Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

104. zk., 2013ko maiatzaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2534

EBAZPENA, 2013ko maiatzaren 15ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena; honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen aldetik garatzen diren prestakuntzako estrategia-ekintzak egiteko laguntza ekonomikoen 2013ko ekitaldirako deialdia egiten da, Lanbideren Administrazio Kontseiluaren erabaki bidez onarturikoa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2013ko maiatzaren 13ko bilkuran harturiko erabaki bidez, onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen aldetik garatzen diren prestakuntzako estrategia-ekintzak egiteko laguntza ekonomikoen 2013ko ekitaldirako deialdia egitea, eta maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onarturiko Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) idatz-zatian ezarritakoaren arabera, erakunde autonomo honetako zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.

Adierazitakoagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen aldetik garatzen diren prestakuntzako estrategia-ekintzak egiteko laguntza ekonomikoen 2013ko ekitaldirako deialdia argitaratzea; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabaki bidez onarturikoa da, 2013ko maiatzaren 13ko bilkuran hartu baita erabakia, eta ebazpen honen eranskin gisa bilduta dago.

Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.

Hirugarrena.– Jakinaraztea deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren kontra berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 15a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ENPRESEN ALDETIK GARATZEN DIREN PRESTAKUNTZAKO ESTRATEGIA EKINTZAK EGITEKO LAGUNTZA EKONOMIKOEN 2013ko EKITALDIRAKO DEIALDIA

Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean daude 1995eko irailaren 27an sinatu zirenetik, Etengabeko Prestakuntzari buruzko Lanbide arteko Akordioa eta ondoren izenpeturiko Euskal Autonomia Erkidegoko Etengabeko Prestakuntzarako Hiruko Akordioa, eta azken horren bitartez, Eusko Jaurlaritzak gizarte-eragileek erabakiriko eredua onartu eta alderdiek onetsiriko betekizunak banatu ziren.

Hiruko Akordioaren bitartez Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa sortu zen, EAEko langile landunen prestakuntzaren kudeaketa- eta zuzendaritza-lanak eta enpresen, langileen eta ikastetxeen artean etengabeko prestakuntzarako interesa pizteko eta jarduera hori ahalik eta gehien zabaltzeko eta ahalik eta eraginkortasun handiena izateko ardura bere gain hartzeko helburuarekin.

Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak– Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari esleitzen dizkio enplegu-politika eta enplegurako lanbide-heziketako azpisistema.

Bestalde, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokio, beste zenbait funtzioren artean, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa, eta dagozkion diru-laguntza deialdiak onartu eta izapidetzea ere biltzen du funtzio horrek, 82/2012 Dekretuak onarturiko erakunde autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan ezarrita dagoenez. Enplegurako prestakuntzaren barruan, eta lanerako eta etengabeko prestakuntza bereizi ondoren, pertsona landunei zuzenduriko prestakuntza dago gaur egun, hala eskatzen, enpresen prestakuntza-ekintzak eta banakako prestakuntza-baimenak barnean hartzen dituena, nola eskaintzen dena. Azken horrek, lehentasunez langile landunei zuzenduriko prestakuntza-planak barnean hartzen ditu.

Langile landunei lehentasunez zuzenduriko enplegurako lanbide-heziketa funtsezkoa da bizitza osoan baitako prestakuntza ziurtatzeko, langileak eta enpresak ezaguera oinarrian duen gizartera egokitzeko eta Europako Enplegurako Estrategiaren esparruan garatzen diren produkzio-prozesuek izan ditzaketen aldaketen aurrean langileen gaitasun profesionalari eusteko.

Langileei lan-bizitzan beharko duten kualifikazioa emateaz gain, prestakuntza aldaketa teknologiko, ekonomiko eta soziala dakarten prozesuetan lehentasunezko balio bat da eta, hori dela-eta, funtsezkoa da enpleguaren egonkortasuna eta gizarte-kohesioa lortzeko.

Testuinguru horretan, erabaki honi esker finantzaketa ezartzen zaien prestakuntza-ekintzen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek beren langileen eskumenak eta kualifikazioak hobetzeko prestakuntza-ekintzak programa ditzatela ahalbidetzen da.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2013ko maiatzaren 13ko bilkuran harturiko erabaki bidez, onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen aldetik garatzen diren prestakuntzako estrategia-ekintzak egiteko laguntza ekonomikoen 2013ko ekitaldirako deialdia, honako hauei jarraiki:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek beren langileen gaitasun eta kualifikazioak hobetzeko programaturiko prestakuntza-ekintzak (prestakuntzako estrategia-ekintzak) garatzeko laguntza ekonomikoen 2013. urterako deialdia egitea.

Estrategia-ekintzak dira enpresaren proiektuari zuzenean lotuta egonik premien diagnostiko batean edo antzeko dokumentu batean, aurkezturiko ekintzen eta horiek hartuko dituzten langileen lehentasunaren adierazgarri den batean, jasangarriak direnak.

2.– Deialdi hau finantzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoak 4.300.000 euro izango dira gehienez, eta horietatik 2.150.000 euro 2013ko ordainketa-kredituari dagozkio eta 2.150.000 euro, aldiz, 2014ko konpromiso-kredituari dagozkio.

3.– Deialdi honetan bilduriko laguntzak ez dira bateragarriak izango prestakuntza-ekintza berak egiteko laguntzen onuradunek jaso ahalko dute beste edozein diru-laguntza publikorekin.

4.– Dena den, deialdi honetan bilduriko diru-laguntzak etengabeko lanbide-prestakuntzako estatuko egungo ereduaren barruan aurreikusiriko hobariekin osagarriak direla bermatuko da.

– Horri begira, estatuko hobari-sisteman agortu beharko dute enpresek ekitaldirako kreditu erabilgarria, eta bestela, agortu gabeko kredituaren kopurua azken diru-laguntzatik deskontatuko da.

– Gainera, egikaritzeko diru-laguntza eskatzen duten ekintzek estatuko ereduan hobaririk jasotzen ez dutela bermatu beharko dute enpresa eskatzaileek.

Bikoiztasunak eta prestakuntza-ekintzen gainfinantzaketa saihesteko, deialdi honetan eskatzen dizkieten puntu guztiak egiaztatu beharko dituzte eskatzaileek.

5.– Lehia-, publikotasun- eta objektibotasun-printzipioak kontuan izanda emango dira laguntza horiek.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Deialdi honetako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lantokietarako sustatzen diren prestakuntza-ekintzei aplikatuko zaizkie.

2.– Deialdi honetan bildurikoaren araberako enpresa eta enpresa taldeak dira laguntzen onuradun, eta haietako langileek parte har dezakete prestakuntza-ekintzetan.

3.– Honako kolektibo hauek ere diru-laguntzak jaso ahalko dituzten prestakuntza-ekimenetan parte hartzeko aukera izango dute:

1) Lan elkartuko kooperatibetako bazkide diren langileak, Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) kotizatzen dutenak, elkarte horietako estatutuek hori xedatzen dutenean.

2) Enpresari zuzenean loturiko langileak eta Legearen arabera besteren kontura kontratatu ezin direnak, nahitaez Langile Autonomoen Araubide Berezian (administratzaileak, senitartekoak) kotizatu behar dutenak.

3) Gizarte Segurantzaren Nekazaritza Araubide Berezira (GSNAB) edo itsasoko langileen Araubide Berezira bilduriko langileak.

4) Langile autonomoak.

5) Landun ez direla ere, honako egoera hautakoren batean daudenak:

– Denbora partzialean lan egiten duten langileak (finko aldizkakoak), lanik egiten ez duten aldietan.

– Prestakuntzaldian daudenean langabeziara igarotzen diren langileak.

– Enplegu-etenaldietan enplegu-erregulaziora bilduriko langileak.

Salbuespen gisa, nazioartekotze-prozesuetan sartuta dauden enpresen kasuan, eta betiere behar bezalako justifikazioarekin, laguntzaren enpresa onuradunarekin loturiko enpresei dagozkien langileek parte hartu ahalko dute finantzaturiko prestakuntza-ekintzetan. Horri begira, hirugarren herrialdeetan benetan ezartzeko prozesuak nazioartekotze-prozesuak dira.

4.– Ezin izango dute onuradun izan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatu duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluaren 5. idatz-zatian ezarritako kausaren batean sartuta daudenak.

5.– Finantzaketa jaso ahalko dute, 2013. urteko deialdi honetan, 2013ko urtarrilaren 1etik 2014. urteko ekainaren 30era bitarte garatzen diren prestakuntza-ekintzak. Minimis erregelan sar ezin daitekeen diru-laguntza bat bada, eskaera egin ondoren eman behar zaio hasiera (800/2008 Erregelamenduaren 8.2 artikuluaren eragin pizgarria).

6.– Deialdi honetako 9.II artikuluan ezarritako irizpideen arabera, gutxieneko puntuazioa merezi duela egiaztatzen ez duen aurkezturiko ekimenik ez da finantzatuko.

3. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak.

1.– Deialdi honi dagokionez, prestakuntza-ekintza irakasteko eta ikasteko prozesua da, enpresaren prestakuntza-proiektuaren barnean (Prestakuntza Plana) hartzen dena eta helburu, eduki eta iraupen sistematizatuak dituena, parte-hartzaile guztientzat erkideak.

Ez dira finantzatuko nagusiki prestakuntza-prozesu (irakaskuntza-ikaskuntza) bat garatzea bilatzen ez duten ekintzak, helburutzat enpresaren produkzio-prozesuarekin zuzenean loturiko gaitasun eta kualifikazioak hobetzea duen prestakuntza-prozesu bat, hain zuzen ere.

2.– Oro har, prestakuntza-ekintzek, indibidualek zein taldekoek, gutxienez 6 ordu eta gehienez 270 ordu iraungo dute parte-hartzaile bakoitzeko. Muga horrek salbuespenak izan ditzake, betiere premiazkoa dela justifikatzen bada. Prestakuntza-jarduerek egunean gehienez 8 ordu iraungo dute betiere.

3.– Prestakuntza-ekintzak honako modalitate hauetakoren batean eman beharko dira: presentziala, ez-presentziala edo mistoa.

a) Prestakuntza presentzialtzat jotzen da, ikasgela batean, irakasleek ikasle talde bati ezaguera berak eta aldi berean transmititzen dietenean, edozein motatako baliabide didaktiko erabilita.

b) Prestakuntza ez-presentzialtzat jotzen da parte-hartzaileak bere ikaskuntzaren erritmoak norberaren denborara egokitzen dituenean; horretarako, tutore/irakasleak izango ditu, bere zalantzak argitzeko eta aurrerapausoak egiaztatzeko, eta horrela erabilitako materialen edukiak osatu edo sendotuko ditu.

Prestakuntza ez-presentziala teleprestakuntza bidez eman ahalko da soilik, eta ekintzarako proposaturiko ordu kopurua behar bezala justifikatu beharko da. Salbuespen gisa, urrutiko modalitate ez-presentziala eskatu ahalko da, aldez aurretik beharrezkoa dela justifikatuta, eta materiala bidaltzeko prozedurak, tutoretza presentzialak edo ez-presentzialak, jarraipen-kontrolak eta irakaskuntza programatuak eskatzen dituen probak zehaztuta betiere.

b.1.– Prestakuntza ez-presentziala, ikaskuntza sistematizatua dakarten euskarri didaktikoekin eman beharko da, eta nahitaez laguntza tutorialarekin osatuko da.

b.2- Deialdi honi begira, prestakuntza ez-presentziala balitz bezala hartuko da kontuan Baliabideetako Ikastetxeetan emandako prestakuntza. Baliabideetako Ikastetxe gisa hartuko da kontuan, norberak erabil dezakeen ekipamendu didaktiko jakina duen instalazioa; parte-hartzaileak bertara joaten dira, hainbat euskarriren bidez prestakuntza eskuratzeko eta, bertan, beren zalantzak argitzeko tutoretza-motaren bat edukiko dute.

b.3.– Prestakuntza-plataformen gutxieneko ezaugarriak:

1) Prestakuntza egikaritzeko onuradunek erabiltzen duten teleprestakuntza-plataformak honako baldintza hauek bildu beharko ditu:

a) Prestakuntza-proiektu bat eduki behar du, bertan ikasteko metodologia, jarraipena eta ebaluazioa zehaztuta.

b) On-line eskuliburu bat eduki behar du ikaslearentzat, plataformaren eta ikaslearen beraren oinarrizko eragiketen funtzionamenduari buruzkoa on-line prestakuntzaren jarraipena egiteko, deskargatu eta off-line kontsultatu ahalko dena.

c) «On-line» ikaskuntza-programa bat eduki behar du, ikasleen prestakuntza kudeatzeko eta bermatzeko ahalmen nahikoarekin, honako eskakizun hauek ere beteta:

– Arau tekniko aplikagarrien adieraziriko fidagarritasun-, segurtasun-, irisgarritasun- eta interaktibitate-mailak bildu behar ditu.

– Erabiltzaile posible guztiei aldi berean sartzea ahalbidetu behar die, ikastaldiaren etapa guztietan berdin atxikiko den plataformaren banda-zabalera ahalbidetuta.

d) Plataforma erabiltzeko lizentzia egokiak eduki behar ditu.

e) Ez du inolako publizitaterik eduki behar. Logotipoa eta fabrikatzailearen copyrighta ez dira publizitatetzat hartuko.

f) Edukiak editatzea eta aldatzea.

g) 24 x 7 prestasuna izan behar du.

2) Honako komunikazio-tresna hauek ere eduki beharko ditu:

a) Foroak: foro anizkoitzak, aldiberekoak, irekitzeko, ixteko eta kategorizatzeko aukera, gutxienez 4 Mbs-ko fitxategiak igotzeko aukerarekin.

b) Txatak: prestakuntza-ekintza bakoitzeko kanal bat irekitzea gutxienez.

c) Mezu elektronikoak, tutoreak jasotako guztiak antolatzeko eta etiketatzeko aukera duela, baita artxibo bat baino gehiago eransteko aukera ere.

d) Gertaeren egutegia: egutegi bat behar da, ikastaldiak hartzen dituen hilabeteak bilduta, pertsonalizatua eta interaktiboa.

e) Informazio-arloa: tutore eta ikasleek ikastaldiari buruzko informazioa editatzeko aukera, albisteekin eta webguneekin loturikoak.

f) FAQ: galde ohikoenei buruzko informazioa.

g) Lineako erabiltzaileak: konektaturiko ikasleak etengabe bistaratzea.

h) Lantaldeak: egoki iritzitako lantalde guztiak sortzeko aukera.

i) Kalkulaturiko denborekin ebaluazio objektiboak sortzeko aukera.

3) Honako eskakizun hauek bete beharko dira plataforma administratzeko:

a) Prestakuntza-ekintzaren interfazea, eta bertan emango dute aditzera jardueraren finantzaketaren izaera publikoa Eusko Jaurlaritzak, Lanbidek eta Hobetuzek.

b) Backupak periodizitate nahikoa izango du sistema eroriz gero datu guztiak berreskuratuko direla bermatzeko.

c) Ikasleen erregistroak, baita egiten dituzten jarduerenak ere, eta txostenen edizioa.

d) Baimena, dagokion klabea emanda, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarentzat eta Hobetuzentzat, erakunde horren entitate laguntzaile gisa, prestakuntza-jarduera guztien kontrola eta jarraipena burutu dezaten.

e) Plataformaren kudeaketa-gida bat edukitzea.

f) Laguntza teknikoa arazoak konpontzeko, 24 orduan erantzuteko ahalmenarekin.

g) Bideoko, audioko eta bit-mapen irudiko formatuei euskarria ematea, multimedia formatuan edukiak eskaintzeko moduan ikaskuntza- eta ebaluazio-jarduerekin.

4) Prestakuntza-ekintza bakoitzaren programazioa garatzen duten prestatzaileen jardunaren plangintza izan beharko du erakunde onuradunak.

b.4.– Teleprestakuntzako modalitatean prestakuntza ematen duten tutore-prestatzaileen eskakizunak eta funtzioak:

Teleprestakuntzako modalitatean prestakuntza ematen duten tutore-prestatzaileek prestakuntza edo esperientzia beharko dute izan modalitatean.

Teleprestakuntzako modalitatearen jarraipena eta kalitatea bermatzeko, 10 ordutik gorako iraupena duten prestakuntza-ekintzen kasuan, 30 ikasleko astean 10 orduko gutxieneko dedikazioa ezarriko da tutore-prestatzailearentzako prestakuntza-ekintzaren plangintzan.

Dena den, eta 10 ordutik beherako prestakuntza-ekintzei dagokienez, tutore-prestatzailearen dedikazioa ikasleko gutxienez 20 minutukoa izango dela bermatuko da.

Parte hartzen duten 70 ikasleko tutore bat izan beharko da gutxienez.

Tutore-prestatzailearen funtzioak honako hauek izango dira gutxienez:

a) Prestakuntza-taldeko ikasleen harrera plana garatzea prestakuntza-ekintzaren ezaugarri espezifikoen arabera.

b) Ikasleak orientatzea eta gidatzea jarduerak egitean, materialak erabiltzean eta ikaskuntzako plataforma birtualaren tresnak erabiltzean prestakuntza-ekintzetan aurreikusiriko ahalmenak eskuratzeko.

c) Ikasleen partaidetza sustatzea gogoeta- eta debate-jarduerak proposatuz, banakako zereginak eta talde-lana antolatuz eta ezarritako komunikazio-tresnak erabiliz.

d) Parte-hartzaileek egindako jardueren jarraipena eta balorazioa egitea, ikaskuntzako plataforma birtualaren tresnen bidez, aurreikusitako plangintzari atxikita.

e) Parte-hartzaileak ezarritako irizpideen arabera ebaluatzea, eta dagozkion ebaluazio-proben antolamenduan eta garapenean parte hartzea.

f) Prestakuntza-jarduerak antolatzeko, kudeatzeko eta garatzeko ardura duen gainerako taldearekiko koordinazioa eskatzen duten jarduera guztietan parte hartzea.

g) Prestakuntza mistotzat jotzen da, prestakuntzaren irakaskuntza modalitate presentzialaz eta ez-presentzialaz baliatuz ematen denean, kasu bakoitzean beharrezkotzat jotzen den orduen ehunekoan.

4.– Prestakuntza-ekintza bakoitzaren parte-hartzaile kopurua zehazteko, eraginkortasun-irizpideak aplikatuko dira, enpresen finantza-baliabideen optimizazioa eta premia espezifikoen estaldura bateragarri egiteko.

5.– Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntzaren kasuan, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 20. artikuluan aurreikusiriko eskakizunak bete behar dituzte parte-hartzaileek. Era berean, ikastetxeak hautaketa-proba bat egingo du beharrezkoa den prestakuntza-ekintzetan. Horrela, ekintzaren probetxua ziurtatuko da, eta kualifikaziora bideraturiko ekintzen helburuak lortzeko ezinbestekoak diren aldez aurreko ezagueren benetako maila finkatuko da, kasuan kasu, lanbide-kualifikazioko 2. eta 3. mailetako profesionaltasun-ziurtagirien prestakuntza-moduluen prestakuntzara sartzeko beharrezkoak diren funtsezko gaitasunak barne.

6.– Langile batek gehienez 270 prestakuntza-ordu jaso ditzake, salbu eta ekintza bakarrean parte hartzen badu eta ekintza horren muga salbuespentzat hartu bada, artikulu honetako 2. idatz-zatian aurreikusitakoaren arabera.

7.– Enpresak kontratatutako kanpo-agenteek hartu ahalko dute prestakuntza-ekintzen ardura (kanpo-prestakuntza) edo behar bezala gaituriko barne-agenteek (barne-prestakuntza).

Enpresak prestakuntza-ekintzak egiteko kanpo-agenteak kontratatzen dituenean, hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, hornitzaileen aukeraketak eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideei erantzun diela bermatzeko, kontratuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratu Legearen Testu Bategina onartzen duen 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusiriko kontratu txikien zenbatekoa gainditzen duenean.

8.– Prestakuntza-ekintzek barne-prestakuntza biltzen dutenean, osorik edo zati batean, ikaskuntza-prozesu sistematizatua izateko moduan diseinatu eta egituratu beharko da aldez aurretik prestakuntza hori.

9.– Kualifikazio Sistema Nazionalaren Katalogo Modularrarekin erlazionatutako prestakuntza-ekintzak, Euskal Autonomia Erkidegoan Prestakuntza Zentro edo Erakundeen Estatuko Erregistroan egiaztatutako prestakuntza-zentro publiko edo pribatuek eman beharko dituzte, edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatutakoek, Profesionaltasun Ziurtagiriak lortzeko prestakuntza emateko.

Zentroetako instalazioetan burutuko dira prestakuntza-ekintza horiek.

Egiaztatu gabeko zentroentzat eta 2012ko ekitaldiaren ondoren argitaratutako profesionaltasun-ziurtagiri berriei buruzko prestakuntza-ekintzak emango dituztenentzat, eta modu ezohikoan eta behin-behinekoan deialdi honetarako, Lanbidek prestakuntza-zentro horiek «Ardurapeko Aitorpeneko» prozedura pean egiaztatuko ditu, eta zentroaren legezko ordezkariak sinatu beharko du eta eskaerarekin batera aurkeztu. Ardurapeko Aitorpen horretan bilduriko puntuen egiazkotasuna egiaztatu beharko du erakunde eskatzaileak eta aztertu beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko langile teknikoek, diru-laguntza eman aurretik betiere.

Teleprestakuntzako modalitatean profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzak emateko, Estatuko Enplegu Zerbitzuaren egiaztapena beharko dute zentroek.

4. artikulua.– Laguntzen onuradunak.

1.– Deialdi honetako laguntzak 2. artikuluko enpresek eskatu ahalko dituzte, betiere 35 langileko edo langile gehiagoko plantilla bat badute.

Salbuespen gisa plantilla horretara iristen ez diren enpresek aurkezturiko planak subentzionatu ahalko dira. Kasu horietan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Hobetuzek proposatuta, prestakuntza-plana burutzeko duen gaitasuna aztertuko du eta arrazoiak azalduta ebatziko du.

2.– Plantillan 50 langile edo gehiago dituzten enpresa taldeek ere laguntzak eskatu ahalko dituzte. Honako zirkunstantzia hauetakoren bat egiaztatzen dutenak hartuko dira enpresa taldetzat:

a) Balantzeak kontsolidatuak edukitzea.

b) Enpresa nagusi beraren filialez osatuta egotea.

c) Zuzendaritza eraginkor erkidea edukitzea.

Kasu horretan, taldea osatzen duten enpresetako edozein izan daiteke eskaeraren titularra.

3.– Dena den, enpresa berak ezin izango du laguntza-eskaera bat baino gehiago aurkeztu deialdi honen barruan.

5. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Hobetuzek bere web-orrian jarriko dituen eredu normalizatuetan beteko dira eskaerak:

www.hobetuz.com

2.– Hobetuzen egoitzetan aurkeztu beharko dira eskaerak.

– Arabako Lurralde Egoitza, Dato, 14.–16. zenbakiak, 3. solairua; 01005 Vitoria-Gasteiz.

– Bizkaiko Lurralde Egoitza, Kale Nagusia, 35. zenbakia - 6. solairua; 48009 Bilbao.

– Gipuzkoako Lurralde Egoitza, Manterola, 4. zenbakia, 1.; 20007 Donostia.

Era berean, 30/1992 Legeak, 1992ko azaroaren 26koak eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidea ezartzen duenak, bere 38.4 artikuluan aurreikusitako bulegoetan aurkez daitezke eskaerak.

Paperean eta Hobetuzek www.hobetuz.com webgunean deialdi honetarako eskainitako euskarri informatikoan aurkeztuko dira eskaerak. Paperean aurkeztutako datuen eta euskarri informatiko bidez aurkeztutakoen artean desadostasunik badago, paperean aurkeztutako datuak hartuko dira baliagarritzat.

3.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

6. artikulua.– Eskaeraren betekizunak.

Honako hauek jaso beharko dira diru-laguntza eskaeran:

1.– Eskatzailearen izen soziala, IFK, Gizarte Segurantzaren inskripzio-zenbakia, Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionala (EJSN), sektoreko Hitzarmen Kolektiboa eta batez besteko plantilla deialdi hau argitaratzen den egunaren aurre-aurreko hamabi hilabeteetan. Dokumentazio hori behar bezala sinatuta eta zigilatuta aurkeztu behar da.

2.– Enpresa taldeko plan batean parte hartzen duten enpresa guztiek parte hartzeko konpromisoa adierazi behar dute (2A eranskina, Hobetuzen web-orrian izango da eskuragarri).

3.– Aurkeztutako proiektuaren ardura hartzeko enpresak izendatu duen pertsona.

4.– Jarraian azaltzen diren dokumentuak ere aurkeztuko dira, baldin eta aurreko deialdietan Hobetuzen eskura utzi ez badira, edo aldatu egin badira aldez aurretik aurkeztutakoen aldean:

a) Planaren titularraren zerga-identifikaziorako txartelaren fotokopia.

b) Ordezkariaren gaitasuna egiaztatzen duen dokumentazioaren originala, kopia konpultsatua edo kopia (Hobetuzek konpultsa dezan).

5.– Halakorik izanez gero, finantzaketa jaso dezakeen prestakuntza-planean aurkezturiko ekintzak biltzen dituen prestakuntza-premiak detektatzeko azterlana edo azterketa.

6.– Garatu beharreko prestakuntza-ekintzak deskribatzea, lehentasunak ezarriz, hau da, ekintzak egikaritzeari dagokionez lehentasunen ordena ipiniz, ekintza bakoitzaren izena, iraupena eta parte-hartzaile kopurua adierazita, deialdi honi erantsitako inprimaki normalizatuetan zehaztutako banantzea barne. Dena den, honako hauek jaso beharko dira:

a) Talde hartzaileak kategoria edo talde profesionalen, lan-egoeraren eta Gizarte Segurantzarako afiliazio-araubidearen arabera.

b) Prestakuntza-ekintzen aurreikusitako kostua.

c) Prestakuntza-ekintzak egikaritzeko aurreikusitako egutegia eta lan-orduen kopurua.

d) Prestakuntza-ekintzak emateko aurreikusitako prestakuntza-erakundeak, tokia, instalazioak eta baliabideak.

e) Parte-hartzaileak hautatzeko irizpideak.

f) Harremanetarako pertsona eta programaturiko prestakuntza-ekintzen jarraipena egiteko modua, eta jarraian prestakuntza-programak ebaluatzeko baliagarri izango diren irizpide eta metodologiak.

7.– 2012ko ekitaldian enpresak edo enpresek ordainduriko lanbide-prestakuntzako kuotaren urteko zenbatekoaren ardurapeko aitorpena, EAEn dauden lantokiei dagokienez.

8.– Erakunde eskatzailearen ardurapeko aitorpena, edozein Administrazio Publikok prestakuntza-arloan emandako diru-laguntzak itzultzeko prozedura baten eraginpean ez dagoela, edo, hala badagokio, eskatutako itzulketak egin dituela, adierazten duena.

9.– Erakundeak zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik jaso ez izana, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik jaso ez izana egiaztatzen duen ardurapeko aitorpena, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

10.– Kualifikazioen Sistema Nazionalaren Katalogo Modularrari lotutako prestakuntza ematen duten zentroak Euskal Autonomia Erkidegoan ez badaude Prestakuntza Zentro edo Erakundeen Estatuko Erregistroan egiaztatuta, edo 2012ko ekitaldiaren deialdiaren ondoren argitaraturiko profesionaltasun-ziurtagiri berriei buruzko prestakuntza-ekintzak eman behar badituzte, ardurapeko aitorpen bat erantsi beharko du enpresa eskatzaileak, zentroaren legezko ordezkariak sinaturikoa, profesionaltasun-ziurtagiriak lortze aldera prestakuntza-ekintzak emateko beharrezko eskakizunak betetzeari buruzkoa.

11.– Beharrezkoa bada, prestakuntzan legearen edo hitzarmen kolektiboaren arabera dagokion inbertsioa egin izana egiaztatzen duen ziurtagiria, baita justifikazio-dokumentuak ere. Dokumentazio hori behar bezala sinatuta eta zigilatuta aurkeztu behar da.

12.– Lantokien zerrenda, bakoitzari buruz zer ekintzatan parte hartzeko asmoa duten, zer herritan kokatuko den, langileen eta benetako parte-hartzaileen guztizko kopurua eta ordezkaritza sindikalik baduten edo ez zehaztuta.

13.– Aurkezturiko ekimenaren enpresa titularraren ziurtagiri egiaztagarri eguneratuak, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko eta/edo Gizarte Aurreikuspeneko Erakundearekiko betebeharrak egunean dituela ziurtatzen dutenak.

14.– Enpresa hartzekodunen konkurtsoko egoera edo enplegu-erregulazioko egoeran dagoela frogatzen duen egiaztapena, hala badagokio.

15.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak estatuko ereduaren aurreikusitakoekiko osagarriak direnez eta diru-laguntzen/hobarien bikoiztasuna eta laguntzako prestakuntza-ekintzen gainfinantziazioa saihestearren, eskatzaileak ardurapeko aitorpen bat aurkeztu beharko du halakorik gerta daitekeenean, eta aitorpen horretan adieraziko du ezein kasutan ere dituela ekintza edo parte-hartzaile berak aurkeztuko estatuko sisteman bilduriko hobarien sistema eta jarduera bererako beste Administrazio Publiko batzuek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako beste diru-sarrera osagarrien berri eman beharko da eta horien zenbatekoa adierazi beharko da. Ondoren gertatzen den edozein aldaketa Hobetuzi jakinarazi beharko zaio, eta egoki iritzitako erabakia proposatuko dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

16.– Langileen legezko ordezkaritzarako informaziorako eta kontsultarako dokumentua (3A eranskina, Hobetuzen web-orrian izango da eskuragarri), behar bezala zigilatua eta sinatua.

17.– Nazioartekotze-prozesuetan sartuta dauden enpresen loturaren dokumentu bidezko egiaztapena.

18.– Ardurapeko aitorpena, kasuan kasu, eskaturiko diru-laguntzak, zenbatekoa kontua izanda, minimis erregelaren barruan sar daitezkeela adierazten duena, betiere Batzordearen 1998/2006 Erregelamendua aurreikusitakoaren arabera (2006-12-28ko EBAO).

19.– Kanpo-zerbitzuen kontratazioan hornitzaileen gutxienez hiru eskaintza eskatzeko betebeharra biltzen duen ardurapeko aitorpena, kontratuen zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratu Legearen Testu Bategina onartzen duen 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusitako kontratu txikien zenbatekoa gainditzen duenean.

7. artikulua.– Langileei eman beharreko informazioari eta egin beharreko kontsultari buruzko eskakizunak.

1.– Eskaera Hobetuzi aurkeztu aurretik, eskatzaileak informazioa emango dio Langileen Legezko Ordezkaritzari egikaritzeko diru-laguntza lortu nahi den prestakuntza-ekintzei buruz, horretarako aurreko artikuluaren 5., 6. eta 7. idatz-zatietako dokumentuen kopia osoa emanez eta eskaeraren 3A eranskina betetzeko eskatuta.

2.– Langileen Legezko Ordezkaritzak 15 eguneko epea izango du txostena egiteko, dokumentazioa jasotzen duen egunetik aurrera zenbatzen hasita. Txosten hori (3C eranskina, Hobetuzek emandako euskarri informatikoan izango da eskuragarri) enpresari eta Hobetuzi helarazi ahalko die Langileen Legezko Ordezkaritzak.

3.– Horretarako, Langileen Legezko Ordezkaritza Planean parte hartzen duten lantoki guzti-guztiei dagokiena izango da. Enpresa-batzordea/ek edo langileen ordezkariek eman behar dituzte 3A eranskinak, dauden guztien % 51n gutxienez.

Lantoki batean edo batzuetan ordezkaritza sindikalik ez dagoela adieraztea ziurtagiritzat joko da xede guztietarako.

4.– Prestakuntza-ekintzak hasi aurretik, Enpresako Langileen Ordezkaritzari igorri beharko zaio prestakuntza-ekintza horietako parte-hartzaileen zerrenda.

Hiru hilean behin, prestakuntza-planaren egikaritzapenari buruzko informazioa emango diete enpresek langileen ordezkariei.

8. artikulua.– Laguntza zehaztea.

1.– Ondoriozko gehieneko guztizko laguntzak ezin izango du 1,5 alditan gainditu enpresa handientzat eta 5 alditan enpresa txikiagoentzat Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen lanbide-heziketako kuotaren urteko zenbatekoa, enpresa kooperatibek izan ezik, horien langile bazkideek Langile Autonomoen Araubide Berezian kotizatzen badute, eta gehieneko guztizko laguntza kalkulatzeko kontuan hartuko den diru-kopurua enpresak dauzkan langileen kopurua 5 langile baino gehiagoko enpresa sortu berrietarako oro har ezarritako langile bakoitzeko batez besteko hobariarekin (65 euro) biderkatzearen ondorio izango da.

Laguntza kalkulatzeari begira, Euskal Autonomia Erkidegoko plantilla titularra hartuko da kontuan.

2.– Eskatzaile bakoitzari ematen zaion diru-laguntzak gehieneko laguntzako izaera izango du eta honela zehaztuko da:

a) Ordu kopurua parte-hartzaile kopuruarekin eta dagokion moduluaren zenbatekoarekin biderkatuz.

b) Ondoren, planaren balorazio teknikoa egingo da, eta finantza daitekeen gehieneko zenbatekoaren ehunekoa zehaztuko du, aurkeztutako eskaerak eta eskura dauden funtsen zenbatekoa ikusita ezartzen diren tarteak kontuan izanik.

c) Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoak eman beharreko diru-laguntza guztiei erantzuteko beharrezkoak ez badira, banaketa proportzionalki egingo da betiere.

3.– Minimis erregela aplikatzen ez bada, diru-laguntza likidatzen den unean finkatuko da laguntzaren azken zenbatekoa, aplikatzekoa den erkidegoko araudian ezarritako gehieneko intentsitateak aplikatuta (I. eranskina).

9. artikulua.– Balioespen-irizpideak.

Honako irizpide hauei jarraiki burutuko da planen balorazio teknikoa.

I.– Lehentasunezko irizpide orokorrak:

1.– Honako ezaugarri hauetakoren bati erantzuten dioten prestakuntza-ekintzek lehentasuna izango dute:

a) Prestakuntza-ekintzen jatorriari dagokionez:

– Izaera estrategikoko izaerak, premien azterlan edo azterketaren batean justifikatuta.

– Lanaldia murrizteko, birmoldaketako edo kontratuak aldi baterako eteteko prozesuen ondoriozko ekintzak.

– Lan-munduan euskararen erabilera normalizatzeko helburua duten ekintzak.

b) Prestakuntzaren hartzaileei dagokienez:

– Enpresa txiki eta ertainetako langileen lehiakortasuna eta enplegagarritasuna hobetzeko helburua izatea. Ildo horretan, lehentasuna izango dute EAEko enpresa txiki eta ertaineko aurkezturiko prestakuntza-planek, arreta berezia emanez enpresa txikiek aurkezturiko prestakuntza-planei.

c) Ekimenen nondik norakoari dagokionez:

– Metodologiarengatik, edukiarengatik edo beste edozein arrazoirengatik Enplegurako Prestakuntzarako berritzaileak diren ekimenak.

2.– Deialdi honetan ez da lehentasunezkotzat jotzen izaera generikoa eta zeharkakoa duten prestakuntza-ekintzen finantzaketa, salbu eta justifikatuta eta enpresaren jarduerarekin zuzenean lotuta dauden kasuetan.

3.– Aurkezturiko ekintzen lehentasunezko tratamendua baliatu ahal izateko, eta eskaera-inprimakietan biltzen den informazioa alde batera utzita, eskatzaileak egokitzat jotzen duen dokumentazio osagarri guztia aurkeztu behar du.

4.– Ekintzei lehentasuna emateko kontuan harturiko baldintzak funtsean aldatzen badira ekintza egikaritzen den bitartean, lehentasunezko izaera dela-eta lorturiko finantzaketa gehigarria berrikusi ahalko da.

5.– Idatz-zati honetan bilduriko irizpideek guztira 35 puntuko balorazioa izango dute 100 punturen gain.

II.– Kalitate- eta koherentzia-irizpideak:

1.– Aurkezturiko prestakuntza-ekintzen kalitatea eta koherentzia balioesteko, honako hauek hartuko dira kontuan:

a) Enpresaren prestakuntza-estrategia:

– Enpresak premiak aztertu eta detektatzeko azterlana egin izana, proposatutako prestakuntza-ekintzak deskribatzeko.

– Ekintza horiek enpresaren proiektuari loturiko prestakuntza-plan batean biltzea, eta inbertsio estrategiko berriei zor ahalko zaiona, enpresa barruko inbertsioak, ekipamendu berriak, sistema berrien ezarpena, merkatu berriak zabaltzea, enpleguetako balioaniztasuna, eta abar.

– Enpresak hausnarketa-prozesua abian jarri izana, prestakuntza-ekintza horien lehentasuna erabakitzeko.

– Aurrez aipatutako azterlanean aurkeztutako ekintza bakoitzaren deskribapena eta kokapena.

– Ekintza bakoitzarekin lortu nahi diren helburuak.

– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.

– Aurkeztutako ekintzen koherentzia orokorra.

b) Eskatzaileak proiektuan duen inplikazioa.

– Proiektua egikaritzeko baliabide propioak.

– Langileak ekintzen diseinuan inplikatzea.

– Eraginkortasuna hornitzaileak hautatu eta kudeatzerakoan.

2.– Idatz-zati honetan bilduriko irizpideek guztira 65 puntuko balorazioa izango dute 100 punturen gain. Idatz-zati honetan gutxienez 30 puntuko puntuazioa lortzen ez duten eskaerek ezin izango dute diru-laguntzarik jaso.

III.– Aurreko egikaritzapen- eta betetze-maila:

Balorazio teknikoan Hobetuzek argitaratu edota kudeaturiko aurreko deialdietan eskatzaileak egiaztaturiko egikaritzapen- eta betetze-maila hartuko da kontuan, eta gehienez 10 puntuz gehitu edo murriztu ahalko da balorazio teknikoa lorturiko guztizkoaren gain, 100 puntutik gorakoa inoiz ere izango ez dena.

10. artikulua.– Modulu ekonomikoak.

1.– Prestakuntza-ekintza presentzialak.

Aurkezturiko prestakuntza-ekintzen balorazio ekonomikoa modulua hauek aplikatuta burutuko da (euro/ordu/parte-hartzaile):

(Ikus .PDF)

Modalitate presentzialaren kanpo-prestakuntzari buruzko modulu ekonomikoak ehuneko 50era bitartean areagotu ahalko dira prestakuntza-ekintza jakin batzuen kasuan, betiere euren espezialitatea eta ezaugarri teknikoak kontuan hartuta finantzaketa handiagoa behar bada.

Aurreko paragrafoan barne hartutako ekintzen guztizko kostuak ezingo du gainditu Deialdi hau finantzatzera zuzendutako funtsen guztizkoaren ehuneko 5.

2.– Prestakuntza-ekintza ez-presentzialak.

Modulua 7,5 euro/ordu/parte-hartzaile izango da prestakuntza ez-presentziala bada eta dagokion ikaskuntza-prozesua lineako informazio- eta komunikazio teknologien laguntzarekin garatzen bada (teleprestakuntza).

Salbuespen gisa, urrutiko prestakuntza onartzen bada, modulua 5,5 euro/ordu/parte-hartzaile izango da.

3.– Prestakuntza-ekintza mistoak.

Prestakuntza-denbora presentzialaren ordu/parte-hartzaile kostua aurreko 1. idatz-zatian deskribaturikoaren arabera lortuko da. Prestakuntza-denbora ez-presentzialaren ordu/parte-hartzaile kostua aurreko 2. idatz-zatian deskribaturikoaren arabera lortuko da. Ekintzaren guztizko kostua bi kostu partzialen batura izango da.

11. artikulua.– Izapidetzea eta amaitzea.

1.– Behin eskaerak aurkeztuta, aurkeztutakoa baino informazio gehiago eskatu ahal izango da. Interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epearen barruan zuzen dezala hutsunea edo aurkez dezala nahitaezko dokumentazioa; orobat, ohar hau egingo dio, hori egin ezean, eskaeran atzera egin duela joko dela; horretarako, baina, ebazpen bat eman beharko du aldez aurretik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluak ezarritakoari jarraituz.

2.– Hobetuzek aurkeztu diren eskaerak aztertuko ditu, eta aurkeztutako laguntza-eskaera bakoitza ukatzeko edo guztiz edo partzialki onartzeko ebazpena emango du. Proposamen horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura igorriko ditu dagozkion ebazpenak emateko.

3.– Hobetuzek egindako proposamena aztertu ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak dagokion ebazpena emango du eta interesdunei jakinaraziko die.

Ebazpena aldekoa bada, diruz lagunduko diren prestakuntza-ekintzak adieraziko dira, baita parte-hartzaile kopurua eta ordu kopurua eta finantzaketa ere. 800/2008 EE Erregelamenduari begira, eskatzailearen inbertsio-ahaleginaren aipamena egingo du ebazpenak.

Interesdunak 10 eguneko epea izango du emandako diru-laguntza onartzen duela adierazteko, zuzendari nagusiak ebazpena jakinarazten duen unetik zenbatzen hasita. Epe hori igarotakoan, eskaera atzera bota duela hartuko da kontuan.

Era berean, ebazpena Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletako iragarki-taulan argitaratuko da, baita www.lanbide.net eta www.hobetuz.com web-orrietan ere.

4.– Zuzendari nagusiaren Ebazpenak administrazio-bidea agortzen du, eta horren aurka berraztertzeko errekurtsoa jartzeko aukera izango da organo horretan, hilabeteko epean interesdun bakoitzari jakinarazten zaion egunaren biharamunetik, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean jakinarazpenaren biharamunetik.

5.– Ebazteko eta jakinarazteko gehienez 6 hilabeteko epea izango da, eta, epe hori amaitutakoan, eskaera atzera bota dela hartuko da kontuan.

6.– Publikotasun-printzipioa betetze aldera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko du onuradunen eta emandako kopuruen zerrenda bat.

12. artikulua.– Prestakuntza-plana egikaritzea.

1.– Ematen den diru-laguntza prestakuntza-planak egikaritzera bideratuko da.

2.– Deialdi honek finantzatzen dituen prestakuntza-planetan bilduta dauden prestakuntza-ekintzak erabat doakoak izango dira parte-hartzaileentzat.

3.– Ekintza edo talde bakoitza hasi baino bi egun lehenago ekintza emateko tokiaren, ekintzaren ardura hartu duen erakundearen, eta taldea edo ekintza gauzatzeko egunaren eta ordutegiaren inguruko datuak jakinarazi beharko ditu.

Bigarren prestakuntza-eguneko gehieneko epearekin, parte-hartzaileei buruzko datuak jakinarazi beharko dizkio titularrak Hobetuzi.

Ikastaldia amaitu eta gehienez ere 30 eguneko epean, amaitu duten parte-hartzaileak adierazi beharko ditu titularrak, eta ikastaldiari buruzko informazioa itxi.

Betebehar horiek betetzeko, titularren esku jarriko du Hobetuzek aplikazio bat bere webgunean (www.hobetuz.com). Horrela adierazitako informazioak ez du aldaketarik onartuko taldea edo ekintza amaitzen denetik zenbatzen hasi eta 30 egun igarotzen direnean, eta prestakuntza-planaren egikaritzapena justifikatzeko kontuan hartuko den bakarra izango da.

Betebehar horiek ez badira betetzen, Planaren egikaritzapena justifikatzen denean ez egindakotzat hartuko da dagokion prestakuntza-ekintza.

4.– Titularrek ekintza presentzialetan eguneroko bertaratze-partea egin beharko dute, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute.

Prestakuntza-ekintza ez presentzialen kasuan, parte-hartzaile bakoitzari egindako jarraipen-kontrolei dagokien dokumentazioa landu beharko du titularrak.

5.– Parte-hartzaile bakoitzari prestakuntza-ekintzan parte hartu izanaren ziurtagiria emango zaio, Hobetuzek ezarritako ereduaren araberakoa, eta bertan gutxienez adierazi beharko dira ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, modalitatea, hasteko eta amaitzeko eguna, eta jasotako prestakuntza-orduak, hala dagokionean ordu presentzialen eta ez-presentzialen kopurua adieraziz.

Kualifikazioen Sistema Nazionalaren Katalogo Modularrari loturiko prestakuntza-ekintzetan, eta prestakuntza-ekintza gainditu duten pertsonei dagokienez, parte-hartzaileei emango zaien ziurtagiria, Hobetuzek eska dezakeena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako prozeduraren arabera emango da.

Parte hartzeko ziurtagiriak parte-hartzaileei eman beharko zaizkie, parte hartu duten prestakuntza-ekintza amaitu eta bi hilabeteko epean.

6.– Subentzionaturiko prestakuntza-ekintzen burutzapena kontratatu ahalko du onuradunak, behin bakarrik bada ere. Debekatuta daude hornitzaileekiko kontratuak, baldin eta ordaindu beharreko kopurua azkenean lor daitekeen diru-laguntzaren ehunekoetan adierazten bada.

Nolanahi ere, onuradunak bere gain hartuko du zuzenean laguntzak behar bezala aplikatzea, eta jarraipen- eta kontrol-erakundeen eginkizunen behar bezalako garapena ziurtatu beharko du.

7.– Emakidaren ebazpena jaso ondoren, eta behar den aurrerapenarekin, laguntzaren onuradunak Hobetuzi eskatu ahal izango dio finantzatutako planean aldaketak sartzeko, finantzatutako ekintzen edukia, modua eta/edo egikaritzeko epeak ukitzen dituenean. Aldaketa-eskaera hori idazki bidez egingo da, eta behar bezala oinarritu beharko da. Aldaketa horiek Hobetuzek baimendu beharko ditu. Parte-hartzaileen kopurua edo irakaskuntzaren modalitatea eraginpean hartzen duten aldaketak direnean, baimendu ahal izango dira ez badute murrizten hasierako eskaera kontuan izanez gero lortuko zen balorazio teknikoa.

13. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.

1.– Diru-laguntzaren ordainketa egunean dagoela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu aurretik egingo da, ordainketa bakoitzaren aurretik, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko eta/edo Gizarte Aurreikuspeneko Erakundearekiko betebeharrak egunean dituela egiaztatzen dutenak, hain zuzen ere.

2.– Diru-laguntza bi ordainketetan ordainduko da, eta honela egingo da:

a) Emandako diru-laguntzaren guztizkoaren % 50aren lehenengo ordainketa, ebazpena ematen denean. Lehen ordainketa hori 180.303,64 eurotik gorakoa bada, titularrak bankuko abala aurkeztu beharko du ordainketa egiteko, ebazpenarekin batera adieraziko diren jarraibideak kontuan izanik, edo bestela plana egikaritzerakoan jada sortutako gastuen justifikazioa, justifikatu gabeko gainerakoak kopuru hori gainditzen ez badu.

b) Bigarren ordainketa bat, diru-laguntzaren gainerakoari dagokiona, Hobetuzen memoria justifikatzailea aurkezten denean eta dagokion azken likidazioa onartzen denean.

14. artikulua.– Kostu finantzagarriak eta egozpen-irizpideak.

Honako hauek hartzen dira kostu finantzagarritzat, prestakuntza-ekintza bakoitzeko bananduta:

a) Enpresatik kanpoko zerbitzuak kontratatzeari dagozkion kostuak.

b) Prestatzaileen edo barne-prestatzaileen kostua.

c) Material suntsigarriaren kostua, babesteko eta segurtasuneko materiala barne.

«Teleprestakuntzaren» kasuan prestatzaileen eta parte-hartzaileen artean erabilitako komunikabideei egotzi dakiekeen kostuak dira finantzagarriak, ekintzaren guztizko kostuaren ehuneko 10eko gehienekoraino.

d) Material didaktikoen kostua.

e) Prestakuntza-fasean dauden langileen asegurua. Gastu horiek prestakuntza-ekintzen arabera behar bezala xehatuta aurkeztu beharko dira eta egoztea parte-hartzaileen kopurua kontuan hartuta egingo da.

f) Amortizazioak, prestakuntza-ekintza bakoitzari egotzi beharreko proportzioan, eta instalazio eta ekipamenduen alokairuak, prestakuntza-ekintzen garapenari egotzi beharrekoak.

Era berean, kostu finantzagarritzat hartzen da kudeaketa-kostua (prestakuntza-ekintzak abian jarri eta garatzea), eta gehienez ere gainerako kostu finantzagarrien % 10 izango da. Kostu hori behin bakarrik egotziko zaio finantzatutako proiektu orokorrari.

Industria-inbertsio ezohiko edota estrategikoetatik eratorritako prestakuntza-ekintzetan, eta betiere langileen kualifikazioa badakarte teknologietan edo produkzio-prozesu berritzaileetan, EAEtik kanpora egin behar badira Euskadik arlo horretan duen prestakuntza-eskaintzaren frogaturiko gabeziaren ondorioz, langile horiek bidaiak edota egonaldiak sorturiko zeharkako kostuak ere kontuan hartu ahalko dira.

15. artikulua.– Diru-laguntzen justifikazioa eta likidazioa.

1.– Diruz lagundutako Prestakuntza Plana osatzen duten prestakuntza-ekintzak egikaritzean sortutako kostuak justifikatu beharko dituzte onuradunek. Horretarako, deialdi honetan bilduriko kostu finantzagarriak eta egozpen-irizpideak hartuko dira kontuan, eta halaber, baterako finantzaketa pribatuari begira, Prestakuntza Planeko parte-hartzaileen langile-arloko kostuak, 800/2008 zenbakiko Erregelamenduaren (EE) 39. artikuluak ezarritakoaren arabera. Fakturen edo zuzenbidean baliozkoak diren froga-dokumentuen bidez justifikatuko dira kostuak. Dokumentu horiek nahikoa xehetasunez banandu beharko dituzte azalpenak funtsak behar bezala aplikatzen direla egiaztatzeko eta prestakuntza-ekintza bakoitzari egotzitako kostu finantzagarri guztiak identifikatzeko.

2.– Laguntzen likidazioa modu proportzionalean egingo da, amaitu dituzten parte-hartzaileen kopurua eta egindako ikastorduen kopurua aintzat hartuta, prestakuntza ekintza bakoitzerako ezarritako eta onartutako modulu ekonomikoen arabera (kostu/ ordu/ ikastaldi).

3.– Azken likidazioa egiteko, onuradunak honako hauek bete eta Hobetuzera igorri beharko ditu Hobetuzen web-orrietan eskuragarri dauden eredu normalizatuetan, gehienez ere 2014ko irailaren 15erako:

a) Egindako prestakuntza-ekintza bakoitza amaitu (egikaritu) izanaren ziurtagiria, eta bere garaian, hasiko zela jakinarazitako ekintzari buruzkoa.

b) Deialdi honetan ezarritako kostu finantzagarrien eta egozte-irizpideen arabera, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzei buruzko kostuak gutxienez ziurtatuko dituen dokumentazioa.

c) Deialdi honetan aurkeztu gabeko ekintzak direla-eta estatuko sisteman egindako hobarien ardurapeko aitorpena, EAEko lantokietara atxikitako langileei dagozkien ekintzak betiere.

Prestakuntza Planaren likidazioa egitekoan, eta subentzionaturiko proiektuari eslei dakiokeen behin betiko zenbatekoa kalkulatze aldera, Hobetuzek kontuan hartuko du EAEko langileei dagokien 2013. urterako estatuko ereduan enpresa bakoitzerako ezarritako hobari gisa emateko gehieneko kopurua, eta enpresari hobari gisa benetan eman zaion diru-kopurua etengabeko prestakuntzako azalpenagatik 2013ko ekitaldi honen barruan eta langile horientzat, eta plan bakoitzari dagokion azken diru-laguntzatik estatuko sisteman kontsumitu gabeko kreditu kopurua deskontatuko da.

d)- Hornitzaileen aukeraketak ekonomia- eta eraginkortasun-irizpideei erantzun diela egiaztatzen duen dokumentazioa, baita gutxienez hiru eskaintza eskatzeko betebeharra bete izana egiaztatzen duena ere, kontratuen zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratu Legearen Testu Bategina onartzen duen 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusitako kontratu txikien zenbatekoa gainditzen duenean.

4.– Egikaritze-ziurtagiriak behar bezala bete eta aurkezten dituzten parte-hartzaileak bakarrik hartuko dira aintzat, betiere aldez aurretik deialdi honen 12.3 artikuluko parte-hartzaileen zerrendan bilduta behar dutela aintzat hartuta.

5.– Aurkezturiko dokumentazioa aztertu ondoren, diru-laguntzaren azken likidazioko ebazpena emango da.

6.– Egindako likidazioa aurreratutako kopurua baino txikiagoa bada, onuradunak dagokion itzulketa egin beharko du 15 eguneko epean, ebazpenaren egunetik zenbatzen hasita.

7.– Behin betiko likidazioari ekin eta hurrengo 15 egunen barruan, emandako laguntzaren ondorioetarako egin diren ordainketen ordainagirien originalak aurkeztu beharko ditu titularrak, edo, horiek ezean, fotokopiak aurkeztuko ditu.

16. artikulua.– Laguntza-eskubidea eskuratzeko eta eskubide horri eusteko betekizunak.

Laguntza jasotzeko eskubidea eskuratu eta gordetzeko, onuradunak honako betebehar hauek bete beharko ditu:

– Hala eskatuta, aurreko deialdietan jasotako kopurua itzuli izana.

– Hobetuzi jakinarazi beharko dio enpresa eskatzailea edo enpresa parte-hartzaileak legez, hitzarmenez edo beste edozein xedapenez behartuta ote dauden diru-baliabideak eskaintzera prestakuntza egiteko. Kasu horretan, laguntzak ez du esan nahiko horretarako eskainiko diren diru-baliabideak murriztu behar direnik.

– Laguntza jaso duen prestakuntza-jarduera deialdi honetako eta EAEko Etengabeko Prestakuntzako Lanbide arteko Akordioko oinarri, baldintza eta betekizun formal eta materialen arabera egitea. Kontzeptu horregatik esleitutako funtsak ezin izango dira berau ematera bultzatu duten helburuetarako ez diren gauzetan erabili.

– Hobetuzen aurrean jarduera egin dela egiaztatzea, baita laguntza ematea edo gozatzea zehaztuko duten betebeharrak eta baldintzak bete direla ere. Horretarako, dagozkion elementu justifikatzaileak aurkeztuko dituzte, eta prestakuntza-ekintzari buruz eskatuko zaizkien datuak eta dokumentuak aurkeztuko dituzte prestakuntza-ekintza horiek amaitu ondoren; horrenbestez, ekintza egin dela, emandako finantziazioa erabili dela, eta lortutako emaitzen ebaluazioa egin dela behar bezala egiaztatu ahal izango da.

– Argitalpenetan edo onarturiko ekimenaren bestelako komunikabide eta hedabideetan prestakuntzako ekintza estrategikoei laguntzeko 2013ko deialdian eginiko ekintzak direla jasotzea, betiere horietan Eusko Jaurlaritzaren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Hobetuzen logotipoak bilduta.

– Hamazazpigarren oinarrian ezarritako kontrol eta jarraipenerako jardunak onartzea.

17. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

1.– Hobetuzek, Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Europako erakunde eskudunek burutzen dituzten egiaztapen- eta kontrol-jardunak onartuko dituzten onuradunek, lokal eta instalazioetarako sarbidea eta parte-hartzaileekin, Langileen Lege Ordezkaritzako kideekin eta elkarrizketatzea beharrezko iritzitako gainerako pertsonekin harremanetan jartzea ahalbidetuz.

2.– Kontrol-jarduera hauek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:

– Finantzaturiko ekintzak egikaritu izanari edo ekintza horien bideragarritasunari buruzko informazioa ematea, baita jarraipena egiteko eskatzen zaion dokumentazioa betetzea eta igortzea ere; dena dela, 10 eguneko epea izango du egiten diren errekerimenduei erantzuteko. Errekerimendu horiek estatuko ereduaren barruan hobaria jaso duten ekintzei buruzkoak ere izan daitezke.

– Hobetuzi jakinaraztea beste Erakunde batzuetatik eratorritako diru-laguntzak edo laguntzak –deialdi honek diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak– eskatu direla edo eskuratu direla.

3.– Hobetuzek, Deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla baieztatzera, eta diruz lagundutako ekintzak egikaritzeko benetako baldintzak egiaztatzera zuzendutako Auditorien Urteko Plana ezarriko du. Plan horren barne sartuko dira, egingo den arriskuen analisiaren ondoriozko estatistika-irizpideen arabera Hobetuzek aukeratuko dituen espedienteak. Era berean, Ikuskapen Planean behar bezala identifikatutako pertsonek oinarritutako eta sinatutako salaketetatik eratorritako jardunak bilduko dira.

18. artikulua.– Diru-laguntzak itzultzea.

1.– Onuradunek, jasotako laguntzak osorik edo zati batean itzuli beharko dituzte, eta berandutze-interesak eskatuko dira laguntza ordaintzen den unetik, honako kasu hauetan:

– Laguntzaren helburua edo laguntza emateko agindutako baldintzak ez betetzea.

– Jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintza eta betekizunak bete izana justifikatu beharra ez betetzea.

– Diru-laguntza lortzea horretarako eskatutako baldintzak bete gabe.

– Jarraipen- eta kontrol-jardunak ukatzea edo oztopatzea.

– Diruz lagundutako ekintzak egikaritzeko baldintzei buruz datu faltsuak ematea, errealitatearekin bat ez datozenak.

– Deialdi honetan zehaztutako beste edozein betebehar, baldintza edo betekizun ez betetzea.

2.– Itzultzeko prozedurari Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren idazki bidez emango zaio hasiera, eta idazkia Hobetuzek bidaliko dio laguntzaren onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, alegazioak edo egokitzat jotzen dituen egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio; hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren berme eta itzulketen erregimena arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.

3.– Alegazioak aurkezteko epea amaitutakoan onuradunak alegaziorik aurkeztu ez badu edo alegazioak onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak itzulketa eskatzeko ebazpena emango du, eta itzulketa hori ebazpenean adierazitako epean gauzatu beharko du. Horretarako, Hobetuzek dagokion espedientea igorriko dio Lanbideri, eskaera-idazkiarekin eta alegazioekin batera -eta, hala badagokio, alegazio horiek ebazteko proposamenarekin batera. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilabetekoa izango da.

4.– Borondatezko epea amaitutakoan itzulketa gauzatu ez badu, beharrezko izapideak jarriko dira abian, itzuli beharreko diru-kopuruak premiamendu-bidetik berreskuratzeko. Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira.

19. artikulua.– Datuen tratamendu automatizatua.

Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan aurreikusitakoaren arabera, laguntza-eskaera betetzean interesdunak datu horiek Hobetuzen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren fitxategi informatizatuetan sartzeko baimena ematen duela ulertuko da. Aipatu Legean aurreikusten diren datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta alderatzeko eskubideak Hobetuz Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioan (Kale Nagusia 35 - -6.a, 48009 Bilbao) eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan egikari daitezke.

LEHENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Erakunde laguntzailea izendatzea.

1.– Hobetuz Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioa izendatzen da deialdi honetan arautzen diren laguntzen kudeaketarako eta ordainketarako erakunde laguntzaile, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 52. artikuluan ezarritakoaren arabera. Aipatutako 52. artikuluak dioenez, diru-laguntzarekin edo laguntzarekin loturiko guztiak ematen dituen organoaren kontura eta izenean jardungo du Hobetuz Fundación Vasca para la Formación Profesional Continua-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak. Haatik, laguntza hori ez da, inola ere, Hobetuzen ondaretzat hartuko.

2.– Laguntzen deialdi hau finantzatzeko funtsak, 2013ko ordainketa-kredituari dagozkionak, emandako laguntzen guztizko zenbatekoaren % 50aren baliokide den gehieneko zenbatekoaz, Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioari transferituko dizkio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak erakunde laguntzaile denez, dagokion ebazpena hartu ondoren, deialdi honen bidez deituriko laguntzak emanda. Gainerakoa 2014ko ekitaldian transferituko da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren betebeharrak.

Deialdi honetan zehaztutakoez eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 52. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, Hobetuz Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioak honako betebehar hauek izango ditu:

1.– Funtsak azken enpresa onuradunen artean banatzea.

2.– Laguntzak aplikatu zaizkien prestakuntza-ekintzak egin izana justifikatzen duten agiriak eskatzea eta gordetzea, lau urtez.

3.– Jaso diren funtsak zertan aplikatu diren justifikatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, 2014ko abenduaren 30a baino lehen, eta zerrenda izenduna ematea. Zerrenda horretan honako alderdiak jaso beharko dira: azken onuradunen izen-abizenak, emandako laguntzak, egindako ordainketak eta, oro har, funts horiekin egindako prestakuntzako jardueren memoria orokorra osa dezaketen bestelako datu kuantitatiboak zein kualitatiboak.

4.– Funtsen kudeaketa dela-eta, Eusko Jaurlaritzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren bitartez egin ditzakeen egiaztatze-jardueren eraginpean jartzea.

5.– Deialdian aurreikusten den ez-betetze kasuren bat gertatuz gero, onuradunei laguntzak itzul ditzaten eskatzea, deialdian bertan ezarritako itzultze-prozedurari jarraituz, behin dagozkien ebazpenak eman ondoren.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Finantzaketa-soberakinen azken likidazioa.

Deialdi honetan arautzen diren laguntzen onuradunek aplikatu ez dituzten finantzaketa-soberakinak eta deialdi honetan aurreikusten den dirua itzultzeko prozeduraren ondoriozko funtsak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuliko dizkio Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Betekizunak eskatzea.

Deialdi honetan ezarritakoari begira, deialdia argitaratu aurretik prestakuntza-ekintzak hasi edo amaitu dituzten eskatzaileek denbora-arrazoiak direla medio bete ezin izan dituzten betekizunak ez dira eskatuko.

Kasu horietan, 2012ko maiatzaren 8ko (2012ko maiatzaren 8ko EHAA) Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren deialdian ezarritako irizpide orokorrak izango dira aplikatzekoak, 2012ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen aldetik garatzen diren prestakuntzako estrategia-ekintzak finantzatzeko laguntza ekonomikoen deitzen dituen deialdian ezarritakoak.

I. ERANSKINA
LEHIARI BURUZKO EUROPAKO ARAUDIA ETA ETETZAT EDO ENPRESA TXIKITZAT HARTZEA

Europar Batasunaren definizioaren arabera, enpresa ertainek honako baldintza hauek bete behar dituzte: 250 langile baino gutxiago izatea, urtean gehienez 50 milioi euroko negozio-bolumena edo urtean gehienez 43 milioi euroko balantze orokorra edukitzea, eta kapitalaren edo boto-eskubideen % 25 edo gehiago beste enpresa batena ez izatea, edo ETEak ez diren beste enpresen talde batena.

Enpresa txikitzat joko dira, berriz, 50 langile baino gutxiago izanik urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko kopurua gainditzen ez dutenak.

Batzordearen 1998/2006 Erregelamenduan (2006-12-28ko EBAO) definituriko «minimis» erregelak estali ditzakeen zenbateko txikiko diru-laguntzen kasuan izan ezik, deialdi honen barruan finantzatuko diren prestakuntza-proiektuak 800/2008 zenbakiko Erregelamenduan (EE) ezarritakoari egokituko zaizkio, eta haren arabera laguntza-kategoria jakin batzuk bateragarri deklaratzen dira merkatu erkidean, Tratatuaren 87. eta 88. artikuluak aplikatuta (Kategorien arabera salbuesteko erregelamendu orokorra).

Horregatik, benetako kostu hautagarri eta justifikatuen guztizkoa, 800/2008 Erregelamenduan definituriko gehieneko intentsitateak eta EAEko lurralde-esparruan aplikatzekoak direnak aplikatzearen ondorio izango da azkenean likidatzen den laguntza. Ondoren erakusten den taulan adierazten diren ehunekoetara (Planaren guztizko kostuaren gain) iristen den inbertsio-ahalegina egin izana egiaztatu beharko dute eskatzaileek.

(Ikus .PDF)

Ehuneko horiek aplikatuko diren guztizko kostu hautagarriak kalkulatzeari begira, Prestakuntza Planeko parte-hartzaileen langile-arloko kostuak bilduko dira, 800/2008 Erregelamenduaren 39. artikuluan ezarritakoaren arabera.

800/2008 Erregelamendu horren 38. artikuluaren arabera, «prestakuntza orokortzat» hartzen da enpresa onuradunaren langilearen egungo edo etorkizuneko lanpostuan soil-soilik edo nagusiki aplikagarria ez den irakaskuntza biltzen duena, eta aitzitik, beste hainbat kualifikazio ere ematen ditu, gehienak beste enpresa batera edo beste lan-esparru batzuetara transferi daitezkeenak.

«Prestakuntza espezifikotzat» hartzen da enpresa onuradunaren langilearen egungo edo etorkizuneko lanpostuan zuzenean aplika daitekeen irakaskuntza teoriko eta praktikoa bildu eta beste enpresa edo lan-esparruetara transferigarriak ez diren kualifikazioak eskaintzen dituena, edo oso modu murriztuan soilik, transferitzerik badago.

Hobetuzen finantzaketa ez da beste laguntza publiko batzuekin metatutako, betiere kostu subentzionagarri berei dagokienez, metaketa horrek 800/2008 Erregelamendua ezarritakoa baino intentsitate handiagoa eragiten badu.


Azterketa dokumentala