Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

70. zk., 2013ko apirilaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1743

EBAZPENA, 2013ko martxoaren 13koa, HABEren zuzendari nagusiarena, Euskal Etxeetako ikasleen euskara-mailak Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren arabera egiaztatzeko 2013. urteko gaitasun-proben deialdi berezia egiten duena.

Kultura sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduak Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean (HEOC) ezarritako euskararen gaitasun-mailak egiaztatzeko prozedura zehazten du, oinarri hartuz Kultura sailburuaren 2000ko urtarrilaren 24ko Agindua, HEOC onartu eta lehen hiru mailak zehazten dituena.

Halaber, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak helburu du euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien baliokidetza finkatu eta Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Marko Bateratura (EEMB) egokitzea.

Ildo beretik, Kultura sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 11. artikuluak xedatzen du, ikasleak duen gaitasun komunikatiboa mailaz maila ziurtagiri batez aitortua izateko, azterketariak ezinbestekoa izango duela maila bakoitzari dagokion gaitasun-proba gainditzea.

Horrela, egiaztatze-proba bakoitzak Dekretu eta Agindu horietan gaitasun-maila bakoitza zedarritzeko finkatutako helburuak eta edukiak (linguistikoak, testualak, estrategikoak...) neurtuko ditu, trebetasunez trebetasun, betiere, HEOCen, Kultura sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduan eta Ebazpen honetan finkaturiko ebaluazio-irizpideei jarraiki.

Gainera, aipatutako 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduak, 9. artikuluan, aurreikusten du deialdi ohiko zein bereziak egiteko aukera, eta xedatzen Euskal Etxeetako ikasleei zuzendutakoak deialdi bereziak izango direla.

Azkenik, aipatu Aginduak zehaztutakoa jarraituz eta garatu nahian, eskumena ematen zaio HABEren zuzendari nagusiari, Ebazpenez gaitasun-proben deialdiak egin eta azterketaldion beharrezko xehetasunak arautzeko.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Oinarrizko antolaketa:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Euskal Etxeetako euskara-ikasleen komunikazio-gaitasunen mailak egiaztatzeko, 2013. urteko azterketa-deialdi berezia egin eta prozedurak zehaztea.

Deialdiok HEOCen zedarritutako lehen, bigarren eta hirugarren mailetako ikasleen gaitasun komunikatiboa egiaztatzeko egiten dira.

2. artikulua.– Deialdirako oinarrizko esparrua.

Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma eta Hizkuntzen ikaskuntza, irakaskuntza eta ebaluaziorako Europako Erreferentzia Marko Bateratua dira azterketariaren hizkuntza-gaitasunaren neurketaren oinarri eta barruti, hurrenez hurren.

Gaitasun-proba hauek Ebazpen honen eranskineko edukietara egokituko dira: ezaugarriak, antolamendu-modua, ebaluazio-irizpideak eta atalez ataleko kalifikazioa. Maila horiek egiaztatu nahi dituen azterketariak HEOCen maila bakoitzarentzat trebetasun bakoitzean xedatutako gutxienekoak gainditu beharko ditu.

3. artikulua.– Informazioa eta tramitazioa on line.

Ebazpen honetan aurreikusitako prozeduren ondoriozko argitaratze eta jakinarazpenak www.habe.euskadi.net atariaren bidez egingo dira, azterketak berraztertzeko eskaerei, erreklamazioei eta administrazioarekiko errekurtso eta gora jotzeen ebazpenei dagozkienak izan ezik.

Era berean, azterketariak www.habe.euskadi.net ataria erabiliz gauzatuko ditu Ebazpen honetan horrela xedatutako izapideak.

4. artikulua.– Erreklamazioak eta errekurtsoak.

Ebazpen honetan jasotako egiaztatze-prozesuan interesdun denak prozedura, puntuazioen konputua, edo emaitzetan errakuntzarik gertatu dela uste badu, erreklamazioa jar dezake, betiere, honako gutxienekoak ematen baditu:

– Erreklamatzailearen izen-deiturak eta jakinarazpenetarako helbidea.

– Nortasun-agiriaren zenbakia.

– Egiten duen eskaera edo erreklamazioa.

– Gertaeren eta egindako errakuntzaren deskripzioa, errakuntza hori gertatu dela erakusten duten agirien eta bestelakoen ekarpenarekin batera.

– Euskal Etxea, data eta egiaztatze-maila.

– Erreklamaziogilearen izenpea.

Erreklamazioak hiru eguneko epean aurkeztu beharko dira, gertakaria suertatu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Interesdunek, halaber, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute HABEren zuzendari nagusiaren aurrean, azterketen behin betiko emaitzak argitaratu eta hurrengo hilabetean, edo horrela dagokionean, aurkatutako egintza gertatu den egunetik aurrera. Errekurtsoak ebazteko, HABEren zuzendari nagusiak deialdi honetako arduradunari eta Azterketa-batzordeburuari errekurtsoaren mamiari buruzko txostena eska liezaieke; txosten hori, gehienez, hamar eguneko epean emango dute. Halaber, deialdi hauetan parte hartzen ez duen kanpoko adituren irizpena ere eska lezake.

Erreklamazioak zein gorako errekurtsoak HABEren Donostiako Erregistro Nagusira zuzenduko dira, honako helbide honetara: Vitoria-Gasteiz kalea, 3-6.a. 20018 Donostia. Horretarako, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, 38. artikuluaren 4. paragrafoan, ezarritako baliabideak erabili ahal izango dira.

Erreklamazioak emaitzak argitaratu aurretik ebatziko dira.

Edozein modutan, erreklamazioek zein gora jotzeko errekurtsoek ez dituzte etengo Ebazpen honetan jasotako ohiko prozedurak eta egutegia.

5. artikulua.– Espedienteak ikusteaz.

Azterketariak bere espedientea ikusi nahi badu, dagokion deialdiko behin betiko emaitzak argitaratu eta hamar eguneko epea izango du HABEren Azterketa-batzordeburuari idatziz eskaera egiteko.

6. artikulua.– Azterketariak bete beharreko gutxienekoak.

Azterketa-deialdi honetara aurkezteko, azterketariak ondoren zehazten diren gutxieneko baldintzak bete beharko ditu.

1.– Euskal Etxeren batean matrikulatuta egotea.

Azterketariak Euskal Etxeren batean matrikulatuta egon beharko du 2012ko ekainaren 1etik aurrera hasitako ikastaro batean lehenengo, bigarren eta hirugarren mailan.

2.– Mailaren atalasea bermatua izatea.

Azterketariak 2012ko ekainaren 1etik aurrera hasitako ikastaroetan, lau hizkuntza-trebetasunetan, dagokion mailaren atalasea iritsia izan beharko du Euskal Etxean 2013ko apirilaren 26rako. Ondorio horietarako, Euskal Etxeak ikasleen datuak jarriko ditu HABEren eskura. Euskal Etxeak ikasle horri emandako kalifikazioak aintzat hartuko ditu HABEk.

7. artikulua.– Euskal Etxeen egitekoez.

Euskal Etxeak, Ebazpen honen 6. artikuluan adierazitako egunerako, deialdiaren arduradunari luzatuko dio egiaztatze-probetan parte hartu nahi duten ikasleen zerrenda, euren datuak jasoz eta dagozkien gaitasun-mailen gutxienekoak egoki ziurtatuz, mailaz mailako kodeetan:

– Lehen maila: 106 kodea.

– Bigarren maila: 109 kodea.

– Hirugarren maila: 112 kodea.

8. artikulua.– Deialdion burutzeaz.

Kulturako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 19. artikuluari jarraikiz, HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuko Ebaluazio zein Programa Berezietarako Atalei dagokie deialdi honen antolaketa burutzea eta deialdi honetako arduradunari deialdia egikaritzea.

Deialdion xehetasunak:

9. artikulua.– 2013rako deialdia eta azterketa-lekuak.

Deialdi bakarra izango da 2013. urtean eta probak Madrilen eta Bartzelonan egingo dira.

10. artikulua.– Deialdiaren egutegia.

HABEk www.habe.euskadi.net atarian emango du jakitera deialdia egituratzeko antolatu den egutegia: matrikula-epea; onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratzeko egunak; gaitasun-proben datak; behin-behineko emaitzak eta emaitza orokorrak argitaratzeko egunak.

HABEk egutegian aurreikusitako egunak alda ditzake deialdion kudeaketan gerta litezkeen gorabeheren arabera, azterketaldirako matrikula-epeak izan ezik.

11. artikulua.– Matrikula nola egin.

Gaitasun-proba egiteko izen-ematea Interneten bidez bideratuko da, www.habe.euskadi.net atarian matrikulazio-orria betez.

Matrikula egitearekin batera, Ebazpen honetara bildutako irizpide eta jokabide guztiak bere egiten dituela onartu eta aditzera ematen du izena emana duen azterketariak.

12. artikulua.– Matrikula-ordaina.

Matrikula 30 eurokoa izango da maila bakoitzeko, kopuru hori ezartzen baitu Kultura sailburuaren 2012ko irailaren 11ko berariazko Aginduak, 5. artikuluan, HABEk eskaini eta betetzen dituen jardueren prezio publikoak finkatzen dituenak.

Matrikularen ordainketa ere Internet bidez egingo da edo, bestela, horretarako bidea ematen duten banketxeetan, izena ematean eskuratu den matrikulazio-orria erabiliz eta bertan adierazitako epearen barruan. Arrazoiak arrazoi, behin matrikula-eskubideak ordainduz gero, ez da dirurik itzuliko, oker bat izan eta maila bereko matrikula birritan egin izana salbuetsiz.

HABEk matrikularen ordainketa ziurtatutakoan emango du gauzatutzat eta osatutzat matrikulatze-prozesua.

13. artikulua.– Onartuen zerrenda.

Matrikula egiteko epea amaitu ondoren, gaitasun-probetan parte hartzeko onartuen zerrenda osatuko du HABEk eta www.habe.euskadi.net atarian argitaratuko.

14. artikulua.– Azterketaldiaren noiz-nongoak.

Ebazpen hau indarrean jarri eta hamar eguneko epean argitaratuko ditu HABEk www.habe.euskadi.net atarian 2013. urteko deialdirako aurreikusitako datak eta lekuak.

15. artikulua.– Berariazko egoerak.

Kulturako sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 22. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, behar jakinak izan eta ziurtagiria lortu nahi duten ikasleen kasuan, berdintasun-neurriak hartuko dituzte HABEk zein Euskal Etxeek, bakoitzak bere egitekoen baitan, desgaitasunen bat duten azterketari horien aukerak bermatzeko, betiere azterketaren edukia indargabetzeke edota eskatu beharreko gaitasun-maila murrizteke.

Gaitasun-proba berariazko behar horietara egokitu ahal izateko, azterketariak azterketaldirako matrikula egiteko garaian, deialdiko arduradunari edota Euskal Etxekoari egin beharko die eskaera, duen elbarritasuna agiri ofizialez zurituz eta eskatzen duen egokitzapena azalduz (aulki, mahai edo ordenagailu berezia, entzungailuak, braille-sistema, etab.), kasuan kasuko antolaketa-moduaren arabera.

Eskari hauen aurrean, HABEk zein Euskal Etxeek denbora nahiz baliabideak egokituko dizkiote behar bereziak dituen azterketariari, betiere 2006ko ekainaren 9ko ORDEN/PRE/1822/2006 Aginduari edota gaitasun-probok izan egunean indarrean egon daitekeen arautegiari jarraiki.

16. artikulua.– Gaitasun-proben ezaugarriak, antolamendu-modua, ebaluazio-irizpideak eta atalez ataleko kalifikazioa.

Gaitasun-maila bakoitza neurtzeko prestatutako probek azterketariaren euskarazko gaitasun komunikatiboaren zenbatekoa eta nolakoa neurtuko dute: azterketariak euskaraz entzundakoa ulertzeko eta irakurritakoa bereganatzeko duen gaitasuna, batetik, eta euskaraz aditzera eman nahi dituen diskurtsoak ahoz zein idatziz egiteko duena, bestetik.

Gaitasun-probok 1., 2. eta 3. mailetan egingo dira, Kultura sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 7. artikuluaren eta Ebazpen honen eranskinera bildutako ebaluazio-irizpideen arabera.

HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumari jarraiki, Hizkuntzaren Didaktika-zerbitzuko Ebaluazio-atalak lau trebetasunak neurtzeko probak prestatuko ditu, mailaz mailako ebaluazio-irizpideak oinarri hartuz.

Entzumena eta irakurmena zein mintzamena eta idazmena neurtzeko probak HABEren Didaktika-zerbitzuak aplikatu egingo ditu, horretarako berariaz ezarritako egun eta tokietan.

Gaitasun-probak neurtzeko antolaketaren nondik norakoak (ordutegia, lekuak eta azterketarien zerrendak) froga-eguna baino sei egun natural lehenago emango dizkio aditzera Euskal Etxe bakoitzak deialdiaren arduradunari, honek egokitzapen beharrik ikusiko balu, hiru eguneko epean Euskal Etxeari jakinarazi eta egokitzapenak garaiz egin ahal izateko.

Euskal Etxe bakoitzean deitutako egiaztatze-probetan partehartzea eskatzen duten azterketari-kopurua hamar baino gutxiago bada, trebetasun-probak egun berean eta azterketari guztiei egingo zaizkie. Bestela, egun ezberdinetan egingo dira.

Entzumeneko eta irakurmeneko probak gainditu ez dituenari ez zaio zuzenduko idazmeneko proba. Mintzamen-proba zuzentzeko, bestalde, gainditua izan beharko du azterketariak idazmenari dagokiona.

Gaitasun-proba gainditutzat emateko, lau trebetasunetan gainditu beharko ditu azterketariak eranskinean zehaztutako gutxienekoak. Probak 100 puntu izango ditu guztira, eta gainditzeko, gutxienez, 50 puntu lortu beharko ditu azterketariak.

17. artikulua.– Gaitasun-proben zuzenketa-prozesua.

1.– Lau hizkuntza-trebetasunak neurtzeko jarritako probek Euskaltzaindiak indarrean dituen arauak beteko dituzte, eta, betiere, euskara-eredu landu eta jantzian emanak etorriko dira.

Ahozkotasuna neurtzeko probetan, azterketariak bere euskalkia erabiltzeko gaitasuna eta jariotasuna erakuts dezake, betiere, egitekoaren testuinguruari hala badagokio. Honelakoetan, aztertzaileek azterketarion gaitasun- eta jariotasun-maila hori aintzat hartu eta balioetsiko dute azkenengo emaitza jartzean.

2.– Gaitasun-probak norenak diren jakin gabe zuzenduko dituzte aztertzaileek, zuzenketa izengabea bermatuz. Ikasturtean zehar ikasle-talde batekin aritutako irakasleak ezin izango du berak izandako ikasleen gaitasun-probarik zuzendu. Horrelakorik gertatuz gero, aztertzaileak berak egin beharko dio uko egoera horri azterketaldiaren antolaketa-garaian.

3.– Idazmen-proba berariazko aplikazio informatikoen bidez banatuko zaie aztertzaileei zein tutoreari euskarri digitalean.

4.– Zuzenketa-oharrak berariazko fitxa digital batera bilduko dira, bertan jarritako kalifikazioak azterketariak argi eta egoki ulertzeko moduan.

5.– Idazmen-proba.

5.1.– Idazmen-proba, gutxienez, bina aztertzailek zuzenduko dute eta irizpen arrazoitua emango dute adostutako kalifikazio-fitxan.

5.2.– Idazmen-proban eskatutako hitz-kopuruaren gutxienekoa kontuan hartuz, aztertzaileak irizpideok beteko ditu eta ondoriozko kalifikazioa eman:

a) Azterketariak eskatutako hitz-kopurua idatzi eta mailari dagozkion gutxienekoak betetzen baditu, 15-30 puntu bitartean emango zaizkio.

b) Eskatutako hitz-kopurura iristeko % 10a baino gutxiago falta izan bazaio, baina mailari dagozkion gutxienekoak betetzen baditu, 15 puntu emango zaizkio, baldin eta 2011ko urtarrilaren 19ko Kultura sailburuaren Aginduaren 7. artikuluan xedatutako irizpideen arabera eta Ebazpen honen eranskinera bildutako mailari dagozkion gutxienekoetan, azterketariak gutxienez Ongi kalifikazioa lortu badu atal guztietan.

c) Eskatutako hitz-kopurura iristeko % 10a baino gehiago falta bazaio, 5 puntu emango zaizkio.

5.3.– Aztertzaileak idazmen-proba zuzendu ondoren, jarraibide hauei lotuko zaizkie:

a) Bi aztertzaileen kalifikazioak proba gainditzeko beharrezko gutxienekoak baino handiagoak direnean, Epaimahaiari proposatuko zaion emaitza adostutako bi kalifikazioen artekoa izango da eta azterketa-fitxa bakarrean emango da irizpen arrazoitua.

b) Bi aztertzaileen kalifikazioak proba gainditzeko beharrezko gutxienekoetara iristen ez direnean, Epaimahaiari proposatuko zaion emaitza adostutako bi kalifikazioen artekoa izango da eta azterketa-fitxa bakarrean emango da irizpen arrazoitua.

c) Gutxienekoak bete diren ala ez erabakitzean bi aztertzaileak bat ez badatoz, hirugarren zuzenketa bideratuko da tutorearen eskutik. Horrelakoetan, tutoreak ofizioz ebaluatuko ditu gaitasun-probak eta irizpen arrazoitu propioa proposatuko dio Epaimahaiari.

6.– Mintzamen-proba.

6.1.– Mintzamen-proba bina aztertzailek egin eta zuzenduko dute eta azterketa-fitxa bakarrean emango dute irizpen arrazoitua.

6.2.– Gutxienekoak bete diren ala ez erabakitzean bi aztertzaileak bat ez badatoz, bigarren zuzenketa bideratuko da tutorearen eskutik. Tutoreak irizpen propioa eman eta gero, jarritako emaitzen proposamena Epaimahaiaren eskura jarriko du.

6.3.– Mintzamen-proba guztiak grabatu egingo dira.

7.– Irakurmen- eta entzumen-probak.

Gaitasun-probaren atal hauek HABEren ardurapekoak izango dira. Azterketa burutu eta zuzendu ondoren, deialdiaren arduradunak lortutako kalifikazioak proposamen-akta batera bildu eta HABEren Programa Bereziak ataleko buruari helaraziko dizkio.

18. artikulua.– Azterketen emaitzen aktak.

Lau hizkuntza-gaitasun hauen neurketaren ondoriozko emaitzak jasoko dira deialdiaren arduradunak eta aztertzaileak sinatuko duten akta batean.

19. artikulua.– Irizpen arrazoitua.

Idazmen-ataleko kalifikazio-orria eta egindako idazmen-proba ikusgai izango ditu azterketariak www.habe.euskadi.net atarian.

20. artikulua.– Gaitasun-proben emaitzak.

Gaitasun-proben behin-behineko zein behin betiko emaitzak www.habe.euskadi.net atarian argitaratuko dira, mailaz maila eta trebetasunez trebetasun. Eta egiaztagiriak luzatzeari begira, HABEren zuzendari nagusiari jakinaraziko zaizkio, Erregistroan alta emateko.

21. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.

Egiaztatze-deialdi honen kudeaketan, gaitasun-probotan parte hartu duen azterketariaren datu pertsonalak erabili eta argitara ematen dira deialdi bakoitzaren aldian aldiko ataletan (matrikulatzean, onartuen eta baztertuen zerrendak argitaratzean, azterketen emaitzak jakinaraztean...). Hori dela eta, datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak ezarritakoa eta ekainaren 11ko 994/1999 Errege Dekretuz indarrean jarritakoa kontuan hartuz, datu pertsonalak dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurriak bete ahal izateko, deialdi honetan parte hartzen duen azterketariak baimena ematen dio HABEri bere datu pertsonalak Ebazpen honetan aurreikusitako prozeduretan erabili eta argitaratzeko.

Datu eta informazio hau guztia izaera pertsonala duen fitxategi batean egongo da jasota. Datuok ezagutzeko, zuzentzeko, ezabatzeko edota datuon aurka egiteko azterketariak dituen eskubideez baliatu nahi izanez gero, HABEren Erregistro Nagusira jo beharko du.

Deialdion ondorioak:

22. artikulua.– Ziurtagiriak.

Gaitasun-proba gainditu eta mailaren bat egiaztatu duen azterketariak dagokion ziurtagiria eskuratzeko eskaria www.habe.euskadi.net atariaren bitartez egin behar du. HABEren Hizkuntzaren Didaktika-zerbitzuak eskabidean eman helbidera igorriko dio dagokion ziurtagiria edo duplikatua, banketxean edo Internet erabiliz dagokion tasa ordaindua duela frogatu ondoren.

Maila bakoitzeko agiria eskuratzeagatik, eskari-egunean indarrean dagoen tasa ordaindu beharko da, mailaren egiaztapena aurreko urtetan egin bada ere. Agirien eta duplikatuen tasen unean uneko zenbatekoak www.habe.euskadi.net atariaren bidez jakinaraziko ditu HABEk.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA

Funtzio-esleipenak eta izendapenak:

Ebazpen honetan araututako deialdiaren antolaketa eta egikaritzarako, segidan aipatzen diren funtzio-esleipenak eta izendapenak egiten dira:

– Azterketa-batzordea: Kultura sailburuaren 2011ko urtarrilaren 19ko Aginduaren 13. artikuluak ezarritakoari jarraiki, 2013. urtean izango diren deialdietarako eratutako Azterketa-batzordeak, aipatu artikuluak ezartzen dizkion funtzioez gain, deialdi berezi hau dela eta, bere egingo ditu aipatutako Aginduak maila bakoitzeko epaimahaiei ezartzen dizkienak.

– Deialdiaren arduraduna: deialdi berezi honen arduradunak bere egingo ditu aipatutako Aginduak, 17. eta 18. artikuluetan, tutoreei eta lurralde-arduradunei emandako zereginak.

Horretarako, deialdi berezi honen arduradun izendatzen da: Jose Francisco Zinkunegi Uzkudun.

– Aztertzaileak: aipatutako Aginduaren 16. artikuluak ezarritako funtzioak eta betebeharrak izango dituztelarik, aztertzaile izendatzen dira:

Errukine Olaziregi Gomez: Madrilgo Euskal Etxean egingo diren egiaztatze-probetarako.

Jose Angel Odiaga Galletebeitia: Bartzelonako Euskal Etxean egingo diren egiaztatze-probetarako.

Halaber, proba hauek zuzentzeko eta baloratzeko, deialdi honetan aztertzaile aritu ahal izango dute, horretarako baldintzak betez, 2013ko ohiko deialdietarako izendatuak izan direnek.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita jarriko da indarrean.

Bigarrena.– Ebazpen honen euskal eta erdal idazkien arteko edozein interpretazio-auziren aurrean, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, euskal idazkiari dagokion irakurketak izango du lehentasuna.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, ez baitu bide administratiboa agortzen, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete HABEren presidentearen aurrean, hilabeteko epearen barruan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Donostia, 2013ko martxoaren 13a.

HABEren zuzendari nagusia,

JOSEBA ERKIZIA ITOITZ.

ERANSKINA
2013. URTEKO DEIALDI BEREZIKO LEHEN, BIGARREN ETA HIRUGARREN MAILAK EGIAZTATZEKO AZTERKETAK: EZAUGARRIAK, ANTOLAMENDU-MODUA, EBALUAZIO-IRIZPIDEAK ETA ATALEZ ATALEKO KALIFIKAZIOAK

1. maila

Irakurmena:

Emandako testua edo testuak irakurri ondoren, azterketariak zenbait egiteko burutu beharko ditu. Testuaren ulermen orokorra, xehea edota testutik informazioa ateratzea eskatuko zaio azterketariari. Erantzun okerrengatik ez zaio punturik kenduko. Zati honek 20 puntu izango ditu denera eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira. Probaren iraupena 35 minutu ingurukoa izango da.

Idazmena:

Azterketariari egoera bat emango zaio testuinguru jakin batean, eta gutxienez 140 hitzeko testu bat ala 100 inguruko bi testu idatzi beharko ditu. Testuak inprimaki, ohar, jakinarazpen, gutun informal, kontakizun labur... erakoak izan daitezke. Idatzien ebaluaziorako irizpide hauek hartuko dira kontuan: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egokitasuna; 2) koherentzia eta kohesioa eta 3) hizkuntz baliabideen zuzentasuna eta aberastasuna. Ebazpen honen 17.5 artikuluan xedatutakoari jarraiki, zati honek 30 puntu izango ditu gehienez, eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira. Probak 60 minutu inguruko iraupena izango du.

Hitzak zenbatzeko irizpideok izango dira:

– Eskainitako izenburua ez da kontuan hartuko.

– Eskutitz zein inprimaki erako testuetan (ohar, e-posta, eskabide-orri...) hasierako agurretik hasi eta amaierako agurrean amaituko da kontatzen. Beraz, ez dira zenbatuko igorle zein hartzailearen datu hutsak (izen-abizenak, helbidea...). Datari dagokionez, lau hitz zenbatuko dira gehienez.

– Sortutako testuari erreparatuko zaio soilik. Beraz, proposaturiko egoera komunikatibotik hitzez hitz kopiatutako esaldiak ez dira kontuan hartuko.

Horrez gain:

– Hitz-elkarketak: hitz bakar bezala zenbatuko da, kontzeptuak berak adierazten duen bezala.

– Araua bete gabe idatzitako hitzak zuzen idatzita baleude bezala zenbatuko dira.

– Zenbakiak hitz bakar bezala zenbatuko dira.

Entzumena:

Azterketariak eguneroko bizitzako edo ohiko gaien inguruko hainbat testu grabatuta entzungo ditu. Testu horien ulermena frogatzeko, azterketariak zenbait egiteko burutu beharko ditu. Entzungaia testu luze bat izan liteke edo zenbait testu labur. Grabazioak behin edo bitan entzungo dira, entzungai-motaren arabera, eta azterketariak denbora jakin bat izango du grabazioa entzun aurretik, galderak irakurtzeko. Testuko ideia nagusia jasotzen jakin beharko du, informazio garrantzitsua bereizten edota xehetasun batzuk nabarmentzen. Zati honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko, gutxienez, 10 lortu beharko dira. Probaren iraupena 25 minutukoa izango da, gehienez.

Mintzamena:

Azterketariak elkarrizketa bat izango du, aztertzaileekin edo beste azterketari batekin. Probak hiru atal izango ditu: a) aztertzaileen galderak, sarrera gisa, b) aurrez prestatutako gai baten azalpena eta c) gai batekin lotutako elkarrizketa, argazkiak oinarri hartuta. Mintzamena neurtzeko irizpideak hauek izango dira: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egoki jardun duen; 2) azalpenean zein elkarreraginean diskurtsoa koherentea, argia, jarioduna eta ongi ahoskatua den eta 3) hizkuntz baliabideetan zuzentasuna eta aberastasuna adierazi duen. Gehienez 30 puntu izango ditu atal honek eta gainditzeko 15 puntu beharko dira. Azterketariak 10 minutu izango ditu gaia prestatzeko eta 10 minutu inguru proba egiteko.

Antolaketa:

Lau trebetasunak neurtzeko proba horiek bi egunetan egingo dira, betiere azterketari kopurua 9tik gorakoa bada; egun batean, irakurmena eta idazmena, eta bestean, entzumena eta mintzamena.

Kalifikazioak:

a) 1. mailako proben kalifikazioak honela emango dira:

(Ikus .PDF)

b) Ponderazioa:

Idazmenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 10; koherentzia, % 25; kohesioa, % 15; aberastasuna, % 20 eta zuzentasuna, % 30.

Mintzamenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 10; koherentzia eta kohesioa, % 20; jariotasuna, % 25; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 25.

c) Emaitza:

– Irakurmena: Gai/Ez gai.

– Idazmena: Gai/Ez gai.

– Entzumena: Gai/Ez gai.

– Mintzamena: Gai/Ez gai.

– Guztira: Gai/Ez gai.

2. maila

Irakurmena:

Emandako testua edo testuak irakurri ondoren, azterketariak zenbait egiteko burutu beharko ditu. Testuaren ulermen orokorra, xehea edota testutik informazioa ateratzea eskatuko zaio azterketariari. Erantzun okerrengatik ez zaio punturik kenduko. Zati honek 20 puntu izango ditu denera eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira. Proba honen iraupena 45 minutu ingurukoa izango da.

Idazmena:

Azterketariari egoera bat emango zaio testuinguru jakin batean, eta gutxienez 200 hitzeko testu bat ala 150 inguruko bi testu idatzi beharko ditu. Testuak inprimaki, ohar, jakinarazpen, gutun informal, kontakizun labur... erakoak izan daitezke. Idatzien ebaluaziorako irizpide hauek hartuko dira kontuan: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egokitasuna; 2) koherentzia eta kohesioa eta 3) hizkuntz baliabideen zuzentasuna eta aberastasuna. Ebazpen honen 17.5 artikuluan xedatutakoari jarraiki, zati honek, 30 puntu izango ditu gehienez, eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira. Probak 75 minutu inguruko iraupena izango du.

Hitzak zenbatzeko irizpideok izango dira:

– Eskainitako izenburua ez da kontuan hartuko.

– Eskutitz zein inprimaki erako testuetan (ohar, e-posta, eskabide-orri...) hasierako agurretik hasi eta amaierako agurrean amaituko da kontatzen. Beraz, ez dira zenbatuko igorle zein hartzailearen datu hutsak (izen-abizenak, helbidea...). Datari dagokionez, lau hitz zenbatuko dira gehienez.

– Sortutako testuari erreparatuko zaio soilik. Beraz, proposaturiko egoera komunikatibotik hitzez hitz kopiatutako esaldiak ez dira kontuan hartuko.

Horrez gain:

– Hitz-elkarketak: hitz bakar bezala zenbatuko da, kontzeptuak berak adierazten duen bezala.

– Araua bete gabe idatzitako hitzak zuzen idatzita baleude bezala zenbatuko dira.

– Zenbakiak hitz bakar bezala zenbatuko dira.

Entzumena:

Azterketariak eguneroko bizitzako edo ohiko gaien inguruko hainbat testu grabatuta entzungo ditu. Testu horien ulermena frogatzeko, azterketariak zenbait egiteko burutu beharko ditu. Entzungaia testu luze bat izan liteke edo zenbait testu labur. Grabazioak behin edo bitan entzungo dira, entzungai-motaren arabera, eta azterketariak denbora jakin bat izango du, grabazioa entzun aurretik, galderak irakurtzeko. Testuko ideia nagusia jasotzen jakin beharko du, informazio garrantzitsua bereizten edota xehetasun batzuk nabarmentzen. Jakin ere jakin beharko du hizlariaren jarrera bereizten eta testuari dagozkion ondorioak ateratzen. Zati honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko, 10 lortu beharko dira, gutxienez. Probaren iraupena 25 minutu ingurukoa izango da.

Mintzamena:

Azterketariak elkarrizketa bat izango du, aztertzaileekin edo beste azterketari batekin. Probak hiru atal izango ditu: a) aztertzaileen galderak, sarrera gisa, b) azterketariak aurrez prestatutako gai baten azalpena, eta c) gai batekin lotutako elkarrizketa, argazkiak oinarri hartuta. Mintzamena neurtzeko irizpideak hauek izango dira: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egoki jardun duen; 2) azalpenean zein elkarreraginean diskurtsoa koherentea, argia, jarioduna eta ongi ahoskatua den; eta 3) hizkuntz baliabideetan zuzentasuna eta aberastasuna adierazi duen. Gehienez 30 puntu izango ditu atal honek, eta gainditzeko 15 puntu beharko dira. Azterketariak 10 minutu izango ditu gaia prestatzeko eta 10 minutu inguru proba egiteko.

Antolaketa:

Lau trebetasunak neurtzeko proba hauek bi egunetan egingo dira, betiere azterketari kopurua 9tik gorakoa bada; egun batean, irakurmena eta idazmena, eta bestean, entzumena eta mintzamena.

Kalifikazioak:

a) 2. mailako proben kalifikazioak honela emango dira:

(Ikus .PDF)

b) Ponderazioa:

Idazmenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 13; koherentzia, % 24; kohesioa, % 17; aberastasuna, % 20 eta zuzentasuna, % 26.

Mintzamenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 10; koherentzia eta kohesioa, % 20; jariotasuna, % 25; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 25.

c) Emaitza:

– Irakurmena: Gai/Ez gai.

– Idazmena: Gai/Ez gai.

– Entzumena: Gai/Ez gai.

– Mintzamena: Gai/Ez gai.

– Guztira: Gai/Ez gai.

3. maila

Irakurmena:

Emandako testuak irakurri ondoren, azterketariak zenbait egiteko burutu beharko ditu. Alde batetik, azterketariak frogatuko du ulertzen duela testuen esanahi orokorra, ideia nagusiak nahiz bigarren mailakoak edo xehetasunak, edota espresuki testuan adierazten ez diren ideiak, hala nola, komunikazio-xedea, idazlearen jarrera, ikuspuntua edo iritzia, besteak beste. Ariketak honelakoak izan daitezke: aukera anitzeko galderak, erantzun laburrekoak, egia/gezurra erakoak, testu zatiei dagozkien ideiak aukeratu, lotura egokiak egin, testua ordenatu, laburtu, ideiak edota paragrafoak lotu.

Bestalde, zenbait testu azterketariaren sintaxiaren eta lexikoaren erabilera neurtzeko izango dira. Horretarako, hainbat ariketa-modu jarriko da: azpimarratutako hitzen sinonimoak jarri emandako testuan, aukera anitzekoen bidez lexikoa aukeratu, hitz eratorri eta elkartuak erabiliz testuak berridatzi, aukera anitzen bidez egitura sintaktikoak osatu, proposatutako esaldien esaldi baliokideak eman edota egitura koherenteak sortu testua osatzeko.

Guztira 20 puntu izango dira eta gainditzeko 10 puntu lortu beharko dira. Proba honen iraupena 60 minutukoa izango da.

Idazmena:

Azterketariak gutxienez 300 hitzeko testu bat edo 180 hitzeko bi testu idatzi beharko ditu. Hainbat idatzi-mota gauza ditzake: iritzi-artikulua, gutuna, proposamena, laburpena, eskaera, informazio-orria... Eskatuko zaion egitekoaren egoera, gaia, testu-generoa, erabilera-esparrua, enuntziatzailearen eta hartzailearen rola eta xede komunikatiboa zehaztuko zaizkio. Idazlanaren ebaluaziorako kontuan hartuko da: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egokitasuna; 2) koherentzia eta kohesioa eta 3) hizkuntz baliabideen zuzentasuna eta aberastasuna. Ebazpen honen 17.5 artikuluan xedatutakoari jarraiki, zati honek 30 puntu izango ditu gehienez eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko dira. Probak 90 minutuko iraupena izango du.

Hitzak zenbatzeko irizpideok izango dira:

– Eskainitako izenburua ez da kontuan hartuko.

– Eskutitz zein inprimaki erako testuetan (ohar, e-posta, eskabide-orri...) hasierako agurretik hasi eta amaierako agurrean amaituko da kontatzen. Beraz, ez dira zenbatuko igorle zein hartzailearen datu hutsak (izen-abizenak, helbidea...). Datari dagokionez, lau hitz zenbatuko dira gehienez.

– Sortutako testuari erreparatuko zaio soilik. Beraz, proposaturiko egoera komunikatibotik hitzez hitz kopiatutako esaldiak ez dira kontuan hartuko.

Horrez gain:

– Hitz-elkarketak: hitz bakar bezala zenbatuko da, kontzeptuak berak adierazten duen bezala.

– Araua bete gabe idatzitako hitzak zuzen idatzita baleude bezala zenbatuko dira.

– Zenbakiak hitz bakar bezala zenbatuko dira.

Entzumena:

Azterketariak kultura orokorreko gaien inguruan grabatuta entzungo dituen testuen ulermena frogatu beharko du, egingo zaizkion zenbait galderari erantzunez. Testua luze bat eta hainbat testu labur izan daitezke. Grabazioak behin edo bitan entzungo dira entzungai motaren arabera eta azterketariak denbora jakin bat izango du grabazioa entzun aurretik galderak irakurtzeko. Testuko ideia nagusia, informazio garrantzitsua edota xehetasunak ulertu beharko ditu. Era berean, informazioa eta iritzia bereizi edo ondorioak ere atera beharko ditu. Hainbat egiteko mota erabil daiteke: aukera anitzekoak, egia/gezurra erakoak, erantzun laburrekoak, esaldiak osatzekoak, taulak osatzekoak edo loturak egitekoak. Zati honek 20 puntu izango ditu denera, eta gainditzeko, 10 puntu lortu beharko dira, gutxienez. Probaren iraupena 25 minutu ingurukoa izango da.

Mintzamena:

Azterketariak elkarrizketa bat izango du aztertzaileekin edo beste azterketari batekin. Atal honek bi ariketa izango ditu:

1.– Azterketariak aurrez prestatutako egiteko bat gauzatzea. Aztertzaileek gai bat eskainiko diote azterketariari presta dezan. Horretarako, testu-aipamenak, elementu grafikoak edo irudiak eman dakizkioke azterketariari egitekoa prestatzeko. Azterketariak 20 minutu izango ditu azaldu beharreko gaia prestatzeko, eta 5 minutuz hitz egitea eskatuko zaio aztertzaileen aurrean. Epaimahaiaren aurrean gaia garatzeko gidoiaz balia daiteke, baina ez da onartuko aldez aurretik prestatutako testurik irakurtzea. Tarteka, aztertzaileek gaiaren inguruan egin ditzaketen galderei ere erantzun beharko die azterketariak.

2.– Argazki edo beste elementu grafikoez baliatuz, bat-bateko elkarrizketa aztertzaileekin edo beste azterketari batekin. Bat bateko elkarrizketak 10 minutu inguru iraungo ditu (azterketari bakoitzak 5 minutu).

Bi ariketen kalifikazioak gehienez 30 puntu izango ditu eta gainditzeko 15 puntu lortu beharko ditu.

Mintzamenaren ebaluaziorako kontuan hartuko da: 1) testuinguruarekiko eta testuarekiko egoki jardun duen; 2) azalpenean zein elkarreraginean diskurtsoa koherentea, argia, jarioduna eta ongi ahoskatua den eta 3) hizkuntz baliabideetan zuzentasuna eta aberastasuna adierazi duen.

Antolaketa:

Lau trebetasunak neurtzeko proba hauek bi egunetan egingo dira, betiere azterketari kopurua 9tik gorakoa bada; egun batean, irakurmena eta idazmena, eta bestean, entzumena eta mintzamena.

Kalifikazioak:

a) 3. mailako proben kalifikazioak honela emango dira:

(Ikus .PDF)

b) Ponderazioa:

Idazmenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 20; koherentzia, % 20; kohesioa, % 20; aberastasuna, % 20 eta zuzentasuna, % 20.

Mintzamenari dagozkion 30 puntuak honako ponderazio-taularen arabera banatuko dira: egokitasuna, % 20; koherentzia eta kohesioa, % 20; jariotasuna, % 20; aberastasuna, % 20; eta zuzentasuna, % 20.

c) Emaitza:

– Irakurmena: Gai/Ez gai.

– Idazmena: Gai/Ez gai.

– Entzumena: Gai/Ez gai.

– Mintzamena: Gai/Ez gai.

– Guztira: Gai/Ez gai.


Azterketa dokumentala