Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2013ko maiatzaren 23a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

SEGURTASUN SAILA
2398

AGINDUA, 2013ko maiatzaren 9koa, Segurtasuneko sailburuarena, Segurtasun Sailak eskaintzen dituen zerbitzuen prezio publikoa finkatzen duena, estatistika-datuen ustiapenen salmentagatik.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei Buruzko Legearen testu bategina onartzeko den irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren arabera, prezio publikotzat joko dira zuzenbide publikopeko jardueren edo zerbitzuen trukean ematen diren diru-sariak, baldin eta tasak ez badira.

Aipatutako Legegintzako Dekretuko 31. artikuluak ezartzen du prezio publikoen bitartez ordain daitezkeen zerbitzuak eta jarduerak dekretu bidez ezarriko dituztela, elkarrekin, Ogasun Sailak eta kasuan kasuko sailak, hots, zerbitzuak zuzenean ematen dituen sailak edo zerbitzuak ematen dituen erakundearen gaineko sailak.

Aurrekoa betez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta honen erakunde autonomoek prezio publikoen bidez kobratu ditzaketen zerbitzu eta jardunak zehazten dituen irailaren 28ko 249/2010 Dekretua onartu zen. Honek, azaroaren 27ko 258/2012 Dekretuak aldatuta, bere eranskinaren bigarren atalean, zehazten ditu zeintzuk diren prezio publikoaren menpe egon daitezkeen Herrizaingo Saileko zerbitzuak eta jarduerak, eta hauek dira: «Mintegi, biltzar, jardunaldi eta ikastaroen matrikulak» eta «Estatistika-datuen ustiapenen eta aholkularitza teknikoen salmenta».

Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretua eta Segurtasun Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko apirilaren 9ko 194/2013 Dekretua kontuan hartuta, Herrizaingo Sailari egindako aipamena Segurtasun Sailari egiten dela ulertu behar da.

Horregatik guztiagatik, 1/2007 Legegintzako Dekretuaren 33.1 artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, eta Ogasun eta Finantza Saileko organo eskudunak aldeko txostena eman ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Agindu honen helburua editatu gabeko estatistika-datuen ustiapen-lanen salmentagatiko prezio publikoaren zenbatekoa ezartzea da. Ustiapen-lan horien bidez, Segurtasun Sailak egindako estatistikekin lotutako informazio-eskaera bereziei erantzuna emango da.

2. artikulua.– Estatistika-datuen ustiapen-lanen salmenta.

Editatu gabeko estatistika-datuen ustiapen-lanen salmentagatiko prezio publikoaren zenbatekoa, eta Segurtasun Sailak egindako estatistikekin lotutako informazio-eskaera bereziei erantzuteagatik, honela finkatuko da:

– Zerbitzuen orduko prezioa 44,82 eurokoa da, BEZa barne.

– Edozein kasutan, eskaera guztien gutxieneko prezioa 72,67 eurokoa da, BEZa barne.

Eskaera jaso ondoren, lan egin aurretik organo erantzuleak goian aipatutako irizpideak kontuan hartuta beharrezko aurrekontua egingo du. Eskatzaileak aurrekontua onartuz gero, lana garatzen hasiko da.

3. artikulua.– Hobariak eta salbuespenak.

1.– Hobariak. % 50eko deskontua emango zaie honako erakunde eta izakunde hauei:

– Batzar Nagusiak.

– Eusko Jaurlaritzako sailak eta menpeko erakundeak.

– Euskal Estatistika Erakundea (Eustat).

– Foru Aldundiak eta Udalak.

– Fakultateetako eta unibertsitate-eskoletako sailak, irakasleak eta ikasleak (sail bakoitzeko buruak bermatuta), baldin eta eskariaren xedea irabazi-asmorik gabeko ikerketa-lanak egitea bada.

– Euskadiko Udalen Elkartea (Eudel).

– Autonomia Erkidegoen eta Ministerioen estatistika-bulegoak.

– Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoan.

– Komunikabideak.

– Merkataritza-ganberak eta enpresaburu-elkarteak.

– Elkargo profesionalak.

– Alderdi politikoak eta sindikatuak.

– Onura publikoko erakundeak.

2.– Salbuespenak. Erakunde hauek ez dute ordaindu beharko:

– Eusko Legebiltzarrak.

– Arartekoak.

4. artikulua.– Ordaintzeko epea eta modua.

1.– Ordainketak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zuzenbide publikoko diru-sarreren erregistroa eta horiek kobratzea Administrazioaren Ordainketa eta Kobrantzen Sistema Integralaren bitartez automatikoki egiteari buruz indarrean dagoen araudiari jarraituz egingo dira.

2.– Administrazioak frogagiri bat emango du ordainketaren trukean. Frogagirian, ondoko xehetasun hauek agertu beharko dira:

a) Frogagiria ematen duen organoa edo erakundea zein den.

b) Zordunaren izen-abizenak edo baltzu-izena, identifikazio fiskalaren zenbakiarekin batera.

c) Helbidea.

d) Kontzeptua.

e) Prezio publikoaren zenbatekoa, aplikatutako hobariak eta, hala dagokionean, kobratzeko eguna.

f) Balio Erantsiaren gaineko Zerga.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 9a.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.


Azterketa dokumentala