Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2013ko otsailaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1107

153/2013 DEKRETUA, otsailaren 12koa, «AmiArte» Asociación Amigos del Arte elkartea herri-onurakotzat aitortzeko dena.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak honela dio: Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak herri-onurakotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.

Lege horren babesean, «AmiArte» Asociación Amigos del Arte Elkarteak aitorpen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez onura publikoko erakundea dela aitortzea merezi duelako, gizarte-bazterketaren aurka egiten duen lanagatik.

Eskabidea egiten duen elkartea 1982ko urriaren 19an eratu zen, eta Bizkaiko Gobernu Zibilaren 1982ko urtarrilaren 12ko Ebazpenaz inskribatu zen.

Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatua dago, AS.R.P.B.01477 erregistro-zenbakiarekin.

Bere funtzioak, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan burutzen ditu.

Eratu zenez geroztik, «AmiArte» Asociación Amigos del Arte elkarteak bere helburu nagusia erdiestera bideratzen ditu beharrezko jarduera guztiak. Eta helburu nagusi hori hauxe da: Gizartetik baztertuak izateko egoeran direnentzako prebentzio, tratamendu eta integrazio sozial gisa, sorkuntza artistikoa suatatu, garatu eta zabaltzea, hain justu ere arlo eta dimentsio guztietan.

Gizarteak benetan interes orokorrekotzat jotzen ditu jarduera horiek guztiak.

Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 45.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, herri-onurako aitorpena Jaurlaritzaren Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da. Dekretu-proposamena kasuan kasuko sailek –gaiaren arabera– eta, betiere, justiziaren arloan eskuduna den sailak egingo dute, eta azken sail horrek izapidetuko ditu bai prozedura, bai bertan sor daitezkeen auzi guztiak. Agindu hori betez, dagokion espedientea instruitu da, eta, ondoren, sailei eta instituzioei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari. Txosten horietan, bestalde, «AmiArte» Asociación Amigos del Arte elkartea herri-onurakoa dela aitortzearen alde agertzen dira bai sailak, bai instituzioak.

Ondorioz, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak egindako proposamenez, interesaturik dauden erakundeek eta entitateek emandako txostenak ikusi ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko otsailaren 12an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– «AmiArte» Asociación Amigos del Arte elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS.R.P.B.01477 erregistro-zenbakiarekin inskribatuta dagoena, herri-onurakoa dela aitortzea, bere jardueraren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita.

Horrekin batera, deklarazio horri dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legeko 43. artikuluan jasota daudenak.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko otsailaren 12an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala