Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

76. zk., 2013ko apirilaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1903

AGINDUA, 2013ko apirilaren 18koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan irakasleen aldi baterako premiak betetzeko izangaien zerrenda kudeatzeari buruzko araudia onartzen duen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren agindua aldatzen duena.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan irakasleen aldi baterako premiak betetzeko izangaien zerrenda kudeatzeari buruzko araudia, uztailaren 6ko 185/2010 dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko funtzionario irakasleen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa onartzen duenak, 17.1. artikuluan xedatzen duena betez.

Egiten diren aldaketek zerrendak eraginkortasun handiagoz eta era bateratuagoan kudeatzeko erraztasunak ematea dute helburu, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sisteman irakasleek bete beharreko lanpostuak urtero betetzeak eskatzen dituen zehaztasunei kasu eginez. Helburu horrekin aldaketa teknikoak egiten dira, zenbait artikuluren erredakzioa argitzen, zuzentzen edo aldatzen da eta kontuan hartu beharreko zehaztapen batzuk konkretatzen dira.

Horiek horrela, aipatutako aginduaren 3.1. artikuluan agertzen diren irakaskuntza-mailak egokitzen dira, II. eranskinean agertzen direnekin bat etorrita, zenbait alderdi, zerrendetara sartzeko baldintzei, baldintzak gaurkotzeari, zerrendak garbitzeari, aldi baterako bajei, ordezkapenak egiteko deiei eta merezimenduen baremoari buruzkoak zuzendu edo zehazten dira eta azkenik, II.eranskinean espezialitate berri bat gehitzen da. Horrez gain, aldibaterako xedapen bat gehitzen da, zehazteko noiz sartuko den indarrean zerrendak garbitzeko prozesua.

Horren guztiaren arabera,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Aldatu egiten da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko aginduaren 3. artikuluaren («Hautagaien zerrendak eratzea eta horien indarraldia») 1 atala.

3. artikuluaren 1 atalari idazkera berria ematen zaio, eta horrela geratzen da idatzita:

«1.– Aurreko artikuluaren 1. atalaren a) idatzi-zatian aipatutako hautagaien zerrendak espezialitatearen arabera osatuko dira, honako maila hauetan banatuta, adierazten diren taldeekin bat datozenak:

a) Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza (1. taldea).

b) Bigarren Hezkuntza (2. taldea) eta Lanbide Heziketa (3. taldea), honako irakaskuntza hauek barne hartzen dituena:

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

– Batxilergoa.

– Lanbide Heziketa.

c) Hizkuntzen irakaskuntzak (4. taldea).

d) Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzak (6. taldea).

e) Musikako irakaskuntzak (7. taldea), honako irakaskuntza hauek barne hartzen dituena:

– Espezialitate teorikoak.

– Instrumentu-espezialitateak.

f) Prestakuntzari Laguntzeko eta Hezkuntza Berrikuntzako (Berritzegune) zentroak eta irakaskuntza-laguntzako beste zerbitzu batzuk.

II. eranskinean jasotzen dira mailak eta horiei dagozkion espezialitateak».

Bigarrena.– Aldatu egiten da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko aginduaren 18. artikuluaren («LEPa gainditu duten pertsonentzat zerrendak irekitzea») 1. paragrafoa.

18. artikuluaren 1. paragrafoari idazkera berria ematen zaio, eta horrela geratzen da idatzita:

«2012. urtean eta ondorengoetan deitutako hautapen-prozesuak gainditu dituzten pertsonak, ez badira prozesu horietan hautatuak izan, espezialitateko zerrenda baten sar daitezke, espezialitate horretako probak gainditu badituzte; betiere, lehendik espezialitateko zerrendan kidetasun berarekin ez bazeuden. Artikulo honetan aipatutako zerrendan sartzen direnek hautapen-prozesuan gainditu duten espezialitatean 1. kidetasuna izango dute.»

Hirugarrena.– Aldatu egiten da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko aginduaren 18. artikuluaren («LEPa gainditu duten pertsonentzat zerrendak irekitzea») 4. paragrafoa

18. artikuluaren 4. paragrafoari idazkera berria ematen zaio, eta horrela geratzen da idatzita:

«15.5 artikuluan ezarritakoaren kalterik gabe, pertsona horiek parte hartu duten hautapen-prozesuan eskatzen diren baldintza orokor eta espezifikoak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dituzte, eta aukeratu beharko dituzte horretarako ezarriko den epean: zonaldeak eta lurraldea, lanaldi-mota, eman nahi duten hizkuntza-eskakizuna eta hirueletasuna.»

Laugarrena.– Aldatu egiten da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko aginduaren 20. artikuluaren («Birbarematzeko urteroko prozesua irekitzea») 3. paragrafoa

20. artikuluaren 3. paragrafoari idazkera berria ematen zaio, eta horrela geratzen da idatzita:

«Epe bat jarriko da hautagai bakoitzaren birbarematzeko emaitzei buruzko informazioa eskuratzeko eta erreklamazioak aurkezteko. Epe horretan, zerrenda orokorreko pertsonek aukerak aldatu ahal izango dituzte, merezimendu berriak alegatu eta lehen aurkeztu gabeko dokumentu berriak aurkeztu.Zerrenda bereizietako pertsonek (zerrenda orokorrean sartuta ez daudenak) ere beste merezimendu batzuk alegatu eta aurkeztu ahal izango dituzte, baina ordezkapen aukerei dagokienez, mantendu egingo dituzte euren zerrenda bereiziak irekitzean hautatu zituzten aukerak».

Bosgarrena.– Aldatu egiten da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko aginduaren 23. artikulua («Hizkuntza-eskakizuna eta prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa birbarematze-prozesuaren ostean egiaztatzea»)

23. artikuluari idazkera berria ematen zaio, eta horrela geratzen da idatzita:

«Hizkuntza-eskakizuna birbarematze-prozesuaren ostean egiaztatzea.

Zerrenda orokorreko pertsonek, birbarematze-prozesua amaitu ondoren, ikasturte hasierako esleipen prozesua hasi arte izango dute aukera hizkuntza-eskakizunaren egiaztapena eguneratzeko, 2011ko uztailaren 15eko Aginduak, prozesu hori arautzen duenak, xedatutakoaren arabera».

Seigarrena.– Aldatu egiten da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko aginduaren 25. artikulua («Zerrenda garbitzea»)

25. artikuluari idazkera berria ematen zaio, eta horrela geratzen da idatzita:

«Zerrenda garbitzea

1.– Birbarematze-prozesu bakoitzean, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak hautagaien zerrendak, orokorra eta bereizitakoak, garbituko ditu honela: aurreko bost ikasturteen barruan, garbitzeari dagokion ikasturte barne, aipatutako Sailaren zerbitzura lanik egin ez duten pertsonak zerrendetatik kenduko dira. Zerrendetatik kentzeko arau hori bost ikasturtetan, gutxienez, zerrendetan sartuta egon diren izangaiei aplikatuko zaie.

2.– Egingo den denbora-zenbaketan benetako zerbitzutzat hartuko dira amatasunagatik edo aitatasunagatik uko egindako, seme edo alaba bat zaintzeko jarduera-eten iragankorreko edo atzerrian GKE baterako zerbitzuak ematen aritzeko aldiak, edo karrerako funtzionarioentzat zerbitzu bereziak aitortzea dakarten egoerak».

Zazpigarrena.– Aldatu egiten da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko aginduaren 30. artikuluaren («Aldi baterako bajan») 1. atalaren g) idatzi-zatia.

30. artikuluaren 1 atalaren g) idatzi-zatiari idazkera berria ematen zaio, eta horrela geratzen da idatzita:

«g) Odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko 2. mailara arteko ahaideen gaixotasun larria edo heriotza: aldi baterako baja 3 lanegunekoa izango da gehienez 2. mailara arteko senide bat hilez gero, edo, elkarrekin bizi baziren, baita urrutiagoko mailakoa, eta 5 lanegunekoa ezkontideak, mutil-lagunak, neska-lagunak, semeak edo alabak gaixotasun larri justifikatua badu edo hil egin bada. Odol-edo ezkontza-ahaidetasuneko 2. mailara arteko ahaideen gaixotasun larri justifikatuagatik, edo, elkarrekin bizi badira, baita urrutiagoko mailara arteko ahaideen gaixotasunagatik ere, 2 lanegun gehienez.

Aipatutako epeak beste bi egun naturaletan luzatuko dira, gaixotasun larria edo heriotza langilearen ohiko helbidetik 150 kilometro baino gehiagora gertatzen bada.

Edonola ere, gaixotasunaren larritasuna ziurtagiri medikuaren bidez egiaztatu beharko da.»

Zortzigarrena.– Aldatu egiten dira Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren 32. artikuluaren («Prozedura orokorra») 3. ,4. ,5. eta 6. atalak.

32. artikuluaren 3., 4., 5. eta 6. atalei idazkera berria ematen zaie, eta horrela geratzen dira idatzita:

"3.– Nahitaezkotasun-data iraungita duten 2. hizkuntza-eskakizuneko lanpostuak hori egiaztatuta duten eta eman nahi den hizkuntza-eskakizunean hori hautatuta duten pertsonei eskainiko zaizkie.

Nahitaezkotasun-data iraungita duten 1. hizkuntza-eskakizuneko lanpostuak hori egiaztatuta duten eta eman nahi den hizkuntza-eskakizunean hori hautatuta duten pertsonei eskainiko zaizkie.

Nahitaezkotasun-data geroratuta duten lanpostuak «HE2 bakarrik» aukera erabili ez duten zerrendako pertsona guztiei eskainiko zaizkie.

4.– Jende gehiago sartzeko zerrenda-irekiera batean zerrenda bereizi batera sartu arren euskara ezagutzeko baldintza egiaztatzen ez duten pertsonei nahitaezkotasun-data atzeratuko hizkuntz eskakizuneko lanpostuetan aldi baterako premiak lehen aldiz betetzeko deitu ahal izango zaie baldin eta baldintza guztiak betetzen dituzten eskatzaileak ez badaude.

5.– Jende gehiago sartzeko zerrenda-irekiera batean zerrenda bereizi batera sartu arren prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren baldintza betetzen ez duten pertsonei aldi baterako premiak lehen aldiz betetzeko deitu ahal izango zaie baldin eta prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren baldintza betetzen duten eskatzaileak ez badaude.

6.– Hizkuntza-eskakizunaren nahitaezkotasun-data atzeratua eta prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren baldintza duten lanpostuak betetzeko orduan, lanpostuak betetzeko exijitutako baldintza guztiak betetzen dituzten pertsonak ez izateagatik hizkuntz eskakizunaren edo prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren baldintza betetzen ez duten zerrenda bereizietako pertsonengana jo behar izanez gero, eskatutako prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa egiaztatzen duten pertsonek izango dute lehentasuna."

Bederatzigarrena.– Aldatu egiten da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren 40. artikuluaren («Uko egitea») 1 atalaren a) idatzi-zatia.

40. artikuluaren 1 atalaren a) idatzi-zatiari idazkera berria ematen zaio, eta horrela geratzen da idatzita:

«a) Zerrendetan aldi baterako bajan egoteko kontuan hartutako egoeretako batean egotea. Hori alegatzen duen pertsona aldi baterako bajako egoerara pasako da zerrenda guztietan behar den denboraz, betiere, uko egin eta hamar eguneko epean egoera hori eragin duen arrazoia egiaztatzen badu; bestela, zerrendetatik kanporatuko dute.»

Hamargarrena.– Erantsi egiten da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduan laugarren behin behineko xedapena.

Laugarren behin behineko xedapena gehitzen da, eta horrela geratzen da idatzita:

«Laugarrena.– Zerrenda garbitzea: Zein birbarematze-prozesutik aurrera.

Zerrenda garbitzea, Agindu honen 25. artikuluan ezarrita, 2017/2018 ikasturterako birbarematze-prozesutik aurrera indarrean jarriko da».

Hamaikagarrena.– Aldatu egiten da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko aginduaren I. eranskineko («Merezimenduen baremoa») 1.2 atala

I. eranskineko 1.2. atalari idazkera berria ematen zaio, eta horrela geratzen da idatzita:

(Ikus .PDF)

Hamabigarrena.– Aldatu egiten da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko aginduaren II. eranskineko («Espezialitatek eta irakasgaiak») B.2 azpiatala (Lanbide-heziketako irakasle teknikoen kidegoa).

II. eranskineko B.2 azpiatalean (Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoa) ondorengo espezialitatea gehitzen da:

«1570.– Hazkuntza eta Laborantzako Instalazio eta Ekipoak»

AZKEN XEDAPENA
Indarrean sartzea.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ematen den egunetik hurrengo egunean sartuko da agindu hau indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko apirilaren 18a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala