Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

46. zk., 2013ko martxoaren 6a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1228

172/2013 DEKRETUA, otsailaren 26koa, «Foro Rural Mundial» Garapenerako Elkartea herri onurakotzat aitortzeko dena.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak honela dio: Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak herri-onurakotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.

Lege horren babesean, «Foro Rural Mundial» Garapenerako Elkarteak aitorpen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez onura publikoko erakundea dela aitortzea merezi duelako, gizarte-bazterketaren aurka egiten duen lanagatik.

Eskaria egiten duen elkartea 1999ko urriaren 6an eratu zen, eta, Justizia, Ekonomia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Azterlan eta Araubide Juridikoaren zuzendariaren 1999ko urriaren 25eko Ebazpenaz inskribatu zen.

Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean dago inskribatuta, AS/A/08236/1999 erregistro-zenbakiarekin.

Bere funtzioak, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen ditu.

Eratu zenetik hara, bere helburu nagusia erdiesteko beharrezko diren jarduera guztiak egiten ditu «Foro Rural Mundial» Garapenerako Elkarteak. Eta helburu hori hauxe da: pertsonengan oinarritutako garapena lortzea (giza garapena), nekazaritzako familia-ustiategien defentsa aldarrikatuz eta aldeztuz, betiere landa-garapen zuzen, integral eta jasangarria xede hartuta. Era berean, landa-ingurunean dauden arazoak zabaldu nahi ditu, bai eta nekazaritzak munduan izan duen bilakaeran sortutako arazoak ere, eta, horrekin batera, irtenbide posibleak mahai gainean jarri, eta baterako ekintza-planak landu eta abian jarri.

Gizarteak benetan interes orokorrekotzat jotzen ditu jarduera horiek guztiak.

Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 45.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, herri-onurako aitorpena Jaurlaritzaren Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da. Dekretu-proposamena kasuan kasuko sailek –gaiaren arabera– eta, betiere, justiziaren arloan eskuduna den sailak egingo dute, eta azken sail horrek izapidetuko ditu bai prozedura, bai bertan sor daitezkeen auzi guztiak. Agindu hori betez, dagokion espedientea instruitu da, eta, ondoren, sailei eta instituzioei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari. Txosten horietan, bestalde, «Foro Rural Mundial» Garapenerako Elkartea herri-onurakoa dela aitortzearen alde agertzen dira bai sailak, bai instituzioak.

Ondorioz, lehendakariak, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak proposaturik, entitate eta erakunde interesdunek aurkeztutako txostenak ikusita, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko otsailaren 26an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– «Foro Rural Mundial» Garapenerako Elkartea herri-onurakoa dela aitortzea, bere jardueren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita. Elkarte hori Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago, AS/A/08236/1999 zenbakiarekin.

Horrekin batera, deklarazio horri dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2002 Legeko 43. artikuluan jasota daudenak.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko otsailaren 26an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala