Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

25. zk., 2013ko otsailaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
666

10/2012 FORU ARAUA, abenduaren 18koa, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergarena.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «2012ko abenduaren 18ko 10/2012 Foru Araua, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergarena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2012ko abenduaren 18a.

Diputatu nagusia,

Martin Garitano Larrañaga.

HITZAURREA

Ondarearen gaineko Zerga berrezartzen duen abenduaren 26ko 6/2011 Foru Araua onartzeak berarekin ekarri zuen 2009tik aurrera indargabetutako Ondarearen gaineko Zerga berriro abian jartzea. Foru arau horrek xedapen indargabetzailean jasotakoaren arabera, 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera indargabetuta geratuko da foru araua bera.

Foru arau horrek hitzaurrean aipatzen duenez, ezinezkoa da zerga berri bat diseinatzea, horren proiektua tramitatzea eta onartzea, 14/1991 Foru Arauaren bidez onartutako aurreko Ondarearen gaineko Zergaren gabeziak konpontzeko asmoz, haren sortzapena gertatu arte (2011ko abenduaren 31) dagoen denbora tarte laburrean. Horregatik, zerga «zaharra» berrezartzea erabaki zen (hori bai, hainbat alderditan aldaketa handiak sartuta), baina bi urtetarako soil-soilik, asmoa baitzen 2013an beharrezko ahaleginak egitea jabetzaren gaineko karga modernizatzeko zerga berri bat idatzi zedin.

Konpromiso haren ondorioz, foru arau honek zerga berri bat ezartzen du, alegia Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga.

Aberastasuna adierazle bat da, eduki ekonomikoa duten ondasun eta eskubideen titulartasunetik eratorria den ahalmen ekonomikoa neurtzen duena. Horrenbestez, zerga berriaren bidez, aberastasunak ondasun eta eskubideen titular diren pertsona fisikoentzat dakarren ahalmen ekonomiko gehigarria zergapetzen da.

Zerga berriaren helburu nagusiak hiru dira. Alde batetik, aberastasuna zergapetzean, eduki ekonomikoa duen ondasun eta eskubideen efizientzia hobetu nahi da, haiek erabili gabe egotea edo espekulaziozko erabilera izatea saihestuta. Horrenbestez, karga honen bidez, aberastasunaren erabilera produktiboa sustatuko da, espekulaziozko beste erabilera batzuen aurrean.

Bigarrenik, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergak badu zentsu eta kontrol helburua, aberastasuna osatzen duen ondare elementuetan gertatu daitezkeen aldaketei dagokienez. Zerga honen bidez zerga sistema ixten da, eta zergak biltzearen eraginkortasunetik harago doa bere garrantzia.

Azkenik, zerga berriak izaera progresiboagoa ematen dio zerga sistema osoari.

Gipuzkoaren egoera ekonomiko eta soziala zaila denez, antzera dagoen ingurune baten barruan, eta politika publikoen esparruan emandako laguntzak eta zerbitzuak bermatze aldera, diru gehiago duenak zerga gehiago ordaindu behar duelakoan diseinatu da zerga berria.

Foru araua honela osatuta dago: 36. artikulu (13 kapitulutan banatuak), 3 xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta amaierako 9 xedapen.

Zergaren xedea da pertsona fisikoen aberastasuna zergapetzea, betiere aberastasuna haien titulartasuneko eduki ekonomikoko ondasun eta eskubideen multzo gisa ulertuta, zorrak eta obligazioak kenduta.

Era berean, erregulazio berriaren bidez, zerga ordaintzeko obligazio pertsonala eta erreala zehazten dira. Obligazio pertsonalak aplikazio eremu subjektiboa Gipuzkoako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zergadun izaerarekin lotzen du, eta, gainera, ez-egoiliarrak diren baina azken egoitza Gipuzkoan izan duten zergadunek zerga Gipuzkoan obligazio pertsonalaren arabera ordaintzeko aukera ahalbideratzen du. Obligazio errealari dagokionez, zergaduntzat hartzen dira Gipuzkoako lurraldean kokatutako ondasun eta eskubideen titularrak diren pertsona fisiko ez-egoiliarrak, baldin eta, ondasun eta eskubide horien baliorik handiena euskal lurraldean egonik, Gipuzkoako lurralde historikoan kokatutakoen balioa beste lurralde historikoetako bakoitzean kokatutakoena baino handiagoa bada.

Obligazio pertsonalari dagokionez, zerga-gaia zergadunak mundu osoan duen aberastasunaz osatuta dago eta, obligazio errealari dagokionez, aldiz, zergadunak estatu espainiarraren lurraldean dituen ondasun eta eskubideez.

Gainera, zerga-gaia mugatzen amaitzeko, zerga honetan zergapetuta egotetik salbuetsita dauden ondasun eta eskubide batzuk zehazten dira.

Jarduera ekonomikoei lotutako elementuei eta entitate jakin batzuetako partaidetzei dagokienez agertzen dituen berrikuntza nagusietako bat da zergaren kuota osoan 100eko 75eko hobaria izatea. Horrek berarekin dakar horrelako ondasun eta eskubideen titular guztiek haien balioa kontuan hartu behar izatea zerga berriaren autolikidazioa egiteko obligazioa zehaztean eta, hala badagokio, kuota osoa zehazteko, oinarri ezargarrian haiek konputatzea. Aldi berean, 100eko 75eko hobaria izango du ondare elementu horiei dagokien oinarri ezargarriaren proportzionala den kuota osoak. Teknika tributarioaren ikuspuntutik, ahalegin bat egin da hobari hori modu sinpleago eta helburuari hobeto egokituago batean arautzeko; eta helburu hori da, hain zuzen, jarduera ekonomikoaren sorrera mesedetzen duten ondasun eta eskubideen aldeko tratu bat ematea.

Badira salbuespenen eremuan nabarmentzen diren alderdi gehiago:

– Ohiko etxebizitza salbuetsita dago, gehienez 300.000 euroraino.

– Etxeko ostilamenduaren salbuespenean, 10.000 eurotik gorako banakako elementuak kanpoan geratzen dira.

– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden espezie autoktonoko basoen salbuespena, gehienez 100.000 euroraino.

– Energia berriztagarrien instalazioen salbuespena, gehienez 100.000 euroraino.

– Jendeak oro har erabiltzekoak diren bidexka, terreno eta instalazioen salbuespena, haien onura kasuan kasuko Herri Administrazioak aitortu duenean.

– Erabilera nagusia nekazaritza, abeltzaintza, erlezaintza edo basogintza duten ondasun eta eskubideen salbuespena, baldin eta horrelako jarduerak pertsona fisikoek egiten badituzte pertsonalki eta zuzenean, eta jarduera horiek zergadunaren errenta iturri nagusia ez badira, gehienez 100.000 euroraino.

Zerga berriak oinarri ezargarriaren kontzeptua zehazten du teknikoki, zergadunaren titulartasuneko ondasun eta eskubideen balioaren –izaera errealeko zama eta kargen zenbatekoa gutxituta, ondasun edo eskubideen balioa murrizten dutenean– eta zergadunak erantzun behar dituen zorren eta obligazio pertsonalen arteko diferentzia moduan.

Obligazio pertsonalean oinarri likidagarria zehazteko, oinarri ezargarria 700.000 euro murrizten da, minimo salbuetsiaren kontzeptuan. Hasiera batean, obligazio errealaren kasuetan, ondare likidagarria bat etortzen da oinarri ezargarriarekin, salbu frogatzen bada zergadunaren aberastasun osoa, bere ondare elementuak zer lurraldetan dauden kontuan hartu gabe, 700.000 eurotik beherakoa dela eta indarrean dagoen araudian paradisu fiskaltzat hartuta dauden edo Espainiako Erresumarekin informazio trukerako akordiorik ez duten herrialdeetan egoiliarra ez bada.

Beste alderdi aipagarri bat tarifarena da, gure inguruneko beste herrialde batzuetan ezarritako zergapetze sistemara hurbiltzen baita. Lau tarte ditu tarifak, eta 100eko 0,25etik 100eko 1era doaz tasak.

Tarifa horrek zerga tasa moderatuagoak ditu, eta bat dator zerga honen kuota osoari «babes fiskala» edo muga ez aplikatzearekin; horrek progresibotasun handiagoa ematen dio.

Zergaren sortzapen momentuari dagokionez, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga urte bakoitzeko abenduaren 31n sortzen da.

Autolikidazioa egitea derrigorrezkoa da, obligazio pertsonala izanez gero, kuota likidoa ordaintzekoa denean edo, obligazio hori izan ezean, zergadunaren ondasun eta eskubideen balioa, salbuetsiak barne –zergaren arauei jarraituz zehaztua– 3 milioi eurotik gorakoa denean. Eta obligazio erreala izanez gero, berriz, oinarri likidagarria 200.000 eurotik gorakoa denean.

Amaierako xedapenei dagokienez, aipatu behar da, 2013ko urtarrilaren 1ean indarrean jartzeaz gain, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergan aldaketa bat egiten dela Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergan jasotako hobaria aplikagarria zaien enpresa bat edo entitateetako partaidetzak «mortis causa» eskuratzen diren kasuetan, zeren eta 100eko 95 izatetik 100eko 75 izatera pasatzen baita, bi zergak bat etorri daitezen.

I. kapitulua
Xedapen orokorrak

1. artikulua.– Zergaren izaera eta xedea.

Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga zuzeneko tributu bat da, izaera pertsonalekoa, pertsona fisikoen aberastasuna foru arau honetan ezarritako eran zergapetzen duena.

Zerga honen ondorioetarako, pertsona fisikoaren aberastasuna haren titularitzapean dauden ondasun eta eskubide ekonomiko guztiek eratuko dute, horien balioa gutxitzen duten zamak eta kargak zein pertsona fisikoak dituen zorrak eta obligazio pertsonalak kenduta.

2. artikulua.– Zerga ordainaraztea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ordainaraziko du zerga, foru arau honen 7. artikuluan jasotako kasuetan.

3. artikulua.– Aplikazio eremu subjektiboa.

1.– Eduki ekonomikoko ondasun eta eskubideen titular diren ondoko pertsona fisikoei aplikatuko zaie foru arau honetan xedatutakoa:

a) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari zergadun gisa lotuta dauden pertsona fisikoei, zerga hori ordainaraztea Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokionean.

b) Lurralde espainiarrean egoiliar ez direnei, azken egoitza Gipuzkoan izan dutenean, betiere Gipuzkoan tributatzea aukeratzen badute obligazio pertsonalaren arabera. Aukera hori egiteko, zerga honen autolikidazioa aurkeztu beharko da Gipuzkoan egoiliar izateari uzten zaion lehen ekitaldian.

2.– Foru arau honetan xedatutakoa aplikatuko zaie, orobat, lurralde espainiarrean egoiliar ez diren pertsona fisikoei, lurralde espainiarrean kokatutako ondasun eta eskubideen titular direnean, baldin eta ondasun eta eskubide horien baliorik handiena euskal lurraldean egonik, Gipuzkoako Lurralde Historikoan kokatutakoen balioa beste lurralde historikoetako bakoitzean kokatutakoena baino handiagoa bada.

Zerga honen ondorioetarako, ondasunak eta eskubideak lurralde jakin batean finkatutzat joko dira baldin eta lurralde horretan kokatuta badaude, bertan erabili badaitezke edo han bete behar badira.

3.– Ohiko egoitza non dagoen zehazteko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudian ezarritako irizpideei jarraituko zaie.

4. artikulua.– Itunak eta hitzarmenak.

Foru arau honetan jasotakoak ez du ezertan ere eragotziko Espainiako barne ordenamenduaren parte diren nazioarteko itun eta hitzarmenetan xedatutakoa.

II. kapitulua
Zerga-gaia

5. artikulua.– Zerga-gaia.

1.– Zergaduna, sortzapenaren unean, foru arau honen 1. artikuluko bigarren paragrafoan aipatzen den aberastasunaren titular izatea da zerga honen zerga-gaia.

2.– Foru arau honen 3. artikuluko 1. apartatuan aipatzen diren kasuetan, zergadunaren aberastasun osoak eratuko du zerga-gaia, zergapetu beharreko ondare elementuak zein lurraldetan dauden kontuan izan gabe.

3.– Foru arau honen 3. artikuluko 2. apartatuan aurreikusitako kasuan, zergadunak lurralde espainiarrean kokatuak dituen ondasun eta eskubideek eratuko dute zerga-gaia.

4.– Presuntzio egingo da aurreko sortzapenaren unean zergadunarenak ziren ondasun eta eskubideak haren aberastasunaren parte direla, horiek eskualdatu edo ondare galera gertatu dela frogatzen ez bada behintzat.

6. artikulua.– Ondasun eta eskubide salbuetsiak.

Zerga honetatik salbuetsita daude honako hauek:

1.– Zergadunaren ohiko etxebizitza, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 10/2006 Foru Arauak 90.8 artikuluan definitutako eran, 300.000 euroraino gehienez.

2.– Etxeko ostilamendua, halakotzat hartuta efektu pertsonalak zein etxekoak, etxeko tresneria, eta zergadunak erabilera partikularreko dituen gainerako ondasun higigarriak, foru arau honen 16. artikuluan aipatzen diren ondasunak izan ezik.

10.000 eurotik gorako balioa duten banakako elementuak salbuespen honetatik kanpo gelditzen dira.

3.– Eduki ekonomikoko eskubideak, aurrezpen tresna hauetan:

a) Borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateen kasuan, bazkide osoen edo arrunten eskubide kontsolidatuak eta onuradunen eskubide ekonomikoak.

b) Pentsio planen kasuan, partaideen eskubide kontsolidatuak eta onuradunen eskubide ekonomikoak.

c) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudian aipatzen diren aurreikuspen plan aseguratuei ordaindutako primei dagozkien eskubide ekonomikoak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudian aipatzen diren enpresen gizarte aurreikuspeneko planei zergadunak egindako ekarpenei dagozkien eskubide ekonomikoak, hartzailearen kontribuzioak barne.

4.– Euskal Kultur Ondareko ondasunak, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak aipatutako Kultur Ondasun Kalifikatuen Erregistroan edo Inbentario Orokorrean inskribatuta daudenean.

5.– Espainiako Ondare Historikoa osatzen duten ondasunak, baldin eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legean aipatzen den Interes Kulturaleko Ondasunen Erregistro Orokorrean edo lege horretan aurreikusitako Ondasun Higigarrien Inbentario Orokorrean inskribatuta badaude, eta, orobat, lege horren bigarren xedapen gehigarrian jasotakoak, baldin eta, azken kasu horretan, Kultura Ministerioak Interes Kulturaleko Ondasuntzat kalifikatu baditu eta dagokien Erregistroan inskribaturik badaude.

Guztiarekin ere, ingurune arkeologikoen eta toki zein multzo historikoen kasuan, salbuespenean ez da sartuko mugatutako perimetroaren barruan dagoen edozein ondasun higiezin, baizik eta, bakar-bakarrik, honako baldintzak betetzen dituztenak:

– Ingurune arkeologikoetan, ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 20. artikuluak aipatzen duen hirigintzako plangintza tresnaren arabera bereziki babestekoak direnak.

– Toki zein multzo historikoetan, berrogeita hamar urte edo gehiago dituztenak eta Hirigintza Plangintzako Erregelamenduaren 86. artikuluan aurreikusitako Katalogoan erabat babesteko modukoak direnak, ekainaren 25eko 16/1985 Legeak 21. artikuluan ezarritako eran.

6.– Autonomia erkidegoetako ondare historikoa osatzen duten ondasunak, tokian tokiko arauetan ezarritakoaren arabera kalifikatu eta inskribatu direnean.

7.– Foru arau honen 16. artikuluko 2. apartatuan aipatzen diren arte-gaiak, zaharkinak eta bildumak, haien balioa erregelamenduz ezartzen diren zenbatekoetara iristen ez denean.

Salbuetsita egongo dira, halaber, honako hauek:

a) 16. artikuluko 2. apartatu horretan aipatzen diren arte-gaiak, zaharkinak eta bildumak, baldin eta haien jabeek gordailu iraunkorpean laga badizkiete, hiru urtez gutxienez, museoei edo irabazteko asmorik gabeko kultur erakundeei jendaurrean erakusteko, gordailupean dauden bitartean.

b) Artegileen obra bera, egilearen ondarean dagoen bitartean.

8.– Jabetza intelektual edo industrialetik eratorritako eskubideak, egilearen ondarean dauden bitartean, eta jabetza industrialaren kasuan, jarduera ekonomikoei atxikita ez daudenean.

9.– Euskal Herrian kokatuta dauden espezie autoktonoko basoak. Ondorio hauetarako, baso autoktonotzat hartuko dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko Departamentuak edo beste foru erakundeetako departamentu eskudunek ziurtagiri bidez aitortutakoak.

Salbuespen hau 100.000 euroraino aplikatuko da gehienez.

10.– Energia berriztagarrien instalazioak, halakotzat harturik iturri berriztagarrien aprobetxamenduei dagozkienak, baldin eta sortzen duten energia titularraren zuzeneko kontsumorako edo banaketa-sareetara eramateko erabiltzen bada.

Salbuespen hau 100.000 euroraino aplikatuko da gehienez.

11.– Jendeak oro har erabiltzekoak diren bidexka, terreno eta instalazioak, haien onura kasuan kasuko herri Administrazioak aitortu duenean. Salbuespen hau aplikatzeko beharkizunak erregelamenduz ezarriko dira.

12.– Nekazaritza, abeltzaintza, erlezaintza edo basogintzako jardueretara nagusiki bideratutako ondasun eta eskubideak, baldin eta jarduera horiek pertsona fisikoek egiten badituzte pertsonalki eta zuzenean, eta ondasun eta eskubide horiek ez badaude atxikita, foru arau honen 27. artikuluan jasotako eran, zergadunaren errenta iturri nagusia diren jarduera ekonomikoei; orobat, landa izaerako ondasun eta eskubideak, landa lurreko finkak edo nekazaritza ustiategiak, baldin eta Nekazaritza Lurren Funtsean sartzeko lagatzen badira, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legeak eta funts hori garatzeko erregelamenduek xedatutakoari jarraikiz.

Salbuespen hau 100.000 euroraino aplikatuko da gehienez.

13.– Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko apirilaren 26ko 2/1999 Foru Arauak 13. artikuluan xedatutakoaren arabera salbuetsita dauden etekinen baloreak.

III. kapitulua
Zergadunak
Lehenengo sekzioa
arau orokorrak

7. artikulua.– Zergadunak.

Zerga honen zergadunak dira:

a) Obligazio pertsonalarengatik, foru arau honen 3. artikuluko 1. apartatuan aipatzen diren pertsona fisikoak.

b) Obligazio errealarengatik, foru arau honen 3. artikuluko 2. apartatuan aipatzen diren pertsona fisikoak.

8. artikulua.– Espainian egoiliar ez diren zergadunen ordezkariak.

1.– Lurralde espainiarrean egoiliar ez diren zergadunek, aurreko 7. artikuluko b) letran aipatuek, Gipuzkoan jarduten badute establezimendu iraunkorraren bidez, edo lurralde espainiarrean dituzten ondasun eta eskubideen tamaina eta ezaugarriengatik Zerga Administrazioak eskatzen badie, Gipuzkoan helbideratutako ordezkari bat izendatu behar dute. Era berean, izendapen hori jakinarazi behar dute, behar bezala egiaztatuta, zerga aitortzeko epea bukatu aurretik.

2.– Artikulu honen 1. apartatuan aipatutako obligazioak ez betetzea zerga urraketatzat hartuko da, eta 1.000 euroko isun finkoaz zehatuko da.

Zerga urraketak errepikatuz gero, aurreko paragrafoaren arabera ezarritako zehapena mailakatu egingo da, eta ateratzen den zenbatekoa 100eko 100 handituko da.

3.– Edonola ere, ez-egoiliarren ondasun edo eskubideen gordailuzain edo kudeatzaileak erantzule solidarioak izango dira gordailutu edo kudeatu behar dituzten ondasun edo eskubideengatik zerga honetan sortutako zerga-zorra ordaintzeari dagokionez, Zergen Foru Arau Orokorraren 42. artikuluak 4. apartatuan jasotako eran.

Bigarren sekzioa
ondare elementuen esleipena eta egozpena

9. artikulua.– Ondare elementuen esleipena.

1.– Ondasun eta eskubideak titulartasun juridikoari buruz kasu bakoitzean aplikagarri diren arauen arabera esleituko zaizkie zergadunei, haiek aurkeztutako edo Administrazioak aurkitutako frogak kontuan hartuta.

2.– Hala dagokionean, ondasun eta eskubideen titulartasun juridikoari buruzko arau hauek ere aplikatuko dira: ezkontzako araubide ekonomikoa arautzen duten xedapenetan jasotakoak, eta familiako edo izatezko bikoteko kideen arteko ondare harremanei kasuan kasu aplikagarri zaien legeria zibilean jasotakoak.

Ezkontzako araubide ekonomikoa edo ondare erregimena arautzen duten xedapen eta itunen arabera bi ezkontideenak edo izatezko bikoteko bi kideenak diren ondasun eta eskubideen titulartasuna erdibana esleituko zaio bakoitzari, beste partaidetza kuota bat frogatzen denean izan ezik.

3.– Ondasun eta eskubideen titulartasuna behar bezala frogatuta ez dagoenean, erregistro fiskal batean edo bestelako erregistro publikoetan titular gisa ageri dena hartu ahal izango du titulartzat zerga Administrazioak.

4.– Zamak, kargak, zorrak eta obligazioak aurreko paragrafoetan azaldutako arau eta irizpideen arabera esleituko zaizkie zergadunei.

5.– Onartu gabeko herentzien ondasunak eta eskubideak herentziara deitutakoei eta oinordekoei esleituko zaizkie, testamentuko xedapenetan eta legeria zibilean xedatutakoaren arabera.

10. artikulua.– Geroratutako prezioan edo jabari-erreserbaz eskuratutako ondasun edo eskubideak.

1.– Ondasun edo eskubideak eskuratzean kontraprestazioa osorik zein bati batean geroratu bada, zergaren arauetatik ateratzen den elementu eskuratuaren balioa eskuratzaileari egotziko zaio bere osoan, eta eskuratzaileak bere zorren artean sartu beharko du geroratutako kontraprestazioaren zatia.

Saltzaileak, bere aldetik, bere eskubideen artean sartuko du geroratutako kontraprestazioaren zatiari dagokion kreditua.

2.– Ondasunak jabari-erreserbaz saldu badira, eta erosleari jabetza eskualdatzen ez zaion bitartean, haren eskubidea Zergaren sortzapen egunera arte emandako kopuru guztiengatik konputatuko da. Kopuru horiek saltzailearen zorrak izango dira, eta berari egotziko zaio ondare elementuari Zergaren arauak aplikatuz ematen zaion balioa.

IV. kapitulua
Oinarri ezargarria
Lehenengo sekzioa
arau orokorrak

11. artikulua.– Kontzeptua.

1.– Zerga honen oinarri ezargarria zergadunaren aberastasuna da, foru arau honetan aurreikusitako eran baloratua.

2.– Aberastasuna kalkulatzeko, bi balio hauen arteko diferentzia egingo da:

a) Zergadunaren titularitatekoak diren ondasun eta eskubideen balioa, ondorengo artikuluetan jasotako erregelen arabera zehaztua, zama eta karga errealen zenbatekoa kenduta, ondasun eta eskubideen balioa gutxitzen dutenean, eta

b) Zergadunaren zorrak eta obligazio pertsonalak.

3.– Aurreko apartatuan xedatutakoa hala izanik ere, ondasun edo eskubide salbuetsiak eskuratzeko hartutako zorrak eta obligazioak ez dira inoiz kengarriak izango. Salbuespena partziala denean, zorren eta obligazioen zati proportzionala izango da kengarria, hala badagokio.

4.– Zerga ordaintzeko obligazio erreala dagoenean, Zerga honi lotutako ondasun eta eskubideetan inbertitutako kapitalengatik sortutako zorrak bakarrik izango dira kengarriak.

BIGARREN SEKZIOA
BALORAZIO ERREGELAK.

12. artikulua.– Ondasun higiezinak.

1.– Hiri edo landa izaerako ondasunak hiru balio hauetatik handiena kontuan hartuta konputatuko dira:

– katastrala,

– administrazioak beste zerga batzuen ondorioetarako egiaztatutakoa, edo

– erosketaren prezio, kontraprestazio edo balioa.

2.– Ondasun higiezinak eraikitze fasean daudenean, zergaren sortzapen egunera arte eraikuntza horretan benetan inbertitutako zenbatekoak gehi orubeari dagokion ondare balioa hartuko dira baliotzat. Jabetza horizontalaren kasuan, tituluan finkatutako portzentajearen arabera zehaztuko da zer zati proportzional duen higiezinak orubearen balioan.

3.– Ondasun higiezinen gaineko eskubideak multijabetza kontratuak, denbora partzialeko jabetza kontratuak edo antzeko formulak erabiliz eskuratu badira, erregela hauen arabera baloratuko dira:

a) Ondasun higiezinaren titularitate partziala badakarte, aurreko 1. apartatuan jasotakoaren arabera.

b) Ondasun higiezinaren titulartasun partzialik ez badakarte, egiaztagirien edo bestelako titulu adierazgarrien eskuratze prezioaren arabera.

Turismo-ondasunak txandaka aprobetxatzeko kontratuei, iraupen luzeko opor-produktuak eskuratzeko kontratuei, birsaltze eta truke kontratuei eta zerga arauei buruzko uztailaren 6ko 4/2012 Legean aurreikusitako eskubideak letra honetan ezarritakoaren arabera baloratuko dira, haien izaera edozein dela ere.

13. artikulua.– Jarduera ekonomikoak.

1.– Pertsona fisikoen ondasun eta eskubideak jarduera ekonomikoei atxikita badaude Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren arauek dioten eran, haien kontabilitatetik ateratzen den balioaren arabera konputatuko dira, aktiboaren eta pasiboaren arteko diferentzia aintzat hartuta, betiere kontabilitatea Merkataritza Kodean xedatutakoarekin bat badator.

2.– Aurreko apartatuan xedatutakoa xedatuta ere, jarduera ekonomikoei atxikita dauden ondasun higiezinak beti baloratuko dira aurreko 12. artikuluan adierazitakoaren arabera, salbu eta aktibo zirkulatzailearen parte direnean eta haien xede bakarra higiezinen eraikuntza edo sustapena helburu duten jarduera enpresarialak egitea denean.

Kontabilitaterik ez badago, edo kontabilitatea ez bada Merkataritza Kodearen araberakoa, Zerga honen gainerako arauak aplikatuz egingo da balorazioa.

14. artikulua.– Aktibo finantzarioak.

1.– Kontu korronteetako gordailuak edo ageriko nahiz epe jakinerako aurrezki-kontuetakoak hirugarrengoen konturakoak ez direnean, eta, orobat, diruzaintzako kudeaketa kontuak eta finantza kontuak eta antzekoak, zergaren sortzapen egunean duten saldoaren arabera konputatuko dira, non eta saldo hori ez den urteko azken hiruhilekoari dagokion batez besteko saldoa baino txikiagoa, orduan azken hori aplikatuko baita.

Batez besteko saldo hori kalkulatze aldera, zergadunaren ondarean ageri diren ondasun eta eskubideak eskuratzeko, haren ondareko beste kontu batzuetara eramateko edo zorrak kitatu edo murrizteko ateratako funtsak ez dira konputatuko.

Mailegu edo kreditu batek eragindako zorraren zenbatekoa lehen paragrafoan aipatzen diren kontuetako batean sartu bada urteko azken hiruhilekoan, zenbateko hori ez da konputatuko batez besteko saldoa zehazteko, eta ez da kengarria ere izango halako zor gisa.

2.– Hirugarrengoei kapital propioak laga izanaren balore adierazgarriak, merkatu antolatuetan negoziatuak, urte bakoitzeko laugarren hiruhilekoan duten batez besteko negoziazio balioaren arabera konputatuko dira, haien izendapena, adierazpena eta lortutako etekinen izaera edozein dela ere.

Ondorio horietarako, Ekonomia eta Ogasun Ministerioak burtsan negoziatzen diren baloreei buruz urte bakoitzeko laugarren hiruhilekoari dagokionez urtero argitaratzen duen batez besteko kotizazioa aplikatuko da.

3.– Hirugarrengoei kapital propioak laga izanaren balore adierazgarriak, aurreko 2. apartatuan aipatutakoak ez direnean, balio nominalaren arabera baloratuko dira, hala badagokio amortizazio edo itzulketa primak barne hartuta, izendapena, adierazpena eta lortutako etekinen izaera edozein dela ere.

4.– a) Merkatu antolatuetan negoziatutako edozein entitate juridikoren kapital sozialeko edo fondo propioetako akzio eta partaidetzak, salbu inbertsio kolektiboko erakundeei dagozkienak, urte bakoitzeko laugarren hiruhilekoan duten batez besteko negoziazio balioaren arabera konputatuko dira.

Ondorio horietarako, Ekonomia eta Ogasun Ministerioak merkatu antolatuetan negoziatzen diren baloreei buruz urte bakoitzeko laugarren hiruhilekoari dagokionez urtero argitaratzen duen batez besteko kotizazioa aplikatuko da.

b) Merkatu antolatuetan kotizatzen duten entitate juridikoek jaulki bai baina oraindik kotizazio ofizialerako onartu gabe dauden akzio edo partaidetza berriak harpidetu badira, akzio edo partaidetza horien baliotzat harpidetza aldiaren barruan titulu zaharrek izandako azken negoziazio-balioarena hartuko da.

c) Ordaintzeko dauden kapital zabalkuntzen kasuetan, akzioen balorazioa 4. apartatu honetako aurreko arauei jarraikiz egingo da, erabat ordainduta baleude bezala, eta ordaindu gabe dagoen zatia zergadunaren zor gisa sartuko da.

5.– a) Aurreko 4. apartatuan aipatutakoak ez bezalako akzio eta partaidetzen kasuan, balorazioa onartutako azken balantzetik ateratzen den balio teorikoa izango da, betiere balantze hori nahitaez edo borondatez berrikusi eta egiaztatu bada eta aldeko auditoretza-txostena jaso badu.

Balantzea ez bada auditatu edo auditoreek aldeko txostena eman ez badute, balorazioa egiteko, hiru balio hauetako handiena hartuko da: balio nominala, onartutako azken balantzetik ateratzen den balio teorikoa edo zergaren sortzapen eguna baino lehen itxitako hiru ekitaldi sozialetako emaitzen batez bestekoa 100eko 20an kapitalizatzetik ateratzen den balioa.

Azken ondorio horretarako, banatutako dibidenduak eta erreserbetarako esleipenak mozkin gisa konputatuko dira, baina bazter utziko dira balantzeak erregularizatu edo eguneratzekoak.

Aurrekoa hala izanik ere, akzioak edo partaidetzak foru arau honen 27. artikuluko 3. apartatuaren a) letran jasotakoa betetzen ez duten entitateetan daudenean, apartatu honetako lehen bi paragrafoetan aipatzen den balio teorikoa aktiboen kontabilitate balio garbia partaidetzek zerga honen ondorioetarako izango luketen balioarekin ordeztuta zehaztuko da.

b) Inbertsio kolektiboko erakundeen kapital sozialari edo ondare fondoari dagozkion akzio eta partaidetzak zergaren sortzapen egunean duten likidazio balioaren arabera konputatuko dira; balantzean sartutako aktiboak erakunde horien berariazko legerian jasotako arauei jarraikiz baloratuko dira, eta hirugarrengoekin dauden obligazioak kengarriak izango dira.

c) Bazkideek kooperatiben kapital sozialean duten partaidetzaren balioa zehazteko, kontuan hartuko da ordaindutako ekarpen sozialek –nahitaezkoek zein borondatezkoek– onartutako azken balantzean eratzen duten zenbateko osoa, eta egotzitako eta konpentsatu gabeko sozietate-galerak egonez gero, horiek kendu egingo dira.

d) 5. apartatu honetan jasotakoaren ondorioetarako, entitateek balorazioen ziurtagiriak eman beharko dizkiete bazkideei edo partaideei.

6.– Artikulu honen aurreko apartatuetan aipatu gabeko beste edozein aktibo edo produktu finantzario zergaren sortzapen egunean duen merkatu balioaren arabera konputatuko da.

15. artikulua.– Bizitza aseguruak eta aldi baterako edo biziarteko errentak.

1.– Bizitza aseguruak zergaren sortzapen unean duten erreskate balioaren arabera konputatuko dira.

Dena den, Aseguru Kontratuari buruzko urriaren 8ko 50/1980 Legearen 87. artikuluak dioenaren arabera beste pertsona bat izendatzen denean bizitza aseguruaren onuradun ezeztaezin, aseguru hartzailearen oinarri ezargarrian konputatuko da asegurua, zergaren sortzapen unean onuradunari jasotzea legokiokeen kapital balioagatik.

2.– Kapital bat dirutan, ondasun higigarritan edo higiezinetan emanez eratutako aldi baterako edo biziarteko errentak, zergaren sortzapen egunean duten kapitalizazio balioaren arabera konputatuko dira, eta, horretarako Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan pentsioak eratzeko ezartzen diren erregela berberak aplikatuko dira.

16. artikulua.– Bitxiak, ibilgailuak, arte-gaiak eta norberak erabili edo gozatzeko beste elementu higigarri batzuk.

1.– Bitxiak, luxuzko larruak, ibilgailuak, 125 zentimetro kubikoko edo gehiagoko zilindrada duten bi edo hiru gurpileko ibilgailuak, aisiarako edo ur kirolerako urontziak, belaontziak, hegazkinak, hegazkin txikiak eta gainerako aireontziak zergaren sortzapen egunean duten merkatu balioaren arabera konputatuko dira.

Merkatu balioa zehazteko, zergaren sortzapen egunean ibilgailu erabilientzat indarrean dauden balorazio taulak erabil ditzakete zergadunek, hain zuzen ere Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergarako eta Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergarako Foru Aldundiak onartutakoak.

2.– a) Arte-gaiak, zaharkinak eta bildumak zergaren sortzapen egunean duten merkatu balioaren arabera konputatuko dira.

b) Foru arau honen 6. artikuluko 4tik 7ra bitarteko apartatuetan aipatzen diren salbuespenak eragotzi gabe, honela definitzen dira hurrengo kontzeptuak:

a´ Arte-gaiak: pinturak, eskulturak, marrazkiak, grabatuak, litografiak eta antzeko beste batzuk, betiere kasu guztietan jatorrizko lanak badira.

b´ Zaharkinak: ehun urte baino gehiago dituzten ondasun higigarriak, lanabesak izan edo apaingarriak izan, salbu arte-gaiak, baldin eta beren jatorrizko ezaugarri nagusiak ez badira aldatu azken ehun urteetan egindako aldaketa edo konponketak direla medio.

c´ Bildumak: mota bereko ondasun higigarrien multzo ordenatuak, beren interes edo balio bereziarengatik bilduak.

17. artikulua.– Zenbait eskubide, emakida administratibo eta kontratuzko aukera.

1.– Gozamen eskubide errealak eta jabetza soila Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan ezarritako irizpideen arabera baloratuko dira; hala badagokio, foru arau honetako erregelen arabera ondasunari esleitutako balioa hartuko da erreferentzia gisa.

2.– Jabari edo titulartasun publikoko zerbitzu edo ondasunak ustiatzeko emakida administratiboak, horien iraupena edozein dela ere, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan araututako irizpideen arabera baloratuko dira.

3.– Hirugarrengoei eskuratutako jabetza intelektual eta industrialetik eratorritako eskubideak eskuratzailearen ondarean sartu beharko dira eskurapen balioaren arabera, foru arau honek 13. artikuluan jasotakoa eragotzi gabe.

4.– Kontratuzko aukerak Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan ezarritakoaren arabera baloratuko dira.

18. artikulua.– Eduki ekonomikoko gainerako ondasun eta eskubideak.

Zergadunari egotzi ahal zaizkion gainerako ondasun eta eskubide ekonomikoak zergaren sortzapen egunean duten merkatu balioaren arabera baloratuko dira.

19. artikulua.– Zorren balorazioa.

1.– Zorrak zergaren sortzapen egunean duten balio nominalaren arabera baloratuko dira, eta behar bezala justifikatuta daudenean bakarrik izango dira kengarriak.

2.– Ez dira kengarriak izango:

a) Abalatutako kopuruak, harik eta abal-emailea zorra ordaintzera behartuta egon arte zordun nagusiaren aurkako eskubidea erabili eta zordunak ezin ordaintzeagatik. Betebehar solidarioaren kasuan, abalatutako kopuruak ezin izango dira kendu eskubidea abal-emailearen aurka erabili arte.

b) Ondasun baten eskurapenean geroratutako prezioa bermatzen duen hipoteka. Horrek ez du eragotziko prezio geroratua edo zor bermatua kengarria izatea.

HIRUGARREN SEKZIOA
OINARRI EZARGARRIA ZEHAZTEA.

20. artikulua.– Oinarri ezargarria zehaztea.

1.– Oro har, oinarri ezargarria zuzeneko zenbatespenaren bidez zehaztuko da.

2.– Zergen Foru Arau Orokorrak 52. artikuluan jasotzen dituen zirkunstantziak gertatzen direnean, oinarri ezargarrien zeharkako zenbatespenaren metodoa aplikatu ahal izango da.

LAUGARREN SEKZIOA
PERITUEN TASAZIO KONTRAJARRIA.

21. artikulua.– Perituen tasazio kontrajarria.

Zergen Foru Arau Orokorrak 129. artikuluan aipatzen duen perituen tasazio kontrajarria foru arau honetako 16. eta 18. artikuluetan jasotako ondasun eta eskubideei bakarrik aplikatuko zaie, salbu eta foru arau honetako 16. artikuluaren 1. apartatuko bigarren paragrafoan aurreikusitako aukera baliatzen denean.

V. kapitulua
Oinarri likidagarria

22. artikulua.– Oinarri likidagarria.

1.– Obligazio pertsonalaren kasuan, oinarri likidagarria izango da oinarri ezargarrian minimo salbuetsiaren kontzeptuan 700.000 euroko murrizpen bat egitearen emaitza.

2.– Obligazio errealaren kasuan, aldiz, oinarri likidagarria oinarri ezargarriarekin bat etorriko da.

Dena den, aurreko apartatuan aipatutako minimo salbuetsia zerga ordaintzeko obligazio erreala duten zergadunei aplikatuko zaie, betiere beren aberastasun osoa, ondare elementuak zer lurraldetan dauden kontuan hartu gabe, 700.000 eurotik beherakoa dela frogatzen badute eta egoiliarrak ez badira indarrean dagoen araudian paradisu fiskaltzat hartuta dauden edo Espainiako Erresumarekin informazio trukerako akordiorik ez duten herrialdeetan.

VI. kapitulua
Kuota osoa

23. artikulua.– Kuota osoaren kontzeptua.

Kuota osoa ondorengo artikuluan aipatutako karga tasak oinarri likidagarriari aplikatuz ateratzen den kopurua izango da.

24. artikulua.– Zergaren tarifa.

1.– Zergaren oinarri likidagarria tarifa honetako tasak aplikatuta kargatuko da:

(Ikus .PDF)

2.– Zerga honen ondorioetarako, batez besteko karga tasa efektibotzat hartuko da tarifaren aplikaziotik ateratzen den kuota osoa oinarri likidagarriarekin zatituz lortutako zatidura 100ekin biderkatuz ateratzen den emaitza. Batez besteko karga tasa bi zenbaki hamartarrez adieraziko da.

VII. kapitulua
Kuota likidoa

25. artikulua.– Kuota likidoaren kontzeptua.

1.– Kuota likidotzat hartuko da kuota osoari kapitulu honetan jasotakoen artean hala badagokio bidezkoak diren kenkari eta hobarien zenbatekoa gutxituz ateratzen den kopurua.

2.– Kuota likidoa inoiz ezin da negatiboa izan.

3.– Obligazio errealagatik ateratzen den kuota likidoa inoiz ezin izango da handiagoa izan zergaduna bere aberastasun osoari dagokionez obligazio pertsonalarengatik zergari lotuta egongo balitz aterako litzatekeen kuota likidoa baino.

26. artikulua.– Atzerrian ordaindutako zergen kenkaria.

Zerga ordaintzeko obligazio pertsonalaren kasuan eta nazioarteko itun edo hitzarmenetan xedatutakoa eragotzi gabe, zerga honen kuota osotik, atzerrian dauden ondasun eta eskubideak direla-eta, bi zenbateko hauetatik txikiena kenduko da:

a) Zerga honen izaera berdina edo antzekoa duen beste karga batengatik atzerrian ordaindutako benetako zenbatekoa, baldin eta karga horrek zerga honetan konputatutako ondasun eta eskubideei eragiten badie.

b) Atzerrian zergapetutako oinarri likidagarriaren zatiari zerga honen batez besteko karga tasa aplikatzetik ateratzen den emaitza.

27. artikulua.– Hobaria jarduera ekonomikoei elementuak atxikitzeagatik eta entitate jakin batzuetan akzioak eta partaidetzak edukitzeagatik.

1.– 100eko 75eko hobaria aplikatuko zaio artikulu honen ondorengo 2. eta 3. apartatuetan jasotako ondasun eta eskubideei dagokien kuota osoaren zatiari.

Kuota osoaren zati hori kalkulatzeko, kuota osoa biderkatu behar da ondorengo 2. eta 3. apartatuetan jasotako ondasun eta eskubideen multzoari dagokion oinarri ezargarri positiboaren zatia oinarri ezargarriarekin zatituz ateratzen den zatidurarekin.

Ondasun eta eskubide horiei dagokien oinarri ezargarriaren zatia zehazteko, kontuan hartu behar dira ondasun eta eskubide horiek eskuratzean inbertitutako kapitalengatik zergadunari egoki behar zaizkion zor eta obligazio pertsonalak.

2.– Hobaria izango dute beren jarduera ekonomikoari lotutako pertsona fisikoen ondasun eta eskubideek, betiere jarduera hori zergadunak ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean egiten badu eta errenta iturri nagusia bada.

Ondasun eta eskubide horien artean, bi ezkontideen edo izatezko bikoteko bi kideen titulartasuna dutenak sartuko dira.

Errenta iturri nagusia kalkulatzeko, ez dira konputatuko artikulu honetako 3. apartatuan aipatuta dauden entitateetan egiten diren zuzendaritza funtzioen ordainsariak, ez eta entitate horietan parte hartzeagatik ematen den ezein ordainsari ere.

3.– Hobarituak izango dira, ondorengo baldintzak betez gero, merkatu antolatuetan kotizatutako zein kotizatu gabeko entitateetako akzio eta partaidetzen gaineko jabetza osoa, jabetza soila eta biziarteko usufruktu eskubidea:

a) Sozietate izaera izan edo ez, entitatearen jarduera nagusia ez izatea ondare higigarri edo higiezin baten kudeaketa. Horretarako, entitate batek ondare higigarria edo higiezina kudeatzen dela eta, beraz, jarduera ekonomiko bat egiten ez duela ulertuko da ekitaldi sozialeko 90 egunetan baino gehiagotan zirkunstantzia hauetako bat gertatzen denean:

a’ Bere aktiboaren erdia baino gehiago baloreez osatuta egotea, edo

b’ Bere aktiboaren erdia baino gehiago jarduera ekonomikoei lotuta ez egotea.

Bai aktiboaren balioa eta bai jarduera ekonomikoei atxikita ez dauden ondare elementuen balioa kontabilitatetik ondorioztatzen direnak izango dira, baldin eta kontabilitateak sozietatearen egiazko ondare egoera zehazki islatzen badu.

Jarduerari lotu gabeko baloreez edo ondare elementuez osatutako aktiboaren zatia kalkulatzeko:

1) Ez dira konputatuko balore hauek:

– Legezko eta erregelamenduzko eginbeharrak betetzeko edukitzen direnak.

– Jarduera ekonomikoak egitearen ondorioz ezarritako kontratu harremanetatik sortutako kreditu eskubideak barnean dituztenak.

– Balore sozietateek beren xedea den jardueran aritzearen ondorioz dauzkatenak.

– Gutxienez boto eskubideen 100eko 5 eman eta parte-hartzea zuzentzeko eta kudeatzeko helburuaz edukitzen direnak, baldin eta, ondorio horietarako, baliabide material eta pertsonalen antolamendu egokia badago eta partaidetutako entitatea letra honetan sartuta ez badago.

2) Ez dira konputatuko ez balore gisa eta ez jarduera ekonomikoei atxiki gabeko elementu gisa eskuratze prezioa entitateak lortutako mozkin banatu gabeen zenbatekoa baino handiagoa ez dutenak, baldin eta mozkin horiek jarduera ekonomikoak egitetik eratorriak badira, urtean bertan nahiz aurreko 10 azken urteetan lortutako mozkinen zenbatekoaren mugapean. Ondorio horietarako, jarduera ekonomikoetatik etorritako mozkinekin parekatzen dira aurreko paragrafoaren azken puntuan azaltzen diren balioetatik etorritako dibidenduak, baldin eta partaidetutako entitateak lortutako diru sarrerak, gutxienez 100eko 90ean, jarduera ekonomikoak egitetik badatoz.

Entitateak beste entitate batzuetan ere parte hartzen duenean, ulertuko da ez duela ondare higigarri bat kudeatzen, baldin eta, entitate horietan zuzenean boto eskubideen 100eko 5 gutxienez edukita, haien partaidetzak zuzendu eta kudeatzen baditu baliabide pertsonal eta materialak antolatuz; horretarako beharrezkoa izango da, dena den, entitate partaidetuen jarduera nagusia ondare higigarri edo higiezin baten kudeaketa ez izatea edo, bestela, entitate horietan a) letra honetan jasotako zirkunstantzietako bat gertatzea.

b) Zergadunak entitatearen kapitalean duen partaidetza gutxienez 100eko 5ekoa izatea, banaka konputatuta, edo 100eko 20koa berearekin batera ezkontidearena, izatezko bikote lagunarena, aurreko zein ondorengo ahaideena, edo bigarren mailako zeharkako ahaideena konputatuta, izan ahaidetasunaren jatorria odolkidetasuna, ezkontza, izatezko bikotea, edo adopzioa.

c) Zergadunak entitatean zuzendaritza lanak egitea benetan, eta horregatik bere jarduera ekonomikoen eta lan pertsonalaren etekin guztien 100eko 50etik gorako ordainsaria jasotzea.

Aurreko kalkulua egitean, jarduera ekonomikoen eta lan pertsonalaren etekinen artean ez dira konputatuko artikulu honetako 2. apartatuan aipatutako jarduera ekonomikoen etekinak.

Entitatean duen partaidetza aurreko b) letran aipaturiko pertsonetako batekin edo batzuekin batera duenean, zuzendaritza funtzioak eta hortik datozen ordainsariak ahaidetasun taldeko pertsona batek bederen izan behar ditu, hobarirako eskubidea denek izatea eragotzi gabe.

Hobari hau ez zaie inola ere aplikatuko partaidetzak inbertsio kolektiboko erakundeetakoak direnean.

Bakarrik hobarituko da foru arau honek 14. artikuluaren 5. apartatuko a) letran jasotako erregelen arabera zehaztutako akzio eta partaidetzen balioa, jarduera ekonomikoari lotutako aktiboen balioaren –jardueratik eratorritako zorren zenbatekoa gutxituta– eta entitatearen ondare garbiaren balioaren arteko proportzioari dagokion zatian; erregela horiek berberak aplikatuko dira partaidetutako entitateen partaidetzen balorazioan, horien entitate edukitzaileen partaidetzen balioa zehazteko.

4.– Artikulu honetan jasotakoaren ondorioetarako, honelakotzat hartuko dira:

a) Jarduera ekonomikotzat, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudian izaera hori onartzen zaien jarduerak.

b) Jarduera ekonomikoei lotutako ondasun eta eskubideak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudian halakotzat hartutakoak.

5.– Hobaria aplikagarria izateko artikulu honetan jasotako beharkizun eta baldintzak zerga sortzen den momentuari buruzkoak izan beharko dira.

VIII. kapitulua
Zerga zorra

28. artikulua.– Zerga zorra.

1.– Zerga zorraren osagaiak izango dira kuota likidoa eta, hala badagokio, 2005eko martxoaren 8ko Foru Arauak, Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrak 57. artikuluaren 2. apartatuan jasotako gainerako kontzeptuak.

2.– Zerga zorra ordaintzera behartuta daude zergadunak.

29. artikulua.– Ondare erantzukizuna.

Zerga honetan sortzen diren zerga zorrak eta, hala badagokio, zerga zehapenak Kode Zibilak 1365. artikuluan jasotakoen modu berdinean tratatuko dira; beraz, irabazpidezko ondasungatik zuzenean Foru Aldundiaren aurrean izango da erantzukizuna, ezkontideetako batek hartutako zor eta, hala badagokio, zehapen horiengatik.

Aurreko paragrafoan jasotakoa izatezko bikoteei aplikatuko zaie, bikote-lagunek ezarritako ondare araubide ekonomikoari Kode Zibilaren agindu hori aplikatzekoa bazaio.

IX. kapitulua
Zergaren sortzapena

30. artikulua.– Zergaren sortzapena.

Zerga urte bakoitzeko abenduaren 31n sortuko da, eta zergadunak data horretan bere titulartasunpean duen aberastasuna zergapetuko da.

X. kapitulua
Zergaren kudeaketa

31. artikulua.– Autolikidatzeko betebeharra.

1.– Obligazio pertsonalaren kasuan, zerga honetan autolikidazioa sinatzera eta autolikidazioa aurkeztera behartuta egongo dira zergaren arauei jarraituz zehaztutako kuota likidoa ordaintzeko ateratzen zaien zergadunak.

Era berean, likidazioak sinatu eta aurkeztera behartuta egongo dira, aurreko paragrafoan jasotako zirkunstantzia gertatzen ez denean, zergaren arauei jarraituz zehaztutako zergadunaren ondasun eta eskubideen balioa –salbuetsiak barne– 3 milioi eurotik gorakoa denean.

2.– Obligazio errealaren kasuan, zerga honetan autolikidazioa aurkeztera eta sinatzera behartuta egongo dira obligazio erreal horren ondorioz zerga honen arauei jarraituz zehaztutako oinarri likidagarria 200.000 eurotik gorakoa duten zergadunak.

3.– Zergadunek beraiei buruz eskatzen diren datu guztiak bete beharko dituzte autolikidazioetan, bai eta horiek beharrezko dokumentu eta frogagiriekin batera aurkeztu ere.

4.– Zergadunek bizilekua aldatzen badute, Zerga Administrazioari horren berri eman beharko diote, horrek zerga exijitzeko eskumenean aldaketak eragiten dituenean.

5.– Autolikidazio ereduak Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak onartuko ditu, eta horrexek finkatuko ditu aurkezpen modu, tokiak eta epeak.

32. artikulua.– Autolikidazioa eta zerga zorraren ordainketa.

1.– Zergadunek, autolikidazioa aurkeztearekin batera, zerga zorra zehaztu behar dute, eta Ogasuneko eta Finantzetarako foru diputatuak erabakitako tokian, moduan eta epeetan ordaindu.

2.– Foru Aldundiak zerga zorra ondasun hauek emanez ordaintzea onartu ahal izango du:

a) Kultur Ondasun Kalifikatuen Erregistroan edo Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak aipatutako Inbentario Orokorrean jasota dauden Euskal Kultur Ondareko ondasunak.

b) Espainiako Ondare Historikoaren barruan dauden ondasunak, baldin eta Ondasun Higigarrien Inbentario Orokorrean edo Kultur Onurako Ondasunen Erregistro Orokorrean izena emana badute, Espainiako Ondare Historikoaren ekainaren 25eko 16/1985 Legeak 73. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Ez dira sartuko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren oinarri ezargarrian aurreko a) eta b) letretan aipatutako ondasunak ordainez ematean agerian jartzen diren errentak, ez eta 2005eko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrak, 59. artikuluaren 2. apartatuko lehen paragrafoan aipatutako kasuetan agerian jartzen direnak ere.

3.– Kausatzailearen oinordekoak behartuta egongo dira zerga honetan bete gabe geratu diren obligazioak betetzera, zehapenak izan ezik, 2005eko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrak, 39. artikuluan ezarritakoaren arabera.

33. artikulua.– Zergadunen betebehar formalak.

Zergadunak behartuta egongo dira preskripzio epearen barruan ondasun eta eskubideen eta zor eta obligazioen titulartasun eta balorazioari buruzko frogagiriak eta egiaztagiriak gordetzera, bai eta autolikidazioetan jasota geratu behar diren edozein motatako hobari eta kenkariei buruzkoak ere.

XI. kapitulua
Behin-behineko likidazioak

34. artikulua.– Behin-behineko likidazioak.

Administrazioak egin ditzake 2005eko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrak, ezarritakoari jarraituz bidezkoak diren behin-behineko likidazioak.

XII. kapitulua
Urraketak eta zehapenak.

35. artikulua.– Urraketak eta zehapenak.

Zerga honen zerga urraketak 2005eko martxoaren 8ko 2/2205 Foru Arauak, Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrak, IV. tituluan xedatutakoaren arabera zehatuko dira, foru arau honetan jasotako berezitasunak eragotzi gabe.

XIII. kapitulua
Jurisdikzio ordena

36. artikulua.– Jurisdikzio ordena.

Administrazioarekiko auzi jurisdikzioa, bide ekonomiko-administratiboa amaitu ondoren, jurisdikzio bakarra izango da Administrazioaren eta zergadunen artean gertatu daitezkeen izatezko eta zuzenbidezko gatazkak erabakitzeko, foru arau honetan aipatzen den edozein gairi dagokionez.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Arauetara igortzea.

Antolamendu juridikoan Pertsona Fisikoen Ondarearen gaineko Aparteko Zergari, Ondare Garbiaren gaineko Zergari, Ondarearen gaineko Zergaren abenduaren 27ko 14/1991 Foru Arauari eta Ondarearen gaineko Zerga berrezartzen duen abenduaren 26ko 6/2011 Foru Arauari egindako aipamenak foru arau honetan erregulatutako Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergari buruzkoak direla ulertu behar da.

Bigarrena.– Izatezko bikoteak.

Foru arau honen ondorioetarako, izatezko bikoteei egiten zaizkien aipamenak Izatezko bikoteak arautzen dituen maiatzaren 7ko 2/2003 Legearen arabera eratutakoei egindakotzat jo behar dira.

Hirugarrena.– 1985eko maiatzaren 9a baino lehenagoko kontratuen indarrez errentan emandako ondasun higiezinak baloratzea.

1985eko maiatzaren 9aren aurretik egindako kontratuen indarrez errentan emandako ondasun higiezinen balioa sortutako errenta 100eko 4an kapitalizatuz zehaztuko da, betiere hala kalkulatutako balioa txikiagoa bada foru arau honetan jasotako ondasun higiezinak baloratzeko arauak aplikatuz aterako litzatekeena baino.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratzen dira foru arau honetan ezarritakoaren aurka doazen xedapen guztiak, eta bereziki, honako hauek:

– Ondarearen gaineko Zerga berrezartzen duen abenduaren 26ko 6/2011 Foru Arauaren xedapen indargabetzailearen bigarren paragrafoa.

– 1995eko abuztuaren 29ko 97/1995 Foru Dekretua, Gipuzkoako lurralde historikoaren zerga araudia Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legeak xedatutakoari eta Zerga, administrazio eta gizarte arloko neurriei buruzko abenduaren 30eko 42/1994 Legearen bosgarren xedapen gehigarriak xedatutakoari egokitzen duena.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehenengoa.– Aldatzea Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 29ko 10/2006 Foru Araua.

Xedapen hauek aldatzen dira Gipuzkoako lurralde historikoaren Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 29ko 10/2006 Foru Arauan:

1.– Honela berridazten dira 12. artikuluaren 4. eta 5. apartatuak:

«4.– Kapitalaren etekinak zergadunei esleituko zaizkie, baldin eta zergadunak etekin horiek sortu dituzten ondare elementuen, hau da, ondasun edo eskubideen titularrak badira Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren Foru Arauaren 9. artikuluan jasotakoaren arabera.

5.– Ondare irabazi eta galerak zergadunek lortutakoak direla iritziko da, baldin eta zergadunak irabazi eta galera horiek sortu dituzten ondasun, eskubide eta gainerako ondare elementuen titularrak badira Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren Foru Arauaren 9. artikuluan jasotakoaren arabera.

Justifikatu gabeko ondare irabaziak, aitortutako ondasun edo eskubideen titularren arabera esleituko dira.

Aldez aurreko eskualdaketa batetik eratortzen ez diren ondasun eta eskubideen eskurapenak ondasun eta eskubide horiek lortzeko eskubidea duen edo zuzenean irabazi dituen pertsonaren ondare irabazitzat hartuko dira».

2.– Honela berridazten dira 44. artikuluaren 2. apartatuko c) eta d) letrak:

«c) Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren Foru Arauak 27. artikuluan aipatzen dituen enpresa edo partaidetzen kostu gabeko eskualdaketetan, ezkontidearen, izatezko bikoteko lagunaren edo aurreko zein ondorengo ahaideen alde egiten direnean, betiere hurrengo baldintzak betetzen badira:

Lehenengoa: Eskualdatzaileak hirurogeita bost urte edo gehiago izatea edo ezintasun iraunkorra edukitzea, dela erabatekoa dela baliaezintasun handikoa.

Bigarrena: Eskualdatzaileak, zuzendaritza lanak bete izan baditu, eskualdaketaren unetik beretik lan horiek egiteari eta dagozkien ordainsariak jasotzeari uztea.

Ondorio horietarako, sozietatearen administrazio kontseiluko kide hutsa izatea ez da zuzendaritza funtzioen barruan sartuko.

Hirugarrena: dohaintzaren eskritura publikoa egin ondorengo bost urteetan eskuratzaileak bere eskuetan eduki behar ditu jasotako enpresa edo partaidetzak, salbu eta epe horren barruan hiltzen bada. Halaber, eskuratzaileak ezin izango du erabilpen egintzarik edo sozietate-eragiketarik gauzatu zuzenean edo zeharka eskurapen balioa nabarmen murriztu dezaketenean.

Adierazitako epea betetzen ez bada, eskualdatzaileak zerga egoera erregularizatu beharko du epea bete ez den ekitaldiko autolikidazioan, eta ondare irabazia edo galera ekitaldi horretan gertatu dela joko da.

Eskuratuak izan eta gero zergadunak ondare elementuak lotzen badizkio jarduera ekonomikoari, ezinbestekoa izango da elementu horiek gutxienez bost urtez eta etenik gabe egon izana jarduerari lotuta eskualdaketa egin aurretik.

c) letra honetan jasotakoa jasota ere, partaidetzak eskualdatzen direnean, ondare irabazia edo galera gertatu dela ulertuko da jarduera ekonomikoari lotu gabeko aktiboen balioaren –jardueratik eratorriak ez diren zorren zenbatekoa gutxituta– eta entitatearen ondare garbiaren balioaren arteko proportzioari dagokion zatian; hala badagokio, erregela horiek berberak aplikatuko dira partaidetutako entitateen partaidetzen balorazioan, horien entitate edukitzailearen partaidetzen balioa zehazteko.

d) Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren Foru Arauak 27. artikuluan aipatzen dituen enpresa edo partaidetzen eskualdaketetan, enpresako langile baten edo batzuen alde egiten direnean, baldin eta aurreko letran ezarritako baldintzak betetzen badira, berezitasun hauek kontuan hartuta:

Lehenengoa: aurreko letrako hirugarren baldintzaren lehen paragrafoan aipatutako bost urteko epea enpresaren edo beronen partaidetzen eskualdaketa datatik aurrera zenbatuko da; eskualdaketa eskritura publikoan edo agiri pribatuan jaso beharko da, eta eskritura edo agiri hori Zerga Administrazioari aurkeztuko zaio.

Bigarrena: enpresa edo beronen partaidetzak eskualdatu aurretik, enpresako edo entitateko langile guztiei eskaintza bat egin beharko zaie, guztiei baldintza berdinetan, eta inor diskriminatu gabe.

Partaidetzak eskualdatzen direnean, aurreko c) letraren azken paragrafoan jasotakoa ere aplikatuko da».

3.– Honela berridazten da 49. artikuluaren 1. apartatuko c) letra:

«c) Ondarearen balioa aldatzen bada ondare sozietateen kapitaleko balore edo partaidetzak eskualdatzeagatik, irabazia edo galera eskurapen eta titularitate balioaren eta horien eskualdaketa balioaren arteko aldea izango da.

Horretarako, eskurapen eta titularitate balioa honako hau izango da:

Lehenengoa: balore edo partaidetza eskuratzeko ordaindutako prezio edo zenbatekoa edo, hala badagokio, aurreko artikuluan adierazitako balioa.

Bigarrena: sozietateak ondare sozietateen araubidearen arabera tributatu duen zergaldietan eskurapen egunetik besterentze egunera bitartean lortu bai baina banatu ez dituen mozkin sozialen zenbatekoa.

Hirugarrena: bazkideek mozkin sozialak lortu ondoren eskuratzen badituzte baloreak, entitatea ondare sozietatea izan den zergaldietan lortutako dibidenduen edo mozkin-partaidetzen zenbatekoa kenduko da eskurapen baliotik.

Konputatu beharreko eskualdatze balioa itxitako azken balantzetik ateratzen den balio teorikoa izango da gutxienez, betiere aktiboen kontabilitate balio garbiaren ordez Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren ondorioetarako izango luketena jarrita edo, hura txikiagoa izango balitz, merkatuko balioa jarrita.

Letra honetan xedatutakoa, aurreko bietan harpidetza eskubideei buruz ezarritakoa aplikatzeari utzi gabe ulertuko da, hala dagokionean.

Letra honetan xedatutakoa beti aplikatuko da: ez da kontuan hartuko zein entitateren partaidetzak eskualdatzen diren, noiz eskualdatzen diren eta une horretan zein zerga erregimen aplikatu behar zaien entitateoi».

4.– Honela berridazten da 52. artikuluaren 1. apartatua:

«1.– Ondare irabaziak frogatu gabekotzat hartuko dira ondasun eta eskubideen edukitza, aitorpena edo eskurapena zergadunak aitortutako errenta edo ondarearekin bat ez datorrenean, eta, orobat, existitzen ez diren zorrak zerga honen edo Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren edozein aitorpenetan sartu nahiz liburu zein erregistro ofizialetan adierazten direnean».

5.– Honela berridazten da 62. artikuluaren 2. apartatuko a) letra:

«a) Etxebizitza erabiltzen den kasuetan, haien balio katastralaren 100eko 2 aplikatuz lortzen den balioa hartuko da.

Zergaren sortzapen egunean ondasun higiezinek ez badute balio katastralik edo hori ez bazaio titularrari jakinarazten, haren ordez hartuko da Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren ondorioetarako kontuan hartu beharreko balioaren 100eko 50.

Balio hori ezingo da handiagoa izan lanaren gainerako kontraprestazioen 100eko 10 baino».

6.– Honela berridazten da hogeita hirugarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuko c) letra:

«c) Entitateak ekonomia jarduera bat garatu behar du. Bereziki, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren Foru Arauak 27. artikuluaren 3. apartatuan aipatzen dituen baldintzak bete beharko dira, partaidetza eskualdatu aurretik amaitutako entitatearen edozein zergalditan».

Bigarrena.– Aldatzea Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Araua.

Honako xedapen hauek aldatzen dira Sozietateen gaineko Zergaren uztailaren 4ko 7/1996 Foru Arauan:

1.– Honela idatzita geratzen da 115. artikuluaren 10. apartatua:

«10.– Zuzeneko edo zeharkako partaidetza eskualdatzetik eratorritako errenta kalkulatzeko, erosketa balioari eskurapen egunetik eskualdatze egunera arte bazkideen oinarri ezargarrian beren akzio edo partaidetzen errenta moduan benetako banaketarik gabe egotzi zaien errenta positiboa gehituko zaio.

Foru arau honetan xedatutakoaren arabera ondare sozietatetzat hartu behar diren sozietateen kasuan, konputatu beharreko eskualdaketa balioa, gutxienez, onartutako azken balantzetik ateratzen den balio teorikoa izango da, beti ere aktiboen kontabilitate balioa Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren ondorioetarako izango luketen balioarekin edo, txikiagoa bada, merkatuko balioarekin ordezkatu ondoren».

2.– Honela idatzita geratzen da hogeita zortzigarren xedapen iragankorraren 4. apartatua:

«4.– Foru arau honetako 33. artikuluan ezarritakoaren arabera barne jatorriko gainbalioen ezarpen bikoitza ekiditeko kenkaria ezin izango da inoiz ere aplikatu sozietateetako partaidetza eskualdatzean lortutako errentekiko, errenta horiek ondare sozietateen araubidea aplikatzekoa izan den ekitaldietan lortutako mozkinetatik datozen erreserbei badagozkie, edozein entitateren partaidetzak eskualdatzen direlarik ere, eta edozein delarik ere eskualdaketa egiten den garaia edo entitateei garai horretan aplikatzekoa zaien zerga araubidea, baldin eta jasotzailea Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergako zergaduna bada eta establezimendu iraunkorra badu.

Errenta hauek zehazterakoan, konputatu beharreko eskualdatze balioa, gutxienez, itxitako azken balantzetik ondorioztatzen den balio teorikoa izango da, atxiki gabeko aktiboen kontabilitate balioaren ordez Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergarako izango luketen balioa edo, txikiagoa izanez gero, merkatuko balio normala hartu eta gero.

Lehenengo paragrafoan xedatutakoa foru arau honen 33. artikuluko 3. apartatuan azaltzen diren kasuetan ere aplikatuko da».

Hirugarrena.– Aldatzea Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren urtarrilaren 11ko 3/1990 Foru Araua.

Xedapen hauek aldatzen dira Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren urtarrilaren 11ko 3/1990 Foru Arauan:

1.– Honela berridazten da 11. artikuluaren 4. apartatua:

«4.– Baldin eta interesatuek ondasun eta eskubideak jaraunspen ondasuntzari gehitzea errefusatzen badute artikulu honetan ezarritako presuntzioen arabera, haien balioa oinarri ezargarritik kanpo utziko da, harik eta sortutako auzia administrazio bidean behin betiko ebatzi arte.

Orobat, aplikagarriak izango dira, hala badagokio, Zergen Foru Arau Orokorrean eta Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren Foru Arauan aipatzen diren titulartasun edo titularkidetasun presuntzioak».

2.– Honela berridazten dira 17. artikuluaren 3. eta 4. apartatuak:

«3.– Egiaztapenetik lortutako balio berria aplikatuko zaie eskualdatutako ondasun eta eskubideei, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren ondorioetarako.

4.– Egiaztapenetik ateratako balioa aitortutakoa baino handiagoa denean, likidatu beharreko kuotari ez zaio zehapenik jarriko, baldin eta aitorpena egitean subjektu pasiboak Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergan ezarritako balorazio erregelak bete baditu».

3.– Honela berridazten da 19. artikuluaren 5. apartatua:

«5.– Baldin eta hildakoaren ezkontideak edo, maiatzaren 7ko 2/2003 Legeak jasotakoaren arabera osatutako izatezko bikoteak direnean, izatezko bikote kideak, aurreko ahaideek edo adoptatzaileek, ondorengo ahaideek edo adoptatuek edo hirugarren mailarainoko zeharkako ahaideek «mortis causa» eskuratzen badituzte Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergak 27. artikuluan araututako hobaria aplikagarria zaien enpresa indibidual bat, negozio profesional bat edo entitateetako partaidetzak edo haien gaineko usufruktu eskubideak, eskurapen horiek 100eko 75eko murrizpen bat izango dute zergaren oinarri ezargarrian, betiere eskuratutakoari kausatzailea hil ondorengo 10 urteetan eusten badiote, salbu epe horretan eskuratzailea hiltzen denean.

Aurreko paragrafoan aipatutako entitateetako partaidetzak eta horien gaineko usufruktu eskubideak eskuratzen direnean, murrizpena kalkulatzeko, kontuan hartu behar da jarduera ekonomikoari lotutako aktiboen balioaren –jardueratik eratorritako zorren zenbatekoa gutxituta– eta entitatearen ondare garbiaren balioaren arteko proportzioa; erregela horiek berberak aplikatuko dira partaidetutako entitateen partaidetzen balorazioan, horien entitate edukitzaileen partaidetzen balioa zehazteko.

Apartatu honetako lehen paragrafoan aipatutako eskurapenari eusteko baldintza betetzen ez bada, murrizpenaren ondorioz ordaindu ez den zergaren zatia eta berandutza interesak ordaindu beharko dira.

Apartatu honetan jasotako hobaria aplikatzearen ondorioetarako, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren Foru Arauak 27. artikuluan aurreikusten dituen baldintzen eta beharkizunen konplimenduaren aipamena Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren sortzapena gertatzen den momentuari buruzkoa izan beharko da. Zehazki, 27. artikuluaren 3. apartatuko c) letran aipatzen den baldintzaren konplimenduaren aipamena kausatzailea hil den zergaldiko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren autolikidazioari buruzkoa izan beharko da».

4.– Honela berridazten da 26. artikuluaren 3. apartatua:

«3.– Oinordekoek nahiz legatudunek herentzia tituluari dagokionez egindako esleipenetan, aitortutako balioaren arabera desberdintasunak daudenean esleipen soberakinak likidatuko dira, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan ezarritako arauei jarraituta; oinordeko nahiz legatudun bati esleitutakoaren balio frogatua bere tituluaren arabera egokituko zaion balioaren % 50 baino gehiago denean ere esleipen soberakinak likidatuko dira, salbu aitortutako balioak Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren arauak aplikatzetik aterako liratekeenen berdinak edo handiagoak diren kasuan.

Ez dute esleipen soberakinik ekarriko ezkontide alargunaren, maiatzaren 7ko 2/2003 Legeak jasotako izatezko bikoteko lagunaren edo, bestela, kuota partearen, ohiko etxebizitzaren edo baserriaren eta haien jabetzen eta lur erantsien oinordeko edo legatudun baten edo batzuen alde egiten diren esleipenek, haiek herentzia osoaren aldean duten balioa handiagoa denean esleipendunaren herentzia-kuota baino».

Laugarrena.– Aldatzea Zergadun Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren apirilaren 26ko 2/1999 Foru Araua.

Honela aldatzen da Zergadun Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren apirilaren 26ko 22/1999 Foru Arauaren 32. artikuluaren 2. apartatua:

«2.– Karga bereziaren oinarri ezargarria ondasun higiezinen balio katastrala izango da. Balio katastralik ez dagoenean, berriz, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren ondorioetarako aplikagarriak diren xedapenen arabera kalkulatutako balioa erabiliko da.»

Bosgarrena.– Aldatzea Irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzko apirilaren 7ko 3/2004 Foru Araua.

Aldaketak sartzen dira Irabazi asmorik gabeko entitateen zerga erregimenari eta mezenasgoaren aldeko zerga pizgarriei buruzko apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauaren 20. artikuluaren 1. apartatuko b) letran, eta honela berridazten da:

«b) Emaitza edo dohaintza ondasun edo eskubidetan eginez gero, haien eskualdaketaren garaiko kontabilitate balioa, eta, horrelakorik izan ezean, Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren arauen arabera kalkulatzen zaion balioa».

Seigarrena.– Aldatzea Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren abenduaren 30eko 18/1987 Foru Araua.

42. artikuluaren 5 apartatua aldatzen da Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren abenduaren 30eko 18/1987 Foru Arauan, eta honela berridazten da:

«5.– Frogaketaren ondorioz ateratako balioa Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zergaren arauak aplikatzetik ateratzen dena baino handiagoa bada, ondorioak sortuko ditu hartzaileak egin behar duen zerga horren likidazioan».

Zazpigarrena.– Erregelamenduzko indarraldia.

Foru arau honek 27. artikuluan jasotako hobariaren ondorioetarako, harik eta erregelamenduzko garapen berri bat onartu arte, ulertuko da 1999ko abenduaren 21eko 118/1999 Foru Dekretua, Ondarearen gaineko Zergaren salbuespenak aplikatzeko enpresa eta lanbide jarduerek eta entitateetako partaidetzek bete beharreko beharkizun eta baldintzak zehazten dituena, indarrean dagoela, betiere 2008ko abenduaren 31n indarrean zegoen idazkerari jarraituz, foru arau honek jasotakoari aurka egiten ez dion guztian. Horretarako, foru dekretu horretan salbuespenari buruz egindako aipamenak hobari horri buruzkoak direla ulertuko da.

Zortzigarrena.– Arauak emateko ahalmena.

Foru Aldundiak eta, foru arau honek ezartzen duenean, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak foru arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak emango dituzte.

Bederatzigarrena.– Indarrean jartzea.

Foru arau hau 2013ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean.


Azterketa dokumentala