Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2013ko otsailaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1106

152/2013 DEKRETUA, otsailaren 12koa, Euskal Gorrak, Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioa herri-onurakotzat aitortzeko dena.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak honela dio: Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak herri-onurakotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.

Lege horren babesean, aitorpen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez onura publikoko erakundea dela aitortzea merezi duelako, gizarte-bazterketaren aurka egiten duen lanagatik.

Eskabidea egiten duen elkartea 1980ko ekainaren 20an eratu zen, eta Barne Ministerioaren 1980ko ekainaren 20ko Ebazpenaz inskribatu zen.

Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatua dago, FD.R.P.A0004 erregistro-zenbakiarekin.

Bere funtzioak, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan burutzen ditu.

Eratu zenetik, Euskal Gorrak, Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioak ekintzak antolatu izan ditu Euskadin bizi diren gorren beharrei erantzuteko, Euskal Autonomia Erkidegoan gutxieneko zerbitzu batzuk izan ditzaten. Lan egiten dute, orobat, dauden komunikazio-hesiak kentzeko, hizkuntzaren erabateko onarpena lortzeko eta gorrek autonomia pertsonal eta soziala izateko.

Gizarteak benetan interes orokorrekotzat jotzen ditu jarduera horiek guztiak.

Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 45.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, herri-onurako aitorpena Jaurlaritzaren Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da. Dekretu-proposamena kasuan kasuko sailek –gaiaren arabera– eta, betiere, justiziaren arloan eskuduna den sailak egingo dute, eta azken sail horrek izapidetuko ditu bai prozedura, bai bertan sor daitezkeen auzi guztiak. Agindu hori betetzearren, beharrezko espedientea izapidetu da, zeini erantsi baitzaizkio sailek eta hala eskatu zaien erakundeek egindako txostenak.

Ondorioz, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak, Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak egindako proposamenez, interesaturik dauden erakunde eta entitateek emandako txostenak ikusi ondoren, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko otsailaren 12an egindako bilkuran aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Gorrak, Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean FD.R.P.A0004 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, herri-onurakotzat aitortzea, bere jardueraren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita.

Horrekin batera, aitormen horri dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 43. artikuluan jasota daudenak.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko otsailaren 12an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

Enplegu eta Gizarte Politikako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala