Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

104. zk., 2013ko maiatzaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2523

AGINDUA, 2013ko maiatzaren 8koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, «Arabako Txakolina / Txakoli de Álava / Chacolí de Álava» Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzailearen kontseilukideak aukeratzeko hauteskundeetarako deialdia egiteko dena.

«Arabako Txakolina / Txakoli de Álava / Chacolí de Álava» Jatorrizko Deituraren arautegia aldatu eta horren testu bategina onartzen duen Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuaren 2008ko ekainaren 17ko Aginduko 32.1 artikuluak finkatzen du Kontseilu Arautzailearen osaera. Lehendakari eta lehendakariordearekin batera honako hauek osatuko dute Kontseilua: mahats-ekoizleen bi ordezkarik, «Arabako Txakolina / Txakoli de Álava / Chacolí de Álava» izendurako ardoa egiteko mahatsa hornitzen duten mahastizainek, erregistro egokian inskribatuek, euren artean hautatuak, eta beste bi ordezkarik elaboratzaileen ordez, erregistro egokian inskribatutako upeltegien jabeek euren artean hautatuak. Artikulu bereko 3. paragrafoan zehazten denez, lau urterik behin berritu egingo dira Kontseilu Arautzaileko kargu hautatu guztiak; berrautatu ahal izango dira.

Orain kontseilukideak aldi baterako hautatuak ziren, eta aldi hori bukatu denez gero, egoki da hauteskundeak arautu eta deitzea.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen bidez, «Arabako Txakolina / Txakoli de Álava / Chacolí de Álava» Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileko kontseilukideak hautatzeko prozedura ezarri eta hartarako deia egiten da. Kontseilukide horiek Arautegiaren 32. artikuluko 1. paragrafoko c) eta d) idatzi-zatietan aipatutako sektoreen ordezkariak izango dira, bi mahats-ekoizleen ordez eta beste bi ardogile eta botilatzaileen ordez.

2. artikulua.– Egutegia.

1.– Egutegiak bat etorri beharki du I. eranskinean zehaztutako hauteskunde-prozesuarekin.

2.– Hauteskunde-egutegian finkatutako egunen bat igandea edo jaieguna bada, haren ordez hurrengo egun balioduna erabiliko da.

3.– Hauteskunde-egutegiaren ondorioetarako, abuztua ez da hile balioduna izango.

3. artikulua.– Hauteskunde Batzordea.

1.– «Arabako Txakolina / Txakoli de Álava / Chacolí de Álava» Jatorrizko Deituraren Hauteskunde Batzordea (JDHB) sortzen da.

2.– Hauteskunde Batzordeak Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzan (Donostia kalea, 1-01010 Vitoria-Gasteiz) izango du egoitza eta honakoek osatuta egongo da (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila):

Lehendakaria nor izango den: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak hautatutakoa izango da.

Lehendakariordea nor izango den: Arabako Foru Aldundian, nekazaritzaren arloan eskumenak dituen saileko titularrak hautatutakoa izango da.

Kontseilukide izango direnak:

● Aholkulari juridiko bat (1), Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak hautaturikoa, idazkari-eginkizunak burutuko dituena.

● Ordezkari bana (1), jatorrizko deituraren lurraldean kokaturiko sindikatu-erako nekazaritza-erakunde profesionalek izendatuta.

● «Arabako Txakolina / Txakoli de Álava / Chacolí de Álava » Jatorrizko Deituraren idazkaria-kudeatzailea (1).

3.– Hona hemen Hauteskunde Batzordearen eginkizunak:

a) Jatorrizko deituraren erregistroetan inskribaturiko hautesleen erroldak argitaratzea eta jendaurrean jartzea, horretarako zehaztuko diren tokietan, hain zuzen ere.

b) Aipatutako erroldei buruzko erreklamazioak lehenengo auzialdian ebaztea, eta ebazpen horien aurka aurkezten diren errekurtsoen berri ematea Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari, zuzendaritza horrek ebazpena eman dezan.

c) Behin betiko erroldak onestea.

d) Kontseilukide izateko hautagaien aurkezpen-paperak jasotzea.

e) Hautagaiak aldarrikatzea.

f) Hauteskunde Mahaia izendatzea.

g) Bozketak zaintzea.

h) Hautatutako kontseilukideak aldarrikatzea.

i) Kontseilu Arautzaileko lehendakariaren eta lehendakariordearen funtzioak egingo dituztenak proposatu arte, hauteskunde prozesua bermatzea.

4.– Agiriak zaintzea eta erabakiak betetzea izango da idazkariaren zeregina.

II. KAPITULUA
HAUTESLE-ERROLDAK ETA HORIEK ERAKUSTEA

4. artikulua.– Erroldak prestatzea.

1.– Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileak prestatuko ditu hautesle-erroldak edo/eta azpi-erroldak, Jatorrizko Deituraren Arautegiko 15. artikuluan jasotako erregistroetan inskribaturik dauden pertsonekin:

A) Ekoizleen erroldan bi (2) azpi-errolda ezarri dira:

A.1.– Ekoizleen azpi-errolda; gehienez 5 hektarea mahasti dutenentzat, aginduaren eragin-datan inskribaturik; pertsona bat hautatuko da kontseilukide gisa.

A.2.– Ekoizleen azpi-errolda; 5 hektareatik gorako mahastiak dutenentzat, agindu honen eragin-datan inskribaturik; pertsona bat hautatuko da kontseilukide gisa.

B) Ardogile eta botiratzaileen erroldan bi (2) azpi-errolda ezarri dira:

B.1.– Elaboratzaile eta botiratzaileen azpi-errolda, 50.000 litro gehienez, 2012-2013 kanpainarako aurreikusitako elaborazio edo/eta botiratzailearen arabera; pertsona bat hautatuko da kontseilukide gisa.

B.2.– Elaboratzaile eta botiratzaileen azpi-errolda, 50.000 litrotik gora, 2012-2013 kanpainarako aurreikusitako elaborazio edo/eta botiratzailearen arabera; pertsona bat hautatuko da kontseilukide gisa.

2.– Errolda bakoitzari dagozkion kontseilukide kondizioa zenbatek izango duten: mahastiak, eta ardogintzan eta botilatzen diharduten upategiak, Jatorrizko Deituraren eta horren Kontseilu Arautzailearen Erregelamenduko 32.1.c) eta d) artikuluan ezarritakoak izango dira.

5. artikulua.– Baldintzak.

Hautesleen erroldetan agertu ahal izateko, baldintza hauek bete behar dira:

a) Agindu hau indarrean jartzen denean, Kontseilu Arautzailearen erregistroetan inskribaturik egon behar da.

b) Jatorrizko Deituraren Erregelamenduak arautzen dituen arloetan –arau-hauste larriren bate dela-eta– zehatu ez izana.

c) Ezin egon daiteke eskubide zibilez baliatzeko desgaiturik.

Eskubidearen pertsona titulartzat joko da Kontseilu Arautzailearen erregistroetan jasota dagoena.

d) Egunean izatea Jatorrizko Deiturari dagokionez ezarritako kuotak eta gainerako betebeharrak.

6. artikulua.– Erroldak prestatzea.

Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak ezarritako ereduaren arabera egingo dira hautesle-erroldak. Errolda horietan, ordena alfabetikoaren arabera azalduko dira hautesleak udalerri bakoitzean.

7. artikulua.– Erroldak prestatzea.

1.– Kontseilua Arautzaileak Hauteskunde Batzordeari bidaliko dizkio hautesle-erroldak, jendaurrean jartzeko behar den beste ale bidali ere. Hauteskunde Batzordeak, bestalde, bidezkotzat jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ondoren, bete beharreko eginbideak beteko ditu hautesle-erroldak bideratzeko, betiere, Batzordeko idazkariaren izenpearekin eta lehendakariaren oniritziarekin. Batzordeak Kontseilu Arautzailearen egoitzan, Arabako nekazaritzako eskualde-bulegoetan eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzan jarriko ditu erroldak jendaurrean.

2.– Errolden gaineko erreklamazioak eta errekurtsoak I. eranskineko egutegiari egokituko zaizkio.

3.– Aldi berean ekoizleen (Mahastien Erregistroa) eta elaboratzaileen (Ardogintzan eta Botilatzen diharduten Upeltegiak) hautesle-erroldetan inskribatuta dauden titularrek bi erroldetarako botoa eman ahal izango dute.

III. KAPITULUA
KONTSEILU ARAUTZAILEKO KONTSEILUKIDE IZATEKO HAUTAGAIAK AURKEZTEA HAUTAGAIEN ALDARRIKAPENA ETA FORMA

8. artikulua.– Hautagaien betekizunak.

1.– Errolda edo/eta azpi-errolda bakoitzeko kontseilukideak aukeratzeko prozesuan, errolda eta azpierrolda bakoitzean daudenak izango dira hautesle eta hautagai.

2.– Kontseilukideak eta ordezkoak hautatzeko hautagai-zerrendak irekiak izango dira errolda eta azpi-errolda bakoitzerako.

3.– Talde bakoitza ordezkatu behar duten kontseilukideak aukeratzeko hautagai-zerrendak Hauteskunde Batzordeari aurkeztu behar zaizkio. Horretarako, aldarrikapen-eskabidea aurkeztu behar da I. eranskinean zehaztutako epean.

4.– Inork, ez norberaren izenean ez besteren baten izenean, ezingo du kidetza bat baino gehiago izan Kontseiluan.

9. artikulua.– Hautagaiak aurkeztea.

1.– Nekazaritzako erakundeek eta independenteek aurkeztu ahal izango dituzte hautagai-zerrendak; baina, dena delako errolda edo azpierroldako hautesleen ehuneko hogeiren (% 20) abala beharko dute edonola ere.

2.– Ezein erakundek edo lanbide-elkartek ezin izango du hautagai-zerrenda bat baino gehiago aurkeztu errolda bakoitzeko. Hautagaien zerrendak aurkeztean, ezin izango da erabili alderdi politikoen ikur edo bereizgarririk.

3.– Baldin eta nekazaritzako lanbide-elkarte bat beste handiago batean sarturik badago, ezin izango du hautagai-zerrendarik aurkeztu, handiago horrek aurkeztuz gero.

4.– Nekazaritzako erakundeek hautagai-zerrendarik aurkeztuz gero, haien estatutuen arabera ordezkari direnek izenpetu beharko dituzte zerrendok. Gainerako hautagai-zerrenden kasuan, sustatzaileek aurkeztu beharko dituzte.

5.– Zerrendak hautesleek aurkeztuz gero, izenpetzaileen nortasuna egiaztatuko zaio Hauteskunde Batzordeari, eta, orduan, proposatutakoak eta atxikimendua adierazi dutenak azaldu beharreko erroldetan edota azpierroldan azaltzen ote diren egiaztatuko du Batzordeak.

6.– Hauteskunde Batzordeari aurkeztuko zaizkio zerrendok, honako datu hauek argi azalduko direlarik:

a) Proposamena egiten duen erakundearen edo elkartearen izena eta hautagai-zerrendarena.

b) Sartutako hautagaien izen-abizenak.

c) Zerrenda bakoitzeko hautagaien eta ordezkoen hurrenkera.

Hauteskunde Batzordeko idazkari funtzioak egiten dituenak diligentzia bat emango du, zehazki, aurkezpena zein egun eta ordutan egin den jasotzen dituena.

7.– Hautagaiek hautagarri izateko baldintzak bete behar dituzte, eta, horrez gain: hautagai-zerrendak onartzeari buruzko adierazpenak, hautagaiek sinatutakoak, aurkeztu beharko dira.

8.– Hauteskunde Batzordeak hautagai-zerrendak onartzeko, ezinbestekoa da zerrenda bakoitzak ordezkari bat izendatzea, jakinarazpenak berari bidaltzeko. Ordezkari horrek ez du zertan hautagai izan. Zerrenda aurkezten denean, ordezkariaren helbidea adieraziko zaio Hauteskunde Batzordeko Idazkaritzari, aurrerantzean jakinarazpenak ordezkari horri bidaltzeko.

10. artikulua.– Hautagaiak aurkeztea.

1.– Agindu honen I. eranskinean jasotakoaren arabera, hautagaiak aurkezteko epea bukatzen denean, hautagaien zerrendak irmoak izango dira, eta Hauteskunde Batzordeak hala aldarrikatuko ditu. Batzordeak, halaber, bere arioz edo erreklamazioren batek eraginda, bazter utziko ditu hautagarritasun-baldintzak hausten dituzten hautagai-zerrendak edota aurkezteko nahiz aldarrikatzeko eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituztenak.

2.– Hautagai-zerrendak aldarrikatutakoan, Hauteskunde Batzordeak jendaurrean jarriko ditu, 7.1 artikuluan hautesle-erroldak ikusgai jartzeko adierazitako tokietan, hain zuzen ere.

3.– Hautagai-zerrendak aldarrikatu eta jendaurrean jarri ondoren, haren aurkako errekurtsoak aurkeztu ahal izango zaizkio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzari, betiere I. eranskineko ezarritako epeen barruan.

4.– Erroldaren batean hautagai-zerrenda bakarra aurkezten bada, Hauteskunde Batzordeak –aurreko paragrafoan aipatutako errekurtsoak ebatzitakoan, halakorik egonez gero– zerrenda horretako hautagaiak aldarrikatuko ditu kontseilukide eta ordezko, eta kide postuak esleituko dizkie, bozketarik egin gabe. Zirkunstantzia hori kasu guztietan jazoko balitz, hauteskunde-prozesuan aurrera egingo du; hartarako, aldarrikatutakoak karguez jabetuko dira, eta lehendakariaren eta lehendakariordearen funtzioak egingo dituztenak hautatuko dira, zehazten den egunean.

IV. KAPITULUA
HAUTESKUNDE MAHAIAREN ERAKETA, BOZKETA ETA BOTO-ZENBAKETA

11. artikulua.– Hauteskunde-mahaia.

1.– Hauteskunde Mahaiaren zereginak hauek dira: bozketaren buru jardutea, botoak zenbatzea eta bozketaren garbitasuna zaintzea.

2.– Hauteskunde Mahia honako hauek osatuko dute: (1) Hauteskunde Batzordeak izendatutako mahaiburu batek eta bi mahaikidek osatuko dute Hauteskunde Mahaia. Agindu honetako I. eranskinean azaltzen den egunean, zozketaren bidez hautatuko dira karguok hautesleen artetik. Prozedura bera erabiliz, Mahaiko kide bakoitzaren bina ordezko izendatuko dira.

Kide izateko hautagaiak eta horien ordezkoak ezin izango dira izan Hauteskunde Mahiko parte.

3.– Hautagai-zerrendek ikuskatzaileak izendatu ahal izango dituzte (Hauteskunde Batzordeari jakinaraziko diote), bozketa eta boto-zenbaketa ikus ditzaten eta Hauteskunde Mahaian parte har dezaten. Pertsona horiek hauteskunde-erroldan egon beharko dute eta ez dira izango hautagai.

12. artikulua.– Hauteskunde Mahaia eratzea.

1.– Hauteskunde Mahaian aritu beharra nahitaezkoa da. Izendapena egin ondoren, interesdunei jakinaraziko zaie, eta horiek, izendapena ez onartzeko arrazoirik izanez gero, delako arrazoi hori azaldu eta agiri bidez frogatu behar izango dute, I. eranskinean ezarritako epearen barruan. Hauteskunde Batzordeak ebatziko du, eta ezin izango da aurkeztu errekurtsorik.

2.– Mahaian egotea galarazten duen arrazoia geroago sortzen bada, berehala ohartaraziko da, eta beti Mahaia eratu baino lehenago. Horrelako kasuetan ere, Batzordeak berehala emango du ebazpena.

3.– Mahaia osatzeko behar diren kide guztiak agertzen ez badira, agertutako kideren batek hala jakinaraziko dio Hauteskunde Batzordeari; Batzordeak, jarraian, hauteskundeak eta boto-zenbaketa ondo egiteko pertsona egokiak izendatu ahal izango ditu askatasunez.

13. artikulua.– Hauteskunde Mahaia eratzea.

1.– Bozketa-egunean, mahaiburua eta mahaikideak, bai eta ordezkoak ere, 09:00etan batzartuko dira Kontseilu Arautzailearen egoitzan, bozketa egingo den tokian, alegia.

2.– Mahaiburuaren funtzioak egiten dituena azaltzen ez bada, lehen ordezkoak egingo ditu haren funtzioak, eta hori ere azaltzen ez bada, bigarren ordezkoak. Eta hori ere ez bada azaltzen, lehen mahaikidea eta bigarren mahaikidea, ordena horretan. Mahaiburutza okupatzen duen pertsona edo azaltzen ez direnak: ordezkoek hartuko dituzten euren lekuak.

3.– Mahaiburutza funtzioak egiten duen pertsona eta mahaikide bi ez badira azaltzen, ezin izango da eratu Mahaia.

4.– Bozketa-eguneko 09:30ean, mahaiburuak mahaiaren eraketako akta egingo du, eta berak, mahaikideek eta, egotekotan, ikuskatzaileek izenpetuko dute.

5.– Aktan nahitaez jaso beharko dira honako hauek: zeintzu pertsonekin osatu zen mahaia, eta ikuskatzailetza funtzioak egiten dituzten pertsonen izen-zerrenda, zein hautagai-zerrendak ordezkatzen dituzten zehazturik.

6.– Mahaiburu funtzioak baliatzen dituenak, lokalaren barruan, aginte izango du bai ordena zaintzeko, bai hautesleen askatasuna ziurtatzeko eta bai Legea betearazteko ere.

14. atala.– Dokumentazioa.

1.– Hauteskunde Mahaiak bete eta Hauteskunde Batzordeari bidali behar dizkion agiriak hauek dira:

– Mahaia eratzeko akta.

– Ikuskatzaileen zerrenda.

– Boto-zenbaketaren akta.

2.– Zerrenden ordezkariek, hautagai-zerrendetako kideek edo mahaiko ikuskatzaileek eskatuz gero, Hauteskunde Mahaiak boto-zenbaketaren aktaren ziurtagiriak egingo ditu.

3.– Hauteskunde Batzordeak boto-paperak eta gutun-azalak emango dizkio Hauteskunde Mahaiari, mahaiburuak izenpetutako jaso-agiriaren truke. Halaber, hautagai-zerrenden ordezkariei emango zaizkie, dagozkien erroldetan inskribatutako hautesleen kopuru proportzionalarekin bat etorriaz.

15. artikulua.– Bozketa.

1.– Mahaiaren eraketako akta egindakoan, 10:00etan hasiko da bozketa, eta 15:00ak arte iraungo du, etenik gabe.

2.– Ezinbesteko arrazoia beharko da bozketa ez hasteko, eta hasita badago, bertan behera uzteko; horren erantzulea mahaiburua izango da. Mahaiburuak, idazki arrazoituaren bidez, horri buruzko ebazpena emango du. Idazki hori berehala bidaliko zaio Hauteskunde Batzordeari, azaldutako arrazoiak azter ditzan eta, bidezkoa bada, kontuak eska ditzan. Aipatutako idazkiaren kopia mahaiburuaren esku geratuko da.

3.– Bozketa bertan behera geratuz gero, ordura arte emandako botoak ez dira kontuan hartuko, ez eta zenbatuko ere. Mahaiburuak hautestontzietako boto-paperak suntsitzeko aginduko du, eta horrela jasoko da aurreko paragrafoan aipaturiko idazkian.

4.– Botoa emateko eskubidea egiaztatzeko, beharrezkoa da hauteslea erroldako zerrenda ziurtatuan inskribaturik egon dadin eta bere nortasuna agiriaren edo pasaportearen bidez froga dezan.

5.– Mahastien erroldan (ekoizleak), agindu honek ondorioak sortzen dituen egunean Jatorrizkoa Deituraren Erregistroan inskribatutako 0,0703 mahasti-hektareako unitate adina boto dagozkio hautesle bakoitzari, eta ez da ez goitik ez behetik borobilduko.

6.– Ardogile eta Botiratzaileen erroldan, inskribatutako pertsona bakoitzak boto bat izango du.

7.– Ez bozketa-tokian, ez inguruetan, ezin izango da inolako propagandarik egin ezelango hautagai-zerrendaren alde.

8.– Bozketa egiten den lekuan, «Arabako Txakolina / Txakoli de Álava / Chacolí de Álava» Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzailearen egoitzan, bi hautestontzi jarriko dira: bat: Mahastien Erregistroan inskribatutakoek botoak eman ditzaten; eta bi: Ardogintzan eta Botilatzen diharduten Upeltegien Erregistroan inskribatutakoek botoak eman ditzaten.

9.– Bozketa pertsonala eta isilpekoa izango da, eta mahaiburuak emango dio hasiera: «bozketa hasten da». Hautesleak bana-banan hurbilduko dira mahaira eta, mahaikideek eta hautesleen errolda ikuskatzeko funtzioak egiten dituztenek hauteslearen izena errolda horretan dela egiaztatutakoan, eta, halaber, haren nortasuna egiaztatu eta idatzitakoan, hautesleak, bere eskuz, mahaiburu funtzioak egiten dituenari emango dio boto-papera, kolore egokiko gutun-azalaren barruan dena, Mahaiburuak, hauteslearen izena ahoskatutakoan, «botoa ematen du» esan eta hautestontzian sartuko du boto-papera.

10.– 15:00etan mahaiburuak bozketa bukatzeko dagoela iragarriko du eta ez dio inori sartzen utziko bozketa-tokira. Bozketa-tokian hauteslerik geratuz gero, mahaiburuak galdetuko du ea baten bat botoa eman gabe dagoen, eta, horrela izanez gero, bozketa-tokiaren barruan dauden horien botoak onartuko ditu.

Jarraian, Mahaiko kideek eta ikuskatzaileek emango dute botoa, eta denek sinatuko dituzte aktak.

11.– Boto-paperak eta gutun-azalak II. eranskinean adierazitako ezaugarrien arabera egingo dira.

12.– Mahaiburuak jasotako boto-paperen kopuruak, gutxien-gutxienez, hautesle-kopurua bi halako izan behar du.

13.– Kontseilu Arautzailearen barruko errolda edo/ea azpi-errolda bakoitzari kontseilukide-kopuru jakin bat dagokio, eta, gehienez ere, beste horrenbeste hautagairi eman ahal izango zaio botoa eredu ofizialeko boto-paperen bidez. Hortaz, hortik gorako boto-kopurua dakarten boto-paperak baliorik gabe utziko dira.

16. artikulua.– Zenbaketa.

1.– Bozketa bukatutakoan, mahaiburuak bozketa itxita dagoela adieraziko du eta botoak zenbatzeari ekingo zaio. Horretarako, banan-banan aterako dira boto-paperak hautestontzitik, eta ozenki irakurriko dira aukeratutako hautagaien izenak. Mahaikideei eta ikuskatzaileei izena irakurritakoan, mahaiburuak agerian erakutsiko du boto-paper bakoitza, eta azkenean erkatu egingo dira boto-paper kopurua eta idatziz jaso diren hautesleen kopurua.

2.– Baliogabeko botoak hauek izango dira:

a) Ofiziala ez den boto-paperean emandako botoa.

b) Edozein arrazoi dela-eta, aukeratutako hautagaia argi zehazten ez dutenak, edo erroldari dagokion kontseilukide-kopurutik gorako boto-kopurua dakartenak.

3.– Ezein hautagairen aldeko aukerarik adierazten ez duten boto-paperak hartuko dira boto zuritzat.

4.– Goiko jarraibideen arabera botoak zenbatuta, mahaiburuak galdetuko du proposamenik ote dagoen boto-zenbaketaren aurka. Proposamenik egin ez badadi, edo egindakoak Mahaiko kideen gehiengoz ebatzi ondoren, mahaiburuak ozenki adieraziko du bozketaren emaitza: boto-emaileen kopurua, boto-paper baliodunena, baliogabeko boto-paperena, boto zuriena eta hautagai bakoitzak lortutako botoena.

5.– Bertaratutako guztien aurrean apurtuko dira hautestontzietatik ateratako boto-paperak. Hala ere, baliogabeko bototzat jotakoak edo erreklamazioren bat izan dutenak gorde egingo dira, betiere mahaiko kide guztiek izenpetuta eta bozketako aktari erantsita.

6.– Zeregin guztiak amaituta, mahaiburuak, mahaikideek eta ikuskatzaileek (ikuskatzailerik badago) bozketako akta izenpetuko dute. Akta horretan honako hauek zehaztu beharko dira: erroldaren araberako hautesle-kopurua, botoa eman duten hautesleen kopurua, boto-paper baliodunena, baliogabekoena, boto zuriena eta aldarrikatutako hautagai bakoitzak lortutako botoena. Horrekin guztiarekin batera, ondoko hauek azalduko dira laburki: egindako erreklamazioak edo protestak, mahaiak emandako ebazpenak eta gertatutako gorabeherak (halakorik egonez gero), betiere gorabehera horiek sorrarazi dituztenen izen-abizenak adierazita (III. eranskina, boto-zenbaketako akta-eredua).

7.– Jarraian, emaitzen ziurtagiria egingo da eta bozketa egin den egoitzako leku ageri batean jarriko da. Boto-zenbaketako jatorrizko akta Hauteskunde Batzordeari igorriko zaio, bai eta bozketaren eraketako akta, eta baliogabeko boto-paperak eta erreklamazioa izan dutenak ere.

V. KAPITULUA
HAUTATUTAKO KONTSEILIKUDEAK ALDARRIKATZEA. TITULARRAK ETA ORDEZKOAK, KONTSEILU ARAUTZAILEKO LEHENDAKARITZAN ETA LEHENDAKARIORDETZAN IZANGO DIRENEN ALDEKO BOTATZEKO PROZEDURA

17. artikulua.– Hautatutako bokal titular eta ordezkoen aldarrikapena.

1.– Hauteskunde Mahaiaren hauteskunde-aktak jasota, Hauteskunde Batzordeak kontseilukide-karguak esleituko ditu, ondoko irizpide hauen arabera:

a) Errolda bakoitzean boto gehien lortu dituzten hautagaiak izango dira kontseilukideak; eta ordezkoen postuak boto-paperetan ordezko agertzen direnei esleituko zaizkie.

b) Hainbanakorik egonez gero, zozketaren bidez egingo da hautatutako karguen esleipena.

2.– Karguak esleitu ondoren, Hauteskunde Batzordeak –batzordeburuaren bitartez– Kontseilu Arautzaileko kide hautatuak aldarrikatuko ditu, 10.4 artikuluan aurreikusitako aukera baztertu gabe.

3.– Kontseilukide kondizioaz baliatzen diren pertsonak aldarrikatzearen aurkako errekurtsoak honelakoxeak izango dira: I. eranskinean ezarritakoa egutegiari egokitutakoak.

4.– Kontseilukide kondizioaz baliatzen diren pertsonak aldarrikatutakoan, hautatutako kontseilukideei agiri egokiak bidaliko zaizkie, I. eranskinean ezarritako datekin bat etorriaz.

18. artikulua.– Kontseilu Arautzaileko lehendakaria eta lehendakariordea hautatzeko prozedura:

1.– Hauteskunde-egutegian zehaztutako egunean (I. eranskina), Kontseilu Arautzaileak osoko bilkura egingo du, eta, horretan, hautatutako kontseilukideak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak zein Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Saileko titularrak izendatutakoak karguaz jabetuko dira.

2.– Segidan, eta bilkura berean, kontseilukideek lehendakaria eta lehendakariordea hautatuko dituzte, Osoko Bilkurako kontseilukide hautetsien bi herenaren gehiengoz. Hautetsitako kontseilukideeak edo beste pertsona bat izan daiteke lehendakaria, hala ere lehendakariordeak Kontseilu Arautzaileko kontseilukide izan beharko du. Izendapen bi horien berri eman beharko zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta lehiakortasun Sailari, berorrek izendatu ditzan. Hautetsiek lortutako botoak erasoko dira.

3.– Kaontseilukideen artean izendatu bada horietako bat, paritateari eusteko, kontseilukide postua ez da beteko, eta, lehendakariari dagokionez, kalitateko botoa galduko du.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau aplikatzean sor daitezkeen dudei dagokienez, Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera ebatziko dira.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Baldin eta, hautatutako kontseilukideen agintaldiko lau urteetan zehar, arau honek xedatu legez hautatutako pertsonetariko edozeinek hausten badu ordezkatzen duen enpresarekiko lotura, edo uzten badio hautagai proposatu duen erakundekoa izateari, orduan baja hartuko du kontseilukide moduan eta dagokion ordezkoek hartuko dituzte haien tokiak. Beste edozein kontseilukideren kasuan ere irizpide bera aplikatuko da. a) Kontseilukideren bat agintaldian zehar Kontseilu Arautzaileak bere eginkizunetatik baztertzen badu zehapen moduan, jatorrizko deituren arloko falta larria edo osoa egin duelako, dela berak zuzenean, dela beraren enpresak edo sozietateak, edo b) agintaldian zehar hiltzen bada, edo ordezkatutako enpresa edo sozietatea amaitzen bada.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Interesdunek agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren administrazioarekiko auzietako salan bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo hilabetetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 8a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
«ARABAKO TXAKOLINA / TXAKOLI DE ÁLAVA / CHACOLÍ DE ÁLAVA» JATORRIZKO DEITURAREN KONTSEILU ARAUTZAILERAKO HAUTESKUNDEAK
HAUTESKUNDE-EGUTEGIA

0.– Hauteskundeen deialdia egiteko aginduaren ondorio-data.

0 + 5.– Jatorrizko Deituraren Hauteskunde Batzordean erakundeen ordezkari izateko hautagaiak aurkeztuko zaizkio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari.

5 + 5.– Jatorrizko Deituraren Hauteskunde Batzordean erakundeen bokal ordezkari direnak izendatuko ditu Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak.

10 + 3.– Hauteskunde Batzorderako bokalak, erakundeen ordezkari direnak, izendatzeari dagokionez, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzari errekurtsoak aurkeztea.

13 + 3.– Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzak zehaztuko du Jatorrizko Deituraren Hauteskunde Batzordearen behin betiko osaketa eta ebatziko ditu errekurtsoak.

16 + 5.– Jatorrizko Deituraren Hauteskunde Batzordea eratu eta horren osakeraren berri emango zaio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzari.

21 + 3.– Behin-behineko erroldak ikusgai jarriko dira, 7.1 artikuluan zehaztutako tokietan.

24 + 3.– Hauteskunde Batzordeari behin-behineko errolden aurkako erreklamazioak aurkeztea.

27 + 4.– Hauteskunde Batzordeak erreklamazioak ebaztea.

31 + 3.– Behin betiko Erroldak ikusgai jarriko dira.

34 + 3.– Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzari behin betiko errolden aurkako errekurtsoak aurkeztuko zaizkio.

37 + 5.– Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzak behin betiko errolden aurkako errekurtsoak ebaztea.

42 + 3.– Behin betiko Erroldak ikusgai jarriko dira.

45 + 4.– Kontseilu Arautzaileko kontseilukide izateko hautagaiak aurkeztuko zaizkio Hauteskunde Batzordeari.

49 + 4.– Jatorrizko Deituraren Hauteskunde Batzordeak hautagaien aldarrikapena egingo du.

53 + 5.– Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzari hautagaien aldarrikapenaren aurkako errekurtsoak aurkeztuko zaizkio.

58 + 4.– Aurkeztutako errekurtsoak ebaztea.

62 + 3.– Hautagaien behin betiko zerrendak jendaurrean jarriko dira.

65 + 4.– Hauteskunde Batzordeak Hauteskunde Mahaiko kideak izendatuko ditu, eta hala jakinaraziko die interesdunei.

69 + 3.– Hauteskunde Mahaiko kideen izendapenaren inguruko desenkusak aurkeztuko zaizkio Hauteskunde Batzordeari.

72 + 5.– Hauteskunde Batzordeak desenkusak ebatziko ditu.

77 + 6.– Hauteskunde Mahaia eratu eta bozketa egitea.

83 + 2.– Hauteskunde Mahaiak bilkura eratzeko akta bidaltzea Hauteskunde Batzordeari eta, bertan, boto-paper baliogabeen edo erreklamazioa eragin dutenen kopurua adieraziko da. Orobat, boto-zenbaketako jatorrizko akta ere igorriko dio.

85 + 5.– Jatorrizko Deituraren Hauteskunde Batzordeak bokalen aldarrikapena egingo du.

90 + 4.– Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzari bokalen aldarrikapenaren aurkako errekurtsoak aurkeztuko zaizkio.

94 + 3.– Jatorrizko Deituraren Hauteskunde Batzordeak lehengo errekurtsoak ebatzi eta bokalak esleituko ditu.

97 + 5.– Bokal hautetsiei dagozkien kredentzialak bidaliko zaizkie.

102 + 6.– «Arabako Txakolina / Txakoli de Álava / Chacolí de Álava» Jatorrizko Deituraren Kontseiluaren osoko bilkura egingo da, kontseilukide hautetsiak karguaz jabetuko dira eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari lehendakari eta lehendakariorde gisa proposatuko zaizkion pertsonak hautatuko dira.

108 + 6.– Lehendakari eta lehendakariorde funtzioak betetzeko proposatutakoak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari aurkeztea.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala