Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

42. zk., 2013ko otsailaren 28a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
1136

144/2013 DEKRETUA, otsailaren 5ekoa, «Juanjo Marante» ONG para el Desarrollo Elkartea herri-onurako dela aitortzeko dena.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen bultzatzen badituzte.

Lege horren babesean, «Juanjo Marante» ONG para el Desarrollo Elkarteak aitorpen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez onura publikoko erakundea dela aitortzea merezi duelako, gizarte-bazterketaren aurka egiten duen lanagatik.

Elkarte eskatzailea 200eko irailaren 27an eratu zen, eta inskribatu, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Azterlan eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzaren 200eko azaroaren 9ko Ebazpenaren bidez.

Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean dago inskribatua, AS/G/08854/2000 erregistro-zenbakiarekin.

Bere funtzioak, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan burutzen ditu.

Eratu zenetik hara, bere helburu nagusia erdiesteko beharrezko diren jarduera guztiak burutzen ditu «Juanjo Marante» ONG para el Desarrollo Elkarteak. Eta helburu hori hauxe da: herrialde behartsuetan, garapen integrala bideratutako proiektuak finantzatzea.

Gizarteak, benetan interes orokorrekotzat jotzen ditu jarduera horiek guztiak.

Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 45.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, herri-onurako aitorpena Jaurlaritzaren Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da. Dekretu-proposamena kasuan kasuko sailek –gaiaren arabera– eta, betiere, justiziaren arloan eskuduna den sailak egingo dute, eta azken sail horrek izapidetuko ditu bai prozedura, bai bertan sor daitezkeen auzi guztiak.

Ondorioz, Lehendakariaren eta Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren proposamenez, interesdun erakundeek eta antolakundeek emandako txostenak ikusirik, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko otsailaren 5ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– «Juanjo Marante» ONG para el Desarrollo Elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/G/08854/2000 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, herri-onurakoa dela aitortzea, bere jardueren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita.

Horrekin batera, aitormen horri dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 43. artikuluan jasota daudenak.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko otsailaren 5ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala