Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

76. zk., 2013ko apirilaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
1911

EBAZPENA, 2013ko martxoaren 20koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Iurretan (Bizkaia) Recuperación de Refractarios, S.L. enpresak sustatzen duen San Roque 2 hareharrizko harrobia ustiatzen jarraitzeko proiektuak ingurumenean duen eragina ez ebaluatzeko erabakia hartzen duena.

2012ko abenduaren 18an, Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meategien Zuzendaritzak Iurretan (Bizkaia) Recuperación de Refractarios, S.L. enpresak San Roque 2 hareharrizko harrobia zabaltzeko eta ustiatzen jarraitzeko proiektuaren ingurumen-agiria igorri zion Ingurumen Sailburuordetza honi, ingurumen-organoak ingurumen-eragina ebaluatzeko prozedura abiarazteko beharrari buruzko erabakia har zezan.

Gaur egun ustiatzen ari diren fronteak dagoeneko baimendua duten proiektuan –non hareharri gehienak grisaxkak baitira– aurreikusitako puntura iritsi arte ustiatzen jarraitzeko proiektua da. Aldi berean, bi fronte berriri ekin zitzaien eremu batean –iparraldeko frontea eta hego-mendebaldeko frontea– non hareharriek marroi horixkak diren. Kolore horretako hareharriek interes handiago sortzen dute egun harri apaingarrien merkatuan.

Hona hemen hizpide dugun proiektuaren ezaugarriak:

● Ustiaketa aire zabalean egingo da, beheranzko indusketa bidez. Harria atzerakako indusmakina erabiliz erauziko da eta ez da lehergailurik erabili beharko.

● Erauzketa gehiago egiten hasteko zabaldu behar den eremua iparraldeko frontean dago, 8.000 m2 ditu eta azken plazek 164 eta 156 kotako bi multzo hartzen dituzte. Gainera, hego mendebaldeko frontean erauzketa-eremu berri bat aurreikusita dago, 4.000 m2 azalerakoa, non azken plazek 206 eta 200 kotako bi multzo hartzen dituzten. Ustiapenak, guztira, 35.450 m2 hartuko ditu, orain arte egindako ustiaketak hartutako lursailak barne.

● Meatzaritzako ustiategian erauzketa- eta apurketa-lanak, eta materialak tratatuko diren instalaziora eramango dituen kamioian kargatzeko lanak egiten dira, eta, beraz, ez da beharrezkoa ustiategian instalazioak izatea.

● Urtean 250 m3 ekoitziko dira, eta ustiaketa 30 urtean burutuko dela aurreikusten da.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko Legeren testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuarekin bat etorriaz, aipatu arauaren II. eranskineko k epigrafeko 9. taldean jasotako proiektuak ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazioa pasa beharko dute, baldin eta kasu bakoitzean hala erabakitzen badu ingurumen-organoak, betiere bat etorriaz aipatu legegintzako errege dekretuko III. eranskinean ezarritako irizpideekin, eta aldez aurretik kontsulta eginda proiektuak eragiten dien administrazio, pertsona eta erakundeei.

2013ko urtarrilaren 10ean, Ingurumen Sailburuordetzak proiektuak eragiten dien administrazio eta erakundeei berariaz galdetu zien aipatutako jarduketen ingurumen-eragina ebaluatzeko prozedurari ekiteko beharraz, eta, hala balegokio, ingurumen-eraginaren azterketak izan beharreko edukiez eta gutxieneko irismenaz, Proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartu zuen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 17.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Erantzun dute Bizkaiko Osasun Publikoko Zuzendariordetzak, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzak, Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak, Ingurumen Plangintzako Zuzendaritzak eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, –guztiak ere Eusko Jaurlaritzakoak–, baita Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiak eta Iurretako Udalak ere.

Osasun Sailaren Bizkaiko Lurralde Zuzendaritzak adierazi du proiektu hori gauzatzeak ez duela osasun publikorako kontuan hartzeko moduko eraginik.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazi du bere artxiboetan ez dagoela jasota proiektuak eragingo dion kultura intereseko elementurik.

Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzak jakinarazi du proiektuak ez diela nekazaritza-lur edo -erabilerei eragiten.

Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak jakinarazi du harrobiak ez duela lotura geografiko edo funtzionalik Natura-gune Babestuekin –Natura 2000 sarea– eta babespeko bestelako espazioekin eta ez duela eragin handia izango biodibertsitatean, aldaketaren bidez baimendutako mugez kanpoko eragina saihestuko duten neurri zuzentzaileak hartzean.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi du ez dagoela Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko kalifikatutako edo zerrendatutako kultura-ondasunik, baina ondare arkeologikoaren harira, proiektuak eragina du eskas ezagututako kultura potentziala duten lurzoruetan, beraz, ezinbestekoa da lurren eduki arkeologikoa ebaluatzeko azterlana egitea, lanari ekin baino lehen.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Plangintzaren Zuzendaritzak jakinarazi du urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan jasota dauden atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko jarduerak burutzea aurreikusten dela instalazioan. Errege Dekretu horren bidez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogokoa eguneratzen da eta hura indarrean jartzeko oinarrizko xedapenak ezartzen. Beraz, instalazioaren titularrak AKDJ baimena eskatu beharko du, atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren III. Kapituluan xedatutakoaren arabera.

Iurretako Udalak jakinarazi du Industria eta Meategiak Administratzeko zuzendariaren 1999ko abenduaren 10eko Ebazpenean ezarritako mugetatik harantz ezin dela zabaldu harrobi-eremua. Aukera bakarra harrobia berritzea eta behin betikoz ixtea da.

Jaso diren erantzunetatik ez da ondorioztatzen ingurumenari kalte adierazgarririk egingo zaionik eta, ondorioz, ez da beharrezkotzat jotzen proiektuak ingurumenaren gain izan lezakeen eragina ebaluatzea.

Proiektuak ingurumenean izan dezakeen eragina neurtzeko, eskura dagoen informazioa aztertu da. Azterketa hori egiteko, Proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartu zuen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskineko irizpideei heldu zaie. Azterketaren emaitza honako hau izan da:

Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuaren ezaugarriek, ekoizpen-kopuruei eta eragindako lur-azalerei dagokienez, ez dira iristen Proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartu zuen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuan meategi-ustiategien ingurumen-inpaktuaren aitorpena egiteko ezarritako mugara.

Bestalde, harriak erauzteko sistema mekanikoa izango da, hasierako proiektuan aurreikusitakoaren antzekoa, lehergailuak erabiltzeko aukera baztertu egin delako. Ildo beretik, hasierako proiektuan bezala, ez da ezarriko harriak tratatzeko instalaziorik: xehamakinarik, errotarik, baherik...

Harri silizeoak erauzteko prozesuetan sustantzia arriskutsurik ez da erabiltzen, eta, beraz, ez da aurreikusten kutsadura handia eragingo duen prozesurik. Ez da aurreikusten garrantzizko eragina izango duten hondakin, isuri edo emisiorik sortuko denik.

Kontuan hartu beharreko beste alderdi batzuei dagokienez –beste proiektu batzuekiko metaketa-ondorioak, nola erabiltzen diren natura-baliabideak, sortzen diren hondakinak, eragiten den kutsadura eta istripuak gertatzeko dagoen arriskua–, kasu honetan ez dira oso esanguratsuak, eta ingurumen-eragina txikia da.

Proiektuaren kokapena.

Harrobiak ez du lotura geografiko edo funtzionalik natura-gune babestuekin, Natura 2000 sarean integratutako lekuekin edo babes figura baten menpeko edo ingurumen baliabide bereziki baliotsuak dituzten lekuekin.

Era berean, ez die kalte nabarmenik eragiten babestutako landare edo animaliei edo euren habitatei.

Harrobia baso-sail koniferoak dauden eremu batera zabalduko da eta landaredi naturalari ez dio asko eragingo, betiere, harrobiari dagokionez, sustatzaileak bidalitako agirietan ezarritako mugak ez direla gainditzen kontrolatzeko neurriak hartzen badira. Eusko Jaurlaritzaren Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzak ohartarazi duenez, ustiaketa burutzeko baimendutako azaleraren perimetroan zein ondoko sailetan hostozabal autoktonoen basoak daude eta horiek babestu egin behar dira.

Proiektuak izan dezakeen eraginaren ezaugarriak.

Proiektua gauzatzen den bitartean ingurumen-inpaktuak eragingo ditu, halako jarduerei dagozkien ekintzen ondorioz; besteak beste, aldaketa geomorfologikoak, hauts-isuriak eta zarata.

Ez da aurreikusten erauzketa-jarduerari lotutako bestelako ingurumen-ondoriorik –bibrazioak, esaterako– erauzketak egiteko erabilitako metodoa oso sinplea delako –ez dago leherketarik– eta harria erauzi eta landuko den instalazioetara eramatea delako egin behar den lana, eta beraz, ez delako instalazio berezirik egin behar harrobian.

Harria erauzi eta kamioira kargatzeko prozesuan egindako zarata ez da etengabea, proiektuan aurreikusitako ekoizpena lortzeko urtean, guztira, 52 egunez baino ez delako lan egingo. Era berean, lan egunetan bakarrik sortuko da hautsa, eta, beraz, ez da asko izango.

Ondorioz, nahiz eta jarduera denboran luzatu, ez da aurreikusten horrek izango duen eragina egungo jarduerak sortzen duenarekin alderatuta desberdina edo beste neurri batekoa izango denik. Sustatzaileak aurreikusi dituen neurri zuzentzaileak eta ebazpen honetan ezarritakoak aplikatzen badira, ustialekua zabaltzearen ondoriozko ingurumen-eraginak ez dira garrantzitsuak izango.

Hizpide dugun proiektuaren ezaugarriak ikusirik; Proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko III. eranskineko irizpideak kontuan harturik, eta kontsulta-izapidean jasotako erantzunak gogoan, ondoko hau ondorioztatu da: proiektuak ez du eragin kaltegarri adierazgarririk izango ingurumenaren gain, betiere, sustatzaileak adierazitako babespen- eta zuzentze-neurriak ezartzen badira, eta ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen badira.

Organo honek du ebazpen hau emateko eskumena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuaren arabera.

Aintzat hartu dira Proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartu zuen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretua, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretua. Horrenbestez,

EBAZTEN DUT:

1.– Iurretan, Recuperación de Refractarios, S.L. enpresak sustatzen duen San Roque 2 hareharrizko harrobia ustiatzen jarraitzeko proiektuak ingurumenean duen eragina ez ebaluatzea. Proiektua gauzatzeko honako baldintza hauek bete beharko dira:

● Ebazpen honen aurka egiten ez den gaietan, proiektuaren ingurumen-agirian jasotako babespen-, zuzentze- eta –konpentsazio-neurriak aplikatuko dira.

● Zenbait baso-espezie autoktonoren araubide espezifikoari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Arauan xedatutakoa aplikatzea eta basoak kudeatzeko eskumena duen Bizkaiko Foru Aldundiaren organoak kasu bakoitzerako ezartzen duena alde batera utzi gabe, hostozabalen basoak dauden lekuetan neurriak hartu beharko dira ustiaketa egiteko behar-beharrezkoa den azalera baino gehiagori ez eragiteko.

● Ustiaketa-proiektuan aipatutako eraginpeko mugetatik kanpo dauden guneak ezin izango dira inolaz ere kaltetu, ez zuloen irekierarengatik ez pista berrien, sarbideen, zabortegien edo erauzketako bestelako jarduera lagungarriren beharrengatik.

● Aurreko paragrafoan adierazitakoa beteko dela bermatzeko, proiektuak gehienez izango duen eragin-eremua zedarritu beharko da, tokian bertan mugarriztatuta. Mugarriztatze hori 1:1000 eskalan egindako plano takimetriko batean jaso beharko da, metro batetik bostera bitarteko distantziakidetasuna utzita sestra-kurbatarako.

● Ustiaketa egiterakoan sortutako isurketa-urak drainatzeko sarea ustiategian izandako isurketa guztiak biltzeko moduan antolatu behar da, harrobiaren instalazioak dauden eremuan izandako isurketak barne, bai eta sarbidean eta pista-sisteman gertatutako isurketak ere.

● Erregaien zama-lanak, olio aldaketak eta ibilgailuak mantentzeko eta konpontzeko lanak zola iragazgaitza eta isurketak biltzeko sistema dauzkan leku batean egingo dira, nahi gabe egiten diren isurketen ondorioak arintzeko.

● Instalazioan, urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan jasota dauden atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko jarduerak burutzea aurreikusten da. Errege Dekretu horren bidez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogokoa eguneratzen da eta hura indarrean jartzeko oinarrizko xedapenak ezartzen. Beraz, instalazioaren titularrak AKDJ baimena eskatu beharko du, atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren III. Kapituluan xedatutakoaren arabera.

● Zaratari buruzko azaroaren 17ko 2003/17 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuko 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta isurpen akustikoei dagokienez, erabilitako makinek kanpoaldean erabilitako makinen soinu-emisioei buruzko indarreko legedian ezarritako xedapenak bete beharko dituzte eta, bereziki, haientzat aplikagarria denean, kanpoaldean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurumenean eragiten dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan xedatutakoa.

● Jarduerak irauten duen bitartean sortutako hondakinak, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arautegietan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

● Erauzketa-industrien hondakinak kudeatzeari eta meategietako jarduerak eragindako tokiak babestu eta leheneratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuak agintzen duenaren arabera kudeatuko dira meategiko hondakinak.

● Hondakin guztiek baimendutako balorazio-prozesu batera zuzendu beharko dira lehentasunez. Alde horretatik, honako lehentasun-hurrenkera hau ezartzen da: berriro erabiltzeko prestatzea; birziklatzea; beste balorizazio mota bat, balorizazio energetikoa barne dela. Kasu honetan soilik deuseztatu ahal izango dira hondakinak: aldez aurretik behar bezala egiaztatzen bada haiek balorizatzea ez dela bideragarria teknikaren, ekonomiaren edota ingurumen aldetik.

● Hondakindegira bidali beharreko hondakinak kudeatzeko, hondakinak hondakindegietan utzita deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuari eta hondakinak hondakindegietan utzita deuseztatzea eta betelanak egitea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuari eta horien ondorengo aldaketei jarraituko zaie.

● Olio erabilia kudeatzeko, honakoak hartuko dira kontuan: industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, eta olio erabiliaren kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoan arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.

Erabilitako olioa baimendutako kudeatzaile bati eman arte, behar bezala etiketatutako andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean. Zola iragazgaitzaren gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz ere.

● Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeko xedapenak betetzeaz gain. lanak egin bitartean aurkikuntza arkeologikorik egiten bada, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila jakinaren gainean jarri behar da berehala, hala badagokio, hartu beharreko neurriak ezar ditzan.

● Erauzketa-jarduerek kaltetutako natur guneak leheneratzeari buruzko ekainaren 20ko 115/2000 Dekretuan, erauzketa-industrien hondakinak kudeatzeari eta meategietako jarduerak eragindako tokiak babestu eta leheneratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuak eta gai honen inguruan aplikatu beharreko gainerako legerian ezarritakoaren kalterik gabe, erauzketak eragindako eremu guztiak zaharberrituko dira, bai eta aurkeztutako leheneratze-planean ageri ez arren, ustiapenaren ondorioz eraldatu direnak ere. Hariztiak eta baso mistoa berreskuratzera zuzendutako leheneratze-proiektu bat egin beharko da, proiektuak eragindako eremu osoa hartuko duena.

● Landare inbaditzaileen hedapena zailduko duten ekintzak burutuko dira. Alde horretatik, landare-estalkia leheneratzeko erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da bereziki, espezie horiekin kutsatutako lurrak ez erabiltzeko.

2.– Ebazpen honen edukia Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meategien Zuzendaritzari, proiektuaren sustatzaileari eta Iurretako Udalari jakinaraztea.

3.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

4.– Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunean kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoarekin bat etorriaz.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko martxoaren 20a.

Ingurumeneko sailburuordea,

JOSÉ ANTONIO GALERA CARRILLO.


Azterketa dokumentala