Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

104. zk., 2013ko maiatzaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2536

EBAZPENA, 2013ko maiatzaren 15ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiarena; honen bidez, kontratatzeko konpromisoa biltzen duten prestakuntza-ekintzak egiteko laguntzen 2013. urterako deialdia argitaratzen da, lehentasunez Euskal Autonomia Erkidegoko langabeentzat dira ekintza horiek eta martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduak arautzen ditu.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2013ko maiatzaren 13ko bilkuran harturiko erabaki bidez, onartu du kontratatzeko konpromisoa biltzen duten prestakuntza-ekintzak (lehentasunez Euskal Autonomia Erkidegoko langabeentzako dira eta martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduak arautzen ditu) egiteko 2013. urterako deialdia, eta maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onarturiko Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) idatz-zatian ezarritakoaren arabera, erakunde autonomo honetako zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Kontratazio-konpromisoa biltzen duten prestakuntza-ekintzak (lehentasunez Euskal Autonomia Erkidegoko langabeentzako dira eta martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduak arautzen ditu) egiteko laguntzen 2013ko ekitaldirako deialdia argitaratzea; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki bidez onarturikoa da, 2013ko maiatzaren 13ko bilkuran hartu baita erabakia, eta ebazpen honen eranskin gisa bilduta dago.

Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Akordioak.

Hirugarrena.– Jakinaraztea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren kontra berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, Ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 15a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

ERANSKINA
KONTRATAZIO KONPROMISOA BILTZEN DUTEN PRESTAKUNTZA EKINTZAK (LEHENTASUNEZ EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LANGABEENTZAKO DIRA ETA MARTXOAREN 7KO TAS 718/2008 AGINDUAK ARAUTZEN DITU) EGITEKO LAGUNTZEN 2013KO EKITALDIRAKO DEIALDIA

Enpleguari buruzko 56/2003 Legeak, abenduaren 16koak, 26. artikuluan adierazten du, Enplegurako Lanbide Heziketaren lege-esparruan, enplegurako prestakuntza-azpisistemaren barruko heziketa-jarduerak lanerako gaitasun eta kualifikazioak lortu, hobetu eta etengabe eguneratzera zuzenduta daudela; horrela, prestakuntza bultzatzen da biztanleria aktiboaren bizitza guztian zehar, pertsonen, enpresen, lurraldeen zein ekoizpen-sektoreen beharrizanak osotasunean aintzat hartuta, betiere.

Martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuak, enplegurako lanbide-heziketaren azpisistema arautzen duenak, azpisisteman aurreikusitako helburuak lortzeko prestakuntza programatzeko eta eskaintzeko hainbat modu ezartzen ditu; 23. artikuluak, zehazki, Erkidegoan gauzatu beharreko programazioa eta kudeaketa jasotzen du. Prestakuntza-eskaintza garatzeko aurreikusitako bideetako bat da lehentasunez langabezian dauden langileak kontratatzeko konpromisoa biltzen duten prestakuntza-ekintzak programatzea. Hala, esanbidez jasota dago horrelako ekintzak diru-laguntza publikoekin finantzatuko direla.

Martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduak, Errege Dekretua eskaintzaren prestakuntzari dagokionez garatzeko helburua betetzeaz gain, administrazio publikoek, beren kudeaketa-esparruaren barruan, prestakuntza hori finantzatzeko diru-laguntzen emakida arautu behar duten oinarriak arautu zituen. Aginduaren 21. artikuluak, zehazki, kontratatzeko konpromisoa biltzen duten prestakuntza-ekintzen ezaugarriak zehazten ditu, eta finantzaketaren xede izango diren diru-laguntzak emateko berariazko baldintzak eta irizpideak bereizten ditu, enplegurako lanbide-heziketaren azpisistemaren eskaintzaren prestakuntzaren esparru nagusiaren barruan.

Bestalde, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokio, gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan enpleguaren, enplegurako prestakuntzaren eta autoenpleguaren eta enpresen sorkuntzen sustapenerako programak kudeatzeko eskumena, indarrean dagoen urriaren 13ko 3/2011 Legean ezarrita dagoenez. 2011ko urtarrilaren 1ean martxan jarriz gero, Lanbidek bere gain hartu du Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruko eginkizunak eta zerbitzuak kudeatzeko ardura.

TAS/718/2008 Aginduan barne harturiko kontratatzeko konpromisoa biltzen duten prestakuntza-ekintzak garatzeko laguntzen arautzea osatu behar da, eta laguntza horiek emateko prozedura Euskal Autonomia Erkidegoaren antolatzeko eta diru-laguntzak emateko araudiaren berezko prozeduretara egokitu, aldi berean.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2013ko maiatzaren 13ko bilkuran, martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduan aurreikusiriko kontratatzeko konpromisoa biltzen duten prestakuntza-ekintzen eskaintzako prestakuntza modalitatearen laguntzen 2013rako deialdia onartu du, lehentasunez Euskal Autonomia Erkidegoko langabezian dauden langileei zuzendutakoena, honako hauen arabera:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen helburua da kontratatzeko konpromisoa biltzen duten prestakuntza-ekintzak (lehentasunez Euskal Autonomia Erkidegoko langabezian dauden langileentzako dira eta enplegurako lanbide-heziketako azpisistema arautzen duen martxoaren 23ko 395/2007 Errege Dekretuak garatzen duen martxoaren 7ko TAS 718/2008 Aginduan araututa daude) egiteko laguntzak 2013. urtean emateko baldintzak ezartzea.

2. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Laguntza horietarako guztizko zenbatekoa 2.500.000 euro da; diru-kopuru horretatik, 1.500.000 euro 2013ko ordainketa-kredituari dagozkio eta 1.000.000 euro 2014ko konpromiso-kredituari, betiere Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari dagokion 41. sekzioko 3231-Prestakuntza programaren kargura.

Hala badagokio, laguntzen emakidaren muga izango den zenbateko hori egunera daiteke, baldin eta, indarreko legeria betez, aurrekontu-aldaketak onartzen badira. Aldaketa horiek eginez gero, aldaketa horiek publiko egingo dira EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bitartez.

2.– Deialdi honetan aurreikusiriko guztizko zenbatekoa honela banatuko da, laguntzeko honako bi modalitate hauen arabera:

a) 1.250.000 euro lehentasunezko prestakuntza-ekintzak egiteko. Honako hauek izango dute izaera hori:

– Enpresa kontratatzaileek zuzenean aurkezturiko proiektuek prestakuntza jaso duten langabeak laneratzeko konpromisoaren berme gisa.

– Hezibi programaren txandakako prestakuntzako modalitatearen bidez garaturiko profesionaltasun-ziurtagirien prestakuntza-proiektuak; Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindu bateratuak arautzen du programa, eta gazteentzako txandakako prestakuntza eta laneko Hezibi programaren oinarri arautzaileak ezartzen ditu.

b) 1.250.000 euro kontratatzeko konpromisoa biltzen duten prestakuntza-ekintzak egiteko.

3.– Lehentasunezko prestakuntza-ekintzen –aurreko paragrafoaren a) idatz-zatian aurreikusiriko laguntza modalitateari dagozkienen– kreditua nahikoa ez bada eman beharreko eskaera guztiak ekonomikoki betetzeko, aurreko paragrafoaren b) idatz-zatian bilduriko laguntza modalitaterako aurreikusiriko zuzkiduraren kargura finantzatu ahalko dira, eta horien lehentasunezko izaerak ez dakar lehentasunik horiek emateari begira.

Bestalde, lehentasunezko prestakuntza-ekintzen –aurreko paragrafoaren a) idatz-zatian aurreikusiriko laguntza modalitateari dagozkienen– finantzaketarako kreditua agortzen ez bada, beste modalitate bati dagozkion laguntzei erantzuteko erabiliko da gerakina.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan dauden enpresak, haien elkarteak edo erakundeak izan daitezke deialdi honetan bilduriko laguntzen onuradun, betiere programaturiko prestakuntza-ekintzak helburu dituzten pertsonak kontratatzeko konpromisoa aldez aurretik hartzen badute edo konpromiso hori jasotzen dute kontratatuak izango diren enpresetan, erakunde bat edo prestakuntza-zentro bat bada.

2.– Enpresa, haien elkarte edo beste erakunde onuradunek kontratatzeko konpromisoa biltzen duten prestakuntza-ekintzak emateko beharrezkoak diren instalazio eta ekipamenduak eduki beharko dituzte 14. artikuluaren 7. paragrafoan aurreikusirikoari jarraiki, salbu eta jarduera hori egitea kontratatzen badute.

3.– Kontratatzeko konpromisoa helburu duten prestakuntza-ekintzek profesionaltasun-ziurtagiriak ematea helburu badute, ibilbide osoen bidez edo prestakuntza-moduluen bidez, erakunde onuraduna aldez aurretik egiaztatu beharko da, prestakuntza zuzenean ematen duenean, edo, hala badagokio, horretarako kontrataturiko prestakuntza-zentro edo -erakundea, Prestakuntza Zentro edo Erakundeen Estatuko Erregistroan. Egiaztatuta ez badaude, dagozkion profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituzten Errege Dekretuetan bilduriko instalazio, zuzkidura eta prestatzaileei buruzko xedapenak betetzen dituela egiaztatuko da.

4.– Kontratatzeko konpromisoa biltzen duten prestakuntza-ekintzak profesionaltasun-ziurtagiriak emateko ez direnean, prestakuntza zuzenean ematen duen erakunde onuraduna edo, hala badagokio, horretarako kontrataturiko prestakuntza-zentro edo -erakundea Prestakuntza Zentro edo Erakundeen Estatuko Erregistroan inskribatuta ez badago, inskribatu egingo da dagokion espezialitatearen prestakuntza-programetan bilduriko instalazio, zuzkidura eta prestatzaileei buruzko eskakizunak betetzen dituela egiaztatu ondoren.

5.– Aurreko paragrafoetan aipatzen den inskripzioa edo egiaztapena aldi baterako izango da, eta hura eragin zuen prestakuntza-ekintza amaitutakoan, erakundeak baja hartuko du automatikoki Prestakuntza Zentro edo Erakundeen Estatuko Erregistroan, salbu eta egiaztapena edo inskripzioa prestakuntza-zentro baterako egin bada. Prestakuntza-zentrotzat hartuko da jarduera nagusitzatzat prestakuntza duen zentroa.

6.– Aurreko paragrafoetan aipatutakoaz gain, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea.

Diru-laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.3 artikuluaren 2. paragrafoak xedatzen duenari jarraiki.

b) Ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, ez egotea horretarako desgaitzen dituen debeku baten pean, sexuagatiko bereizkeriagatik sortutakoak barne, emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeari jarraiki.

7.– Erakunde onuradunei diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomiadunen antzeko diru-laguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedurak amaituta egotea.

4. artikulua.– Jardun subentzionagarria.

1.– Deialdi honen babesean subentzionagarria izango da kontratatzeko konpromisoa biltzen duten prestakuntza-ekintzen programazioa, 11. artikuluan bilduriko moduluen arabera.

2.– 2013ko ekitaldian hasi beharko dira prestakuntza-ekintzak, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera.

3.– Prestakuntza-ekintzak aurrez aurreko ekintzen bidez eskainiko dira soilik.

4.– Subentzionatu beharreko prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileen gehieneko kopurua 25 izango da.

5.– Kontratazio-konpromisoa prestakuntza emandako langile guztien ehuneko baten arabera ezarriko da, enpresen eta tokiko enplegu-merkatuaren zirkunstantzien arabera. Konpromiso hori ez da inola ere izango prestakuntza emandako langileen % 60tik beherakoa. Prestaturiko langileen kontratazioa prestakuntza-ekintza amaitzen denetik bi hilabeteko epean egingo da, salbu eta Hezibi programaren txandakako prestakuntzaren modalitatepean garatzen diren kasuan, kontratazioa hasieran egiten baita, proiektuen beren ezaugarriak kontuan izanda.

6.– Kontratatzeko konpromisoaren ondorioz egiten diren lan-kontratuak mugagabeak izango dira lehentasunez, edo bestela gutxienez 6 hilabetekoak eta lanaldi osokoak. Lanaldi-erdian urtebetez laneratzeko konpromisoak ere onar daitezke.

7.– Laneratzea prestakuntza-ekintzarako eskaera aurkeztean aintzat hartutako enpresetan egin beharko da, eta, kasu bakarrean onartuko da beste enpresa batzuetan laneratzea, alegia: laneratzeko proiektua sustatzen duten enpresetako batean laneratzea eragozten duten arrazoiak, dokumentu bidez justifikatuak, dauden kasuetan. Halaber, jasotako prestakuntzaren eta eskainitako okupazioaren arteko lotura errespetatu beharko da.

8.– Kontratazio-konpromisoa ez betetzeak jasotako diru-laguntza osoa edo horren zati bat nahitaez itzuli beharra ekarriko du, salbu eta konpromiso hori betetzea eragozten duten ezinbesteko arrazoiak edo zirkunstantziak badaude, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean justifikatzen badira. Osorik itzuli beharko da kontratazio-konpromisoaren helburuaren % 50era ez iristea, hau da, prestaturiko langileen % 30era iristen ez denean. Zati bat itzuli beharko da kontratatzeko konpromisoaren helburuaren % 50 gainditzen denean prestaturiko langileen % 60era iritsi gabe, eta bete gabe utzitako ehuneko bera deskontatuko da jaso beharreko diru-laguntzatik.

5. artikulua.– Lanez kanpoko praktikak.

Kontratatzeko konpromisoa biltzen duten ikastaldietan lanez kanpoko praktikak egitea beharrezkoa bada, praktika horiek ikastaldia bukatu eta bi hilabeteko epearen barruan egingo dira. Epe horretan, halaber, kontratatzeko hartutako konpromisoa gauzatu beharko da.

Prestakuntza profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratuta ez dagoenean, lanekoak ez diren lanbide-praktiken iraupenak ezin izango du 120 orduko muga gainditu.

Lanbide-praktikak prestakuntza-moduluak amaitu eta ebaluazio positiboz gainditu ondoren egingo dira, lehentasunez. Salbuespeneko kasuetan, eta behar bezala arrazoitzen bada, lanbide-praktikak prestakuntza-ekintzarekin batera egin ahal izango dira. Praktikak prestakuntza-ekintza egiten ari diren bitartean hasi dituzten eta azken emaitza negatiboa lortzen duten ikasleek praktiketan jarraitzeko aukera izango dute. Prestakuntza-ekintza uzteak, berriz, berari atxikitako lanez kanpoko lanbide-praktika utzi behar izatea ekarriko du.

Lanez kanpoko praktikak enpresen eta Lanbide- Euskal Enplegu Zerbitzuaren artean sinatutako eta prestakuntza-zentroek dinamizatuko dituzten hitzarmenen bidez arautuko dira. Enpresak bere plantillaren ordezkariei jakinarazi beharko dizkie akordio edo hitzarmen horiek, baita lanez kanpoko praktiketako parte-hartzaileen zerrenda ere.

6. artikulua.– Lantokiko prestakuntza praktikoko modulua.

Prestakuntzak profesionaltasun-ziurtagiria eskuratzea helburu duen kasuetan, proiektua eskatzerakoan eskuratutako konpromisoaren emaitzazko kontratazioarekin baliozkotu ahal izango da lantokiko prestakuntzako modulua. Horrelakoetan, modulu hori salbuestea eskatu ahal izango du ikasleak, eskuratutako prestakuntzarekin lotutako jardunean hiru hilabeteko esperientzia gainditzen duen unean.

Prestakuntza-zentro edo -erakundeek lantokiko prestakuntzako modulua aurreikusi beharko dute kontratatzeko konpromisoaren xede izango ez diren ikasleentzat.

Kontratua gauzatzeko, aurretik lantokiko prestakuntzako modulua egitea beharrezkoa ikusten bada, prestakuntza-zentrokoa amaitu eta bi hilabeteko epearen barruan egingo da lantokiko prestakuntza. Praktikaren iraupena eta edukiak Profesionaltasun Ziurtagiria arautzen duen Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoaren araberakoak izango dira. Enpresaren ustez praktikaren iraupena eta edukiak nahikoak ez badira, praktikaren programa eta iraupena handitu ahalko da, betiere iraupeneko 200 orduko muga gainditu gabe.

Onartutako proiektuaren helburua ez bada ziurtagiri osoa lortzea, eta gaitasun-atal bat edo hainbat eskaintzen badira, lanez kanpoko praktikak egin ahal izango dira, baina ez lantokiko prestakuntzako modulua. Kasu horretan, aurreko artikuluan bildurikoa beteko da.

Artikulu honetan aurreikusirikoa ez zaie aplikatuko Hezibi programaren txandako prestakuntza modalitatearen bidez garaturiko profesionaltasun-ziurtagirien prestakuntza-proiektuei.

7. artikulua.– Kontratatzeko konpromisoa biltzen duten prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileak.

Programazio-ildo honetan aurreikusitako prestakuntza-ekintzetan parte hartu ahal izango dute:

a) Lehentasunez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda dauden langabeek. Prestakuntza jasotzen hasten diren pertsona guztien ehuneko 60 izango dira, gutxienez.

b) Lehentasunik gabe, lanean egonik hala eskatzen duten langileek. Prestakuntza jasotzen hasten diren pertsona guztien ehuneko 40 izango dira, gehienez ere.

Eskaintzen diren prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileek horietara sartzeko eskakizunak bete behar dituzte, eta langabe gisa izena emanda egon Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, prestakuntzaren hasieran; eta lanean ari diren langileen kasuan, dagokien eskaera aurkeztu behar dute.

Prestakuntza-ekintzak www.Lanbide.net web-orrian argitaratuko dira, baita izena emateko epeak eta eskatzaileek ekintzetara jotzeko bete beharreko eskakizunak ere, prestakuntza-ekintza bakoitzaren deskribapenaz eta ezaugarriez gainera.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lehen hautaketa egingo du aurreko atalean aurreikusitako pertsonen artean. Parte-hartzaileen aukeraketak proiektuaren enpresa edo prestakuntza-zentro onuradunean egin beharreko hautaketa-proba bat barnean hartuko du hala eskatzen duten prestakuntza-ekintzetan, ekintza hori baliatuko dutela ziurtatzeko eta, egiazki, kualifikazioa emango duten ekintzen helburuak lortzeko beharrezko aurretiazko ezagueren zer maila duten jakiteko.

Euskal Enplegu Estrategiarekin (2011-2014) eta Espainiako Enplegu Estrategiarekin (2012-2014) bat eginez, prestakuntza-ekintzan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten eta dagokion hautaketa-proba gainditzen duten langabeen artean, kolektiboen arabera lehentasuna ezarriko da, honako ordena honetan:

– Lehenik eta behin, eta lehentasun-maila berberaz, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten hauek: 30 urte arteko gazteak, batez ere prestakuntza-gabeziak dituztenak; emakumeak, langabeen kolektiboan duten pisuaren proportzioan; luzaroko langabeak; 45 urtetik gorakoak; desgaitasuna dutenak; langabezia-saria agortuta duten eta berriz profesionalki gaitzeko Prepara programan parte hartzeagatik diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonak; Txertaketako Errenta Aktiboaren eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren onuradunak; eta Genero Indarkeriaren biktimak.

– Bigarrenik, gainerako langabeak, oro har.

– Hirugarrenik, etendurako Enplegua Erregulatzeko Espediente baten eraginpean dauden langabeak, ordutegia dela-eta prestakuntza-ekintzara joateko libre badaude.

Aurreko kolektiboen artean nahikoa ikasle ez badago, jarduneko langileek prestakuntza-ekintzan parte hartu ahal izango dute, baina prestakuntza-ekintzako ikasleen % 40 izango dira, gehienez.

Parte-hartzaileen ehunekoa ekintza hasten duten langile guztiei dagokienez ezarri da. Prestakuntza hasieran duten lan-egoeraren arabera hartuko dira langileak jardunekotzat edo langabetzat.

8. artikulua.– Eskaerak eta horiek aurkezteko epea.

1.– Deialdi honen I. eta II. eranskin gisa argitaratzen diren ereduetan formalizatuko dira eskaerak eta http://www.lanbide.net webgunean egongo dira eskuragarri. Eskaera bakarra aurkeztuko da prestakuntza-proiektu bakoitzeko, proiektuak prestakuntza-ekintza bat baino gehiago biltzen badu ere.

Interesdunak eskaeraren kopia bat nahi badu, bi ale aurkeztu beharko ditu.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan aurkeztuko dira eskaerak, Jose Atxotegi 1, Arabako lurralde-esparruan; eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Enplegu Bulegoetan aurkeztuko dira Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde-esparruetan. Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusten diren moduetan aurkez daitezke eskaerak.

2.– Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Hirugarren Interesdunaren Datuen Alta Dokumentua, interesdunak eta dagokion banku-erakundeak behar bezala betea, aurreko ekitaldietan aurkeztu ez bada edo datuak aldatu behar badira soilik.

b) Erakundearen identifikazio fiskaleko txartel konpultsatuaren fotokopia.

c) Eskaera sinatzen duen/duten pertsona sinatzaileak/sinatzaileek pertsona juridiko eskatzailearen izenean jarduteko duten ordezkaritza egiaztatzen duen eskritura osoaren fotokopia konpultsatua.

d) Deialdi hau EHAAn argitaratzen den unean Prestakuntza Zentro eta Erakundeen Estatuko Erregistroan egiaztatuta edo inskribatuta ez dauden prestakuntzaren zuzeneko emaile onuradunek edo prestakuntza emateko kontrataturiko prestakuntza-zentro edo -erakundeek ardurapeko aitorpena bete beharko dute III. eranskinaren arabera. Horrekin batera, instalazioen plano zehatza aurkeztu beharko da, elkargoko kide den teknikari batek sinatua.

Prestakuntza-zentro batek aurkezten badu eskaera, eta kontratatzeko konpromisoa zentrotik kanpoko enpresa edo erakunde batean gauzatzen bada, ikasleak laneratuko diren enpresak edo erakundeak sinatutako konpromisoa aurkeztu beharko da, eskaera aztertzen jarraitu eta onartzeko. Konpromiso hori idazki bidez jasotzen ez bada, ezetsi egingo da eskaera.

3.– Deialdi honetan bilduriko laguntzak baliatzeko eskaerak aurkezteko epea deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da eta honako egun hauetan amaituko da:

a) 2013ko irailaren 30ean, 2.2 artikuluaren a) idatz-zatian bilduriko lehentasunezko prestakuntza-ekintzak egiteko eskaerei dagokienez.

b) 2013ko irailaren 30ean, 2.2 artikuluaren b) idatz-zatian bilduriko gainerako prestakuntza-ekintzak egiteko eskaerei dagokienez.

9. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura, kudeaketa-organoa, ebazpena eta errekurtsoak.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Diru-sarreren Bermerako eta Enplegurako Prestakuntzako Zuzendaritzak kudeatuko eta bideratuko ditu eskaerak, eta erakunde autonomo honetako zuzendari nagusiak izango du eskaerak ebazteko eskuduntza.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebatziko ditu aurkeztutako eskaerak, ordenan eta espedientea osatuta dagoen data errespetatuz, xede honetarako onartutako aurrekontuko zuzkidura agortu arte. Aurrekontuko zuzkidura agortuz gero, ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira, eta egoera horren berri emango da Lanbideren web orrian eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.

3.– Ebazteko gehienez sei hilabeteko epea izango da diru-laguntza jasotzeko eskaera aurkezten den egunaz geroztik, eta epe hori igarotakoan Ebazpenik eman ez bada, eskaera administrazio-isiltasunaren bidez baietsi dela hartuko da kontuan.

Zuzendari nagusiaren Ebazpenak administrazio-bidea agortzen du, eta horren aurka berraztertzeko errekurtsoa jartzeko aukera izango da organo horretan, hilabeteko epean jakinarazpenaren biharamunetik, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean ebazpenaren jakinarazpenaren biharamunetik.

10. artikulua.– Gastu subentzionagarriak.

1.– Martxoaren 7ko TAS/718/2008 Aginduaren II. eranskinean aurreikusiriko prestakuntza-jarduera emateko kostuak ordaintzeko da laguntza.

Gastu subentzionagarri gisa aurkeztu eta onartu ahalko dira prestakuntza-ekintza ematen den garaian egindakoak baita prestakuntza-ekintza hasi aurreko hilean zein hura bukatu ondorengo hilean egindakoak ere.

Prestakuntza-ekintza hasi aurretik egindako egotzitako gastuak ezin izango dira izan, inola ere, diru-laguntza emateko ebazpena onartu zen egunaren aurrekoak.

2.– Honako gastu hauek ez dira subentzionagarriak izango:

1) PRESTAKUNTZA JARDUERAREN ZUZENEKO KOSTUAK.

1.1.– Barneko eta kanpoko hezitzaileen ordainsariak.

1.1.1.– Atal honetako gastu gisa jotzen dira hezitzaileen ordainsariak, honako hauek barne: irakasleen soldatak, kontratu finkoa zein aldi baterakoa dutelarik ere, edo kanpoko irakasleen zerbitzuak, prestakuntza-zentroaren edo -erakundearen konturako Gizarte Segurantzako gastuak hezitzaileak besteren kontura kontratatu dituenean, eta hezitzaileei egotz dakizkiekeen prestaketa-, irakaskuntza-, tutoretza- eta ebaluazio-kostuak.

Orobat gastutzat joko dira hezitzaileen leku-aldatzeko eta ostatu hartzeko gastuak, baita haien mantenu-gastuak ere.

Atal honetan prestakuntza-ekintzaren hasierako komunikazio-dokumentuan barne harturiko ikasleei buruzko gastuak bilduko dira soilik eta, hala badagokio, ondoren aldaketetan bildurikoak, gastu egozgarritzat hartuko diren prestaketako, tutoretzako eta ebaluazioko jardueran barne, betiere horiek jakinarazten badira dokumentu horietan eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak esanbidez baimentzen baditu.

Atal honetan aurreikusitako barneko eta kanpoko prestatzaileen ordainsarien kontzeptu gisa egotz daitezkeen zuzeneko kostu guztien batura likidatu beharreko diru-laguntzaren guztizko kostuen ehuneko 35 izango da gutxienez, eta horietatik prestakuntza-ekintza ematearekin loturiko prestaketako, tutoretzako eta beste jarduera batzuetako kostuek barne- eta kanpo-hezitzaileen ordainsarien guztizko kostuaren ehuneko 25eko muga izango dute gehienez. Ehuneko 35eko muga horretara iristen ez badira, bi zenbatekoen arteko aldea ezin izango da zuzeneko, atxikitako edo bestelako gastu gisa egotzi, salbu eta prestakuntzaren kalitatea ebaluatzeko eta kontrolatzeko kostuak, artikulu honen 2. puntuaren 3.1 idatz-zatian (ebaluazio-kostua eta prestakuntzaren kalitatearen kontrola) ezarrita daude.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ohiko baimena eman ahal izango du ordutegi berean eta prestakuntza-ekintza berbererako hezitzaile bi edo gehiago aldi berean aritzeko, jarduerak giza talde berezietako edo ikasteko zailtasunak dituzten ikasle taldeei zuzentzen bazaizkie. Halakoetan, bi hezitzaile edo gehiagoren gastuak egotzi ahal izango dira aldi berean, baldin eta, arrazoi pedagogikoak direla medio, ikasleek prestakuntza-ekintza hobeto balia dezaten beharrezkotzat jotzen bada.

1.1.2.– Diruz lagundutako prestakuntza emango duten irakasleen arabera, bi egoera hauek bereiz daitezke:

a) Besteren konturako langile gisa kontratatutako hezitzaileak:

Ordainsaria % 100ean egozten bada, hiru agiri beharko dira egotzitako gastua justifikatzeko: nomina-agiria, horri dagokion ordainketa-ziurtagiria eta lanaren xedea (dena delako prestakuntza-ekintza gauzatzea) jasotzen duen lan-kontratua. Prestakuntza-ekintza egiteko soilik kontraturik egin ez bada, nomina osorik egoztea justifikatu beharko da.

Prestakuntza-ekintzari egotzi beharreko zenbatekoa prestatzaileak benetan emandako ordu kopuruarekiko proportzionala izango da, eskolak zuzenean emateko kontzeptuan zein prestakuntzako, tutoretzako edo ikasleak ebaluatzeko gastuen kontzeptuan izan. Egotzitako orduen kopurua inola ere ez da izango lanaldi osoa baino handiagoa.

Prestakuntza-ekintzak emateagatiko ordainsaria ez bada bereizten nominan, eta nominaren barruan beste ordainketa-kontzeptu batzuk sartzen badira, lan egindako orduetatik prestakuntza-jardunean igarotakoak aintzat hartzeko irizpidearen araberako justifikazio-kalkulua aurkeztu beharko da.

Egotzi beharreko ordu bakoitzeko kostu gordina formula honen arabera kalkulatuko da:

(Ikus .PDF)

Egotzi beharreko kostua: emandako ordu kopurua x hezitzailearen kostua orduko.

Soldata-masaren barruan sartzen dira urteko ordainsari gordina (aparteko ordainsariak barne), gehi enpresaren konturako Gizarte Segurantzaren kostua eta pentsio-planetarako ekarpenak.

Enpresaren konturako Gizarte Segurantzaren atalean sartuko dira besteren kontura kontratatuko irakasleen gastuak, erakunde onuradunak ordaindu beharreko Gizarte Segurantzakoak, hain zuzen ere.

Egotzitako kostua justifikatzeko Gizarte Segurantzako kotizazio-agiriak (TC-1 eta TC-2 ereduak) eta haiek ordaindu izanaren egiaztagiriak.

b) Prestakuntza-zentroko edo -erakundeko hezitzaile titularrak:

Kasu honetan diru-laguntzaren onuraduna pertsona fisiko bat edo nortasun juridikorik gabeko eta zerga-ordainketaren araubideko erakunde bat da, irakaskuntza-kostuak prestakuntza-ekintzari egozten dizkiona.

Egotzitako kostua fakturazio-betebeharrak arautzen dituen azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretuan jasotako eskakizunen arabera osatutako jatorrizko fakturarekin justifikatuko da; faktura horretan langileari egindako atxikipena adierazi beharko da, baita ordainketa-frogagiria, Langile Autonomoen Araubide Bereziari ordaindu izanaren frogagiriak eta titularraren zinpeko aitorpena ere, informazio hau jasoko duena: irakatsitako prestakuntza eta egindako jarduerak, emandako orduen kopurua, ordu bakoitzeko kostua eta jaso beharreko zenbatekoa.

c) Zentroaz kanpoko irakaskuntza-zerbitzua:

Zentroaz kanpoko irakaskuntza-zerbitzutzat jotzen da gaian espezializatutako erakunde batekin kontratua sinatzea, osorik edo zatiz prestakuntza-ekintza eman dezan. Kontratua beren konturako langile hezitzaileekin ere egin daiteke.

Zerbitzu hori fakturen bidez eta dagokion ordainketa-frogagiriaren bidez egiaztatuko da.

Nolanahi ere, fakturan informazio hau adierazi beharko da: prestakuntza-jardueraren izendapena, egindako jarduera, emandako eskola-orduak, ordu bakoitzeko kostua eta guztizko zenbatekoa.

Irakaskuntza-zerbitzu jakin bat zerbitzuak bere konturako langile gisa (lan-jarduera bat egikarituz) ematen dituen pertsona batekin kontratatzen bada, egotzi beharreko kostua fakturaren bidez (langileak egindako atxikipena jasotzen duena) eta ordainketa-frogagiriaren bidez egiaztatuko da.

1.2.– Instalazioak eta ekipamenduak, ikasgelak, tailerrak eta prestakuntzaren garapenean erabilitako gainerako espazioen amortizazio-gastuak.

Atal horretan honako hauek sartzen dira: instalazioak, ekipamendu eta tresnak, baita informatika-softwarea amortizatzeko gastuak ere, baldin eta haien bizitza erabilgarria urtebeteko ekitaldi batetik gorakoa bada. Atal honetan sartzen dira, orobat, ikasgelak, tailerrak eta prestakuntzaren garapenean erabilitako gainerako espazioen amortizazio-gastuak.

Amortizazioa oro har onartutako kontabilitate-arauei jarraiki gauzatuko da; xede horretarako, sozietateen gaineko zergarako ezarritako zergen amortizazio-tauletara moldatutako amortizazio-metodo bat aplikatu ahalko da.

Gastu horiek likidatzeko unean egiaztatuko dira, gastu gisa sartutako elementu bakoitzarentzat, eta deialdi honen VI. eranskin gisa jasotako «Amortizazio-taula» eredua aurkeztuta.

Atal honetan adierazitako gehienezko zenbatekoak ezin izango du gainditu prestakuntza-ekintzarako hasieran onartutako diru-laguntzaren ehuneko 15.

Amortizazio-gastuek bat etorri beharko dute diru-laguntzaren onuradunaren kontabilitatean erregistratutako ondasun amortizagarriekin.

Ezin izango dira egotzi diru-laguntzekin edo laguntza publikoekin eskuratzen diren ondasunen amortizazio-gastuak.

Diruz lagundutako amortizazio-gastuak epe subentzionagarrira mugatuko dira.

1.3.– Baliabide eta material didaktikoetarako eta ondasun kontsumigarrietarako gastuak.

Atal honetan sartzen dira ikasleen erabilera bakarrerako testuak zein baliabide didaktikoak eta prestakuntza-jardueretan erabilitako lan-material suntsigarriak.

Aurrekoa egiaztatzeko agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretuak xedatutako eskakizunak betetzen dituzten fakturak, baita dagozkien ordainketa-frogagiriak ere.

b) Irakasle bakoitzari emandako erabilera bakarreko materialak jaso izanaren agiria, materialen xehetasunak eta ikaslearen sinadura jasotzen dituena, baldin eta material horien kostua egozten bada.

Laneko material suntsigarriak badira, haien erabilera prestakuntzaren xedearekin garatutako jardueretara doitu beharko da.

1.4.– Alokairu-gastuak eta finantza-errentamenduko gastuak.

Gastu horien barruan sartzen dira instalazioak, prestakuntza-jarduerarako makinak zein ekipamenduak alokatzeagatik edo leasing zein renting bidez hartzeagatik egotzi beharrekoak edo haietan etorkia dutenak.

Sartutako kontzeptu bakoitzari dagozkion fakturak eta alokairu-kontratuak aurkeztu beharko dira, azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretuan xedatutako eskakizunen arabera, baita dagozkien ordainketa-frogagiriak ere.

Instalazioak edo ekipamenduak alokatzetik sortutako gastuak % 100ean egozten bazaizkio prestakuntza-ekintza bati, edo gastu horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-zentro edo -erakundeari emandako hainbat prestakuntza-ekintzaren artean banatzen badira, behar bezala egiaztatu beharko da instalazioak aipatutako prestakuntza-jarduerarako erabiltzen direla soilik.

Zerga-errentamenduen kasuan (leasing edota renting) hileko kuotari eman ahalko zaio diru-laguntza, finantza-kostuak kenduta.

1.5.– Parte-hartzaileen istripuen aurkako aseguruaren gastuak.

Kontzeptu honen barruan sartzen dira ikasle parte-hartzaileek istripuen aurrean dituzten aseguru-gastuak, aseguratutako ikasle guztien poliza edo primen zenbatekoak barne, prestakuntza-ekintzara joateagatik gerta litezkeen istripuen arriskuak direla medio eta horiekin loturiko erantzukizun zibilagatik, baita, hala badagokio, lanez kanpoko lanbide-praktiken fasean gerta litezkeenak ere, edota eskolak ematen diren tokirako joan-etorrietan; hauek guztiak prestakuntza-ekintzak dirauen aldira mugatuko dira zorrozki.

Aseguru-poliza prestakuntza-ekintza bakoitzerako bereziki sinatu ahal izango da, edo prestakuntza-ekintzen multzo baterako. Nola edo hala, polizan zehazki jaso beharko dira: hasiera- eta bukaera-data, prestakuntza-ekintzaren identifikazio-zenbakia, aseguratutako ikasleen kopurua eta kontratatutako estaldurak.

Kontratuen estaldurak prestakuntza-ekintza jakin bat gainditzen badu, behar bezala justifikatu beharko da egotzitako kostua nola zehaztu den, parte hartu duen ikasle kopurua aintzat hartuta.

Prestakuntza-ekintzen hasiera- edo amaiera-datetan izan daitezkeen aldaketek nahitaez ekarriko dute aseguru-polizako datak ere berrietara moldatzea.

Gastu hori sinatutako ordaindutako prima behar bezala identifikatuta agertzen duen aseguru-polizarekin egiaztatuko da; eta dagokion ordainketa-frogagiriarekin.

1.6.– Publizitateko gastuak.

Atal honetan sartzen dira prestakuntza-ekintzen berri eman eta haiek sustatzetik eratorritako publizitate-gastuak, egindako jarduerak eta zerbitzuak komunikazio-sistema desberdinen bidez hedatzeko.

Gastu horiek fakturen eta dagozkien ordainketa-frogagirien bidez egiaztatuko dira; horrez gainera, egindako publizitatea ere aurkeztu beharko da, paperezko euskarrian edo euskarri digitalean, eta bertan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketa agertu beharko da. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketa agertzen ez bada, gastu hori ezin izango da egotzi.

2) PRESTAKUNTZA JARDUERAREN ZUZENEKO KOSTUAK.

2.1.– Laguntza-langileen kostuak.

Kontzeptu honetan sartzen dira prestakuntza-ekintza prestatu, kudeatu eta egikaritzeko behar-beharrezkoak diren zuzendaritzako eta administrazioko langileei dagozkien gastuak eta diru-laguntzaren justifikazioa. Bereziki, ikasleak hautatzeko gastuak eta kontabilitateko eta auditoriako txostenak egitearen ondorioz sortuak sartzen dira. Horiez gainera, prestakuntza-zentro edo -erakundeek antolatutako lanez kanpoko lanbide-praktiken administrazio-kudeaketatik eratorritako langile-kostuak ere egotzi ahalko dira.

Gastua kanpoko eta barneko hezitzaileen ordainsarientzat zehaztutako irizpide eta jarraibideen arabera egiaztatu beharko da.

Gastuak prestakuntza-ekintzaka zatituta aurkeztu beharko dira.

Ikasleak aukeratzetik eratorritako gastuak behar bezala arrazoitu beharko dira.

2.2.– Finantza-gastuak.

Atal honetan sartzen dira diruz lagundutako jarduerarekin zuzenean lotutako finantza-gastuak, jarduera hori prestatu edo gauzatzeko nahitaezkoak direnak, betiere.

Halakorik balego, banku-bermea eratzean sortutako komisio, interes eta gainerako gastuak ere sartuko dira, eta berme hori eratzeko agiriekin eta horrekin lotutako gastuen agiriekin egiaztatuko dira.

Ezin izango dira diruz lagundu finantza-transakzioak, komisioak eta kanbio-galerak eta banku-kontuak ireki eta mantentzetik eratorritako gastuak.

Ez dira finantza-gastutzat joko, halaber, mailegu eta kredituetatik eratorritakoak.

2.3.– Lotutako beste kostu batzuk.

Atal honetan honako hauek sartzen dira: argia, ura, berogailuak, mezularitza, posta, garbiketa, zaintza eta prestakuntza-ekintza egikaritzearekin erlazionatuta dauden eta lehenago aipatu ez diren beste kostu batzuk.

Aipatutakoez gainera, telefono- eta komunikazio-gastuak ere sartuko dira (faxa eta Interneteko konexioa), baita prestakuntzarako instalazio eta ekipamenduen mantentze-lanetatik eratorritakoak ere.

Kostu egozgarri gisa sartuko dira, orobat, irakaskuntza-materialak argitaratu zein inprimatzekoak eta material horiek itzultzekoak.

Gastu horiek dagokien fakturaren eta ordainketa-frogagiriaren bidez egiaztatuko dira.

Erakunde onuradunak gastuak egozteko irizpideak eta egindako kalkuluak aurkeztu beharko ditu gastu horiek egiaztatzeko dokumentazioarekin batera.

2.4.– Lotutako kostuen muga.

Lotutako kostuen baturak ezin izango du gainditu prestakuntza-ekintzarako hasieran emandako kostuen ehuneko 15.

3) BESTE KOSTU SUBENTZIONAGARRI BATZUK:

3.1.– Prestakuntzaren kalitatearen ebaluazioak eta kontrolak eragindako kostuak.

Zehazki, prestakuntzaren kalitatea ebaluatu eta kontrolatzeko ekintzak eragindako barneko eta kanpoko langile-kostuak sartzen dira atal honetan.

Onartutako diru-laguntzaren % 5 bideratu ahalko dute onuradunek, gehienez ere, eskaintzen duten prestakuntzaren kalitatea ebaluatu eta kontrolatzeko jardueretara.

Prestakuntzaren ebaluazio- eta kontrol-ekintza gisa hartu ahal izango dira irakasleei zein ikasleei zuzendutako inkestak, hobekuntza-eremuen identifikazioa eta hobekuntza-planak egitea.

Egindako jarduerak Lanbideri jakinarazi beharko zaizkio egiten diren unean, dokumentazioaren kopia eta lorturiko emaitzak helaraziz txosten baten bidez, eta bertan jasoko dira, gutxienez, ikastaldia emateko baldintzen egiaztapena eta ebaluazio- eta kontrol-emaitzak direla-eta egin diren hobekuntza-jardunak.

Irakaskuntzaren kalitate-kontroleko eginkizunak irakasle ez diren langileek egin ahal izango dituzte.

Kalitatearen ebaluazio eta kontroleko gastua barneko eta kanpoko hezitzaileen ordainsarientzat zehaztutako irizpide eta jarraibideen arabera egiaztatu beharko da.

Eremu honetan egindako edozein jarduera Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariei aurkeztu beharko zaie.

3.2.– Auditorearen txostenetik eratorritako gastuak.

Auditore-txostena egitetik eratorritako barneko eta kanpoko gastuak sartzen dira.

Auditore-txostenaren kostuak prestakuntza-ekintza gauzatzeko hasieran emandako diru-laguntzaren ehuneko 3 hartuko dute, gehienez ere.

Auditoriaren kostua dagokion fakturaren eta ordainketa-frogagiriaren bidez egiaztatuko da. Gastu horiek prestakuntza-ekintzen arabera behar bezala xehatuta aurkeztu beharko dira eta egoztea parte-hartzaileen kopurua kontuan hartuta egingo da.

3.– Gastu ez-subentzionagarritzat joko dira diru-laguntzaren xede den jarduerarekin zuzenean lotzen ez direnak eta beste hauek:

a) Onuradunak egiazki eta behin betiko ordaintzen ez dituen ordainsariak; halakotzat joko dira edozein modura jasanarazi, berreskuratu edo orekatu ahal izango direnak.

b) Mailegu edo kredituetatik eratorritako gastuak, baita kontu korronteak ireki eta mantentzetik eratorritakoak ere.

c) Interesak, errekarguak eta administrazio-zehapenak zein zehapen penalak.

d) Prozedura judizialen gastuak.

e) Banku-kontuetako interes zordunak.

f) Altzarien, ekipamenduen, ibilgailuen, azpiegituren, ondasun higiezinen eta lurren erosketak.

11. artikulua.– Diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa.

Prestakuntza-ekintza bakoitzeko eman daitekeen diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko aintzat hartu behar dira ekintzaren ordu kopurua, prestakuntza-ekintza bakoitzeko ikasle kopurua eta ondoko moduluen zenbatekoa, prestakuntzaren mailaren arabera:

(Ikus .PDF)

Oinarrizko eskumen eta kualifikazioa garatzeko gaitzen duen «oinarrizko mailako» modulua aplikatzen da irakasgai generiko edo zeharkakoen prestakuntza ematen denean.

«Goi-mailako» modulua aplikatzen da prestakuntzak espezializazioa dakarten gaiak barne hartzen dituenean, eta programazio- edota zuzendaritza-gaitasunak garatzeko prestakuntza ematen duenean.

Prestakuntza-ekintza espezifiko batekin batera ematen den zeharkako izaera edo izaera osagarria duen prestakuntza ekintza horren modulu ekonomikoaren arabera balioetsiko da.

12. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Esleitutako diru-laguntza honela ordainduko da:

– % 60koa izango da lehen ordainketa, eta diruz lagundutako prestakuntza-ekintza hasi eta ondoren egingo da.

– Bigarren ordainketan gainerako % 40a ordainduko da, 2014 ekitaldian betiere, behin prestakuntza-proiektua amaitu ondoren, eta aldez aurretik diru-laguntza justifikatuta, 17. artikuluan ezarritakoari jarraiki.

Lehenengo ordainketa aurreratuak 180.303,64 euroko kopurua gainditzen badu, banku-abala aurkeztu beharko da, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezarritakoari jarraituko zaio; dekretu horrek arautzen du Euskadiko Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren diru-laguntzak bermatu eta itzultzeko erregimen orokorra eta bertan ezartzen dira diru-laguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde lankideen baldintzak, araubidea eta betebeharrak.

Ordainketa bakoitza baino lehen, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatuko da, deialdi honen 3.6.a) artikuluan aurreikusitakoari jarraiki.

13. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileen betebeharrak.

1.– Parte-hartzaileek eskoletara joan beharko dute, eta prestakuntza-ekintzei probetxua atera beharko diete.

2.– Ikasleak kanporatzeko arrazoiak izango dira honako hauek:

a) Hilean lau aldiz edo maizago eskoletara ez joatea, justifikatu gabe.

b) Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoan % 25eko ez-bertaratzea biltzea, dena delako arrazoiengatik, justifikatua edo ez. Prestakuntza-ekintzan parte hartzen duen ikaslea hura hasi ondoren sartu bada ikastaldian, ikastaldian sartu zenetik haren amaiera bitarteko orduekiko kalkulatuko dira ikasle horrek huts egindako eskolak.

c) Eskolei probetxurik atera ezean, edo prestakuntza ematen duen zentro edo erakundeak zein Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ikasleak jarrera egokia ez duela hautematen duenetan.

3.– Hona hemen ikasle baten kanporatzea erabakitzeko jarraitu beharreko prozedura:

a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo prestakuntza-zentro edo -erakundeak kanporatzeko arrazoiren bat hautematen badu, eta, bigarren kasuan, erakundeak idazki bidez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari horren berri eman ondoren Lanbidek jakinarazpena aintzat hartzen badu, Enplegurako Prestakuntzaren eta Diru-sarreren Bermerako zuzendariak kanporatze-prozedura hasteko erabakia hartu eta erabaki horren berri emango dio dagokion ikasleari. Ikaslea baztertzeko proposamena egiteko arrazoia azalduko da prozedurari ekiteko erabaki horretan, eta ikasleak bost egun naturaleko epea izango du alegazioak aurkezteko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebatziko du prozedura, 15 eguneko epean. Egoerak hala eskatzen badu, prestakuntza-ekintzaren jarraipen egokia bermatzeko behin-behineko neurriak har daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behineko izaeraz baztertzea ikastalditik, prozedura abiatzeko erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den bitartean.

b) Ebazpenaren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazpenaren biharamunetik zenbatzen hasita; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

14. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak egikaritzea eta lortutako gaitasunak egiaztatzea.

1.– Diru-laguntzaren onuradunak deialdi honetan ezarritakoaren arabera eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako ereduak aintzat hartuta egikaritu beharko ditu prestakuntza-ekintzak, hala nola hasieraren berri emateko moduari, gerora izan daitekeen edozein aldaketari, prestakuntza-ekintzak bukatzeari baita parte-hartzaileen bertaratzea kontrolatzeari dagokionez ere. Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez bada, 7 egun naturaleko gehienezko epean egin beharko zaizkio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari dagozkion jakinarazpenak.

Prestakuntza-ekintzara bertaratuko diren ikasleen kopuruak ezin izango du ekintzarako onarturiko ikasleena gainditu.

Erakunde onuradunek honako hauek emango dizkiete, gutxienez, parte-hartzaile guztiei prestakuntza-ekintzetan:

– Espezialitatearen eduki guztiak biltzen dituen eskuliburu bat, editatua edo euskarri informatiko batean,

– Ikastaldia behar bezala garatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala, eta

– Beharrezkoak diren babes-elementuak.

2.– Ikasle batzuek ekintza bertan behera uzten badute, beste ikasle batzuk sartu ahalko dira prestakuntzara haien ordez. Prestakuntza-ekintzaren iraupenaren ehuneko 25era iritsi baino lehen onartuko da ordezpen hori, salbu eta profesionaltasun-ziurtagiriei loturiko prestakuntza-ekintzak badira, kasu horretan ordezpena prestakuntza-ekintza hasi eta lehen bost eskola-egunetan gertatzen bada onartuko baita soilik, betiere ehuneko hori gainditu ez bada.

Ordezpenaren unean ikasle taldeak langabeentzat ezarritako gutxieneko ehunekoa eta landunentzako gehieneko ehunekoa bete beharko du (% 60 eta % 40, hurrenez hurren). Dena den, ekintzaren hasierako aldian gertatzen diren bertan behera uzte horiek ez badira ordezten eta prestakuntza-ekintzan jarraitzen dute pertsonen kopurua ehuneko 60tik behera jaisten bada, prestakuntza-ekintza egikaritzen jarraitu ahalko da.

Hasitako ekintzetara eransten diren ikasleek ikastaldiari probetxua ateratzeko gaitasuna bermatzen duen adinako maila eduki behar izango dute, ikastaldiaren garapen arruntari eragin gabe. Hori dela eta, prestakuntza-ekintzaren aprobetxamendua eta garapen arrunta bermatze aldera, parte-hartzaileen hautaketa-prozesuak irizpideak ezarri beharko ditu ikasleek prestakuntza-ekintza behar bezala jarraitzeko adinako gutxieneko maila dutela bermatzeko.

3.– Prestakuntza-ekintzan parte hartuko duten langabeei dagokienez, berehala eman beharko zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari parte-hartzaileen ukoen, ez-bertaratzeen eta bertan behera uzteen berri, gertaera horien arrazoiak zehaztuta.

4.– Prestakuntza profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratuta ez dagoenean, parte-hartzaile bakoitzari bertaratze-ziurtagiri edo diploma bat emango zaio, prestakuntzaren ebaluazio positiboa lortu badu. Horretarako, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduak erabiliko dira, eta, eredu horietan, ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, modalitatea, iraupena eta emateko aldia jasoko dira gutxienez.

5.– Prestakuntza profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko bada, urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 14. artikuluaren idazkuntza berriaren arabera (martxoaren 15eko 189/2013 Errege Dekretuak aldatu zuen), ikaslearen ebaluazioa moduluei jarraiki egingo da ikaskuntzaren emaitzak egiaztatzeko eta, horrenbestez, lanbide-gaitasunak lortu dituela egiaztatzeko.

Ebaluazioa sistematikoki garatuko da, aldez aurreko plangintza bati egokituta, eta bertan jasoko dira, gutxienez, modulu bakoitzerako, hura egiteko aurreikusitako egunen aurreikuspena, zein tokitan burutuko den, erabiliko diren ebaluazio-tresnak eta horien aplikazioak emango duen denbora.

Prestakuntza-moduluetan egiaztatu beharreko emaitzak horiek ezaguerei zein gaitasunetan eta ebaluazio-irizpideetan bilduriko trebetasun praktiko eta abileziei buruzkoak izango dira, eta, oro har, lanbide-gaitasunak eskuratu direla frogatzea ahalbidetu beharko dute. Gaitasun-atalen egiaztapena lortzeko, ebaluazio positiboarekin gainditu beharko dira, gai kalifikazioarekin, gaitasun-atal bakoitzari loturiko prestakuntza-moduluak.

Prestatzaileek dokumentu bidez islatuko dituzte txosten batean prestakuntza-modulu bakoitzaren ebaluazioan ikasleek lorturiko emaitzak, eta bertan bilduko da aplikaturiko ebaluazio-tresnetan ikasle bakoitzak izandako jarduna, egindako zuzenketekin eta horietan lorturiko puntuazioekin.

Modulua bukatutakoan Ebaluazio Akta egingo da, parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitzekin. Prestatzaileak eta prestakuntza-ekintza eman den zentro edo erakundeko pertsona arduradunak sinatuko du akta, eta ikasleen identifikazioa (izena, abizenak, NAN edo AIZ) eta emaitza («gai» edo «ez gai» kalifikazioarekin) bilduko ditu.

Lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egiten den bitarteko ikasleen jarraipena eta ebaluazioa batera egingo dute prestakuntza-zentroak eta enpresak hautaturiko tutoreek. Modulu hau gainditzen duten ikasleek bi tutoreek eta enpresaren arduradunak sinaturiko ziurtagiria jasoko dute, eta ziurtagiri hori aurkeztu beharko da dagokion profesionaltasun-ziurtagiria eskatzeko.

Ikastaldia bukatzean ebaluazioa gainditu duten parte-hartzaileei dagokien profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko eskaria emango zaie diplomarekin batera edo, gaitasun-unitateka egingo diren eta osoki emango ez diren prestakuntza-ekintzen kasuan, gainditutako gaitasun-unitateen egiaztapen partziala lortzeko eskaria emango zaie ebaluazioa gainditzen duten ikasleei. Ikasleak ikastaldia emaitza positiboarekin gainditzen ez badu, berriz, bertaratze-ziurtagiria emango zaio.

Profesionaltasun-ziurtagiriei dagozkien prestakuntza-ekintzak ematen dituen zentroak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dizkio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari:

  • Ikastaldia hasi 7 egun balioduneko epearen barruan:
  • Ebaluazioaren plangintza.
  • Erabili beharreko ebaluazio-tresnak, horiek zuzentzeko eta puntuatzeko dagozkien euskarriekin.
  • Amaitu ondorengo 7 egun balioduneko epearen barruan:
  • Ikasleek lorturiko emaitzak bilduko dituen dokumentazioa.
  • Ebaluazio-aktak.

6.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako diplomen erregistroa egingo du.

7.– Erakunde onuradunek partzialki edo osorik kontratu ahalko dute, behingoan, prestakuntza-jarduera egitea, salbu eta diru-laguntzaren onuraduna prestakuntza-zentro bat bada. Horri begira, ordea, diru-laguntza jaso duen prestakuntza-jarduera emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat joko.

15. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egingo du, erakunde onuradunarekin batera, lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola. Horretarako, prestakuntza-ekintzak garatzen diren zentroa bisitatuko du eta idazki bidez jaso beharko du ezarritako baldintzak betetzen direla edo, hala badagokio, zer nolako irregulartasun hauteman dituen, ongi zehaztuta, arazoak konpon ditzaten.

Lanbidek bi bisitaldi egingo ditu, gutxienez ere, ikastaldian:

  • Hasieran. Bisitaldi honetan prestakuntza ematen duen erakundearekin baldintzak egiaztatuko ditu, ikastaldiari eta haren garapenari buruzko datu guztiak emango dizkie ikasleei eta horiek izan ditzaketen zalantza eta galderei erantzungo die.
  • Ikastaldiaren bukaeran: erakundearen baldintzak egiaztatuko ditu, ikasleei amaierako inkesta pasatuko die eta ikastaldiaren balioespen orokorra eskatuko die.

Bisitaldi kopurua areagotu daiteke, ikastaldien iraupenaren arabera, edo arazo edo gabeziaren bat konpontzeko beharrezkoa balitz.

Prestakuntza ematen duen zentro edo erakundeak Lanbidera bidali beharko du, ikastaldiaren lehenengo hilabetea bukatu baino lehenago:

  • Ikastaldiaren funtzionamenduari buruzko txostena, homologazio-baldintzak eta ikastaldiaren hasierako komunikazioan adierazitakoa betetzen dela egiaztatzen duena.
  • Ikasleei aplikaturiko kalitate-inkestak, haiek egindako ohartarazpenekin batera.

16. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.

395/2007 Errege Dekretuak eta TAS/718/2008 Aginduak prestakuntza-ekintzen ebaluazioari buruz eta prestakuntza-eskaintzaren sustapenari eta kalitatea bermatzeari buruz ezarritakoaren arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen babesean emandako prestakuntza-ekintza guztien kalitatea aztertuko du, ebaluazio-sistema bitariko bati jarraiki. Ebaluazio-sistema mistoak bi iturri hauetatik bilduko du informazioa:

A) Ikasleek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzetatik, Enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituen Estatuko Enplegu Zerbitzuaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean (BOE, 2009ko ekainaren 11koa) xedatutakoaren arabera.

B) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariak prestakuntza-ekintzaren bukaeran egindako bisitaldian emandako puntuak, «Prestakuntza-zentro/erakundeak emandako heziketaren ebaluazioa» ereduzko agiriarekin bat etorrita.

Nolanahi ere, emandako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko nahitaez egin beharko da prestakuntza-zentro edo -erakundeak emandako prestakuntza-ekintza bakoitzarentzako sintesi-adierazle bat. Sintesi-adierazle horrek aipatutako bi iturrietatik lortutako emaitzak haztatuko ditu, beheko formula honen arabera:

A= Ikasleek betetako galdesortetatik lortutako batez besteko puntuazioa, 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenaren arabera.

B = Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariak emandako guztizko puntuak, VII. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

Nolanahi ere, beste informazio iturri batzuk ere aintzat hartu ahalko dira, halakorik balego, prestakuntza-zentro edo -erakundeen kargu utzitako ebaluazio-ekintzetan lortutako emaitzak, besteak beste.

17. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa eta likidazioa.

Diru-laguntzaren onuradunak diruz lagundutako prestakuntza-ekintza egin duela justifikatu behar du agiri bidez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, baita ekintza hori garatzean izandako gastuak eta kontratatzeko konpromisoa bete duela ere, ekintza amaitu eta gehienez ere hiru hilabeteko epean.

1.– Justifikazio-epea ez betetzea.

Ezarritako epean goiko paragrafoan aipatutako dokumentazioa aurkezten ez badu, eskumeneko organoak 15 eguneko epe luzaezina emango dio onuradunari agiri horiek aurkez ditzan. Bigarren epe hori bukatu eta justifikaziorik aurkeztu ez bada, itzultze-prozedurari hasiera emango zaio.

2.– Diru-laguntzaren justifikazioan zenbatu daitezkeen ikasleak.

Laguntzen likidazioa, prestakuntza-ekintzak amaitu dituzten parte-hartzaileen eta benetan egin dituzten eskola-orduen arabera egingo da, ezarritako modulu ekonomikoei jarraiki. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasiera batean onartutako diru-laguntzaren zenbatekoa. Prestakuntza egikaritu ondoren diru-laguntza zehaztean, ikasle batek prestakuntza amaitu duela hartuko da kontuan, baldin eta prestakuntza-ekintzaren iraupenaren ehuneko 75ean bertaratu bada.

Langabeen kasuan, prestakuntza-ekintza enplegua aurkitu dutelako utzi behar izan duten langabeek prestakuntza-ekintza hori amaitu dutela hartuko da kontuan, betiere laneratzeagatiko baja epea igaro ondoren gertatzen bada, zentroak pertsona horiek ordez ditzan.

Bertan behera uzteak prestakuntza-orduen % 25 eman ondoren gertatzen badira, prestakuntza-ekintzak hasi dituzten parte-hartzaileen kopuruaren % 15eko desbideratzeak onartuko dira gehienez, prestakuntza-ekintza bakoitzeko.

3.– Auditorearen txostena jasotzen duen justifikazio-kontua.

Onuradunak diruz lagundutako prestakuntza-jarduera egin izana justifikatu beharko du, baita jarduera horrek sortutako gastua ere, auditorearen txostena jasotzen duen justifikazio-kontu baten bidez; azken horrek bat etorri beharko du diruz lagun daitezkeen kostuekin eta artikulu honetan ezarritako gastu egozgarrien irizpideekin.

Auditorearen txostenak berretsi beharko du aitortutako gastuak egozgarriak direla, balio frogagarri bereko faktura edo kontabilitate-agiriekin egiazta daitezkeela eta, gainera, gastuok prestakuntza-ekintzarekin lotzen dituen zigiluarekin sailkatu dituela onuradunak, diruz lagungarria den epearen barruan ordaindu izana eta ordainketa gauzatu izanaren lekukotasunik badagoela egiaztatzeaz gainera. Xede horretarako, zigiluak adieraziko du zer prestakuntza-ekintza justifikatzeko aurkeztu diren jatorrizko egiaztagiriak eta egiaztagirien balioa guztiz edo hein batean egozten zaion diru-laguntzari (bigarren kasuan egotzitako zenbateko zehatza adierazi beharko da).

Onuradunak nahi duen auditorea aukeratu eta kontratatuko du, Kontabilitatearen eta Kontu Auditoretzaren Institutuaren mendeko Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako jarduneko auditoreen artean, eta merkatu askeko eta sektoreko batez besteko ordainsariak errespetatuz.

Justifikazio-kontuarekin batera aurkezten den auditore-txostenak eragindako gastua diruz lagun daitekeen gastutzat joko da eta justifikatu egin beharko da kontzeptu honetarako 10. artikuluan adierazitakoaren arabera.

4.– Justifikatzeko erabili beharreko dokumentuak.

Prestakuntza-ekintza bakoitza justifikatzeko honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

– «Gastuen aitorpena eta prestakuntza-ekintzaren azken likidazioa». Deialdi honen IV. eranskina.

– «Gastuen frogagiri-zerrenda». Deialdi honen V. eranskina.

– «Amortizazio-koadroa». Deialdi honen VI. eranskina.

– Diru-laguntza bat baino gehiago aldi berean jasotzen ez dela egiaztatzen duen aitorpena.

– BEZaren urteko aitorpena (390. eredua), baldin eta beharrezkoa bada.

– Prestakuntza-ekintzaren auditoria-txostena.

5.– Aitortu beharreko gastuak.

Gastu subentzionagarritzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin zalantzarik gabe bat datozenak eta justifikazio-epea amaitu aurretik ordaindu direnak.

Gastu subentzionagarritzat aurkezten diren ondasun edo zerbitzuen eskuratze-kostua ezin izango da merkatu-balioa baino handiagoa izan, inola ere, eta bereziki hartzailearen eta ordaintzailearen artean lotura dagoenean.

Diru-laguntzen onuradunek diruz lagunduriko prestakuntza-ekintzek sorturiko gastu guztiak aitortu beharko dituzte. Ez da onartuko diru-laguntzaren likidazioaren ondoren aurkezturiko gastuen frogagiririk.

Onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu beste horrenbeste hornitzaileengandik, salbu eta gutxieneko kopuru hori ez dagoela justifikatuta badago, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak aplikatzen direla bermatzeko, produktu eta zerbitzuen eskurapena kostuen egozpenaldian egin behar denean eta 18.000 eurotik gorakoa denean.

6.– Gastuen justifikazioa.

Gastuak faktura bidez eta zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten gainerako dokumentuen bidez egiaztatuko dira. Diru-laguntzen onuradunek prestakuntza-ekintzaren kostuaren justifikazioan egozten diren gastuen eta ordainketen frogagiriak izango dituzte.

Faktura, oso-osorik, prestakuntza-ekintza bati egozten bazaio, hari dagokion prestakuntza-ekintzaren identifikatzailea jasoko da faktura horretan. Partzialki egozten bada, idazki erantsi batean zehaztuko dira zein diren egozten diren elementuak, baita haietako bakoitzaren prezioak ere.

Fakturek egindako eragiketaren deskribapen osoa eta xehatua jaso beharko dute, eta Fakturaziorako betebeharren araudia onartu eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araudia aldatzen duen azaroaren 30eko 1496/2003 Errege Dekretuaren (2012ko abenduaren 1eko BOE) eskakizunetara egokituko dira.

Fakturaren kontzeptua autoesplikatiboa ez denean, dagozkien entrega-albararen kopia konpultsatua erantsiko zaie faktura horiei.

Aldaketak edo zirriborroak dituen dokumentuak ez dira gastu-frogagiri bezala onartuko. Zerbait argitu nahi bada, idazki bat erantsiko zaie frogagiriei.

Likidazioarekin batera aurkezten diren idazki guztiek diru-laguntzaren onuradunak sinatuta eta zigilatuta egon beharko dute.

7.– Kontabilitatea.

Onuradunak kontabilitate-sistema bereizia edo kontabilitate-kode egokia izango du emandako diru-laguntzarekin lotutako transakzio guztietarako, kontabilitate-arau nazionalak aparte utzi gabe.

Halaber, onuradunak «Gastuen frogagiri-zerrendan» aurkeztutako gastu eta ordainketen frogagiriak gorde beharko ditu, aplikatzekoak diren egiaztapenak eta kontrolak egin ahal izateko justifikazioa aurkeztu eta hurrengo bost urteetan. Aipatutako epea igaro gabe jarduera bertan behera uztea edo desegitea erabakitzen duten erakundeek dagokien dokumentazioaren kopia bidali beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren organo eskudunari.

8.– Gastuen egozpena.

Loturiko kostuak diruz lagundutako jarduerari egotziko dizkio onuradunak, oro har onartutako kontabilitate-printzipio eta -arauen arabera proportzionalki dagokion zenbatekoan eta, nolanahi ere, gastu horiek jarduera egin den aldiari dagozkion neurrian.

Gastuak komunak direnean prestakuntza-ekintza askotarako, modu proportzionalean egotziko zaizkio prestakuntza-ekintza bakoitzari, gastu horiek egozteko erabili diren irizpideak eta egin diren kalkuluak azalduz.

9.– Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ).

BEZa diruz lagun daitekeen gastua izango da baldin eta onuradunak benetan eta behin betiko jasaten badu. BEZ berreskuragarria ez da diruz lagunduko. Baldintza hori egiaztatzeko, azken ekitaldiari dagokion 390 eredua (BEZaren urteko aitorpenaren laburpena) aurkeztuko da, eta, eredu horretan, hala badagokio, Zerga Administrazioak aplikatuko duen kenkari-ehunekoa (hainbanakoa) agertuko da.

BEZari lotuta ez dauden edo guztiz salbuetsita dauden erakundeek Zerga Administrazioak egindako ziurtagiri eguneratuaren bidez egiaztatuko dute egoera hori.

18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honen artikuluetan aurreikusitakoez gain, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluan jasotakoak.

Bereziki, diru-laguntzen onuradunek frogaketa- eta kontrol-jarduerak igaro beharko dituzte, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarenak, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoarenak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailarenak, baita Herri Kontuen Euskal Epaitegiarenak ere; hala, lokal eta instalazioetarako sarbidea errazteaz gainera, prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatzea egoki irizten dioten beste edozein pertsonarekin harremanetan jartzen utzi beharko die.

Kontrol-jarduera hauek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:

• Finantzatutako ekimenaren egikaritzeari edo bideragarritasunari buruzko edozein informazio ematea eta eskatzen zaion jarraipen-dokumentazioa bete eta bidaltzea.

• Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste erakunde batzuetatik eratorritako diru-laguntzak edo laguntzak (diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak) eskatu direla edo eskuratu direla.

• Diruz lagundutako jardueraren xedeari edo izaerari nabarmen eragin dakiokeen edozein gertaera jakinaraztea, baita diru-laguntza emateko aintzat hartu izan den inguruabarren baten aldaketa ere.

Prestakuntzaren garapenean jardunaren jarraipena egiteaz gainera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak auditoria- eta ikuskapen-plan bat ezarri ahal izango du, alde batetik, eskakizunak betetzen direla ziurtatzeko eta, beste alde batetik, diruz lagundutako ekintzen egiazko baldintzak zein diren berresteko.

19. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok emandako diru-laguntza aldatzea ekarri ahal izango du, diru-laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.

20. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekin bat etortzea.

Deialdi honen xede diren laguntzak bateragarriak izango dira beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin; nolanahi ere, finantziazio-iturri desberdinetatik jasotako laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako prestakuntza-ekintzen benetako kostua. Kostu hori gaindituz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

Bereziki, bateragarriak izango dira 2012ko urriaren 3ko Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren Agindu bateratuarekin; horren bidez, gazteek prestakuntza lanarekin txandakatzeko Hezibi programaren oinarri arautzaileak ezartzen dira.

21. artikulua.– Diru-laguntza itzultzea.

1.– Ondoren zehazten diren kasuetan, ezin izango da diru-laguntzaren ordainketa galdatu, eta aurretik zerbait ordaindu bazaie, bidezkoa izango da, batetik, jasotako zenbatekoak itzularaztea, eta, bestetik, diru-laguntza ordaindu zenetik aurrera sortuko ziren legezko korrituak galdatzea. Hona hemen kasuok:

– Jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintza eta betekizunak bete izana justifikatu beharra ez betetzea.

– Diru-laguntza lortzea horretarako eskatutako baldintzak bete gabe.

– Jarraipen- eta kontrol-jardunak ukatzea edo oztopatzea.

– Diruz lagundutako ekintzak egikaritzeko baldintzei buruz datu faltsuak ematea, errealitatearekin bat ez datozenak.

– Deialdi honetan zehaztutako beste edozein betebehar, baldintza edo eskakizun ez betetzea.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren erakunde onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, alegazioak edo egokitzat joko dituen egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio.

3.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan halakorik aurkeztu ez badu edo ez badira onartu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena egingo du. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

4.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da eta, hala badagokio, bi hilabeteko epean, gehienez ere, dagozkion diru-kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra adieraziko dio onuradunari, ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da. Borondatezko aldian ez badira zenbateko horiek itzultzen, haiek premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.

22. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.

Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere fitxategi automatizatuetan sartuko ditu deialdi honetan araututako laguntza-eskaerak betez lortutako datu pertsonalak.

Halaber, interesdunek Legean aurreikusitako datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte. Horretarako, idazki bat igorriko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiari (Jose Atxotegi kalea, 1, Vitoria-Gasteiz).

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala