu honen 11. artikuluan xedatutakoari jarraiki, denek jakin dezaten, eta, artikulu horrek 5. idatzi-zatian xedatu bezala, haren aurka egin ahal izango da.

Berritzeko eskabideek beka berrien eskabideekiko lehentasuna izango dute deialdi honetan.

13. artikulua.– Beka onartzea.

1.– Beka berriaren zein lehengoa berritzearen onuradunak 10 egun natural izango ditu berariaz eta idatziz bekari uko egiteko, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orrian argitaratutako Ebazpenaren bidez egindako jakinarazpena egin eta biharamunetik. Hala egin ezean, beka onartu egin duela ulertuko da.

2.– Beka onartzearekin batera, onuradunak oinarri hauetan ezarritako eskubideak aitortuko zaizkio eta betebeharrak bete beharko ditu.

14. artikulua.– Bekari uko egitea.

Bekaldia behin hasita, berari uko egitea Zientzia Politikarako Zuzendaritzari zuzendu beharreko idazki baten bitartez gauzatuko da, justifikatuta, beti ere uko egiteak ondorioa eduki baino 10 egun lehenago. Uko egitea Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak onartu beharko du berariaz eta, hala gertatuz gero, onuradunak egonaldi-gastuetarako eskubideak galduko ditu, uko-egiteak ondorioak izango dituen hiruhilekoaren lehenengo egunetik, eta lehen hiruhilekoan egin badio uko laguntzari, bai eta matrikula-eta bidaia-gastuetarako eskubideak ere.

15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Beka onartu duten onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Onuradunak ikastaroaren lehen egunean joan behar du ikastegira. Programaren arduradunak onuraduna bertaratu dela egiaztatu beharko du, eta onuradunak bidali behar du idazkia ikastaroa hasi eta 10 egunetako epearen barruan.

b) Ikastegiak emandako epean matrikula ordaintzea, eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jatorrizko ordainagiriak aurkeztea, ordaindu eta hurrengo 10 egunetan. Ebazpenean agertutako Matrikularen gastua, behin betikoa baino txikiago bada, gastuaren murrizketa egingo da.

Ikastaroak deialdi honen ebazpena argitaratu aurretik hasten badira, aurreko hizkian adierazitako bertaratze-egiaztagiria eta matrikula-ordainagiriak Zientzia Politikarako Zuzendaritzara bidali behar dira, ikasturte horretako urrian.

c) Onuradunak ikastegi berean egin behar ditu ikasketak, bekak irauten duen bitartean ezingo da ikastegiz aldatu.

d) Aukeratutako programan edozein aldaketa egin aurretik, baimena eskatu behar dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari. Baimen-eskabidea arrazoitu egin behar da, eta programaren arduradunaren edo onuradunari esleitutako balizko tutoreen bermea izan behar du. Eta horiek, egoki iritziz gero, edo Zientzia Politikarako zuzendariak hala eskatuz gero, bekadunaren errendimendu akademikoari buruzko informazioa bidali ahal izango dute.

e) Dirulaguntza jaso duen ikastaroa gainditu beharko da. Hala ez bada, jasotako dirulaguntza itzuli beharko da dagokion diru-itzulketa tramitatu ondoren.

f) Lehenengo eta bigarren ikastaroa amaitzen denetik hilabeteko epean (beka berritzea denean izan ezik), programaren arduradunak edo tutoreak bermatutako memoria labur bat aurkeztu beharko du bekadunak Zientzia Politikarako Zuzendaritzan. Egindako jarduera akademiko osoa eta lortutako kalifikazioak jaso behar dira memoria horretan.

g) Zientzia Politikarako Zuzendaritzak onuradunaren jarduera akademikoen errendimenduaren jarraipena egiteko ezarritako arau guztiak onartu behar ditu.

h) Bekari uko egiteko justifikatutako idazkia aurkeztu behar du Zientzia Politikarako Zuzendaritzan, ondorioak izaten hasi baino 10 egun lehenago.

i) Diruz lagundutako jardueraren xedea edo izaera errotik aldatzen duen gertakariren bat jazotzen bada, horren berri ematea eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari laguntzea ematea jarduera horien berrikuspena, ikuskaritza, jarraipena eta kontrola egiteko.

j) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betez, eskatutako informazio guztia ematea.

k) Oro har, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan adierazitako guztia.

2.– Dirua jasotzeko eta beka berritzeko, aurrean zehaztutako betebeharrak bete beharko dira.

16. artikulua.– Bateraezintasunak.

1.– Beka hau jasotzea bateraezina da xede berbereko beste laguntza bat jaso izanarekin edo jasotzearekin, edo prestatzen ari diren ikertzaileen estatutua onartzen duen urtarrilaren 27ko 63/2006 Errege Dekretuaren aplikazio-esparruko programen laguntzak edo arau horren barruan egon gabe ikertzaileei zuzendutako eta doktoretza-tesia egiteko edota prestakuntzarako laguntzak jaso izanarekin edo jasotzearekin.

2.– Beka hauek espezializatzeko direnez gero, beren indarraldia bukatzean, ezin izango da programa honetako beste bekarik jaso.

3.– Beka hau jasotzea bateraezina da lanaldi osoko lan batekin edo urtean 6.000 euro baino gehiagoko ordainsari gordina duen lan batekin.

17. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio beka hauen kudeaketa.

18. artikulua.– Bekaren baldintzak aldatzea.

Beka emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira, beka emateko ebazpena ere alda daiteke, betiere bekaren helburua beteta dagoela ulertzen bada, eta, hala dagokionean, erakunde honek nahiz beste herri-administrazioren batek emandako diru-laguntzak eta laguntzak aldi berean jaso direla ulertzen bada, eta, betiere, diru-laguntzaren onuradun izateko agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak bete badira. Horretarako, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak behar den likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako beken zenbatekoak berriz doituko dira, eta bekok emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko. Beraz, pertsona eta erakunde onuradunek sobera jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte. Baldintzak aldatzeak emandako diru-laguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 22. artikuluan araututako itzulketa-espedientea abiaraziko da..

19. artikulua.– Jarraipena.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio onuradunak egindako espezializazio-ikasketen jarraipen zientifiko-teknikoa eta egokiak diren prozedurak ezarriko ditu. Horretarako beharrezko deritzen organoak, komisioak eta adituak izendatuko ditu bekaren aplikazioaren jarraipena eta egiaztapena egiteko eta baita egoki ikusten den informazio osagarria eskatzeko ere, Agindu honen barruan berariaz ezarritakoari kalterik egin gabe.

20. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila k beharrezkoak diren ikuskapenak eta kontrolak egin ahal izango ditu agindu honen helburuak betetzen direla bermatzeko. Kontrol Ekonomikoko Bulegoak dituen zereginen aurka jarri gabe.

21. artikulua.– Ez-betetzeak.

Bekaren onuradunek ez badute betetzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluko arau-hausteren bat egin badute edo agindu honetan eta gainerako arau aplikagarrietan nahiz emakida-ebazpenean ezarritako baldintzaren bat, organo kudeatzailearen zuzendariak, ebazpen bidez, adieraziko du, emateke dauden zenbatekoak jasotzeko eskubidea galdu duela eta, hala behar bada, jasotako zenbatekoak eta laguntza ordaindu zenez geroztiko legezko interesak itzuli behar dizkiola Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, bidezkoak diren gainerako jarduketak eragotzi gabe. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzak bermatzeko eta itzultzeko araubide orokorra arautzen duen eta diru-laguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde lankideek bete beharreko baldintzak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan zehaztutakoaren arabera. Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira bidezko lege-ondorioetarako, eta erantzukizunen araubidea Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan araututakoa izango da.

22. artikulua.– Beka-eskubidea galdu dela deklaratzeko eta, hala behar izanez gero, dirua itzultzeko prozedura.

Agindu honetan xedatutakoa betetzen ez den kasuetan, hau izango da prozedura:

a) Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak adieraziko du prozedura noiz hasi eta noiz ebatzi.

b) Zientzia Politikarako zuzendariak itzultzeko prozedura hasi dela adieraziko dio interesdunari. Prozedura hasteak eten egingo ditu, hala behar bada, oraindik egiteke dauden ordainketak.

c) Alegazioak jaso ondoren, edo epea alegaziorik jaso gabe igaro bada, prozedura amaitu egingo da Politika Zientifikoko zuzendariaren ebazpen bidez.

Itzultzeko prozedura ebazteko hamabi hilabete izango dira, gehienez ere.

Ebazpen horretan bete beharrekoak ez direla bete onartzen bada, beka jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko da, eta, hala behar bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dagozkion kopuruak itzuli behar dizkiola, ebazpena jakinarazten zaionetik bi hilabeteko epean, gehienez ere. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

d) Borondatezko epean laguntza itzuli ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari horren berri emango zaio, aplikagarri den legezko arauek xedatutakoa kontuan hartuta jarduteko.

23. artikulua.– Datu pertsonalak.

Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoari jarraiki, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatzeko eta argitaratzeko. Datuok Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko urriaren 4ko Aginduko «Bekadunentzako laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira, Zientzia Politikarako Zuzendaritzako fitxategia. Agindu horren bidez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dira.

Datuak eskuratzeko, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko edo datuen aurka egiteko eskubideez Zientzia Politikarako Zuzendaritzan baliatu ahal izango dira. Hau da helbidea: Donostia kalea 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Zientzia Politikarako Zuzendaritzari aurkeztutako agiriak egiazkoak direla frogatzeko beste erakunde publiko batzuetan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Arautegi aplikagarria.

Agindu honetan xedatu gabekoari dagokionez, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa hartuko da aintzat.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 10.7 artikuluan eta ondorengoetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautu duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 28a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala