Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

78. zk., 2013ko apirilaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1948

EBAZPENA, 2013ko martxoaren 8koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Energia eta Meategien zuzendariarena, zeinen bidez onura publikokoa dela deklaratzen da Alegia-Amezketa, 13,2 kV-ko aireko linea elektrikoak (zirkuitu bakuna) eragindako zortasun-zerrenda zabaltzea, eta hori guztia Alegia, Orendain, Abaltzisketa, Amezketa, Tolosa, Gaintza eta Ikaztegietako udalerrietan. Erref.: RI 24005/AT-H-2011-151

AURREKARIAK

Bat.– 2011ko azaroaren 15ean, Iberdrola Distribución Eléctrica, SAU enpresak (helbidea: Mikeletegi pasealekua 1-3, Donostia) arestian adierazitako linea onura publikokoa dela deklaratzeko eskatu zuen, haren zortasun-zerrendaren zabalkuntzak eraginpean hartutako ondasunak eta eskubideak premiaz okupatzeko; horretaz gain, zabalkuntza horren proiektua eta haren separatak erantsi zituen.

Bi.– Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUren aipatu eskabidea jendaurrean erakusteko iragarkia argitaratu zen, 2013-11-13an EHAAn, 2012-10-29an GAOn, eta 2012-10-30ean El Diario Vasco egunkarian, enpresak desjabetu beharrekotzat jotzen dituen eskubide eta ondasunen zerrendarekin batera.

Hiru.– 2012ko urriaren 23an, Alegia, Orendain, Abaltzisketa, Amezketa, Tolosa, Gaintza eta Ikaztegietako Udalei bidali zitzaien iragarkia, udaletxeko ediktu-oholean jartzeko. 2012ko abenduaren 4an berriz ere igorri zitzaien eskari hori Orendain, Abaltzisketa, Tolosa eta Gaintzako Udalei.

Lau.– 2012ko urriaren 4an, aurkeztutako proiektuaren separata igorri zitzaien Alegia, Orendain, Abaltzisketa, Amezketa, Tolosa, Gaintza eta Ikaztegietako Udalei, eskariari buruzko txostena igortzeko. 2012ko azaroaren 14an berriz ere igorri ziren eskari haiek.

Bost.– 2012ko urriaren 4an, Uraren Euskal Agentziara eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako departamentura aurkeztutako proiektuaren separata bidali zen, eskariari buruzko txostena igortzeko. Uraren Euskal Agentziaren kasuan, 2012ko azaroaren 14an berriz igorri zitzaion.

Sei.– Orendain, Amezketa, Tolosa eta Ikaztegietako Udalak, ez zioten eskariari erantzun. Gaintzako Udalak beraien adostasuna eman zioten zuhaitzak mozteari, eta Alegia, Abaltzisketa eta Ikaztegietako Udalak beraien adostasuna eman zioten zuhaitzak mozteari, baina horretarako baldintzak eta betebehar batzuk ezarri zituzten.

Zazpi.– 2013ko urtarrilaren 9an, Alegiako Udalak eginiko txostena bidali zitzaion Iberdrola Distribución Eléctrica, SAU enpresari eta 2013ko otsailaren 4an, Abaltzisketako Udalak eginiko txostena bidali zitzaion. Enpresak 2013ko urtarrilaren 28an eta 2013ko otsailaren 14an erantzun zuen eta erakundeek jarritako baldintza eta betebehar guztiak onartu zituen.

Zortzi.– Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretarako Departamenduak baimen bat bidali zuen, zortasun-zerrenda zabaltzeko aurretiaz onartutako baimena, eta hor baldintza tekniko bat ipintzen zuen.

Bederatzi.– Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretarako Departamenduak Iberdrola Distribución Eléctrica, SAU enpresa eskatzaileari ipinitako baldintza igorri zen, eta hark onartu egin zuen ipinitako baldintza.

Hamar.– Jendaurreko erakustaldia egiteko ezarritako epearen barruan, bi alegazio jaso dira, bata Juan Zubeldia Albizu jaunak eta bestea Miren Nekane Aguirrezabala Beloqui andreak sinatua.

Hamaika.– Bere alegazio-idazkian, Juan Zubeldia Albizu jaunak esaten zuen berea duela proiektuaren 5.96 finka (katastroko 03-003), Antonio Arteaga Altuna jaunaren izenean agertzen dena.

Hamabi.– Bere alegazio-idazkian, Miren Nekane Aguirrezabala Beloqui andreak esaten zuen proiektuaren 5.123 eta 5.124 finkak Gipuzkoako Jabetza Erregistroak emandako jakinarazpen-ohar soilaren kopian agertzen diren pertsonenak direla, eta ez iragarkian agertzen direnenak.

Hamahiru.– Juan Zubeldia Albizu eta Miren Nekane Aguirrezabala Beloqui jaun-andreek Iberdrola Distribución Eléctrica, SAU enpresa eskatzaileari aurkeztutako alegazioak jakinarazi ondoren, hark esan zuen onartu egiten zituela eta zuzenduko zituela aipatutako finken titulartasuna.

OINARRI JURIDIKOAK

Bat.– Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legean, energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan, nahitaezko desjabetzeari buruzko 1957ko apirilaren 26ko Legean, Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuan, goi-tentsioko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko baldintzak ezartzen dituen Energia eta Meategien zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpenean eta bat datozen gainerako legeetan agindutako erregelamendu-izapideak bete dira espedientean.

Bi.– Energia eta Meategien zuzendariak, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen irailaren 22ko 514/2009ko Dekretuan aitortzen zaizkion eskumenak baliatuz, indarrean dagoena Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren xedapen iragankorrak ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari buruzkoa eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), honako hau

EBAZTEN DU:

Alegia, Orendain, Abaltzisketa, Amezketa, Tolosa, Gaintza eta Ikaztegietako udalerrietan Alegia-Amezketa, 13,2 kV-ko aireko linea elektrikoak (zirkuitu bakuna) eragindako zortasun-zerrenda zabaltzearen ondorioetarako onura publikokoa dela deklaratzea; zabalkuntza horren ezaugarri nagusiak aurkezturiko proiektuan deskribatzen dira.

Deklarazio horrek berarekin ekarriko du, azaroaren 27ko 54/1997 Legearen 54. artikuluan ezarritakoaren arabera, ondasunak okupatu beharra edo eraginpeko eskubideez jabetzea, horien premiazko okupazioa inplikatuta, eta 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak xedatzen duen Premiazko Okupazioko Deklaraziorako ondorioak zehaztuta, Lege horren 53. artikuluak erregistroari begira dituen ondorioetarako.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Industria eta Energiako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko martxoaren 8a.

Energia eta Meategien zuzendaria,

JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.


Azterketa dokumentala