Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2013ko otsailaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
OSASUN SAILA
1093

165/2013 DEKRETUA, otsailaren 19koa, Consejo Vasco de Odontólogos y Estomatólogos – Odontologo eta Estomatologoen Euskal Kontseilua sortzeari buruzkoa.

Autonomia Estatutuaren 10.22 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lanbide-elkargoen eta tituludun lanbideen arloan, Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan ezarritakoari kalterik egin gabe.

Tituludun Lanbideetan jarduteari eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen bitartez garatu zen eskumen hori; eta lege horren 41. artikuluan ezartzen denez, tituludun lanbide batek elkargo-erakuntza badu, profesionalen elkargoak batuta, badu aukerarik profesionalen kontseilu bat sortzeko.

Artikulu horretako 3. paragrafoan ezarritakoan oinarriturik, eta aldez aurretik hartarako aldeko erabakia izanik, Euskal Autonomia Erkidegoko Odontologo eta Estomatologoen Kontseilua sortzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Odontologo eta Estomatologoen Elkargo Ofizialek ekimen bat bideratu zuten Justizia eta Herri Administrazio Sailean.

Era horretan, batetik, profesionalen elkargoei ordenamendu juridikoak ematen dizkien helburuak lortzen lagunduko duen tresna eraginkorra eman nahi zaio lanbideari, eta, bestetik, lanbidearen egiturak autonomien lurralde-egoerari egokitu, hain justu ere, oro har administrazio publiko guztiekiko harremanak erraztu eta azkartuz, eta bereziki, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekikoak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Odontologo eta Estomatologoen Euskal Kontseiluak operatibitate osoa izateko, beharrezkoa da bere gobernu-organoak eratzea, eta horretarako, honako artikulu hau aplikatuko da: Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekreturen 35. artikulua; izan ere, Kontseilua sortzeko dekretuak indarra hartzen duenetik bere gobernu-organoak eratzen diren arte aplika daitekeen aldi baterako erregimena jasotzen da artikulu horretan.

Ondorioz, Herri Administrazio eta Justiziako eta Osasuneko sailburuen proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko otsailaren 19an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Sorrera.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Odontologo eta Estomatologoen Euskal Kontseilua sortzen da, zeinek Euskal Autonomia Erkidegoan lanbidearen defentsa eta goreneko ordezkaritza gauzatuko baititu, betiere, gizartearen interes eta beharrizan orokorrekin bat etorriaz.

2.– Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei eta Tituludun Lanbideetan jarduteari buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeren 41.5 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriaz, nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izango ditu Kontseiluak.

2. artikulua.– Osaera.

Kontseiluak, gutxienez, osoko bilkura bat, gobernu-organo bat eta lehendakaritza-organo bat izan beharko ditu; horretaz gain, estatutuek zehazturako funtzioak eta osaera dituzten beste organo batzuk ere izan ditzake.

3. artikulua.– Eginkizunak.

Azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 42. artikuluko ezarritakoak dira Kontseiluaren funtzioak, bai eta estatutuetan ezartzen direnak eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio autonomikoak, foralak eta tokikoak ematen dizkiotenak ere, betiere 18/1997 Legearen 43. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriaz.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Estatutuak egitea.

Kontseiluaren estatutuak batzorde batek egingo ditu, eta batzorde horretan izango dira Kontseilua osatzen duten elkargo guztietako ordezkariak, azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 46.2 artikulua betez. Estatutuak, onartu aurretik, elkargo eta elkargokideen aurrean jarriko dira, gutxienez hilabetez, bidezkotzat jotzen diren alegazioak aurkez daitezen.

Bigarrena.– Estatutuak egiaztatu eta argitaratzea.

Behin estatutuak onartuta, Batzordeak justizia arloko eskumena duen sailaren bitartez horien berri emango dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, hain zuzen ere, azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33.5 eta 45.3 artikuluetan ezarritakoa betez, legearen araberakoak direla egiazta dezan, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua eman dezan.

Hirugarrena.– Gobernu-organoak eratzea.

Behin estatutuak argitaratuta, Kontseiluaren gobernu-organoak eratuko dira, estatutuetako arau horietan ezarritakoaren arabera. Gobernu-organoen eraketa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko otsailaren 19an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.


Azterketa dokumentala