Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2013ko otsailaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1110

EBAZPENA, 2013ko otsailaren 12koa, Energia eta Meategien zuzendariarena; honen bidez Usurbil-Lasarte Erdialdea 13,2 kV-ko aireko linea elektrikoak (zirkuitu bakuna) ukituriko zortasun-zerrenda zabaltzea onura publikokoa dela deklaratzen da, eta hori guztia Usurbilgo eta Donostiako udalerrietan. Linea hau Usurbil-Lasarte-Oria 13,2 kV-ko linearekin batera doa 17. euskarriraino. (Espedientea: RI 24073/AT-H-2012-49).

AURREKARIAK

Bat.– 2012ko apirilaren 2an, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresak (helbidea: Mikeletegi pasealekua 1-3, Donostia) arestian adierazitako linea onura publikokoa dela deklaratzeko eskatu zuen, haren zortasun-zerrendaren zabalkuntzak eraginpean hartutako ondasunak eta eskubideak premiaz okupatzeko; horretaz gain, zabalkuntza horren proiektua eta haren separatak erantsi zituen.

Bi.– Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuko 144. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUren aipatu eskabidea jendaurrean erakusteko iragarkia argitaratu zen, 2012-12-05ean EHAAn, 2012-11-14an GAOn, eta 2012-11-15ean El Diario Vasco egunkarian, enpresak desjabetu beharrekotzat jotzen dituen eskubide eta ondasunen zerrendarekin batera.

Hiru.– 2012ko azaroaren 9an Usurbilgo eta Donostiako Udalei bidali zitzaien iragarkia, udaletxeetako ediktu-oholetan jartzeko; 2013ko urtarrilaren 11n berriz igorri zitzaion eskaera hori Usurbilgo Udalari.

Lau.– 2012ko urriaren 30ean, aurkeztutako proiektuaren separata igorri zitzaien Usurbilgo eta Donostiako Udalei, dagokion txostena aurkezteko; 2012ko abenduaren 18an berriz ere igorri zitzaien eskari hori Udal biei.

Bost.– Ez Usurbilgo Udalak ezta Donostiako Udalak ere ez zioten erantzun proiektuaren inguruko txostena aurkezteko eskaerari.

Sei.– Jendaurrean iragarkia jartzeko epearen barruan, ez zen alegazio-idazkirik aurkeztu.

OINARRI JURIDIKOAK

Bat.– Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legean, Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1957ko apirilaren 26ko Legean, Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuan, goi-tentsioko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko baldintzak ezartzen dituen Energia eta Meategien zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpenean eta bat datozen gainerako legeetan agindutako erregelamendu-izapideak bete dira espedientean.

Bi.– Energia eta Meategien zuzendariak, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen irailaren 22ko 514/2009ko Dekretuan aitortzen zaizkion eskumenez baliatuz, indarrean dagoen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuko xedapen iragankorrak ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari buruzkoa eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), honako hau

EBAZTEN DU:

Usurbilgo eta Donostiako udalerrietan Usurbil-Lasarte Erdialdea 13,2 kV-ko aireko linea elektrikoak (zirkuitu bakuna) ukituriko zortasun-zerrenda zabaltzea onura publikokoa dela deklaratzea; zabalkuntza horren ezaugarri nagusiak aurkezturiko proiektuan deskribatzen dira.

Deklarazio horrek berarekin ekarriko du, azaroaren 27ko 54/1997 Legearen 54. artikuluan ezarritakoaren arabera, ondasunak okupatu beharra edo eraginpeko eskubideez jabetzea, horien premiazko okupazioa inplikatuta, eta 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak xedatzen duen Premiazko Okupazioko Deklaraziorako ondorioak zehaztuta, lege horren 53. artikuluak erregistroari begira dituen ondorioetarako.

Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Industria eta Energia Sailburuordetzan, hilabeteko epearen barruan, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hasita, eta hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko otsailaren 12a.

Energia eta Meategien zuzendaria,

JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.


Azterketa dokumentala