
23. zk., 2013ko otsailaren 1a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (233 KB - 15 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
618
EBAZPENA, 2013ko urtarrilaren 16koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena. Horren bidez, onartu eta agindua ematen da Gobernu Kontseiluaren 2012ko abenduaren 20ko deialdian aurkeztutako Unibertsitateko Ikerketa Institutuen arautegiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak Unibertsitateko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegia onartu zuen 2012ko uztailaren 19ko Erabakiaz, Gobernu Kontseiluaren 2011ko ekainaren 23an onetsitako garapen arautegia berrikusteko egutegia beterik.
Arautegi markoa oinarrizko arautegi gisa sortua da eta Institutuek horren gaineko alderdien inguruan arautu beharrekoaz erabaki dezakete, modu horretara, zeinek bere antolamendu autonomia bermatuz.
Unibertsitateko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiaren lehenengo xedapen iragankorrak sei hilabeteko epea ematen zuen, indarrean sartu zenetik aurrera, Institutuek beren arautegiak beste hartan adierazitakora egokitu zezaten.
Aipatutako institutuek, goiko arauari helduta, onartu egin dituzte kasuan kasuko institutuko kontseiluan arautegi markora egindako egokitzapenak.
Idazkari nagusiak –egiaztatuta arautegiek behar adina aldeko txosten dituztela eta, 2012ko abenduaren 20ko bilkuran aurkeztutakoan, Gobernu Kontseiluari berariazko eskaerarik ez zaiola aurkeztu, eta Unibertsitateko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiaren 4.4 artikuluan jasotako eskuordetzearekin bat etorrita– honakoa
ERABAKI DU:
Lehenengoa.– Unibertsitateko Ikerketa Institutu hauen arautegiak onartzea:
– Antzinaroko Zientzien Institutua.
– Kriminologiaren Euskal Institutua IVAC-KREI.
– Prozesuen Ikerkuntza eta Garapenaren Institutua.
Bigarrena.– Agindua ematea arautegiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.
Hirugarrena.– Ebazpenaren lehenengo puntuan aipatutako Unibertsitateko Ikerketa Institutuen arautegiak indarrean sartuko dira argitaratu eta hurrengo egunean.
Leioa, 2013ko urtarrilaren 16a.
Idazkari nagusia,
José Luis Martín González.
ANTZINAROKO ZIENTZIEN INSTITUTUAREN ARAUTEGIA
1. artikulua.– Institutuaren izaera eta jardueren eremua.
1.– Antzinaroko Zientzien Institutua UPV/EHUren berezko ikergune bat da, eta haren ikergaiak dira antzinatea eta mundu modernoak antzinatea nola hartzen duen ere. Sailarteko, fakultatearteko eta arloarteko institutua da, eta haren helburua da antzinatearen kontzeptu zabalak bere baitan hartzen dituen jakintza zientifiko guztiak landu, garatu eta defendatzea, aparteko arreta emanez Euskal Herriaren antzinateari.
2.– Ikerketa arlo hauetan dihardu: Antzinate klasikoa, hau da, gizarte greko-erromatarraren alde historiko, juridiko eta kulturalak eta horien harrera aro modernoan; Antzinate indoeuroparrak eta ekialdekoak, hots, antzinako hizkuntza indoeuroparren eta Erdialdeko Ekialdeko hizkuntzen alde linguistiko, literario eta kulturalak; Penintsularen antzinatea, Iberiar Penintsula antzinatean eta haren alderdi historiko eta kulturalak; Filologia grekoa eta latinoa, hau da, filologia, linguistika eta literatura greko eta latinoen ikerketa; Historiaurrea, hots, historiaurreko gizarteen azterketa, hondar arkeologikoen bidez, aparteko arreta jarriz Euskal Herriko eta Penintsulako historiaurreari.
2. artikulua.– UPV/EHUko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiaren 5.1 artikuluaren zehaztapena.
1.– UPV/EHUko Antzinaroko Zientzien Institutuak UPV/EHUko Arabako Campusean dauka administrazio egoitza, honako helbide honetan: «Elurreta» eraikina, Nieves Cano 33, 01006 Vitoria-Gasteiz.
3. artikulua.– UPV/EHUko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiaren 15.2 artikuluaren zehaztapena.
2.– Hauek dira Institutuko Kontseiluko kideak:
a) Zuzendaria eta idazkaria.
b) Institutuko irakasle eta ikertzaile doktoreen hamabi ordezkari, arlo guztiak ordezkatuta daudela bermaturik.
c) Institutuan prestatze bidean dauden ikertzaileen bi ordezkari.
d) Institutuaren diruaz kontratatutako ikertzaileen ordezkari bat.
e) Institutuari atxikitako edo institutuaren diruaz kontratatutako administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.
f) Institutuko ikasleen ordezkari bat.
4. artikulua.– UPV/EHUko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiaren 15.6 artikuluaren zehaztapena.
6.– Antzinaroko Zientzien Institutuko kideek beren eginkizunak betetzeko beharrezko dokumentazioa eta informazioa eskatu eta eskuratzeko eskubidea daukate. Horretarako, eskari idatzia aurkeztu beharko dute erregistroan institutuko zuzendariari zuzendua. Eskarian institutuko kideak azalduko du zergatik behar duen dokumentazio hori bere zereginak betetzeko. Eskatzaileak horretarako eskubidea daukala behin egiaztaturik, institutuak haren esku jarriko du daukan dokumentazioa institutuko idazkaritzan, eskaria jasotzen duenetik hamabost (15) egunera gehienez ere.
5. artikulua.– UPV/EHUko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiaren 17.2 artikuluaren zehaztapena.
2.– Institutuko Kontseiluak honako zeregin hauek ditu, UPV/EHUko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiko 17.1 artikuluan ezarritakoez gainera.
a) Institutuaren arautegiaren proiektua edo arautegia aldatzeko proiektua onartzea eta, ondoren, Gobernu Kontseilura bidaltzea, hark (edo idazkari nagusiak eskuordetzaz), behin betiko onespena eman diezaion.
b) Bere eginkizunak hobeto betetzeko egoki ikusten dituen lankidetza hitzarmenak onartzeko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari.
c) Institutuaren jarduerak ikastegiekin, sailekin eta UPV/EHUko beste institutuekin koordinatzeko programak onartzea.
d) Institutuari izendatutako gune fisikoak esleitzeko irizpideak onartzea, beharrezkoa izanez gero.
e) Administrazio eta zerbitzuetako langileei buruzko politikari buruzko iritzia ematea. Politika hori Gobernu Kontseiluak onartuko du, errektorearen proposamenari jarraiki.
f) Institutuaren ikerketa arloak sortu, aldatu edo kentzeari onespena ematea.
g) Ikertzaileak institutuari atxikitzea proposatzea, institutuko zuzendariak aurretik iritzia emanda.
h) Institutuaren helburuak betetzeko egoki deritzen barne batzordeak sortzea onartzea.
i) Indarreko legeriak eta UPV/EHUren Estatutuek eta haiek garatzeko arauek ematen dizkioten gainerako zereginak, bai eta eskuordetzan ematen zaizkionak ere.
6. artikulua.– UPV/EHUko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiaren 18. artikuluaren zehaztapena.
1.– Institutuko Kontseiluaren bileren maiztasuna eta bilera motak:
a) Institutuko Kontseiluaren bilerak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.
b) Deialdiak ohiko bileretarako egin behar dira, oro har. Institutuko kontseiluak ohiko bilera bat egingo du sei hilabetean behin gutxienez.
c) Ezohiko bilera egingo da aztertu beharreko gaiak direla-eta hala egin behar denean, baita aplikatu beharreko arautegiak xedatutako kasuetan ere. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ezin dira honako hauek agertu: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.
d) Premiazko bilerak ezohikoak izango dira, eta deialdia, gutxienez, 24 ordu lehenago egin beharko da. Halakoetan, bilera benetan premiazkoa dela berretsi beharko da bileraren hasieran. Hala berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.
2.– Bilerarako deialdia:
a) Institutuko Kontseiluko buruak egin behar ditu bileretarako deiak. Institutuko Kontseiluko kideen herenak gutxienez hala eskatzen dutenean, ezohiko bilerarako deia egin behar da, eskaria egiten denetik zazpi egun baliodunera gehienez ere.
b) Bilerarako deia Antzinaroko Zientzien Institutuko idazkariak bideratu behar du, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bilera baino hiru egun lehenago gutxienez. Bilera non egingo den, zein ordutan eta aztergaien zerrenda zehaztu behar ditu deian. Kontseiluko kideek aztertu beharreko gaiei dagozkien dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute eta, edonola ere, bilera baino 24 ordu lehenago.
c) Edozelan ere, deialdian zehatz azaldu beharko da aztergaien zerrenda. Baldin eta kontseiluko kideen laurden batek gutxienez aztergairik proposatu badu, idatziz, institutuko idazkaritzan bilera baino berrogeita zortzi ordu lehenago, gai horiek aztergaien zerrendan azaldu beharko dira. Aztergaietan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik ezin izango da hartu, salbu eta kontseiluko kide guztiak badaude bileran, eta botazioa egin ondoren gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu.
d) Deialdia kide guztiei bidaliko zaie, eta gainera ikusgai jarriko da Antzinaroko Zientzien Institutuaren egoitzako iragarki oholetan.
3.– Kontseiluko kideen eskubideak eta betebeharrak:
a) Kontseiluko kideek kontseiluaren bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta arautegi honek ezartzen dizkien eginkizunak bete behar dituzte.
b) Deialdiarekin batera, institutuko zuzendariak aztergaiak lantzeko behar den dokumentazio eta informazio guztia bidaliko die kontseiluko kideei. Kontseiluko kideren batek dokumentazio edo informazio osagarria beharko balu bere zereginak betetzeko, idatziz eskatu beharko du arautegi honetako 4. artikuluan zehaztutako prozedura eta epeak betez.
4.– Eraketa:
a) Kontseilua balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen heren bat egotea gutxienez bigarren deialdian. Lehenengo eta bigarren deialdiaren artean 15 minutuko tartea egongo da. Edonola ere, kontseiluko buruak eta idazkariak beti egon behar dute edo, bestela, euren ordezkoek.
b) Kontseilua bigarren deialdian eratzeko beharrezko den quoruma bozketa guztietan izango da beharrezkoa.
5.– Bileraren nondik norakoak:
a) Institutuko Kontseiluko buruak bermatu egin behar du bilera behar bezala burutuko dela, horretarako arrazoirik badagoela iritziz gero, bilera bertan behera uzteko erabakia har dezake.
b) Eztabaidak aztergaiei jarraituz egin behar dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kontseiluak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake, bilerako buruaren proposamenez.
c) Kontseiluko buruak, beharrezko ikusten badu, eztabaidaren denbora mugatu ahal izango du, bai eta gaiaren botazioa egin aurretik egon daitezkeen parte hartzeen kopurua ere.
d) Kontseiluko buruaren iritziz egokia bada, kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bilerara, aztergaien zerrendako punturen batez iritzia edo informazioa eman dezaten. Gonbidatuek ez dute botoa emateko eskubiderik izango, eta aktan jasota geratu beharko da bileran gonbidatuak izan direla.
6.– Botazioa:
a) Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen gehiengo soila behar izango da, Estatutuek, arautegi honek edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Beraz, proposamen bakarra dagoenean, aurrera egingo du kontrako baino aldeko boto gehiago lortzen baditu. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengo osoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena. Bozketan berdinketa suertatuz gero, berriz ere bozkatuko da, eta berriz ere berdinketarik egonez gero, kontseiluko buruaren kalitate botoak erabakiko du.
b) Botazioa isilpekoa izango da kontseiluko kideren batek eskatzen duenean. Dena dela, pertsonei buruzkoa denean beti izango da isilpekoa.
c) Aurkako botoa eman eta hala adierazten dutenek eta abstenitzen direnek ez dute erantzukizunik izango kontseiluak hartutako erabakietan. Horretarako, botazioa isilpekoa denean, interesdunak boto txartela emango dio institutuko idazkariari, aktari eransteko.
d) Kontseiluko kideek bileran adierazi ahal izango dute boto partikularra emateko asmoa dutela eta zeintzuk diren horretarako arrazoiak, eta berrogeita zortziko orduko epea izango dute botoa eta azalpena idatziz emateko kontseiluko buruari, bilerako aktari erants diezaion. Bozkatutakoak unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti aurkeztuko dira proposamenekin batera.
7.– Bilerako akta:
a) Institutuko idazkariak bilerako akta egin behar du. Aktak hurrengo bileran onartu beharko dira. Akten zirriborroak hurrengo bilerako gai zerrendari dagozkion dokumentuekin batera banatuko dira. Aktak onartu ostean, idazkariak sinatu behar ditu eta Institutuko Kontseiluko buruak ontzat emango ditu.
b) Aktan honako hauek jaso beharko dira nahitaez: bilerara etorri direnen zerrenda, eta bilera amaitu aurretik ezin etorria adierazi dutenen aipamena; aztergaiak; bilera noiz, non eta zein ordutan egin den; bileran aztertutako puntuak; botazioak nola egin diren eta haien emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egoki joz gero, arrazoien azalpen laburra.
c) Institutuko Kontseiluko kideek eskatuz gero, haien boto partikularrak aktan jasoko dira. Kontseiluko kideek euren parte hartzea edo proposamena aktan hitzez hitz jasotzeko eska dezakete. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua adierazpena egin eta segituan edo, bestela, kontseiluko buruak adierazitako epean.
d) Kontseiluko kideek aktetan aldaketak egiteko proposamenak egin ditzakete aktak onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egingo ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egingo dira.
e) Kontseilua aldatu baino lehen, biltzeko deia egin beharko da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidaliko zaizkie kontseiluko kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Ez bada aurkezten erreklamaziorik esandako epearen barruan, aktak onartutzat eman beharko dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, berriz, kontseilu berriak egingo duen lehen bileran onartuko dira.
f) Behin onartuta, aktak institutuko kideen esku geratuko dira institutuko idazkaritzan. Bilera bakoitzean hartutako erabakien zerrenda institutuaren egoitzako iragarki oholetan jarriko da, betiere datuak babesteko legea errespetaturik.
8.– Erabakiak argitaratzea:
a) Idazkariak saileko kontseiluak hartutako erabakien fede emango du eta ziurtagiriak egingo ditu.
b) Hartutako erabakiak institutuko egoitzako iragarki oholean argitaratuko dira, bileratik hiru egun baliodunera gehienez ere, betiere pertsonen intimitatea babestuta.
c) Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko erabakiak interesdunei jakinarazi beharko zaizkie. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin beharko dira.
9.– Erabakiak gauzatzea eta administrazio bideko errekurtsoa:
a) Kontseiluak hartutako erabakiek onartzen direnetik izango dute eragina, erabakietan bertan kontrakorik adierazi ezean. Erabakiak publikoak dira eta horien berri emango zaie kasuan kasuko organoei.
b) Kontseiluak hartzen dituen erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakiak argitaratu eta hilabeteko epean.
7. artikulua.– UPV/EHUko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiaren 20.3 artikuluaren zehaztapena.
3.– Agintaldia lau urtekoa izango da eta jarraian berriro izan ahalko da kargurako aukeratua, baina behin baino ez.
8. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluaren zehaztapena.
2.– Ordezkapena indarrean sartuko da organoko idazkariak horren berri ematen duenean, eta, edonola ere, ordezkatua izango den kidea organotik kanpo dagoela dioen espedientea jasotzen duenetik hamabost egunera gehienez ere.
9. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.
3.– Kontseiluko titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean eta, oro har, bertan ez dagoenean horretarako arrazoiak emanda, zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsia izan ahalko da haren behin-behineko ordezkoa; horretarako, arrazoiak egiaztatzeko beharrezko diren agiriak aurkeztu beharko dira institutuko zuzendaritzan, kontseiluaren bilera baino gutxien dela 72 ordu lehenago.
10. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 18.4 artikuluaren zehaztapena.
4.– Institutuko zuzendaritzarako hautagaitzak aurkezten direnean, hautagai bakoitzak proposatzen duen idazkariaren izena eta bere programa ere aurkeztu beharko ditu.
UPV/EHUko KRIMINOLOGIAREN EUSKAL INSTITUTUAREN ARAUTEGIA
1. artikulua.– Institutuaren izaera eta jardueren eremua.
1.– Kriminologiaren Euskal Institutua (IVAC-KREI) UPV/EHUren beraren unibertsitateko ikerketa institutua da; beraz, erabat txertatuta dago unibertsitatearen egituran, baina autonomia dauka. Institutuen funtzionamenduak eta erabakiek UPV/EHUko Estatutuetako, Oinarrizko Arautegiko eta ezar daitezkeen gainerako arauetako xedapenak beteko ditu.
2.– Zientziaren ikuspegitik, Kriminologiako Nazioarteko Elkartearekin (NBEren kontsulta organoarekin) dauka lotura, eta, nagusiki, bere jarduna kriminologia eta biktimologia zientzien arloko ikerketa eta prestakuntza berezitua eta diziplina artekoa da, hirugarren ziklokoa eta doktoregokoa. Bestalde, IVAC-KREIk, bestalde, bere arloko azterlanak bultzatzen ditu eta zereginen artean dauka kanpo aholkularitza eta ezagutza gizartera transferitzea.
3.– Proiektuak aurrera eramateko Europa mailako presentzia indartzen du, eta nazioarteko sareetan sartutako dago, helburu izanik erreferente izatea ikerketaren eta irakaskuntzaren bikaintasunagatik eta gizarteari eskainitako zerbitzuagatik. Institutuaren jardun horrek guztiak ondoko printzipioak ditu oinarri:
– Errealitatearen ezagutza.
– Diziplina desberdinen integrazioa.
– Bikaintasuna lortzea.
– Gizarteari zerbitzu ematea.
– Europara eta nazioartera zabaltzea.
4.– IVAC-KREIk ondoko balioei jarraituz betetzen du bere jarduna:
– Askatasuna eta aniztasuna.
– Errespetua eta elkarrizketa.
– Berrikuntza eta aurrerapena.
Guztia, betiere, pertsonen, gizarte justiziaren eta bakearen zerbitzura dagoen zientziaren arloan lan egiten.
2. artikulua.– UPV/EHUko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiaren 5.1 artikuluaren zehaztapena.
1.– UPV/EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuak (IVAC-KREI) Carlos Santamaria Zentroan dauka egoitza (Elhuyar plaza 2, 20018 Donostia).
3. artikulua.– UPV/EHUko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiaren 15.2 artikuluaren zehaztapena.
2.– Kriminologiaren Euskal Institutuko Kontseiluko kide dira:
a) Zuzendaria eta idazkaria.
b) Irakasle eta ikertzaileen sei ordezkari, UPV/EHUkoak izanik IVAC-KREIn ari diren irakasle eta ikertzaileen taldekoak eta IVAC-KREIra lotutako plazetan ari diren irakasle eta ikertzaile doktoreen taldekoak.
c) Institutuan prestatze bidean dauden ikertzaileen ordezkari bat.
d) Institutuaren diruaz kontratatutako ikertzaileen bi ordezkari.
e) Institutuari atxikitako edo institutuaren diruaz kontratatutako administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.
f) Institutuko ikasleen ordezkari bat.
4. artikulua.– UPV/EHUko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiaren 15.6 artikuluaren zehaztapena.
6.– IVAC-KREIko Kontseiluko kideek eskubidea dute, beren eginkizunak aurrera eramateko, beharrezkotzat hartzen dituzten dokumentuak eta informazioa eskatu eta eskuratzeko. Eskaria idatziz edo posta elektronikoz egin beharko diote institutuko idazkariari, adierazita horretarako eskubidea dutela kide anitzeko organoko kideak direlako, eta labur azalduta nola dokumentu horiek behar dituzten beren eginkizunak bete ahal izateko. Eskatzaileak horretarako eskubidea daukala behin egiaztaturik, institutuak bere eskura daukan dokumentazioa haren esku jarriko du institutuko idazkaritzan, gehienez ere hamabost (15) eguneko epean.
5. artikulua.– UPV/EHUko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiaren 17. artikuluaren zehaztapena.
1.– Institutuko Kontseiluaren eginkizunak dira:
a) Institutuko zuzendaria aukeratzea, beharrezkoa denean.
b) Urteko txosten ekonomikoa eta institutuetako urteko memoria eta eginkizunen plana onartzea.
c) Berezko tituluak eta unibertsitateko beste ikasketa batzuk proposatzea, bai eta espezializazio programak eta bizitza osoko prestakuntza ere.
d) Beharrezko bitartekoak sortu eta ekimenak egitea, institutuetako jardunaren kalitatea sustatu eta hobetzeko, baita kudeaketa eragingarria bermatzeko ere Europa, Estatu eta Euskal Autonomia Erkidego mailako programen baitan.
e) Irakasleen eta ikertzaileen ikerketa jarduerak eta ekimenak bultzatzea.
f) Institutuko kideen eta gainerako langileen jardunari buruzko txosten arrazoitua egitea.
g) Lankide akademikoak eta ohorezkoak izendatzeko proposamenak egitea, indarreko arautegiari jarraiki.
h) Institutuen eskumenen esparruan, Gobernu Kontseiluak onartutako arautegiarekin bat, Estatutuetako 97. artikuluan xedatutako kontratuak egiteko baimena ematea, zientziaren, teknikaren, giza zientzien edo artearen alorreko lanak egiteko.
2.– Horrez gain, Institutuko Kontseiluaren eginkizunak dira:
a) Institutuaren arautegiaren proiektua edo arautegia aldatzeko proiektua onartzea eta, ondoren, Gobernu Kontseilura bidaltzea, hark (edo idazkari nagusiak eskuordetzaz), behin betiko onespena eman diezaion.
b) Bere eginkizunak hobeto betetzeko egoki ikusten dituen lankidetza hitzarmenak onartzeko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari.
c) Institutuaren jarduerak ikastegiekin, sailekin eta UPV/EHUko beste institutuekin koordinatzeko programak onartzea.
d) Institutuari izendatutako gune fisikoak esleitzeko irizpideak onartzea, beharrezkoa izanez gero.
e) Administrazio eta zerbitzuetako langileei buruzko politikaren berri ematea. Politika hori Gobernu Kontseiluak onartuko du, errektorearen proposamenari jarraiki.
f) Egoki diren batzordeak, lan taldeak, programak eta laguntzarako taldeak eratzea.
g) Eguzkiloreko Kontseilua eta gainontzeko arduradunak izendatzea. Kriminologiaren Euskal Institutuaren koadernoa.
h) Ohorezko kide izendatzea IVAC-KREIri emandako laguntzagatik hala merezi dutenak.
i) Ohorezko Batzordeko kideak izendatzea, batez ere, batzordeburua; IVAC-KREIko buru izena hartu ahal izango du, baina ordezkari edo aholkulari lanak baino ezin ditu egingo.
j) Delinkuentziaren, Bazterkeriaren eta Gizarte Harremanen Nazioarteko Ikerguneari (DMS International Research Centre) gestiorako laguntza ematea, funtzionala eta administrazio mailakoa, kalterik egin gabe hark bere funtziorako eta antolakuntzarako daukan autonomiari. Hori guztia Kriminologiaren Nazioarteko Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak 1993ko otsailaren 17an sinatutako hitzarmenaren babesean.
k) Indarrean dagoen legediak eta UPV/EHUko Estatutuek zehaztutako gainerako guztiak, baita eskuordetzen zaizkionak ere.
6. artikulua.– Kriminologiaren Euskal Institutuko ohorezko kideak.
1.– IVAC-KREIko ohorezko kide izendatzea pertsona fisiko edo juridikoek, pribatuek edo publikoek Kriminologiaren Euskal Institutuaren alde egindako lan eskerga aitortzeko bide da, eta zigor, kriminologia eta/edo biktimologiaren zientziaren arloan bikaintasunezko lana eginda institutuaren izen onaren alde lan egin dutenei ematen zaie ohore hori, bai eta IVAC-KREIan egindako lan bikainagatik hala merezi dutenei ere.
2.– Ohorezko kideak izendatzeko proposamena ofizioz egin dezake IVAC-KREIko zuzendariak edo, bestela, IVAC-KREIko Kontseiluko kideen heren baten eskariari jarraituz; proposamenari pertsonaren edo erakundearen merezimenduak edo egindakoak erantsi behar zaizkio.
IVAC-KREIko Kontseiluak proposamena aztertu eta behar bezala arrazoituta dagoela iritziz gero, onartu egingo du; proposamena onartzeko, kontseiluko kideen gehiengo osoa behar da.
3.– Ohorezko kideek IVAC-KREIrekin daukaten lotura bakarra izaera horrek emandakoa da. UPV/EHUko Ekitaldi Nagusiei buruzko aratuegiko 36. artikuluan jasotakoari jarraituz, liburua batean jasoko dira ohorezko kide izendatutakoak, eta horren berri emango zaio UPV/EHUko Idazkaritza Nagusiari jakitun egon dadin eta jasota gera dadin.
7. artikulua.– UPV/EHUko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiaren 18. artikuluaren zehaztapena (bilera motak eta aldizkakotasuna).
1.– Bilerak ohikoak eta ez ohikoak izan daitezke.
2.– Deialdiak ohiko bileretarako egin behar dira, oro har. IVAC-KREIko Kontseiluak gutxien dela ohiko bilera bat egingo du sei hilabetean behin.
3.– Ezohiko bilera egingo da aztertu beharreko gaiak direla-eta hala egin behar denean, baita aplikatu beharreko arautegiak xedatutako kasuetan ere. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ezin dira honako hauek agertu: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.
4.– Presazko bilerak ezohikoak dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin behar da. Halakoetan, bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela berretsi beharko da bileraren hasieran. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.
8. artikulua.– UPV/EHUko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiaren 18. artikuluaren zehaztapena (bilerarako deia).
1.– IVAC-KREIko idazkariak egingo ditu kontseiluaren bilerarako deiak zuzendariaren aginduari jarraituz. Dena dela, IVAC-KREIko Kontseiluko kideen heren batek hala eskatzen badu, bilerarako deia egin beharko da. Bilera ezohikoa izango da eta, gehienez ere, zazpi egun balioduneko epean egingo da, eskaera egiten denetik kontatzen hasita.
2.– Bilerarako deia IVAC-KREIko idazkariak bideratu behar du, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bilera baino hiru egun lehenago gutxienez. Bilera non egingo den, zein ordutan eta aztergaien zerrenda zehaztu behar ditu deian. Aztergaiei buruzko dokumentuak aurrerapen nahikoaz egon behar dira organoko kideen esku, eta, nolanahi ere, bilera baino 48 ordu lehenago.
3.– Edonola ere, aztergaiak osatzen dituzten puntuak zehatz-mehatz jasoko dira deialdian. Puntu horien artean agertu beharko dira organoko kideen laurden batek, gutxienez, idatziz eta zazpi egun baliodun lehenago eskatutakoak. Ezin izango da hartu aztergaietan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik, baina organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta botazioa egin ondoren gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia hartu ahal izango da.
4.– Deialdia jendaurrean jarri behar dira, IVAC-KREIko kide guztiek izan dezaten haren berri.
9. artikulua.– UPV/EHUko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiaren 18. artikuluaren zehaztapena (Kontseilua eratzea).
1.– IVAC-KREIko Kontseilua balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen heren bat egotea, gutxienez, bigarren deialdian. Lehenengo eta bigarren deialdiaren artean ordubeteko tartea utzi behar da. Edonola ere, organoetako buruak eta idazkari akademikoak beti egon behar dute edo, bestela, euren ordezkoek.
2.– Kontseiluko kideek beste kide bati eskuordetu ahal izango diote, berariaz, botoa. Kide anitzeko organoko kideek boto bakar bat izan dezakete eskuordetuta. Kontseilua eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko eskuordetutako botoak. Kontseiluko kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsiko zaio.
3.– Kontseilua bigarren deialdian eratzeko beharrezko den quoruma bozketa guztietan izango da beharrezkoa.
10. artikulua.– UPV/EHUko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiaren 18. artikuluaren zehaztapena (Bileraren nondik norakoak).
1.– Kontseiluko buruak bermatu egin behar du bilera behar bezala burutuko dela, eta, arrazoirik egonez gero, bertan behera uzteko erabakia har dezake.
2.– Eztabaidak aztergaiei jarraituz egin behar dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, IVAC-KREIko Kontseiluak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake bilerako buruak egindako proposamenari jarraituz.
3.– Buruak, beharrezko ikusten badu, eztabaidaren denbora mugatu ahal izango du, bai eta gaiaren botazioa egin aurretik egon daitezkeen parte hartzeen kopurua ere.
4.– IVAC-KREIko Kontseiluko kideek euren botoa eta horren azalpena agerraraz dezakete aktan, eta azalpen hori idatziz eman behar dute bozkatzean. Bozkatutakoak unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti aurkeztuko dira proposamenekin batera.
5.– Kontseiluko buruaren iritziz egokia bada, kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bilerara, aztergaien punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Gonbidatuek ez dute botoa emateko eskubiderik izango, eta aktan jasota geratu beharko da bileran gonbidatuak izan direla.
11. artikulua.– UPV/EHUko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiaren 18. artikuluaren zehaztapena (Bozketa).
1.– Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo soila behar izango da, Estatutuek, arautegi honek edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Beraz, proposamen bakarra dagoenean, aurrera egingo du kontrako baino aldeko boto gehiago lortzen baditu. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu duten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen duena. Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa; eta hala ere berdinketa izanez gero, buruaren kalitate-botoak erabakiko du.
2.– Botazioek isilpekoak izan behar dute kide anitzeko organoko kideren batek hala eskatzen badu. Dena dela, botazioek beti izan behar dute isilpekoak pertsonei buruzkoak badira.
3.– Aurkako botoa ematen dutenek eta horretarako arrazoia azaldu, ez dute erantzukizunik izango kontseiluak hartutako erabakietan. Botazioa isilpekoa denean, interesdunak botoaren arrazoia azaltzen duen testua eman behar dio organoko idazkariari boto txartelarekin batera botazioko unean. Boto txartela eta testua aktari erantsi behar zaizkio. Era berean, ez dute erantzukizunik izango botazioan abstenitu egiten direnek.
12. artikulua.– UPV/EHUko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiaren 18. artikuluaren zehaztapena (Bileraren akta).
1.– Idazkariak bilerako akta egin behar du. Akta bileran bertan edo hurrengoan onartu behar da, eta aktaren zirriborroa hurrengo bilerako gai zerrendari dagozkion dokumentuekin batera banatuko dira. Akta, onartu ostean, idazkariak sinatu behar ditu eta organoko buruak ontzat eman.
2.– Aktan honako hauek jaso behar dira nahitaez: bilerara etorri direnen zerrenda eta azalpena emanda bilerara etorri ez direnen edo bilera amaitu aurretik alde egin dutenen berariazko aipamena; aztergaiak; bilera non eta zein ordutan egin den; bileran aztertutako puntuak; botazioak nola egin diren eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egoki joz gero, arrazoien azalpen laburra.
3.– Aktetan boto partikularrak ere jaso behar dira, kasuan kasuko kide anitzeko organoetako kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko kideek euren parte-hartzea edo proposamena aktetan hitzez hitz jasotzeko eskatu ahalko dute. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak adierazitako epean.
4.– Kide anitzeko organoko kideek aktan aldaketak egiteko proposamenak egin ditzakete akta onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egingo ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egingo dira.
5.– Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen, bilera egin beharko da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidaliko zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman edukiari buruzko erreklamazioak egin ditzaten. Esandako epearen barruan erreklamaziorik aurkezten ez bada, aktak onartutzat emango dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, berriz, kide anitzeko organo berrituenen hurrengo bileran onartu beharko dira.
6.– Aktak, behin onartuta, IVAC-KREIko kide guztiei banatuko zaizkie posta elektroniko bidez, eta idazkaritzan gordeko dira guztien eskura jarrita; edozelan ere, datuak babestearen arloko indarreko araudia bete beharko da. Posta elektronikoa erabiltzerakoan, aintzat hartu beharko da azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena, 45. artikuluan zehaztutakoa.
13. artikulua.– UPV/EHUko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiaren 18. artikuluaren zehaztapena (erabakiak argitara ematea).
1.– Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede eman eta ziurtagiriak egingo ditu.
2.– Organoak hartzen dituen erabakiak IVAC-KREIko iragarki oholean emango dira argitara, beranduen jota hiru egun balioduneko epean eta, betiere, datuak babesteko legeriak dioena errespetatuta.
3.– Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko erabakiak interesdunei jakinarazi behar zaizkie. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango dute eragina, eta jakinarazpenak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutako moduan egin beharko dira.
14. artikulua.– UPV/EHUko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiaren 18. artikuluaren zehaztapena (Erabakiak betetzea eta errekurtsoa jartzea administrazio bidean).
1.– Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera dute eragina, erabakian bertan kontrakorik adierazi ezean. Erabakiak jendaurrekoak dira eta horien berri emango zaie kasuan kasuko organoei.
2.– Oinarrizko Arautegiko II. tituluko I. ataleko IV. kapituluak aipatzen dituen kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra, gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari hilabeteko epean.
15. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluaren zehaztapena.
2.– Hautetsiak kargua uzten duenean zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du haren lekua. Ordezkapena astebeteko epean gauzatuko da, organoko idazkariak jakinarazi duenetik kontatzen hasita.
16. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.
3.– Kide anitzeko organoko titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean eta, oro har, bertan ez dagoenean horretarako arrazoiak emanda, zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsia izan ahalko da haren behin-behineko ordezkoa; horretarako, arrazoiak egiaztatzeko beharrezko diren agiriak aurkeztu beharko dira institutuko zuzendaritzan, kide anitzeko organoaren bilera baino gutxien dela 72 ordu lehenago.
17. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 18.4 artikuluaren zehaztapena.
4.– Institutuko zuzendari izateko hautagaitzarekin batera hautagaiaren programa aurkeztu beharko da.
UPV/EHUren PROZESUEN IKERKUNTZA ETA GARAPENAREN INSTITUTUAREN ARAUTEGIA
1. artikulua.– Institutuaren izaera eta jardueren eremua.
1.– Prozesuen Ikerkuntza eta Garapenaren Institutua UPV/EHUren beraren institutua da, Prozesuen Garapenaren alorreko ikerketa zientifikoan diharduena, hala neurketaren, azterketaren eta simulazioaren esparruan nola sintesiaren eta kontrolaren esparruan, Informazioaren Zientzia eta Teknologiekin loturiko alderdietan sakonduz bereziki. Horretarako, oinarrizko ikerketa proiektuak eta ikerketa aplikatuko proiektuak eramango ditu aurrera aipatutako esparruetan, eta ikerketetako emaitzen berri emango du argitalpen zientifikoetan eta antolatuko dituen bilera zientifiko, mintegi eta espezializazio ikastaroetan.
2.– Prozesuen Ikerkuntza eta Garapenaren Institutuak, eginkizunak hobeto betetzeko, ondoren aipatzen diren lau ikerketa lerroetan jardungo du, nahiz eta lerro horiek aldatu ahal izango diren Institutuko Kontseiluaren erabakiz. Hauek dira ikerketa lerroak:
– Sistemen teoria eta prozesuen kontrola.
– Automatizaziorako tresnak eta teknikak: tresneria, sistema digitalak, adimen artifiziala eta kontrol adimenduna.
– Erreaktoreen simulazioa eta kontrola.
– Prozesu Kimikoen simulazioa eta optimizazioa.
2. artikulua.– UPV/EHUren Ikerkuntzarako Institutuen Oinarrizko Arautegiaren 5.1 artikuluarekiko komunztadura.
1.– UPV/EHUren Prozesuen ikerkuntza eta garapenaren institutuak UPV/EHUren Zientzia eta Teknologia-fakultatean du administrazio-egoitza.
3. artikulua.– UPV/EHUren Ikerkuntzarako Institutuen Oinarrizko Arautegiaren 15.2 artikuluarekiko komunztadura.
2.– Honako hauek osatzen dute Prozesuen ikerkuntza eta garapenaren institutuko kontseilua:
a) Zuzendaria eta idazkaria.
b) Institutua osatzen duen pertsonal irakasle eta ikertzaile doktorearen zortzi ordezkari, bina ikerkuntza-ildo bakoitzeko.
c) Institutuan prestatze-bidean dauden ikertzaileen ordezkari bat.
d) Institutuaren berezko funtsen kargura kontratatutako ikertzaileen ordezkari bat.
e) Institutuari atxikitako edo institutuaren diruaz kontratatutako administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.
f) Institutuko ikasleen ordezkari bat.
4. artikulua.– UPV/EHUren Ikerkuntzarako Institutuen Oinarrizko Arautegiaren 20.3 artikuluarekiko komunztadura.
3.– Zuzendariaren agintaldia lau urtetakoa izango da. Hirugarren eta azken agintaldirako lau bostenen gehiengoa (4/5) eskatuko da.
5. artikulua.– Hauteskundeen arautegi orokorreko 4.2 artikuluarekiko komunztadura.
2.– Hautetsiak kargua uzten duenean zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du haren lekua. Ordezkapena hogeita hamar (30) egunen epean gauzatuko da, organoko idazkariak jakinarazi duenetik kontatzen hasita.
6. artikulua.– Hauteskundeen arautegi orokorreko 4.3 artikuluarekiko komunztadura.
3.– Organo bilduko kide titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean eta, oro har, bertan ez dagoenean horretarako arrazoiak emanda, zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsia izan ahalko da bere behin-behineko ordezkoa; horretarako, arrazoiak egiaztatzeko beharrezko diren agiriak aurkeztu beharko dira saileko zuzendaritzan, kide anitzeko organoaren bilera baino, gutxien dela, hirurogeita hamabi ordu lehenago.
RSS