Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

104. zk., 2013ko maiatzaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2530

EBAZPENA, 2013ko maiatzaren 15ekoa, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiarena; honen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko lana duten langileei batez ere zuzendutako enplegurako prestakuntzarako laguntza ekonomikoen 2013ko ekitaldirako deialdia argitaratzen da; ebazpena Lanbideren Administrazio Kontseiluaren Erabaki bidez onartu zen.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2013ko maiatzaren 13ko bilkuran hartutako Erabakiaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko lana duten langileei batez ere zuzendutako enplegurako prestakuntzarako laguntza ekonomikoen 2013ko ekitaldirako deialdia onetsi du, eta Lanbideren Estatutuetako 10.2 artikuluaren p) atalean xedatutakoarekin bat etorriz (estatutu horiek maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onetsi ziren), Lanbideko zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.

Adierazitako guztiarengatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko lana duten langileei batez ere zuzendutako enplegurako prestakuntzarako laguntza ekonomikoen 2013ko ekitaldirako deialdiaren argitalpena onartzea. 2013ko maiatzaren 13ko bilkuran onetsi du Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak deialdi hori, ebazpen honen eranskinean jasota dagoena.

Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren erabakiak.

Hirugarrena.– Jakinaraztea deialdia onartzen duen Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren erabakiaren kontra berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 15a.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LANA DUTEN LANGILEEI BATEZ ERE ZUZENDUTAKO ENPLEGURAKO PRESTAKUNTZARAKO LAGUNTZA EKONOMIKOEN 2013KO EKITALDIRAKO DEIALDIA

Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean daude 1995eko irailaren 27an sinatu zirenetik, Etengabeko Prestakuntzari buruzko Lanbide arteko Akordioa eta ondoren izenpetutako Euskal Autonomia Erkidegoko Etengabeko Prestakuntzarako Hiruko Akordioa, eta azken horren bitartez, Eusko Jaurlaritzak gizarte-eragileek erabakitako eredua onartu eta aldeek onetsitako betekizunak banatu ziren.

Hiruko Akordioaren bitartez Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa sortu zen, EAEko langile landunen prestakuntzaren kudeaketa- eta zuzendaritza-lanak eta enpresen, langileen eta hezkuntza-zentroen artean etengabeko prestakuntzarako interesa pizteko eta jarduera hori ahalik eta gehien zabaltzeko eta ahalik eta eraginkortasun handiena izateko ardura bere gain hartzeko helburuarekin.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari esleitzen dio enplegu-politika, baita enplegurako lanbide-prestakuntzaren azpisistema ere.

Bestalde, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokio, beste zenbait funtzioren artean, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa, eta funtzio horrek barne hartzen du diru-laguntzen deialdien onarpena eta izapidetzea, 82/2012 Dekretu bidez onartutako erakunde autonomoaren Estatutuetako 3.b) artikuluan ezarrita dagoenaren arabera. Enplegurako prestakuntzaren barruan, eta lanerako eta etengabeko prestakuntza bereizi ondoren, pertsona landunei zuzendutako prestakuntza dago gaur egun, hala eskatu, enpresen prestakuntza-ekintzak eta banakako prestakuntza-baimenak barne hartzen dituena, nola eskaintzen dena. Azken horrek, lehentasunez langile landunei zuzendutako prestakuntza-planak barne hartzen ditu.

Langile landunei lehentasunez zuzendutako enplegurako lanbide-heziketa funtsezkoa da bizitza osoan baitako prestakuntza ziurtatzeko, langileak eta enpresak ezagutza oinarrian duen gizartera egokitzeko eta Europako Enplegurako Estrategiaren esparruan garatzen diren produkzio-prozesuek izan ditzaketen aldaketen aurrean langileen gaitasun profesionalari eusteko.

Langileei lan-bizitzan beharko duten kualifikazioa emateaz gain, prestakuntza aldaketa teknologiko, ekonomiko eta soziala dakarten prozesuetan lehentasunezko balio bat da eta, hori dela eta, funtsezkoa da enpleguaren egonkortasuna eta gizarte-kohesioa lortzeko.

Testuinguru horretan, prestakuntza-ekintzen bitartez -Erabaki honen bitartez ezartzen da horien finantzaketa- prestakuntza-eskaintza zabala egiten zaie Euskal Autonomia Erkidegoko langileei. Halaber, enpresetan sustatu dituzten prestakuntza-planen edo, horiek ezean, prestakuntza-premiei erantzuteko landutako planen osagarri izatea bilatzen da.

Horregatik guztiagatik, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamenez, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2013ko maiatzaren 13ko bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoko lana duten langileei batez ere zuzendutako enplegurako prestakuntzarako laguntza ekonomikoen 2013ko ekitaldirako deialdia onartu zuen, honako baldintza hauekin:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko lana duten langileei batez ere zuzendutako enplegurako prestakuntza-planak garatzeko 2013ko ekitaldian eman beharreko laguntzak arautzea; prestakuntza-plan horiek hainbat prestakuntza-ekintza barne hartuko dituzte, horien bitartez langile horien gaitasuna eta kualifikazioa hobetu eta indibidualki berriro kualifika daitezen lortu nahi da.

2.– Deialdi hau finantzatzera bideratuko diren baliabide ekonomikoak 16.900.000 euro dira, eta horietatik 8.450.000 euro 2013ko ordainketa-kredituari dagozkio eta 8.450.000 euro 2014ko konpromiso-kredituari.

3.– Ez dute finantzaketarik jasoko enpresa bakar bateko lanpostuetara aplika daitekeen irakaskuntza eskaintzen duten eta beste enpresa batzuetan erabili ezin diren kualifikazioak eskaintzen dituzten prestakuntza-ekintzek eta Nagusiki prestakuntza-prozesu baten garapena (irakaskuntza-ikaskuntza) bilatzen ez duten ekintzek.

4.– Deialdi honetan barne hartzen diren laguntzak, ez dira bateragarriak izango prestakuntza-ekintza horiek berak egiteko onuradunek jaso ditzaketen beste mota bateko laguntzekin.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Deialdi honetan agertzen diren laguntzen onuradun izan daitezke EAEn kokatuta dauden honako erakunde hauek:

– Prestakuntza Erakundeak eta Unibertsitateak.

– EAEn Langileen Etengabeko Prestakuntzari buruzko Lanbide arteko Hitzarmena sinatu duten Enpresa Erakundeak eta Sindikatuak.

– Kooperatiba eta/edo Lan Sozietateen Konfederazioak eta Federazioak.

– Langile Autonomoen Elkarteak.

– Dagokion sektorean ordezkatzaileak diren Enpresa Erakundeak eta Erakunde Sindikalak, askatasun sindikalari buruzko 11/1985 Lege Organikoan eta Langileen Estatutuan aurreikusitakoaren arabera.

2.– EAEko langile guztiek parte hartu ahal izango dute diruz lagundutako ekintzetan. Mendetasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez-profesionalek, mendetasun-egoeran dauden pertsonen arretarekin erlazioan finantzatzen den prestakuntza-eskaintzan parte hartu ahal izango dute, betiere Eusko Jaurlaritzak mota honetako prestakuntza eskaintzeko baimendu dituen erakundeetan egiten badute.

Administrazio Publikoetan lan egiten duten langileek deialdi honen hirugarren artikuluko bigarren idatz-zatiko a) eta e) letretan aurreikusitako Planetan parte hartu ahal izango dute, gehienez ere plan bakoitzaren parte-hartzaileen ehuneko 10eko proportzioan.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emandako langile langabeen parte-hartzea, deialdi honetan aurreikusitako ekintzetan, prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten pertsonen % 20 eta % 40 bitartekoa izango da plan bakoitzean. Zentzu horretan, parte-hartzaileak langabetzat hartuko dira baldin eta trebakuntza-ekintza hastean egoera horretan badaude. Halaber, prestakuntza-jardueretan parte hartu ahal izateko, langabeak Lanbideko Orientazio Zerbitzuak proposatutakoak izatea gomendatzen da.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak aitortu gabeko prestakuntza-erakunde pribatuei ematen zaizkien laguntzak prestakuntza-premia bereziak dituzten edo lanbide-txertaketa edo birkualifikazioa lortzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako berariazko programak finantzatzeko erabiliko dira. Hala, partaideen % 70 gutxienez talde hauetako batekoak izan beharko dira: enpresa txiki eta ertainetako langileak, emakumeak, terrorismoaren nahiz genero-indarkeriaren biktimak, 45 urtetik gorakoak, kualifikazio txikiko langileak, desgaitasunen bat duten pertsonak eta langabe gazteak, iraupen luzekoak edota gizarte-bazterketako arriskua dutenak.

3.– Finantzaketa jaso dezaketen ekimenak 2013ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasi beharko dira, eta gehienez ere 2014ko ekainaren 30ean amaituko dira.

3. artikulua.– Prestakuntza Planak eta Erakunde Titularrak.

1.– Prestakuntza Plana esatean, prestakuntza-behar jakin batzuei erantzuteko osatutako prestakuntza-ekintzen multzoa ulertu behar da, betiere kontuan hartuta, ekintzak zuzentzen diren taldearen tamainagatik, aurreikusitako prestakuntza-orduen bolumenagatik edo bestelako ezaugarri garrantzitsu batzuengatik, planaren onuradunen gaitasunak nabarmenki hobetzen direla.

2.– Erantzun beharreko helburuen, prestakuntzaren esparruaren edo izaeraren eta erakunde titularren arabera, ondoren adierazi dira prestakuntza-plan desberdinak:

a) Sektore arteko prestakuntza-planak, langileentzako jarduera ekonomikoaren hainbat sektoretako zeharkako gaitasunen eta gaitasun horizontalen prestakuntza eskaintzen dutenak.

Prestakuntza-plan horien titularrak izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko prestakuntza-erakundeak eta Unibertsitateak, baita Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Heziketari buruzko Lanbide arteko Akordioa sinatu duten Enpresa eta Sindikatu Elkarteak ere.

Prestakuntza-erakundeei dagokienez, beren Estatutuen helburuen artean prestakuntza barne hartu behar dute, eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak aitortuta egon behar dute prestakuntza-ekintza bilduta dagoen prestakuntza-espezialitateetan.

Era berean eskaerak aurkeztu ahal izango dituzte Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak aitortu ez baditu ere, deialdi honen helburuekin bat datorren prestakuntza-eskaintza bat egiten badute eta prestakuntza mota hori kudeatzeko nahikoa irakasle eta esperientzia egiaztatu badute. Adierazitako guztia justifikatzeko, eskaerarekin batera txosten bat aurkeztuko da, lortutako esperientzia justifikatuz eta eskura dauden baliabideen azalpena eginez. Txostenak hamaikagarren artikuluko a) letran aurreikusitakoaren arabera baloratuko dira, eta hiru ekitalditan egiten diren deialdietarako baliozkoak izango dira.

Era berean, mendetasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez-profesionalengana zuzendutako prestakuntzari dagokionez, prestakuntza-erakunde titularrak Eusko Jaurlaritzak mota honetako prestakuntza eskaintzeko baimendu dituen erakundeak izango dira.

b) Sektoreko prestakuntza-planak, produkzio-sektore jakin bateko langileak gaitasun jakin batzuetan prestatzera bideratuak. Gaitasun espezifikotzat joko dira sektorekoak ez diren edo beste jarduera-sektore batzuetara eskualdatu ezin diren beste izaera bateko planetan eskuratu ezin direnak.

Plan horien titularrak izan daitezke, aurreko a) hizkian adierazitako erakundeez gain, dagokion sektoreko Enpresa Erakunde eta Erakunde Sindikal ordezkariak.

c) Produkzio-sektore berekoak izan gabe, kooperatiba, lan-sozietate eta ekonomia sozialeko enpresa eta erakunde bi edo gehiagoko langileak eta bazkide-langileak barne hartzen dituzten prestakuntza-planak, betiere horien izaera juridikotik ondorioztatutako edo zeharkako izaera duten beharretatik ondorioztatutako prestakuntza-eskaerei erantzuten dietenak; eta Euskal Autonomia Erkidegoan nahikoa finkatuta dauden Kooperatiben eta/edo Lan Sozietateen Konfederazioek eta Federazioek titularizatu ahal izango dituzte.

d) Langile autonomoei zuzendutako prestakuntza-planak; horien titularrak izan daitezke sektore arteko langile autonomoen elkarteak eta Langile Autonomoaren Estatutuari buruzko uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 21.5 artikuluan bildutako erakundeak, betiere EAEn egoitza iraunkorra eta operatiboa baldin badute. EAEn finkapen handiagoa duten autonomoak ordezkatzen dituzten elkarteek lehentasuna izango dute.

e) Kualifikazio Sistema Nazionalaren Katalogo Modularrarekin erlazionatutako prestakuntza-planak, horien titularrak izanik Euskal Autonomia Erkidegoan Prestakuntza Zentro edo Erakundeen Estatuko Erregistroan edo Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan, Profesionaltasun Ziurtapenak lortzera bideratutako prestakuntza emateko egiaztatutako prestakuntza-zentro publiko edo pribatuak. Kreditatu gabeko titularrentzat eta profesionaltasun-ziurtagiri berriei lotutako prestakuntza-ekintzak emango dituztenentzat, 2012ko ekitaldiko deialdiaren ondoren argitaratuak, ezohiko moduan eta behin-behineko izaeraz deialdi honetarako, Lanbidek titular horiek kreditatuko ditu «Erantzukizun Adierazpena» prozeduraren bitartez, eta adierazpen hori Zentroko Legezko Ordezkariak sinatu eta eskaerarekin batera gaineratu beharko du.

Erantzukizun Adierazpen horretan bildutakoaren egiazkotasuna erakunde eskatzaileak kreditatu beharko du eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko langile teknikoek egiaztatu beharko dute, diru-laguntza eman aurretik.

Teleprestakuntzaren modalitatean profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza-ekintzak emateko, zentroek Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren egiaztapena izan beharko dute.

4. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak.

1.– Deialdi honen ondorioetarako, helburu, eduki eta iraupen propioak dituen irakatsi eta ikasteko prozesua da prestakuntza-ekintza, eta langileen gaitasuna eta kualifikazioak hobetzea bilatzen du, baita horien lanbide-eguneratzea eta -espezializazioa ere.

Ez dira finantzatuko nagusiki prestakuntza-prozesu (irakaskuntza-ikaskuntza) bat garatzea bilatzen ez duten ekintzak.

2.– Orokorrean, prestakuntza-planetan barne hartutako banakako zein taldeko prestakuntza-ekintzek gutxienez 6 ordu eta gehienez 270 iraungo dute parte-hartzaile bakoitzarentzat. Salbuespen gisa, beste muga batzuk ezarri daitezke eskarian behar bezala justifikatzen denean. Prestakuntzako jarduerek egunean gehienez 8 ordu iraungo dute.

3.– Prestakuntza-ekintzak honako modalitate hauetakoren batean eman beharko dira: presentziala, ez presentziala edo mistoa.

a) Bertaratze bidezko prestakuntzatzat jotzen da, ikasgela batean, irakasleek ikasle-talde bati ezagutza berak eta aldi berean transmititzen dietenean, edozein motatako baliabide didaktiko erabilita.

b) Prestakuntza ez presentzialtzat jotzen da parte-hartzaileak bere ikaskuntzaren erritmoak norberaren denborara egokitzen dituenean; horretarako, prestakuntza-prozesua egingo den tokiaz gain, tutore/irakasleak izango ditu, bere zalantzak argitzeko eta aurrerapausoak egiaztatzeko. Modu horretan, erabilitako materialen edukiak osatu edo sendotuko ditu.

Prestakuntza ez presentziala soilik teleprestakuntzan eman ahal izango da, eta ekintzarako proposatutako ordu kopurua behar bezala justifikatu beharko da.

b1.– Prestakuntza ez presentziala, ikaskuntza sistematizatua dakarten euskarri didaktikoekin eman beharko da, eta nahitaez laguntza tutorialarekin osatuko da.

b2.– Deialdi honen ondorioetarako, Baliabideetako Ikastetxeetan emandako prestakuntza, prestakuntza ez presentziala balitz bezala ulertuko da. Baliabideetako Ikastetxe gisa ulertuko da, norberak erabil dezakeen ekipamendu didaktiko jakina duen instalazioa; parte-hartzaileak bertara joaten dira, hainbat euskarriren bidez prestakuntza eskuratzeko eta, bertan, beren zalantzak argitzeko tutoretza-motaren bat edukiko dute.

b3.– Prestakuntza-plataformen gutxieneko ezaugarriak:

1) Onuradunek prestakuntza betearazteko erabiltzen duten teleprestakuntza-plataformak honako baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Prestakuntza-proiektu bat edukitzea, non irakaskuntza-metodologia, jarraipena eta ebaluazioa xehatuko diren.

b) Ikaslearentzako on-line eskuliburu bat edukitzea, plataformaren funtzionamenduari eta ikasleak plataformarekin egiten dituen oinarrizko eragiketei buruzkoa, on-line prestakuntzaren jarraipena egiteko, behera deskargatu eta off-line kontsultatu ahal izango dena.

c) Ikasleen prestakuntza kudeatzeko eta bermatzeko nahikoa gaitasuna duen «on-line» ikaskuntza-sistema bat izatea, honako betekizun hauek bete beharko dituena:

– Arau tekniko aplikagarrian adierazitako fidagarritasun, segurtasun, eskuragarritasun eta elkarreragintasuneko mailak biltzea.

– Erabiltzaile posible guztiei aldibereko sarrera baimentzea, ikastaroaren etapa guztietan uniformea izango den plataformaren banda-zabalera bermatuz.

d) Plataforma erabiltzeko lizentzia egokiak edukitzea.

e) Inolako publizitate motarik ez edukitzea. Ez da publizitatetzat hartuko fabrikatzailearen logotipoa edo copyrighta.

f) Edukiak editatzea eta aldatzea.

g) 24 x 7 erabilgarritasuna izatea.

2) Era berean, honako komunikazio-tresna hauek eduki beharko ditu:

a) Foroak: foro anitzak eta aldiberekoak ireki, itxi eta kategorizatzeko aukera, eta gutxienez 4 Mbs-ko fitxategiak igotzeko aukerarekin.

b) Txatak: prestakuntza-ekintza bakoitzeko gutxienez txat-kanal bat irekitzea.

c) Posta elektronikoak, tutoreak jasotako guztiak antolatu eta etiketatzeko aukerarekin, baita artxibo bat baino gehiago eransteko aukerarekin ere.

d) Gertaeren egutegia: egutegi bat izatea ikastaroak irauten duen hilabeteekin, pertsonalizatua eta interaktiboa.

e) Informazio-arloa: tutoreek eta ikasleek ikastaroari buruzko informazioa editatzeko aukera, berriei eta webguneei lotuta.

f) FAQak: galderarik ohikoenei buruzko informazioa.

g) Erabiltzaileak linean: konektatuta dauden ikasleen etengabeko bisualizazioa.

h) Lantaldeak: nahi adina lantalde sortzeko aukera.

i) Ebaluazio objektiboak sortzeko aukera estipulatutako denborekin.

3) Plataforma administratzeko honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Prestakuntza-ekintzaren interfazea, non adieraziko den jardueraren finantzaketa publikoa dela, Eusko Jaurlaritza, Lanbide eta Hobetuzen aldetik.

b) Backupa behar adinako aldizkakotasunarekin, sistema eroriz gero datu guztiak berreskuratuko direla bermatu ahal izateko.

c) Ikasleen erregistroak, baita egiten dituzten jarduera guztienak ere, eta txostenen edizioa.

d) Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari eta Hobetuzi, organismo horren erakunde laguntzailea den heinean, baimena ematea, dagokion gakoa emanez, prestakuntza-jarduera guztien kontrola eta jarraipena egin dezaten.

e) Plataformaren kudeaketa-gida bat egitea.

f) Arazoak konpontzeko laguntza teknikoa, 24 ordutan erantzuteko ahalmenarekin.

g) Bideo-, audio- eta bit-mapen irudi-objektuko formatuei euskarria ematea, multimedia-formatuan edukiak eskaini ahal izateko ikaskuntza- eta ebaluazio-jarduerekin.

4) Erakunde onuradunak prestatzaileen jardunaren plangintza izan beharko du, prestakuntza-ekintza bakoitzaren programazioa garatuko duena.

b4.– Teleprestakuntza-modalitatean prestakuntza ematen duten tutore/prestatzaileen betekizunak eta funtzioak:

Teleprestakuntza-modalitatean prestakuntza ematen duten tutore/prestatzaileek modalitate horretan prestakuntza edo esperientzia izan beharko dute.

Teleprestakuntza-modalitatean jarraipena eta kalitatea bermatzeko, 10 ordutik gorako iraupena duten prestakuntza-ekintzetan, tutore/prestatzailearen dedikazioko gutxieneko bat ezarriko da prestakuntza-ekintzaren plangintzan, hau da, 10 ordu asteko 30 ikasle bakoitzeko.

Edonola ere eta 10 ordutik gorako iraupena duten prestakuntza-ekintzetarako, tutore/prestatzailearen dedikazioa gutxienez ere 20 minutu ikasleko izango dela bermatuko da.

Parte hartzen duten 70 ikasleko tutore bat izan beharko da gutxienez.

Tutore-hezitzailearen funtzioak honako hauek izango dira gutxienez:

a) Prestakuntza-taldeko ikasleen harrera-plana prestakuntza-ekintzaren ezaugarri espezifikoen arabera garatzea.

b) Ikasleak orientatzea eta gidatzea jarduerak egiterakoan, materialak erabiltzerakoan eta plataforma birtualeko tresnak erabiltzerakoan, prestakuntza-ekintzetan aurreikusitako gaitasunak eskuratzeko.

c) Ikasleen parte-hartzea bultzatzea, gogoeta eta eztabaidarako jarduerak proposatuz, zeregin indibidualak eta talde-lana antolatuz, eta ezarritako komunikazio-tresnak erabiliz.

d) Parte-hartzaileek egindako jardueren jarraipena eta balorazioa egitea, zalantzak argituz eta arazoak konponduz, ikaskuntzako plataforma birtualaren tresnen bitartez, aurreikusitako plangintzari jarraituz.

e) Parte-hartzaileak ebaluatzea, ezarritako irizpideen arabera, eta bidezko diren ebaluazio-proben antolaketan eta garapenean parte hartzea.

f) Prestakuntza-ekintzen antolaketa, kudeaketa eta garapenaz arduratzen den taldearen gainerakoekin koordinatzea dakarten jarduera guztietan parte hartzea.

g) Prestakuntza mistotzat jotzen da, prestakuntzaren irakaskuntza modalitate presentzialaz eta ez presentzialaz baliatuz ematen denean, kasu bakoitzean beharrezkotzat jotzen den orduen ehunekoan.

4.– Prestakuntza-ekintza presentzialak taldean antola daitezke, gehienez ere 20 parte-hartzailek osatutako taldeak osatu ahal direlarik; taldeko 25 ikasle onartuko dira, salbuespen moduan, behar den bezala justifikatzen bada. Prestakuntza-ekintza ez presentzialetan, parte hartzen duten 70 ikasleko irakasle bat izan beharko da gutxienez. Ekintza mistoen kasuan, aipatu mugak errespetatuko dira, kasuan kasuko prestakuntza-modalitatearen arabera.

5.– Lehentasunezko prestakuntza-arloak dira enpresaren nazioartekotzeari, ekintzailetzari, berrikuntzari eta produkzio-prozesuen garapen teknologikoari lotutakoak.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskaerak Hobetuz Fundazioaren egoitzetan aurkeztuko dira:

– Arabako Lurralde Egoitza, Dato, 14-16. zenbakiak, 3. solairua, 01005 Vitoria-Gasteiz.

– Bizkaiko Lurralde Egoitza, Kale Nagusia, 35. zenbakia-6. solairua, 48009 Bilbao.

– Gipuzkoako Lurralde Egoitza, Manterola, 4. zenbakia, 1., 2007 Donostia.

Era berean, 30/1992 Legeak, 1992ko azaroaren 26koak eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidea ezartzen duenak, bere 38.4 artikuluan aurreikusitako bulegoetan aurkez daitezke eskaerak.

Eskaera horiek paperean eta Hobetuz Fundazioak www.hobetuz.com web-orrian deialdi honetarako eskainitako euskarri informatikoan aurkeztuko dira.

Paperean aurkeztutako datuen eta euskarri informatiko bidez aurkeztutakoen artean desadostasunik badago, paperean aurkeztutako datuak hartuko dira baliagarritzat.

2.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

6. artikulua.– Eskaerak egiteko baldintzak.

Eskaeretan honako hauek jasoko dira:

a) Eskatzailearen edo haren ordezkariaren izena, egoitza soziala, helbidea eta harremanetarako telefonoa.

b) Hala dagokionean, ordezkaritza hori egiaztatzen duen jatorrizko agiria, edo Hobetuzek edo fede-emaile publiko batek konpultsatutako kopia.

c) Eskatzailearen eta ordezkariaren, horrela denean, NANaren edo identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

d) Erakunde eskatzailearen behar bezala legeztatutako estatutuen kopia, fede-emaile publikoak konpultsatua edo jatorrizko dokumentua gaineratzen duena, Hobetuzek egiaztatu ahal izateko.

e) Erakundea dagokion administrazio-erregistroan izena emanda dagoela ziurtatzen duen agiria.

f) Laguntzaren xedea den prestakuntza-plana, ondorengo artikuluan adierazitako baldintzekin.

g) Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak aitortu gabeko prestakuntza-erakundeen kasuan, erakunde eskatzaileak diru-laguntza eskatzen den Planaren kudeaketara egokitzen den gaitasun teknikoa duela ziurtatzen duen txostena, esperientzia handia duen prestakuntza-espezialitateak adieraziz, baita espezialitate horri lotutako giza baliabideak, baliabide teknikoak eta materialak.

h) Diru-laguntzen bikoiztasuna eta prestakuntza-ekintzetarako gain finantzaketa saihestearren, eskatzaileak zinpeko aitorpen bat aurkeztu beharko du, beste diru-sarrera edo laguntza publiko osagarririk ez duela jasotzen adieraziz (4. eranskina).

i) Edozein Administrazio Publikok prestakuntza-arloan emandako diru-laguntzak itzultzeko prozeduran murgilduta ez dagoela edo eskatu zaizkion zenbatekoak itzuli dituela adieraziko duen titularraren erantzukizun-aitorpena (4. eranskina).

j) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantza eta/edo Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeari guztia ordainduta izanaren ziurtagiri eguneratuak.

k) Erakundeak zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik jaso ez duela egiaztatzen duen erantzukizun-aitorpena, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

l) Gizarte-ekonomiarekin eta langile autonomoekin erlazionatutako planei dagokienez edo ordezkaritza-erakundeek aurkeztutako sektoreko planei dagokienez, titularrak aurkeztutako planak xede duen eremuan duen hedapena edo ezarpena ziurtatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.

m) Kualifikazio Sistema Nazionalaren Katalogo Modularrari lotutako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Prestakuntza Zentro eta Erakundeen Estatuko Erregistroan ziurtatu gabeko prestakuntza-planen titularrek, eta 2012ko deialdiaren ondoren argitaratu diren profesionaltasun-ziurtagiri berriei lotutako prestakuntza-ekintzak emango dituztenek, prestakuntza-ekintza horiek emateko beharrezko baldintzak betetzen dituztela dioen erantzukizun-aitorpena gaineratu beharko dute.

n) Onuraduna etengabeko lanbide-heziketari buruzko euskal akordioa sinatu duen erakunde bat, Gizarte Ekonomiako edo autonomoen taldeko ordezkaritza-erakunde bat edo sektore jakin bateko ordezkaritza-erakunde bat denean, eta prestakuntza-ekintzen burutzapena kontratatu nahi duenean, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan munta txikiko kontratuen zenbatekoa gainditzen duenean gutxienez ere hiru eskaintza eskatzeko betebeharra betetzeari buruzko erantzukizun-aitorpena gaineratu beharko du.

7. artikulua.– Prestakuntza-planei dagozkien betekizunak.

1.– Prestakuntza-planek honako hauek bildu behar dituzte:

a) Plana egiteko arrazoien adierazpena.

b) Zein esparrura bideratzen diren eta horien prestakuntza-eskaintzaren plana xede duen jarduera-esparruarekiko edo -sektorearekiko egokitasuna.

c) Prestakuntza Planaren helburuak eta edukiak.

d) Garatuko diren prestakuntza-ekintzak, espezialitateen arabera multzokatuta, xede horrekin landutako inprimaki eta aplikatiboetan adierazitako banakapena eginez, 4.5 artikuluan adierazitako lau lehentasunezko arloetako baten barruan daudenak adieraziz.

e) Prestakuntza-ekintzen aurreikusitako kostua.

f) Prestakuntza-ekintzak gauzatzeko aurreikusitako egutegia.

g) Prestakuntza-ekintzak garatzeko instalazioak eta bitartekoak. Titularra prestakuntza-erakunde bat edo unibertsitate bat bada, finantzatutako prestakuntza-ekintzak zentroko bertako langileek bakarrik emango dituzte eta xede horretarako eskura dauden ohiko ekipo propioekin eta erabakitako instalazioetan egingo dute. Salbuespenak onartuko dira, betiere behar den bezala justifikatzen badira eskaera-inprimakietan, eta salbuespen horiek prestakuntza-ekintzaren espezifikotasunak eta berau eskaintzeko irakasle propioak beti ezin edukitzeak eragindako egoerak izango dira bereziki.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak aitortu gabeko prestakuntza-erakundeek, gainera, beren esperientzia ziurtatzen duen eta hirugarren artikuluaren 2. idatz-zatiko a) letran, laugarren paragrafoan adierazitako eskura dituzten bitartekoak adierazten dituen txostena aurkeztu beharko dute.

h) Programatutako prestakuntza-ekintzen garapenaren eta jarraipena egiteko moduaren eta prestakuntza-plan bakoitza ondoren ebaluatzeko erabiliko diren irizpide eta metodologien arduradunen identifikazioa.

i) Parte-hartzaileak hautatzeko irizpideak.

2.– Prestakuntza Zentroek eta Unibertsitateek, horietako bakoitzak, bi Prestakuntza Planetarako diru-laguntzak bakarrik eskatu ahal izango dituzte: bat katalogo modularrarekin erlazionatutako prestakuntzarako eta bestea aipatu katalogoan barne hartzen ez den prestakuntzarako. Azken hori sektorekoa edo sektore artekoa izango da.

8. artikulua.– Parte-hartzaileei dagozkien betekizunak.

1.– Deialdi honen bigarren artikuluak deskribatutako langileek dagozkien erakunde titularrei onartutako prestakuntza-planetako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko eskatu ahal diete; horretarako, deialdi honetarako eskaera-agiri gisa diseinatutako agiri normalizatua eta partaidetza-agiria (2.C eranskina) erabil daitezke. Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntzaren kasuan, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 20. artikuluan aurreikusitako betekizunak bete beharko dituzte parte hartzen dutenek.

Eskaera-agiriaren eta partaidetza-agiriaren kopia bat parte-hartzaileari emango zaio. Jatorrizko agiria erakunde titularrak gordeko du, Hobetuzek edo kontrola egiteko beste erakunde batek egiten dituzten egiaztapenetan aurkezteko.

Deialdi honen 13.3 idatz-zatian adierazitakoaren arabera, parte hartzeko eskaeretan/konpromisoetan adierazitako datuak Hobetuzi jakinarazi behar zaizkio ezarritako epeen barruan eta Hobetuzek xede horrekin utzitako baliabideak erabiliz.

Erakunde eskatzaileak edo prestakuntza-ekintzak eskaintzeko ardura duen pertsonak aukeratuko ditu langile parte-hartzaileak, betiere hautapen-mekanismoen gardentasuna eta objektibotasuna ziurtatuz. Aukeraketak hautaketa-proba bat barne hartuko du hala eskatzen duten prestakuntza-ekintzetan, jarduera hori baliatuko dutela ziurtatzeko eta, egiazki, kualifikazioa emango duten ekintzen helburuak lortzeko beharrezko aurretiazko ezagueren zer maila duten jakiteko, hala dagokionean lanbide-kualifikazioko 2. eta 3. mailen profesionaltasun-ziurtagirien prestakuntza-moduluen prestakuntza jasotzeko beharrezkoak diren funtsezko gaitasunak barne hartuz.

Era berean, gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasunaren alorrean Legean xedatutakoa betetzeko, hautespen-prozesuetan emakumeen parte-hartzeari lehentasuna emango zaio.

2.– Parte-hartzailea prestakuntza-ekintzatik kanpo geratuko da, baldin eta prestakuntza-ekintzaren iraupenaren % 25etik gorako portzentajean bertaratzen ez bada.

3.– Langile batek ezingo du behin baino gehiagotan parte hartu prestakuntza-ekintza berean.

9. artikulua.– Laguntza zehaztea.

1.– Edozein modutan, erakunde bakoitzari gehienez emango zaion laguntza honako irizpide hauen arabera erabakiko da:

a) Kudeaketa-gaitasun ziurtatua. Deialdi honen aurreko bi ekitaldietan langileentzako etengabeko prestakuntza-planak kudeatu dituzten eskatzaileei dagokienez (Hobetuzek finantzatutako planak), esleituko zaien gehienezko laguntza erabakitzeko, erakunde eskatzaileak deialdi horietan emandako diru-laguntzari dagokionez lortu duen egikaritze-maila hartuko da kontuan. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak aitortu gabeko prestakuntza-erakundeen kasuan, deialdi honen 3.2.a) artikuluaren barnean hartuta badaude, memoria justifikatzailean egiaztatutako gaitasun teknikoari buruz egiten den balorazioaren arabera irakasteko baimentzen den gehieneko ordu kopuruaren arabera ezarriko da gehieneko laguntza.

b) Prestakuntza-erakundeek eta sektorean ordezkaritza duten enpresa-erakundeek eta sindikatuek titularizatzen dituzten eta hirugarren artikuluko bigarren idatz-zatiaren a) eta b) letretan barne hartuta prestakuntza-planek 3.400.000 euroko partida bat izango dute.

c) Hirugarren artikuluko 2. idatz-zatiko c) eta d) letretan barne hartutako prestakuntza-planetara 500.000 euroko partida bideratuko da. Kopuru hori banatu egingo da, aipatu artikuluko 2. idatz-zatian adierazitako irizpideen arabera onartzen diren eskaeren artean.

d) Hirugarren artikuluko 2.e) idatz-zatian barne hartutako prestakuntza-planetara 6.000.000 euroko partida bideratuko da.

Ez bada erabat agortzen b), c) edo d) letretan aurreikusitako kontu-sailen bat, soberakinak aipatutako beste kontu-sailetan sartuko dira, eragindako kontu-sail bakoitzean eskatutako guztizko bolumenaren arabera.

2.– Deialdi honetan onartu diren prestakuntza-ekimenetako bakoitzari eman beharreko finantzaketak gehieneko finantzaketa izaera izango du, eta honako era honetan zehaztuko da:

a) Ordu kopurua parte-hartzaile kopuruarekin eta hamargarren artikuluaren arabera dagokion moduluaren zenbatekoarekin biderkatuz.

b) Ondoren, planaren balorazio teknikoa egingo da, eta finantza daitekeen gehieneko zenbatekoaren ehunekoa zehaztuko du, aurkeztutako eskaerak eta eskura dauden funtsen zenbatekoa ikusita ezartzen diren tarteak kontuan izanik, hamaikagarren artikuluaren arabera.

c) Ekimen mota bakoitza finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoen kasuan, beste batean soberakinak daudelako izan daitekeen gehikuntza barne, baliabide horiek ez badira nahikoak eman beharreko diru-laguntza guztiak emateko, azken banaketa hainbanaketa bitartez egingo da.

10. artikulua.– Modulu ekonomikoak.

1.– Diru-laguntzak zehazteko aplika daitezkeen gehienezko modulu ekonomikoak (parte-hartzaile bakoitzarengatik eta prestakuntza-ekintza bakoitzarengatik kostua) ondoren adierazitakoak izango dira, betiere prestakuntzaren modalitatea eta maila kontuan hartuko direlarik:

(Ikus .PDF)

Irakaskuntza presentzialeko modalitatearen kasuan, «Oinarrizko mailako» modulua zeharkako ikasgaien edo ikasgai generikoen prestakuntza denean aplikatuko da, hain zuzen oinarrizko gaitasunak eta kualifikazioak garatzeko gaitasuna eskaintzen denean.

«Goi-mailako» modulua, prestakuntza espezializazioa eskatzen duten ikasgaietan edota programazio edo zuzendaritzako gaitasunak garatzeko gaitasuna ematen denean aplikatuko da.

2.– Modalitate presentzialaren goi-mailako modulu ekonomikoa ehuneko 50era bitartean areagotu daiteke prestakuntza-ekintza jakin batzuen kasuan, betiere euren espezialitatea eta ezaugarri teknikoak kontuan hartuta finantzaketa handiagoa behar bada.

Aurreko paragrafoan barne hartutako ekintzen guztizko kostuak ezingo du gainditu Deialdi hau finantzatzera zuzendutako funtsen guztizkoaren ehuneko 5.

3.– Aipatutako salbuespenak aplikatzeko, eskaeretan adierazi beharko dira ekintza bakoitzean dauden berezitasunak. Eskaerak ebatzi ondoren ezin izango da onartu salbuespen bakar bat ere.

11. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Aurkeztutako planen balorazio teknikoa egiteko honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Esperientzia eta baliabide materialak. Atal honetan, honako hauek hartuko dira kontutan:

– Erakunde titularrak langileak prestatzeko aurretik duen esperientzia.

– Erakundeak finantzaketaren xede diren prestakuntza-espezialitateetan aurretik duen esperientzia.

– Plana eta prestakuntza-espezialitate bakoitza garatzeko eta egikaritzeko bitarteko materialak eta pertsonalak, propioak edo besterenak.

– Plana osatzen duten elementuen kalitatea eta koherentzia eta bakoitzaren prestakuntza-ekintzak.

– Ezarritako kalitate-sistema (jarraipen-mekanismoak, ikaskuntzaren ebaluazioa eta kontrola eta prestakuntza-ekintzen ziurtapena).

Justifikazio hori egiteko, eskaera behar bezala betetzeaz gain, horretarako bidezkotzat jotzen diren agiri guztiak gaineratu daitezke.

Irizpide horrek 100 puntutik 40ko pisua edukiko du planaren guztizko balorazioa egiteko orduan. Hirugarren artikuluan barne hartutako Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak aitortu ez dituen prestakuntza-erakundeek aurkeztutako eskaeren kasuan, gaitasun teknikoa justifikatzeko memoriaren balorazioa egin ondoren 20 puntura iristen ez direnak ez dira finantzatuko.

b) Prestakuntza-eskaintza eta xede duen esparruaren edo sektorearen beharren arteko egokitasuna. Atal honetan baloratuko dira:

– Aurkeztutako prestakuntza-ekintzek lan-merkatuak dituen prestakuntza-premiekin duten egokitasuna.

– Behar hori justifikatzen duen azterlanen bat egotea.

– Aurkeztutako ekintzek ekintzen xede diren langileentzako lehentasunezkoak direlako justifikazioa.

– Ekintzak 4.5 artikuluan adierazitako lehentasunezko arloekin bat etortzea.

Kualifikazio Sistema Nazionalaren Katalogo Modularrari lotutako prestakuntza-planetan, aurkeztutako eskaintza partzial metagarria Gaitasuna Egiaztatzeko Egiturak hautemandako prestakuntza-premiekin bat datorren baloratuko da.

Justifikazio hori egiteko, eskaera behar bezala betetzeaz gain, horretarako bidezkotzat jotzen diren agiri guztiak gaineratu daitezke.

Irizpide horrek 100 puntutik 40ko pisua edukiko du planaren guztizko balorazioa egiteko orduan.

c) Planaren diseinuan prozesu integral bat barne hartzea. Horren bitartez langileei orientazioa eta aholkularitza emango zaie prestakuntza-ekintzaren aurretik, bitartean eta ondoren. Era berean, bereganatutako gaitasunen ebaluazioa eta alderaketa egingo da. Horretarako, atal honetan adierazitako pertsonak eta berariazko zereginak zehaztu beharko dira eskaeran.

Irizpide horrek 100 puntutik 20ko pisua edukiko du planaren guztizkoan.

d) Hobetuzek aurretik kudeatutako deialdien gauzatze-maila. Irizpide hori 10 puntu arte ponderatuko da, hala positiboki nola negatiboki, eta inoiz ere ez da zenbatuko guztizko 100 puntuak gainditzeko.

2.– Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten eskaerek ez dute finantzaketarik lortuko.

12. artikulua.– Prozedura bideratu eta ebaztea.

1.– Behin eskaerak aurkeztuta, aurkeztutakoa baino informazio gehiago eskatu ahal izango da. Interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epearen barruan zuzen dezala hutsunea edo aurkez dezala nahitaezko dokumentazioa; orobat, ohar hau egingo dio, hori egin ezean, eskaeran atzera egin duela joko dela; horretarako, baina, ebazpen bat eman beharko du aldez aurretik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluak ezarritakoari jarraituz.

2.– Hobetuzek aurkeztu diren eskaerak aztertuko ditu, eta aurkeztutako laguntza-eskaera bakoitza ukatzeko edo guztiz edo partzialki onartzeko ebazpena emango du. Proposamen horiek Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzura igorriko ditu dagozkion ebazpenak emateko.

3.– Hobetuzek egindako proposamena aztertu ondoren, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak dagokion Ebazpena emango du, eta interesdunei jakinaraziko zaie.

Ebazpena aldekoa bada, diruz lagunduko diren prestakuntza-ekintzak adieraziko dira, baita parte-hartzaile kopurua eta ordu kopurua eta finantzaketa ere.

Interesdunak 10 eguneko epea izango du emandako diru-laguntza onartzen duela adierazteko, zuzendari nagusiak ebazpena jakinarazten duen unetik zenbatzen hasita. Epe hori amaitzean, eskaerari uko egin zaiola ulertuko da.

Era berean, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletako Iragarki Taulan emango da Ebazpenaren berri, baita www.lanbide.net eta www.hobetuz.com web-orrietan ere.

4.– Zuzendari nagusiaren Ebazpenak administrazio-bidea agortzen du, eta horren aurka berraztertzeko errekurtsoa jartzeko aukera izango da organo horretan, hilabeteko epean interesdun bakoitzari egiten zaion jakinarazpenaren biharamunetik, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean jakinarazpenaren biharamunetik.

5.– Ebazteko eta jakinarazteko gehienez 6 hilabeteko epea izango da, eta, epe hori amaitutakoan, eskaera atzera bota dela ulertuko da.

6.– Emakidaren ebazpena jaso ondoren, eta behar den aurrerapenarekin, laguntzaren onuradunak Hobetuzi eskatu ahal izango dio finantzatutako planean aldaketak sartzeko, finantzatutako ekintzen edukia, modua eta/edo gauzatzeko epeak ukitzen dituenean. Aldaketa-eskaera hori idatziz egingo da, eta behar bezala oinarritu beharko da. Aldaketa horiek Hobetuzek baimendu beharko ditu.

Parte-hartzaileen kopurua edo irakaskuntzaren modalitatea ukitzen duten aldaketak direnean, baimendu ahal izango dira ez badute murrizten hasierako eskaera kontuan izanez gero lortuko zen balorazio teknikoa.

7.– Publikotasun-printzipioa betetzeko xedez, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak onuradunen eta emandako zenbatekoen zerrenda argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

13. artikulua.– Prestakuntza-plana egikaritzea.

1.– Ematen den diru-laguntza prestakuntza-planak gauzatzera destinatuko da.

2.– Deialdi honek finantzatzen dituen prestakuntza-planetan bilduta dauden prestakuntza-ekintzak erabat doakoak izango dira parte-hartzaileentzat.

3.– Talde edo ekintza bakoitza hasi aurretik, titularrak honako hau jakinaraziko dio Hobetuzi:

– Hasi baino 7 egun lehenago, gutxienez, prestakuntza emango den lekuari, prestakuntza emango duen erakundeari, eta ekintzaren data eta ordutegiari buruzko datuak.

– Era berean, gehienez ere prestakuntzaren bigarren egunean, prestakuntza-ekintzan parte hartzen duen pertsonak betetako eskaeraren/konpromisoaren datuak.

Ikastaroa amaitu eta 30 eguneko gehieneko epearen barruan, titularrak amaitu duten parte-hartzaileak adierazi beharko ditu eta ikastaroaren informazioa itxi.

Betebehar horiek betetzeko, Hobetuzek, www.hobetuz.com web-orrian aplikazio bat jarriko du titularren esku. Horrela adierazitako informazioak ez du aldaketarik onartuko taldea edo ekintza amaitzen denetik zenbatzen hasi eta 30 egun igarotzen direnean, eta prestakuntza-planaren egikaritzea justifikatzeko kontuan hartuko den bakarra izango da.

Betebehar horiek ez badira betetzen, Planaren burutzapena justifikatzen denean ez egindakotzat hartuko da dagokion prestakuntza-ekintza.

4.– Titularrek ekintza presentzialetan eguneroko bertaratze-partea egin beharko dute, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute.

Prestakuntza-ekintza ez presentzialen kasuan, parte-hartzaile bakoitzari egindako jarraipen-kontrolei dagokien dokumentazioa landu beharko du titularrak.

Parte-hartzaile bakoitzari prestakuntza-ekintzan parte hartu izanaren ziurtagiria emango zaio, Hobetuzek ezarritako ereduaren araberakoa, eta bertan gutxienez adierazi beharko dira ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, modalitatea, ekintza zer egunetan garatu den, eta jasotako prestakuntza-orduak, hala dagokionean ordu presentzialen eta ez presentzialen kopurua adieraziz.

Lanbide Heziketako Euskal Modulu Katalogoari dagozkion prestakuntza-planetan eta -ekintzetan, deialdi honetako hirugarren artikuluko 2.e) idatz-zatian aurreikusitakoetan, eta prestakuntza-kreditua gainditu duten pertsonei dagokienez, parte-hartzaileei emango zaien ziurtapena, Hobetuzek eska dezakeena, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako prozeduraren arabera luzatuko da.

Parte hartzeko ziurtagiriak parte-hartzaileei eman beharko zaizkie, parte hartu duten prestakuntza-ekintza amaitu eta bi hilabeteko epean.

Titularrak ziurtagiri horren kopia gordeko du, parte-hartzailearen «jaso izanarekin» batera.

5.– Titularra etengabeko lanbide-heziketari buruzko euskal akordioa sinatu duen erakunde bat, Gizarte Ekonomiako edo autonomoen taldeko ordezkaritza-erakunde bat edo sektore jakin bateko ordezkaritza-erakunde bat denean, onuradunak deialdi honen kontura finantzatutako prestakuntza-ekintzen gauzatzea kontrata dezake, behin bakarrik.

Erakunde onuradunak gutxienez ere hiru eskaintza eskatu beharko ditu kontratuen zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan munta txikiko kontratuen zenbatekoa gainditzen duenean.

Era berean, erakunde onuradunak aurretiazko baimena eskatu beharko du diru-laguntzaren zenbatekoa 60.000 eurotiko gorakoa denean edo kontratua hari lotuta dauden pertsona edo erakundeekin sinatuko denean. Azken kasu horretan, gainera, kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egin behar da. Horretarako, baimen-eskaerarekin batera, sinatu nahi den kontratuaren kopia aurkeztuko da, eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebatziko du. Baimena eman dela ulertuko da, hori aurkeztu eta 20 eguneko epearen barruan ez bada esanbidez ebazten.

Ez dira hirugarrenak azpikontratatuko, jardueraren kostua areagotuz, baldin eta jarduerari balio erantsirik gehitzen ez bazaio.

6.– Diru-laguntzaren onuradunak bitarteko propioak erabili beharko ditu finantzatzen den prestakuntza-planaren programazioa eta koordinazioa egiteko eta, edozein kasutan, bere gain hartuko du hura garatzeko erantzukizun osoa, betiere eskumena duten erakundeek jarraipen- eta kontrol-funtzioak gara ditzaten bermatuz.

7.– Langileek prestakuntza-ekintza uzten badute, beste langile batzuk sartu ahal izango dira haien ordez. Ordezpen hori onartuko da prestakuntza-ekintzaren iraupena ez bada iritsi % 25era, profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza-ekintzak direnean salbu, izan ere, kasu horretan ordezpena soilik onartuko baita ez bada ehuneko hori gainditu eta prestakuntza-ekintza hasi denetik lehen bost eskola-egunen barruan gertatzen bada.

14. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.

1.– Diru-laguntza ordaintzeko, ordainketa bakoitzaren aurretik onuradunak aurkeztu beharko ditu Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko eta/edo kasuan kasuko gizarte aurreikuspeneko erakundearekiko betebeharrak bete dituelako ziurtagiri eguneratuak.

2.– Diru-laguntza bi ordainketetan ordainduko da, honako era honetan:

a) Lehen ordainketa, diru-laguntzaren guztizko zenbatekoaren % 50ekoa, ebazpenaren unean. Lehen ordainketa hori 180.303,64 eurotik gorakoa bada, titularrak bankuko abala aurkeztu beharko du, ebazpenarekin batera adieraziko diren jarraibideak kontuan izanik, edo bestela plana gauzatzerakoan dagoeneko sortutako gastuen justifikazioa, justifikatu gabeko gainerakoak kopuru hori gainditzen ez badu.

b) Bigarren ordainketa bat, diru-laguntzaren gainerakoari dagokiona, Hobetuzen memoria justifikatzailea aurkezten denean eta dagokion azken likidazioa onartzen denean.

15. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikaziorako onartutako finantza daitezkeen kostuak eta egozpen-irizpideak.

1.– Honakoak izango dira finantza daitezkeen kostuak eta egozpen-irizpideak:

A) Prestakuntza-jardueraren kostu zuzenak:

a) Barruko eta kanpoko prestatzaileen ordainketak. Horien barruan sartzen dira: soldatak, gizarte-aseguruak, dietak eta joan-etorriak egiteko gastuak.

Gastu horiek behar den bezala zehaztuta adierazi behar dira, kasuan kasuko jarduera bakoitzak hartutako orduak zehaztuz.

b) Ekipo didaktikoak eta plataforma teknologikoak amortizatzeko gastuak. Horiek kalkulatzeko, kontabilitate-arauetan onartutako amortizazio-irizpideak jarraituko dira. Era berean, ekipo didaktikoak eta plataforma teknologikoak alokatzeko gastuak barne hartuko dira, interesak kanpo utziz.

Gastu horiek prestakuntza-ekintza bakoitzaren kasuan behar den bezala zehaztuko dira eta ekipoei eta plataformei emandako erabilera indibidualaren arabera kalkulatuko dira; bestela, erabilera-orduak egotziko dira.

c) Bitarteko didaktikoen gastuak edota material didaktikoak eskuratzeko gastuak, bai eta planeko prestakuntza-ekintzak egiteko erabilitako bitartekoak ere, babes eta segurtasunerako materiala barne hartuta. Era berean, teleprestakuntzari dagokionez, prestatzaileek eta parte-hartzaileek erabilitako komunikabideei egotzi ahal zaizkien kostuak kontuan hartuko dira.

Gastu horiek prestakuntza-ekintza bakoitzaren kasuan behar den bezala zehaztuko dira eta ekipoei eta plataformei emandako erabilera indibidualaren arabera kalkulatuko dira; bestela, erabilera-orduak egotziko dira.

d) Alokairu finantzarioaren gastuak, interesak kanpo, edo prestakuntza-planaren garapenean erabilitako gelak, tailerrak eta gainerako azaleren amortizazioa. Gastu horiek prestakuntza-ekintza bakoitzaren kasuan behar den bezala zehaztuko dira eta ekintzak irauten duen denboragatik egotziko dira.

Amortizazio-gastuak kalkulatzeko, oro har onartuta dauden kontabilitate-arauak jarraituko dira; gainera, Sozietateen gainerako Zerga arautzen duen Araudiak onartutako taulen araberako amortizazio-metodoa aplikatuko da.

e) Parte-hartzaileen istripu-asegurua.

Gastu horiek prestakuntza-ekintzen arabera behar bezala xehatuta aurkeztu beharko dira eta egoztea parte-hartzaileen kopurua kontuan hartuta egingo da.

f) Prestakuntza-ekintzen parte-hartzaileen garraio, mantenu eta ostatuaren gastuak, betiere Foru Araudian lokomozio eta dieten gastuei lotutako PFEZaren esparruan ezarritako mugak errespetatuz.

Gastu horiek prestakuntza-ekintzen arabera behar bezala xehatuta aurkeztu beharko dira eta egoztea parte-hartzaileen kopurua kontuan hartuta egingo da.

g) Prestakuntza-ekintzak antolatzeko eta ezagutzera emateko publizitate-gastuak.

Gastu horiek prestakuntza-ekintzen arabera behar bezala xehatuak aurkeztu behar dira.

B) Prestakuntza-jarduerarekin erlazionatutako hainbat kostu:

a) Kanpoko zein barruko laguntza-langileen kostuak eta plana kudeatzeko eta gauzatzeko beharrezkoak diren kostu guztiak, langileei orientazioa eta aholkularitza ematekoak barne.

b) Bestelako kostuak: argia, ura, berogailuak, mezularitza, posta, garbiketa, zaintza eta planaren gauzatzearekin erlazionatuta dauden eta lehen aipatu ez diren kostu gehiago.

Kostu horiek guztiak onuradunak diruz lagundutako jarduerari egotziko dizkio, onartutako kontabilitateko arau eta printzipioetan adierazitako moduan eta, edozein kasutan, kostu horiek jarduera egin den aldikoak badira.

Lotutako kostuen baturak ezin du gainditu prestakuntza-ekintzaren kostuen ehuneko 10, 4.5 artikuluan adierazitako lehentasunezko arloei zuzenean lotuta dauden prestakuntza-ekintzak ematen diren kasuan salbu, kasu horretan % 15era artekoa izango baita. Era berean, % 15era artekoa izan daiteke diru-laguntzaren onuradunak ez badu jarduera hori azpikontratatzen.

C) Diruz lagundu daitezkeen beste kostu batzuk:

Prestakuntzaren kalitatearen ebaluazioak eta kontrolak eragindako kostuak. Onuradunak prestakuntza-jarduera gauzatzeko eman zaion diru-laguntzaren % 1-5 artean bideratuko du xede horretarako.

Edozein kasutan, erlazionatutako kostuak kostu errealak izango dira, egin eta ordaindu diren eta fakturen edo pareko balioko kontabilitate-dokumentuen bitartez justifikatu diren kostuak alegia.

16. artikulua.– Diru-laguntzen justifikazioa eta likidazioa.

1.– Diruz lagundutako Prestakuntza Plana osatzen duten prestakuntza-ekintzak garatzean sortutako kostuak justifikatu beharko dituzte onuradunek, aurreko oinarrian ezarritakoaren arabera.

Kostuak, zuzenbidean dokumentu frogatzaile baliagarrien edo fakturen bidez justifikatuko dira, beti, funtsen aplikazio zuzena ziurtatzeko behar den xehetasunarekin, eta horren inguruan Hobetuzek emango dituen eta justifikazio-memoriaren eskuliburuan zehaztuko diren arauekin bat etorrita.

Kanpoko erakunde bat kontratatzen bada, erakunde horiek luzatuko dituzten fakturek, prestakuntza-ekintza bakoitzari egotzitako kostu finantzagarriak bereizteko modua izan behar dute.

2.– Laguntzen likidazioa, ikastaroa amaitu duten parte-hartzaileen eta egin dituzten eskola-ordu eraginkorren arabera egingo da, deialdi honetan ezarritako eta onartutako modulu ekonomikoen arabera. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasiera batean onartutako diru-laguntzaren zenbatekoa.

Prestakuntza gauzatu ondoren diru-laguntza zehaztu ahal izateko, ekintza presentzialetan pertsona batek prestakuntza amaitu duela ulertuko da, baldin eta prestakuntza-ekintzaren iraupenaren ehuneko 75ean bertaratu bada. Era berean, modalitate ez presentzialean eskaintzen diren prestakuntza-ekintzei dagokienez, pertsona batek ekintza amaitu duela ulertuko da, gutxienez dagozkion ikaskuntza-jarraipeneko aldiroko kontrolen ehuneko 75 egin badu.

Prestakuntza-orduen % 25 eman ondoren gertatzen badira uzteak, prestakuntza-ekintza bakoitzean hori hasi dutenen parte-hartzaileen kopuruaren % 15era arteko desbiderapenak onartuko dira, hasitako parte-hartzailetzat hartuz ikastaroko orduen lehen laurdena (% 25) gainditu duena.

Langabezian dauden pertsonen kasuan, lana aurkitu dutela eta ekintza uzten badute, prestakuntza-ekintza amaitu dutela ulertuko da, baldin eta prestakuntza-jardueraren ehuneko 25 gutxienez eginda badute.

3.– Dagokion azken likidazioa egiteko, 2014ko irailaren 15a baino lehen onuradunak inprimaki normalizatuak bete, eta Hobetuzera igorri beharko ditu, adieraziko diren inprimaki normalizatuetan, honako agiri hauek:

a) Egindako prestakuntza-ekintza bakoitzaren, eta bere garaian hasi zela jakinarazitako ekintzaren amaiera-ziurtagiria (burutzapena).

b) Plana amaitu dela ziurtatzen duen agiria. Bertan zehaztuko dira burututako prestakuntza-ekintza guztiak.

c) Deialdi honetan ezarritako kostu finantzagarrien eta egozte-irizpideen arabera, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzei buruzko kostuak gutxienez ziurtatuko dituen dokumentazioa.

d) Kontratuen zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan munta txikiko kontratuen zenbatekoa gainditzen duenean gutxienez ere hiru eskaintza eskatu beharreko betebeharra bete dela eta hornitzaileak aukeratzerakoan ekonomia- eta efikazia-printzipioak kontuan izan direla egiaztatzen duen dokumentazioa.

4.– Aurkeztutako egikaritze-ziurtagirietan zuzen betetako informazioa duten, eta deialdi honetako hamahirugarren artikuluko 3. idatz-zatian aipatzen den parte-hartzaileen zerrendan sartu diren parte-hartzaileak bakarrik hartuko dituzte kontuan.

5.– Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, onuradunari jakinaraziko zaion azken likidazio-erabakia hartuko da.

Egindako likidazioa aurreratutako kopurua baino txikiagoa bada, onuradunak dagokion kopurua itzuli beharko du, erabakia hartzen den datatik hasi eta 20 egun naturaleko epean.

6.– Behin betiko likidazioaren ondorengo 20 eguneko epean, onuradunak jatorrizko agiriak aurkezteko prest egon beharko du edo, hala badagokio, emandako laguntzaren ondorioetarako kontuan hartutako ordainketei dagozkien ordainagirien fotokopia konpultsatuak aurkezteko.

7.– Diru-laguntzaren onuradunak diru-laguntzaren emakida oinarritzen duen jarduera garatzen dela ziurtatzen duten agiriak gorde behar ditu 4 urtez, diru-laguntzaren amaierako likidaziotik zenbatzen hasita, bai eta jasotako funtsen erabileraren ziurtagiriak ere.

Diru-laguntzaren onuraduna epe hori amaitu baino lehen desagertzen bada, aipatu dokumentazioaren kopia bidali beharko dute Hobetuzera desagertu baino lehen.

17. artikulua.– Laguntzarako eskubidea lortzeko eta eskubide horri eusteko baldintzak.

Laguntza jasotzeko eskubidea eskuratu eta gordetzeko, onuradunak honako betebehar hauek bete beharko ditu:

1.– Hala eskatuta, aurreko deialdietan jasotako kopurua itzuli izana.

2.– Laguntza jaso duen prestakuntza-jarduera deialdi honetako eta EAEko Etengabeko Prestakuntzako Lanbide arteko Akordioko oinarri, baldintza eta betekizun formal eta materialen arabera egitea. Kontzeptu horrengatik esleitutako funtsak ezin izango dira berau ematera bultzatu duten helburuetarako ez diren gauzetan erabili.

3.– Hobetuzen aurrean jarduera egin dela egiaztatzea, baita laguntza ematea edo gozatzea zehaztuko duten betebeharrak eta baldintzak bete direla ere. Horretarako, dagozkion elementu justifikatzaileak aurkeztuko dituzte, eta prestakuntza-ekintzari buruz eskatuko zaizkien datuak eta dokumentuak aurkeztuko dituzte prestakuntza-ekintza horiek amaitu ondoren; horrenbestez, ekintza egin dela, emandako finantzaketa erabili dela, eta lortutako emaitzen ebaluazioa egin dela behar bezala egiaztatu ahal izango da.

4.– 18. artikuluan ezarritako kontrol eta jarraipenerako jardunak onartzea.

5.– Onartutako ekimena jakinarazi eta hedatzeko argitalpen nahiz bestelako bideetan, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetako langileei zuzendutako enplegurako prestakuntzarako diru-laguntzen 2013ko deialdiaren esparru barruan egin direla jaso beharko du diru-laguntzaren titularrak, eta gainera, Eusko Jaurlaritzaren, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Hobetuzen logoak jarri beharko dira; hori guztia, erraz ikusteko moduko tokian.

18. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

1.– Diru-laguntzen onuradunek burutzen duten prestakuntzaren kalitatearen ebaluazioa eta kontrola egin beharko dute, eta horretarako diru-laguntzaren % 1etik % 5era bitarteko kopurua erabiliko dute. Ebaluazio- eta kontrol-jarduera horiek prestakuntza taldeen ehuneko 5ean egingo da gutxienez.

Edonola ere, prestakuntza-ekintzaren talde bakoitzak amaitzen duenean parte-hartzaileek kalitate-galdesorta bete beharko dute, eta onuradunek asistentzia-jarraipenaren aplikazioan galdesortako azken itemaren batez besteko puntuazioa barne hartu beharko dute.

2.– Laguntzen onuradunek honako hauek onartu behar dituzte: Hobetuzek, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Kontroleko Bulegoak, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dizkieten egiaztapen eta kontroleko jarduera guztiak, eta lokal eta instalazioetara sartzeko eta parte-hartzaileekin eta elkarrizketatu nahi duten beste pertsonekin harremana izateko aukera emango zaie.

Kontrol-jarduera hauek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:

1) Finantzatutako ekintzak egikaritu izanari edo ekintza horien bideragarritasunari buruzko informazioa ematea, baita jarraipena egiteko eskatzen zaion dokumentazioa betetzea eta igortzea ere; dena dela, 10 eguneko epea izango du egiten diren errekerimenduei erantzuteko.

2) Hobetuzi jakinaraztera beste erakunde batzuetatik eratorritako diru-laguntzak edo laguntzak –deialdi honek diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak– eskatu direla edo eskuratu direla.

3) Jarduera presentzialetan, bertaratuen eguneroko parte bat egitea eta hori Hobetuzen esku jartzea.

4) Prestakuntza-ekintza presentzialen kasuan, parte-hartzaile bakoitzari egindako jarraipen-kontrolei dagokien dokumentazioa gordetzea. Era berean, kontrola egiteko beharrezkoak diren informazioa eta bitartekoak eskainiko dira eta, dagokionean eta Hobetuzek eskatzen badu, gakoak emango dira, diruz lagundutako prestakuntzari buruzko informaziorako sarbide telematikoa ahalbidetzeko.

3.– Hobetuzek, Deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla baieztatzera, eta diruz lagundutako ekintzak egikaritzeko benetako baldintzak egiaztatzera zuzendutako Auditorien Urteko Plana ezarriko du. Plan horren barne sartuko dira, egingo den arriskuen analisiaren ondoriozko estatistika-irizpideen arabera Hobetuzek aukeratuko dituen espedienteak. Era berean, Ikuskapen Planean behar bezala identifikatutako pertsonek oinarritutako eta sinatutako salaketetatik eratorritako jardunak bilduko dira.

19. artikulua.– Diru-laguntzak itzultzea.

1.– Onuradunek, jasotako laguntzak osorik edo zati batean itzuli beharko dituzte, eta berandutze-interesak eskatuko dira laguntza ordaintzen den unetik, honako kasu hauetan:

– Laguntzaren helburua edo laguntza emateko agindutako baldintzak ez betetzea. Oro har, xedea bete ez dela ulertuko da, baldin eta aurkeztutako eta onartutako datuak kontuan hartuta, ez bada lortzen prestakuntza orduen eta prestakuntza jasotako pertsona kopuruaren biderketaren % 35eko burutzapena, eta era berean, lehentasunezko arloen egikaritu beharreko ekintzen kopuruari buruz ebazpenean adierazten den ehunekoa ez bada betetzen.

– Jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintza eta betekizunak bete izana justifikatu beharra ez betetzea.

– Diru-laguntza lortzea horretarako eskatutako baldintzak bete gabe.

– Jarraipen- eta kontrol-jardunak ukatzea edo oztopatzea.

– Diruz lagundutako ekintzak egikaritzeko baldintzei buruz datu faltsuak ematea, errealitatearekin bat ez datozenak.

– Agindu honetan zehaztutako beste edozein betebehar, baldintza edo betekizun ez betetzea.

2.– Itzultzeko prozedurari Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren idazki bidez emango zaio hasiera, eta idazkia Hobetuzek bidaliko dio laguntzaren onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, alegazioak edo egokitzat jotzen dituen egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio; hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren berme eta itzulketen erregimena arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.

3.– Alegazioak aurkezteko epea amaitutakoan onuradunak alegaziorik aurkeztu ez badu edo alegazioak onartu ez badira, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak itzulketa eskatzeko ebazpena emango du, eta itzulketa hori ebazpenean adierazitako epean gauzatu beharko du. Horretarako, Hobetuzek Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzura bideratuko ditu dagokion espedientea, errekerimendu-idazkia eta, hala badagokio, alegazioak, ebazpena emateko proposamenarekin. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

4.– Epe boluntarioa amaitutakoan itzulketa gauzatu ez badu, beharrezko izapideak jarriko dira abian, itzuli beharreko diru-kopuruak premiamendu-bidetik berreskuratzeko. Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarrera publikotzat hartuko dira.

20. artikulua.– Datuen tratamendu automatizatua.

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatuta dagoena betetzeko, laguntza-eskabidea betetzean interesdunak datu horiek Hobetuzen eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren fitxategietan sartzeko baimena ematen duela ulertuko da. Aipatu Legean aurreikusten diren datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta aurka egiteko eskubideak Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren aurrean egikaritu daitezke (Kale Nagusia 35-6.a, 48009 Bilbao), baita Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan ere.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Erakunde laguntzailea izendatzea.

1.– Hobetuz Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioa izendatzen da Deialdi honetan arautzen diren laguntzen kudeaketarako eta ordainketarako erakunde laguntzaile, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Aipatutako 52. artikuluak dioenez, deialdi honetan aipatzen diren funtsak ematen dituen organoaren kontura eta izenean jardungo du Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak. Haatik, funts horiek ez dira, inola ere, Hobetuzen ondaretzat hartuko.

2.– Laguntzen deialdi hau finantzatzeko funtsak, 2013ko ordainketa-kredituari dagozkionak, emandako laguntzen guztizko zenbatekoaren % 50aren baliokidea den gehieneko zenbatekoarekin, Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioari transferituko dizkio Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak, erakunde laguntzailea denez, deialdiko laguntzak ematen dituen dagokion ebazpena hartu ondoren. Gainerakoa 2014ko ekitaldian transferituko da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Hobetuz Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren betebeharrak.

Deialdi honetan zehaztutakoez eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 52. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, Hobetuz Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioak honako betebehar hauek izango ditu:

– Funtsak amaierako erakunde onuradunen artean banatzea.

– Laguntzei esker prestakuntza-ekintzak egin direla egiaztatzen duten ziurtagiriak eskatzea, eta lau urtez gordetzea.

– Jaso diren funtsak zertan aplikatu diren justifikatzea Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari, 2014ko abenduaren 30a baino lehen, eta zerrenda izenduna ematea. Zerrenda horretan honako alderdiak jaso beharko dira: azken onuradunen izen-abizenak, emandako laguntzak, egindako ordainketak eta, oro har, funts horiekin egindako prestakuntzako jardueren memoria orokorra osa dezaketen bestelako datu kuantitatiboak zein kualitatiboak.

– Funtsen kudeaketa dela-eta, Eusko Jaurlaritzak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren bitartez egin ditzakeen egiaztatze-jardueren eraginpean jartzea.

– Deialdietan aurreikusten diren ez-betetzeetako bat gertatuz gero, onuradunei dirulaguntzak itzul ditzaten eskatzea, deialdietan bertan ezarritako itzultze-prozedurari jarraituz, betiere kasuan kasu ematen diren ebazpenetan adierazitakoaren arabera.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Finantzaketa-soberakinen azken likidazioa.

Deialdi honetan arautzen diren laguntzen onuradunek aplikatu ez dituzten finantzaketa-soberakinak eta Agindu honetan aurreikusten den dirua itzultzeko prozeduraren ondoriozko funtsak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuliko dizkio Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Betekizunak eskatzea.

Deialdi honetan xedatutakoaren ondorioetarako, deialdia argitaratu aurretik prestakuntza-ekintzak hasi edo amaitu dituzten eskatzaileei ez zaie eskatuko data dela eta bete ezin den baldintzarik betetzeko.

Kasu horietan, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetako langileei zuzendutako enplegurako prestakuntzarako laguntza ekonomikoen 2012ko deialdia egiten duen Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2012ko maiatzaren 8ko Agindu bidez (2012ko maiatzaren 8ko EHAA) ezarritako irizpide orokorrak aplikatuko dira.


Azterketa dokumentala