Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

90. zk., 2013ko maiatzaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2216

ERABAKIA, 2013ko apirilaren 25ekoa, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluarena, UPV/EHUko Boto Elektronikoari buruzko Araudia aldatzea eta egokitzea UPV/EHUko Estatutuetan araututako Irakasleen batzordearen, Graduko batzordearen, Graduondoko batzordearen, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza batzordearen eta Euskara batzordearen hauteskundeetara.

AURREKARIAK

2012ko irailaren 27an Gobernu Kontseiluak honako arautegi hauek onartu zituen: Unibertsitateko Irakasleen Batzordearena (Estatutuetako 48. artikulua), Graduko Batzordearena (87. artikulua), Graduondoko Batzordearena (89. artikulua), Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordearena (99. artikulua), eta Euskara Batzordearena (118. artikulua), aurrerantzean Estatutuetatik sortutako batzordeak.

Gobernu Kontseiluaren bilera hartan bertan UPV/EHUko Boto Elektronikoari buruzko Araudia aldatzea onartu zen, berori egokitzeko bai teknologiaren aurrerapen berrietara eta bai errektorea hautatzeko prozesura, egun berean egin baitzen hartarako deialdia.

Orain gutxi, Unibertsitateko Klaustroaren 2013ko otsailaren 27ko bileran, ikasleen ordezkariak hautatu ziren Graduko Batzorderako, Graduondoko Batzorderako eta Euskara Batzorderako. Azken honetarako, gainera, administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariak ere hautatu ziren. Batzordeok eratzeko, Estatutuei jarraiki, beharrezkoa da irakasle eta ikertzaileen ordezkariak hautatzea guztietarako.

Irakasle eta ikertzaileen ordezkariak sufragio unibertsalez hautatzen dira irakasle eta ikertzaile iraunkor doktoreen artetik, Graduko Batzordean eta Euskara Batzordean izan ezik: bi horietan irakasle eta ikertzaile iraunkorren artetik hautatzen dira. Pertsona horiek bost hauteskunde barrutitan banatzen dira, beren jakintza adarraren arabera. Horrek esan nahi du guztira 25 hauteskunde egin behar direla, eta kontuan hartu behar da, gainera, campus bakoitzean hauteskunde mahaiak eratu behar direla. Horrek langile eta baliabide ugari erabiltzea eskatzen du.

Azken urteotan UPV/EHUn hainbat hauteskunde egin dira boto elektronikoaz (ikastegietako batzarrenak, Klaustroarenak, errektorearena), eta esperientzia horietatik abiatuta posible da sistema hedatzea sufragio unibertsalaz egiten diren beste organo batzuen hauteskundeetara ere, adibidez, Estatutuetatik sortutako batzordeen hauteskundeetara.

Horretarako, beharrezkoa da Boto Elektronikoari buruzko Araudia egokitzea Estatutuetatik sortutako batzordeetan irakasle eta ikertzaileek izan beharreko ordezkarien hauteskundeetarako, horiek 2012-2013 ikasturtearen bigarren seihilekoan egitekoak baitira. Lehen aldaketa Hauteskunde Mahai Elektronikoari dagokio: horien eskumenak Hauteskunde Batzorde Orokorrak hartu ditu. Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegia onartu zenetik, organo horretan hauteskunde talde bat gehiago dago ordezkatuta, eta, beraz, hauteskunde mahai elektronikoa eratzeko behar den gutxieneko kopurua ez da hiru, arautegian jartzen zuen bezala. Gutxieneko kopuru hori, bestalde, ez da behar dena Estatutuetatik sortutako batzordeen Hauteskunde Mahai Elektronikorako, ez hauteskundeak organo bakarrerako direnean ez batzorde gehiagorako edo guztietarako egiten direnean.

Horretarako, xedapen gehigarri bat sartuko da boto elektronikorako prozeduraren testua egokitzeko Estatutuetatik sortutako batzordeetan irakasle eta ikertzaileek izan beharreko ordezkarien hauteskundeetarako, 2012-2013 ikasturtearen bigarren seihilekoan egitekoak baitira.

Horrela, bada, idazkari nagusiaren proposamenari jarraituz, Gobernu Kontseiluak honakoa

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Bigarren artikuluko 2.2 puntuko azken paragrafoa aldatzea. Paragrafoa honela geratuko da:

2. artikulua.– Hauteskunde Mahai elektronikoa.

[...]

«2.– Hauteskunde Batzorde Orokorreko kideekin eratuko da hauteskunde mahai elektronikoa, bosgarren xedapen gehigarriaren kasuan izan ezik. Eratze saioan egon ahal izango dira, halaber, horretarako izendatutako ikuskatzaileak eta boto elektronikoa zaintzeaz arduratuko den babes taldea ere. Mahaiko buruaren erabakiz, bozketa hasi baino lehenago egingo du bilera, aurrerapen nahikoarekin.

Hauteskunde mahaia balioz eratzeko beharrezkoa izango da kideen erdiak bertan egotea, eta ezinbestekoa izango da horitako bat mahaiko burua izatea.

Hauteskunde mahai elektronikoa eratzean ez da aplikatuko UPV/EHUren Hauteskunde Arautegi Orokorreko 9.8 artikuluan bildutako debekua, errektorea aukeratzeko prozeduran izan ezik.»

Bigarrena.– Xedapen gehigarri hau sartzea arautegian:

«Bosgarrena.– Irakasle eta Ikertzaileen hauteskundeak Irakasleen Batzorderako, Graduko Batzorderako, Graduondoko Batzorderako, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzorderako eta Euskara Batzorderako hauteskundeak:

UPV/EHUko Boto Elektronikoari buruzko Araudiko 2.2 artikuluaren ondorioetarako, Estatutuetatik sortutako batzordeen hauteskundeetarako hauteskunde mahai elektronikoaren osaera izango da batzorde bakoitzaren arautegian hauteskunde mahairako zehaztuta dagoen osaera bera.

Estatututatik sortutako batzorde batzuen edo guztien hauteskundeak batera egiten badira, mahai elektroniko bakarra egongo da. Idazkari nagusia izango da mahaiko burua, eta, batzorde bakoitzaren arautegian ezarritakoari jarraiki, batzordeetako bina mahaikide egongo dira, hautagai ez diren hautesleen artean zozketa publikoak aukeratuak.

Hauteskunde Mahai Elektronikoa UPV/EHUko Boto Elektronikoari buruzko Araudiaren arabera eratuko da.

Beren identitatea egiaztatzeko hautesleek UPV/EHUko Boto Elektronikoari buruzko Araudiko 4. artikuluko dokumentuak erabili ahal izango dituzte.

UPV/EHUko Boto Elektronikoari buruzko Araudiko 6.4 artikuluari dagokionez, hauteskunde barrutia izango da hauteslea atxikita dagoen jakintza adar nagusia.

Araudiko 6.8 artikuluari dagokionez, Estatutuetatik sortutako batzordeen hauteskundeetan sistema elektronikoa baino ez da erabiliko (beraz, ez da egongo boto kutxaren bidezko botaziorik ez eta botoa aldez aurretik ematerik), eta emaitzak lotesleak izango dira (Irakasleen Batzordeko Arautegiko 8. artikulua, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Batzordeko 9. artikulua, Graduko Batzordearen Arautegiko eta Graduondoko Batzordearen Arautegiko 10. artikulua, eta Euskara Batzordearen Arautegiko 11. artikulua.

Boto Elektronikoari buruzko Araudiko 7. eta 8. artikuluetan eta lehen xedapen gehigarrian xedatutakoari dagokionez, Hauteskunde Batzorde Nagusiari egindako erreferentziak kasuan kasuko hauteskunde batzordeei dagozkiela ulertu behar da, hau da, Estatutuetatik sortutako batzorde bakoitzaren arautegian araututako hauteskunde batzorde bakoitzari.»

Hirugarrena.– Urtebeteko epean Idazkaritza Nagusiak UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorraren eta Boto Elektronikoari buruzko Araudiaren testu bateratua aurkeztuko dio Gobernu Kontseiluari.

Laugarrena.– Agindua ematea aldaketa hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko. Aldaketa argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Leioa, 2013ko apirilaren 25a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

JOSE LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.


Azterketa dokumentala