Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

95. zk., 2013ko maiatzaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2333

AGINDUA, 2013ko maiatzaren 7koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Horren bidez 2013-2014 ikasturtean dei egiten da ikertzaile doktoreen doktoretza-ondoko hobekuntza-programa laguntzak berritzeko eta laguntza berriak emateko. Bertan ere laguntza horiek arautzen dira.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak badaki aktiboki parte hartu behar duela Euskadin ikerkuntzan ari diren giza baliabideak indartzen lagunduko duten programen sustapenean, kalitatean zein kantitatean. Hori horrela, zenbait jarduera gauzatu ditu azken urteotan, eta horien artean daude ikertzaile doktoreen prestakuntzarako eta hobekuntzarako laguntzak.

Ikertzailearen Europako Gutunak dioenez (EEE/2005/251/CE), ikertzaileak jakintza, ezagutza, produktu, prozesu, metodo eta teknika berriak sortzen diharduten profesionalak dira. Definizio horren barruan, beren karrerako edozein etapatan ikerkuntzan eta garapenean ari diren pertsonak daude, zernahi dutelarik kalifikazioa. Horrela, doktoretza-ondoko aldiaren aurreneko etapetan ikertzaile doktoreen prestakuntza eta espezializazio zientifikoa sustatu nahi hori Eusko Jaurlaritzak arlo horretan ematen duen bigarren urratsa da. Lehenengoa, ordea, doktoretzari lotutako eskumenak eta gaitasunak eskuratzea da.

Ikerketako giza baliabideak sustatzeko politikan kokatzen da programa hau, 2011-2014 Unibertsitate Planaren eta Eusko Jaurlaritzaren 2015eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren esparruan, eta horren helburua ikertzaile doktoreen prestakuntza eta espezializazio profesionala sustatzea da. Ekintza hori oso garrantzitsua da, Euskal Autonomia Erkidegoak ahalegin handiak egin behar baititu oraindik Europako beste herrialde batzuetan ikerketa zientifikoaren eta teknikoaren alorrean dituzten giza baliabideak berdintzeko, bai eta zientziaren eta teknologiaren alorrean belaunaldi berri bat sortzeko ere. Hori guztia Ikertzailearen Europako Gutunari eta Ikertzaileen Kontrataziorako Jokabide Kodeari buruzko Europako Erkidegoko Batzordearen Gomendioarekin bat etorriz (EEE/2005/251/CE), bai eta urtarrilaren 27ko 63/2006 Errege Dekretuak onartutako Prestatzen ari diren Ikertzaileen Estatutuarekin (aurrerantzean, EPIF) eta 2011ko ekainaren 1eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Legearekin ere (aurrerantzean, LCTI).

Doktoretza-ondoko lehenengo etapan, deialdi honek eskaintzen du ikertzaileentzako hobekuntza-programa bat, gehienez ere hiru urtekoa izan daitekeena. Orduan, doktoreek lan-kontratu bat izenpetu beharko dute ikerketak egiten dituen euskal erakunde batekin, hala nola, Euskal Autonomia Erkidegoan (aurrerantzean, EAE) egoitza duen unibertsitate batekin edo Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioarekin (aurrerantzean, Ikerbasque Fundazioa). Lehenengo bi urteetan atzerriko ikerketa-zentro batera desplazatutako ikertzaile izango dira.

Programa horrekin, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eredu bat proposatzen du, ikertzaileen prestakuntzaren kalitatea eta eraginkortasuna zaindu eta onuradunak lan-mundura hurbilduko dituen eredua, unibertsitateen, Ikerbasque-ren eta bikaintasuneko ikerketa-zentroen laguntzarekin lan-kontratu bat garatuko baitu, urtero ebaluagarria den kontratu bat.

2011ko ekainaren 1eko LCTIk bere II. Tituluan ikertzaileen egoerak definitu eta arautzen ditu, eta bere 20. artikuluan, ordea, ikertzaileen lan-kontratuaren modalitateak eta aplikatu beharreko araubidea definitzen ditu.

Abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, Lehendakariarenak, EAEko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, sail honi eskumenak eman dizkio zientzia-alorreko politikan, eta funtsezko ikerketaren eta ikerketa aplikatuaren sustapenaren eta koordinazioaren arloan.

Herri-administrazioen diru-laguntzak emateko jarduera arautzen duten publizitate-, lehia- eta objektibitate-printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginari jarraikiz, arazoaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, azaroaren 11koak, onartutakoari. Erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz.

Horren ondorioz, eta kontuan izanik zer dioen Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duen eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren IX. Titulua aplikatuz luzatu den abenduaren 23ko 6/2011 Legeak, 2013 urterako.

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Agindu honen bidez, EAEko ezarpen-zentroetan hobekuntza gauzatzen ari diren eta denbora baterako atzerrira joango diren ikertzaile doktoreentzako 2013-2014 ikasturterako bekak arautzeko oinarriak ezarri nahi dira, bai eta beka horietarako deialdia egin ere. Deialdian, beka berriak ematea jasota dago, bai eta 2012-2013 ikasturtean emandakoak berritzea ere.

2. artikulua.– Xedea.

Programa honen xedea da ikertzaileen ikerketa-hobekuntza sustatzea. Honakoei zuzenduta dago programa hau: EAEn egoitza duen unibertsitate batekin edo Ikerbasque Fundazioarekin izenpetutako lan-kontratu baten bidez, eta laguntzak irauten duen artean, beren prestakuntzako eta espezializazio zientifikoko eta teknikoko jarduerekin jarraitzeko, aldi baterako atzerrira joaten diren ikertzaileei. Hori guztia agindu honetako xedapenei jarraiki, EPIFeko seigarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz, bai eta 2007ko abenduaren 12ko ebazpenarekin ere, Gizarte Segurantzako Estatuko Idazkaritzarena denarekin, beren jarduera atzerrian gauzatzen duten prestatzen ari diren ikertzaileak eta ikerketari laguntzeko programen onuradun diren doktoreak Gizarte Segurantzaren sisteman sartzeari buruzkoarekin.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deitutako programaren zenbateko osoa, kontuan harturik 2013ko aurrekontu-ekitaldia (254.353,40) eta 2014rako konpromiso-kredituak (2.289.180,60), eta lerro bakoitzari dagokion zenbatekoa honako hau delarik:

a) Beka berriak: 940.450 euro (ordainketa-kreditua 94.045 euro, eta konpromiso-kreditua 846.405 euro).

b) Bekak berritzea: 1.603.084 euro (ordainketa-kreditua 160.308,40 euro, eta konpromiso-kreditua 1.442.775,60 euro).

2.– Laguntza berrietan esleitutako zenbatekoa handitu ahal izango da, hautaketa-batzordeak hala proposatzen badu aurretiaz, bekak berritzeko lerroa gauzatu ondoren gerta litezkeen aurrekontu agortu gabeen arabera.

3.– Deialdi honi esleitutako zenbateko orokorra ere handitu ahal izango da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beste laguntza-programak gauzatu ondoren gerta litezkeen aurrekontu agortu gabeen arabera, eta laguntza horiek ebatzi aurretik. Inguruabar hori argitara emango da Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

4.– Zientzia Politikarako Zuzendaritzak deialdiaren zenbateko osoa programa eta arlo bakoitzean modu arrazoituan banatu ahal izango du, agindu honen 14.3 artikuluan deskribatutako kalitate-irizpideak eta aurkeztutako eskaeren kopurua eta aurrekontu-mugak kontuan hartuta, arlo guztietan onuradunak egon daitezen eta lerro bakoitzeko arlo bakoitzean emandako laguntza-kopurua portzentualki egonkorra izan dadin, arlo bakoitzean hauta daitezkeen eskabideen kopuruak horretarako modua ematen badu betiere. Banaketa hori hautapen-batzordeek Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari aurkeztutako beken esleipen-proposamenaren aktan jasoko da.

4.– artikulua.– Onuradunak.

EAEn kokatutako unibertsitate batekin edo Ikerbasque fundazioarekin obra edo zerbitzu jakin bateko lan-kontratua sinatzen duen ikertzaile doktorea izango da laguntza hauen onuraduna.

5. artikulua- Ezarpen-zentroak eta atzerriko zentroak.

1.– Ezarpen-zentroak: ezarpen-zentro izango dira EAEn egoitza soziala duten unibertsitateak edo Ikerbasque fundazioa; prestakuntza gauzatzen ari diren ikertzaile doktoreak horiei atxikiko zaizkie bekaren aplikazio-aldi osorako.

Ikerbasque fundazioak hitzarmenak sinatuko ditu Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente egiaztatuekin, bai eta EAEn egoitza duten unibertsitate publiko eta pribatuekin ere, kontratuko hirugarren urtean dauden ikertzaile doktoreak hartzeko.

2.– Atzerriko zentroak: Ikertzaile doktoreak bolada baterako ikerkuntzan jardutera doazen atzerriko zentroak irabazi-asmorik gabeko unibertsitateak, instalazio handiak edo ikerketa-zentro publiko eta pribatuak izango dira, eta ez dira izango doktoretza-ikasketak egin dituzten zentroak. Eskatzaileak atzerritarrak badira, atzerriko zentroa ez da egongo beren jaioterrian.

6. artikulua.– Laguntzen ezaugarriak.

1.– Kontratua.Laguntzak dirauen artean, obra edo zerbitzu jakin baten ezaugarri berak izango ditu horrek. Aplikazio-zentroaren eta laguntza jaso duen pertsonaren artean izenpetu beharko da kontratu hori, EPIFeko seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz.

2.– Iraupena.Kontratuak urtebete iraungo du, 22. artikuluaren 1. atalean ezarritako laguntzaren hasiera-egunetik hasita, eta urtebeteka luzatu ahal izango da, laguntza agindu honetako 18. artikuluan ezarritakoaren arabera berrituz gero. Gehienez ere 36 hilabetez eman ahal izango da laguntza.

Jarduera eteten ez bada, 36 hilabete horiek honako bi fase hauetan egongo dira antolaturik: lehenengoa 24 hilabetekoa izango da gehienez, eta ikertzailea atzerriko ikerketa-zentro batera joango da, bere ezarpen-zentroa utzita, ikerketa-proiektu bat gauzatzeko. Bigarren fasea, berriz, 12 hilabetekoa izango da gehienez; fase horretan, ikertzailea EAEko ikerketa-talde batean sartuko da.

3.– Laguntzaren zenbatekoa eta ordaintzeko modua.

Laguntzaren zenbatekoa.– Ezarpen-zentroak ikertzaileen soldata eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa-kuota ordaintzeko erabiliko du izenpetzen den kontratu bakoitzerako emandako laguntza.

Ikertzaileak 28.000 euro gordin jasoko ditu urtean, hamabi edo hamalau hilekotan banatuta ezarpen-zentroaren araudiaren arabera.

Urteko 36.988 euro jasoko ditu ezarpen-zentroak ikertzaile bakoitzeko. Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez likidatuko da enpresa-kuotarako hasieran emandako kopuruaren eta azkenean ordaintzen denaren arteko aldea, urte bakoitzari dagozkion kotizazio-tasekin bat etorriz, behin laguntzetako bakoitzean egindako gastuak justifikatu eta egiaztatu direnean.

Ordaintzeko modua.– Lau alditan egingo dira laguntzaren ordainketak: % 10, beka emateari buruzko Ebazpena kaleratu ondoren, eta laguntza onartu eta gero, ordea, % 30, 2014ko otsailean, % 30 2014ko maiatzean eta % 30 2014ko irailean.

Ordainketak egiteko, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak jasoa izan beharko du kontratuen edo beren luzapenen kopia.

Hala ere, ezarpen-zentroek edozein kontratu sinatu edo daudenak luzatu ahal izateko, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenetan ezarritakoari helduko zaio; ebazpen horrek ebatziko du 17. eta 18. artikuluetan ezarritako berritze-prozedura.

Onuradunei aurretik emandako funtsekin sortu ahal izango liratekeen finantza-errendimenduek ez dute emandako laguntzaren zenbatekoa handiagotuko.

Ezarpen-zentroek, dagokionean, kasuan kasuko konturako atxikipenak eta diru-sarrerak gauzatuko dituzte prestatzen ari diren ikertzaile doktoreek egindako ordainketengatik.

Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa- eta langile-kuotak kalkulatzeko, kontuan hartuko dira urte bakoitzari dagozkion kotizazio-tasak eta hobariak, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emango ditu, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean programa honetarako erabilgarri dagoen aurrekontuaren kontura.

Laguntza hasten den datatik aurrera onartuko da Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean sartzea eta, ondorioz, kidetzea eta/edo alta ematea; jarduera amaitzen denean baja emango da.

4.– Bidaia-gastuak.

Bekaren lehenengo bi urteetan, halako diru-zenbateko gehigarri bat ezarriko da atzerriko zentrora joateko eta handik etortzeko gastuak ordaintzen laguntzeko. Zenbateko hori Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen esleipen-ebazpenean agertuko da, eta honako taula honen araberakoa izango da:

(Ikus .PDF)

Agindu honen ondorioetarako, eskatzailea EAEn erroldatuta dagoen probintziako hiriburua hartuko da jatorri-hiritzat.

Zenbatekoa ezarpen-zentroari ordainduko zaio. Ezarpen-zentroak ordainketa bakar batean ordainduko dio onuradunari zenbateko hori, bigarren hileko ordainsarian.

5.– Asegurua.

Onuradunei dagokien Gizarte Segurantzako estalduraren kaltetan izan gabe, erantzukizun zibileko, istripuen eta bidaia-laguntzako aseguru bat barne hartuko dute diru-laguntzek. Azken hori, interesdunarekin batera atzerrira joango diren ezkontideari eta 25 urte baino gutxiagoko seme-alabei ere luza dakieke interesdunak hala eskatzen badu. Aseguru hori izatezko loturentzat ere baliagarri izan daiteke, ordenamendu juridikoan onartutako proben bidez frogatuz gero.

7. artikulua.– Arloak.

1.– Hautatzeko arloak honako hauek dira:

Oinarrizko Zientziak

1. arloa.– Lurraren zientziak.

2. arloa.– Fisika eta Espazioaren Zientziak.

3. arloa.– Matematikak.

4. arloa.– Kimika.

Bizitza- eta osasun-zientziak

5. arloa.– Funtsezko Biologia eta Sistemena.

6. arloa.– Biomedikuntza.

7. arloa.– Medikuntza Klinikoa eta Epidemiologia.

8. arloa.– Landare eta Animalia Biologia, Ekologia, Ingurumena.

9. arloa.– Elikagaien Zientzia eta Teknologia. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza.

Ingeniaritzak, Teknologiak eta Arkitektura

10. arloa.– Teknologia Mekanikoak eta Ekoizpenerakoak.

11. arloa.– Komunikazio, Konputazio eta Elektronikaren Ingeniaritzak.

12. arloa.– Arkitektura, Ingeniaritza Zibila, Eraikuntza eta Hirigintza.

Gizarte Zientziak eta Giza Zientziak

13.– arloa.– Hezkuntza Zientziak. Psikologia.

14. arloa.– Gizarte Zientziak.

15. arloa.– Zuzenbidea.

16. arloa.– Ekonomia.

17. arloa.– Filologia eta Filosofia.

18. arloa.– Historia eta Artea.

Agindu honetako I. eranskinean jaso dira arlo bakoitzak barne hartzen dituen ikerketen deskribapena eta horiek ikerketa-esparruekin duten lotura.

2.– Parte hartzen duen pertsona bakoitzak arlo bakarra aukeratuko du, eta horren arabera ebaluatuko da.

3.– Edonola ere, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, interesdunari hala jakinarazi ondoren, eskaeren modalitatea aldatu ahal izango du, horiek ez badira egokitzen eskatzailearen ikasketa-eta ikerketa-profilera, bai eta aukeratutako arloa ere, betiere, hala komeni bada eskaeraren ezaugarriak direla eta, edo kasuan kasuko aholku-batzorde espezifikoak hala gomendatzen badu.

8. artikulua.– Proiektuak.

1.– Agindu honetan xedatutako laguntzagai diren ikerketa-proiektuek honako printzipio hauek errespetatu behar dituzte:

a) Honako adierazpen eta hitzarmen hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak: Helsinkiko Adierazpena (Munduko Medikuntza Elkartea), Giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena, Giza genomari eta giza eskubideei buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsala, eta ikerkuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari dagokienez Espainiako legedian ezarritako baldintzak.

b) Gizakiekin ikerketak egin edo giza jatorriko laginak erabiltzea eragiten duten proiektuek uztailaren 3ko 14/2007 Legean, Ikerkuntza Biomedikoari buruzkoan, araututakoa bete behar dute. Era berean, lege horri lotuta egongo dira giza enbrioia jatorri duten zelulak eta ehunak edota horietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzea espezifikoki eskatzen duten ikerkuntza-proiektuak.

c) Saiakuntza klinikoak xede dituzten proiektuek otsailaren 6ko 223/2004 Errege Dekretuan ezarritakoa bete behar dute.

d) Animaliekin esperimentuak egitea dakarten proiektuek indarrean den legezko araubidean ezarritakoa bete beharko dute, eta, bereziki, urriaren 10eko 1201/2005 Errege Dekretuan, esperimentuak egiteko eta bestelako helburu zientifikoetarako erabiltzen diren animalien babesari buruzkoan, ezarritakoa.

e) Genetika aldatuta daukaten organismoak erabiltzea dakarten proiektuetan bete beharko da, batetik, Genetika aldatuta daukaten organismoak bakarturik erabiltzeari, borondatez askatzeari eta merkaturatzeari buruzko apirilaren 25eko 9/2003 Legea, eta bestetik, lege hori garatzen duen arau orokorra onesten duen urtarrilaren 30eko 178/2004 Errege Dekretua.

f) Agente biologikoak erabiltzea dakarten proiektuak, berriz, azaroaren 8ko 31/1995 Legean, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoan, eta hori garatzen duten errege-dekretuetan araututakoaren arabera egokitu beharko dira, agente biologikoak edukitzeari dagokionez izan daitezkeen arriskuak direla-eta.

g) Azkenik, material genetikoa hartzea edo trukatzea xede duten proiektuek honako hauek bete beharko dituzte: Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena, Elikadurarako eta Nekazaritzarako Baliabide Fitogenetikoei buruzko Nazioarteko Ituna eta uztailaren 26ko 30/2006 Legea, Landaretegiko Haziei eta Landareei nahiz Baliabide Filogenetikoei buruzkoa.

9. artikulua.– Laguntza berrien eskatzaileak: eskakizunak.

1.– a) Eskabidea aurkezten den unean, EAEko udalerri batean erroldatuta egotea, eta gutxienez 2008ko urtarrilaren 1az geroztik.

b) EAEko udalerriren batean erroldatuta egotea eskaera aurkezteko unean eta eskaera aurkezteko epea amaitzen den data baino 5 urte lehenagotik gutxienez. Hala ere, onartu egingo dira, aurretik EAEn erroldatuta egon izanda, doktoretza-tesia doktoretza-programa batean egiteagatik antzinatasun-baldintza hori betetzen ez duten eskatzaileak, bai eta, egoera horretan egonda, doktoretza-titulua eskuratu ostean beren ikerketa eten ez dutenak ere.

2.– Erkidegotik kanpoko atzerritarren kasuan, dagokien egoitza-baimena eduki behar dute.

3.– Doktoretza-titulua edukitzea, 2010eko urtarrilaren 1ean edo geroago lortutakoa.

Salbuespen gisa, eskatzaileak titulu hori ez badauka, baina 2013ko irailerako edukitzea espero badu, horren eskaera onartu ahal izango da, eta horren behin-behineko ebaluazioa egin ahal izango da. Horretarako, eskaerako gainerako agiriekin batera aurkeztu beharko du bere tesia gordailuan erregistratua izan dela egiaztatzen duen ziurtagiria, edo proiektuaren zuzendariaren gutuna, eskatzailea 2013ko irailaren 14rako doktoretza-titulua eskuratzeko gai dela ziurtatuko duena. 2013ko irailaren 18a baino lehenago edo egun horretan ere bai egiaztatu beharko da, agiri bidez egiaztatu ere, titulu hori eskuratu dela. Laguntza jaso ahal izateko, eskatzaileak agiri bidez egiaztatu beharko du titulu hori lortu duela; horretarako, doktoretza-tituluaren eskubideak ordaindu izanaren jatorrizko egiaztagiria edo horren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko du.

Doktoretza eskuratu zeneko data 2009ko urtarrilaren 1a ere izan daiteke, betiere, egiaztatzen bada honako arrazoi hautako baten ondorioz etenaldi bat egon zela:

a) Amatasun edo aitatasun-atsedenaldiagatik; Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean jasotako babespeko egoeren arabera.

b) Gaixo egon edota istripu larria izanagatik. Kasu horretan, hiru hilabeteko edo hortik gorako gaixo-agiria izan behar du ikasleak.

c) Mendeko pertsonak zaindu izanagatik, betiere, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean adierazitakoaren arabera.

Betiere, 2009ko urtarrilaren 1aren eta eskabideak aurkezteko mugaegunaren artean gertatu badira etenaldi horiek. Era horretako etenaldirik gertatu bada, eskabidea aurkezteko unean hura jakinarazi eta egiaztatu beharra dago. Eskatzaileak doktoretza eskuratu zuenetik igarotako epearen zenbaketa soilik behin eta urtebetez atzera daiteke hizpide dugun etenaldiagatik.

4.– Diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen dion zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako gaitasuna kentzen dion debeku legalaren pean erori ez izana, sexu-bereizkeriagatikoak barne, 4/2005 Legeko, otsailaren 18ko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzkoa deneko azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoari jarraiki.

5.– Doktoreen hobekuntzarako programetako laguntzarik jasotzen ez egotea edo ez jaso izatea 2013ko ekainaren 1a baino lehenago, atzerriko ezarpen-zentroetan bi urteko edo denbora gehiagoko egonaldirik barne hartzen duenik.

10.– artikulua.– Eskabideak betetzea eta aurkezteko eta epeak.

1.– Eskaria egiteko, eskabide-orria bete beharko da. Orri hori bide telematiko bidez eskuratu ahal izango da, sailaren egoitza elektronikora jota: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net (unibertsitateak eta ikerketa). Horretarako, hautagaiak alta eman beharko du erabiltzaile gisa, eta aplikazio horretan zehaztutako jarraibideei kasu egin beharko die.

2.– Eskari telematikoa osorik bete ondoren, eskatzaileak bere burua identifikatu ahal badu Egoitza Elektronikoak onartutako sinadura elektronikoaren edozein sistema erabiliz, eskaria erregistratzeko prozesu elektronikoa bete ahal izango da, formatu elektronikoz derrigorrezko dokumentazioa aurkeztuta. Dokumentazio hori agindu honetako 11. artikuluan aipatuta dago, beka berriei dagokienez; eta 18. artikuluan, ordea, berritzeei dagokienez.

Eskabideari erantsi beharreko dokumentu elektronikoak interoperabilitatearen eskema nazionala onartzen duen 4/2010 Errege Dekretuan eta bere garapen-arautegian araututako formatuekin bat etorriko dira.

3. - Eskatzailea sinadura elektroniko bidez ezin bada identifikatu, behin eskari telematikoa betez gero eskariaren paperezko inprimaki ofizial bat lortuko da, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren erregistroan sinatuta aurkezteko (Donostia kalea 1, 3. solairua, 01010, Vitoria-Gasteiz).

Eskabideak honako leku hauetan aurkeztu ahal izango dira: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatutako bulegoak; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan aipatutako bulegoak; eta «Zuzenean» Herritarrentzako Arreta bulegoak: Bizkaian (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbo), Gipuzkoan (Andia 13, 20003 Donostia) eta Araban (Ramiro de Maeztu 10, behea, 01008 Gasteiz). Kasu horietan, eskabidea, sinatu ondoren, hona bidaliko da:

Eusko Jaurlaritza.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila.

Zientzia Politikako Zuzendaritza.

Erreferentzia: «Doktoretza ondoko dirulaguntzak».

Donostia kalea 1.

01010 Gasteiz.

Inprimaki ofizialak eskabide-zenbakia izango du. Inprimaki ofizialari eskuz edo bide elektronikoz aldaketarik egiten bazaio, eskabidea besterik gabe baztertuta geratuko da.

Ezarpen-zentroa Euskal Herriko Unibertsitatekoa izanez gero, erregistro-bulego hauetan formalizatu ahal izango da eskaera: Arabako 01 erregistro-bulegoa (Arabako Campuseko Errektoreordetza, Izardui komandantea 2, 01005 Vitoria-Gasteiz), Gipuzkoako 02 erregistro-bulegoa (Ignacio M.Ş Barriola gelategia, Elhuyar plaza 1, 20018 Donostia), Bizkaiko 03 erregistro-bulegoa (Errektoretza, Sarriena z/g, 48940 Leioa) eta Bizkaiko 84 erregistro-bulegoa (Larrako Etxea, Agirre Lehendakariaren etorbidea 83, 48015 Bilbo).

Nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da. Eskabideak aurkez daitezke, halaber, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duenak, aipatzen dituen lekuetan, deialdian eskabideak aurkezteko adierazten den epean.

4.– Beka-eskabide berriak aurkezteko epea hilabeteko izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.– Bekak berritzeko eskabideak aurkezteko epea 2013ko uztailaren 1etik 15era bitartekoa izango da, bi egun horiek barne.

6.– Eskatzaile bakoitzak eskabide bakar batekin parte hartu ahal izango du deialdi honetan.

7.– Ezingo dira eskabideak aldatu, eskabideak egiteko epea amaitu ondoren, aginduan zehazten diren salbuespenezko kasuetan izan ezik.

8.– Eskabide-ereduak agindu honetako II. eta III. eranskinetan agertzen dira, beka berrietarakoak eta berritzeetarakoak, hurrenez hurren.

11. artikulua.– Laguntza berriak eskatzea: derrigorrezko dokumentazioa.

Segidan aipatzen den dokumentazioa eskabideari erantsi beharko zaio, eta aplikazioaren bidez aurkeztu beharko da:

1.– a) Eskatzailea gaur egun eta gutxienez 2008ko urtarrilaren 1az geroztik EAEko udalerri batean erroldatuta dagoela ziurtatzen duen egiaztagiria.

b) Doktoretza edo doktoretza-ondoko ikerketa bat dela eta, egun EAE ez den beste toki batean erroldatuta dauden eskatzaileek doktoretzako edo doktoretza-ondoko jardueraren arduradun den ikertzaileak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, bai eta lehen EAEn erroldatuta egon direla eta orain beste erkidego batean erroldatuta edo enbaxadan erregistratuta, atzerrian bizi badira, daudela egiaztatzeko agiri bana ere justifikatu behar den epe guztirako.

2.– Egoitza-baimenaren kopia konpultsatua. Agiri hori Europar Batasunekoak ez diren pertsonek besterik ez dute aurkeztu beharko.

3.– Doktoretza-tituluaren kopia konpultsatua edo horren eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria, doktoretza eskuratu zeneko datarekin batera.

4.– Doktoretza eskuratzeko epea 2009ko urtarrilaren 1era luzatu izanaren egiaztagiria (Gizarte Segurantzako ziurtagiria), hala badagokio.

5.– Ezarpen-zentroaren konpromisoa, legezko ordezkariak sinatuta (ikerketako errektoreordearena unibertsitateen kasuan), laguntza eskuratuz gero ikertzaile doktorearekin lan-kontratua izenpetuko duela adieraziko duena, martxoaren 24ko 1/1995 Errege Dekretu legegilearen bitartez onartutako Langileen Estatutuko Testu Bateginaren 15.1.a) artikuluari jarraikiz. Konpromiso hori emateko, ezarpen zentroak eskaera aurkeztu duen pertsonari 2016 urte osorako sail edo ikertzaile talde batetan onartuta dagoela ziurtatzea eskatu dezake.

6.– Atzerriko proiektua zuzenduko duen pertsonak izenpetutako ziurtagiria, bertan azalduz: a) eskatzaileak programa honen laguntza eskuratzen badu, 2014-2015 urteetarako atzerriko ikerketa-zentroan onartua izango dela, eta b) eskatzaileak aurkeztutako ikerketa-proiektua baliozkotuko duela aipatutako denboraldian.

7.– Atzerriko ikerketa-proiektuaren zuzendariaren curriculum vitaea.

8.– Ikerketako hobekuntzako programaren memoria (hiru orrialde gehienez), laguntza jasotzen ari den 36 hilabeteetan eskatzaileak egingo dituen jarduera guztiei buruzkoa. Honakoak jasoko ditu memoria horrek: titulua eta proiektuaren deskribapena, bertan azaltzen direlarik bai helburuak, interes zientifikoa edo soziala eta aurreikusitako jardueren denbora-plangintza, bai eta ezarpen-zentroko ikertzaileekin eta, hala dagokionean, EAEko beste ikerketa-zentro batzuetakoekin eta atzerriko ikerketa-zentrokoekin lankidetzan jarduteko modua ere.

9.– Atzerrian egingo duen ikerketa-proiektuari buruzko memoria (hiru orrialde gehienez).

Memoriak EAEko edozein hizkuntza ofizialetan edo ingelesez aurkeztu beharko dira. Era berean, normalizatu gabeko formatuetan aurkezten badira memoriak, edo hiru orrialde baino gehiago badituzte, bete beharreko eskabidearen hutsunetzat joko dira, eta zuzendu egin beharko dira.

10.– Eskatzailearen curriculum vitae normalizatua.

11.– Bi erreferentzia- edo aipamen-gutun, EAEn egoitza duten unibertsitateetan edo EAEko ikerketa-erakunde publikoetan edo pribatuetan lan egiten duten ikertzaileenak, eskatzailearen ibilbide zientifikoa bermatuko dutenak.

12.– Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako adierazpenak egiaztatzen dituen dokumentazioa, halakorik behar bada.

12. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Interesdunak diru-laguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez baditu, edo eskabidearekin batera nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez badu, hamar egun izango ditu, aplikazio telematikoaren bidez akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Epe horretan hutsak zuzentzen ez baditu, eskaerari uko egin diola ulertuko dugu.

Hutsak zuzentzeko jakinarazpena 17. artikuluko laugarren atalean ezarritako prozeduraren arabera egingo da.

13. artikulua.– Beka berriak emateko hautapen-prozesuko hautagaiak onartzeko prozedura.

1.– Eskabideak zuzentzeko epea amaitu eta gero, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ebazpen bat emango du, laguntza berrien hautatze-prozesuan onartutako eta baztertutako lagunena, eta, behar izanez gero, baztertzeko arrazoia ere azalduko du.

Ebazpen hori 17. artikuluaren laugarren atalean ezarritako prozeduraren arabera jakinaraziko da.

Era berean, ebazpen horretan adieraziko da noiz egingo dituzten elkarrizketa pertsonalak, arlo bakoitzeko aholku batzorde bereziek balioetsi beharrekoak.

2.– Aurreko paragrafoan adierazitako ebazpenean baztertutako pertsonak elkarrizketa pertsonaletara bertaratu ahal izango dira, arlo bakoitzeko berariazko aholku batzordeek balioetsi ditzaten, badaezpada ere, baldin eta egiaztatzen badute dagokion errekurtsoa aurkezteko asmoa dutela baztertzearen kontra. Errekurtso hori ezetsi egiten bada, egindako elkarrizketak eta dagokion berariazko aholku-batzordearen balioespenak ez dute baliorik izango.

3.– Aurrekoan ezarritakoaren aurka jo gabe, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak SMS mezuen bidez edo posta elektronikoz egindako argitalpenen abisuak bidali diezazkiekete interesdunei. Nolanahi ere, abisu horiek ez dira benetako jakinarazpentzat hartuko.

14. artikulua.– Berariazko aholku-batzordeak, ebaluazio-irizpideak eta baremoa.

1.– 7. artikuluan adierazitako arlo bakoitzari dagokion berariazko aholku-batzordeak balioetsiko ditu kapitulu honetan arautzen diren laguntza berriak eskatzen dituzten pertsonak, horiek 9. artikuluko eskakizunak betetzen badituzte, beren eskaera garaiz eta forma egokian aurkeztu badute, eta 13. artikuluko 1. atalean aurreikusitako behin betiko ebazpenean onartuta badaude.

2.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak izendatuko ditu berariazko aholku-batzordeetako kideak, ikasketa- eta ikerketa-eremuan entzute handiko pertsonak izango direnak.

3.– Berariazko aholku-batzordeek irizpide zientifiko-tekniko hauen arabera ebaluatuko dituzte onartutako eskaerak:

– Eskatzailearen curriculum vitaea. 20 puntu gehienez.

– Hobekuntza programa: 36 hilabeterako aukeratutako hobekuntza programako ikertzaileen prestakuntzarako duen kalitatea, interesa eta egokitasuna baita ere EAEko ikertzaile talde edo/eta ezarpen zentroaren nazioartekotzerako duen garrantzia (20 puntu gehienez).

– Ikerketa-proiektua.– Atzerrian gauzatuko duen ikerketa-proiektuaren kalitatea, interesa eta bideragarritasuna. Eskatzaileak aurreikusten duen ekarpen zientifiko-teknikoa. 20 puntu gehienez.

– Atzerriko ezarpen-zentroa eta proiektuaren zuzendaria.– Ezarpen-zentroak daukan izen on edo prestigioa proiektuaren alorrean eta proiektuaren zuzendariaren historial zientifikoa. 20 puntu gehienez.

– Elkarrizketa pertsonala.– Aurrez aurrekoa izango da elkarrizketa, eta eskatzailearen prestakuntzari eta curriculumari, hobekuntza-programari eta ikerketa-proiektuari edo egoki irizten den beste edozein alderdiri buruz hitz egingo da bertan (gehienez, 20 puntu).

4.– Honako egoera hauek gertatuz gero, esleipen-prozesutik kanpo geldituko da eskatzailea: eskatzailea ez bada elkarrizketara bertaratzen, edo 65 puntu baino gutxiago lortzen baditu edo emaitza negatiboa badauka, aktan behar bezala arrazoituta, batez ere berariazko aholku-batzordeek ebaluatu beharreko alderdi guztiei edo batzuei dagokienez.

15. artikulua.– Elkarrizketa-jarduera.

1.– Berariazko aholkularitza-batzordeetako kideek ongi ez badakite eskatzaileak ebaluaziorako aukeratutako EAEko hizkuntza ofiziala, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak bermatuko du itzulpen-zerbitzua egongo dela elkarrizketarako eta interesgarri izan daitekeen dokumentaziorako.

2.– Zientzia Politikarako Zuzendaritzak bermatuko du urritasuna duten pertsonek giza baliabide eta baliabide material osagarriak izatea, egingo dituzten elkarrizketetan aukera-berdintasuna izan dezaten.

16. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Agindu honetan araututako laguntza berriak emateko prozedura lehia-araubidean egingo da.

Horretarako, 14. artikuluan aipatutako ebaluazio-irizpideei jarraikiz, arlo bakoitzeko aholkularitza-batzorde espezifikoek hautagaien arloz arloko proposamen bat aurkeztuko diote hautapen-batzordeari. Esleipenaren xede izan ahal izateko, 65 puntu edo gehiago izan beharko dituzte hautagaiek, eta balioespen positiboa eduki.

2.– Zientzia Politikarako zuzendariak, Unibertsitateen zuzendariak eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzako teknikari batek osatuko dute hautapen-batzordea. Zientzia Politikarako Zuzendaritzak izendatuko du azken hori, eta batzordeko idazkari izango da.

3.– Hautapen-batzordeak, berariazko aholku-batzordeen proposamena aztertu ostean, dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari. Pertsona onuradunen zerrenda eta dagokien zenbateko ekonomiko xehatua jasoko ditu proposamenak, eskuragarri dagoen kreditu-mugara arte. Era berean, ordezkoen zerrenda bat ere jasoko du, arlokako lehentasunak adierazita, 65 puntu edo gehiago eta aholkularitza-batzorde espezifikoen balioespen positiboa jaso badute ere, erabilgarri dagoen aurrekontua dela eta beka-proposamenean sartu ez diren eskabideen artean. Jaso behar ditu, baita ere, ukatutako eskabideen zerrenda bat, ukatzeko arrazoiarekin batera, eta baztertutako eskabideen zerrenda bat, baztertzeko arrazoiarekin batera.

4.– Bekak berritzeko, ez da lehiaketa-prozedura erabiliko; aitzitik, aurrekontua badago, eta berritze-eskabidea garaiz eta behar bezala eginez gero eta 18. artikuluan ezarritako eskakizunak betetzen direla agirien bidez egiaztatuz gero, berritu egingo da.

3.b) artikuluan aurreikusitako kopurua, programa honetako legez gaitutako bekadun guztien berritze-eskabideen aurreikuspenean oinarrituz kalkulatu da.

Beketarako gordetako kreditua agortzen bada, egoera horren berri emateko, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen administrazio-ebazpen bat argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (aurrerantzean, EHAA), eta bertan jasoko da zein egunetan agortu den kreditua. Ez da onartuko egun horretatik aurrera jasotako eskabiderik.

Aurkeztu diren eta izapidetan dauden eskaerak, aurrekontu-zuzkidura agortu dela-eta onartu ez direnak, ukatu egingo dira, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearen ebazpen bidez, arrazoi hori argudiatuta.

17. artikulua.– Laguntza berrien ebazpena, ebazteko epea, jakinarazpena, errekurtsoak eta publizitate-prozedura.

1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren berariazko ebazpen bakarraren bidez emango edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako laguntza berriak, hautapen-batzordearen ebazpen-proposamena aintzat hartuta.

2.– Ebazpena arrazoitua izango da, eta pertsona onuradunen zerrenda eta dagokien zenbateko ekonomiko xehatua jasoko ditu. Era berean, ordezkoen zerrenda bat ere jasoko du, 65 puntu edo gehiago jaso badute ere, erabilgarri dagoen aurrekontua dela eta beka-proposamenean sartu ez diren eskabideena. Jaso behar ditu, baita ere, ukatutako eskabideen zerrenda bat, ukatzeko arrazoiarekin batera, eta baztertutako eskabideen zerrenda bat, baztertzeko arrazoiarekin batera.

3.– Ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da gehienez ere, deialdi-agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Adierazitako epean ebazpena jakinarazten ez bada, eskabideak ez direla onartu ulertuko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

4.– Aipatu ebazpena Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orrian argitara emanez egingo da jakinarazpena, alegia, web-orri honetan: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net (unibertsitateak eta ikerketa).

Bide horretatik egiteaz aparte era honetan ere egingo da: www.Euskadi.net egoitza elektronikoko iragarki-oholean ediktu bat argitaratuaz, nahiz eta, epea zenbatzeari dagokionez, baliozko jakinarazpena sailaren web-orriaren bidez egindakoa izango den.

5.– Aurreko 4. paragrafoan xedatutakoaren kalterik gabe, argitalpenen jakinarazpenak bidali ahal izango dizkie Zientzia Politikarako Zuzendaritzak interesdunei, horretarako SMS mezuak edo posta elektronikoa erabiliz. Nolanahi ere, abisu horiek ez dira benetako jakinarazpentzat hartuko.

6.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orrian argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.– Gerora, bekak erabilgarri badaude, eskatutako dokumentazio akademikoa aurkeztu ez delako eskabideak aurkezteko epea atzeratu den egoeretan, 26. artikuluan aurreikusten den eran, edo 2013ko abenduaren 15a bitarte, egun hori barne, eskatzaile batzuek uko egin dutelako, ordezkoei eman ahal izango zaizkie Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez. Ordezko horiek, ordezko-zerrendan, emandako azkeneko laguntzaren hurrengo tokietan sailkatuta egon behar dute, hutsunea geratu den arlo berean. Arlo horretan ordezkorik ez badago, beste arlo batzuetako eskatzaileei ere eman ahal izango zaizkie, lortutako balorazioaren arabera eta EAErako interes zientifikoko arrazoiak badaude. Ondorio horietarako, bekak emango dituen organoak jakinaraziko die pertsona interesdunei bekak emateko proposamena, 7 eguneko epe luzaezinean onar dezaten. Behin proposamena onartutakoan, beka emateko ebazpena emango du, eta interesdunei jakinaraziko die.

8.– Denek jakin dezaten, emate-ebazpenak EHAAn argitaratuko dira ematea administrazio-bidean irmo egin eta hurrengo hilabetean.

18. artikulua.– 2012-2013 ikasturteko laguntzak berritzea.

1.– 2012-2013 ikasturtean emandako laguntza berritzea eska dezakete agindu hau indarrean sartzen den unean laguntzaren edo lehenengo berritzearen lehenengo hamabi hilabeteetan dauden DKR modalitateko onuradunek, baldin eta beren ikerlanei buruzko aldeko txostena jaso badute, atzerriko proiektuaren zuzendariak izenpetua.

2.– Laguntza 12 hilabetez luzatuko da.

3.– Agindu honetako 6. artikuluan jasotako ezaugarriak izango dituzte laguntza berrituek.

4.– Segidan aipatzen den dokumentazioa berritzeko eskabideari erantsi beharko zaio, eta aplikazioaren bidez aurkeztu beharko da:

a) Laguntza jaso zuenez geroztik ikerketa-hobekuntzaren alorrean gauzatutako jardueren txostena (hiru orrialde gehienez). Ingelesez idatzitako txostenak onartuko dira.

d) Aldeko txostena, atzerriko proiektuaren zuzendariak izenpetua, berritzea eskatu duenaren ikerketa-jarduerei, errendimenduari eta, hala badagokio, hurrengo ikasturterako aukerei buruzkoa.

c) Ezarpen-zentroaren konpromisoa, legezko ordezkariak sinatuta (ikerkuntzako errektoreordeak sinatuta, unibertsitateen kasuan), laguntza eskuratuz gero ikertzaile doktorearekin lan-kontratua luzatuko duela adieraziko duena, Langileen Estatutuko testu bateginaren, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onartu zenaren, 15.1.a) artikuluari jarraikiz.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.6 artikulua betez.

e) Bigarren berritzea eskatzen bada:

– Ikertzaileak ikerkuntzaren alorreko hobekuntza-programa eguneratzeko memoria bat (orrialde bat gehienez) ere aurkeztu beharko du. Pertsona eskatzaileak 2014an zehar gauzatuko dituen jarduerak jasoko ditu. Ezarpen-zentroko ikertzaileekin eta, hala dagokionean, EAEko beste ikerketa-zentro batzuetakoekin eta atzerriko ikerketa-zentrokoekin lankidetzan jarduteko modua ere jasoko du.

– Ezarpen-zentroak obra edo zerbitzu jakin bateko lan-kontratua luzatze-konpromisoa emateko, eskatzaileak 2014an sail edo ikerketa-taldeak onartzen duela egiaztatu beharko du.

5.– Eskabidea eta derrigorrezko gainerako dokumentazioa agindu honen 10. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz bidaliko dira.

6.– Artikulu honetako laugarren atalean eskatzen dena betetzen ez duten eskabideak eta agiriak aurkeztuz gero, agindu honen 13. artikuluan zehaztu bezala jardungo da.

7.– Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearen ebazpenaren bidez berrituko dira 2012-2013 deialdian emandako bekak, agindu honen 12. artikuluko bigarren atalean zehaztutako hautapen-batzordeak proposatutakoa kontuan hartuta. Agindu honen 17. artikuluaren 3., 4., 5. eta 8. ataletan ezartzen den eran emango, jakinaraziko eta argitaratuko da ebazpena, onartutako eskabideak ebatziko dituena. Artikulu horren 6. atalean azaltzen den moduan errekurritu ahal izango da.

19. artikulua.– Beka onartzea.

1.– Programa honetan araututako diru-laguntzen azken onuradun diren ikertzaile doktoreek, horri espresuki eta idatziz uko egiteko, 10 egun naturaleko epea izango dute, ebazpena Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orrian jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita. Ez badute uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.

2.– Ikertzaile doktoreek diru-laguntza onartzen badute, 21. eta 22. artikuluetan jasotzen diren eskubideak onartzen dituztela eta betebeharrak betetzek konpromisoa hartzen dutela ulertuko da, hurrenez hurren.

20. artikulua.– Bekari uko egitea.

1.– Uko-egiteen berri eman beharko zaio Zientzia Politikarako zuzendariari, prestatzen ari den ikertzaileak, ezarpen-zentroko legezko ordezkariak izenpetutako idazki baten bidez. Bertan adieraziko da zein diren uko-egitearen arrazoiak, eta zein izango den horren eraginetarako data. Uko-egitearen eraginetarako data hasi baino 10 egun natural lehenago egingo da jakinarazpen hori beranduenik ere. Horren berri eman beharko da, baita ere, huisiesp@ej-gv.es helbidera igorritako posta elektroniko baten bidez, uko-egitea indarrean sartzen den eguna baino lehenago.

2.– Uko-egiteak balioetsi eta, hala badagokio, onartu egingo dira Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenaren bidez.

3.– Beka berri baten edo berritze baten onuradun den ikertzaile doktoreak uko egiten badu, kontratua finantzatzeko erabili ez diren zenbatekoak itzuli beharko ditu ezarpen-zentroak. Uko-egite horren eragin ekonomikoak hori gauzatzen den egun berean hasiko dira, baina horrek ez du eraginik izango bidegabeko ordainketak egon badira egin beharko diren itzultzeetan.

21. artikulua.– Ikertzaile onuradunen eskubideak.

1.– Lankidetza eta beharrezko laguntza jasotzea ezarpen-zentroarengandik, horrek ahal duen neurrian, bere hobekuntza-programa gauzatu ahal izateko.

2.– Sailetan eta erakundeetan integratuta egotea eta horietan parte hartzea, bere ezarpen-zentroko estatutuak onartzen duen neurrian.

3.– Bere ezarpen-zentroko estatutuak ematen dizkion opor-erregimena, lizentziak eta baimenak.

4.– Dagokion laguntza ekonomikoa jasotzea deialdi honetan adierazitako moduan.

5.– Erakunde batzuentzat diharduela kontuan hartuta, zientzia-jarduera gauzatzeko garaian erakunde horien izenak erabiltzea.

6.– Bere ikerketako prestakuntza-jardueratik, bere ekarpenarekin bat etorriz, eratorritako jabetza intelektualaren eskubideez baliatzea, Jabetza Intelektualaren Legearen Testu Bateginak, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak onartutakoak, ezarritakoari jarraikiz. Eskubide horiek ez dute egindako ikerketak sorrarazi ditzakeen beste eskubide batzuekiko menpekotasunik izango, eta osagarri eta metagarri izango dira horiekin. Horrek ez du eraginik izango lan kolektibotik eratorritako baldintzatzaileetan, prestatzen ari den ikertzailea ikerketa-proiektu kolektibo batean parte hartzen ari denean edo horri lotuta dagoenean.

7.– Industria-jabetzaren gaineko eskubideei dagokionez, dagokion deialdiak xedatutakoa hartuko da kontuan, patenteei buruzko martxoaren 20ko 11/1986 Legearen esparruan, bai eta, hala dagokionean, 55/2002 Errege Dekretuak, urtarrilaren 18koak, ikerkuntza-erakunde publikoetan egindako asmaketak ustiatzeari eta lagatzeari buruzkoak xedatutakoa ere. Aipatutako eskubide horiek ez dute, inola ere, soldata-izaera izango.

8.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Legeak bere 14. artikuluan aitortzen dizkien beste guztiak.

9.– Beren ezarpen-zentroak onartzen dizkien beste eskubide guztiak, betiere bateragarriak badira deialdi honetako xedapenekin.

22. artikulua.– Ikertzaile onuradunen betebeharrak.

1.– Jarraian adierazten diren egunetan sartzea ezarpen-zentroan:

– Ikertzailea, laguntzako lehenengo 12 hilabeteetan badago, ezarpen-zentroan hasiko da 2014ko urtarrilean, agindu honetan zehaztutako baldintzak beteko dituen lan-kontratu baten bidez. Hasiera data urtarrilaren 1a edo 15a izan daiteke. Ikertzailea 2014ko otsailaren 1a baino geroago hasten bada, kendu egingo zaio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenaren bidez emandako laguntza, baldin eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzari beranduago hasteko baimena eskatu, eta horrek eman ez badio.

– Beka berritzea lortu dutenek beraien prestakuntza etenik gabe jarraitu behar dute, beraien ezarpen zentroaren eta atzerriko zentroaren lan-egutegia jarraituz, lehen edo bigarren berriztapenaren arabera.

2.– Jarraian adierazten diren egunetan sartzea atzerriko ezarpen-zentroan:

– Ikertzailea, laguntzako lehenengo 12 hilabeteetan badago, atzerriko ezarpen-zentroan hasiko da 2014ko urtarrilaren lehenengo edo bigarren hamabostaldian zehar. Ikertzailea 2014ko otsailaren 1a baino beranduago hasten bada, kendu egingo zaio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenaren bidez emandako laguntza, baldin eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzari beranduago hasteko baimena eskatu, eta horrek eman ez badio.

Proiektuko zuzendariak izenpetutako idazki baten bidez egiaztatu beharko da ikertzaileak hasi direla, eta hasiera-eguna zehaztuko da idazkian. Idazki hori Zientzia Politikarako Zuzendaritzara igorriko da 2014ko otsailaren 1a baino lehen.

– Prestatzen ari diren ikertzaileek, laguntza berritzea lortzen badute, egiaztatu egin beharko dute atzerriko ezarpen-zentroan jarraitzen dutela proiektuko zuzendariaren idazki baten bidez. Idazki hori Zientzia Politikarako Zuzendaritzara igorriko da, berritzea hasi eta 10 eguneko epean.

3.– Ezarpen-zentro bera mantentzea bekak irauten duen artean, eta bertan egotea hala dagokionean. Ez da baimenik emango ezarpen-zentroz aldatzeko.

4.– Atzerriko ezarpen-zentro bera mantentzea, eta bertan egotea dagozkion denbora-aldi guztietan, berariazko baimenik ematen ez bada behintzat.

Atzerriko ezarpen-zentroa aldatu nahi bada, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari eskatu beharko zaio baimena arrazoitutako idazki baten bidez. Proiektua zuzentzeari utziko dion pertsonak eta eskatzaileak izenpetu beharko dute. Gainera, eskatzailea sartu nahi duen atzerriko ezarpen-zentroan onartua izango dela adierazten duen onarpen-ziurtagiria ere aurkeztu beharko da, bai eta proiektu berria ere, kargua hartzera doan zuzendariaren sinadurarekin eta curriculum vitaearekin batera.

6.– Laguntzak dirauen artean, atzerriko proiektuaren zuzendaria berbera izango da, aldatzeko berariazko baimenik ematen ez badu behintzat.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari eskatuko zaio proiektuaren zuzendaria aldatzeko baimena idazki arrazoitu baten bidez; postua utziko duen zuzendariak eta eskatzaileak izenpetuko dute idazki hori. Idazki horrekin batera bidaliko dira sartzera doan zuzendariaren onarpen-idazkia eta horren curriculum vitaea.

Edonola ere, ezarpen-zentroa nahiz atzerriko proiektuaren zuzendaria dela-eta baimentzen diren aldaketek ez dute desorekarik eragingo laguntza ematea eragin zuten baldintzetan, eta, bereziki, ebaluazio-irizpide bakoitzean emandako kalifikazioetan.

7.– Ikerketa-jarduera arduraldi osoz egitea agindu honen 24.3 artikuluan esandakoa kontutan hartuta.

8.– Aprobetxamenduz gauzatzea bere hobekuntza-programan aurreikusitako jarduerak, bere lana gizartearentzat nabarmena izan dadila ahaleginduz.

Ezarpen aldian mintegi bat antolatu beharko du sartu behar den atzerriko sailean bere ikerketa jarduera azaltzeko, bere proiektuaren arduraduna bertan egon behar delarik, ahal bada.

9.– Zientzia-alorreko prestakuntza eta esperientzia-trukea sustatzeko politikaren esparruan Zientzia Politikarako Zuzendaritzak antolatutako jardueretan parte hartzea.

10.– Zientzia hedatzeko kanpainetan parte hartzea, ezarpen-zentroko komunikazio-politikaren esparruan.

11.– Erakunde batzuentzat diharduela kontuan hartuta, ikerketa-jarduera gauzatzeko garaian, erakunde horien izenak erabiltzea, barne-araudien eta erakundeek sinatutako akordio eta hitzarmenen arabera.

12.– Laguntzak irauten duen artean, egindako argitalpen guztietan Eusko Jaurlaritzaren HUIS Doktoretza-ondoko Hobekuntza Programen barneko ikertzaile izana aipatzea.

13.– Bere diziplinako oinarri eta arau etikoak onartzea, ezagutzea eta betetzea, baita ezarpen-zentroko funtzionamenduko, segurtasuneko eta lan-osasuneko arauak onartzea, ezagutzea eta betetzea ere.

14.– Ikertzaileek, laguntza-aldia amaitu eta hurrengo hilabetean, amaierako txosten bat aurkeztuko dute, 10 orrialdekoa gehienez, berriztatzea lortu bada salbu; bertan, egindako jarduera akademiko eta lan guztiak adieraziko dira, bai eta horien emaitzak ere, eta ezarpen-zentroko ikerketa-alorreko legezko ordezkariak ontzat emanda egon behar du. Dokumentazio hori bide telematikoa erabiliz aurkeztuko da, sailaren egoitza elektronikoaren bidez: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net (Unibertsitateak eta Ikerketa).

15.– Laguntzari uko eginez gero, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinarazi beharko dio, 20. artikuluan zehaztutako baldintzen arabera.

16.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Legearen 15. artikuluan aipatzen diren beste guztiak.

17.– EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluak zehaztutako betebeharren kaltetan izan gabe, eta agindu honetan azaldutakoen kaltetan izan gabe, beken onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Diru-laguntza jasotako egoeraren xedea edo izaera asko aldatzen duen edozein gorabeherari buruz berri ematea, bai eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari laguntzea ere, jarduera horien egiaztapen-, inspekzio-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xede direnen fiskalizaziorako.

18.– Agindu honetako laguntzen onuradunei ez zaie laguntzarik emango, ez eta emandakoa ordainduko ere, baldin eta EAEko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat bukatu gabe eta izapidetzen badute.

19.– Edonola ere, diru-zenbatekoak jasotzeko eta laguntza berritzeko, ikertzaileek beren betebeharrak bete beharko dituzte derrigorrez. Betebehar horiek ez badira betetzen, beka ezeztatzeko dagokion prozedura bideratu ahal izango da, bai eta, hala badagokio, laguntza itzultzeko prozedura ere.

23. artikulua.– Ezarpen-zentroaren betebeharrak.

1.– Hobetzen ari den ikertzailearen ezarpen-zentroak honako betebehar hauek izango ditu, kontratu-aldian ikertzailearekiko kontratu-harremanetik sortzen direnez gainera:

a) Programa honen onuradun berriak eta berriztatzaileak diren ikertzaileen izenpetutako kontratuen edo luzapen-kontratuen kopia igorri behar da Zientzia Politikarako Zuzendaritzara, izenpetzea egin denetik 21 egun naturaleko epean gehienez.

b) Laguntza-emakidaren hasierako egoerari uko egiten badiote, edo hori eten edo aldatu egiten bada, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinaraztea, eta hobekuntza-aldian dauden ikertzaileentzako laguntzaren xedea modu arruntean betetzea eragoz dezaketen gainerako gorabeheren berri ematea, gertatzen diren egunean hasi eta, gehienez, 21 egun naturaleko epean.

c) Ikertzaileari behar duen laguntza ematea, eta bere jarduera ongi gauzatzeko behar dituen bitartekoak, tresnak edo ekipoak erabiltzeko aukera ematea.

d) Hobekuntza gauzatzen ari den ikertzailea trebatzeko programa modu egokian garatzeaz arduratuko da, eta horri ezingo zaio bere ikerketaren bilakaerarekin edo horretarako behar den prestakuntza bereziaren bilakaerarekin zerikusirik ez duen bestelako jarduerarik agindu bitarte horretan.

e) Ikertzaileari aukera ematea hori ikerketa egiten ari den sailetan, institutuetan eta erakunde publiko edo pribatuetan integratzeko.

2.– Ezarpen-zentroak lan-kontratua egin beharko die ikertzaile doktoreei, indarreko lan-legeriari jarraikiz, eta iraupena, ordainsariak eta gainerako betekizunak agindu honetan jasota egongo dira, bai eta 17. eta 18. artikuluetan ezarritako berritze-prozedurari amaiera ematen dion Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen Ebazpenean ere.

Programa honen barneko ezarpen-zentroaren eta ikertzaileen arteko kontratuetan, adierazi beharko da Eusko Jaurlaritzaren Doktoretza-ondoko Hobekuntza Programaren finantza-laguntza jaso dela.

3.– Ezarpen-zentroak derrigorrez bete beharko du EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. Tituluaren 52. artikuluan xedatutakoa (testu bategin hori EAEko herri-administrazioen laguntzen eta diru-laguntzen araubideari buruzkoa da).

4.– EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 52 artikuluak zehaztutako betebeharren kaltetan izan gabe, eta agindu honetan azaldutako laguntza-mota bakoitzean espresuki adierazitakoen kaltetan izan gabe, ezarpen-zentroek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Diru-laguntza jasotako egoeraren xedea edo izaera asko aldatzen duen edozein gorabeherari buruz berri ematea, bai eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari laguntzea ere, jarduera horien egiaztapen-, inspekzio-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.

b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen xede direnen fiskalizaziorako.

24. artikulua.– Bateraezintasunak.

1.– Programa honetako laguntza jasoz gero, oro har, ezingo da funts publikoekin edo pribatuekin finantzatutako beste laguntzarik jaso, ez eta soldatarik ere, artikulu honetako hirugarren atalean xedatutakoaren kaltetan izan gabe.

2.– Aurreko atalean ezarritakoaren kaltetan izan gabe, Programa honetako laguntza jasoz gero, ezingo da doktoreen hobekuntzarako programetako laguntzarik jaso edo jasota egon 2013ko ekainaren 1a baino lehenago, atzerriko ikerketa-zentroetan bi urteko edo denbora gehiagoko egonaldiak aurreikusten dituenik.

3.– Salbuespen gisa, eta laguntzako 12 hilabeteko hirugarren aldian soilik, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak baimena eman ahal izango die laguntzaren onuradunei lanaldi mugatuko denbora baterako kontratu bat sina dezaten, gehienez ere 60 ordukoa bere ikerketa lanarekin zerikusia duten jardueretarako. Horretarako, kontratua hasteko aurreikusitako eguna baino hamabost egun lehenago eskatu beharko da. baimena gutxienez. Eskaera dagokion unibertsitateko ikerketa-errektoreordeak, atxikipen-saileko zuzendariak eta ikertzaileak sinatu beharko dute.

4.– Bateraezintasunik suertatzen bada, Zientzia Politikarako Zuzendaritzari jakinarazi beharko diote hobekuntza gauzatzen ari diren ikertzaileen ezarpen-zentroek.

25. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio deialdi honen kudeaketa.

26. artikulua.– Baldintzak betetzea.

1.– Onuradunek beka-eskaera aurkezten dutenean egiaztatu beharko dute baldintzak betetzen dituztela, berariaz aipatutako salbuespenetan izan ezik.

2.– Beka-programa honetan eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak edo betetzen dituztela frogatzen ez dutenak, dagokien epean eta moduan, aukeraketa-prozesutik kanpo geratuko dira, eta prozesuan parte hartzeak eragin ditzakeen eskubide guztiak galduko dituzte.

27. artikulua.– Diru-laguntzen baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartzen diren baldintzak aldatzen badira, betiere, diru-laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, eta dagokionean, Herri Administrazio hauek edo beste batzuek emandako beste laguntza batzuekin era berean gertatzen bada, diru-laguntzaren emate-erabakia aldatuko da, betiere, diru-laguntzen onuradun izateko agindu honetan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen badira. Horretarako, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak behar den likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak berriz doituko dira, eta bekok emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko. Beraz, pertsona eta erakunde onuradunek sobera jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte. Baldintzak aldatzeak emandako diru-laguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 31. artikuluan araututako itzultze-espedientea hasiko da.

28. artikulua.– Jarraipena.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio ikertzaile doktoreek egin duten lanaren jarraipen zientifiko-teknologikoa egitea; horretarako, prozedura egokiak ezarriko ditu, eta egoki irizten dituen organo, batzorde edo adituak izendatu ahal izango ditu, laguntzaren aplikazioaren beharrezko jarraipen- eta egiaztapen-jarduerak gauzatzeko, eta beharrezkoa dela pentsatzen duen informazio osagarria aurkez dadila eskatzeko, agindu honetan kasu bakoitzerako berariaz ezartzen den informazioaz gainera.

29. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak beharrezko diren ikuskapenak eta kontrolak egin ahal izango ditu agindu honen helburuak betetzen direla bermatzeko.

30. artikulua.– Baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Beka itzultzeko prozedurari ekingo zaio, baldin eta onuraduna Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legeko 53.1 artikuluan adierazitako suposamenduren batean sartzen bada edo urratu egiten baditu agindu honetako 22., 24., 26. eta 27. artikuluetan, betetzekoak diren gainerako arauetan eta beka emateko ebazpenean arautzen diren baldintza edo betebeharrak.

31. artikulua.– Beka jasotzeko eskubidea galdu izana deklaratzeko, eta, beharrezkoa bada, hura itzultzeko prozedura.

1.– Prozedura honi jarraituko zaio agindu honetan arautzen diren ez-betetzen kasuetan:

a) Prozedura abiatu eta ebazteko ardura Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearena izango da.

b) Zientzia Politikarako zuzendariak prozedura hasi dela eta zergatik hasi den adieraziko dio interesdunari, eta egutegiko 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotako alegazioak aurkez ditzan. Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.

c) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro bada alegaziorik jaso gabe, amaiera emango zaio prozedurari Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez.

Itzultze-prozedura ebazteko epea, gehienez ere, hamabi hilabetekoa izango da.

Ebazpenak ulertzen badu arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela aitortuko du, eta, hala badagokio, adieraziko du EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola dagozkion kopuruak eta laguntza-ordainketaz geroztik legez dagozkion interesak, gehienez ere, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten zaionetik zenbatzen hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

d) Borondatezko epean laguntza itzuli ez bada, Ekonomia eta Ogasun Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari emango zaio horren berri, aplikagarri den legezko arauek xedatutakoa kontuan hartuta jarduteko.

32. artikulua.– Datu pertsonalak.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoari jarraikiz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatzeko eta argitaratzeko. Datuok Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2010eko urriaren 4ko Aginduko «Bekadunentzako laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira, Zientzia Politikarako Zuzendaritzako 3. fitxategia. Agindu horren bidez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dira.

Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezeztatzeko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Zientzia Politikarako Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, deialdi honetara aurkezten diren pertsonek baimena ematen diote Zientzia Politikarako Zuzendaritzari aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren egiaztatzeko beste erakunde publiko batzuetan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Arautegi Aplikagarria.

Agindu honetan aurreikusi gabeko alderdiei dagokienez, honakoak hartuko dira kontuan: EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutakoa, eta 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENATATIK BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hezkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, horretarako agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 10.7 artikuluan eta ondorengoetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautu duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan.

AZKEN XEDAPENATATIK HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitara eman eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 7a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala