Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

100. zk., 2013ko maiatzaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
2451

EBAZPENA, 2013ko maiatzaren 22koa, Industriako sailburuordearena, 2013. urtean diru-laguntzak emateko deialdia argitaratzeko dena teknologia-oinarriko ETEak eta/edo berritzaileak sortu eta garatzen laguntzeko Gauzatu-Industria programa arautzen duen aginduak ezarritako esparruaren barruan.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2007ko maiatzaren 21eko Aginduaren bidez Gauzatu-Industria programa arautzen da, teknologian edo berrikuntzan oinarrituriko ETEak sortu eta garatzekoa (2007ko ekainaren 12ko EHAA, 112. zk.); programa hori 2007ko abenduaren 18ko Agindu baten bidez aldatu zen (2008ko urtarrilaren 29ko EHAA, 20. zk.).

Euskal Autonomia Erkidegoko 2013ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako aurrekontu-partidetatik aterako dira laguntza horiek emateko erabiliko diren diru-baliabideak.

Horrenbestez, eta aipatu aginduaren 12. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2013ko ekitaldirako laguntzen deialdia egiten da, eta horretarako beharrezko arauak ezartzen dira. Hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Gauzatu-Industria programa arautzeko Aginduan xedatutako laguntzen –aurrerakin itzulgarriak– deialdia egitea 2013ko ekitaldirako. Programa horren bidez, teknologia-oinarriko ETEak eta/edo ETE berritzaileak sortu eta garatzen laguntzen da.

Xede horretarako 26.000.000 euro bideratuko dira guztira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan 2013ko ekitaldirako ezarritako aurrekontu-kredituen kontura.

Deialdi honen kargura emango diren laguntzak ez dira izango artikulu honetan finkatutako zenbatekoak baino handiagoak, edo berau eguneratzearen ondoriozko zenbatekoak baino handiagoak, betiere indarreko legerian aurreikusitako kredituen arteko loturaren edo aurrekontu-aldaketaren arabera. Horrenbestez, diru-kopuru hori ahitutakoan, ezin izango da laguntza gehiago eman, eta, beraz, hortik aurrera, baliorik gabe geratuko da ebazpen hau. Horrelakorik gertatuz gero, Industriako sailburuordeak horren berri emango du ebazpen baten bidez.

2. artikulua.– Betekizunak.

Eskatzaileek erakunde onuradunaren izaera izan beharko dute Gauzatu-Industria programa arautzen duen diru-laguntzak eskuratzeko –teknologia-oinarriko ETEak edo ETE berritzaileak sortu eta garatzen laguntzeko programa–, 2007ko maiatzaren 21eko Aginduaren 3. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

3. artikulua.– Eskabideak eta epea.

1.– Halaber, eskabideak eta gainerako agiri osagarriak aurkeztu beharko dituzte Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietatean (Urkixo Zumarkalea 36, 4. solairua, Bizkaia Plaza eraikina, Bilbao), izan zuzenean edo izan Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako moduren batean.

Eskabide-orria eta inprimakia www.euskadi.net/industria Interneteko helbidean bete eta/edo deskargatu ahal izango dira.

2.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta, horretarako ezarritako kreditua ahitu ez bada bederen, 2013ko uztailaren 5ean bukatuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Deialdi-ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bigarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 22a.

Industriako sailburuordea,

JUAN IGNACIO GARCIA DE MOTILOA UBIS.


Azterketa dokumentala